(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

133/2005 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 7KOA, IRUÑERRIKO MUGIKORTASUNAREN ETA GARRAIOAREN MAHAIA SORTU ETA ARAUTZEN DUENA

BON N.º 141 - 25/11/2005



Atariko

2004ko ekainaren 23an hitzarmen bat sinatu zen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen artean. Bertan Iruñerriko hiri garraioaren printzipio, linea estrategiko eta helburuak ezartzen dira, hauexek besteak beste: lurralde antolamenduan garraio publiko iraunkorra integratzea, garraio publikoaren erabilerak gizarteari onura dakarkiola jabearaztea herritarrei, toki entitateekiko lankidetza eta koordinazioa hobetzea eta eragile sozial eta elkarteekiko lankidetza erdiestea.

Helburu horiek lortzeko tresna gisa, Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaia sortzea proposatzen zen. Bestela esanda, parte hartzeko organo bat eratzea proposatzen zen Iruñerriko mugikortasunaren kontuetan esanguratsuenak diren erakunde, entitate eta eragileek mugikortasunari buruzko arazoak azaltzeko, eta garraio publiko eta pribatu iraunkorra sustatzeko ekimenak aztertu eta bultzatzeko. Halaber, Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiaren barrenean, Mugikortasunaren eta Garraioaren Behatokia sortzea proposatzen zen, bertan, modu iraunkor eta koordinatuan, Iruñerriko mugikortasunaren bilakaerari buruzko datu, ikerlan eta estatistikak integratzeko, gerora hartzen diren erabakiak hartzeko eta abian jartzen diren ekintzen segimendua egiteko.

Foru dekretu honek behar horietarako erantzuna izan nahi du, Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaia sortuz, eta beraren osaera eta funtzionamendua arautuz, betiere ahalik eraginkortasun handiena izan dezan bere eginkizunak betetzean.

Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiaren osaerak erakundeen eta gizartearen ordezkariak biltzen ditu, garraio iraunkorraren erabilera sustatzeko lanean parte-hartzea eta ekimenen proposatzea bermatzeko. Bestetik, Batzorde Aholku-emaile tekniko bat eratuko da, Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiari laguntzeko unitate gisara.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko azaroaren zazpiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Sorrera.

1. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaia sortzen da, arloan garrantzi handiena duten entitate eta eragileek aholku emateko eta parte hartzeko organo gisa. Bertan mugikortasunaren inguruko problematikak eztabaidatuko dituzte eta laguntza ematen dute Iruñerriko garraio publiko eta pribatu iraunkorraren segimenduan eta sustapenean.

2. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan garraio kontuetan eginkizunak eta eskumenak dituen departamentuari atxikita egonen da, hots, gaur egun, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari.

2. artikulua . Eginkizunak.

1. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Mugikortasunaren eta garraioaren egoera aztertzea Iruñerriko esparruan eta garraio publiko eta pribatu iraunkorraren erabilera sustatzeko ekimenak proposatzea.

b) Erakunde edo entitate publiko zein pribatuen arteko lankidetza sustatzea, mugikortasuna eta garraio iraunkorraren erabilera hobetzeko ekimen eta egintzak egiteko.

c) Iruñerriko Hiri Garraioaren Plana ezagutzea.

d) Iruñerriko udalen eta mugikortasunean eragin handia duten erakundeen ekimenak ezagutzea.

e) Garapenak eta lurraldearen antolamenduak Iruñerriko mugikortasunean eta garraioan duten eragina aztertzea.

f) Mugikortasuna eta garraio mota iraunkorrak hobetzen laguntzen duten txostenak eta konponbiderako proposamenak egitea, bere iniziatibaz.

g) Iruñerriko garraio sektorearentzat interesa duten afera eta kontsultak aztertu eta haiei buruzko iritzia ematea, mugikortasunaren arloan bidaiarien garraio publikoaren gaineko eskurantzak dituzten administrazio publikoek eskatzen diotenean.

h) Proposatzen eta gauzatzen diren neurrien eraginkortasuna ebaluatzea.

2. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiak bere antolamendu eta funtzionamendu arautegia egin dezake.

3. artikulua . Osaera.

1. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaia honela osatua egonen da:

a) Lehendakaria: Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria.

b) Lehendakariordea: Garraio zuzendari nagusia.

c) Kideak:

_Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria.

_Iruñeko alkatea.

_Iruñerriko udalerrietako bi alkate, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuak.

_Herri Lan zuzendari nagusia.

_Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia.

_Barne zuzendari nagusia.

_Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duen kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteko ordezkari bat.

_Ezgaitasunak dituzten pertsonak eta haien familiak ordezkatzen dituen entitate nagusiaren ordezkari bat.

_Hirian bizikleta erabiltzearen aldeko lana egiten duen elkarte baten ordezkari bat, Iruñerrian arlo horretan garrantzi handiena duen elkartearena hain zuzen.

_Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren ordezkari bat.

_Nafarroako Merkatari Elkarteen Federazioaren ordezkari bat.

_Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten bi sindikatuetako ordezkari bana, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

d) Idazkaria: Garraio Zuzendaritza Nagusiko Administrazio Publikoko teknikari bat, arlo juridikokoa, hizpidearekin baina botorik gabe ariko dena.

2. Lehendakaria ez badago edo gaixo bada, edo lehendakaritza bete gabe baldin badago, lehendakariordea ariko da haren ordez.

3. Lehendakariordeak, idazkariak eta kideek ordezko bana izanen dute izendaturik, kargua bete gabe dagoenerako, titularra falta denerako edo gaixorik dagoenerako.

4. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiko lehendakariordea idazkaria eta kideak eta haien ordezkoak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak izendatuko ditu, daukaten kargua dela eta, edo artikulu honen 1. atalean aipatutako entitateek proposaturik.

5. Beren kargua dela-eta Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiko kide direnek jatorrizko kargua uzten dutenean utziko dute mahai honetakoa ere.

Gainerako kasuetan, izendapenak lau urteko iraunaldia izanen du, non eta izendapena proposatu duen entitate edo erakundeak ez duen aldez aurretik kargu-uztea proposatzen.

4. artikulua . Batzorde Aholkuemailea.

1. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiko batzorde aholku-emaile bat eratzen da, honakook osatua:

a) Koordinatzailea: Garraio zuzendari nagusia.

b) Kideak:

_"Servicios de la Comarca de Pamplona S.A." elkartearen zuzendari kudeatzailea.

_Iruñerriko Hiri Garraio Publikoaren elkarte kontzesiodunaren kudeatzailea.

_Iruñerrian garrantzi handiena duen taxisten elkarteak izendatutako ordezkari bat.

_Foruzaingoko burua.

_Iruñeko Udaltzaingoko burua.

_Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendaturiko ordezkari bat, mugikortasunean eta garraioan aditua.

_Nafarroako Unibertsitateak izendaturiko ordezkari bat, mugikortasunean eta garraioan aditua.

_Errepideko bidaiarien garraio enpresa nafarren elkarte garrantzitsuenak izendatutako ordezkari bat.

_Iruñeko Udaleko Osasun eta Ingurumen Alorreko zuzendaria.

_Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

2. Batzorde aholku-emaileak hauxe du bere eginkizun nagusia: Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiari aholkuak ematea, honek eskatzen dizkion aferetan. Bestetik, proposamenak eramaten ahal dizkio Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiari, honek azter ditzan.

5. artikulua . Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiaren eta bere Batzorde Aholkuemailearen funtzionamendu araudia.

1. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiaren bileretarako deialdia bere lehendakariak eginen du, eta harekin batera bidaliko ditu bai eguneko gaien zerrenda bai egokia iruditzen zaion dokumentazioa.

Organo kolegiatu honek gutxienez sei hilean behin eginen du bilera arrunta. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiak bilera bereziak eginen ditu lehendakariak berak erabakitzen duenean edo mahaiko kideen gutxienez herenak idatziz hala eskatzen duenean.

2. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiak eta Batzorde Aholku-emaileak elkarrekin egiten ahalko dituzte bilerak, lehendakariak haietarako deialdi espresua egiten badu.

3. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiak lan-taldeak sortzen ahal ditu. Mahaiak berak erabakiko ditu haien osaera eta eginkizunak. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiak, lan-talde horietarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariak izendatzen ahalko ditu, bai eta, organo kolegiatu horretan parte izanik, jorratzen den gaiarekin lotura zuzena duten organismo edo erakundeetako kideak ere.

4. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiaren, Batzorde Aholku-emailearen edo lan-taldeen bileretara joateko gonbita egiten ahal zaie aztertu eta ebaluatu beharreko lurralde edo sektore politiken arduradunei, baita funtzionarioei edo sektore pribatuko ordezkariei ere, beren eginkizunak hobeki betetzeko beharrezkoa dela ikusten bada. Pertsona horiek hizpidea izanen dute, baina ez botoa.

5. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiko, Batzorde Aholku-emaileko edo lan-taldeetako kide izatea ez da diruz ordainduko.

6. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiko idazkariak urteko jardueren memoria eginen du.

7. Foru dekretu honetan ezarritakoaz besteko gaietan, Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiaren eta Batzorde Aholku-emailearen antolamendua eta funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean organo kolegiatuetarako xedatutakoari lotuko zaizkio.

6. artikulua . Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Behatokia.

1. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiak Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Behatokia ezar lezake. Behatokiaren helburua hauxe izanen da: eskura dagoen informazio guztia biltzea, behatokiak berak sortutakoa bai beste batzuek eskainitakoa, Iruñerriko mugikortasunaren arloko informazioa betiere, mugikortasunaren bilakaeraren berri izateko erreferentzia gisa balio dezan eta garraio politikak diseinatzerakoan oinarri gisa balio dezan.

2. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaiak, Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Behatokiaren bitartez, ikerlan berariazkoak egin litzake mugikortasunarekin zerikusia duten gaiei buruz.

3. Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Behatokiak Iruñerriko mugikortasunaren azterlanarekin zerikusia duten ikerlan, estatistika edo lanak eska diezazkieke beste administrazio edo erakunde batzuei.

Xedapen Gehigarri Bakarra . Mahaia eratzeko epea.

Iruñerriko Mugikortasunaren eta Garraioaren Mahaia gehienez ere bi hilabeteko epean osatuko da, foru dekretu honek indarra hartu eta biharamunetik hasita. Epe horretan organo guztiek bere kide edo ordezkariak izendatu beharko dituzte.

Azken Xedapenetan Lehena . Arauzko gaitzea.

Ahalmena ematen zaio Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedepenetan Bigarrena . Indarhartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko azaroaren 7an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0521953

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web