(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

145/2002 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 2KOA, HIRIGINTZA PLANEAMENDUA PRESTATU ETA APLIKATZEAREN ARLOAN, ADMINISTRAZIOEN ARTEKO LANKIDETZA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 105 - 30/08/2002



  I. KAPITULUA. ATARIKOA


  II. KAPITULUA. HIRIGINTZA PLANEAMENDUAREN ARLOKO LANKIDETZA


  III. KAPITULUA. HIRIGINTZA ARLOKO AHOLKULARITZA ETA HIRIGINTZA ARLOKO LEGEDIA BABESTEA


Atariko

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hirigintza planeamendua prestatzeko sustapen lan handia egin du azken urteotan eta, horretaz gainera, hirigintzako legediaren arloan aholkularitza eta babesa eman ere.

Azken hamarkada honetan Departamentuak egindako lanak hirigintza aldetik antolatua dagoen eremua handitzen lagundu du, Nafarroako eskualde guztietara hedatu baita, foru dekretu hauen babesean: martxoaren 11ko 140/1996 Foru Dekretua, ingurumen edo hirigintza arloko legedia babesteko asmoz, toki entitateek egiten dituzten administrazio jarduketak finantzatzeari buruzkoa; apirilaren 5eko 85/1990 Foru Dekretua, Nafarroako toki entitateek kartografia erosi eta hirigintza arloko aholkularitza jasotzeko dirulaguntzak ezarri zituena; eta urriaren 13ko 296/1998 Foru Dekretua, udalen hirigintza planeamenduen erredakzioa sustatzeko dirulaguntzak urtero emateko prozedura arautu zuena.

Fase honetan egindako hirigintza planeamenduen bitartez antolatutako eremuak Nafarroako biztanleriaren %95etik gora hartzen du eta, horrenbestez, helburu kuantitatibo hutsak aski ongi bete ditu. Fase hori amaitu delarik, dirulaguntzen araubidea berraztertzeko ordua da, hemendik aurrera, planeamenduari dagokionez, helburuak kalitatea eta administrazioen arteko lankidetzan sakontzea izan daitezen, horiei esker lurraldearen antolamendua eta hirigintza elkarren eskutik joateko.

Bestalde, orain arteko esperientziek argi erakutsi dute lankidetza modua aldatu beharra dagoela. Planeamendua lantzeko prozesu osoan, lankidetza arin eta eragingarria lortzea da asmoa, eskura dauden baliabideak eskainiz, ez bakarrik dirulaguntzak eman eta bukaeran kontrola eginez. Horrela, eskura dauden baliabideen errentagarritasuna optimizatu ahalko da, batez ere giza baliabideak, inplikaturik dauden alderdien komunikazio eza dela kausa, azkeneko fasean planeamenduaren alderdi garrantzitsuak berregin behar ez izateko.

Jokamoldearen funtsezko aldaketa horren ondorioz, lankidetzari lehentasuna emanen zaio kontrolaren gainetik. Horretarako baliabideen artean, zuzeneko aholkularitza ematea ere aurreikusi da. Gauzak horrela, aurretik sinatu beharreko lankidetza hitzarmena ezinbesteko tresna izanen da, adostasun agiria izanen baita, non planeamendua prestatzeko prozesuaren oinarriak ezarriko diren, Foru Dekretu honetan aurreikusita dagoen moduan.

Hitzarmen horrek udalerriaren etorkizunari buruz eta Nafarroa osoko lurralde-eremuan izanen duen tokiari buruz elkarrekin hausnartzeko aukera eskainiko du eta, gainera, planaren adjudikazio-hartzailea izanen den talde teknikoari egiten zaion mandatuan kontuan hartu beharreko erredakzio-oinarriak -eta horrenbestez, helburuak, asmoak eta baldintzak- zehazteko bide emanen du, hasierako abiapuntua eta azken emaitza egokiak direla aseguratuz, izan ere, planeamendua prestatzeko fase guztietan edukietan egin beharreko segimenduarekin batera, behin betikoz onesteko orduan izan daitezkeen arazoak konpontzeko bidea ere aseguratu behar da, eta prozeduraren azkeneko fase horretan planeamendu-tresna aztertzeko prozesua arindu.

Araubide juridiko honen arabera, hitzarmena sinatzeak planeamendua prestatzeko lanetarako dirulaguntza garrantzitsuak jasotzeko aukera ematen du, egungoak baino handiagoak (%90 eta %100 bitartekoak, planeamendu berrietan). Foru Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko, eskaera aurkeztu beharko da ezarritako prozedura fase bakoitzean, eta Hitzarmenean ezarritako determinazioak bete beharko dira.

Araubide honen osagarri, hainbat xedapen erantsi dira, prozeduran gerta litezkeen zalantzak behar bezala argitzeko eta litezkeen ez-betetzeen ondorioak zehazteko. Halaber, kartografia uzteko neurriak ezartzen dira.

Foru Dekretu honek ezarritako araubidean hirigintzako legedia babestu eta horren inguruko aholkularitza emateko laguntza araubide bat ere sartu da, hirigintza arloko laguntza publikoak osoagoak izan daitezen. Bereziki jorratu dira prebentzio lana eta hautsitako hirigintza ordena lehengoratzeko arloa. Dirulaguntzen xedea argi eta garbi zehazten da, nahasmendurik izan ez dadin, baita eskaerak ebazteko prozedura ere. Horretan aipatzekoa da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurretik informazioa eman beharreko prozeduraren gainean xedatutakoa, tramiteak azkartu eta arintzearekin batera, egiaztapenak egiteko berme egokia ezartzen baita. Informazioa aurretik eman behar izate hori garrantzi handikoa da, izan ere, horren ondorioz, Departamentuari aukera ematen zaio, ahal duen kasuetan, behar diren aholkuak zuzenean emateko, edo, bestela, kasua bada, toki entitateari azaltzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzeko beharrik ez dagoela ondorioztatzeko arrazoiak.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko uztailaren bian hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. ATARIKOA

1. artikulua . Foru Dekretuaren xedea.

Foru Dekretu honen xedea da hirigintza planeamendua prestatu eta aplikatzeko orduan, administrazioen arteko lankidetza arautzea.

2. artikulua . Lankidetzarako prozedurak.

Foru Dekretu honetan adierazitako lankidetza ondoko hirigintza prozeduretan erabili ahalko da:

Udal planak prestatu edo berrikustekoak.

Plan Bereziak prestatu edo berrikustekoak, salbu eta, haien xedea zein den ikusita, foru administrazioaren beste departamentu batzuen edo beste administrazio baten dirulaguntza jaso behar dutenak.

Hirigintza arloan aholkularitza ematekoak eta hirigintza arloko legedia babestekoak.

II. KAPITULUA. HIRIGINTZA PLANEAMENDUAREN ARLOKO LANKIDETZA

3. artikulua . Aurretiko hitzarmena.

Lankidetza prozeduran sartu eta dagozkion dirulaguntzak jaso ahal izateko, behar-beharrezkoa izanen da aurretik lankidetza hitzarmen bat sinatzea, non planeamendua prestatzeko prozesuaren abiapuntuak ezarriko diren, Foru Dekretu honetan ezarritako moduan.

4. artikulua . Proposamenak eta dokumentazioa.

1. Hitzarmenen sustatzaileak Nafarroako Gobernua edo kasuan kasuko toki entitateak izanen dira.

2. Lankidetza hitzarmenen proposamenak Nafarroako Gobernuaren proposamena jasotzen duten udalen erregistroetan aurkeztu ahalko dira, baita Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan zehaztutako tokietan ere.

3. Lankidetza hitzarmena sinatzeko udal proposamenarekin batera, toki entitatearen Erabakia aurkeztu beharko da, zeinetan adieraziko baita Foru Dekretu honetan ezarritako hirigintza planeamendurako tresnetariko bat prestatzeko asmoa daukala, bertan adierazitako baldintzetan.

5. artikulua . Hitzarmenaren edukia.

Planeamendua prestatzeko hitzarmenean, alderdiek erabakitzen dutenaz gainera, honako aurreikuspen hauek bilduko dira:

1. Hirigintza planeamendua egiteko orduan, kontuan hartu beharreko helburu eta irizpiderik garrantzizkoenak, administrazio bakoitzak, nork bere ahalmen-esparruaren barrenean, proposatuak.

2. Nafarroako Gobernuak ahalmena du hitzarmen horretan planeamenduak bete beharreko baldintza batzuk ezartzeko, bere eskumeneko gaiak izanik, arau batek ezarri eta nahitaez bete behar direlako edo beste administrazio publiko batzuen eskumenak aplikatzetik datozelako. Baldintza horiek onartzen ez badira, Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmena sinatzeari uko egin ahalko dio.

Ezin izanen zaie inolaz ere ezarri udalei tokiko eskumenak urratzen dituen baldintza edo determinaziorik.

3. Planeamendua prestatzeko lanetarako kalkulatzen den aurrekontua sartuko da, kontratatu behar diren kanpoko zerbitzuen merkatu-prezioen arabera, baina jendaurrean jartzeko beste hedabide osagarrien gastuak ez dira inolaz ere sartuko, ez eta planeamenduaren prestaketarekin zuzeneko lotura ez dutenak ere.

Planeamendua prestatzeko kanpoko zerbitzuen kontrataziorako gehieneko prezioen batura ezin izanen da kalkulaturiko aurrekontua baino handiagoa izan. Aurrekontuetan egiten diren aldaketak justifikatuak izan beharko dira, eta horretarako bi alderdien adostasuna beharko da.

4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak planeamendua prestatzeko aholkularitza, lankidetza eta gainbegiratze-lana eskainiko du hasiera- hasieratik. Horretarako, hitzarmenean alderdiek adostutako lankidetza neurriak eta segimendurako araubidea finkatuko dira.

6. artikulua . Hitzarmenaren ondorioak.

1. Hitzarmena aurretik sinatzea kapitulu honetan adierazten diren dirulaguntzak eskatzeko ezinbesteko baldintza da.

2. Dirulaguntza emateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eskatzen duen udala indarrean dagoen lankidetza hitzarmen baten alderdi sinatzailea izatea.

b) Hitzarturikoa egoki bete dela egiaztatzea. Horretarako, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan eta Departamentu horren oniritzia beharko da, hots, ekarritako dokumentazioa hitzarmenaren edukiarekin bat datorrela adieraztea.

c) Aurrekontuetan horretarako kontsignazio nahikoa izatea.

7. artikulua . Dirulaguntza eskaerak.

1. Dirulaguntza eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan zehaztutako tokietan aurkeztu ahalko dira.

2. Dirulaguntza eskaerarekin batera, Foru Dekretu honen 10.2 artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

3. Dekretu honen 6. artikuluko 2. zenbakiko a) eta b) letretan adierazitako baldintzak betetzen dituzten dirulaguntza eskaerei dokumentazio guztia aurkeztu ahala erantzungo zaie. Aurrekontuetan horretarako kontsignazio aski ez izateagatik aintzat hartu ezin diren eskaerak erreserban geldituko dira, dagokien ordena-zenbakia dutela.

8. artikulua . Dirulaguntzen zenbatekoa.

1. Hona dirulaguntzen zenbatekoa:

- Planeamendua egiteko behar diren kanpoko zerbitzuen kontratazioetarako kalkulaturiko aurrekontuaren %90, indarreko legedian udaletako hirigintza planeamendua antolatzeko arautu diren tresnetarik bat ere ez dagoenean.

- Gainerako kasuetan, kanpotik kontratatu behar diren zerbitzuetarako kalkulaturiko aurrekontuaren %80.

2. Salbuespen gisa, proposamenaren garrantziak eta beharrek hala eskatuta, edo toki entitatearen finantza eta ekonomi egoera ikusita, Toki Administrazioaren txostenaren bidez justifikatua, dirulaguntza aipatu ehunekoetatik gorakoa izan daiteke, kalkulaturiko aurrekontuaren %100 egin arte.

3. Gastua aurrekontutik beherakoa denean, egiazko kostua ordainduko da.

9. artikulua . Dirulaguntza eskaerak ebaztea.

Dirulaguntza eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ebatziko ditu, lankidetza hitzarmenean ezartzen denaren arabera.

10. artikulua . Dirulaguntzak ematea eta ordaintzea.

Hirigintza planeamendua prestatzeko dirulaguntzak honela eman eta ordainduko dira:

Laguntza teknikorako edo zerbitzuen errentamendurako kontratuak sinatzean: hitzarturiko aurrekontuaren %20.

Tramitatze bidean dagoen proiektua hasiera batez onestean: hitzarturiko aurrekontuaren %60.

Tramitatze bidean dagoen proiektua behin-behinekoz onestean: hitzarturiko aurrekontura iritsi arte falta dena, azkeneko likidazioaren arabera.

Kasua bada, proiektua behin betikoz onestean: testu bategineko determinazioak betetzeko kanpotik kontratatzen diren zerbitzuen gastuei aurre egiteko ematen den diru osagarria.

Dirulaguntza eman eta ordaintzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

Eskabide-orria, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari zuzendua.

Kontratuen, lansarien ordainagirien eta ordaindutako fakturen edo libramenduen kopiak, toki entitateko idazkariak konpultsatuak.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarekin hitzarturikoa egoki bete dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

Hitzarturiko diru-kopurua eskaera aurkeztu den aurrekontu-ekitaldian berean ordaintzerik ez badago, hurrengo ekitaldian ordaindu beharko da, ondoren aurkezten diren eskaeren aurretik.

11. artikulua . Hitzarturikoa ez betetzea eta dirulaguntza galtzea.

1. Hitzarmenean adierazten den egunetik aurrera bi urte pasatzen badira planeamendu berria behin-behinekoz onetsi gabe, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ahalmena izanen du toki entitateak hasiera batez jasotako dirulaguntza itzul dezala eskatzeko. Atzerapenaren arrazoiak justifikatzeko errekerimendua eginda, Udalak erantzuten ez baldin badu, eskakizun horrek erabateko indarra hartu ahalko du, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

2. Lankidetza hitzarmenaren baldintza batzuk, hots, Foru Dekretu honen 5. artikuluko 2. puntuan aipatzen direnak, betetzen ez badira, emandako dirulaguntza osoa edo parte bat itzultzea eskatu ahalko da.

12. artikulua . Kartografia.

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak toki entitateen esku utziko du Nafarroako Lurraldeko Informazio Sisteman (SITNA-NLIS) dagoen kartografia, oinarrizkoa eta tematikoa, adostuko diren baldintzetan, baina planeamendua prestatzeko prozesuan erabiltzeko, ez beste ezertan.

2. Toki entitatearen iritziz, planeamendua prestatzeko, egina ez dagoen kartografia bereziren bat egitea beharrezkoa baldin bada, Nafarroako Gobernuak haren kostua finantzatzeko baldintza bat ezarri ahalko du, alegia, Planaren determinazioak euskarri jakin batzuetan aurkeztea, Nafarroako Lurraldeko Informazio Sistemak (SITNA-NLIS) erabiltzen dituenekin bateragarriak izan daitezen.

III. KAPITULUA. HIRIGINTZA ARLOKO AHOLKULARITZA ETA HIRIGINTZA ARLOKO LEGEDIA BABESTEA

13. artikulua . Dirulaguntzen xedea.

Ondoko hauek dira legedia babestu eta aholkularitza emateko jarduerak, Foru Dekretu honek babesten dituenak:

1. Toki entitate eskudunek egiten dituzten jarduketa juridiko-administratiboak, diziplina espedienteak edo eraikuntzak eraitsi edo obrak/jarduerak geldiarazteko aginduak instruitu eta aurrera eramateko.

2. Diziplina ebazpenak betearazteko behar diren jarduketak, hala instrumentalak nola materialak, konparazio batera, eraisteko proiektu teknikoak, horien exekuzio materiala eta baliabide osagarrien kontratazioa.

3. Hirigintzako legedia betetzeko zabalkunde eta publizitate lanak.

4. Hirigintza edo etxegintzaren inguruko prozesu judizialei loturiko hirigintza edo etxegintza jarduketak, toki entitateen eta pertsona fisiko edo juridiko pribatuen artekoak.

5. Kanpoko zerbitzuak kontratatzea, administrazio egintzak, egindako jarduketak edo ez-egiteak hirigintza arloko legediaren araberakoak ote diren azaltzeko txostenak prestatzeko, betiere egintza horiek laguntza eskatu duen toki entitateak sortuak baldin badira.

15. artikulua . Aurreko informazio aldia.

1. Hirigintzako legedia babestu eta aholkularitza emateko dirulaguntza eskatzen duen toki entitateak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari informazioa eman ahalko dio kontsulta horren kostuaz eta edukiaz. Informazio hori emateko, egoki jasoko dela bermatzen duen edozein bide erabili ahalko da, baliabide informatikoak, telefonoa eta faxa barne. Toki entitateak eskatzen baldin badu, jaso izanaren agiria igorri beharko da, hamar egun balioduneko epean gehienez, bide informatikoen edo telefaxaren bidez, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 37. artikuluan ezarritako bideetarik edozein erabiliz.

2. Informazio hori jaso eta hamar egun balioduneko epean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko administrazio unitate eskudunak uste badu gaia Departamentu horren eskumenekoa dela, behar den aholkularitza eman ahalko du zuzenean. Epe horretan berean, toki entitateari helarazi ahalko dio kanpoko zerbitzuak kontratatu beharrik ez dagoela azaltzeko arrazoiei buruzko informazioa, kasua bada, eta horretarako erabilgarri dagoen aurrekontu-kontsignazioari buruzkoa.

15. artikulua . Eskaerak aurkezteko modua.

1. Hirigintzako legedia babestu eta aholkularitza emateko dirulaguntza eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 37. artikuluan zehaztutako tokietan aurkeztu ahalko dira.

2. Dirulaguntza eskaerarekin batera laguntza teknikoa edo zerbitzuen errentamendua kontratatzeko baldintza pleguen kopia aurkeztu beharko da, toki entitateko idazkariak konpultsatua, hala nola egindako txostenena eta kontrataturiko zerbitzuei dagozkien fakturena.

16. artikulua . Ebazpena eta laguntzen zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ebazpenean zehaztuko da, jarduketaren garrantziaren eta beharraren arabera eta toki entitatearen egoera ekonomikoaren arabera. Kontrataturiko zerbitzuen kostuaren %50etik %100era bitarteko laguntza emanen da.

2. Laguntza ukatuz gero, arrazoiak eman beharko dira, honako hauek aintzat hartuz: jarduketaren garrantzia, beharra eta interes publikoa, ukituriko eskubide eta interesak nolakoak diren, toki entitatearen giza eta gauzazko baliabideak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurrekontu-baliabideak.

Xedapen Iragankorra

Behin betiko ebatzi gabe dauden dirulaguntza eskaerak Foru Dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira.

Eskaera horiei dagokienez, 4. artikuluan aipatzen den hitzarmen proposamena egina dutela ondorioztatuko da, Foru Dekretu honek indarra hartzen duen unetik beretik.

Xedapen Indargabetzailea

Foru Dekretu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak indarrik gabe utzi dira, honako hauek bereziki: martxoaren 11ko 140/1996 Foru Dekretua, ingurumen edo hirigintza arloko legedia babesteko asmoz, toki entitateek egiten dituzten administrazio jarduketak finantzatzeari buruzkoa; apirilaren 5eko 85/1990 Foru Dekretua, Nafarroako toki entitateek kartografia erosi eta hirigintza aholkularitza jasotzeko dirulaguntzak ezarri zituena; eta urriaren 13ko 296/1998 Foru Dekretua, udalen hirigintza planeamenduen erredakzioa sustatzeko dirulaguntzak urtero emateko prozedura arautu zuena.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: a0207853

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web