(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

104/1997 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 14KOA, "NAFARROAKO KARLOS III.A PRESTUAREN GURUTZEA" KONDEKORAZIOA SORTZEN DUENA.

BON N.º 53 - 02/05/1997



Atariko

Nafarroako aurrerapenari beren jardunari dagokion esparrutik lagundu dioten edo Foru Komunitatea gure mugetatik landa erakutsi duten pertsona eta erakundeen merezimenduak nabarmentzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak egoki jo du kondekorazio bat sortzea, pertsona edo entitate horiek gizarte osoari egin ekarpena dela-eta publikoki onartzeko.

Nafarroako Gobernuaren aburuz komenigarria da kondekorazio horri Karlos III.a Prestuaren izena ematea, errege hori biziki nabarmendu baitzen Nafarroako erregeen artean, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen aldeko ekinbideengatik eta Europako gainerako gorteekin ezarri zituen harreman baketsu eta laguntasunezkoengatik.

Horrenbertzez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko apirilaren hamalauan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

"Nafarroako Karlos III.a Prestuaren Gurutzea" kondekorazioa sortu da, Nafarroako aurrerapenari beren jardunari dagokion esparrutik lagundu dioten edo Foru Komunitatea gure mugetatik landa erakutsi duten pertsona eta erakundeak nabarmentzeko asmoz.

2. artikulua

Karlos III.a Prestuaren Gurutzea Foru Dekretu bidez emanen da, kondekorazio hori emateko kontuan hartu diren merezimenduak bilduko dituen administrazio espedientea ikusi ondoren.

Kondekorazioa ematen duen Foru Dekretua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emanen da.

3. artikulua

Kondekorazioa Maltako gurutzea da; lau beso izanen ditu, gorriz esmaltatu eta urrez inguratuak, eta horietako bakoitzaren gainean urrezko lili bana. Erdi-erdian, esmaltean, Karlos III.a Prestuaren irudia, eserita, Nafarroako Errege Agiritegi Nagusian dauden argizarizko zigiluetako bat irudikatzen duena, hori ere urre koloreko Nafarroako kateez inguratua. Atzealdean Nafarroako armarri ofiziala, "Comunidad Foral de Navarra" esaldiaren eta "Cruz de Carlos III el Noble de Navarra" leloaren gainean.

Gurutzearen miniatura eginen da arruntean erabiltzeko. Kondekorazioaren diseinua Foru Dekretu honen eranskinekoa izanen da.

4. artikulua

Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo kontseilariak edo horren ordez arituko denak emanen du ekitaldi ospetsuan Karlos III.a Prestuaren Gurutzea.

Azken Xedapenak Lehena

Lehendakaritza eta Barne kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko apirilaren hamalauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9703688

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web