(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

123/1997 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 5EKOA, IBILGAILUAK ETA HAIEN EKIPO ETA OSAGAIAK KONPONTZEKO TAILERRETAKO INDUSTRI JARDUERA ETA ZERBITZUAK ARAUTZEN DITUENANota de Vigencia

BON N.º 66 - 02/06/1997



  I. KAPITULUA. APLIKAZIO ESPARRUA


  II. KAPITULUA. KONTZEPTU ETA SAILKAPENAK


  III. KAPITULUA. INDUSTRI JARDUERAREN BALDINTZA ETA BEHARKIZUNAK


  IV. KAPITULUA. DIAGNOSI ZENTROAK ETA IRIZPEN TEKNIKOAK


  V. KAPITULUA. BERMEAK ETA ERANTZUKIZUNA


  VI. KAPITULUA. ESKUMENAK, ARAUHAUSTEAK ETA ZEHAPENAK


  I. ERASKINA. Ibilgailuak konpontzeko tailerrak Erregistro Berezian inskribatzeko behar duten gutxieneko ekipamendua, arlo eta espezialitateen arabera


  II. ERASKINA. PLAKA ADIERAZLEAREN EREDUA


  III. ERASKINA. IBILGAILUAK KONPONTZEKO TAILERRAK


Atariko

Ikusirik, ibilgailuak konpontzeko zerbitzuak duen garrantzi soziala, hala segurtasunaren aldetik nola ekonomiaren aldetik begiratuta, eta sektore honen jarduera arautzeko Espa2inian eman diren arauak argitaratu zirenetik jasotako esperientzia, beharrezkoa da jarduera horren araubide bat ezartzea Nafarroan, industria arloan eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsaren arloan, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak, 56.1 artikuluko b) eta d) idazatietan, hurrenez hurren, Foru Komunitateari esleitzen dizkion eskumenak erabiliz.

Gauzak horrela, Foru Dekretu honek Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorrean, Industriari buruzko uztailaren 6ko 21/1992 Legean eta apirilaren 28ko 697/1995 Errege Dekretuan zehazturiko irizpide eta jarrabideak bildu nahi ditu.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren 22. artikuluarekin bat etorriz, iritzia eskatu zaie kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei eta sektore horietako enpresarien elkarteei.

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko maiatzaren bostean harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. APLIKAZIO ESPARRUA

1. artikulua

Foru Dekretu honen xedea da ibilgailuak eta haien ekipo eta osagaiak konpontzeko tailerretako industri jarduera eta zerbitzuak arautzea Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen esparruan.

Foru Dekretu honen ondorioetarako, hona hemen zer hartzen den ibilgailutzat: Trafiko, Motoredun Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu artikulatuaren 2. artikuluak aipatzen dituen lur edo bideetatik ibil daitekeen aparatua, kanpoko laguntzarik behar ez duten berezko propultsio mekanikozko baliabideak erabiliz errailen beharrik gabe zirkulatzen dena. Pertsona, gauzak edo salgaiak garraiatzeko erabiltzen da, edo beste ibilgailu batzuk arrastaka eramateko. Foru Dekretu honen ondorioetarako, definizio horren barruan sartuko dira, halaber, Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrean zehaztu diren motozikleta, ziklomotore, atoi eta ibilgailu artikulatuak.

II. KAPITULUA. KONTZEPTU ETA SAILKAPENAK

2. artikulua . Tailerrak zer diren.

Foru Dekretu honen ondorioetarako, ibilgailuak eta haien ekipo eta osagaiak konpontzeko tailerrak izanen dira ibilgailuen edo horien ekipo edo osagaien egoera eta funtzionamendu egokira ekartzeko asmoz, mantenimendu eta bestelako lanak egiten dituzten industri lantegiak, alterazio horiek ibilgailuak fabrikatu ondotik agertu baldin badira.

Halaber, araudi hau aplikatuko da, fabrikatu ondoren, ibilgailuetan osagaiak jartzeko industri jarduera osagarrietan eta ibilgailuen hasierako ezaugarriak aldatzeko helburua duten jardueretan. Aldaketa horiek segurtasun eta osasunaren arloan indarra duten arauekin bateragarriak izan beharko dute, deusetan galarazi gabe errepideetako ibilgailuetako garrantzizko aldaketen izapideak arautzen dituen uztailaren 8ko 736/1988 Errege Dekretuan adierazitakoa bete beharra.

3. artikulua . Tailerren sailkapena.

Foru Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ibilgailuak eta haien ekipo eta osagaiak konpontzeko tailerrak honela sailkatuko dira:

1. Ibilgailu, ekipo eta osagaien egileekin duten harremanen arabera:

a) Tailer generiko edo independienteak: marka jakin batekin tratamendu berezia edo erantzukizun kreditatua ekarriko lukeen inolako loturarik ez dutenak.

b) Marketako tailer ofizialak: ibilgailuak edo haien ekipo edo osagaiak egiten dituzten enpresa nazional edo atzerrikoei loturiko lantegiak, hitzarmen idatzi batean zehaztuko diren baldintzetan.

2. Jarduera arloaren arabera:

a) Mekanikakoak: ibilgailuaren sistema mekanikoaren konponketa, mantenimendu, aldaketa edo berritze lanak egiten dituztenak, egitura eramangarrienak eta ekipo eta elementu osagarrienak barne, ekipo elektrikoarenak izan ezik.

b) Elektrizitatekoak: ibilgailuaren sistema elektrikoaren konponketa, mantenimendu, aldaketa edo berritze lanak egiten dituztenak, ekipo motorearen oinarrizko elementuena nola osagarriena, hau da argiztatu, seinalizatu eta egokitzeko sistemak eta oharpen eta kontrolerako instrumentala.

c) Karrozeriakoak: karrozeriako elementuak, eramangarriak eta bestelakoak, eta apaingarriak konpondu, aldatu, berritu eta horiek barnetik eta kanpotik egokitzeko lanak egiten dituztenak.

d) Pinturakoak: karrozeriaren pintura, estaldura eta akabera lanak egiten dituztenak.

Horietako jarduera batean aritzeko, tailerrak behar diren baliabide eta ekipoak eduki beharko ditu (I. eraskina).

3. Motozikleta eta ziklomotoreen tailerrak: bi edo hiru gurpileko ibilgailu motoredunetan edo antzekoetan, konponketa eta aldaketa lanak egiten dituztenak.

4. Tailer espezializatuak: ibilgailuen ekipo edo sistema jakin bat edo batzuk konpondu, aldatu edo berritzeko lanak egiten dituztenak.

Tailer horiek espezialitate jakin horretarako behar dituzten baliabide eta ekipoak eduki beharko dituzte (I. eraskina).

Tailerren talde honetan honako jarduera hauetan aritzen direnak sartzen dira:

-Neumatikoak konpontzeko tailerrak.

-Erradiadoreak konpontzeko tailerrak.

-Injekzio ekipoak konpontzeko tailerrak.

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari eskumena ematen zaio espezialitate horien kopurua, izena eta hedapena aldatzeko, esperientzia eta aurrerapen teknologikoei egokitzeko asmoz.

III. KAPITULUA. INDUSTRI JARDUERAREN BALDINTZA ETA BEHARKIZUNAK

4. artikulua . Tailerrak instalatzea, handitzea eta lekuz aldatzea.

Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legean eta estatu mailako industri lantegien Erregistroaren Erregelamendua onetsi zuen apirilaren 28ko 697/1995 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, ibilgailuen tailerrak instalatu, handitu edo lekuz aldatzeko ez da aurretiazko administrazio baimenik behar.

Tailer berriak inskribatzeko eta daudenak handitu edo lekuz aldatzeko, industri lantegi guztietarako orohar eskatzen den dokumentazioaz gain, honako agiri hauek ekarri beharko dira:

a) Lanpostuen zerrenda eta haiei dagokien titulazio teknikoa eta lanbide edo lan arloko titulu edo ziurtagiriak.

b) 3. artikuluan adierazi diren marka jakin bateko tailer ofizialak badira, egile nazionalaren idatzizko baimena edo, atzerrikoa bada, haren legezko ordezkariarena.

Tailer horiek kasuan kasuko proiektuan adierazitako ekipamendua eduki beharko dute, dagokien jarduera eta espezialitatearen arabera.

Tailer horiek ingurugiroa babesteko arloan eta segurtasun, osasun eta antolamenduaren aldetik aplikagarri zaizkien arau teknikoetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, kasuan-kasuan aplikatu behar zaizkien arau berariazkoez gain.

Tailerren titulartasun aldaketak baimenduko dira, behar bezala egiaztatutako eskualdaketa, oinordetza edo bestelako egintza juridiko dokumentatu baten bidez egiten badira.

Errepideko laguntza mekanikoaren jarduera 5. artikuluan aurreikusi den Erregistro Berezian legez inskribatua dagoen tailer baten menpeko zerbitzu gisa eman beharko da beti, bere baliabideen bitartez edo hirugarrenekin lankidetzan. Kasu guztietan, inskribaturiko tailerra izanen da konponketaren kalitatearen arduraduna eta indarra duen araudia betetzearena.

5. artikulua . Ibilgailuak eta haien ekipoak eta osagaiak konpontzeko tailerren Erregistro Berezia.

Industriak instalatu, handitu eta lekuz aldatzeko Erregistro Industrialaren barruan Ibilgailuak eta haien ekipoak eta osagaiak konpontzeko tailerren Erregistro Berezia ireki da, haren izaera berdina izanen duena, Industriari buruzko Legean ezartzen denarekin bat etorriz.

Erregistro horren eginkizun nagusiak hauexek dira:

-Ibilgailuak eta haien ekipoak eta osagaiak konpontzeko tailerren industri jarduera identifikatu eta haien berri izatea, erabiltzaileei ematen dizkieten zerbitzuen kalitateak bide segurtasunean duen eragina handia baita.

-Eginkizun horiek aurrera eramateko tailer bakoitzaren datuak biltzea, 3 eta 4. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

Konponketa lanak egin ahal izateko, ezinbestekoa izanen da tailerra Erregistro Berezian inskribatua egotea, Foru Dekretu honen 3. artikuluak aipatzen duen sailkapenaren arabera.

6. artikulua . Plaka adierazlea.

1. Legearen arabera sailkaturiko tailerrek dagokien plaka adierazlea eduki beharko dute ongi agerian eraikineko fatxadan, Foru Dekretu honen II. eraskinean adierazten denari jarraikiz.

2. Plaka adierazlea II. eraskinean azaltzen den ereduaren araberakoa izanen da, zati eta xehetasun guztietan. Metalezkoa izanen da, karratua, alde bakoitza 480 mm-koa, fondo urdinekoa eta erpin biribilduak izanen

3. Goitik behera hiru zati edo gune ezberdin izanen ditu, II. eraskinean agertzen diren neurrikoak, honako datuok adierazteko:

-Lehena edo goikoa, lau jarduera motak adierazteko.

-Bigarrena edo erdikoa, espezialitateak eta motozikleten eta ziklomotoreen tailerrak adierazteko.

-Hirugarrena edo behekoa, Foru Komunitatearen siglak, kontrastea eta Erregistro Berezian duen zenbakia adierazteko.

7. artikulua . Plaka adierazlearen ezaugarriak.

1. Ibilgailuaren mekanika, elektrizitatea, karrozeria edo pintura arloak adierazteko, Foru Dekretu honen II. eraskinean azaltzen diren ikurrak ezarri dira: giltza ingelesa, tximista erako gezia, mailua eta pintatzeko pistola, hurrenez hurren, ikur urdinak fondo txuriaren gainean.

2. Plaka adierazlearen goiko zatia lau laukizuzen bertikaletan banatuko da, tailerrek landu ditzaketen lau arloen ikurrak adierazteko. Tailer bakoitzaren plaka adierazlearen laukizuzen horietan beteko dira jorratzen dituen jarduerei dagozkienak eta beste guneak bete gabe utziko dira.

3. Plaka adierazlearen bigarren zatia, erdikoa alegia, bitan banatua egonen da, bi laukizuzen horizontal egiteko. Ezkerrekoa (ikuslearen ezkerrean dagoena eta plakaren eskuinean) Diagnosi Zentroen edo beste espezialitate batzuen ikur edo sinboloak adierazteko utziko da, kasuan kasuko legeen arabera, nahiz eta ikur edo kontrazeinu normalizaturik ez badago, espezialitatearen testua idatzi ahalko den. Eskuineko laukizuzenean (ikuslearen eskuinean eta plakaren ezkerrean) motozikleta eta ziklomotoreak konpontzeko tailerrei dagokien ikurra paratuko da.

4. Motozikletak konpontzeko tailerrak adierazteko aurreko lerroaldean zehaztu den ikurra honelakoa izanen da: motozikleta baten profila, fondo txurian urdinez marraztua, ikuslearen ezkerrera begira kokatua. Hiru gurpil baino gehiagoko ibilgailuak, bestelakorik ez, konpontzeko tailerrak direnean, gune hori bete gabe utziko da.

5. Plaka adierazlearen hirugarren gunea, behekoa, hiru zatitan banatuko da:

-Ezkerrekoa (ikusleak begiratuta) Nafarroako Foru Komunitatearen siglak jartzeko.

-Erdikoan kontrastea jarri beharko da, Industria Zuzendaritza Nagusiak emana, marratxo baten azpian.

-Eskuinekoan (ikusleak begiratuta) Erregistro Bereziko inskripzio zenbakia jarri beharko da.

8. artikulua . Marken adierazleak.

3.artikuluan aurreikusitakoaren arabera, marka jakin bateko tailer ofizial gisa sailkaturik ez dauden lantegietan ezin da begibistan jarri, 3.1.b) artikuluan aipatu loturaren inguruan, erabiltzailea nahasi edo erratu dezakeen marka-adierazlerik, ez barruan ez kanpoan.

9. artikulua . Ordezko piezak.

1. Konponketetan tailerrek erabiltzen dituzten elementu, pieza edo multzoak berriak izanen dira eta konpondu nahi den ibilgailu-motarentzat egokiak, honako kasuotan izan ezik:

a) Bezeroaren idatzizko adostasun izanik, tailerretan elementu, ekipo edo multzo berregokitu edo berreginak instalatu ahalko dituzte, egokitzapen hori egileek beraiek, horiek baimenduriko zerbitzuek edo erakunde eskudunek berariaz baimenduriko industria espezializatuek egin baldin badituzte.

Tailerrak elementu, ekipo edo multzo horien jatorri eta bermeari buruzko informazioa eman beharko dio bezeroari. Industria espezializatu baimenduak badira, ongi adierazi beharko da inguruabar hori eta, halaber, Ibilgailuentzako zati, pieza eta ekipoen egileen Erregistro bereziaren zenbakia.

b) Aurretik erabilitako zenbait elementu edo multzo instalatu ahalko dira, erakunde eskudunek berariaz baimenduriko tailer espezialistek moldatuak badira, ekipo birmoldatu hori duten ibilgailuetan tailer beroriek egiten dituzten konponketetan erabiltzeko. Horretarako, bezeroaren idatzizko adostasuna beharko da eta tailerrak idatziz hitz eman beharko du jartzen den ekipoa egoera onean dagoela eta behar bezalako bermea duela.

c) Bezeroaren aldez aurreko adostasun idatzia izanik, konpondu nahi den ibilgailu-motarenak ez diren piezak eta bestelako pieza erabiliak jarri ahalko dira, tailerrak idatziz hitz ematen badu erabilitako pieza horiek egoera onean daudela edo/eta ibilgailu mota horrenak ez diren ordezko piezak konpondu nahi den ibilgailuari behar bezala egokitzen zaizkiola bermatzen badu, honelako kasuotan:

-Premiazko kasuetan, justifikatzen bada.

-Egiten ez diren modeloetako elementuak izanik, ordezko piezen biltegietako ohizko izakinetan aurkitzea ezinezkoa denean.

-Erabiltzaileak onartzen duen beste edozein arrazoirengatik, beti ere ibilgailuaren elementu aktiboak edo balazta, esekidura edo direkzio sistemak ukitzen ez badira.

2. Debekaturik dute mota guztietako tailer guztiek Zirkulazioari buruzko Eregelamendu Orokorraren arabera erabili ezin diren pieza, elementu edo multzoak jartzea ibilgailuetan.

3. Konponketak egitean tailerrek erabiltzen dituzten pieza eta multzoek egilearen marka eduki beharko dute agerian, irakurtzeko modukoa eta ezabatu ezin den moduan jarria, legeria berariazkoak beharkizun hori eskatzen badu. Legez homologazioa erakutsi behar baldin badute, homologazioaren kontrazeinua agerian izan beharko dute.

4. Egilearen marka agerian izatea ezinezkoa duten pieza txikiak (zirrindolak, ziriak, e.a.) eta konfigurazio arrarokoak direnean, egilearen marka etiketetan, adierazgarrietan edo piezen kutxatila zein paketeetan azaldu da.

5. Konponketa bat egiten duen tailerra behartuta dago, konponketa amaitzean, bezeroari ematera aldatu diren pieza edo multzoak, non bezeroak berak kontrakoa adierazten ez duen.

6. Tailer guztiak beharturik daude konponketetan erabiltzen diren ordezko piezen jatorria eta prezioa egiaztatzeko agiriak jendearen eskura izatera.

7. Debekaturik dago aldatu beharra ez duten piezak aldatzea, erabiltzaileari kostu handiagoa ekartzen badio edo ibilgailuaren egoera degradatu badezake.

8. Jatorriaren arabera, ordezko piezak honela sailkatzen dira:

a) Markaren jatorrizko piezak: ibilgailuaren egileak berak hornitutako pieza berriak dira. Horrelakoetan, lehenbiziko puntuan adierazitakoa bermatzen dela kontsideratzen da.

b) Markakoak: enpresa espezializatuek egindako ordezko pieza berriak dira. Hortaz, ezaugarri teknikoei dagokienez, 1. puntuan adierazitako baldintzak betetzen dituztela bermatuta dago.

c) Pieza berreginak. Lehengo a) eta b) idazatietan azaldutako ordezko piezak dira, konpondu ondoren 1. puntuan adierazitako berme baldintzak betetzen dituztenak. Konponketaren jatorriari begira, mota hauek bereizten dira:

Egileek beraiek berreginak.

Egileek baimenduriko zerbitzuek berreginak.

Erakunde eskudunek berariaz baimenduriko industria espezializatuek berreginak.

d) Pieza erabiliak edo, berez, konpondu beharreko ibilgailu-motari ez dagozkionak.

9. Tailerrek erabiltzen dituzten ordezko pieza guztiak markaren jatorrizko piezak edo markakoak izanen dira, 9. artikulu honen 8.a) eta b) ataletan emandako definizioen arabera, eta konpondu behar den ibilgailu- motarentzat egokiak, honako kasuotan izan ezik:

a) 9. artikulu honetako 8.c) puntuan emandako definizioaren araberako ordezko pieza berreginak erabili ahalko dira bezeroak horretarako idatzizko baimena ematen badu eta tailerrak hitz ematen badu, idatziz halaber, ordezko pieza horiek egoera onean daudela eta behar bezalako bermea dutela.

b) Ordezko piezak edo, berez, konpondu beharreko ibilgailu-mota horrenak ez direnak erabili ahalko dira, bakar-bakarrik, ibilgailuaren elementu aktiboak edo balazta, esekidura edo direkzio sistemak ukitzen ez badira.

Gainerako kasuetan, erabili ahalko dira bezeroak idatzizko baimena ematen badu eta tailerrak idatziz hitz ematen badu erabilitako ordezko pieza horiek egoera onean daudela edo/eta ibilgailu mota horrenak ez diren piezak konpondu nahi den ibilgailuari behar bezala egokitzen zaizkiola bermatzen badu.

10. Tailerrak ezin izanen dio eskatu erabiltzaileari konponketa egiteko ordezko piezak ekar ditzan.

11. Pieza-egile inportatzaileek eta marken ordezkari ofizialek beraiek ordezkatzen dituzten marketako ordezko piezak ekarri beharko dizkiete eskaera egiten duten erabiltzaile eta tailerrei, ofizialak izan ala ez, pieza horretako izakinik baldin badute; inportazioko markak direnean, eskaera egin eta hilabeteko epearen barruan eta ibilgailu nazionaletako ordezko piezak direnean hamabost eguneko epearen barruan.

IV. KAPITULUA. DIAGNOSI ZENTROAK ETA IRIZPEN TEKNIKOAK

10. artikulua . Diagnosi zentroak

Ibilgailuak konpontzeko jarduera osatu eta laguntzeko eta haren eraginkortasuna eta razionalizazioa hobetzeko asmoz, diagnosi zentroak sortuko dira. Konponketa tailerren helburuez beste batzuk izanen dituzte, izan ere, ibilgailuetan egindako konponketa eta jarritako instalazioen kalitatea kontrolatzeaz arduratuko dira eta ibilgailuen egoera teknikoa aztertu eta egiaztatzeaz, hala egiturarena nola ibilgailuaren ekipo, sistema, zati eta osagai guztiena.

Lan hori aurrera eramateko, diagnosi zentroek zehaztuko diren baliabide material eta profesionalak izanen dituzte, luzatu behar dituzten txosten teknikoen arabera.

Diagnosi zentroen eginkizunak, ezaugarriak, baldintzak eta gainerako beharkizunak arau bidez ezarriko dira, Foru Dekretu honetako azken xedapenetan lehenean ezartzen denari jarraikiz.

11. artikulua . Irizpen teknikoak

1. Alderdi batek eskatuta nola Administrazioaren ekinbidez, ofizioz, litezkeen erantzukizunak ikertzeko, tailerren aurka irekitzen diren zehapen espedienteen izapidaketa aldian, Administrazioak txosten teknikoak eska diezazkieke ibilgailuak konpontzeko tailerren sektorearen elkarte adierazgarrienei, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei eta egoki jotzen dituen entitate edo pertsonei.

2. Espedienteen izapidaketa aldian, marka jakin bateko tailerren nola bestelakoen fakturazioa egokia dela egiaztatzeko, froga orientatzaile gisa erabili ahalko dira xedapen honetako 12.4. artikuluan aipatzen diren lan denboraren taulak eta, halaber, espedientearen instruktoreak egoki juzkatzen dituen gainerako agiriak.

V. KAPITULUA. BERMEAK ETA ERANTZUKIZUNA

12. artikulua . Erabiltzailearendako informazioa.

1. Tailer guztiek jendaurrean jarri beharko dute, modu ikusgarrian, gaztelaniaz bederen idatzitako kartel bat, non 7 milimetrotik gorako letretan adierazi beharko diren lan ordu bakoitzeko tarifak eta zerbitzu jakinetako prezioak. Bestelako zerbitzuen prezioak ere agerian jarri beharko dira, hots, tailerraren ohizko lanalditik kanpora egiten direnenak, tailerraren beraren zerbitzu ibiltariek egindakoenak eta egonaldietako eguneko gastuak.

Prezioen barruan karga guztiak sarturik egonen dira, baina ongi adierazi beharko da prezioaren zer zati dagokien zergei edo kargei.

2. Ibilgailuak konpontzeko tailer guztietan ongi agerian jarri beharko da kartel bat, non 7 milimetrotik gorako letretan kontsumitzaileen eskubideen berri eman beharko den, gaztelaniaz bederen. Testu hauek idatzi beharko dira bertan:

-"Erabiltzaile guztiek edo haien ordez aritzen direnek eskubidea dute eskatzen dituzten konponketen edo zerbitzuen aurrekontua idatziz hartzeko."

-"Aurrekontua kobratu ahalko da, bakar-bakarrik, aurrekontua eman ondoren, bezeroak konponketa tailer horretan egitea eskatzen ez duen kasuetan."

-"Konponketa edo instalazio guztiek berme hau izanen dute, gutxienez: hiru hilabetekoa (industri ibilgailuak izan ezik, horietan gutxienez hamabost eguneko bermea eskainiko baita) edo 2.000 kilometrokoa."

-"Establezimendu honek badu jendearen eskura jarduera arautzen duen Foru Dekretuaren kopia bat."

-"Erreklamazio orriak bezeroaren eskura daude. Erreklamazio horiek kontsumo arloan eskumena duten agintariei zuzendu beharko zaizkie".

3. Tailerretan begibistan izan beharko dute jendearendako zerbitzuen ordutegia, kanpotik ikusteko moduan, ohizko zerbitzuena nola bereziena, horrelakorik bada.

4. Marka jakin bateko tailer ofizialek, gainera, konponketetan erabiltzen dituzten ordezko piezen katalogoa eta tarifa eguneratuak izanen dituzte jendearen eskura; horrez gain, lan eta denboren taulak eta horiek baloratzeko sistema pezetatan emana izanen dituzte, aurretik kalkulatu daitezkeen lanetarako, fabrikatzaile nazionalak edo, egilea atzerrikoa denean, haren ordezkari legalak ekarri beharko dituenak.

5. Marka jakin bateko tailer ofizialak ez direnetan, jendearen eskura izanen dituzte konponketetan erabiltzen diren ordezko piezen jatorria eta prezioak egiaztatzeko agiriak.

6. Gordekinetan, aurrekontuetan, fakturetan eta, orohar, tailerrek ematen dituzten agirietan, erabiltzaileen eskubideak ukitzen dituzten klausulak sartzekotan, 1,5 milimetroko altuera baino handiagoa duten letretan idatzi beharko dira.

7. Debekatuta dago gordekinetan, aurrekontuetan, fakturetan eta, orohar, tailerrek ematen dituzten agirietan sartzea Foru Dekretu honetan eta indarra duten gainerako xedapenetan ezarritakoaren aurka jotzen duen edonolako klausularik.

13. artikulua . Onartzeko eskubidea

1. Tailer guztiak beharturik daude bezeroak onartzera, eskaera ezarritako ordutegiaren barruan egiten bada.

Bermeak estaltzen dituen zerbitzuetan ez da inolako atzerapenik izanen.

2. Foru Dekretu honetako 3.1.b) artikuluan aipatu diren tailer ofizialek eskubidea izanen dute beren marketakoak ez diren ibilgailuak ez hartzeko.

14. artikulua . Aurrekontua eta gordailuaren gordekina

1. Erabiltzaile guztiek edo haien ordez aritzen diren pertsonek eskubidea dute idatzizko aurrekontua eskatzeko.

Aurrekontu horrek hamabi egun balioduneko balioa izanen du, gutxienez.

2. Aurrekontuan honako datu hauek eman beharko dira:

a) Foru Dekretu honen 5. artikuluan aipatu erregistroan tailerrak duen zenbakia, identifikazio fiskala eta helbidea.

b) Erabiltzailearen izena eta helbidea.

c) Ibilgailuaren identifikazioa: marka, modeloa, matrikula eta egin duen kilometro kopurua.

d) Egin beharreko konponketak, konpondu edo aldatu beharreko elementuak eta egin beharreko gainerako lanak eta erabiltzaileak guztira ordaindu behar duen prezioa, atalez atal emana.

e) Aurrekontua onartuz gero, ibilgailua konpondu ondoren, zein egunetan emanen den.

f) Eguna eta zerbitzua ematen duenaren sinadura.

g) Aurrekontuak zenbat egunetako balioa duen (hamabi gutxienez).

h) Data eta erabiltzailearen adostasun-sinadura jartzeko hutsunea utzi beharko da.

3. Aurrekontua egiteagatik kobratu beharrekoari buruz, honakoa xedatu da:

a) Aurrekontua kobratu ahalko da, bakar-bakarrik, aurrekontua eman ondoren, bezeroak konponketa tailer horretan egitea eskatzen ez duen kasuetan, beti ere tailerrak gordailuaren gordekinean adierazi baldin badu aurrekontua prestatzeko egin beharreko lana eta horren prezioa. Eman beharreko fakturan adierazi beharko dira matxura antzemateko egin behar izan diren lanak eta horietako bakoitzaren prezioa.

b) Denbora gehiago behar dutela behar bezala justifikatu, horren berri bezeroari eman eta honen idatzizko baimena izan ezik, aurrekontuaren prezioak ez du gaindituko marka bakoitzak edo horien tailer ofizialek dituzten lan denborako tauletan agertzen den ordu bakoitzeko prezioa aplikatzearen ondorioz ateratzen den kopurua, hau da, matxura antzemateko eta, aurrekontua egiteko utzi zenean, ibilgailua zegoen egoera berean uzteko beharrezkoak diren lan orduei dagokiena. Kopuru horri gehitu ahalko zaio, ibilgailua tailerrean utzi zeneko egoera berera ekartzeko behar izan diren materialen jendearendako salmenta prezioa.

4. Bezeroak aurrekontua egiterik ez badu nahi, hala adierazi beharko du berariaz gordailuaren gordekinean, "ez dut aurrekonturik nahi" edo antzeko esaldiren bat adieraziz eta sinadura jarriz.

5. Bezeroak ez badu aurrekontua onartzen, aurrekontua eskatzeko ibilgailua utzi zueneko egoeran itzuliko zaio.

6. Zerbitzua ematen hasiko da erabiltzaileak berak, edo horrek baimenduriko pertsonak, adostasuna eman ondoren, bai aurrekontua sinatu duelako edo, 15.4. idazatian adierazi den moduan, aurrekontuari uko egin diolako.

7. Tailerrak ezin izanen du gordailuan utzitako ibilgailua erabili, egindako edo egin beharreko konponketari loturiko frogetarako izan ezik. Hortaz, ezin izanen du inolaz ere erabili ahalko bere edo hirugarrenen intereseko erabileretarako, jabearen berariazko baimenik izan gabe.

8. Ibilgailua konpontzen ari den bitartean, ustekabeko matxura edo akatsik antzematen bada, erabiltzaileari jakinarazi beharko zaio, horien konponketaren prezioarekin batean. Erabiltzailearen berariazko adostasunik izan gabe, ezin izanen da horrelakorik konpondu.

9. Ibilgailua tailerrean uzten den kasu guztietan, dela aurrekontua egiteko, dela aurretik onartutako konponketa bat egiteko, tailerrak ibilgailuaren gordailuaren gordekina eman beharko dio erabiltzaileari. Aurrekontu idatzia egin baldin bada, tailerrak eta erabiltzaileak berak sinatua, gordailuaren gordekinaren balio berbera izanen du.

9.1. Gordailuaren gordekinean honako datuok azaldu beharko dira gutxienez:

a) Foru Dekretu honen 5. artikuluan adierazitakoaren arabera, dagokion Erregistroan tailerrak duen zenbakia, identifikazio fiskala eta helbidea.

b) Erabiltzailearen izena eta helbidea.

c) Ibilgailuaren identifikazioa: marka, modeloa, matrikula eta egin duen kilometro kopurua. Horrez gain adierazi beharko da zertarako utzi den ibilgailua, aurrekontua egiteko ala konpontzeko.

d) Ibilgailua konpontzeko utzi baldin bada, konponketaren edo egin beharreko lanaren azalpen zehatza eta horien prezioa, aurretik ezaguna baldin bada.

e) Ibilgailua aurrekontua egiteko utzi baldin bada, matxura antzemateko egin behar diren lanen azalpen zehatza eta horien prezioa.

f) Eskaturiko aurrekontua edo ibilgailu konpondua zein egunetan ematea aurreikusi den.

g) Eguna eta zerbitzua ematen duenaren sinadura.

9.2. Hala aurrekontua hartzeko nola ibilgailua eramateko beharrezkoa izanen da gordekina aurkeztea.

9.3. Gordekina galduz gero, erabiltzaileak bere nortasuna egiaztatu beharko du, zuzenbidean baliozkoak diren baliabideren bat erabiliz.

10. Eskaturiko aurrekontua edo ibilgailu konpondua emateko epea, gordailuaren gordekinean adierazitakoa izanen da. Tailerrei egotzi ezin zaizkien ustekabeko gorabeherak direla eta, epea ezin baldin bada bete edo aurrekontuan adierazitako piezen prezioa aldatu beharra badago, interesatuari jakinarazi beharko zaio lehenbailehen.

11. Erabiltzaileak edozein momentutan atzera egin dezake kontrataturiko konponketa edo zerbitzuan. Horrelako kasuetan, ibilgailua hartu arte egin diren lanak ordaindu beharko ditu.

12. Aurrekontuak eta gordailuen gordekinak bikoizturik emanen dira, horietako bat bezeroak eraman dezan. Beste kopia tailerraren esku geldituko da, eta urte batez gorde beharko du gutxienez, bermea bukatzen denetik edo, konponketa egiten ez bada, eman den egunetik kontatzen hasita.

15. artikulua . Ordainagiria eta egonaldiko gastuak

1. Tailer guztiak beharturik daude bezeroari faktura zenbakitu bat ematera, behar bezala sinatua, zigilatua eta sailez sail emana. Honako datu hauek agertu beharko dira: sortu diren mota guztietako ordain-karguak, egindako lanak, erabilitako pieza edo elementuak eta sarturiko lan-orduak, Foru Dekretu honen 13 eta 15. artikuluetan adierazitakoaren arabera, kontzeptu bakoitzari dagokiona adieraziz.

2. Tailerrak egiten dituen lan edo ordezten dituen piezei buruzko informazio idatzia eman beharko dio bezeroari, nahiz eta konponketa bermealdian egin.

3. Konponketa batean piezaren bat aldatu beharra baldin badago, tailerrak ezin izanen du handitu pieza horiek duten jendearendako salmenta prezioa. Horrelakoetan, bezeroak eskubidea izanen du konponketan erabili diren piezei dagokien emate-agiria edo ordainagiria ikusteko.

4. Piezen konponketetan ezin izanen da kobratu, pieza beroriek aldatuz gero kobratuko litzatekeena baino gehiago.

5. Ibilgailuaren egonaldiko gastuak kobratu ahalko dira, bakar-bakarrik, aurrekontua egin edo ibilgailua konpondu eta bezeroari jakinarazita, hiru egun balioduneko epean ez badu ezer adierazten aurrekontuari buruz edo ibilgailua ez badu eramaten. Nolanahi ere, egonaldiko gastu horiek kobratu ahal izateko, ibilgailuok tailerren babespeko lokaletan gordeak behar dute izan. Aipatu epea amaitu eta ondorengo egunei dagokiena kobratu ahalko da, baina beti ere gordailuaren gordekinean bezeroari horren berri eman baldin bazaio eta horren prezioa bertan finkatu baldin bada.

6. Erabiltzaileak eskubidea du faktura ordaindu baino lehen egindako lan, konponketa eta tailerren instalazioak in situ aztertzera.

7. Ordainagirian berariaz adierazi beharko dira, 1,5 milimetrotik gorako letretan, konponketaren bermearen iraupena eta baldintzak. Bermealdi hori ez da inolaz ere izanen Foru Dekretu honen 16. artikuluan aurreikusitakoa baino laburragoa.

16. artikulua . Konponketen bermea

1. Tailerretan egiten diren konponketa eta instalazio orotan, gutxienez, artikulu honetan ezartzen den bermea eskainiko da.

2. Derrigorrezko gutxienezko bermealdia hiru hilabetekoa izanen da, industri ibilgailuetarako izan ezik, hamabost egunekoa izanen baita. Berme hori aldez aurretik iraungiko da, ibilgailuak epe horretan bi mila kilometro baino gehiago egiten baditu, hori guztia konponketan erabilitako piezek bermealdi luzeagoa duten kasuetan izan ezik, orduan horrek izanen baitu indarra. Bermealdia ibilgailu konpondua entregatzen den egunean hasiko da eta indarra izanen du baldin eta bermeak estaltzen dituen zatiak beste hirugarren batzuek ez badituzte manipulatu edo konpondu, edo matxura erabiltzaileak gaizki erabili izanaren ondorioz sortu ez bada.

3. Bermea osoa izanen da, materialak eta esku-lana barne, eta gastu guztiak hartuko ditu bere baitan, baita behar diren garraio gastuak, ibilgailua mugitu ezin den kasuetan langileak haraino joatekoak eta, halaber, lan horien zerga tasa.

4. Konpondu diren zatietakoren bat matxuratzen bada bermealdiaren barruan, tailer interesatuak, bezeroak hala eskatuta, dohainik konpondu beharko du matxura hori eta lan horren egiaztagiria luzatu.

Horrelako kasuetan, tailerrak jakinarazi beharko dio bezeroari nork eginen duen konponketa berria: bermea eskaini duen tailerrak berak edo bere izenean aritzen den beste batek.

5. Ibilgailua konpontzeko piezak erabiltzaileak berak ekartzen baldin baditu, bide segurtasuna arriskutan ez jartzeko modukoak izanen dira. Pieza horiek muntatzen dituen tailerrak ez du horien gaineko bermerik emanen.

6. Arestiko 15. artikuluko 7. puntuan ezarritakoari jarraikiz, aurreko konponketaren batean antzeman diren matxura edo akatsen berri emanik, bezeroak konponketa hori onartu ez badu eta gero batean sortzen den huts mekanikoa haien ondorioa izan bada, tailerrak ez du matxura horren gaineko erantzukizunik hartuko, beti ere matxura konpondu beharra eta bezeroaren ez-onarpena ordainagirian ageri baldin badira.

7. Aurreko guztia aplikatuko da deusetan galarazi gabe Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Legearen VIII. kapituluan xedatutakoa, hortan ezartzen baita berme eta erantzukizunen araubidea.

17. artikulua . Erreklamazioak.

1. Ibilgailuak konpontzeko tailer guztietan "Erreklamazio orriak" izanen dira bezeroen eskura, gaztelaniaz bederen, Foru Dekretu honen III. eraskinean ezartzen den eredu ofizialaren araberakoak. Paper sorta horren jatorrizkoa txuria izanen da, kopia bat arrosa eta bestea horia.

Erreklamazio orriak, Nafarroako Gobernuaren barruan, kontsumo arloan eskumena duten erakundeek igorriko dizkiete legez eratutako tailerrei, horiek beraiek eskatuta.

a) Erreklamazioak Nafarroako Gobernuaren barruan kontsumo arloan eskumena duten erakundeei igorriko zaizkie, ibilgailua eman edo bermeldia amaitu eta, gehienez ere, bi hilabeteko epearen barruan.

b) Erabiltzaileak izen-abizenak, helbidea, NAN edo pasaportearen zenbakia, ibilgailuaren titularrarekin duen harremana eta inprimakian agertzen diren gainerako datuak eman beharko ditu, argi eta garbi adieraziz erreklamazioa ekarri duten egintzak. Erreklamazioaren eguna ere ageri beharko da.

c) Tailerrak erreklamazio-orrietan berarentzat erreserbaturik dauden datuak eman beharko ditu. Erabiltzailearen ereklamazioaren zioak eta berak proposatzen duen irtenbidea idatzi ondoren, erreklamazio orria tailerreko titularrak edo arduradunak sinatu ahalko du eta idatzitakoari buruz egoki juzkatzen duena erantsi, horretarako finkatu den tokian.

d) Erabiltzaileak Nafarroako Gobernura igorriko du erreklamazio orriaren jatorrizkoa, kontsumo arloan eskumena duten erakundeetara, eta horren kopia bat berarentzat gordeko du eta bestea tailerrari emanen dio.

e) Erreklamazioaren jatorrizkoarekin batera, bezeroak igorriko ditu egintzak hobeki ezagutzeko behar diren agiri edo frogak, batez ere ordainagiri, aurrekontu edo gordekinakNota de Vigencia.

2. Erreklamazio orririk ez badago, edo ez bazaizkio ematen, erabiltzaileak beste edozein moduz aurkeztu ahalko du erreklamazioaNota de Vigencia.

3. Erabiltzaileak erreklamazioan atzera egiten badu, artxibatuko da, deusetan galarazi gabe, gerta daitezkeen irregulartasunak azterturik, Admininistrazioak ofiziozko espedientea irekitzeko duen ahalmenaNota de Vigencia.

4. Espediente bat izapidatu ondoren, ondorioztatzen bada emandako zerbitzuen kalitateari edo eskainitako bermeari dagokionez, arduragabeki edo iruzur egiteko asmoz jokatu dela, ebazpenean egoki juzkatzen diren alderdiei buruzko testigantzak emanen dira erabiltzailearen alde, honek, nahi izanez gero, eskumena duen jurisdikzioan behar diren egintzei ekin diezaienNota de Vigencia.

5. Erabiltzaileak dituen eskubide eta beharkizunen berri zehatza izan dezan, tailer guztiek izanen dute bezeroen eskura Foru Dekretu honen kopia irakurgarri on bat, aztertu ahal izateko.

VI. KAPITULUA. ESKUMENAK, ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

18. artikulua . Eskumenak

Nafarroako Gobernuko Industri Zuzendaritza Nagusiak eta Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusiak, nork bere eskumenen esparruan, begiratuko du Foru Dekretu honetan xedatutakoa bete dadin.

19. artikulua . Arauhausteak

1. Foru Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, eta deusetan galarazi gabe uztailaren 19ko 26/1984 Legean eta ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuan, kontsumitzaileen defentsaren arloko eta elikagaien nekazaritzako produkzioaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautu zituen horretan, xedatutakoa, arlo honetako arau-hauste berariazkotzat honako hauek hartuko dira:

a) Marken izenak agerian izatea, Foru Dekretu honen 8. artikuluan ezarritakoa urratuz.

b) Tailerrak duen espezialitateari ez dagozkion lanak egitea.

c) Behar ez diren piezak aldatzea, horren ondorioz erabiltzailearendako kostua justifikatu gabe igotzen bada edo ibilgailua kalte balezakete, eta erabiltzailea behartzea berak eskatu ez dituen pieza osagarriak eros ditzan.

d) Pieza, elementu edo ekipo aurretik erabiliak baimenik gabe jartzea, halaber, egokiak ez direnak eta markatu edo/eta homologatu gabeak, horrelako betebeharrak aginduzkoak direnean, eta ibilgailuaren elementu, zati, osagarri edo gobernurako likidoak jabearen baimen berariazkoa izan gabe hartzea edo erabiltzea.

e) Aurrekontua egin nahi ez izatea edo, hura eskatzeagatik, ibilgailua onartzeko erreparo, atzerapen edo diskriminaziorik erakustea, eta ibilgailuak dituen matxura edo kalteei ez dagozkien aurrekontuak egitea, hala horien azalpenetan nola balorazioan.

f) Tailerrak ematen dituen gordailuen gordekinetan, aurrekontuetan, ordainagirietan edo bestelako edozein agiritan, dekretu honetan eta arlo honetan indarra duten gainerako xedapenetan ezarritakoaren aurka jotzen duten klausulak sartzea.

g) Foru Dekretu honetako 15. artikuluak ezartzen duena biltzen ez duten ordainagiriak luzatzea.

h) Ordainagirietan egin ez diren lanak edo konponketan erabili ez diren ordezko pieza edo osagarriak sartzea eta aplikatzen diren prezioak ezarrita, baimenduta edo deklaratuta daudenak baino askoz ere garestiagoak izatea.

i) Lanen aurrekontuan adierazitako kopurua eta gordailuaren gordekinean adierazitakoa bat ez etortzea eta aurrekontua egiteagatik kobratzea, zerbitzua tailer horretan berean egiten bada.

j) Ezarritako prezioaren edo onartutako aurrekontuen gainetik tailerrak jasotako dirua bezeroari itzuli nahi ez izatea.

k) Erreklamazio orririk ez izatea edo erakutsi nahi ez izatea.

l) Tailerrak ibilgailua erabiltzea bere ardurapeko eginkizunetarako, jabearen berariazko baimenik gabe.

m) Orohar, Dekretu honetan eta garatzeko emanen diren arauetan bildutako aginduak ez betetzea. Arau-hauste horiei bidezko zehapena ezarriko zaie, Nafarroako Gobernuko Industria Zuzendaritza Nagusiak eta Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusiak, nork bere eskumenen esparruan, irekiko duten zehapen espedientea izapidatu ondoren.

n) Artikulu honetan aipatu zehapenak kalifikatzeko, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren 35. artikuluan eta Kontsumitzaileen defentsaren arloko eta elikagaien nekazaritzako produkzioaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautu zituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

20. artikulua . Zehapenak.

1. Foru Dekretu honetan aipatzen diren arau-hausteak isunen bidez zehatuko dira, honako eskalaren arabera:

Arau-hauste arinak, 500.000 pezeta bitarte.

Arau-hauste larriak, 2.500.000 pezeta bitarte, eta hortik gora ere, arau-haustea antzeman deneko zerbitzuaren balioaren halako bost arte.

Arau-hauste oso larriak, 100.000.000 pezeta bitarte, eta hortik gora ere, arau-haustea antzeman deneko zerbitzuaren balioaren halako bost arte.

2. Arau-hauste oso larria egin baldin bada, establezimendua, instalazioa edo zerbitzua itxi ere, itxi egin daiteke, bost urtez gehienez.

3. Arestian emandako diru-kopuru horiek aldian behin berrikusi eta eguneratuko ditu Nafarroako Gobernuak, kontsumorako prezioen indizearen aldaketen arabera.

Xedapen Iragankorra

Ibilgailuak konpontzeko tailerrek hiru hilabeteko epea izanen dute Foru Dekretu honetan xedatutakoari egokitzeko, indarra hartzen duenetik aurrera.

Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honetan xedatutakoa gorabehera, ibilgailuak konpontzeko tailerren zerbitzuaren kontrako erreklamazioetan kontsumoko sistema ebazlea ere aplikatuko da.

Azken Xedapenak Lehena

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu honetan xedatutakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko maiatzaren bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERASKINA. Ibilgailuak konpontzeko tailerrak Erregistro Berezian inskribatzeko behar duten gutxieneko ekipamendua, arlo eta espezialitateen arabera

I. ERASKINA

Mekanika

Ekipoetarako, abiadura-kaxaren motorerako, direkziorako eta ardatz, gurpil eta balaztetarako tresna eta erremintak.

Konpresioa neurtzeko tresnak.

Prentsa hidraulikoa.

1.000 kilogramorainoko pisua altxatzeko garabia edo igogailua.

Bira-kontagailua, 6.000 rpm-rainokoa.

Eskuzko daratulua, 10 mm-ko diametrokoa.

Zulogune edo igogailu egoki bat.

Katu hidraulikoa, gurditxoaren gainekoa.

Lan-mahaiak eta garraiorako gurditxoak.

Lan tresna sortak, esku-erremintak eta material osagarria.

Elektrizitatea

Pizteko sistemaren kontrolagailua.

Indukzio sistemaren kontrolagailua.

Bateriak kargatzekoa.

Soldagailu elektrikoa.

Azidoetarako pisua.

Proiektoreak aztertzeko aparatua.

Lan-mahaia eta garraiorako gurditxoak.

Lan tresna sortak, esku-erremintak eta material osagarria.

Karrozeria

Xafla konpontzeko ekipo osoa (tinkagailua, bankada eta tresna osagarriak).

Soldadura elektrikorako ekipoa.

Soldadura autogenorako ekipoa.

Puntuzko soldadura egiteko ekipoa.

Harri elektrikoa.

Ore gogorra emateko pistola.

Lan tresna sortak, esku-erremintak eta material osagarria.

Pintura

Pintura pistola bidez emateko ekipoa.

Pintatzeko kabina edo toki egoki bat.

Lixagailua.

Ore gogorrak emateko pistola.

Pintura tresna sortak, espatulak eta material osagarria.

Motozikletak

Konpresore bat.

Lan mahai bat, tornuzila duena.

Daratulu bat eskuzkoa edo elektrikoa, 0-12 mm-koa.

Giltza dinamometriko bat, 5 kilogramokoa.

Barauts sorta bat.

Makinak finkatu eta altxatzeko astoak.

Xaflarako guraizeak.

Giltza finkoen sorta bat.

Giltza estu eta lauen sorta bat.

Giltza ukondotuen sorta bat.

Edalontzi-giltza artikulatuen sorta bat.

Azalerak egiaztatzeko marmol bat.

Mailu burubiribil bat.

Presio-aliketa batzuk.

Zizel sorta bat.

Zerra-uztai bat, metalak ebakitzekoa.

Bihurkin sorta bat: talka egitekoak, launak eta izardunak.

Planoak egiaztatzeko erregela bat.

Neumatikoak konpontzekoak

Aire-konpresore bat.

Katu hidrauliko bat.

Kamarak konpontzeko makina.

Gurpil-estalkiak desmontatzeko makina automatikoa.

Gurpil ekipoak orekatzeko makina.

Neumatikoak puzteko makina.

Mailuak.

Giltza gurutzedunak.

Astoak.

Erreminta sorta bat, giltza finkoak, tutu-erakoak eta izar giltzak.

Erradiadoreak konpontzekoak.

Erradiadoreen ihesak antzemateko ontzia.

Lan mahai bat, tornuzila duena.

Harri bat.

Oxi-azetilenozko soplete sorta bat.

Banku gaineko daratulua.

Xaflak tolesteko makina bat.

Erradiadoreak pintatzeko aerosoleko sistema.

Ihesak antzemateko aire-konpresore bat.

Gas naturalezko edo butanozko soplete sorta bat, eztainuzko soldadurak egiteko.

Injekzio ekipoak konpontzekoak.

Saiakuntza bankua, ISO arauen araberakoa.

Gasa kentzeko ekipoa.

Presio bidezko aire-instalazioa.

Ponpen estankotasuna neurtzeko ontzia.

Piezak garbitzeko tokia, lan-gunetik kanpora.

Giltza dinamometriko bat, 16 m.kg-rainokoa.

Injektoreak probatzekoak.

Ponpa eta erreguladoreak aztertu eta konpontzeko berariazko erremintak.

III. ERASKINA. IBILGAILUAK KONPONTZEKO TAILERRAK

III. ERASKINA

Erreklamazio orria

a) Erreklamazio orri hau Administrazioak ibilgailuak konpontzeko tailerretako bezeroen eskura jartzen duen baliabidea da, zerbitzuarekin dituzten desadostasunak tailerrean betan adierazteko.

b) Erabiltzaileak izen-abizenak, nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen zenbakia, ibilgailuaren titularrarekin duen harremana eta inprimakian eskatzen diren gainerako datuak adierazi beharko ditu. Horrez gain, argi eta garbi azaldu beharko du zerk eragin duen erreklamazioa eta zein egunetan egin den.

c) Tailerrak erreklamazio orrian eskatzen diren identifikazio datuak idatzi beharko ditu. Erabiltzaileak erreklamazioaren zergatia adierazi ondoren, erreklamazio orria tailerreko titularrak edo arduradunak sinatu ahalko du eta idatzitakoari buruz egoki juzkatzen duena erantsi, horretarako finkatu den tokian.

d) Ibilgailua ematen denetik edo, bestela, bermealdia bukatzen denetik hasita bi hilabeteko epearen barruan, erabiltzaileak kontsumo atalera igorriko du erreklamazio orriaren jatorrizkoa (kopia txuria); kopia horia berarentzat gordeko du eta arrosa kolorekoa tailerreko arduradunari emanen dio.

e) Erreklamazio orriaren jatorrizkoarekin batera, bezeroak igorriko ditu egintzak hobeki ezagutzeko behar diren agiri edo frogak, batez ere ordainagiri, aurrekontu eta gordekinak.

Koadro gorri honetako datuak tailerrak idatzi beharko ditu.

(Tailerraren izena edo izen soziala eta identifikazio fiskaleko zenb.)

(Helbidea) (Herria) (Telefonoa)

ERREKLAMAZIO EGILEAK BETE BEHARREKOA

199...(e)ko........aren......(e)an. Ordua:.... (aitorpenaren data)

Erreklamazio egilearen izena:

Nazionalitatea N.A.N. edo pasaportea

Helbidea

(Kalea edo plaza, probintzia edo herria eta telefonoa)

Ibilgailuaren datuak Titularrarekin duen harremana

(marka, modeloa eta matrikula)

Erreklamazioaren zergatiak eta xedea:

(Interesatuaren sinadura)

Tailerraren alegazioak:

(Tailerraren zigilua eta sinadura)

Nafarroako Gobernua

Industri, Merkataritza, Turismo

eta Lan Departamentua

Erreklamazio egileak hona bidali behar du jatorrizkoa: Kontsumo Atala, Blas de la Serna kalea 1, Fuerte del Principe II. eraikina, 4. oina, 31005-Iruña.

Iragarkiaren kodea: A9704206

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web