(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

24/2004 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 26KOA, BELZTE ZENTROAK IREKI ETA ABIAN JARTZEKO ETA BELZTE APARATUAK ALOKATZEKO BALDINTZAK ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 20 - 16/02/2004



  1. ERANSKINA


  2. ERANSKINA. Belzte aparatuak darabiltzatenei eman beharreko agiri informatiboa


Atariko

Belzte aparatuen eskaria eta erabilera gero eta handiagoa da. Erradiazio ultramoreen erabilera loturik dago, dirudienez, erabiltzaileen osasunerako kaltegarriak diren ondorio batzuekin. Beraz, haien osasuna eta segurtasuna bermatzeko aginduak ematea beharrezkoa da.

Estatuan erradiazio ultramoreen bidezko belzte aparatuen salmenta eta erabilera irailaren 27ko 1002/2002 Errege Dekretuaren bidez arautu da. Hori Konstituzioko 149.1.16 artikuluaren babesean eman zen eta Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorreko 24, 25.2 eta 40. artikuluetan eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Babesari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorreko 3.2 eta 5. artikuluetan xedaturikoa garatzen du.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 53 eta 56.1.b) eta d) artikuluetan Nafarroako Foru Komunitateari eskumenak ematen dizkiote barne segurtasun, industria eta kontsumitzaileen babesaren arloan.

Eskumen horiek erabiltzen, arlo horren legezko garapena egiten da. Nafarroako Foru Komunitatean arautu egiten dira belzte zentroak ireki eta abian jartzeko eta belzte aparatuak alokatzeko baldintzak.

Foru dekretu hau Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteei eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberari jakinarazi zaie.

Nafarroako Kontseiluaren irizpena ere izan du, Nafarroako Kontseiluari buruzko martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legeko 16.1.f) artikuluan xedaturikoa betetzeko (foru lege hori abenduaren 10eko 25/2001 Foru Legearen bidez aldatu zen). Organo horrek, abenduaren 29an, irizpen bat eman du, dioelarik foru dekretu hau legeekin bat datorrela.

Hori horrela, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak eta Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko urtarrilaren hogeita seian eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Arauaren xedea eta helburua.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean belzte zentroak ireki eta abian jartzeko eta belzte aparatuak alokatzeko baldintzak arautzea.

Irailaren 27ko 1002/2002 Errege Dekretuko 2. artikuluan aipatzen den definizioarekin bat datozenak jotzen dira belzte aparatu eta zentrotzat, txanponen, txartelen edo erabiltzaileei aparatuak zuzenean erabiltzeko bide ematen dien edozein tresnaren bidez automatikoki diharduten aparatuen bidezko zerbitzua barne.

2. artikulua . Jarduera abian jartzeko eta aldatzeko jakinarazpena.

Kontsumoaren arloko eskumenak bere dituen departamentua izanen da organo eskuduna belzte zentroak ireki eta abian jartzeko eta belzte aparatuak alokatzeko baldintzak begiratzeko, Osasun Departamentuarenak deusetan galarazi gabe.

Belzte zentroaren edo belzte aparatuak alokatzeko jardueraren titularra den pertsona fisiko edo juridikoak, jarduera hasi aitzin, dekretu honetako 1. eranskinean aipatzen den adierazpen arautua aurkeztuko du, nahitaezkoa dena. Horretan belzte aparatuen eta dauzkaten materialen deskripzio teknikoa bilduko da, baita izpi ultramoreen aparatuetako langileen zerrenda eta arlo horretan duten berariazko prestakuntza ere.

Adierazpen hori aldaketa bat gertatzen den bakoitzean gaurkotu beharko da.

3. artikulua . Prestakuntza.

1. Belzte zentroetan jendeari izpi ultramoreen aparatuak aplikatzen diharduten langileek eta belzte aparatuak alokatzeko jardueraren arduradunak prestakuntza egokia eduki beharko dute eta aplikazioa begiratzen ere arituko dira. Horretarako berariazko prestakuntzako ikastaro bat gainditu beharko dute.

2. Prestakuntza ikastaroak zati teoriko bat edukiko du, non erradiazio ultramoreen berezitasunak eta ezaugarri fisikoak, haien ondorio biologoikoak, fototipoen arabera, eta haien kontrako erreakzioak azalduko baitira. Zati praktiko bat edukiko du, ikasleari aparatuak erabiltzen ikasten laguntzeko.

Ikastaroko programak eduki hau edukiko du gutxienez:

Erradiazioei eta haien ondorio biologikoei buruzko oinarrizko nozioak.

Azalaren eta azaleko fototipoen anatomiari buruzko oinarrizko nozioak.

Oinarrizko dermatologia.

Azaleko zauririk maizkoenak, erradiazio ultramoreekin okerragotzen ahal direnak.

Erradiazio ultramoreen aurrean trinkotasunez eta behin eta berriro belztearen ondorioz azalean agertzen ahal diren zauriak.

Begiak babestu beharra eta babesik ez erabiltzeagatik maiz agertzen diren zauriak.

Fototerapiaren kontraindikazioak.

Praktika higieniko zuzenak.

Merkatuan dauden aparatu motak, haien indikazioak eta mantentzea.

Erabiltzeko gomendioak eta gaizki erabiltzeko arriskuak.

Instalazioak eta lanabesak.

Jarduera horiei buruzko arauak (irailaren 27ko 1002/2002 Errege Dekretua eta foru dekretu hau).

3. Ikastaroaren homologazioa. Kontsumo arloan eskudun den departamentuari dagokio ikastaroak antolatzen dituzten erakunde edo entitateek aurkezten dituzten prestakuntza ikastaroak homologatzea eta beste autonomia erkidegoetan edo Ceuta eta Melilla hirietan antolaturiko ikastaroen balioa elkarri aitortzea. Eskabidearekin batera ikastaroaren memoria bat aurkeztuko da, kontu hauek bildu beharko dituena:

Ikastaroaren helburuak.

Ikastaroko programa, edukiak zabalduz eta unitate didaktikoak eta bakoitzaren ordu zenbatekoa zehaztuz.

Irakasleen zerrenda eta haien prestakuntza.

Eskola emanen duten zentroak.

Izena emateko baldintzak eta eskainiriko postu zenbatekoa.

Ikastaroak gutxienez 20 ordu iraun beharko du eta parte-hartzaileek proba bat gainditu beharko dute, haien jakintza-maila neurtzen duena. Prestakuntza ikastaroko irakasleek titulu hauek eduki beharko dituzte: Medikuntzako lizentziaduna, osasunari loturiko kontuetarako, eta programan zuzenean loturiko arloetako unibertsitate-tituluduna, kontu teknikoetarako.

Homologazioaren gainean ebatzi baino lehen, Osasun Departamentuari txosten bat eskatuko zaio. Homologazioaren eskaeraren gaineko ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe iragaten bada, eskaera onartutzat joko da.

4. Prestakuntzaren kreditazioa. Baimenduriko ikastaroak egiten dituzten entitateek, ebaluazioko probak egin ondoren, izena eman eta probak gainditu dituzten ikasleendako etekinen ziurtagiri bana luzatuko dute. Horretan gutxienez ere argibide hauek agertuko dira:

Prestakuntza eman duen entitatearen eta, halakorik bada, sustatzailearen ezaugarriak.

Ikastaroko titulua.

Baimenaren data, Nafarroan erregistraturik dagoeneko zenbakia eta

Prestakuntza ikastaroa eman deneko data eta haren iraupena, ordu teorikoak eta praktikoak banatuz.

Ebaluazioko probak gaindituak dauzkan ikaslearen izena, bi deitura eta Nortasun Agiri Nazionala.

Ziurtagiria non eta noiz eman den.

Prestakuntza entitatearen legezko ordezkariaren izenpea eta haren zigilua.

5. Harturiko prestakuntzaren ziurtagiriak gehienez ere bost urterako balioko du. Berritu ahal izateko ikastaroaren edukiak zientzia eta teknika arloko aurrerapenetara egokitu beharko dira.

4. artikulua . Debekuak.

Debeku da 18 urtetik beheitiko erabiltzaileek belzte zentroetan belzte aparatuak erabiltzea eta haiei alokatzea.

5. artikulua . Erabiltzailearendako argibideak.

1. Argibideetarako agiria. Belzte zentroek eta belzte aparatuak alokatzen dituzten enpresek argibide agiri bat edukiko dute. Agiri horrek foru dekretu honetako 2. eranskinean aipatzen diren kontuak bilduko ditu, gutxienez.

Azalaren fototipoek agiri horretan agertu behar dute, baita gomendaturiko belzte programak ere, gehieneko belzte aldiak, azaltze aldea eta belzte aldien arteko tarteak kontuan hartuz.

Agiri hori erabiltzaileei aurkeztuko zaie, adostasuna izenpetu dezaten, erradiazioaren bidez belzten hasi baino lehen.

Erabiltzaileari agiri horren kopia emanen zaio. Establezimenduak beste kopia bat eduki beharko du agintari eskudunen eskura, 5 urtez.

Agiri osoa modu irakurterrazean idatziko da. Zentroek artxibo sistema bat edukiko dute agiri hauek lastertasunez atzeman eta zintzotasunez gordetzeko.

Belzte zentroek datu pertsonal bildu guztiak babestu eta ustekabean galdu, beste inork eskuratu edo jakinaraztea eragozteko behar diren neurri guztiak hartuko dituzte, baita baimendurik ez dagoen prozesu oro eragozteko ere, eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko betebeharretara egokituko dira.

2. Orotariko argibideetarako afixa. Itxaron gelan edo harrera tokian afixa bat paratuko da, gutxienez ere 7 mm-ko letrak dituzten argibide hauek bilduko dituena:

Erradiazio ultramoreek azaleko minbizia sortu eta begiei kalte larriak egiten ahal dizkiete.

Begiak babesteko betaurrekoak erabiltzea nahitaezkoa da.

Sendagai batzuek eta kosmetikoek nahi ez diren erreakzioak sortzen ahal dituzte.

Hemezortzi urtetik beheitikoek debeku dute erabiltzea eta haurdunei ez zaie komeni.

Belzte aldia hasi baino lehen, azalaren fototipoak eta kasuan-kasuan komeni diren belzte aldiak begiratu.

3. Norberaren egutegia/fitxa. Alokatzen duten zentro eta enpresek erabiltzaileei aparatua erabiltzeko egutegi/fitxa bat eman beharko diete, horretan berariazko gomendioak, belzte aldiak eta bezte aldi osoak idatzi eta haietaz banan-banan arduratu daitezen.

4. Belzte aparatu bakoitzeko oharrak. Belzte aparatuek, alokairurako erabiltzen direnak barne, ohar hau eduki beharko dute, toki ikusgarri batean: "OHARRA: Erradiazio ultramoreek begietan eta azalean kalteak sortzen ahal dituzte, hala nola, azalaren zahartzea eta, agian, azaleko minbizia. Jarraibideak kontu handiz irakurri. Begiak babesteko ematen zaizkizun betaurrekoak erabili. Sendagi eta kosmetiko batzuek sentiberatasuna handitzen ahal dute. Hemezortzi urtetik beheitikoek debeku dute erabiltzea eta haurdunei ez zaie komeni."

Aparatuak solairum edo edergintzako aretoetan edo antzekoetan erabiltzen direnean, ohar hori, gutxienez ere 4 mm-tik gorako letretan, aparatutik gertu dagoen paretan beti kokaturik dagoen afixan agertzen ahalko da. "Jarraibideak kontu handiz irakurri" esaldiaren ordez "Bestelako argibideetarako aretoaren arduradunari galdetu" paratzen ahalko da.

Halaber, aparatu bakoitzerako fototipo taula bat eta kasuan kasuko belzte aldiak agertuko dira, kontsumitzaileak ikusteko moduan.

5. Zerbitzuen prezioen gaineko argibideak.

Establezimendu guztiek argibide afixa bat eduki behar dute, jendaurrean, harrera tokian edo sarreran paraturik, non ematen diren zerbitzu guztien prezioak jakinaraziko baitira, zergak barne. Belzte zerbitzuetako prezioak minutuen arabera adieraziko dira eta alokairukoak, orduen, egun erdien edo egunbeteen arabera.

6. artikulua . Higiene eta osasun arloko baldintzak.

Belzte zentroetan erabiltzen diren areto, tresna, betaurreko, material eta eki-oheei, belzte aldi bakoitzaren ondoren, behar diren desinfektazio eta asepsia tratamenduak eginen zaizkie, baldintza hauek ez betetzearen ondoriozko arriskurik ez dagoela bermatzeko.

7. artikulua Mantentzea.

Belzte zentroek eta belzte aparatuak alokatzen dituzten enpresek aparatu bakoitzarendako mantentze liburu bat eduki beharko dute, non, gutxienez ere, argibide hauek agertuko baitira::

a) Titularraren nortasuna.

b) Establezimenduaren datuak.

c) Aparatuak hornitu eta paratzen dituen enpresaren datuak.

d) Aparatuaren datuak.

Aparatuaren osagai suntsigarrien aldaketak ere adieraziko dira liburuan, berariaz noiz gertatzen diren eta osagai bakoitza nork aldatu duen azalduz.

Titulartasun eta kokagune aldaketak ere agerraraziko dira liburuan.

8. artikulua . Aldian aldiko ikuskaritza.

1. Belzte zentroen eta belzte aparatuak alokatzeko jardueren titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoek arduratu behar dute aparatu bakoitza urtean behin gutxienez ikuskatzen, baita aparatuetan aldaketak egiten direnean ere, egitezko erradiazioaren eta uhin luzeraren ezaugarriak ukitzen badituzte.

2. Kontrol erakunde baimendun batek eginen du ikuskaritza. Erakunde horrek baimena izanen du Nafarroako Foru Komunitatean argindar instalazioen arloan eta behe tentsioari buruzko Europako Batasuneko zuzentarauaren arloan jarduteko. UNE-EN 60335-2-27 arauko saioak laborategi kreditatu batek eginen ditu.

3. Ikuskapenetan egitezko erradiazioa eta uhin luzera adieraziko dira gutxienez, aparatuak irailaren 27ko 1002/2002 Errege Dekretuarekin bat eskatzen diren segurtasun betebeharrak betetzen dituela begiratzeko. Segurtasun betebeharrak betetzen dituela dioen kreditazioa jendaurrean egonen da, aparatuak darabiltzatenek ikusteko moduan, eta Administrazioak noiznahi ere eskatzen ahalko du, aldaturiko ekipo eta osagaiei buruzko ziurtagiriekin batera (motak eta ereduak barne) eta gaineraturiko osagaiekin batera, zehazki, hala bada.

4. Ikuskaritza egiten denean, establezimenduak frogatu beharko du bertako langileek foru dekretu honetako 3. artikuluan aipatzen den berariazko prestakuntzako ikastaroa gainditu dutela.

9. artikulua . Kontrola.

1. Kontrolerako erakunde baimendunek belzte jardueraren titularrari ikuskapen eta kontrol bakoitzaren ziurtagiriaren kopia bat emanen diote eta, aldian behin, ikuskaturiko establezimenduak eta aparatuei eginiko kontrolen emaitza jakinaraziko dizkiote kontsumoaren arloan eskuduna den departamentuari, horrek zehazten duen moduan.

2. Kontrolerako erakunde baimenduak pertsonendako berehalako arrisku bat atzemanez gero, jardueraren arduradunari aginduko dio bertan behera utz dezala, aparatua prezintatuko du eta kontsumo arloan eskudun den departamentuari berehalaxe jakinaraziko dio.

10. artikulua . Tarifak.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arauzko industri segurtasunaren eta kontrolaren arloko jarduketak araupetzen dituen azaroaren 9ko 326/1998 Foru Dekretuko 33. artikuluarekin bat, foru dekretu honetako 8. artikuluan aipatzen diren ikuskapenak egiteagatik enpresek kontrolerako erakunde baimendunei pagatu beharreko tarifak ezartzen dira.

Belzte aparatu baten aldizkako eta arauzko ikuskapen bakoitzagatik: UVA-B1: 150 euro.

Titular berak establezimendu bereko belzte aparatu bat baino gehiago ikuskatu dadila eskatzen duenean, bigarren aparatuagatik eta hurrengoetariko bakoitzagatik: UVA-B2: 62 euro.

11. artikulua . Babesteko ekipoak.

Belzte zentroek eta belzte aparatuak alokatzen dituzten enpresek nahitaez espektruko banda ultramorerako babesteko egoki diren betaurrekoak edukiko dituzte, belzte aldietan begiak babestu ahal izateko.

12. artikulua . Erregistroa.

Kontsumo arloan eskumena duen departamentuan belzte zentroen eta belzte aparatuak alokatzen dituzten enpresen erregistroa sortzen da. Bertan jarduera horretan ari diren edo aritu nahi duten enpresek adierazten dituzten datu guztiak idatziko dira.

Erregistro hori administratiboa izanen da eta datu hauek jendaurrekoak izanen dira:

Zentro edo enpresaren izen komertziala.

Establezimenduko helbide osoa.

13. artikulua . Publizitatea.

Belzte aparatuen ondorioei buruzko edozein iragarkik ohar hau eduki beharko du: "Belzte aparatuen izpi ultramoreek kalte egiten ahal dute azalean eta begietan. Ondorio horiek izpien izaeraren eta indarraren araberakoak izaten dira, baita pertsonen azalaren sentiberatasunaren araberakoak ere".

Behin ere ezin aipatuko da gaixotasunak sendatu, haiei aurrea hartu edo osasunari onura ekartzeko gaitasunik eta ezin esanen da ez dagoela arriskurik.

14. artikulua . Zainketa eta ikuskaritza.

Kontsumo arloan eskumena duen departamentuak, Kontsumoaren Ikuskaritzaren bidez, zainketa eta kontrol eginkizunak izanen ditu, irailaren 27ko 1002/2002 Errege Dekretuan eta foru dekretu honetan xedaturikoarekin bat, hori dena Osasun Departamentuak belzte zentroen higiene eta osasun arloko baldintzak begiratzeko dituen eskumenak eta Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen arabera dagozkion gainerako eskumenak galarazi gabe.

15. artikulua . Arauhausteak eta zehapenak.

Foru dekretu honetan eta irailaren 27ko 1002/2002 Errege Dekretuan ezarririkoa ez betetzea arau-haustetzat joko da, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorreko 35. artikuluan, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babesari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorreko 34. artikuluan eta kontsumitzaileen babesaren eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren arloko arau-hauste eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Arau-hauste horiek hurrenez hurren Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorreko 36. artikuluan, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babesari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorreko 36. artikuluan eta kontsumitzaileen babesaren eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren arloko arau-hauste eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuko 6, 7 eta 8. artikuluetan xedaturikoarekin bat zehatuko dira.

Xedapen Iragankorra

Foru dekretu honetan arautzen diren jarduerak egiten dituzten enpresek, 2. artikuluan aipatzen denaren arabera, jakinarazi beharko diote Administrazioari, indarra hartu eta hilabeteko epean.

Azken Xedapenak

Lehena

Kontsumo arloan eskuduna den kontseilariak behar diren xedapenak emanen ditu foru dekretu hau garatu eta betearazteko.

Bigarrena

Esku ematen zaio kontsumoaren arloan eskudun den kontseilariari foru dekretu honetan ezartzen diren tarifak eguneratzeko.

Hirugarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. ERANSKINA. Belzte aparatuak darabiltzatenei eman beharreko agiri informatiboa

2. ERANSKINA

Erradiazio ultramoreek kalte larriak sortzen ahal dituzte azalean eta begietan; belzte aldi trinko eta behin eta berriro eginek azala garaia baino lehen zahartu eta azaleko minbizia garatzeko arriskua handitzen ahal dute; azalean eginiko kalteak konponezinak dira.

a) Nahitaezkoa da belzte aparatuei darizkien erradiazio ultramoreen aurka babesteko betaurrekoak erabiltzea, begietan zauriak saihesteko, hala nola, kornearen hantura edo begi-lausoak.

b) Erradiazio ultramoreak berezi arriskugarriak izan daitezke oso azal zuria duten erabiltzaileendako eta belztu gabe kiskaltzen diren pertsonek, intsolazioak joek, azaleko minbizia izan dutenek edo minbizi hori errazki garatzeko gaitasuna dutenek ez dituzte erabili behar. Aurrekari familiarrak izan dituztenek ere ez dituzte erabili behar.

c) Ultramore artifizialen bidezko belzte aldi artifizialak debeku dira hemezortzi urteko beheitikoendako eta ez zaie haurdunei komeni.

d) Sendagai batzuen bidezko tratamendu aldietan (hala nola, antibiotiko, lo eragingarri, antidepresibo, tokian tokiko edo orotariko antiseptiktikoen bidez) kontuz ibili behar da, haiek eta kosmetikoek erradiazioarekiko sentiberatasuna handitzen baitute.

e) Beraz, neurri hauek hartu behar dira:

1. Ongi babesten duten betaurrekoak belzte aldi osoan erabiltzea beti.

2. Belzte aldia baino lehen kosmetikoak kentzea eta eguzkitarako iragazkirik ez erabiltzea.

3. Sendagaiak erabiltzen ari direla erradiazio ultramoreen bidez ez belztea. Dudarik izanez gero, medikuari galdetu.

4. Ez jarri eguzkitan egun berean aparatua erabili bada.

5. Lehenbiziko bi belzte aldien artean berrogeita zortzi ordu uztea.

6. Iraupenari, belzte aldiaren trinkotasunaren eta lanparekiko aldeari buruzko gomendioak betetzea.

7. Azalean babak, zauriak edo gorriguneak sortzen badira, medikuari galdetu.

Azaleraren fototipo eta belzte aldietarako programa gomendatuak

BELZTE ALDIAREN BELZTE ALDIEN

FOTOTIPOA KISKALTZEN DA BELZTEN DA GEHIENEKO ARTEKO

IRAUPENA ALDEAK

1 Beti Inoiz ez

2 Erraz Oso gutxi

3 Pixka bat Pixka bat

4 Oso gutxi Erraz

5 Behin edo beste Asko

6 Inoiz ez Beti

....................(e)n, 200..(e)ko................aren....(e)an.

Irakurrita eta ados

Izenpetua:............................................jaunak/andrea.

Azalaren fototipoek agiri horretan agertu behar dute, baita gomendaturiko belzte programak ere, gehieneko belzte aldiak, azaltze aldea eta belzte aldien arteko tarteak kontuan hartuz.

Bezeroak testu hau ezagutu behar du, agiria izenpetuz eta izenpearen gainean "irakurri eta ados" adieraziz. Kopia bat emanen zaio.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web