(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

13/2006 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 20KOA, GIZA KONTSUMORAKO EZ DIREN ABERE-AZPIPRODUKTUAK ARAUTZEN DITUENA

BON N.º 31 - 13/03/2006



  I. KAPITULUA. XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA


  II. KAPITULUA. GIZA KONTSUMORAKO EZ DIREN ABEREAZPIPRODUKTUEN OPERADOREEN KONTROLA


  III. KAPITULUA. ZEHAPENEN ARAUBIDEA


Atariko

1

Foru dekretu hau onesten da Nafarroako Foru Komunitateak bere foru araubidearen ondorioz nekazaritza eta abeltzaintza gaietan duen eskumen osoa erabiliz, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, bai eta barne osasunaren eta higienearen arloko eskumenak eta ingurumen nahiz ekologiakoak ere erabiliz, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 50.1.a), 53.1 eta 57.c) artikuluetan zehazten den bezala.

2

Behi-aziendaren entzefalopatia espongiformeak Europar Batasunean sortu duen krisiaren eta pasa diren urteotan elikadura arloan gertatu diren beste arazo batzuen ondorioz, erakundeek zenbait xedapen eman behar izan dituzte, elikadura katean pertsonen edo animalien osasunarentzat kaltegarria den produkturik sar ez dadin.

Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak abere hilen suntsipenari buruzko zenbait xedapen ematen du bere 26. artikuluan.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko urriaren 3an emandako 1774/2002 Erregelamenduak (EE), giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuei zer osasun arau aplikatu behar zaizkien ezartzen duenak, azpimarratu egiten du azpiproduktu horiek, batez ere animalien elikaduraren bidez, elikadura katean ez sartzeko erabakia.

Erregelamendu horrek, bere artikuluetan eta eranskinetan, arautzen ditu giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuen ekoizpena, biltzeko kudeaketa, garraioa, biltegiratzea, manipulazioa, eraldaketa, erabilpena, merkaturatzea eta deuseztapena, eta, horretaz gainera, prozesu honetan, ekoizpenetik deuseztapenera bitarte, esku hartzen ahal duten enpresen ezaugarriak ezartzen ditu.

Aipatutako arau hori artikuluen aldetik hain zabala izan eta zuzenean aplika badaiteke ere, beharrezkoa da berariazko xedapen batzuk ezartzea, arauaren aplikazioa, hain zuzen ere, are gehiago errazteko. Estatu osorako eraginarekin, azaroaren 21eko 1429/2003 Errege Dekretua onetsi zen, giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuei dagokienez, Batasuneko araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituena.

Beraz, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitatearentzako esparru egoki bat finkatzea, haren barrenean behar diren azpiegiturak sortu ahal izateko, operadoreek ahalik eta baldintzarik hoberenetan bete ahal izan ditzaten araudi honetatik datozen betebeharrak eta Administrazioak behar diren kontrolak egin ahal izan ditzan.

3

Foru dekretu honen I. kapituluak zehazten ditu bere xedea eta aplikazio eremua.

4

II. kapituluan abere-azpiproduktuen operadoreen kontrolerako behar diren xedapenak ematen dira, kontuan harturik operadore horien aipamena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduan (EE) egiten dela. Horretarako, Operadoreen Erregistroa ezarri, hartan inskribatzeko prozedura azaldu eta operadoreen betebeharrak zehaztu egiten dira.

5

III. kapituluan zehapenen araubideari dagozkionak arautzen dira.

6

Foru dekretu hau prestatzeko prozeduran jendaurrean egoteko epearen tramitea ere bete da.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta seiko otsailaren hogeiko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Europako Parlamentuaren eta Kontsei- luaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduan (EE), giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuei aplikagarriak zaizkien osasun arauak ezartzen dituen hartan, aipatzen diren 1, 2 eta 3. kategorietako material-operadoreak modu egokian kontrolatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Foru dekretu honetako xedapenak Nafarroako Foru Komunitatean lanean aritzen diren 1, 2 eta 3. kategorietako material-operadoreei aplikatuko zaizkie.

3. artikulua . Definizioak.

1. Foru dekretu honetan aplikatuko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduan (EE) eta hura osatzen duten gainerako xedapenetan biltzen diren definizioak.

2. Foru dekretu honetan erabiltzen den "operadore" hitzak bere baitan hartzen ditu giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuak ekoitzi, bildu, garraiatu, biltegiratu, manipulatu, eraldatu, erabili, merkaturatu eta deuseztatzeko jardueretan diharduten ustiategi, entitate, enpresa eta pertsona fisiko nahiz juridiko guztiak.

3. Foru dekretu honetan "abere-azpiproduktu" direlakoei buruz egiten diren aipamen guztiak, giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuentzat eginak direla ulertuko da.

II. KAPITULUA. GIZA KONTSUMORAKO EZ DIREN ABERE-AZPIPRODUKTUEN OPERADOREEN KONTROLA

4. artikulua . Giza kontsumorako ez diren abereazpiproduktuen operadoreen Erregistroa.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, Giza Kontsumorako ez diren Abere-azpiproduktuen Operadoreen Erregistroa sortzen da.

2. Erregistro honetan inskribatu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako operadore guztiak, jardunean hasi aurretik, batere ukatu gabe foru dekretu honetako 6. artikuluan eta xedapen iragankor bakarrean ezarritakoa.

Foru dekretu honen ondorioetarako, operadore bat Nafarroako Foru Komunitatean kokatutzat joko da bere helbidea, sozietatearen egoitza edo establezimenduak komunitate honetan dituenean.

3. Produktu hauen garraioan erabiltzen diren ibilgailuak ere inskribatu beharko dira; hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden operadoreenak.

4. Erregistro honetan operadoreen jarduna modu egokian kontrolatzeko behar diren datuak bilduko dira, eta publikoa izanen da, batere ukatu gabe datu pertsonalak babesteari buruzko legerian ezarritakoa.

5. artikulua . Inskribatzeko prozedura.

1. Operadoreek beren eskabidea aurkeztu beharko dute horretarako prestatutako inprimakian, eta harekin batera instalazioen, jardueraren eta erabilitako kilogramoen kopurua zehazten dituen txosten bat eta jarduerarako behar diren baimenen jabe direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Ibilgailuak inskribatzeko, bakoitzaren dokumentazio teknikoa ere erantsi beharko da.

2. Behin egiaztatuz gero Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduan (EE) ezarritako baldintzak betetzen direla, orduan eginen da Erregistroko inskripzioa. Ibilgailuentzat, inskripzioa egiaztatzen duen txartela ere emanen da.

3. Eskabideari buruzko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean jakinarazi beharko da. Epe hori iragaten bada ebazpenari buruzko jakinarazpenik gabe, ulertuko da eskaera baietsi dela eta Erregistroko inskripzioa egin eginen da.

4. Erregistroko inskripzioak lau urteko balioa izanen du. Epe hori amaitzen denean, inskripzioa berritzeko eskaera egin beharko da.

5. Operadoreek Erregistroan inskribatzeko aurkeztutako egiaztagirietan eta txosteneko datuetan gertatzen diren aldaketa guztiak jakinarazi beharko dituzte.

6. Erregistroan inskripzioa egiteak ez du salbuesten behar diren beste baimen batzuk edukitzetik, alegia, osasun publikoari eta abere osasunari buruz indarra duen legerian, edo nekazaritza-industriako, industriako, ingurumeneko eta hirigintzako jarduerei dagozkienetan eskatzen direnetatik.

6. artikulua . Erregistroan inskripzioa egitetik salbuetsitako operadoreak.

1. Ez dute Operadoreen Erregistroan inskripzioa egin beharrik izanen Foru Komunitateko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako abeltzaintzako ustiategiek, ezta abere-jatorriko produktuak merkaturatzen dituzten eta Elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduen Erregistroan inskribaturik dauden txikizkako nahiz handizkako establezimenduek ere, baldin eta, hurrenez hurren, abeltzaintzaz eta merkataritzaz kanpoko bestelako jardueretan jarduten ez badute.

2. Aurreko atalean aipatutakoa batere ukatu gabe, operadore hauek beraiek sortutako abere-azpiproduktuak garraiatzeko ibilgailuak (atoiak eta ongarria barreiatzeko erabiltzen diren gainerako makinak izan ezik) Operadoreen Erregistroan inskribatu beharko dituzte.

3. Foru Komunitatetik kanpo kokatutako operadoreek, baldin eta abere-azpiprodukturik erosi edo haiekin zerikusia duen zerbitzurik ematen badiete Nafarroan kokatutako operadoreei, azken horien aurrean egiaztatu beharko dute badutela jarduera horretarako baimena, beraien autonomia erkidegoak emana.

7. artikulua . Erregistroaren egitura.

1. Erregistroak atal hauek ditu:

a) Abeltzaintzako ustiategiak.

b) 1, 2 eta 3. kategorietako materiala biltzeko kudeatzaileak.

c) 1, 2 eta 3. kategorietako materiala garraiatzeko ibilgailuak.

d) Hiltegiak.

e) Txikizkako eta handizkako merkatarien beste establezimendu batzuk, giza kontsumorako abere-produktuak erabili eta 1, 2 edo 3. kategoriako abere-azpiproduktuak sortzen dituztenak.

f) Errausketako edo errausketa partekatuko plantak, ahalmen handi edo txikikoak.

g) 1, 2 eta 3. kategorietako eraldaketa plantak.

h) 1, 2 eta 3. kategorietako planta ertainak.

i) 1, 2 eta 3. kategorietako biltegiak.

j) Biogas plantak.

k) Konpostatze plantak.

l) 2 eta 3. kategorietako planta oliokimikoak.

m) Planta teknikoak.

n) Zabortegiak.

ñ) Hondakindegiak.

o) Esperimentazio eta analisi zentroak.

p) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduan (EE) araututako bestelako edozein jarduera.

2. Material kategoria desberdinak kontuan harturik, behar diren azpiatalak sortuko dira.

8. artikulua . Operadoreen betebeharrak.

Operadoreak honako hau egitera beharturik daude:

1. Abere-azpiproduktuak entregatzea edo eskura uztea soil-soilik operadore gisa erregistraturik dagoen hartzaile bati. Operadore ez den hirugarren bati entregatzea abandonutzat hartuko da.

2. Kasu bakoitzean eskatzen diren biosegurtasun neurriak betetzea.

3. Bi urtez gordetzea manipulatutako produktuei dagozkien agiriak. Merkataritzako agirietan agertu beharko du operadorearen erregistroko zenbakiak eta, halakorik bada, erabilitako ibilgailuen matrikulak.

4. Ikuskapenak egiteko eskumena duten Nafarroako Gobernuko langileei lan horretan laguntzea, abere-azpiproduktuak nondik datozen eta norako diren kontrolatzeko.

5. Legez ezarritako autokontrolak egitea, halakorik bada, eta beren jardueraren puntu kritikoak kontrolatzeko plan bat prestatzea.

9. artikulua . Xedea eta deuseztapena.

1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduan (EE) eta hura osatzen duen araudian zehaztuko da abere-azpiproduktuen xedea.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak erabakitzen ahalko ditu, beharrezkoa bada, azpiproduktuen xedea eta deuseztapena, kontuan harturik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduko (EE) 23 eta 24. artikuluetan aipatzen diren salbuespenak. Halaber, salbuetsitako jardueratzat hartuko dira azaroaren 21eko 1429/2003 Errege Dekretuko 8. artikuluan ezarritakoak. Errege dekretu horren bidez arautzen dira, giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuei dagokienez, Batasuneko araudia aplikatzeko baldintzak.

III. KAPITULUA. ZEHAPENEN ARAUBIDEA

10. artikulua . Zehapenen araubidea.

Foru dekretu honetan ezarritakoa hausten duten ekintzak edo ez- egiteak kalifikatu eta zehatzeko, Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeko VIII. kapituluan xedatutakoari jarraituko zaio. Zehapenak abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera ezarriko dira, haren bidez onesten baita nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta elikagaien arloetan zehapenak ezartzeko administrazio prozedura, batere ukatu gabe bide penaletik, zibiletik edo bestelakotik ere eska daitezkeen erantzukizunak.

Lehen Xedapen Gehigarria. Gorpuak biltzeko zerbitzuaren kudeatzaileen eta Agroseguroren arteko harremanak.

Baldin eta gorpuak biltzeko jarduera sartua badago nekazaritzako aseguru konbinatuen plan nazionalaren barreneko arrisku estalgarrien artean, kudeatzaileek behar diren harremanak izanen dituzte Agrupación Española de Entidades Aseguradoras de los Seguros Agrarios Combinados, S.A. (Agroseguro) sozietatearekin, jarduera horrek behar den bezala jardun dezan.

Bigarren Xedapen Gehigarria . Giza kontsumorako ez diren abereak hiltzea.

Giza kontsumorako ez diren abereak 1. kategoriako plantetan hiltzen ahalko dira, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ezartzen dituen baldintzak betez.

Hirugarren Xedapen Gehigarria . Laguntza publikoen araubidea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak laguntzak ezartzen ahalko ditu, edukiontziak edo animalien gorpuak ahalik eta osasun-baldintza hoberenetan altxatu eta biltegiratzeko balioko duten bestelako elementuak erosteko. Horretarako banakako ebaluazioa eginen du.

Laugarren Xedapen Gehigarria . Foru dekretu honek indar hartzen duenean jardunean diharduten operadoreak erregistroan inskribatzea.

Foru dekretu honek indar hartu aurretik jardunean diharduten abere-azpiproduktuen operadoreek Operadoreen Erregistroan inskribatzeko eskatu beharko dute, dekretuak indar hartzen duenetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Inskripzio eskaria ebatzi bitarte operadoreek beren jardueran segitzen ahalko dute, ari ziren moduan.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra . Klausula indargabetzailea.

1. Indarrik gabe uzten da 2001eko apirilaren 30eko Foru Agindua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Abereen Garraiorako Ibilgailuen Erregistroaren barruan, Arriskuko Material Espezifikoak eta Abere Hilak bildu eta garraiatzeko kudeatzaileen Atala sortzen duena.

2. Indarrik gabe uzten da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko irailaren 17an emandako Foru Agindua, giza kontsumorako ez den behi-azienda hil eta suntsitzeko erraztasunak ematen dituena.

3. Indarrik gabe uzten dira, halaber, foru dekretu honek ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen orokor guztiak.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa . Garatzeko ahalmena.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak behar diren xedapenak emanen ditu foru dekretu hau aplikatu eta garatzeko, bai eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko araudian sartutako aldaketei egokitzeko ere.

Azken Xedapenetan Bigarrena . Indar hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko otsailaren 20an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0603245

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web