(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

220/2002 FORU DEKRETUA, URRIAREN 21EKOA, URAREN BITARTEZ, NEKAZARITZAKO NITRATOEZ KUTSA DAITEZKEEN EREMUAK IZENDATU ETA DAGOKIEN JARDUKETA PROGRAMA ONESTEN DUENA

BON N.º 146 - 04/12/2002



  I. ERANSKINA. NEKAZARITZAKO KUTSADURA NITRIKOA IZAN DEZAKETEN EREMUETAN, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN HASIERA BATEZ IZENDATUETAN, JARDUTEKO PROGRAMA


Atariko

Nekazaritzako nitratoez kutsa daitekeen ura ahalik eta gutxiena izan dadin, eta beste kutsadura batzuk galaraztearren, Europako Batasunak Kontseiluaren abenduaren 12ko 676/91 Zuzentaraua onetsi zuen, ura nekazaritzan erabili nitratoen kutsaduratik babesteari buruzkoa.

Ura nekazaritzako nitratoek eragin kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez iragan da Zuzentarau hori Espainiako ordenamendu juridikora.

Arau horiekin bat, gaur arte, jarduketa hauek burutu dira Nafarroako Foru Komunitatean:

a) Nafarroako Nekazaritzako Praktika Egokien Kodea onetsi da, 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez, eta argitaratu.

b) Nafarroako Foru Komunitatean, uraren bitartez, nekazaritzako nitratoez kutsa daitekeen eremurik ez dagoela deklaratu zen Nafarroako Gobernuak 1998ko maiatzaren 4an hartutako Erabakiaren bidez, orduko datuen eta ezagutza orokorraren arabera.

c) Azterlan bat egin da, Nafarroako Foru Komunitatearen lurretan (09.25, 09.26, 09.27 unitate hidrogeologikoak), Ebroko alubioiko lur azpiko ura nitratoez kutsatuari buruzko gaiak sakon aztertzen dituena hidrogeologia, edafologia, hidrogeokimika eta agronomia aldetik, aipatu Zuzentarauaren aplikazioan aurrera egiteko.

Aipatu 261/1996 Errege Dekretuari jarraituz eta aurreikusi epeetan, zer egoeratan gauden aztertu eta berrikusi da, azken txosten teknikoen arabera.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko urriaren hogeita bateko bilkuran hartu Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Kutsa daitezkeen eremuak.

1. Ura nekazaritzako nitratoek eragin kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren arabera, Ebroko akuifero alubialeko bi eremu izendatu dira Nafarroan kutsa daitezkeen eremu gisa:

a) 1.eremua: Viana eta Mendabiako udal mugapeetako lurzatien multzoa, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko katastroaren arabera, I. motakoak direnak (ureztalurrak).

b) 2. eremua: Cabanillas, Buñuel, Fustiñana eta Ribaforadako udal mugapeetako lurzatien multzoa, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko katastroaren arabera, I. motakoak direnak (ureztalurrak).

2. Artikulu honetako izendapena aldatu edo hedatu ahalko da beste Foru Dekretu baten bidez, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua Jarduketa eta laginketa programak.

1. Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuan aurreikusi ondorioetarako, onetsi egin da jarduketa programa, nekazaritzako nitratoek kutsatu ura gutxitu eta gehiago kutsa ez dadin, I. Eranskinean zehaztu bezala.

1. artikuluan zehaztu eremuetan aplikatuko da jarduketa programa. Lau urtean behin berrikusiko da eta, behar izanez gero, aldatuko, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Uraren laginak hartzeko eta kalitatearen jarraipena egiteko programak ezarriko dira, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 8. artikuluko zehaztapenei jarraituz, bidezko bada, kutsaduraren mendeko eremuen zerrenda aldatzeko eta jarduketa programen eragina frogatzeko.

3. artikulua . Betebeharrak.

Kutsa daitezkeen eremuetan, nekazaritzan diharduten pertsona fisikoak edo juridikoak behartuak daude Foru Dekretu honen 2. artikuluan ezarri jarduketa programaren aplikazioak sortu eginbeharrak betetzera.

4. artikulua Kontrol eta ikuskapen plana.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoak urteko kontrolen plana prestatuko dute, jarduketa programan ezarritakoa betetzen ote den ikusiko duena. Programaren beraren eraginkortasuna ere ebaluatuko dute, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren arabera.

2. Pertsona fisikoek edo juridikoek bidezko ikuskapen eta kontrolak onartuko dituzte, zereginetan lagunduko dute eta eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztuko.

5. artikulua . Ez betetzea.

Kutsa daitezkeen eremuetan nekazaritza lanetan diharduten pertsona fisikoek edo juridikoek Foru Dekretu hau betetzen ez dutela frogatuz gero, honako hauek galduko dira, erabat edo partzialki, zenbatekoa den bete gabe uzten dena eta arau-hausleak I. Eranskineko 4.2 atalean aipatzen diren prestakuntza ikastaroetan parte hartzea nahi duen edo ez ikusita:

_Nekazaritzako ingurumen neurriak hartzeagatik ematen diren laguntzak, Kontseiluaren (EE) maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamenduaren arabera, Nekazaritzaren Berme eta Orientaziorako Europako Fondo-FEOGAren kargura herriak garatzeko laguntzari buruzkoa.

_Eremu andeatuetan edo ingurumen arloko debeku berariazkoak dituztenetan ezarri ustiategietarako kalteordainak, Kontseiluaren (EE) maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamenduaren arabera.

_Belarkien laborantza azaleraren arabera ordaintzen denaren ehuneko hogeia arte, Kontseiluaren (EE) 1251/1999 Erregelamenduan jaso bezala.

_Arroza landatzeagatik ordaintzen denaren ehuneko hogeia arte, (EE) 3072/95 Erregelamenduan ezarritakoa.

_Aletarako zenbait lekadun landatzeagatik azaleraren arabera ordaintzen denaren ehuneko hogeia arte, Kontseiluaren (EE) 1577/96 Erregelamenduan aurreikusia.

_Behi aziendarentzat aurreikusi ordainketaren ehuneko hogeia arte, (EE) 1254/1999 Erregelamenduan jasoa.

_Ardi eta ahuntz aziendentzat aurreikusi ordainketaren ehuneko hogeia arte, Kontseiluaren (EE) 2529/2001 Erregelamenduan jasoa.

Xedapen Gehigarriak Lehendabizikoa

Nafarroako Gobernuak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoak proposaturik, Erabaki baten bitartez zehaztuko ditu Batzorde Aholku-emaile baten osaketa eta arauak, nekazaritzako nitratoez kutsatu lur azpiko urari buruz jardungo duena. Bertan Nafarroako Gobernuko Departamentuen eta Erakundeen ordezkariek hartuko dute parte, gai horietan eskumena dutela.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena

Foru Dekretu honek aurreikusten ez duen hartan, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuak xedatutakoa aplikatuko da; ura nekazaritzako nitratoek eragin kutsaduratik babesteari buruzkoa, alegia.

Azken Xedapenak Lehendabizikoa

Ahalmena eman zaie Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoari, behar adina xedapen eman ditzaten, Foru Dekretu hau zein bere eskumenen esparruan gara dezaten.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren hogeita batean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

I. ERANSKINA. NEKAZARITZAKO KUTSADURA NITRIKOA IZAN DEZAKETEN EREMUETAN, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN HASIERA BATEZ IZENDATUETAN, JARDUTEKO PROGRAMA

I. ERANSKINA

Ura nekazaritzan erabili nitratoen kutsaduratik babesteko Kontseiluaren abenduaren 12ko 91/676 Zuzentarauari eta ura nekazaritzako nitratoek sortu kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuari jarraituz, aurreko Zuzentaraua Espainiako ordenamendu juridikora aldatzen baitu, eta, kontuan hartuz, Nafarroan ureztalur diren bi eremu izendatu direla, programa hau prestatu da:

1. Oinarrizko printzipioak.

1.1. Nekazaritzako Praktika Egokien Kodea.

Nahitaez bete beharko dira Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean Nafarroarako aurreikusi neurriak, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 7. artikuluari eta 1999ko azaroaren 22ko Foru Aginduari jarraituz, zeinaren bidez Nafarroako Nekazaritzako Praktika Egokien Kodearen onespena argitara eman baitzen.

1.2. Nitrogenodun ongarriak, 261/1996 Errege Dekretuaren arabera definituak, laboreen beharren arabera zabalduko dira, haien zikloan zehar.

1.3. Ahal dela, laboreek nitrogeno gehien xurgatzen duten garaietan zabalduko dira nitrogenodun ongarriak.

2. Neurri orokorrak.

2.1. Gehienez zabal daitekeen gorotza, edo beste ongarri organiko batzuk.

Lau urteko lehen programa denez, urtean 210 k/ha gorotza zabalduko da, edo beste ongarri organiko batzuk (minda, lohiak, etab.). Programa amaitutakoan, 170 k/ha urtean, non ez den beste kopuru bat ezartzen. Horretarako, ez da galaraziko 261/1996 Errege Dekretuaren 1. artikuluko helburua, eta justifikatu beharko da hazkunde zikloaren iraunaldia, laboreak har dezakeen nitrogeno kopurua, eremuko prezipitazio garbia eta lurzoruak nitrogenoa galtzeko duen erraztasuna kontuan hartuz.

2.2. Noiz ezin den nitrogenodun ongarririk zabaldu.

Ebro ibarreko ureztalurretan etengabe hazten dira laboreak. Beraz, horrelako eremu kutsaerrazean, ezin da nitrogenodun ongarriak zabaltzeko debekualdi orokorrik eman lurralde osorako. Dena dela, Nafarroako Nekazaritzako Praktika Egokien Kodearen arabera, ondoko zerrendako murrizketak egin dira ekoizpen orientazioen eta ongarri moten arabera:

2.2.1. Landu gabeko nekazaritzako lurretan debekatua dago ongarri minerala eta organikoa nahiz nitrogenoduna zabaltzea.

2.2.2. Ereinda edo landatuta dauden lurzatietan eta hazkuntza aldia hasia dutenetan, debekatua dago ongarri minerala edo organikoa zabaltzea, taula honetan jaso sasoietan:

Udazkeneko eta neguko zerealak Abenduaren 1etik urtarrilar 15a arte Ekainaren 1etik abuztuaren 31 arte

Udako zerealak Irailaren 1etik abenduaren 31 arte abuztuaren 15etik-lab amaitu arte

Barazkiak Ez da bidezko Debekualdi gabe

Frutarbola Azaroaren 1etik otsailaren 15a arte Urriaren 1etik urtarrilar 31 arte

2.2.3. Elkarren segidako bi laborealdien artean debekatua dago ongarria zabaltzea, non ez den behar bezala justifikatzen Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusian, kasu hauetan:

_Ongarria eta minda, erein edo landatu aurreko bi hilabete baino lehenago.

_Nitrogenodun ongarri kimikoa, erein edo landatu aurreko hilabete baino lehenago.

2.3. Gorotza eta minda pilatzeko gaitasuna.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuak dioenez, kutsa daitezkeen eremuetan kokatu abeltegien titularrek gorotza pilatzeko instalazioak behar dituzte izan, lurrean zabaltzea debekatua dagoen denboraldi luzeenean pila dezaketena baino instalazio handiagoak.

Alde horretatik, kutsa daitezkeen eremuak ureztalurrak direnez, teknikoki lur osorako debekualdi orokorrik ezarri behar ez bada ere, gutxienez lau hilabetez pilatzeko adinakoa instalazioa beharko da.

Dena dela, kopuru horrek ez du abere hondakinen kudeaketa arautuko duen foru araudian ezarritakoa baino handiagoa izan beharko, pilatzeko gaitasun errealetik gorako gorotzari ingurumenean kalterik ez egiteko tratamendua egiten zaiola frogatuz gero, edo, lagapen kontratu baten bidez, gorotza eremu kutsaberatik kanpora eramaten bada ongarri organiko gisa erabiltzeko, edo tratatzeko nahiz aberasteko, betiere ingurumenean ondoriorik sortu gabe.

2.4. Lurrean gehienez zabal daitekeen nitrogenodun ongarria.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuan eta Nafarroako Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean ezarritakoari jarraituz, gehieneko kopuru batzuk ezarri dira eremu kutsaerrazetan nitrogenodun ongarria zabaltzeko, nitratoen soberakina eta haien lixibiatua gutxitzeko. Horregatik, 3. taulako datuak estimazio hauek batuz prestatu dira:

a) Lurrean dagoen nitrogenoa, laboreak dezenteko kopurua behar izaten hasten direnean.

b) Lurreko erreserba organikoek mineralizatzean sortutako nitrogenoa.

c) Ongarri kimiko eta organikoetatik datorren nitrogenoa.

d) Ureztatzeko urak dakarren nitrogenoa.

3. taula _Gehienez zabal daitezkeen nitrogenodun ongarri mineralak.

NEGUKO ZEREALAK

Gari biguna artoaren ondotik 200 Ereitean, gehienekoaren % 30 ez gainditu

Gari biguna barazkien ondotik 160

Gari gogorra 210

Garagarra 180

UDAKO ZEREALAK

Artoa barazkien ondotik 250 Ereitean, gehienekoaren % 30 ez gainditu

Artoa, artoaren ondotik 300

Arroza 180 Azalekoan, % 50 ez gainditu

BESTE LABORANTZA ESTENTSIBO BATZUK

Luzerna 50

Aldi baterako belardiak 200 Ereitean, % 30 ez gainditu

Ekilora 100

BARAZKIAK

Orburua, produkzioan 220 Landaketan, % 40 ez gainditu

Kruziferoak 220

Industriarako tomatea 200

Piperra 130

Zerba 200

Kardua 200

Zainzuria, produkzioan 200 Kabailoiak prestatzean eta hazkunde garaian

Beste barazki batzuk 170 Landaketan, % 40 ez gainditu

FRUTA-ARBOLAK

Fruitu hezurdunak 140 Otsailetik hazkunde garaia amaitu arte

Fruitu pipitadunak 140 Otsailetik hazkunde garaia amaitu arte

Olibondo ureztatua 80 Otsailetik hazkunde garaia amaitu arte

Mahatsondo ureztatua 80 Urtarriletik ekaina arte (biak barne)

Almendrondo ureztatua 80 Otsailetik hazkunde garaia amaitu arte

3. Nekazaritzako Praktika Egokien Kodea aplikatzearen ondoriozko neurriak.

Ondoren, Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean sartutako neurriak, aurreko puntuetan jaso ez direlako programa honetan sartu behar baitira. Hori guztia, eremu kutsaerrazak direla kontuan hartuz, ureztalurrak inondik ere.

3.1. Ongarria zabaltzea urak, izotzak edo elurrak estali lurretan.

Debekatua dago:

_Gorotza, minda, lohia eta antzekoak zabaltzea urak edo elurrak estali lurretan.

_Minda zabaltzea, % 15etik gorako batez besteko malda duten lurzatietan, lurra erabat izoztuta dagoenean.

_Oro har, nitrogenodun ongarria zabaltzea, urak hartutako lurretan (arroza izan ezik), ura desagertu arte.

3.2. Ongarria ur-laster naturalen eta uraz hornitzeko guneen inguruan zabaltzea.

_Ziurtatu beharko da ez dela nitrogenodun ongarririk zabalduko ur-laster natural baten bazterretik 3 metro bitarteko zerrendan.

_Ez da nitrogenodun ongarri mineralik zabalduko 50 metro baino hurbilago putzu, iturri edo zulo baten inguruan, gizakiaren kontsumorako ura ematen badu edo, beste zerbaitetan erabiltzekoa izanik, edateko moduan egon behar badu.

_Ongarri organikoei dagokienez, 50 metroko tartea gorde beharko da ur korronte naturaletatik eta edateko ura daraman hodi edo deposituetatik. Gainera, 200 metrokoa izanen da, gutxienez, edateko uraz hornitzen duten putzu eta iturrietan. Betiere, distantzia horiek ez dira foru araudiak abere hondakinak kudeatzeko ezartzen dituenak baino txikiagoak izanen.

3.3. Isurketa eta lixibazio kutsaduraren aurreko neurriak, ureztatze sistemetan.

3.3.1. Sestra bereko lurzatiak.

Ohiko ureztaketan, ez da nitrogenodun ongarririk erabiliko urarekin (fertirrigazioa).

3.3.2. Maldako lurzatiak.

Urari nitrogenodun ongarria eransten zaionean, ez da isurketarik izanen, ez dezan hustubide edo drainaduretara jo, edo lurzatien beheko aldean putzu edo istilik sortu.

3.4. Uzta hondakinak kudeatzea.

Udako zerealak, ekilorea, artoa, aletarako lekadunak, bazka eta koltza bildu ondoko utzikinak abeltzaintzan aprobetxatuko dira, zuzenean, edo paketatu eta alorretik kenduko, baina ez da zertan lurrari erantsi beharko. Edozein landare hondar erretzeari dagokionez, horren gaineko foru araudiari jarraituko zaio.

3.5. Abeltzaintzako instalazioak.

Aurreko puntuetan adierazitakoaz gain, gorotza eta minda pilatu eta zabaltzeari baitagokio, eremu kutsaerrazetan kokatu abeltzaintzako instalazioek baldintza hauek beharko dituzte bete, araudi berariazkoan ezarritakoa ukatu gabe:

_Egoteko eta mugitzeko kanpoko eremuek iragaztezin egon beharko dute, eta behar adinako malda izanen dute, ur zikinak haien biltegietara bideratzeko; bestela, gorotza edo minda biltzen dutenetara.

_Garbiketako urak bere ubide estankoak izanen ditu, eta beste jariakinak biltzen diren tokietan jasoko dira.

_Gorozki solidoak biltzeko instalazioek gainazal estankoa beharko dute azpian, eta beheko puntua, non jarioko likidoak bilduko baitira, handik ur zikinen biltegietara eramateko.

_Euri ura teilatutik kanpora aterako da, zuzenean, ur zikinekin nahasi gabe.

_Ur zikinen biltegiak estankoak izanen dira, eta 35 metrotara, gutxienez, egonen dira ubide eta ur hodietatik.

3.6. Minda.

Debekatua dago minda zuzenean lurrera botatzea upelaren ahotik, banatzeko gailurik gabe; hau da, abaniko edo mahukarik gabe.

4. Neurri osagarriak.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzearren, batez ere 4.2, 6.3 eta 6.4 artikuluetakoa, neurri osagarri hauek hartuko dira:

4.1. Ikerketa proiektuak.

Nitrogenoaren, lurzoruaren eta uraren arteko erlazioen ezagutza zientifiko-teknikoa hobetzeko ikerketa proiektuak landuko dira, baita nitrogenodun ongarriak lurzatietan behar bezala erabiltzeko aukera ematen dutenak ere, etekin ekonomikoa eta ingurumenaren babesa bateragarriak eginez.

4.2. Dibulgazioko jarduerak.

Nekazaritzako Praktika Egokien Kodeko edukiak eta jarduketa programako neurriak irakatsi, helarazi eta hedatzeko jarduerak eginen dira, eremu kutsaerrazetako abeltzainentzat eta nekazarientzat soilik. Horretarako, ohiko baliabideetara joko da: ikastaroak, mintegiak, sentsibilizazioko jardunaldiak, argitalpen teknikoak, informazioa Interneten, etab.

Orobat, astero, informazioa emanen da laboreak ureztatzeko beharrei buruz, programazio hobea izan dezaten.

Ahalegin berezia eginen da nekazariak prestatzen ureztaketa kudeatzeko eta instalazioak eta ekipoak hobetzeko, bai ureztalur berrietan, bai ohiko ureztaketa eraldatu eta hobetzeko eremuetan.

4.3. Nekazaritzako makineria erosteko sustapena, banaketa hobea izan dadin.

Eremu kutsaerrazetan, ongarria banatu eta zabaltzeko nekazaritzako makineria eros dadin bultzatuko da. Erraz erregulatzen dena beharko du izan, produktua lurzati osoan behar bezala banatu eta ingurunean kalte egiteko aukera gutxitzen duena.

4.4. Ureztalurretan esku-hartzea.

Ureztalur kutsaerrazetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak presioko ureztatze sistemak bakarrik bultzatuko ditu.

4.5. Ingurumena zaintzeko produkzio sistema bateragarriak bultzatzea: ekoizpen ekologikoa eta ekoizpen integratua.

Eremu kutsaerrazetan bereziki bultzatuko dira ingurumena errespetatzen duten produkzio sistemak; zehazkiago, ekoizpen ekologikoa eta ekoizpen integratua. Era berean, nekazariek sistema horietan parte har dezaten bultzatuko da nekazaritzako eta ingurumeneko programen bitartez. __ __ A0211423 __

Iragarkiaren kodea:

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web