(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

252/1997 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 15EKOA, OPIAZEOEN BIDEZKO NAFARROAKO TRATAMENDU ZENTRO ETA ZERBITZUAK KREDITATZEKO IRIZPIDEAK ETA BALDINTZAK EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 119 - 03/10/1997



  E R A S K I N A. Opiazeoen bidezko tratamendurako zentro eta zerbitzuak kreditatu, kreditazioa berritu eta errebokatzeko irizpideak


Atariko

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, bere 5. artikuluan xedatzen du hiritarrek erreintsertzio biopsikosoziala errazteko zuzendutako sorospenaren eskubidea dutela.

Halaber, Foru Lege hark bere 23.c) artikuluan xedatzen du Foru Komunitateko Osasun Administrazioak beste jarduketa batzuen artean, osasun etxe, zerbitzu eta establezimenduak oro kreditatu eta erregistratuko dituela eta, 61. artikuluan eta harekin bat datozenetan dio Nafarroako Gobernuak onetsiko dituela Erabilera Publikoko Laguntza Sareko zentro eta zerbitzuen kreditazio espezifikorako arauak. Arau horiek hartuko dituzte zentroen eta zerbitzuen kalifikazioa eta egitura fisikoaz, antolakuntzaren eta langileen egituraz eta egitura funtzionalaz diren irizpideak.

Artikulu horiek garatzeko, urtarrilaren 10eko 4/1991 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan drogamenpekoen laguntzarako egoitza zentroen kreditazioari buruzko arau orokorrak eta oinarrizko arauak finkatu ziren.

Opiazeoen menpe dauden pertsonei ematen zaien opiazeoen bidezko tratamendua arautzeari buruzko 75/1990 Errege Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Osasun kontseilariaren ekainaren 26ko 145/1996 Foru Aginduak opiazeoen bidezko tratamendurako Nafarroako zentro edo zerbitzuak kreditatu, ebaluatu eta kontrolatzeko Batzordearen osaketa eta eginkizunak arautu zituen. Batzordearen osaketa Osasun kontseilariaren martxoaren 7ko 43/1997 Foru Aginduak aldatu zuen, eta Osasun kontseilariaren maiatzaren 29ko 74/1997 Foru Aginduak Batzordearen eginkizunak gehitu zituen drogamenpekoei tratamentua emateko egoitzak kreditatzeko irizpideak aplikatzeari eta aldez aurreko txostenari dagokienez.

Kontuan hartzen bada aipatu arautegia aplikatzearen ondoriozko esperientzia, bai eta, Foru Komunitateko Osasun Publikoaren Sistemaren barruan, eremu anbulatorioan opiazeoen bidezko mantenimendu programei dagokienez, drogamenpekotasunen tratamenduan izandako eboluzioa eta horren gaineko Estatuko arautegiaren garapena, zeinak aukera ematen baitu opiazeoen bidezko ordezkapen tratamenduetan kreditaturiko zentro eta zerbitzuetan integratuta ez dauden baina ospe bereziki ona duten sendagileen eskutik programa horiek gauzatzeko zentro eta zerbitzu pribatuetan, farmazia bulegoetan, presondegietako zerbitzuetan eta zehazki osasun arlokoak ez diren beste establezimenduetan, orduan komenigarri gertatzen da kreditazioa emateko eta hura berritzeko eta errebokatzeko irizpideak eta baldintzak finkatzea eta aldi berean arlo horretan Foru Komunitateko Osasun Administrazioak aurrera eraman beharreko administrazio jarduketaren jarraibideak ere.

Zentro publiko nahiz pribatuetan, farmazi bulegoetan eta xede horretarako kreditaturiko zentro edo zerbitzuetan integratu gabe baina ospe bereziki ona duten sendagileen eskutik gauzatzen diren drogomenpekoen tratamenduan kalitate egokia segurtatzearren beharrezkoa da horiek beren jarduketak behar bezala aurrera eramateko baldintzak erregulatuko dituen arautegia prest izatea.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko irailaren hamabosteko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu honen xedea da opiazeoen menpeko pertsonendako Nafarroako Foru Komunitatean opiazeoen bidezko ordezkapen tratamenduak ematen dituzten zentro eta zerbitzuei kreditazioa eman eta hura berritu eta errebokatzeko bideak arautzea, eta era berean, arau honetan kontuan hartzen diren tratamenduak preskribitzeko baimena ematea kreditaturiko zentro edo zerbitzu horietan integratu gabe baina ospe bereziki ona duten sendagileei.

2. artikulua

Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak ematen duen kreditazioak segurtatzen du zentroek eta zerbitzuek eta kreditaturiko zentro edo zerbitzu horietan integratu gabe baina ospe bereziki ona duten sendagileek behar diren baldintzak betetzen dituztela drogamenpekotasun arazoak dituzten pertsonei beharrezko laguntza emateko.

3. artikulua

Foru Dekretu hau aplikatuko zaie zentroei eta zerbitzuei eta xede horretarako kreditaturiko zentro edo zerbitzu horietan integratu gabe baina ospe bereziki ona duten sendagileei eta, era berean, presondegiko zerbitzuei edo Foru Komunitatean kokatutako zehazki osasun arlokoak ez diren establezimenduei, beti ere, horietan opiazeoen menpeko pertsonei opiazeoen bidezko ordezkapen tratamenduak ematen zaizkienean eta urtarrilaren 19ko 75/1990 Errege Dekretuan eta urtarrilaren 15eko 5/1996 Errege Dekretuan araututako printzipio aktiboetakoren bat barnean baldin bada.

Kontuan izanik Foru Komunitatean badirela drogamenpekoen laguntzarako egoitza zentro batzuk, zeinetan opiazeoen bidezko ordezkapen tratamenduak ematen baitzaizkie, haiei ere aplikatuko zaie Foru Dekretu hau, urtarrilaren 10eko 4/1991 Foru Dekretua, drogomenpekoen laguntzarako egoitza zentroen kreditazioa arautzen duen hura, osatzen duen heinean.

4. artikulua

Opiazeoen bidezko ordezkapen tratamenduak ematen dituzten zentro eta zerbitzuak direla ulertuko da drogamenpekotasun arazoak dituzten pertsonei printzipio aktibo horiei jarraikiz gauzatzen diren tratamenduak ematen dituztenak.

Farmazia bulegoak osasun zentrotzat hartuko dira, irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretuak, osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak sortu, eraberritu, lekuz aldatu eta horien funtzionamendurako baimenak arautzen dituen hark, bere 2. artikuluan zioenaren arabera.

Kreditaturiko zentro edo zerbitzuetan integratu gabe baina ospe bereziki ona duten sendagile direla ulertuko da drogamenpeko pertsonei zuzendutako programa terapeutikoaren batean parte hartuz opiazeoen bidezko tratamenduak preskribitzeko baimena eskatzen duten eta laguntza pribatua edo kontsultategi pribatuetan laguntza ematen duten sendagileak.

5. artikulua

Zentro eta zerbitzu publiko nahiz pribatuek, horietan integratu gabe baina ospe bereziki ona duten sendagileen eskutik, opiazeoen bidezko tratamenduak emateko kreditazioa lortu izanak adierazten du ematen diren zerbitzuak kalitatekotzat hartu direla. Kreditazio hori ezinbestez eta aldez aurretik lortu beharko da Nafarroako Gobernuko Administrarioarekin hitzarmenak egin ahal izateko.

6. artikulua

Opiazeoen bidezko ordezkapen tratamenduak egiten diren zentro eta zerbitzuek, kreditazioaren aurretik, baimenduak beharko dute egon, irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretu aipatuari jarraikiz.

7. artikulua

Opiazeoen bidezko ordezkapen tratamenduak egiteko ospe bereziki ona duten sendagileei zentroei eta zerbitzuei kreditazioa eman ahalko zaie, eskaera egin ondotik, baldin eta Foru Dekretu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

8. artikulua

Kreditazioak berarekin ekarriko du zentroek eta zerbitzuek eta horietan integratu gabeko baina ospe bereziki ona duten sendagileek, onartu beharko dituztela Osasun Departamentuak ezarritako informazio eta ebaluazio sistemak.

9. artikulua

Eskaerak eta agiriak.

1. Xede horretarako kreditaturiko zentro eta zerbitzuetan integratzeke ospe bereziki ona duten sendagileek, zentroek eta zerbitzuek, kreditazioa lortu nahi badute eskaera egin beharko dute Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusian. Eskaera hori egiteko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen bideetako bat erabiltzen ahal da. Titularitate publikoa duten zentro eta zerbitzuen eskaera zentro bakoitzeko zuzendariak edo zerbitzuburuak egin beharko du.

2. Eskaerari agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Zentro edo zerbitzuaren antolakuntza eta funtzionamenduaren gaineko memoria, bertan sartzen direlarik opiazeoen bidezko ordezkapen tratamendurako programaren garapenean parte hartuko duten langileen plantilaren azalpena, titulazioak eta kategoriak zehaztuta.

b) Eraskinean adierazten diren baldintzak bete izanaren justifikazioa.

3. Zentro eta zerbitzu pribatuen, presondegiko zerbitzuen edo Foru Komunitatean kokaturiko zehazki osasun arlokoak ez diren beste establezimendu batzuen titularrak edo legezko ordezkariak kreditazioa eskatzen ahal dute osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduen Erregistroan funtzionamendu baimena eta inskripzioa lortzen duten une berean, eskabideari agiri hauek atxikiz:

a) Izaera pribatuko programa propioa izanez gero: opiazeoen bidezko ordezkapen tratamendurako programaren azalpen memoria, xede horietarako erabili behar diren jarduera, helburu, baliabide eta teknikak zehaztuz, bai eta denborazko faseak ere. Programa hori Osasuneko Zuzendaritza Nagusiak onetsi beharko du.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko opiazeoen bidezko mantenimendu programa batekoa izatez gero: programa horrekiko atxikipen kontratua.

c) Zentro edo zerbitzuaren antolakuntza eta funtzionamenduaren gaineko memoria, bertan zerbitzua ematen duten behar bezala baimendutako langileen plantilaren azalpena ere barne dela, titulazio eta kategorietan zehaztuta.

d) Beren zerbitzu profesionala eman behar duten langileek zentro edo zerbitzu bakoitzarekin duten loturaren egiaztagiria.

e) Zentro edo zerbitzua mantentzeko bideragarritasunari buruzko plan ekonomikoa eta horren kudeaketan erabiliko den kontabilitate sistemaren kreditazioa.

f) Tratamendu programetan sartutako eriek opiazeoen menpekotasuna dutelako diagnostikoa baiesten duen egiaztagiria, urtarrilaren 15eko 5/1996 Errege Dekretuaren 1.2 artikuluan xedatutakoaren araberakoa.

g) Eraskinean zehazten diren baldintzak bete izanaren justifikazioa.

10. artikulua

1. Kreditazioa eman aurretik, Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuak, Osasun Zentro eta Jarduerak Ikuskatzeko Atalaren bitartez, frogatuko du zentroak, zerbitzuak edo ospe bereziki ona duen sandagileak betetzen ote dituen Foru Dekretu honetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Frogantza hori ikuskapen aktaren bidez formalizatuko da. Era berean, nahitaezkoa izanen da opiazeoen bidezko tratamendurako zentro eta zerbitzuak kreditatu, ebaluatu eta kontrolatzeko Batzordearen adostasun txostena. Horrezaz gainera, eskaera egin duen entitate edo sendagileak emandako informazioa osatzeko beste edozein txosten edo agiri ere eskatu ahalko da.

2. Opiazeoen bidezko ordezkapen tratamendurako zentro eta zerbitzuak kreditatu, ebaluatu eta kontrolatzeko Batzordeak arau honetan zehazten diren baldintzen egokiera eta betetzearen gainean bere txostena eman ondotik, Osasun kontseilariak ebazpena emanen du luzenera 3 hilabeteko epean, Batzordeak bere txostena ematen duen egunetik aitzina. Ebazpenaren bidez kreditazioa emanen da arauzko kalitate baldintzak betetzen badira eta betetzen ez badira, berriz, ukatu eginen da. Epe horren barrenean ebazpen espresurik ematen ez bada kreditazio eskaria onetsitzat joko da.

3. Ukapenezko ebazpenak arrazoitu egin beharko dira, beti ere.

11. artikulua

1. Kreditazioa gehienez bi urterako emanen da, eta eman zenean eskatu ziren baldintzak bete beharko dira bitarte horretan ere.

2. Osasun kontseilariak ebazpena eman ahalko du kreditazioa eten edo deuseztatzeko, behar den administrazio espedientea tramitatu ondoren, kasu hauetan:

a) Foru Dekretu honek ezarri baldintzak eta aplikatu beharreko gainerako arauak bete ez direla frogatzen denean eta osasun edo gizarte arloko arrazoiek gomendagarri egiten dutenean.

b) Osasun laguntzako, udal osasuneko, fiskaleko edo laneko arauteria eta Gizarte Segurantzakoa bete ez duelako titularrari zigorra jarri zaionean, bidezkoak izan daitezkeen gainerako erantzukizunak ezertan ukatu gabe.

c) Interesatuek hala eskaturik. Emanen den ebazpenak bajako eguna finkatuko du, zentroarekin, zerbitzuarekin edo ospe bereziki ona duen sendagilearekin hitzartutako programak -eginkizun edo egiteko bidean daudenak- noiz bukatuko diren kontuan hartuta.

3. Kreditazioak berritu ahalko dira, zentro edo zerbitzuko titularrak edo horretarako kreditatutako zentro edo zerbitzuren batean integratu gabeko ospe bereziki ona duen sendagile batek eskatuta. Eskabidea aurreko kreditazioaren indarraldia akitu baino hilabete bat lehenago aurkeztu beharko da eta hasierako eskabiderako izandako tramite berak egin beharko dira.

4. Hasieran emandako kreditazioak dagokien Erregistroan inskribatuko dira, eta orobat, berritzen diren guztiak, etenak edo errebokazioak.

12. artikulua

Foru Dekretu honetan arautu tratamenduetarako kreditaturiko zentro edo zerbitzu bakoitzeko sendagile arduradunak edo ospe bereziko sendagileak tratamenduan dauden erien kopuruari buruzko informazioa emanen diote hiruhilabetero opiazeoen bidezko ordezkapen tratamendurako zentro eta zerbitzuak kreditatu, ebaluatu eta kontrolatzeko Batzordeari, Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuaren bitartez, eta bertan aipatuko da, halaber, tratamenduak noiz hasi diren, noiz eten eta noiz bukatu, bai eta horiek justifikatzeko arrazoiak eta erabilitako opiazeoak. Aurreko hori gutxieneko informazioa da eta Batzordeak informazio gehiago eskatzea dauka.

Behar bezala kreditaturiko farmazi bulegoen bitartez egiten diren opiazeoen bidezko ordezkapen tratamendurako programei buruzko balorazio kualitatiboa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako Adimen Osasuneko Zuzendariordetzak eginen du.

13. artikulua

Kreditatuak dauden zentroek eta zerbitzuek eta ospe bereziki ona duten sendagileek sistema bat izanen dute eriek beren eskubideak erabili edo galdatu ahal ditzaten.

14. artikulua

1. Opiazeoen bidezko ordezkapen tratamenduak egiteko kreditatuak dauden zentroak edo zerbitzuak behartuak egonen dira kreditazioa eman zitzaienean eskatu zizkioten baldintzak eta betebeharrak mantentzera eta horrezaz gain beste hauek ere bete beharko dituzte:

a) Zentro edo zerbitzuko jardueren memoria urtero igortzea.

b) Langileen plantiletan gertatzen diren gora-beherak, urtero jakinaraztea, alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak adieraziz.

c) Urteko gora-behera nagusien berri ematea.

2. Aurreko puntuan aipatzen den dokumentazioa opiazeoen bidezko tratamendurako zentro eta zerbitzuak kreditatu, ebaluatu eta kontrolatzeko Batzordeari igorriko zaio, Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuaren bitartez.

Xedapen Iragankorra

Foru Dekretu honetan aipatzen diren zentroek eta zerbitzuek, Foru Dekretuak indarra hartzen duen egunean funtzionamenduan badaude eta Foru Dekretuan eskatu baldintzaren bat bete gabe badute, kreditazioa eskatu ahalko dute eta eman ere behin-behinekoz ematen ahalko zaie, beti ere, arau honetan ezarri baldintzak bete dituztela egiaztatzen badute adierazten zaien epearen barrenean.

Urtarrilaren 10eko 4/1991 Foru Dekretuari jarraikiz kreditatu izan diren zentroek eta zerbitzuek kreditazioa berritzeko eskaera egin ahalko dute, eta Foru Dekretu honen xede diren tratamenduak egiteko kreditazioaren eskaera ere eskabide berberean sartu ahalko dute, bertan eskatu baldintzak betetzen badituzte.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko irailaren hamabostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

E R A S K I N A. Opiazeoen bidezko tratamendurako zentro eta zerbitzuak kreditatu, kreditazioa berritu eta errebokatzeko irizpideak

E R A S K I N A

1. KREDITATU ETA KREDITAZIOA BERRITZEKO IRIZPIDEAK ETA BETEBEHARRAK

A) TITULARTASUN PUBLIKOKO ZENTROAK ETA ZERBITZUAK

1. Osasun Departamentuaren aldez aurreko baimen administratiboa izatea, irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

2. Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak onetsitako opiazeoen bidezko mantenimendu programa batean lankide izateko kreditazioaren eskabidea aurkeztea.

3. Osasun zentro bateko kreditaturiko farmazi zerbitzu baten bidez kasuko opiazeoa eskuratzeari buruzko baldintzak betetzea.

4. Legeak aurreikusitako baimen arau guztiak bete beharko dituzte eta bereziki hauek baloratuko dira:

-Tratamendua emateko eta informazio eta osasun hezkuntza arloko beste zereginetarako laguntza pertsonalizaturako gune berezia izatea, eriak eta zentroko edo zerbitzuko gainerako erabiltzaileek behar den konfidentzialtasuna izan dezaten.

-Formula magistralak elaboratu eta kontrolatzeko gune berezia, kutsadurarik izan ez dadin neurri egokikoa.

-Behar den beste tresneria, opiazeoen bidezko tratamendua emateko aproposa.

-Segurtasun sistema (armairua, kutxa gotorra edo beste sistema bat) estupefazienteak gorde eta kontserbatzeko itxituraren bermea duena.

-Hozkailua, gehieneko eta gutxieneko tenperaturetarako termometroa duena edo tenperatura kontrolatu eta erregistratzeko beste sistema bat, sendagai termolabileen kontserbazioa 2.º eta 8.º-ren artean mantentzea segurtatzen duena.

-Eriei buruzko fitxak, ahal delarik informatizatuak eta konfidenzialtasuna bermatzen dutenak, eriaren jarraipena egiteko eta opiazeoen bidezko mantenimendu programa ebaluatzeko bide ematen dutenak.

-Opiazeoaren preskripzioari buruzko fitxak edo kontrol-orriak (eskuzkoak nahiz informatizatuak), datu hauek dituztenak: zentroa edo zerbitzua, eriaren identifikazio datuak eta historia klinikoaren zk., opiazeoaren preskripzio datuak, hala nola, opiazeoaren izena eta presentazioa, preskripzio datak, dosia, preskripzioa egin duen sendagilearen izena eta sinadura.

-Kasu bakoitzeko opiazeoa preskribitzeko fitxak edo kontrol-orriak. Gutxienez datu hauek agertaraziko dira: zentroa edo zerbitzua, preskripzioa egin duen sendagilea, opiazeoaren izena eta presentazioa, eskuratutako ontzien kopurua eta bolumena eta eskuratze eguna, zentro hornitzailearen izena: ospitaleko farmazia edo kreditaturiko farmazi bulegoa, boteilaren zenbakiaren eguneroko notazioa, hasierako bolumena, kontsumitutakoarena eta bukaerakoa, bai eta gerta daitezkeen galerena, opiazeoa ematen duen sendagile, O.L.T.-E.D.U., edo pertsonaren identifikazioa, sendagaia hartzen duten erien identifikazioa eta haien historia klinikoaren zk., eriei emandako dosiak, emate-datak, sendagaia eramateko pertsona baimenduak, gora-beherak eta sinadurak.

-Kasuko opiazeoaren ontzi indibidualetarako etiketatua, datu hauekin: produktuaren izena eta presentazioa, hornitutako kopurua, lotearen zk. (zentrotik kanpora hartu beharrekoaren ontzietan, bederen), emate eta iraungitze-datak, eta eriaren identifikazio datuak.

-Erraz eta azkar erabiltzeko moduko agiritegia (informatikoa nahiz eskuzkoa), opiazeoen bidezko mantenimendu programari buruzko dokumentazioaren konfidentzialtasuna behar bezala bermatzen duena.

Agiritegian dokumentu hauek beharko dira: erien fitxak, erien erregistroa, bakoitzari dagokion farmazi bulegora igortzearena, Baimenaren Informazio Agiriaren kopia bat, estupefaziente txartelak eta kasuko opiazeoaren preskripzioari eta emateari buruzko fitxak eta kontrol-fitxak eta aipatu sendagaia preskribitu eta eman dezaketenen identifikazio erregistroa eta sinaduraren errekonozimendua.

-Opiazeoen bidezko mantenimendu programarako arduradun bat jartzea, kreditazio eskaeraren dokumentuan haren onarpena agertarazi beharko delarik.

-Opiazeoen bidezko mantenimendu programaren arduradunaren eta osasun langileen prestakuntza drogamenpekotasunen aurre hartze, diagnostiko, tratamendu eta konplikazioen alorrean.

-Antolakuntza sistema bat edo lan prozedura normalizatu bat izatea, opiazeoa hornitzeko eta hartzeko ordutegiak, kasuko opiazeoa zentrotik kanpora eramateko baimena duten pertsonak, e.a. jasotzen dituena.

-Dokumentazio bibliografikoa, jarduera horretarako egokia.

Kreditazioa berritzeko beharrezkoa izanen da adierazitako dokumentu eta erregistro bakoitza oso-osorik betetzea eta gainera ezartzen diren ebaluazio irizpideekin bat etortzea.

B) TITULARTASUN PRIBATUKO ZENTROAK ETA ZERBITZUAK

Titulartasun publikoko zentro eta zerbitzuendako zehazturiko betebeharrez gainera, kreditatzeko eta kreditazioa berritzeko zera beharko da:

1gn. Opiazeoen bidezko mantenimendu programa propioa izatea edo Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak onetsitako batean sartua izatea.

2gn. Osasun zentro bateko farmazi zerbitzu kreditatu baten bitartez edo farmazi bulego kreditatu baten bitartez kasuko opiazeoa eskuratzeari buruzko baldintzak betetzea.

3gn. Talde tekniko bat izatea, zentroaren edo zerbitzuaren menpekoa, programa terapeutikoa behar bezala garatzeko moduko titulazioa duena.

Agertarazi beharko da talde teknikoari atxikitzen zaion langileen zerrenda, bai eta haien lanbidea. Aldaketa guztien berri eman beharko zaio Osasun Departamentuari, irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Talde teknikoak, gutxienez, sendagile bat beharko du, eta hagitz komenigarria litzateke klinikako psikologo baten laguntza izatea.

Talde teknikoaren zuzendariak edo arduradunak medikuntza edo psikologia alorreko goi edo erdi mailako profesional bat izan beharko du.

Berariazko konpromisua izan beharko da programa terapeutikoaren garapenean titulazio egokirik gabeko langileen parte hartzea teknikari tituludunen ikuskapen eta kontrolpean eginen dela.

Datu hauek guztiak agertaraziko dira eskabidean edo haren eraskinean, eska dakiekeen beste agiriekin batean.

4gn. Zentroan edo zerbitzuan laguntza izan duen erabiltze bakoitzaren espediente pertsonala izatea, honako dokumentazioa, behintzat, izanen duena:

1. Programan sartzeko erabiltzaileak aurkeztutako eskabidea.

2. Tratamenduaren eta programa terapeutikoaren gainean eta emandako baimena errebokatzeko duen eskubidearen gainean erabiltzaileari informazioa eskaini izanaren konstatazioa (Baimenaren Informazio Agiria).

3. Erabiltzaileak onartzea aplikatzen zaion programa terapeutikoan duen tratamentua, bai eta zentro edo zerbitzuaren barneko erregelamendua ere.

4. Erabiltzailearen historia sozio-sanitarioa. Bertan hauek agertaraziko dira:

-Eriaren egoera sendagileak preskribitutako tratamenduaren hasieran eta haren eboluzioaren azalpena alta ematen zaion momentura arte.

-Txosten medikoa, zehaztapen terapeutikoa barne dela.

-Aldika egin zaizkion ikuskapen medikoen egiaztapena eta,

-Alta edo kanporatzearen txostena, behar dena.

5gn. Erreklamazio liburua edo orriak egonen dira erabiltzaileen edo haien familiakoen eskura.

6gn. Agiri bat, zentro edo zerbitzuko erabiltzaileek proiektu terapeutikoan sartu gabeko eta aipatu zentrorako nahiz zerbitzurako edo horiek zein entitateren mende dauden, harentzako etekin ekonomikoak sortzeko helburua izan dezakeen jarduerarik egiten ez dutela egiaztatzen duena.

7gn. Zentroak edo zerbitzuak erabiltzaileei ematen dizkien zerbitzuen prezioen zerrenda, zerbitzuka edo hilebeteka adierazita, modu argi eta zehatzean. Erabiltzaileak egiten duen ordainketa bakoitzeko ordainagiri zenbakitua luzatuko zaio, ordaindu duela egiaztatzen duena.

8gn. Nafarroako Gobernuaren Osasun Administrazioari zentro edo zerbitzuaren kontrol edo ikuskapenerako behar den informazioa emateko berariazko konpromisua.

C) FARMAZI BULEGOAK

1. Kreditazioa eskatzen duten farmazi bulegoak aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak emandako administrazio baimena behar du.

2. Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak onetsiriko opiazeoen bidezko mantenimendu programa batean laguntzaile izateko kreditazioaren eskabidea aurkeztea.

3. Legeak aurreikusitako baimen arau guztiak bete beharko dituzte, honakoak baloratuz bereziki:

-Tratamendua emateko eta informazio eta osasun hezkuntza arloko beste zereginetarako laguntza pertsonalizaturako gune berezia izatea, eriak eta farmazi bulegoko gainerako erabiltzaileek behar den konfidentzialtasuna izan dezaten.

-Formula magistralak elaboratu eta kontrolatzeko gune berezia, kutsadurarik izan ez dadin neurri egokikoa.

-Materiala eta erreaktiboak gordetzeko armairua eta apalategi aski.

-Balantza kalibratua edukitzea.

-Behar den beste tresneria egokia kasuko opiazeoen bidezko tratamendua emateko.

-Segurtasun sistema (armairua, kutxa gotorra edo beste sistema bat) estupefazienteak gorde eta kontserbatzeko itxituraren bermea duena.

-Hozkailua, gehieneko eta gutxieneko tenperaturetarako termometroa duena edo tenperatura kontrolatu eta erregistratzeko beste sistema bat, sendagai termolabileen kontserbazioa 2.º eta 8.º-ren artean mantentzea segurtatzen duena.

-Kasuko opiazeoaren elaborazio eta kontrol fitxak (eskuzkoak edo informatizatuak), bertan datu hauek agertarazten direlarik: opiazeoaren izena, erregistroko zk., prestaturiko kopurua, lotearen zk., iraungipen data, elaboratzailea, kontrolak, farmazilariak sinatutako onartze edo ukatzeko erabakia.

-Elaboratutako opiazeoaren ontziratze etiketatua, gutxienez datu hauekin: produktuaren izena eta presentazioa, prestaturiko kopurua, lotearen zk., prestaketa eta iraungipen datak.

-Kasuko opiazeoaren ontzi indibidualetarako etiketatua, datu hauekin: produktuaren izena eta presentazioa, hornitutako kopurua, iraungitze data, eriaren identifikazio datuak eta farmazi bulegoaren zenbakia.

Gainera, hartzearen data, eramateko diren dosietan.

-Eriei buruzko fitxak, ahal delarik informatizatuak eta eriaren datu guztiak jasotzen dituztenak, konfidenzialtasuna bermatu eta eriaren jarraipen farmakoterapeutikoa egiteko eta opiazeoen bidezko mantenimendu programa ebaluatzeko bide ematen dutenak.

Fitxa horietan sendagaia eramateko baimenduak dauden pertsonak adierazi behar dira.

-Kasuko opiazeoa preskribitzeko fitxak edo kontrol- orriak. Gutxienez datu hauek bilduko dira: farmazi bulegoa, zentroa edo zerbitzua, preskripzioa egin duen sendagilea, opiazeoaren izena eta presentazioa, horien elaborazio eta iraungipen datak (lotearen zk.), farmazilariaren identifikazioa eta ematen duen pertsonarena, sendagaia hartzen duten erien identifikazioa, ematen zaizkien dosiak, emate-datak, sendagaia eramaten duen pertsona, gora-beherak eta sinadurak.

-Opiazeoen bidezko mantenimendu programari buruzko dokumentazioaren agiritegia, erraz eta azkar erabiltzeko modukoa eta konfidentzialtasuna behar bezala bermatzen duena (agindu mediku indibidualizatuak, bakoitzari dagokion farmazi bulegora igortzeko orriak, Baimenaren Informazio Agiriaren kopiak, dagokion denborarako estupefazienteen errezeta eta opiazeoaren preskripzio eta ematearen gaineko fitxak).

-Opiazeoen bidezko mantenimendu programaren arduradun bat jartzea -baldin eta farmazi bulegoan farmazilari bat baino gehiago badago-, kreditazio eskaeraren dokumentuan haren onarpena agertarazi beharko delarik.

-Farmazi bulegoko arduradunaren eta haren zerbitzuko langileen prestakuntza eta batez ere opiazeoen bidezko mantenimendu programaren arduradunarena, drogamenpekotasunen aurre hartze, diagnostiko, tratamendu eta konplikazioen alorrean.

-Antolakuntza sistema bat edo lan prozedura normalizatu bat izatea, besteak beste honakoak biltzen dituena: opiazeoa hornitzeko eta hartzeko ordutegiak, hortaz arduratuko den pertsona, elaborazioa eta kontrola, kontserbazioa, erregistroak eta agiritegia, kasuko opiazeoa farmazi bulegotik kanpora eramateko baimena duten pertsonak, e.a.

-Dokumentazio bibliografikoa, jarduera horretarako egokia.

Kreditazioa berritzeko beharrezkoa izanen da adierazitako dokumentu eta erregistro bakoitza oso-osorik betetzea eta gainera ezartzen diren ebaluazio irizpideekin bat etortzea.

D) OPIAZEOEN BIDEZKO TRATAMENDUETAN KREDITATURIKO ZENTRO ETA ZERBITZUETAN INTEGRATUTA EZ DAUDEN BAINA OSPE BEREZIKI ONA DUTEN SENDAGILEAK

1go. Opiazeoen bidezko tratamenduak preskribitzeko kreditazioa sendagile horiei salbuespen gisa emanen zaie, urtarrilaren 15eko 5/1996 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera. Tratamendu horiek horretarako kreditatua dagoen zentro bateko ospitaleko farmazi zerbitzu baten edo farmazi bulego kreditatu baten bidez emanen dira.

2gn. Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak baimendutako kontsultategi edo osasun zentro bat beharko da, irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretuarekin bat etorriz.

3gn. Opiazeoen bidezko mantenimendu programa propioa izatea edo Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak onetsitako batean sartua izatea.

4gn. Sendagile kreditatuak lagundua izan den erabiltze bakoitzaren espediente pertsonala izatea, honako dokumentazioa, behintzat, izanen duena:

a) Programan sartzeko erabiltzaileak aurkeztutako eskabidea.

b) Tratamenduaren eta programa terapeutikoaren gainean eta emandako baimena errebokatzeko duen eskubidearen gainean erabiltzaileari informazioa eskaini izanaren konstatazioa (Baimenaren Informazio Agiria).

c) Erabiltzaileak onartzea sendagileak adierazi dion tratamentua, bai eta dagokion zentro edo kontsultategian aplikatu beharreko arauak ere.

d) Erabiltzailearen historia sozio-sanitarioa. Bertan hauek agertaraziko dira:

-Eriaren egoera sendagileak preskribitutako tratamenduaren hasieran eta haren eboluzioaren azalpena alta ematen zaion momentura arte.

-Txosten medikoa, zehaztapen terapeutikoa barne dela.

-Aldika egin zaizkion ikuskapen medikoen egiaztapena eta,

-Alta edo kanporatzearen txostena, behar dena.

5gn. Erreklamazio liburua edo orriak egonen dira erabiltzaileen edo haien familiakoen eskura.

6gn. Agiri bat, kreditaturiko zentro edo zerbitzu batean integratua ez dagoen sendagile baten erabiltzaileek proiektu terapeutikoan sartu gabeko eta aipatu zentrorako nahiz zerbitzurako edo horiek zein entitateren mende dauden, harentzako etekin ekonomikoak sortzeko helburua izan dezakeen jarduerarik egiten ez dutela egiaztatzen duena.

7gn. Zentro edo zerbitzu batean integratua ez dagoen sendagile batek erabiltzaileei ematen dizkien zerbitzuen prezioen zerrenda, zerbitzuka edo hilebeteka adierazita, modu argi eta zehatzean. Erabiltzaileak egiten duen ordainketa bakoitzeko ordainagiri zenbakitua luzatuko zaio, ordaindu duela egiaztatzen duena.

8gn. Nafarroako Gobernuaren Osasun Administrazioari zentro edo zerbitzuaren kontrol edo ikuskapenerako behar den informazioa emateko berariazko konpromisua.

2. KREDITAZIOA EZ BERRITZEKO ARRAZOIAK

1. Zentro, zerbitzu, farmazi bulegoetan eta xede horretarako kreditaturiko zentro edo zerbitzuetan integratuta ez dauden sendagileek lagundutako eriek opiazeoen bidezko mantenimendu programari buruz eginiko kexak edo erreklamazioak fundamentuzkoak eta frogatuak direnean.

2. Tratamenduari kreditaturiko zentro, zerbitzu edo farmazi bulegotik kanpora segitzeko dosiak baimenik gabeko pertsonei ematea.

3. Farmazi bulegoei dagokienez, kreditaturiko zentro edo zerbitzuari ez jakinaraztea eria ez bada baliatzen opiazeoen bidezko programaz edo ez badu programa betetzen, sendagai horiek behar ez bezala erabiltzen baditu (legez kanpoko merkatura desbideratu, bide parenteralez erabili...) edo programarekin zerikusia duen beste edozein gora-behera negatibo.

4. Dokumentazioan behar diren erregistro eta artxibaketak ez egitea.

3. KREDITAZIOA ERREBOKATZEKO ARRAZOIAK

A) ZENTROAK ETA ZERBITZUAK

1go. Osasun Departamentuak onetsi duen opiazeoen bidezko mantenimendu programako baldintza berariazkoak ez betetzea.

2gn. Kasuko opiazeoa eskuratzeko baldintzak ez betetzea.

3gn. Opiazeoen bidezko tratamendurako zentro eta zerbitzuak kreditatu, ebaluatu eta kontrolatzeko Batzordeari hark eskatu dokumentazioa ez ematea.

4gn. Opiazeoen bidezko mantenimendu programa gauzatzearen ebaluazioa eta kontrola oztopatzea.

5gn. Opiazeoa prestatu eta hartzeko jarraibideari jaramonik ez egitea.

6gn. Sendagaia baldintza egokietan ez kontserbatzea.

7gn. Prestatu zirenetik iraungitze-data gainditutako opiazeoak ematea.

8gn. Estupefazienteen errezetan preskribitutako dosiak ez diren beste batzuk ematea.

9gn. Opiazeoa zaintzeko bidezko diren neurriak ez betetzea.

10gn. Sendagai opiazeoak ez-legezko merkatura desbideratzea edo desbideratzen uztea.

11gn. Behar den konfidenzialtasuna ez segurtatzea, hala erabiltzaileari eta dokumentazioari dagokienez (paperezko euskarria, euskarri informatikoa edo beste edozein eratakoa) nola opiazeoa emateari ere.

12gn. Ordezkapeneko opiazeoaren kontrolerako dokumentazioan, opiazeo hori preskribitu eta ematearen gainean datu ez-zuzenak edo faltsuak paratzea.

B) FARMAZI BULEGOAK

1go. Opiazeoen bidezko mantenimendu programa batean eriak sartzea kreditaturiko zentro edo zerbitzu batetik behar den bezalako deribazioa egin gabe.

2gn. Opiazeoen bidezko mantenimendu programa batean eriak edukitzea haiei dagokien kreditaturiko zentrotik edo zerbitzutik baztertuak izan direla jakinarazi ondoren.

3gn. Kreditaturiko zentro edo zerbitzuko opiazeoen bidezko mantenimendu programaren arduradunei edo opiazeoen bidezko tratamendurako zentroak eta zerbitzuak kreditatu, ebaluatu eta kontrolatzeko Batzordeari ez ematea haiek eskatutako dokumentazioa.

4gn. Opiazeoen bidezko mantenimendu programa gauzatzearen ebaluazioa eta kontrola oztopatzea.

5gn. Opiazeoa elaboratzeko, kontserbatzeko eta ontziratzeko arauak zuzenki ez betetzea.

6gn. Prestatu zirenetik iraungitze-data gainditutako opiazeoak ematea.

7gn. Estupefazienteen errezetan preskribitutako dosiak ez diren beste batzuk ematea.

8gn. Kasuko opiazeoa zaintzeko bidezko diren neurriak ez betetzea.

9gn. Sendagai opiazeoak ez-legezko merkatura desbideratzea edo desbideratzen uztea.

10gn. Behar den konfidenzialtasuna ez segurtatzea, hala erabiltzaileari eta dokumentazioari dagokienez (paperezko euskarria, euskarri informatikoa edo beste edozein eratakoa) nola opiazeoa emateari ere.

11gn. Opiazeoaren kontrolerako dokumentazioan, kasuko opiazeoa preskribitzeaz, hornitzeaz eta hartzeaz datu faltsuak paratzea.

12gn. Dagozkion erregistroetan datuak faltsifikatzea.

C) OPIAZEOEN BIDEZKO ORDEZKAPEN TRATAMENDUETAN KREDITATURIKO ZENTRO ETA ZERBITZUETAN INTEGRATUTA EZ DAUDEN BAINA OSPE BEREZIKI ONA DUTEN SENDAGILEAK

Hauei ere arestiko zentro eta zerbitzuendako errebokazio arrazoi berberak aplikatuko zaizkie.

Iragarkiaren kodea: a9708358

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web