(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

32/2006 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 5EKOA, NAFARROAKO LAN OSASUNAREN INSTITUTUARI ATXIKIRIK, LANEKO ARRISKUEI AURREA HARTZEARI BURUZKO EGINKIZUN TEKNIKOETAN ARITZEN DIREN TEKNIKARIEK LANEKO ETA GIZARTE SEGURANTZAKO IKUSKATZAILETZAREKIN ELKARLANEAN JARDUN DEZATEN GAITZEKO ARAUAK EMATEN DITUENA.

BON N.º 74 - 21/06/2006



Atariko

Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko araudia aldatzen duen abenduaren 12ko 54/2003 Legearen bidez, aldaketa batzuk egin zitzaizkien laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeari eta Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuari. Aldaketa horien bitartez, besteak beste, eginkizun berriak esleitu zitzaizkien autonomia erkidegoetako administrazio publikoei atxikirik izanik, laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko eginkizun teknikoetan aritzen diren funtzionarioei.

Aldaketa horiekin bat, eta lege arau horretan aurreikusitako erregelamendu bidezko garapenari ekiteko, 689/2005 Errege Dekretua eman zen ekainaren 10ean. Haren bidez aldatu egin ziren Gizarte Segurantzako eta Lan Ikuskapeneko antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua (otsailaren 4ko 138/2000 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta lan arloko arau-hausteei zehapenak ezartzeko eta Gizarte Segurantzako kuoten likidazio espedienteak egiteko prozedurei buruzko Erregelamendu Orokorra (maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsia), laneko arriskuei aurrea hartzearen arloko teknikari gaituen jarduna arautzeko.

689/2005 Errege Dekretu horren helburua hauxe da: autonomia erkidegoen administrazioetako funtzionario publikoek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekon elkarlanean egiten dituzten egiaztapenak ikuskaritza sistemaren koherentzia bermatzen duten printzipio batzuen arabera eta irizpide komunei eta lan programatuari jarraikiz egiten direla ziurtatzea, hala nola eginkizun horietan aritzen diren funtzionarioek gaitasun teknikoa dutela eta, langile horien aurretiazko jarduketetan irregulartasunak aurkituz gero, errekerimendua egin ondoren, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek arau-hausteari buruzko akta bat egin ahal dezatela bermatzea, horiek nahitaez ikuskapen-bisita bat egin beharrik gabe.

Aipatutako bi erregelamendu horiek ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuari egiten dioten aldaketa autonomia erkidego bakoitzak osatu behar du, erkidego bakoitzeko teknikarien gaikuntzari eta autonomia erkidego bakoitzaren autoantolaketa eragiten duten alderdiei dagokienez.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikulua aipatu beharra dago, haren arabera Nafarroari baitagokio Estatuko lanari buruzko legeria aplikatzea. Era berean, aipatu lege organikoaren 49.1.b) artikuluak Nafarroari, bere foru araubidea dela-eta, eskumen osoa ematen dio Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu araubidearen gainean, Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei onartzen dizkien funtsezko eskubide eta betebeharrak errespetatuta.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko ekainaren 5eko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea abenduaren 12ko 54/2003 Legeak aldatutako azaroaren 8ko 31/1995 Legeak eta ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuak ondoko gaiari buruz ezartzen dutena aplikatzea da: Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari atxikirik, laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko eginkizun teknikoetan aritzen diren funtzionarioen gaikuntza, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlanean jarduteko. Lankidetza hori gauzatzeko, enpresetako eta lanpostuetako segurtasunari eta osasunari buruzko baldintzak egiaztatuko dira, azaroaren 8ko 31/1995 Legean aipatutako mugarekin eta lege horren 43. artikuluak aipatzen duen errekerimendu-ahalmenarekin.

2. artikulua . Egiaztapenak egiteko funtzionarioek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari atxikirik laneko arriskuei aurrea hartzeko eginkizunetan aritzen diren funtzionario teknikoek Gizarte Segurantzako eta Lan Ikuskapeneko Antolaketa eta Funtzionamenduko Erregelamenduaren 59.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuak egindako aldaketari jarraikiz), enpresetako eta lanpostuetako segurtasunari eta osasunari buruzko baldintza materialak edo teknikoak egiaztatu eta kontrolatzeko errege dekretu horretan aipatutako eginkizunetan aritu ahal izateko, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlanean.

3. artikulua . Gaikuntzaren araubidea.

1. Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak proposamena igorriko dio Funtzio Publikoaren Zuzendari Nagusiari, bere zerbitzuko langileak gaitzeko, enpresetako eta lanpostuetako segurtasunari eta osasunari buruzko baldintza material edo teknikoak egiaztatu eta kontrolatzeko eginkizunetan aritu ahal izateko, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlanean.

2. Aurreko atalean aipatutako gaikuntzarako proposamena foru dekretu honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileen alde eginen da, eta ondoren azaltzen diren lau prebentzio-arlo hauetako teknikari espezialista bana barne hartzen ahalko du: Laneko Medikuntza, Laneko Segurtasuna, Higiene Industriala eta Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua.

3. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak gaikuntzari buruzko ebazpena eman ondoren, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak interesatu bakoitzari gaikuntza frogatzen duen agiri ofiziala emanen dio. Agiri horrek Gizarte Segurantzako eta Lan Ikuskapeneko Antolaketa eta Funtzionamenduko Erregelamenduaren 60.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

4. artikulua . Gaikuntzaren eraginak.

1. Egiaztapenak egiteko gaitutako teknikarien ahalmenak, betebeharrak eta jarduketen printzipioak Gizarte Segurantzako eta Lan Ikuskapeneko Antolaketa eta Funtzionamenduko Erregelamenduan ageri dira, ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuak emandako idazketan.

2. Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlaneak aritzeko gaitutako teknikarien dedikazioa eta erakunde autonomo horretan izanen dituzten eginkizunak zehaztuko dituzte.

3. Egiaztapenak egiteko gaitutako teknikariek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen bateraezintasunen gaineko araubide orokorra bete beharko dute, eta ezin izanen dute beren jarduketen xedea diren enpresetan edo enpresa-taldeetan zuzeneko nahiz zeharkako interesik izan, ez eta aholkurik edo defentsa pribaturik eman ere ikuskapenen xedea izan daitezkeen pertsona fisikoei nahiz juridikoei.

5. artikulua . Gaikuntza kentzea.

Laneko arriskuei aurrea hartzeko teknikariek egiaztapenak egiteko duten gaikuntza indarrik geldituko da Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak proposaturik, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hala agintzen duenean, eta, halaber, eginkizun horietan aritzeko baldintzak eta gaitasuna betetzen ez direnean edo aldatu direnean, hala nola Gizarte Segurantzako eta Lan Ikuskapeneko Antolaketa eta Funtzionamenduko Erregelamenduaren 63. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuak emandako idazketaren arabera.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa onesten duen uztailaren 27ko 100/2005 Foru Dekretuaren aldaketa.

14. atala gehitzen zaio foru dekretu horren 7. artikuluari, honela idatzirik:

"14. Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari atxikitako teknikariek, berez dagozkien eginkizunez gain Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlanean aritzeko gaitasuna baldin badute, beren mailako hasierako soldataren gaineko %10eko lanpostu-osagarria izanen dute, betiere enpresetako eta lanpostuetako segurtasunari eta osasunari buruzko baldintza material edo teknikoak egiaztatu eta kontrolatzeko eginkizunetan aritzen badira.

Azken Xedapenetan Lehena. Foru dekretu hau garatu eta betearazteko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari eta Osasun kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzaten, zeinek bere eskumenen barrenean.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Dena den, teknikariei gaikuntza emateko beharrezkoa izanen da aurretik egin beharreko eginkizunei buruzko prestakuntza hartzea.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web