(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

205/2004 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 17KOA, FAKTURAZIO BETEBEHARRAK ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 69 - 09/06/2004



  FAKTURAZIO BETEBEHARRAK ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA Nota de Vigencia

  ATARIKO TITULUA. ERAGIKETEN AGIRIAK EGIN BEHARRA

  I. TITULUA. Eragiketen agiriak egin beharra Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako

  I. KAPITULUA. FAKTURA EGIN BEHARRA NOIZ DAGOEN

  II. KAPITULUA. FAKTURA ETA ORDEZKO AGIRIETAN BETE BEHARREKOAK

  III. KAPITULUA. FAKTURAK EDO ORDEZKO AGIRIAK IGORTZEA

  IV. KAPITULUA. FAKTURAK ETA ORDEZKO AGIRIAK ETA BESTE AGIRI BATZUK GORDETZEA

  V. KAPITULUA. BESTELAKO XEDAPENAK

  II. TITULUA. AGIRIAK EGIN BEHARRA, BESTE TRIBUTU BATZUEN ONDORIOETARAKO


Atariko

Faktura merkataritzako eragiketa edo kontratuak egin edo burutu direla adierazteko agiria da, merkataritzako trafikoari loturiko egintza bat egin dela egiaztatzen duena. Fakturak ondasunen hornidura edo zerbitzu-emate bat justifikatzen du, baina ez du egiaztatzen prezioa ordaindu denik. Faktura merkataritzako agiri bat da funtsean, merkataritzako enpresen eremuan gertatzen diren eragiketak erregistratzen baititu.

Beste alde batetik, tributuak egoki eta zuzen kudeatuko badira, beharrezkoa da tributu arloko administrazioak informazio egokia izatea, batez ere enpresa eta lanbide jardueretan egiten diren trukaketa ekonomikoei buruz. Horregatik da hain beharrezkoa enpresaburu eta profesionalek egiten dituzten eragiketa guztien faktura egiteko ezarrita duten betebeharra zintzo betetzea, baina beren laneko ohiko jardunbidea galarazi gabe.

Hori helburu, martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretua onetsi zen, enpresaburuek eta profesionalek faktura egin eta emateko gaur egundainoko araubidea ezarri zuena.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 27. artikuluaren bigarren atalak ezartzen du subjektu pasiboek kasuan-kasuan ezartzen diren agiriak gorde behar dituztela. Agindu horren arabera, gastu, murrizketa edo kenkariak agiri bidez justifikatzeko, askotan faktura erabiltzen da. Fakturak zergaren preskripzioaldiak iraun bitarte gorde behar dira, merkataritzako arauek ezartzen dituzten betebeharrak deusetan galarazi gabe.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, faktura egin eta ematea bereziki garrantzitsua da, fakturek Zerga hori ezartzeko teknika egoki aplikatzea ahalbidetuko baitute, izan ere, haien bidez Zergaren zenbatekoa erasaten da. Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten fakturak edukitzea ezinbesteko baldintza da, gero batean, eragiketa jasotzen duenak jasanarazitako kuoten kenkaria egin ahal izateko, hala agintzen baita bai Batasuneko arauetan bai Espainiakoetan.

Hori guztia Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean jasota dago, zehazki, 109. artikuluko 1. zenbakian eta 110. artikuluan, besteak beste. Fakturak egiteko araubidean sartutako lege-aldaketen ondorioz erregelamenduzko aldaketa bat ere egin behar da, tributu arloko arauak Kontseiluaren abenduaren 20ko 2001/115/EK Zuzentarauan ezarritakoari egokitzeko. Zuzentarau horren bidez 77/388/EEE Zuzentaraua aldatu zen, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez fakturetan bete beharreko baldintzak sinplifikatu, modernizatu eta harmonizatzeko asmoz.

Arlo horretan egindako lege-aldaketarik nabarmenenak hauexek dira:

_"Balio bereko" eta "antzeko" agirien kontzeptuak kendu dira. Fakturak eta horien ordezko agiriak (tiketak) baizik ez da onartuko.

_Onartzen da, espresuki, faktura eragiketaren hartzaileak edo eragiketatik kanpoko hirugarren batek egitea, subjektu pasiboaren izenean eta haren kontura.

_Faktura bide elektronikotik egitea onartzen da espresuki, betiere eragiketaren hartzaileak baimentzen badu eta jatorrizkoaren autentikotasuna eta faktura oso-osorik iristen dela bermatzen bada.

_Igorritako eta jasotako faktura guztiak gordetzeko, baliabide elektronikoak erabil daitezke. Lan hori hirugarren batek egin dezake, subjektu pasiboaren kontura eta haren izenean.

Erregelamendu honek artikulu horiek garatzen ditu, egindako eskuordetza aplikatuz.

Dena dela, adierazi beharra dago faktura enpresaburuek edo profesionalek jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kuotetan kenkariak egiteko eskubidea erabiltzeko egiaztagiri gisa aurkeztu beharra, Zergari buruzko Foru Legearen 43. artikuluak xedatu bezala, froga tasaturako egiaztagiria izan beharrean, kenkariak egin ahal izateko Europako Batasuneko araudiak eta, horrenbestez, foru lege horrek ezarritako baldintza gisa hartu behar dela. Fakturaren bidez enpresaburuek edo profesionalek jasanarazitako kuoten arabera kenkariak eginen dituzte, hori baita agiri horren bidez egiaztatzen dena, deusetan galarazi gabe kenkariak egiteko Foru Legean ezarrita dauden gainerako baldintzak ere bete beharra.

Fakturazioaren arloko Europako Batasuneko araudia oso azalekoa izan da orain arte, izan ere, Batasuneko estatu kide guztiek fakturetan eskatu beharreko gutxieneko baldintza batzuk aipatu baino ez zuen egiten. Goian aipatu den abenduaren 20ko 2001/115/EB Zuzentarauak, 77/388/EEE Zuzentaraua aldatu zuenak, fakturazioaren inguruko zenbait alderdi arautu ditu Europako Batasun osorako, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez fakturak egiteko modua sinplifikatu eta harmonizatu baitu.

Zuzentarau horretan adierazten da zein kasutan den nahitaezkoa enpresaburu eta profesionalek eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren beste subjektu pasiboek faktura egitea, eta, horrekin batera, Batasuneko estatukideei aukera ematen zaie beste kasu batzuetan ere faktura egin beharra eskatzeko. Baimena ematen zaie, orobat, kasu horietan egiten diren agirien edukia sinplifikatzeko. Era berean, agintzen du Batasuneko kideak behartuta daudela bai eragiketen hartzaileek, bai hirugarrenek egindako fakturak onartzera.

Horrez gainera, Zuzentarauak, barne-merkatuaren funtzionamendu egokia bermatzeko, Batasun osoko fakturetan nahitaez agertu beharreko datuak ezartzen ditu eta, Batasuneko kide diren estatuek nork bere lurraldean egindako eragiketen fakturetan ordura arte eskatzen zituzten baldintzak harmonizatze aldera. Datu horiek Zuzentarauaren arabera nahitaez egin beharreko fakturetan adierazi beharko dira, nahiz eta Batasuneko kide diren estatuek ahalmena izanen duten, kasu jakin batzuetan, fakturetan agertu beharreko datu horiek sinplifikatzeko. Beste datu batzuk, ordea, nahitaez agertu behar dira.

Eragiketen agiriak nola aurkeztu estatu kidearen esku dagoenean, partikularrek egindako eragiketetan esate baterako, estatu kideek ahalmena dute eman beharreko agirietan agertu beharreko datuak ezartzeko; izan ere, agiri horiek ez dira egiten kenkaria egiteko eskubidearen egiaztagiri gisa erabiltzeko. Markoa hori delarik, fakturen ordezkagirietan, hots, tiketetan, agertu beharreko datuei dagokienez -horrelako kasuetan tiketak eman ohi dira-, Erregelamenduan ez dago aldaketarik.

Azkenik, Zuzentarauak fakturazio elektronikoari buruzko eta fakturen kontserbazio elektronikoari buruzko irizpide komun batzuk ezartzen dizkie estatu kide guztiei, teknologia berrien erabilera sustatzearren, bai fakturak egiteko prozesuan, bai gordetzeko prozesuan.

Bestalde, martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretua onetsi zenetik gaur egun arte eboluzio bat gertatu da enpresen jardunean, enpresaburu eta profesionalek faktura egin eta emateari dagokionez. Horrexegatik, kontuan harturik aurreko lerrokadetan aipatu den zuzentarau berriak ezarritakoa, beharrezkoa da fakturak egin eta emateko araubidea sakon aldatzea. Hortaz, maiatzaren 7ko 70/1998 Foru Agindua ere nabarmen aldatu beharko da, hots, fakturazio telematikoaren sistema aplikatzeko arauak ezarri zituena, sistema horri sinadura elektroniko aurreratu gisa erabiltzen diren elementuak eransteko. Sinadura elektronikoak sinatzailea identifikatzea eta berak sinatzen dituen agiri elektronikoak autentifikatzea ahalbidetzen duen ziurtapenean oinarritu behar du.

Nolanahi ere den, adierazi beharra dago fakturak, merkataritza egintza bat agertzen baitu, ezinbesteko balioa duela merkataritzaren eta fiskalitatearen arlorako. Hori dela eta, fakturen inguruko arauak prestatzean, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ikuspuntutik haratago joan behar da, eta gure zerga sistema osoa kontuan hartu, baina zerga haren berezitasunak ahaztu gabe. Horrela, fakturak egin beharra ikuspegi zabalago batean justifikatzen da.

Horregatik guztiagatik, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten da.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendu berria errazago ulertu eta bete dadin, kontuan harturik luzea eta konplexua dela, egoki ikusi da artikuluen aurkibide bat sartzea, Erregelamendu honetako aginduak laster aurkitu eta non dauden sistematikoki jakiteko.

Foru Dekretu honen edukia Nafarroako Kontseiluari igorri zitzaion, irizpena eman zezan, Nafarroako Gobernuak 2004ko martxoaren 22an hartutako Erabakiaren bidez.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko maiatzaren hamazazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat

DEKRETATU DUT:

Artikulu Bakarra

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onestea. Erregelamenduaren testua foru dekretu honen ondotik ageri da.

Xedapen Iragankorra Bakarra Nota de Vigencia

Foru dekretu honek indarra hartu bitarte aplikatuko den fakturazio araubidea, eta fakturak emateko eta gastu eta kenkariak justifikatzeko arauak onetsi zituen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuaren babesean emandako baimenen indarraldia.

1. Fakturak egiteko eta gastuak eta kenkariak justifikatzeko martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan ezarrita dagoen fakturazio araubidea indarrean izanen da foru dekretu honek indarra hartu arte. Era berean, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 53. artikuluan aipatzen diren liburuetan egiten diren idazpenak, hots, foru dekretu honek indarra hartu bitartean egiten diren eragiketei dagozkienak, indarrean sartu aurretik zegoen Erregelamendu hartan bildutako arauei jarraikiz egin beharko dira.

2. Espresuki indarrik gabe uzten ez diren bitartean, honako hauek indarrean segituko dute:

a) Martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuko 2.1 artikuluko d) letrarekin bat etorriz Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako baimenak, fakturarik ez luzatzekoak Nota de Vigencia.

b) Martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuaren 3. artikuluko 1. zenbakiko b) letran ezarritakoarekin bat Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ematen dituen baimenak, hain zuzen, hartzailearen datuak eman beharretik salbuestekoak.

c) Martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuaren 5. artikuluko 1. zenbakiko ñ) letran ezarritakoarekin bat Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ematen dituen baimenak, hain zuzen, ordezko agiriak erabiltzeko baimenak.

d) Martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuaren 9. artikuluko 2. zenbakiko bigarren lerrokadan ezarritakoarekin bat Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ematen dituen baimenak, hain zuzen, zuzendutako fakturak adierazi behar ez izateko baimenak, zuzenketa fakturei dagokien aldia adieraztea aski izanen baita.

3. Ondoko hauek 2004ko ekainaren 30era arte izanen dute indarra:

a) Martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuaren 3. artikuluko 1. zenbakiko c) letraren hirugarren lerrokadan ezarritakoarekin bat Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ematen dituen baimenak, hain zuzen, jasanarazitako zerga kuota adierazi beharrean, aplikatu den tributu-tasa edo, bestela, "BEZa barne" esaldia besterik ez adierazteko.

b) Martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuaren 11. artikuluko 2. zenbakian ezarritakoarekin bat Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ematen dituen baimenak, hain zuzen, faktura osoaren ordez beste agiri bat erabiltzekoak.

Aurreko hori deusetan galarazi gabe, horrelako baimenen bat hartzen duten enpresaburu edo profesionalek beste baimen batzuk ere eskatzen ahalko dituzte, foru dekretu honek onesten duen Erregelamenduan ezarrita dagoen bezala.

Xedapen Indargabetzailea Bakarra . Arauak indargabetzea.

1. Xedapen iragankorrean ezarritakoa deusetan galarazi gabe, indarrik gabe utzi da martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretua, fakturak egiteko eta gastu eta kenkariak justifikatzeko arauak eman zituena.

2. Indarrik gabe utzi dira, halaber, foru dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapenak.

Azken Xedapena Bakarra . Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogei egunera hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 17an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

FAKTURAZIO BETEBEHARRAK ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA Nota de Vigencia

ATARIKO TITULUA. ERAGIKETEN AGIRIAK EGIN BEHARRA

1. artikulua . Eragiketen egiaztagiriak egin, eman eta gorde beharra.

Enpresaburu edo profesionalek nork bere enpresa edo lanbide jardueran egiten dituzten eragiketen fakturak edo bestelako egiaztagiriak egin eta, kasua bada, eman beharra dute, eta horien kopia edo matrizea gorde ere. Era berean, beste enpresaburu edo profesionalek ematen dizkieten fakturak gorde beharko dituzte, hots, aipatu jarduera horietan hartzaile gisa agertzen diren eragiketei dagozkienak.

Horiez gainera, enpresaburu edo profesional izaera ez duten beste pertsona eta entitate batzuek ere burutzen dituzten eragiketen faktura edo egiaztagiriak egin eta gorde beharra izanen dute, erregelamendu honetan ezarrita dagoen moduan.

I. TITULUA. Eragiketen agiriak egin beharra Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako

I. KAPITULUA. FAKTURA EGIN BEHARRA NOIZ DAGOEN

2. artikulua . Faktura egin beharra.

1. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 109.1.3. artikuluaren arabera, enpresaburu eta profesionalak behartuak daude nork bere jardueran egiten dituen ondasun-emate eta zerbitzu-emateen faktura eta kopia egitera, zergapekoak ez diren emateei eta, zergapekoak izanik ere, salbuetsita daudenei dagozkienak barne, hori guztia erregelamendu honetan ezarrita dagoen moduan eta bertan agertzen diren salbuespenak aintzat hartuz, ez besterik. Eginbehar hori Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide berezien pean dauden enpresaburu eta profesionalek ere izanen dute.

Ondasun emate edo zerbitzu emateak egin aurretik jasotzen diren ordainketen faktura eta kopia egitea ere beharrezkoa izanen da, betiere aurreko lerrokadan adierazitakoaren arabera faktura egin beharra baldin badago, salbu eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera Zerga aplikatzetik salbuetsita dauden ondasun-emateen kasuan.

2. Nolanahi ere den, honako eragiketa hauetan nahitaezkoa izanen da faktura eta kopia egitea:

a) Hartzailea enpresaburu edo profesional bat denean eta eragiketan horrela jokatzen badu, edozein delarik eragiketa egiten duen enpresaburu edo profesionalaren tributu-araubidea. Hartzaileak, tributu arloko edozein eskubide erabiltzeko, faktura eskatzen duen guztietan ere egin beharko da.

b) Europako Batasuneko beste estatu kide batera bideratzen diren ondasun-emateak egiten direnean, hots, Zergari buruzko Foru Legearen 22. artikuluan aipatzen direnak.

c) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide komuna ezartzen duen Legearen 68. artikuluaren hirugarren eta bosgarren idatz-zatietan aipatzen diren ondasun-emateak egiten direnean, baldin eta, agindu horietan ezarritakoaren arabera, Zergaren aplikazio esparruaren barrenean egiten badira.

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 18. artikuluko 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren ondasun-emateak, hots, Europako Batasunetik kanpo bidaltzen edo garraiatzen direnak, salbu eta artikulu horretako 2.b) idatz-zatian aipatzen diren zergarik gabeko dendetan egiten direnak.

e) Eskura jarri aurretik instalatu edo muntatu behar diren ondasun-emateak, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide komuna ezartzen duen Legearen 68. artikuluko bigarren puntuko 2. idatz-zatian aipatzen direnak.

f) Hartzaileak enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez duten pertsona juridikoak direnean, zergaren aplikazio esparruaren barrenean ezarrita egon ala ez, edo hartzailea administrazio publiko bat denean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Zergari buruzko Foru Legearen 43.1.4 artikuluan aipatu kontabilitateko frogagiri izanen da eragiketaren kontabilitateko oharraren baleko euskarri den agiri oro, baldin eta egiten duena Erkidegoan egoitza ez duen enpresaburua edo profesionala bada Nota de Vigencia.

3. artikulua . Faktura eman beharraren salbuespenak Nota de Vigencia.

1. 2. artikuluko 2. idatz-zatian araututakoetan izan ezik, ez dago zertan fakturarik egin ondoko eragiketongatik:

a) Zergari buruzko Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren indarrez balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita dauden eragiketak. Hala ere, faktura luzatu beharko da aipatu artikuluaren 1. zenbakiko 1., 2., 3., 4., 5., 10., 11., 12., 26. eta 27. idatz-zatien arabera zerga hau ordaintzetik salbuetsita dauden eragiketetan.

b) Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia aplikagarri duten jardueretan ari direlarik, enpresaburu edo profesionalek egiten dituzten eragiketak.

Hala ere, faktura luzatu beharko da betiere, subjektu pasiboak salbuespenari uko eginda higiezin-emateak egiten direnean. Eragiketa horiek Zergari buruzko Foru Legearen 99.2 artikuluan aipatzen dira.

c) Zergaren araubide erraztua duten jardueretan ari direlarik, enpresaburu edo profesionalek egiten dituzten eragiketak, non eta sartu beharreko kuotak ez diren zehazten diru-sarreren kopuruari erreparatuta.

Hala ere, faktura luzatu beharko da betiere, Zergari buruzko Foru Legearen 68. artikuluaren 5. zenbakiko 3. idatz-zatian aipatzen diren aktibo finko materialen emateengatik eta aktibo finko ez-materialen eskualdatzeengatik.

d) Beste edozein eragiketa, baldin eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak fakturarik ez emateko baimena ematen badie enpresa-sektore, lanbide-sektore edo enpresa jakinei, enpresa edo lanbide jardueretan aritzeko eragozpenak saiheste aldera.

2. Halaber, enpresaburu edo profesionalek ez dute faktura luzatu beharrik izanen nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide bereziko jardueretan ari direlarik egiten dituzten eragiketengatik, ezertan galarazi gabe 14.1 artikuluan xedatutakoa.

Betiere, faktura luzatu beharko da Zergari buruzko Foru Legearen 74.1 artikuluko bigarren paragrafoan aipatu higiezin-emateengatik.

4. artikulua . Fakturen ordez erabil daitezkeen agiriak.

1. Ondotik adierazten diren eragiketetan, fakturaren ordez tiketa eta tiketaren kopia aurkezten ahalko dira, betiere 3.000 eurotik gorakoak ez badira, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne:

a) Txikizkako salmentak, are produktuen fabrikatzaileek edo elaboratzaileek beraiek egindakoak ere.

Horren ondorioetarako, ondasun higigarri korporalen edo azienda ondasunen emateak txikizkako salmentatzat hartuko dira, eragiketaren hartzaileak, enpresaburu edo profesional gisa ezik, produktuen azken kontsumitzaile gisara jokatzen badu. Produktuen ezaugarri objektiboak direla kausa (ontziratzea, aurkezpena edo kontserbazioa), nagusiki enpresa edo lanbide jardueretan erabiltzeko diren ondasunen salmentak ez dira txikizkako salmentatzat hartuko.

b) Anbulantziako zerbitzuak edo salmentak.

c) Kontsumitzaileen helbidera igortzen diren salmenta edo zerbitzuak.

d) Bidaiarien eta haien ekipajearen garraioa.

e) Jatetxeek, tabernek, katefegiek, hortxata eta txokolate saltokiek eta antzekoek ematen dituzten ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak, hala nola berehalakoan hartzekoak diren janari eta edarien hornidura zerbitzuak.

f) Dantzaleku eta diskotekek eskaintzen dituzten zerbitzuak.

g) Telefono zerbitzuak, hala erabilera publikoko telefono kabinen bidezkoak, nola erabiltzailea identifikatzeko aukera ematen ez duten txartelen bidezkoak.

h) Ile-apaindegiek eta edergintza institutuek ematen dituzten zerbitzuak.

i) Kirol instalazioen erabilera.

j) Argazkiak errebelatzea eta argazki-dendek eskaintzen dituzten zerbitzuak.

k) Ibilgailuendako aparkalekuak.

l) Filmen alokairua.

m) Ikuztegi eta tindategi zerbitzuak.

n) Ordainpeko autobideen erabilera.

ñ) Ekonomia eta Ogasun Departamentuak enpresa edo lanbide sektore jakin batzuei edo enpresa jakin batzuei baimentzen dizkien eragiketak, enpresa edo lanbide horren jardueran trabarik ez eragiteko.

2. Artikulu honetako aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, faktura luzatu beharra ezin izanen da tiketa emanez bete Erregelamendu honetako 2. artikuluko 2 eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren kasuetan Nota de Vigencia.

3. Erregelamendu honen ondorioetarako, tiket gisa hartuko da 1. idatz-zatian aipatzen diren kasuetan eman eta erregelamendu honetako 7. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituen edozein agiri. Horrelakoak fakturaren ordezko agiritzat hartuko dira. Agiri horiek, alabaina, ez dute faktura izaera izanen Zergari buruzko Foru Legearen 43.1. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, inolaz ere.

5. artikulua . Faktura edo horren ordezko agiria hartzaileak edo hirugarren batek egitea.

1. Erregelamendu honetako 2. artikuluak aipatzen duen betebeharra eragiketen hartzaileak berak edo hirugarren batek egiten ahalko du. Bi kasu horietan, faktura egin beharra duen enpresaburua, profesionala edo subjektu pasiboa izanen da titulu honetan ezartzen diren betebehar guztiak betetzearen arduraduna.

2. Erregelamendu honetako 2. artikuluak aipatzen duen betebeharra kasuan kasuko eragiketaren hartzaileak egin ahal izateko, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako eragiketa horien subjektu pasiboa izan gabe ere, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eragiketak egiten dituen enpresaburu edo profesionalaren eta hartzailearen arteko idatzizko hitzarmen bat sinatzea. Horren bidez, lehenbizikoak baimena emanen dio bigarrenari eragiketa horien fakturak edo ordezko agiriak egiteko. Hitzarmen hori eragiketak egin aitzin sinatu beharko da, eta bertan adierazi beharko da zein eragiketaren gainekoa izanen den.

b) Horrela egindako faktura edo ordezko agiri bakoitza eragiketa egin duen enpresaburu edo profesionalak onetsi beharko du.

c) Eragiketen faktura edo ordezko agiria hartzaileak eginez gero, kopia bat bidali beharko dio eragiketa egin zuen enpresaburu edo profesionalari, Erregelamendu honetako 9.1. artikuluan ezarritako epean.

Aurreko lerrokadan ezarritako betebeharra, hots, fakturaren edo ordezko agiriaren kopia bidali beharra, Erregelamendu honetako 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz egin daiteke.

Fakturen edo ordezko agirien kopiak 15 egunetan onartu beharko dira, eragiketak egin dituen enpresaburu edo profesionalak jasotzen dituenetik. Epe horretan espresuki ezesten diren kopiei dagozkien faktura edo ordezko agiriak egingabetzat joko dira.

d) Faktura edo ordezko agiriak kasuan kasuko eragiketak egin dituen enpresaburu edo profesionalaren izenean eta haren kontura eginen dira.

3. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek edo enpresaburu zein profesionalek faktura egiteko duten betebeharra betetzeko hirugarrenak kontrata ditzakete, fakturak edo ordezko agiriak egin ditzaten.

4. Eragiketen hartzaileak edo fakturak edo ordezko agiriak egin behar dituen hirugarrenak Europako Batasunean finkagunerik ez badu, faktura edo ordezko agiria eragiketen hartzaileak edo hirugarren batek egin ahal izateko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren aldez aurreko baimena beharko da, salbu eta finkagunea Kanariar Irletan, Zeutan edo Melillan baldin badu edo, elkarri laguntzeko, Europako Batasunarekin baliabide juridikoren bat sinatua duen herrialde batean, betiere haren aplikazio esparrua ondoren ematen diren arauetan agertzen denaren antzekoa bada: Kontseiluaren 1976ko maiatzaren 15eko 76/308/EEE Zuzentaraua, ordainarazpen, eskubide, zerga eta beste neurri jakin batzuei dagozkien kredituak kobratzeko laguntzari buruzkoa; Kontseiluaren 1977ko abenduaren 19ko 77/799/EEE Zuzentaraua, Batasuneko kide diren herrialdeetako agintari eskudunen arteko laguntzari buruzkoa, zuzeneko zergen arloan, kontsumo berezien gaineko zerga jakin batzuen arloan eta aseguruetako primen gaineko zergen arloan; eta Kontseiluaren 2003ko urriaren 7ko 1798/2003 (EB) Erregelamendua, Kontseiluaren 218/92 (EEE) Erregelamendua baliorik gabe utzi eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren arloan administrazioen arteko lankidetza arautzen duena.

II. KAPITULUA. FAKTURA ETA ORDEZKO AGIRIETAN BETE BEHARREKOAK

6. artikulua . Fakturaren edukia.

1. Fakturek eta fakturen kopiek ondotik aipatzen diren datuak eduki edo baldintzak bete behar dituzte beti. Gainera, baliteke beste datu eta baldintza batzuk ere beharrezkoak izatea beste ondorio batzuetarako, eta bestelako aipamenak sartu behar izatea:

a) Zenbakia eta, halakorik badago, seriea. Serie bereko fakturen zenbakiak korrelatiboak izanen dira.

Fakturak serieka luzatzen ahalko dira bidezko arrazoiak daudenean; adibidez, fakturak luzatu behar dituenak establezimendu batean baino gehiagotan egiten baditu bere eragiketak, edo mota desberdinetako eragiketak egiten baditu.

Honako faktura hauek, ordea, beti luzatu beharko dira serieka:

1. Eragiketetako hartzaileek edo hirugarrenek luzatzen dituztenak, 5. artikuluan aipatzen diren horiek alegia. Faktura-egileok faktura serie bana eginen dute.

2. Zuzenketa-fakturak.

3. Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamenduaren laugarren xedapen gehigarriari jarraituz egiten direnak.

b) Zein egunetan luzatu den.

c) Faktura luzatu behar duenaren eta eragiketetako hartzailearen izen-deiturak edo, sozietateak izanez gero, izen osoak.

d) Faktura luzatu behar duenak eragiketan erabili duen identifikazio fiskaleko zenbakia, Espainiako Administrazioak nahiz Europar Batasuneko beste estatu batek emana.

Honako kasu hauetan hartzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia ere jarri beharko da:

1. Europar Batasuneko beste estatu batera ondasun-emate salbuetsia egiten denean, Zergari buruzko Foru Legearen 22. artikuluari jarraikiz.

2. Eragiketako hartzailea eragiketarengatiko zergaren subjektu pasiboa denean.

3. Eragiketa zergaren aplikazio-lurraldean egin dela eta faktura egin behar duen enpresaburu edo profesionala lurralde horretan ezarrita dagoela uste izan behar denean.

e) Bai faktura egin behar duenaren bai eragiketetako hartzailearen helbidea.

Faktura luzatu behar duenak edo eragiketetako hartzaileak negozio toki finko bat baino gehiago izanez gero, eragiketak zein egoitza edo establezimendutan gauzatu diren adierazi beharko da, baldin eta datu hori kontuan hartu beharrekoa bada eragiketen tributazio araubidea zehazteko.

Eragiketetako hartzailea enpresaburu edo profesional gisa ez diharduen pertsona fisikoa denean, ez da beharrezkoa izanen haren helbidea jartzea.

f) Eragiketen deskribapena. Eragiketen zerga-oinarria zehazteko behar diren datu guztiak jarriko dira (Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluetan zerga-oinarriaz dagoen definizioari jarraituz), eta zenbatekoa ere bai, unitate bakoitzaren prezioa sartuta, zergarik gabe, baita unitate bakoitzaren prezioan sartuta ez dauden deskontu edo beherapen guztiak ere.

g) Eragiketei aplikatutako zerga-tasa edo zerga-tasak.

h) Jasanarazitako tributu-kuota, halakorik egonez gero, bereiz jarri behar da.

i) Dokumentatzen diren eragiketak zein egunetan egin diren jarri behar da, edo, aurretiaz ordaintzen den kasuetan, ordainketa aurreratua zein egunetan jaso den, non eta ez den jasotzen faktura luzatzen den egunean bertan Nota de Vigencia.

2. Fakturen kopietan, aurreko atalean adierazitako guztiaz gainera, kopiak direla ere adierazi beharko da.

3. Fakturan adierazten den eragiketa Zergatik salbuetsita badago edo Zergari lotua ez badago edo eragiketari dagokion Zergaren subjektu pasiboa hartzailea bada, fakturan Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Kontseiluaren maiatzaren 17ko 77/388/EEE Seigarren Zuzentarauak horren inguruan dioenaren aipamena egin beharko da edo Zergari buruzko Foru Legean antzeko aginduen aipamena, edo bestela, adierazi beharko du eragiketa hori zergatik salbuetsita dagoela edo zergari lotua ez dagoela, edo Zergaren subjektu pasiboa eragiketaren hartzailea dela. Idatz-zati honetan xedatutakoa aplikatuko da, orobat, faktura bakar batean eragiketa bat baino gehiago azaltzen badira eta adierazi diren egoerak horietako eragiketa bakar batzuetan baino ez badira gertatzen.

4. Ondoko kasu hauetan, fakturan azaltzen den eragiketa bakoitzari dagokion zerga-oinarria bereizita adierazi beharko da:

a) Fakturako eragiketa batzuk -ez denak-Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsiak badira edo Zergari lotuak ez badaude.

b) Fakturako eragiketa batzuetan Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboa hartzailea denean eta beste batzuetan ez.

c) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tasa ezberdina duten eragiketak agertzen direnean.

5. Zergari buruzko Foru Legearen 22. artikuluak aipatzen dituen garraiobide berriak ematen direnean, fakturan, 1. idatz-zatian adierazitako datu eta betebeharrez gainera, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, baita abian lehenbizikoz jarri deneko eguna ere eta entregatu arte ibili duen distantzia edo izan dituen nabigazio ordu edo hegaldiak.

6. Zergaren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan aipatzen diren Batasunaren barreneko erosketen ondoko entregak egiten dituzten enpresaburu edo profesionalek entrega horiei dagozkien fakturetan espresuki adierazi beharko dute hiruko edo kate erako eragiketak direla, Zergari buruzko Foru Legearen 23.3. artikuluan adierazitakoak. Halaber, Batasunaren barreneko erosketak eta ondoko entregak egitean, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako, erabilitako Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eman beharko dute eta entregaren hartzaileak, zerga horren ondorioetarako, eman duen Identifikazio Fiskaleko Zenbakia.

7. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak uste badu kasuan kasuko jarduera sektoreak merkataritza edo administrazio lanetan dituen usadioengatik edo fakturak egiteko baldintza teknikoengatik zaila dela artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren datu guztiak ematea, ahalmena izanen du idatz-zati horretan biltzen diren aipamen guztiak ez egiteko baimena emateko, interesatuak berak aurretik eskatuta, betiere fakturetan azaltzen diren eragiketak Zergaren aplikazio eremuaren barrenean egindako ondasun edo zerbitzu-emateak badira, Zergari buruzko Foru Legearen 22. artikuluaren arabera salbuetsiak dauden eragiketak izan ezik.

Faktura horietan, dena dela, honako datu hauek eman beharko dira:

a) Faktura egin zeneko eguna.

b) Faktura egin beharra duenaren izen-abizenak.

c) Emandako ondasun edo zerbitzuak nolakoak diren.

d) Tributu kuota, edo kuota hori kalkulatzeko datuak.

8. Artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez dutenek egindako eragiketen kasuan, fakturan ez da hartzailearen identifikazio-datuak eman beharrik izanen, baldin eta eragiketen kontraprestazioa 100 eurotik beherakoa bada, Balio Erantsiaren gaineko Zerga alde batera utzita. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ahalmena izanen du diru-muga hori enpresa edo lanbide sektore jakin batzuentzat edo enpresa jakin batzuentzat aldatzeko, enpresa edo lanbide horren jardueran trabarik ez eragiteko.

9. Zergari buruzko Foru Legearen 43.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, fakturatzat hartuko dira, bakar-bakarrik, artikulu honetako 1. idatz-zatitik 7.era azaltzen diren datu eta baldintza guztiak betetzen dituzten agiriak.

7. artikulua . Ordezko agirien edukia.

Beste ondorio batzuetarako datu edo eginbehar gehiago eskatzea eta datu osagarriak aurkeztu ahal izatea deusetan galarazi gabe, tiketetan eta horien kopietan ondoko datu hauek jaso beharko dira:

a) Zenbakia eta, kasua bada, seriea. Serie guztietan tiketen numerazioa korrelatiboa izanen da.

Tiketak serie bereizietan egiten ahalko dira, horretarako arrazoiak badaude; honako kasuotan, besteak beste:

1. Tiketak egitera behartua dagoenak eragiketak egiteko establezimendu bat baino gehiago baditu.

2. Tiketa egitera behartua dagoenak eragiketa mota bat baino gehiago egiten baditu.

3. Erregelamendu honetako 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, tiketak eragiketen hartzaileek edo hirugarrenek egiten dituztenean. Kasu horretan bakoitzarentzat serie berezitu bat beharko da.

4. Okerrak zuzentzeko direnak.

Enpresaburu edo profesionalak urte natural berean egindako eragiketak dokumentatzeko bai tiketak eta bai fakturak egiten dituenean, beharrezkoa izanen da batzuk eta besteak serie berezituetan egitea.

b) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia, hala nola agiri horiek egitera behartua dagoenaren izen-abizenak eta sozietatearen izen osoa.

c) Aplikatzen den zerga-tasa, edo "BEZa barne" dagoela adieraztea.

d) Kontraprestazio guztiak.

8. artikulua . Fakturak edo ordezko agiriak egiteko bideak.

Fakturak edo ordezko agiriak egiteko edozein bide erabil daiteke, paperean zein euskarri elektronikoan, ondoko baldintza hauek betetzen badira: zein egunetan egin den jartzeko tokia izatea eta Zergaren Erregelamenduaren 54. artikuluan araututako fakturen erregistro liburuan jasotzeko eta egoki gordetzeko modukoa izatea.

9. artikulua . Fakturak edo ordezko agiriak egiteko epeak.

1. Fakturak edo ordezko agiriak eragiketa egiten denean egin behar dira.

Hori hala izanik ere, eragiketaren hartzaileak enpresaburu edo profesional gisa jarduten badu, eragiketa egiten denetik hilabeteko epean egin beharko da.

Dena dela, faktura edo ordezko agiriak, eragiketak Zergaren zein likidazioalditan egin diren, hura bukatu eta hurrengo hilabeteko 16a baino lehen egin beharko dira.

2. Erregelamendu honen ondorioetarako, eragiketak noiz egin diren kalkulatzeko, kasuan kasuko eragiketei dagokien Zerga noiz sortu den, egun hori hartuko da aintzat.

10. artikulua . Fakturetan edo ordezko agirietan erabili beharreko moneta eta hizkuntza.

1. Fakturetan edo ordezko agiretan agertzen diren zenbatekoak edozein monetatan eman daitezke, baina aplikatzen den zergaren zenbatekoa eurotan adierazi beharko da. Horretarako, Zergari buruzko Foru Legearen 27.11 artikuluan aipatzen den kanbio-tasa erabiliko da.

2. Faktura edo ordezko agiriak edozein hizkuntzatan egin daitezke. Hala ere, Zerga Administrazioak, enpresaburuaren, profesionalaren edo subjektu pasiboaren tributu egoera ikuskatzeko beharrezkotzat jotzen badu, Zergaren aplikazio esparruan egindako eragiketei dagozkien fakturak hizkuntza ez-ofizial batean badaude, gaztelaniara edo Espainiako beste hizkuntza ofizial batera itzultzeko eskatzen ahalko du, baita lurralde horretan ezarritako enpresaburu, profesional edo subjektu pasiboek jasotako fakturen itzulpena ere.

11. artikulua . Faktura laburbiltzaileak Nota de Vigencia.

Faktura bakarrean biltzen ahalko dira hartzaile batentzat hainbat egunetan egindako eragiketak, denak hilabete natural berean egin badira.

Eragiketak zein hilabete naturaletan egiten diren, hilabete hori amaitu aurretik luzatu behar dira fakturak, hilaren azken egunean, luzeen jota. Hala ere, eragiketako hartzailea enpresaburu edo profesionala izan eta hala ari denean, egun horretatik hasita hilabeteko epean luzatu beharko dira.

Nolanahi ere, zergaren likidazioaldia amaitu eta hurrengo hilabeteko 16a baino lehen luzatu beharko dira likidazioaldi horretan egindako eragiketen fakturak.

12. artikulua . Faktura eta ordezko agirien kopia.

1. Enpresaburu, profesional edo subjektu pasiboek fakturaren edo ordezko agiriaren jatorrizko bat bakarra egin dezakete.

2. Fakturen edo ordezko agirien jatorrizkoen kopiak egitea honako kasu hauetan baino ez da onartuko:

a) Ondasun edo zerbitzu-emate berean hartzaile bat baino gehiago badaude. Kasu horretan jatorrizkoan eta kopia guztietan bakoitzari dagokion zerga-oinarria eta bakoitzari jasanarazitako kuota azaldu beharko dira.

b) Jatorrizkoa galtzen bada, edozergatik.

3. Artikulu honetan aurreko idatz-zatian aipatu diren kopiak jatorrizko agirien balio berekoak izanen dira.

4. Kopia guztietan "kopia" dela adierazi beharko da.

13. artikulua . Zuzenketafakturak edo ordezko zuzenketaagiriak Nota de Vigencia.

1. Zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria luzatu beharko da faktura edo ordezko agiri jatorrizkoak Erregelamendu honetako 6. edo 7. artikuluan ezarritako baldintzetako baten bat betetzen ez duen kasuetan.

2. Halaber, zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria luzatu beharko da jasanarazitako zerga kuotak gaizki kalkulatuta daudenean, edo Zergari buruzko Foru Legeko 28. artikuluan xedatutakoaren arabera zerga oinarria aldarazten duten inguruabarrak gertatzen direnean.

Alabaina, zerga oinarriaren aldaketa salgaien edo ontzi eta enbalajeen itzulketaren ondorioz egiten bada, hartzaile berari geroago egiten zaion beste hornidura batean, eta haiek eman ziren eragiketarengatik faktura edo ordezko agiria luzatu bazen, ez da beharrezkoa izanen zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria luzatzea; aldiz, hornidura horrengatik luzatzen den fakturan edo ordezko agirian egiten ahalko da zuzenketa, itzulitako salgaien edo ontzi eta enbalajeen zenbatekoa geroagoko eragiketa horren zenbatekoari kenduz. Zuzenketa modu horretan egiten ahalko da eragiketa guztiei zerga tasa bera aplikatu behar zaienean, emaitza positiboa nahiz negatiboa izan.

3. Aurreko idatz-zatietan esandakoaren arabera zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria egitera behartzen duten inguruabarrak gertatu direla jakin bezain laster, zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria luzatu behar duenak hala eginen du, salbu eta lau urte iragan badira Zerga sortu zenetik edo Zergari buruzko Foru Legeko 28. artikuluan aipatzen diren inguruabarrak gertatu zirenetik.

4. Faktura edo ordezko agiri berria luzatuz eginen da zuzenketa, eta bertan jarriko dira zuzendutako fakturan edo ordezko agirian dauden identifikazio-datuak. Hainbat faktura edo ordezko agiriren zuzenketa egiten ahalko da zuzenketa-agiri bakarrean. Betiere, zuzendutako faktura edo ordezko agiri guztiak identifikatu beharko dira. Hala ere, zerga oinarria aldarazten duen inguruabarra eragiketen kopuru handiagatik deskontuak edo hobariak ematea denean, hala nola Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena ematen duen gainerako kasuetan, ez da beharrezkoa izanen faktura edo ordezko agiri zuzenduak identifikatzea, aski izanen baita zein aldiri dagozkion zehaztea.

5. Zuzenketa-fakturek eta ordezko zuzenketa-agiriek hurrenez hurren Erregelamendu honetako 6. artikuluan eta 7. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Halaber, agiria zuzentzailea dela adieraziko da eta zuzenketa zergatik egin den azalduko da agirian bertan.

Zuzenketa-faktura luzatzen denean, Erregelamendu honetako 6. artikuluko 1. idatz-zatiko f), g) eta h) letretan aipatzen diren datuek egin den zuzenketa adieraziko dute. Bereziki, 6. artikuluko 1. idatz-zatiko f) eta h) letretan arautzen diren datuak zuzenketaren zenbatekoa zuzenean adierazten dutelarik jarri ahalko dira, zeinua gorabehera, edo bestela, zuzenketa egin ondoren geratzen diren moduan; kasu honetan ere zuzenketaren zenbatekoa adieraziko da.

Ordezko zuzenketa-agiria luzatzen denean, 7. artikuluko c) eta d) letretan aipatutako datuek egin den zuzenketa adieraziko dute, dela zuzenketaren zenbatekoa zuzenean adieraziz, dela zuzenketa egin ondoren geratzen diren moduan; azken kasu horretan ere zuzenketaren zenbatekoa adieraziko da.

Zuzenketa-agiria Zergaren jasanarazpenaren zuzenketaren ondorioz luzatzen bada eta horrek epez kanpoko aitorpen-likidazioa aurkeztera behartzen badu edo bidegabeko dirusarreren itzulketaren eskaera aurkeztuz gauzatzen ahal bada, zuzenketa-agirian adierazi beharko da eragiketak zein aitorpen-likidazio alditan egin ziren.

6. Bakar-bakarrik 1 eta 2. idatz-zatietan azaldutako arrazoiengatik luzatzen direnak hartuko dira zuzenketa-fakturatzat. Bereziki, lehenago luzatutako ordezko agirien ordez luzatzen diren fakturak ez dira zuzenketa-fakturatzat joko baldin eta behinola luzatu ziren ordezko agiriek Erregelamendu honetako 7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

14. artikulua . Zergaren araubide bereziko eragiketak dokumentatzeko beharraren ezaugarriak.

1. Zergari buruzko Foru Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide bereziaren pean dauden pertsonei ondasun edo zerbitzuak erosteagatik bidezko konpentsazioak egin behar dituzten enpresaburu edo profesionalek eragiketa horien ordainagiria egin beharko dute eta bertan honako datu edo betebeharrak jaso:

a) Seriea eta zenbakia. Serie guztietan ordainagirien numerazioa korrelatiboa izanen da.

b) Ordainagiria egin behar duenaren eta nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantzako ustiategiko titularraren izen-abizenak, sozietatearen izen osoa eta helbidea.

c) Entregatutako ondasunen edo emandako zerbitzuen azalpena, eta eragiketak non eta noiz egin ziren.

d) Ondasun eta zerbitzuen prezioa, Zergari buruzko Foru Legearen 75.5 artikuluaren arabera kalkulatua.

e) Aplikatu den konpentsazio-ehunekoa.

f) Konpentsazioaren zenbatekoa.

g) Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantzako ustiategiko titularraren sinadura.

Enpresaburu edo profesional horiek ordainagiriaren kopia eman beharko diote ondasun edo zerbitzuen hornitzaile izan den nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantzako ustiategiko titularrari.

Erregelamendu honetan fakturen gainean azaltzen diren gainerako xedapenak idatz-zati honetan araututako ordainagiriei ere aplikatuko zaizkie, bidezkoa denean.

2. Titulu honetan ezarritako gainerako eginbeharrak betetzea deusetan galarazi gabe, ondasun erabilien, arte-lanen, antzinako gauzen eta bilduma-gaien gaineko araubide berezia aplikatzen duten subjektu pasiboek, araubide berezi horren pean dauden eragiketei dagokienez, honako betebehar berariazko hauek ere bete beharko dituzte:

a) Enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez dutenei egindako erosketa bakoitza justifikatzeko agiria egitea. Erosketa agiri hori saltzaileak sinatu beharko du eta bertan erregelamendu honetako 6. artikuluko 1. idatz-zatian agertzen diren datu eta betebehar guztiak jaso beharko dira.

b) Araubide bereziaren pean dauden ondasunak berriz saltzen badira, subjektu pasibo saltzaileek egiten dituzten fakturetan horren berri eman beharko dute. Era berean, Europako Batasuneko beste estatu kide batzuetara bidaltzekoak diren araubide bereziko ondasunen entregen fakturetan adierazi beharko da eragiketa horiengatik 77/388/EEE Zuzentarauaren 26.bis artikuluan adierazitako araubide bereziaren araberako zerga ordaindu dela, eta artikulu hori espresuki aipatu beharko dute.

c) Araubide bereziaren menpean dauden ondasunak jaso eta berriz saltzen dituzten subjektu pasiboek egiten dituzten fakturetan ezin izanen da bereiz adierazi jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kuota. Kuota hori, gainera, eragiketaren guztirako prezioaren barrenean sartu beharko da.

3. Bidai agentzien araubide berezia aplikatu behar den eragiketetan, subjektu pasiboek egiten dituzten fakturetan ez dute jasanarazitako kuota bereiz adierazi beharko. Zergaren kuota, kasua bada, eragiketaren barrenean dagoela ulertuko da. Dena dela, eragiketa horien hartzaileak enpresaburu edo profesionalak badira, gisa horretan jarduten dutenak, eta Zergaren aplikazio esparruaren barrenean oso-osorik egindako zerbitzu-emate edo ondasun-emateak badira, interesatuak eskatuz gero, fakturan honako kopuru hau adierazten ahalko da "prezioan sartu diren BEZaren kuotak" izeneko atalean: eragiketaren prezio osoa bider sei eta hortik ateratzen dena zati 100.

Nolanahi ere, araubide berezi hori aplikatzen zaien eragiketen fakturetan inguruabar hori aipatu beharko da, adieraziz eragiketa horiek bidai agentzien araubide bereziaren pean edo 77/388/EEE Zuzentarauaren 26.bis artikuluan adierazitako araubide bereziaren pean daudela.

4. Enpresaburu edo profesionalek ondasunak ematean baliokidetasun errekargua jasanarazi behar duten kasuetan, ondasun-ematearen faktura bereiz luzatu beharko dute beti, eta fakturan jarri beharko dituzte aplikatutako errekargu-tasa eta errekarguaren zenbatekoa.

Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia duten txikizkako merkatariek, aldi berean enpresa edo lanbide jardueren beste sektoreren batean badihardute, salgaien erosketak faktura desberdinetan dokumentatuko dituzte, aipatu araubidea duten jardueretarako erositako salgaiak eta gainerako jardueretarako erositakoak bereizteko Nota de Vigencia.

III. KAPITULUA. FAKTURAK EDO ORDEZKO AGIRIAK IGORTZEA

15. artikulua . Fakturak edo ordezko agiriak igorri beharra Nota de Vigencia.

I. tituluko II. kapituluan xedatutakoaren arabera eragiketen fakturak edo ordezko agiriak luzatzen direnean, luzatu beharra dutenek edo haien izenean dihardutenek jatorrizkoak bidali beharko dizkiete eragiketetako hartzaileei.

16. artikulua . Fakturak edo ordezko agiriak igortzeko epeak.

Fakturak edo ordezko agiriak igortzeko eginbeharra, Erregelamendu honetako 15. artikuluan ezarrita baitago, faktura egitearekin batera bete beharko da edo, hartzaileak enpresaburu edo profesional gisa jarduten badu, faktura egin eta hilabeteko epean.

17. artikulua . Fakturak edo ordezko agiriak igortzeko moduak.

Fakturak edo ordezko agiriak igortzeko eginbeharra betetzeko edozein baliabide erabil daiteke, baita bide elektronikoak ere, betiere hartzaileak horretarako baimena berariaz eman baldin badu eta igortzeko erabiltzen diren baliabide elektronikoek bermatzen baldin badute jatorriaren autentikotasuna eta edukia oso-osorik iritsiko dela.

Horren ondorioetarako, baliabide elektronikoen bidezko igorketatzat hartuko da datuak bildu eta tratatzeko ekipo elektronikoen bitartez, zenbakien konpresioa barne, hartzaileari zerbait bidaltzea edo haren eskura uztea. Horretarako telefonoa, irratia, bide optikoak edo beste baliabide magnetiko batzuk erabil daitezke.

18. artikulua . Fakturak edo ordezko agiriak baliabide elektronikoen bidez igortzea.

1. Erregelamendu honetako 17. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, baliabide elektronikoen bidez igortzen diren fakturen edo ordezko agirien autentikotasuna bermatzeko eta edukia oso-osorik iritsi dela bermatzeko, baliabide hauek erabil daitezke:

a) Sinadura elektroniko aurreratua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko abenduaren 13ko 1999/93/EB Zuzentarauaren 2.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, horren bidez ezarri baitzen sinadura elektronikorako marko bat Europako Batasunean. Sinadura ziurtapen aitortu batean oinarritua izanen da eta, hura sortzeko, sinadurak sortzeko baliabide seguru bat erabili beharko da, aipatu Zuzentarauaren 2. artikuluko 6. eta 10. idatz-zatietan xedatutakoari jarraikiz.

b) Datuen trukaketa elektronikoa (EDI), Batzordearen 1994ko urriaren 19ko 1994/820/EB Aholkuaren 2. artikuluan adierazten den bezala -aholku hori datuen trukaketa elektronikoaren alderdi juridikoei buruzkoa da-, betiere trukaketa egiteko hitzarmenean jatorriaren autentikotasuna eta datuak oso-osorik iritsiko direla bematzeko prozedurak erabiltzea aurreikusten bada.

c) Hori helburu, interesatuek berek proposatzen dituzten beste baliabide batzuk, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimenduz gero. Horretarako, aipatu departamentuari baimena eskatu beharko diote, igortzen diren fakturen edo ordezko agirien jatorriaren autentikotasuna eta horietan biltzen den edukia oso-osorik iritsiko dela bermatzeko erabiliko diren baliabideak aipatuz.

2. Hartzaile berari faktura bat baino gehiago bidaltzen baldin bazaizkio batera bide elektronikoen bitartez, bidezkoa izanen da faktura batean baino gehiagotan berdinak diren datuak bakar batean agertzea, betiere faktura horietatik abiatuta informazio guztira iristeko modua baldin badago.

3. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak kapitulu honetan ezarritakoa garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emanen ditu.

IV. KAPITULUA. FAKTURAK ETA ORDEZKO AGIRIAK ETA BESTE AGIRI BATZUK GORDETZEA

19. artikulua . Fakturak eta ordezko agiriak eta beste agiri batzuk gorde beharra.

1. Enpresaburu edo profesionalek Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritako epean gorde beharko dituzte honako agiri hauek:

a) Jasotako fakturak eta ordezko agiriak.

b) 2. artikuluaren 1 eta 2. idatz-zatiei jarraituz luzatutako fakturen kopiak edo matrizeak, eta luzatutako ordezko agirien kopiak.

c) Zergari buruzko Foru Legearen 43.1.4 artikuluan aipatu kontabilitateko frogagiriak.

d) 14. artikuluaren 1. idatz-zatian aipatu ordainagiriak; luzatzaileak jatorrizkoa gordeko du eta ustiategiko titularrak kopia gordeko du.

e) Inportazioaren gaineko zerga ordaindu izanaren agiriak.

Betebehar hori izanen dute, halaber, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide bereziei atxikitako enpresaburu edo profesionalek, baita enpresaburu edo profesional izan gabe zergaren subjektu pasibo direnek ere, nahiz eta azken horien betebeharra goiko c) letran aipatzen diren agiriei bakarrik dagokien Nota de Vigencia.

2. Agiriak jatorrizko edukia aldatu gabe gorde behar dira, ordenatuak, eta Erregelamendu honetan ezarritako epeak eta baldintzak errespetatuz.

3. Aurreko idatz-zatian aipatutako eginbeharrak hirugarren batek egin ditzake, enpresaburu edo profesionalaren edo subjektu pasiboaren izenean eta haren kontura arituz. Kasu horretan, hirugarren hori izanen da Kapitulu honetan ezartzen diren eginbehar guztiak betetzearen arduraduna.

4. Hirugarren hori Europako Batasunean ezarrita ez badago, adierazitako betebeharrak hirugarren pertsona baten bitartez egin ahal izateko, beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren aldez aurreko baimena izatea, salbu eta Kanariar Irletan, Zeutan edo Melillan ezarrita badago edo, elkarri laguntzeko, Europako Batasunarekin baliabide juridikoren bat sinatua duen herrialde batean, betiere haren aplikazio esparrua ondoren ematen diren arauetan agertzen denaren antzekoa bada: Kontseiluaren 1976ko maiatzaren 15eko 76/308/EEE Zuzentaraua, ordainarazpen, eskubide, zerga eta beste neurri jakin batzuei dagozkien kredituak kobratzeko laguntzari buruzkoa; Kontseiluaren 1977ko abenduaren 19ko 77/799/EEE Zuzentaraua, Batasuneko kide diren herrialdeetako agintari eskudunen arteko laguntzari buruzkoa, zuzeneko zergen arloan, kontsumo berezien gaineko zerga jakin batzuen arloan eta aseguruetako primen gaineko zergen arloan; eta Kontseiluaren 2003ko urriaren 7ko (EB) 1798/2003 Erregelamendua, Kontseiluaren 218/92 (EEE) Erregelamendua baliorik gabe utzi eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren arloan administrazioen arteko lankidetza arautzen duena.

20. artikulua . Fakturak edo ordezko agiriak gordetzeko moduak.

1. Erregelamendu honetako 19. artikuluan aipatutako agiriak gordetzeko, zerga administrazioak, behar bezala justifikatutako atzerapen kasuetan izan ezik, datuak berandu gabe aztertzeko moduko sistemaren bat erabiliko da.

2. Betebehar hori betetzeko, baliabide elektronikoak erabiltzeko baimena ematen da berariaz. Horren ondorioetarako, baliabide elektronikoak erabili direla ulertuko da, agiriak gordetzeko, datuen tratamendurako -zenbakien konpresioa barne-eta bilketarako ekipo elektronikoak erabiltzen direnean, dela baliabide optikoen bidezkoak, dela beste baliabide elektromagnetiko batzuen bidezkoak.

21. artikulua . Faktura edo ordezko agiriak baliabide elektronikoetan gordetzea.

1. Agiriak gordetzeko baliabide elektronikoak erabiliz gero, 20. artikuluan aipatu bezala, agiriok bidali edo igorri diren jatorrizko formato berean irakurtzeko moduan gordeko dira. Erantsitako datuak eta jatorriaren autentikotasuna eta agirien edukia oso-osorik iritsi dela bermatzeko erabiltzen diren baliabide baimenduak ere (sinadura egiaztatzekoak nahiz besteren bat) irakurtzeko modukoak izanen dira, horrelakorik baldin badago.

Zerga administrazioak noiznahi eskatzen ahal dio agirien egile edo hartzaileari agiriak hizkuntza irakurgarri batera alda ditzala.

2. Baliabide elektronikoetan gordetzen diren agiriak kudeatu eta gordetzeko, datuak on-line oso-osorik aztertzeko moduko baliabideak erabiliko dira, datuak urrunetik kargatzea eta, zerga administrazioak eskatuz gero, justifikatutako kasuetan izan ezik, atzerapenik gabe erabiltzea bermatzen dutenak.

Datuak oso-osorik aztertzeko bidea dagoela ulertuko da haiek ikusi, sailka bilatu, on-line kopiatu edo deskargatu eta inprimatzeko aukera dagoenean.

3. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak kapitulu honetan ezarritakoa garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emanen ditu.

22. artikulua . Fakturak edo ordezko agiriak non gorde behar diren.

1. Kapitulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, fakturak edo ordezko agiriak gordetzera behartuta dagoen enpresaburuak edo profesionalak edo subjektu pasiboak berak aukeratzen ahalko du beharkizun hori betetzeko tokia, betiere haren zerga-egoera egiaztatzen jarduten duen zerga administrazioaren organoaren eskura jartzen badu, berandu gabe, gordeta duen dokumentazio eta informazio guztia, justifikatutako kasuetan izan ezik.

2. Agiriak Espainiatik kanpora gordetzen badira, ontzat hartuko da, bakar-bakarrik, zerga administrazioak gordeta dagoen dokumentazioa eta informazioa on-line aztertu, urrutitik kargatu eta erabiltzea bermatzen duten baliabide elektronikoak erabiltzen badira.

Enpresaburuek, profesionalek edo subjektu pasiboek agiriak aipatu lurraldetik kanpora gorde nahi izanez gero, aurretik Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinarazi beharko diote.

23. artikulua . Faktura eta ordezko agiriak zerga administrazioaren eskura jartzea.

Erregelamendu honen 19. artikuluan ezarritakoa betetzeko baliabide elektronikoak erabiltzen badira, enpresaburuaren, profesionalaren edo subjektu pasiboaren zerga egoera egiaztatzen ari den zerga administrazioaren organo guztiei ahalbidetu behar zaie gordeta dauden agiri guztiak on-line aztertzea, hala nola datuak urrutitik kargatu eta erabili ahal izatea. Beharkizun hori nahitaez bete behar da, agiriak non gordetzen diren gorabehera.

V. KAPITULUA. BESTELAKO XEDAPENAK

24. artikulua . Fakturazio arloko auzien konponketa.

Erregelamendu honetan aipatzen diren faktura, ordezko agiri eta gainerako agiriak egin, zuzendu edo bidaltzearen inguruan sortzen diren auzi guztiak zerga arlokoak izanen dira, dagokion erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzearen ondorioetarako, betiere zerga arloko egintzen edo zuzenbideko aferen ondoriozkoak badira. Auzi horiek abuztuaren 19ko 188/2002 Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera bideratuko dira, foru dekretu horren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

II. TITULUA. AGIRIAK EGIN BEHARRA, BESTE TRIBUTU BATZUEN ONDORIOETARAKO

25. artikulua . I. Titutuko xedapenen aplikazioa.

Erregelamendu honetako I. Tituluan biltzen diren xedapenak beste edozein tributuren ondorioetarako ere aplikatuko dira, kasuko arautegiak eta erregelamendu honetako 26. artikuluak ezartzen dutena deusetan galarazi gabe.

26. artikulua . Eragiketen agiriak egin beharraren arau berezi batzuk, Pertsona Fisikoen gaineko Zergaren ondorioetarako.

1. Enpresa edo lanbide jardueren ondorioz etekinak lortzen dituzten Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek beren jardueretan egiten dituzten eragiketen fakturak eta kopiak egin beharko dituzte, erregelamendu honetan ezarrita dagoen bezala, baldin eta etekin horiek kalkulatzeko zuzeneko zenbatespenaren araubidea erabiltzen badute, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako zein araubideren menpe dauden gorabehera.

Faktura eta kopia egin beharko dute, halaber, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zenbatespen objektiboaren araubidearen menpe dauden subjektu pasiboek, etekin gordina diru-sarreren bolumenaren arabera kalkulatzen badute.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritako betebeharrak egintzat hartuko dira eragiketaren hartzaileak Balio Erantsiaren gaineko Zergan nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide bereziaren pean dauden jardueretan egindako eragiketen ordainagiria luzatzearekin, erregelamendu honetako 14.1 artikuluan adierazitako ordainagiria alegia.

Xedapen Gehigarriak Lehena . Fakturazio beharrak, beste eremu batzuetan.

Erregelamendu honetan xedatutakoa ez da oztopo izanen enpresaburu eta profesionalek, merkataritza arloko arauetan, nork bere lanbide jardueraren araubidean edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsaren ondorioetarako, faktura egin eta eman beharraz ezarriak dauden gainerako beharkizun guztiak betetzeko.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena . Argindarra emateko zerbitzuen fakturazioa Nota de Vigencia.

Argindarra ekoizteko merkatuari lotuta egiten diren argindar-hornidurak, Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 32., 33. eta 34. artikuluetan eta argindarra ekoizteko merkatua antolatu eta arautzen duen abenduaren 26ko 2019/1997 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren horiek, eguneroko ekoizpen-merkatuko operatzaileak eta sistemako operatzaileak dokumentatu beharko dituzte, 54/1997 Legeak ezartzen dizkien eginkizunak betez; horretarako operatzaileok fakturak emanen dituzte argindarraren horniduran diharduten entitateen izenean eta haien kontura, edo bestela, beraiek gaitutako beste norbaitek emanen ditu. Erregelamendu honen 6.1 artikuluan adierazitako datu guztiak sartu beharko dituzte fakturetan, eragiketako hartzailearen ingurukoak izan ezik, horien partez eguneroko ekoizpen-merkatuko operatzailearen edo sistemako operatzailearen identifikazio datuak sartuko baitira. Operatzaile horrek jatorrizko faktura gorde eta kopia hornitzaileari bidaliko dio.

Era berean, bai eguneroko ekoizpen-merkatuko operatzaileak eta bai sistemako operatzaileak argindar-erosle bakoitzari egindako horniduraren faktura egin beharko dute. Faktura horretan erregelamendu honetako 6.1 artikuluan aipatzen diren datu guztiak jasoko dira, egilearen identifikazio datuak izan ezik, horien partez eguneroko ekoizpen-merkatuko operatzailearenak edo sistemako operatzailearenak jarriko baitira. Operatzaileek fakturen kopia gorde eta jatorrizkoa hartzaileari igorriko diote.

Aurreko bi lerrokadetan adierazitako agiri horiek, bai eguneroko ekoizpen-merkatuko operatzaileak eta bai sistemako operatzaileak gorde beharrekoak baitira, faktura izaera izanen dute erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera, eta zerga administrazioaren eskura izanen dira preskripzio epeak iraun bitartean, faktura horietan agertzen diren horniduren gainean egiaztapenak egin ahal izateko.

Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean, eguneroko ekoizpen-merkatuko operatzaileak eta sistemakoak adierazi beharko dituzte, uztailaren 1eko 265/1996 Foru Dekretuan ezarritako moduan, argindarraren hornitzaileek eta horren erosleek egin dituzten eragiketak, hau da, aurreko lerrokadetan azaldutakoaren arabera dokumentatu direnak. Hornitzaile eta erosle bakoitzak aitorpenaren aldi horretan egindako eragiketa guztien zenbatekoa adierazi beharko du. Erosketetan, hornitzaile bakoitzari egotzitako argindar-entregak azalduko dira eta salmentetan, berriz, erosle bakoitzari egotzitako argindar-erosketak.

Dena dela, xedapen gehigarri honetan aipatzen diren eragiketei dagokienez, eguneroko ekoizpen-merkatuko operatzaileak eta sistemako operatzaileak zerga administrazioari lagundu beharko diote, eragiketa horiek zerga arloan zuzen tratatzeko garrantzizkoak diren datuak, txostenak edo aurrekariak helaraziz.

Fakturatzen den aldiari dagozkion kobrantza eskubide eta ordaintzeko betebehar guztiak aldi osorako argindar-entrega bakar bati lotutzat joko dira.

Bai eguneroko ekoizpen-merkatuko operatzaileak bai sistemako operatzaileak hirugarren pertsona bat gaitu ahal izanen dute entitate hornitzaileen eta entitate erosleen artean bitarteko gisa jardun dezan. Horrela, ondorio guztietarako uste izanen da entitate hornitzaileek hirugarren pertsona horri saltzen dizkiotela argindar-entregak eta entitate erosleek ere berari erosten dizkiotela. Halakoetan, eragiketako hartzailearen eta fakturaren egilearen identifikazio datuen ordez, bitartekari gisa gaitutako hirugarren pertsona horren datuak jarriko dira, eta bitartekari gisa jarduteko gaitu duen operatzaileari xedapen gehigarri honetan fakturazioaren inguruan ezarritako betebeharrak bere gain hartuko ditu hirugarren pertsona horrek.

Xedapen Gehigarriak Hirugarrena. Zerbitzuemate jakin batzuen fakturazioa, hots, besteren izenean eta besteren kontura, bitarteko gisa aritzen diren bidai agentziek esku hartzen duten horiena.

1. Ondoko kasuetan eskaintzen diren zerbitzu-emateak dokumentatzeko fakturak xedapen honetan ezarritakoaren arabera eginen dira:

a) Zerbitzu-ematearen kontratazioan, bitarteko gisa, kasuko sektorearen arauen arabera bidai agentzien izaera duten enpresaburu edo profesionalek esku hartzen dutenean, besteren izenean eta besteren kontura.

b) Zerbitzu horien hartzailea enpresaburu edo profesional bat, edo izaera hori ez duen pertsona juridiko bat izatea, bidai agentziari zerbitzu horien faktura egitea eskatzen dionean.

c) Bidaiariak eta haien ekipajeak airez garraiatzeko zerbitzuak direnean, baldin eta bidai agentziaren esku-hartzea International Air Transport Asociation ( "Billing and Settlement Plan" sistema, BSP-IATA) delakoak kudeatzen duen likidaziorako eta erreserbetarako sistema elektronikoaren bidezkoa bada.

2. Faktura horietan ondotik ematen diren datu edo betebeharrak jaso beharko dira, beste aipamen batzuk ere egin badaitezke ere:

a) Bidai agentziak xedapen honetan ezarritakoaren arabera egindako faktura bat dela azaltzen duen berariazko adierazpena.

b) Erregelamendu honetako 6. artikuluan aipatzen diren datuak eta betebeharrak. Dena dela, faktura egin beharra duenari buruzko datuak ematean, hau da, artikulu horretako 1. idatz-zatiko 3., 4. eta 5. zenbakietan eskatzen direnak, bidai agentziaren datuak adierazi beharko dira, ez bitarteko gisa zerbitzua eskaintzen duen enpresaburu edo profesionalarenak.

Horrez gainera, fakturetan agertzen diren garraio zerbitzu guztien txartel guzti-guztiak zalantzarik gabe identifikatzeko moduko erreferentzia adieraziko da. Faktura horiek serie bereizietan egin beharko dira.

3. Bidaiariak eta haien ekipajeak garraiatzeko besteren kontura eta besteren izenean egiten dituen bitarteko zerbitzuak ere, hau da, bidai agentziak garraio zerbitzu horien hartzaileari ematen dizkionak, xedapen gehigarri honetan aipatzen diren fakturen bidez dokumentatzen ahalko ditu bidai agentziak. Kasu horretan, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera fakturetan agertu beharreko bitarteko zerbitzuaren datuak ongi bereizirik adierazi beharko dira.

4. Bidai agentziek faktura berean dokumentatzen ahalko dituzte enpresaburu edo profesional desberdinek hartzaile berari hilabete bateko epean emandako zerbitzu guztiak.

5. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, xedapen gehigarri honen arabera egiten diren fakturei erregelamendu honetako gainerako aurreikuspenak ere aplikatuko zaizkio.

6. Horrelako fakturak egiten dituzten bidai agentziek dagokion idazpena egin beharko dute Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 54. artikuluan aipatutako Egindako Fakturen Erregistro Liburuan. Idazpen horiek egitean, bereizirik eman beharko dira xedapen honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren eragiketen zenbatekoak, 3. idatz-zatian aipatzen diren eragiketen zenbatekoak eta bestelako faktura edo agirietan biltzen diren eragiketei dagozkien zenbatekoak.

7. Horrelako fakturak egiten dituzten bidai agentziek ondoko informazio hau eman beharko dute uztailaren 1eko 265/1996 Foru Dekretuan arautzen den aitorpenean, hots, hirugarren pertsonekin egiten diren eragiketen urteko aitorpenean:

a) Salmenten atalean, faktura horien bidez dokumentatzen diren zerbitzuen inguruko informazioa, ongi bereizirik.

b) Erosketen atalean, bidaiariak eta haien ekipajeak airez garraiatzeko zerbitzu-emateei dagokien informazioa, xedapen honetan aipatutakoa, ongi bereizirik.

8. Xedapen gehigarri honetan xedatutakoaren araberako fakturak egiten dituzten bidai agentziek zerga administrazioari laguntza eskaini beharko diote, fakturetan dokumentatzen diren zerbitzu-emate horiei dagokienez zerga arloan garrantzizkoak diren datu edo aurrekarien berri emanez.

Xedapen Gehigarriak Laugarrena . Finantza eragiketa batzuen justifikazioa.

1. Ondasun higigarrien erosketak justifikatzeko, esku hartzen duen fede-emaile publikoak emandako agiri publikoa edo finantza entitateak edo, kasua bada, inbertsio zerbitzuen enpresak emandako agiria erabil daiteke. Agiri horietan eragiketaren datua guztiak jaso beharko dira.

Etekin inplizitua duten finantza-aktiboak edo, etekin esplizitua izan arren, eskualdatu, amortizatu edo diru-itzulketa eginez gero atxikipena egin beharra dutenak erosiz gero, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko 36. artikuluan (urriaren 13ko 282/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 75. artikuluan (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsia) xedatutakoari jarraikiz justifikatuko dira.

2. Kreditu entitateek egindako eragiketen gastu eta kenkariak entitateak berak egindako agiri, laburpen edo oharraren bidez justifikatu daitezke. Idazki horretan fakturan agertu beharreko datuak agertuko dira, zenbakia eta seriea izan ezik.

Xedapen Gehigarriak Bosgarrena. Fakturak luzatzeko eta gastu eta kenkariak justifikatzeko arauak ematen dituen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuaren aipamenak.

Beste xedapen batzuetan fakturak luzatzeko eta gastu eta kenkariak justifikatzeko arauak ematen dituen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuari buruz egiten diren aipamen guztiak erregelamendu honen aipamentzat hartuko dira.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Energiaren Batzorde Nazionalak araubide bereziko energia elektrikoaren banatzaileen eta ekoizleen edo haien ordezkarien izenean eta haien kontura faktura egitea Nota de Vigencia.

1. Energia elektrikoa araubide berezian ekoizteko jarduera arautzeko maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 30. artikuluak elektrizitatea araubide berezian ekoizten dutenen prima baliokide, prima, pizgarri eta osagarriei dagokienez Energiaren Batzorde Nazionalari esleitzen dion likidazio eta ordainketa eginkizuna, Batzorde horrek energia elektrikoaren entitate ekoizleen edo haien ordezkarien izenean eta haien kontura egindako fakturen bitartez dokumentatuko da.

Halaber, Energiaren Batzorde Nazionalak fakturak egin beharko ditu energia elektrikoaren banatzaileen izenean eta haien kontura, Batzorde horrek berak maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 30. artikuluan eta apirilaren 3ko 485/2009 Errege Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren prima baliokide, prima, pizgarri eta osagarriengatik egiten dituen sarrera errekerimenduekin bat etorriz, baldin eta banatzaile horiek ondasun horren kontsumitzaileei kobratu badizkiete.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren fakturetan erregelamendu honen 6.1 artikuluan zerrendatu diren datu guztiak agerrarazi beharko dira, ekoizleen edo haien ordezkarien kontura egindako fakturetako hartzailearen identifikazio-datuak eta banatzaileen kontura egindako fakturetako egilearen identifikazio datuak bazter utzita. Bi kasu horietan, datu horien ordez Energiaren Batzorde Nazionalaren identifikazio-datuak jarriko dira.

Energiaren Batzorde Nazionalak egindako fakturen jatorrizko agiria gorde beharko du eta faktura horien kopia bana banatzaileari eta ekoizleari -edo bidezko bada, haien ordezkariei- bidali.

Energiaren Batzorde Nazionalak gorde behar dituen mota horretako fakturak Zerga Administrazioaren eskura izanen dira preskripzio epeak iraun bitartean, faktura horietan agertzen diren horniduren gainean behar diren egiaztapenak egin ahal izateko.

3. Energiaren Batzorde Nazionalak, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean, energia elektrikoaren ekoizleek, haien ordezkariek eta banatzaileek egiten dituzten eragiketak (xedapen gehigarri honetan ezarrita dagoenaren arabera dokumentatu direnak) zerrendatu beharko ditu. Ekoizle edo ordezkari bakoitzari eta banatzaile bakoitzari buruz aitorpenari dagokion aldian egindako eragiketen zenbateko osoa adierazi beharko da, eta ekoizle edo ordezkari bakoitzari egotzi zaizkion araubide bereziko energia elektrikoaren entregak erosketa gisa agerrarazi beharko dira; eta xedapen gehigarri honetan aipatzen diren prima baliokide, prima, pizgarri eta osagarriei buruz banatzaile bakoitzari jakinarazitako ordainketa-errekerimenduak, berriz, salmenta gisa.

4. Xedapen gehigarri honetan ezarritakoak ez du eragozten Energiaren Batzorde Nazionalak banatzaileei agiria luzatu eta bidaltzea, maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 30. artikuluan eta apirilaren 3ko 485/2009 Errege Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren prima baliokideei, primei, pizgarriei eta osagarriei dagokienez Balio Erantsiaren gaineko Zerga edo zerga baliokidea sartzearen ondorioz egiten dituen sarrera errekerimenduengatik.

5. Kobratzeko eskubideak eta ordaintzeko betebeharrak, fakturazioaren epealdikoak, energia elektrikoaren entrega bakar bati lotuta egonen dira.

6. Dena dela, eta xedapen gehigarri honetan aipatzen diren eragiketei dagokienez, Energiaren Batzorde Nazionalak laguntza eman behar dio Zerga Administrazioari, eragiketa horien tributu-tratamendu egokirako garrantzia duten datu, txosten edo agiri guztiak emanez.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web