(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

235/1999 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 21EKOA, HAUR ETA GAZTEEN ASTIALDIRAKO ESKOLEN ONARPEN OFIZIALA, ESKOLA HORIEN ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ARTEKO HARREMANAK ETA HAUR ETA GAZTEEN ASTIALDIRAKO HEZITZAILEEN PRESTAKUNTZA ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia-

BON N.º 88 - 16/07/1999



Atariko

Gazteriarekin loturiko dinamismoak eta egokitu zaizkigun garai hauek behartzen gaituzte gobernuaren ekintza eten gabe planteatzen diren egoeretara egokitzera. Eta hori bereziki nabaria da aisi eta astialdiarekin zerikusia duen guztiarekin.

147/1998 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean gazteendako kanpoko jarduerak arautzen dituenak, astialdiko monitoreak eskatzen ditu, beren prestakuntza eta esperientziagatik segurtasuna ematen dutenak era horretako gazte-jarduerak aurrera eramateko.

Martxoaren 8ko 46/1990 Foru Dekretuak, Haur eta Gazteen Astialdiko hezitzaileen prestakuntza arautzen duenak, bederatzi urteko indarraldia izan ondotik, eta Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola eratu denez gero, beharrezkoa da indarra duen araudia errealitate berri horretara egokitzea.

Uztailaren 28ko 204/1997 Foru Dekretuak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onetsi zituen, eta hain zuzen ere, erakunde autonomo horrexek izanen ditu gazteriaren arloan Nafarroako Gobernuari dagozkion eskumenak.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eta hari soilik esleitu dio gazteriaren politikaren arloko eskumena.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren 21eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da haur eta gazteen astialdirako eskolen onarpen ofiziala, Eskola horien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko harremanak eta Haur eta gazteen astialdirako hezitzaileen prestakuntza arautzea.

2. artikulua . Onarpena.

Astialdirako Eskoletako titular diren pertsona fisiko nahiz juridikoek, helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izan eta eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, eskola horien onarpen ofiziala eskatu ahalko dute, gazteekin egiten diren jardueretarako Nafarroako Eskolako zuzendariari zuzendurik, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko erregistroan aurkeztutako eskabidearen bitartez. Eskabideari behar den dokumentazioa atxikiko zaio.

3. artikulua . Teknikariak.

Haur eta Gazteen Astialdirako Eskola guztiek zuzendari bana izanen dute, Eskolaz arduratuko dena, eta klaseak emanen dituzten irakasleen klaustro bana.

Lan horietan aritzeko zer prestakuntza eta esperientziak eskatuko diren Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak erabakiko du.

4. artikulua . Banakako espedientea.

Eskola guztiek banakako espedienteetan ezarriko dute ikasle bakoitzaren prestakuntza prozesua eta ikastaroari dagozkion aktak eginen dituzte.

5. artikulua . Ikastaroak.

Ofizialki onartutako Astialdirako Eskolek bi ikastaro mota bederen emanen dituzte: Haur eta gazteen astialdirako monitore eta zuzendari izatekoak.

Ikastaro horiek Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak berretsiak izanen dira, zeinek diploma bana luzatuko baitie ikastaroa aprobetxamendu onarekin burutu duten ikasleei.

Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak baimena eman ahalko die ofizialki onartuak diren Astialdirako Eskolei beste titulazio batzuk ere emateko, beren eskumenen esparruan.

Ikastaro horietan sartzeko baldintzak, ikastaroen edukia, aldiak eta iraupena behar den garaian erabakitzen denari egokituko zaizkio.

Azken Xedapenak Lehena

Indarrik gabe uzten dira martxoaren 8ko 46/1990 Foru Dekretua, Haur eta gazteen astialdirako hezitzaileen prestakuntza arautzen duena, eta hura garatzen duten 59/1991 eta 60/1991 Foru Aginduak, biak otsailaren 15ekoak, eta martxoaren 5eko 88/1991 Foru Agindua.

Azken Xedapenak Bigarrena

Ahalmena eman zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari, zeinen zuzendaritza eta babespean baitago Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola, Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak oro eman ditzan.

Azken Xedapenak Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren hogeita batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: A9906657

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web