(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

33/2003 FORU LEGEA, abenduaren 10ekoa, Larrako natur erreserba eta haren babespeneko eremu periferikoa berriz mugatzeari buruzkoa.

BON N.º 159 - 17/12/2003



ZIOEN AZALPENA

Lurraldea babestu eta erabiltzeko eskualdeko hirigintza arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen bitartez, natur erreserben figura sortu zen, intereseko naturguneen kategoria bat bezala. Lehenbiziko xedapen gehigarriak, besteak beste, Larrako alderdia deklaratu zuen naturgune, Izabako udalerrian; foru legeko eranskinean haren mugak jaso ziren.

Xedapen gehigarri horretako 3. idatzzatian, dei egiten zitzaion Nafarroako Gobernuari babespeneko eremu periferiko jarraitu bat muga zezan, gehienez ere 500 metroko zabalerakoa, hartara natur erreserbak sortzea justifikatzen dituzten natur baliabideak guztiz babesteko eta kanpoko eragin ekologikoak eta paisaiari lotutakoak saihesteko.

Uztailaren 5eko 209/1993 Foru Dekretuaz, Larrako natur erreserbaren erabilpen eta kudeaketa plana eta haren babes eremu edo zerrendaren mugapena eta erabilpen erregimena onetsi ziren.

Aipaturiko erabilpen eta kudeaketa planak baimena ematen zuen, ordura arteko baldintza beretan, Izabatik Frantziarako errepidean ipar eskiko eskola edo ikastaroak emateko, praktika hori natur erreserba babestearekin bateragarria zelakoan. Bestalde, dekretuak ezarri zuen babes eremuan Etxebizitza, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Departamentuak baimena eman ahalko duela ipar eskiko laguntza-eraikin edo -instalazioetarako, baina abenduaren 1etik maiatzaren 1era bitarte soilik erabili ahalko direla.

Arauen testuinguru horretan, Erronkari ibarrean ipar eskian aritu izan da, zailtasunak gorabehera.

Ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak Nafarroako naturguneei buruzko arauak onetsi zituen, eta natur erreserben figurari eutsi zion, erabateko indarra emanez Lurraldearen babespen eta erabilerarako hirigintza arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen bitartez finkaturiko natur erreserbei; aldi berean, babes eremuei edo zerrendei beste muga batzuk ezarri zizkien. Izan ere, une horretatik aurrera, babespeneko bazter-eremu edo babespeneko eremu periferiko izena izanen dute, eta jarraipenik gabeak ere izan ahalko dira.

Aipaturiko 9/1996 Foru Legeak babes araubide berri bat ezarri zuen natur erreserbetarako eta haien babespeneko eremu periferikoetarako. Aipaturiko 9/1996 Foru Legeak babes araubide berri bat ezarri zuen natur erreserbetarako eta haien babespeneko eremu periferikoetarako. Zehazki, natur erreserben arloan, 11. artikuluak kirol jardueretarako lurrak egokitzeko edozein ekintza ez ezik, berariaz debekatzen du ere kirol jarduera antolatuetan aritzea

Babespeneko eremu periferikoari dagokionez, 18. artikuluak ezarri zuen eremu horretan naturgunearen erabilpen eta kudeaketa planak natura zaintzearekin bateragarriak jotzen dituen kiroletan aritzeko baimena eman ahal izanen direla.

Uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onetsi ziren, eta deklaratu zen mugarik gabeko indarraldia duela uztailaren 5eko 209/1993 Foru Dekretuak, Larrako natur erreserbaren erabilpen eta kudeaketa plana onetsi zuena, baina zenbait aldaketa egiten dizkio 9/1996 Foru Legetik ondorioztaturiko marko juridiko berriari egokitzeko. Berariaz desagertzen da ipar eskiko jardueren aipamen oro, bai eta laguntza-instalazioena ere, eta kirol jarduera antolatuak egiteko erabateko debeku argia ezartzen du.

Azken batean, Larrako erreserbaren eta haren babespeneko eremu periferikoaren marko juridikoak ez dio inongo babesik ematen ipar eskiaren praktikari egungo El Ferialeko, Eskilzarrako eta Bortuzkoko pistetan, eta eragotzi egiten du orain arte Izabatik Frantziarako errepideko lurretan jarduera horretan aritu izan den bezala segitzea.

Bestalde, esperientzia praktiko luze baten ondoren, aurka ezinezko errealitate bat da Erronkari ibarrerako eta Nafarroa guztirako Larra-Belaguako pistetan ipar eskia egiteko elurra modu arrazionalean aprobetxatzeak duen garrantzi sozial, ekonomiko eta kulturala. Elurra eta haren aprobetxamendua funtsezko elementuak dira Erronkari ibarrak bizirik irautea bermatzeko.

Hala eta guztiz ere, baliabide honek iraun ahal izateko, beharrezkoa da kalitate, segurtasun eta jarraitasuneko gutxieneko baldintza batzuk betetzea, eta horretarako, Erronkari Ibarreko Batzarrak hasitakoa bezalako ekimenak behar dira, hau da, ipar eskiko zentroa birmoldatzeko ekimena bezalakoak; ekimen horiek, halere, egungo arauekin egiten dute topo.

Egoera dela eta, foru lege hau aurkeztu dugu, batera biltzen diren bi interesak uztartu ahal izateko: Larra aldeko ingurumena babestea eta hura eta ipar eskiaren praktika modu harmonikoan batera gertatzea; betiere, praktika hori antolatua izanen da eta teknikoki egokia, eta ingurumenaren ikuspegitik bateragarri gertatuko da garatu behar den lekuko balore eta baliabide naturalak babestearekin.

Foru lege honek Larrako natur erreserba eta haren babespeneko eremu periferikoaren mugapena berraztertu nahi ditu, birdefinituz egun El Ferialeko, Eskilzarrako eta Bortuzkoko pistak kokatuta dauden alderdia, bai eta Erronkari Ibarreko Batzarrak eginiko azterlan xehe eta zorrotz baten arabera Larra-Belaguako ipar eskiko zentroa egokitzeko hautatu diren lurrak ere.

Larrako Natur Erreserbaren azalerak 2.353 Ha hartzen ditu, eta babespeneko eremu periferikoak, berriz, 917 Ha.

Egin nahi den aldaketak 60 Ha hartzen ditu; azalera hori ez da kuantitatiboki hautemateko modukoa, eta bere kokapena, errepidearekin muga egiten duen eremuaren kanpoko ertzean baitago, ezin da, ezta ere, esan garrantzi handikoa denik Larra natur erreserba izendatzeko aintzat hartu ziren balore eta baliabideen aldetik.

Zehaztu beharra dago erreserbako lurretan eta haren babespeneko eremu periferikoan ipar eskian aritzeko behar diren lurren izaera aldatzeak ez duela esan nahi lur horiek ingurumen arloko egokitzapen eta babespen arauak bete beharretik liberatzen direnik, zeren eta lur horiek sartzen baitira Nafarroako Gobernuak 1996ko irailaren 2ko erabakiaren bitartez kontserbazio bereziko eremu deklara daitezkeen Nafarroako erregio alpinoko lekuetako zerrendaren proposamenean, Natura 2000 Sare Ekologikoan sartzeko ondorioetarako, hain zuzen ere Larra-Aztaparretako alderdian. Horrek berekin dakar lur horiek Habitat naturalak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/CEE Zuzentarauan sartutako betekizunei loturik daudela.

Azaldutakoa dela eta, Larrako natur erreserba eta haren babespeneko eremu periferikoa berriz mugatzeari buruzko foru lege hau aurkeztu dugu.

1. artikulua. Larrako erreserbaren eta haren babespeneko eremu periferikoaren mugapena onesten da. Hona deskribapena:

LARRAKO NATUR ERRESERBAREN PERIMETROAREN ZEHAZTAPENA

Izabako udalerria.

Izabaren ipar-ekialdean.

Mugak

Iparraldean:

1. puntu batetik (X, 679.839,960; Y, 4.758.968,125), Frantziako mugan, 2. punturaino (X, 681.067,558; Y, 4.759.502,561). Lerro zuzenean jarraitzen du ekialderantz, 1.655 kotako sestra-kurbara arte; sestra-kurba horretatik jarraitzen du 3. punturaino (X, 681.690,213; Y, 4.759.250,677). Ekialderantz jarraitzen du, 4. punturaino (X, 682.005,585; Y, 4.759.202,796). 1.730 kotako sestra-kurbatik jarraitzen du 5. punturaino (X, 682.688,106; Y, 4.759.329,181). Bizkarretik gorantz egiten du hego-ekialderantz, 6. punturaino (X, 682.486,250; Y, 4.759.162,577). 1.795 kotako sestra-kurbatik jarraitzen du La Contiendako ibarra inguratuz 7. punturaino (X, 682.657,176; Y, 4.759.694,683). Bizkarretik behera egiten du mendebalderantz, 8. punturaino (X, 682.462,551; Y, 4.759.532,470). 1.705 kotako sestra-kurbatik jarraitzen du, mendebalderantz, 9. punturaino (X, 681.292,960; Y, 4.759.523,81l). Iparrerantz behera jarraitzen du, 10. punturaino (X, 681.266,826; Y, 4.759.579,389). Mugatik jarraitzen du Arlasko gailurreraino.

Ekialdean:

Arlasko gailurretik, Frantziako mugatik, Hiru Erregeen Mahairaino.

Hegoaldean:

Ansóko udalerritik Lapakizako hego-mendebaldeko gailurreko punturaino, 1650 kotan.

Mendebaldean:

N.N.W. norabidean, Aztaparretako errekaren ondotik, 1.260 kotaraino; 720 m-ko lerro bat, N.E. norabidean, Peñas del Reyren azpiko pinudiko N.E.ko muturreraino, 1.240 metrotan. W.N.W. norabidean, 820 m-ko lerroa, Rincón de Belaguako alorretako mugaraino, 1.100 metrotan; 500 metroko lerroa, pagadiko mugatik iparralderantz, 1.150 m-ko kotaraino; E.N.E.ko norabideko lerroa, 1.500 m-ko kotaraino, Antxomarroko iturriaren ondoan; lerro hori iparralderantz igotzen da, 1.650 kotaraino, Lapazarrako hegoaldeko hegaleko amildegietaraino, eta W eta N.W norabidean jarraitzen du, Lazagorriako hegoaldean, Zemetoko leporaino; gero, N.E. norabidean bira egiten du, Eskilzarrako zelaiaren mugan; N.W. eta N. norabidean jarraitzen du, hegoaldean Bortuzkoko larreetako mugan dauden amildegietako goi hertzera eta gero iparraldera, 11. punturaino (X, 679.865,097; Y, 4.757.940,261). Ekialderantz jarraitzen du, 12. punturaino (X, 679.968,907; Y, 4.757.892,821). Ekialderantz jarraitzen du, 13. punturaino (X, 680.178,447; Y, 4.757.881,561). Ekialderantz jarraitzen du, 14. punturaino (X, 680.437,577; Y, 4.757.935,071). Ipar-mendebalderantz jarraitzen du, 15. punturaino (X, 680.285,717; Y, 4.758.102,901). Ipar-ekialderantz jarraitzen du, 16. punturaino (X, 679.950,417; Y, 4.758.457,501). N.N.W. norabidean jarraitzen du, 1. punturaino (X, 679.839,960; Y, 4.758.968,125).

NATUR ERRESERBAREN PERIMETROAREN ZEHAZTAPENA _ BABESPENEKO EREMU PERIFERIKOA

Izabaren ipar-ekialdean.

Mugak

_Eremu orokorra.

Iparraldean:

11. puntutik abiatuta (X, 679.865,097; Y, 4.757.940,261) E.S.E. norabidean 12. punturaino (X, 679.968,907; Y, 4.757.892,821); gero E. norabidean 13. punturaino (X, 680.178,447; Y, 4.757.881,561); E. norabidean jarraituta 14. punturaino (X, 680.437,577; Y, 4.757.935,071); hurrengo, N.E. norabidean 15. punturaino (X, 680.285,717; Y 4.758.102,901); N.W. norabidean 16. punturaino (X, 679.950,417; Y, 4.758.457, ); N. norabidean jarraituta, 1. punturaino, (X,679.839,960; Y, 4.758.968,125); puntu horretatik eta S.W. norabidean, Frantziako mugatik jarraitua, 20. punturaino (X, 678.932,655; Y, 4.758.181,342). Puntu hartatik, babes eremuaren mugak Frantziako mugatik jarraitzen du bidearekin bat egin arte, hortik jarraitzen baitu hego-mendebalderantz 256 zenbakiko mugarriraino, Eraizko lepoan. Frantziako mugatik jarraitzen du mugak X, 677.700; Y, 4.758.000; Z, 1.660 koordenatu-punturaino.

Mendebaldean:

Aurreko puntutik abiatuta, babes eremuaren mugak hego-mendebaldeari jarraitzen dio, arro baten barrena errepideraino. Errepideari jarraitzen dio, UTM X,676.820; Y,4.757.524; Z,1.470 koordenatu-punturaino. Puntu horretatik eta zuzen S.W. norabidean, X,676.470; Y,4.756.546; Z,1.8.50 koordenatu-punturaino iristen da muga, eta hortik zuzenean Belagua ibaiaren gaineko errepidearen punturaino iristen da.

Hegoaldean:

Zubitik hasita, mugak hego-mendebalderantz jarraitzen du, Rincón de Belaguako oihana eta landalurrak bereizten diren tokitik, Corral de Intxa izenekora iritsi arte. Hortik, mugak zuzen egiten du hego-ekialderantz, UTM X,678.020; Y,4.754.610; Z,1.080 koordenatu-punturaino. Puntu hartatik, 1.080 metroko kotan barna jarraitzen du X,678.459,444; Y,4.754.553,199 koordenatu-punturaino. Puntu horretatik aurrera Aztaparretako arroaren barna UTM X, 678.823,897; Y, 4.753.774,071; Z, 1.255 koordenatu-punturaino.

_Aurrekotik bereiz dagoen eremua.

2. puntutik abiatuta (X 681.067,558; Y 4.759.502,561), lerro zuzenean jarraitzen du E. norabidean, 1.655 kotako sestra-kurbara arte; sestra-kurba horretatik jarraitzen du 3. punturaino (X, 681.690,213; Y, 4.759.250,677). E. norabidean jarraitzen du, 4. punturaino (X, 682.005,585; Y, 4.759.202,796). 1.730 kotako sestra-kurbatik jarraitzen du 5. punturaino (X, 682.688,106; Y, 4.759.329,181). Bizkarretik gorantz egiten du S.W. norabidean, 6. punturaino (X, 682.486,250; Y, 4.759.162,577). 1.795 kotako sestra-kurbatik jarraitzen du La Contiendako ibarra inguratuz 7. punturaino (X, 682.657,176; Y, 4.759.694,683). Bizkarretik behera egiten du mendebalderantz, 8. punturaino (X, 682.462,551; Y, 4.759.532,470). 1.705 kotako sestra-kurbatik jarraitzen du, mendebalderantz, 9. punturaino (X, 681.292,960; Y, 4.759.523,811). N. norabidean behera jarraitzen du, 10. punturaino (X, 681.266,826; Y, 4.759.579). Mugatik jarraitzen du, 2. punturaino (X 681.067,558; Y 4.759.502,561).

2. artikulua. Nafarroako Gobernuak, lau hilabeteko gehieneko epean, foru dekretuz Larrako Natur Erreserbaren eta haren babespeneko eremu periferikoaren mugapen grafikoa onetsiko du, onetsitako mugapenari jarraituz.

3. artikulua. Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeko 18. artikuluko 3. idatzzatiko A.1 letrako azkenengo puntua aldatzen da. Horrela geldituko da:

"_Kiroletan aritzea."

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._1. Honako xedapenak espresuki indargabetzen dira:

a) Lurraldea babestu eta erabiltzeko eskualdeko hirigintza arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen II. eranskinean jasorik dagoen Larrako natur erreserbaren mugapena (NE-12).

b) Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen eranskinean jasorik dagoen Larrako Natur Erreserbaren (NE-12) babespeneko eremu periferikoaren mugapena.

2. Indarrik gabe geldituko dira foru lege honi kontra egiten dioten maila berdineko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa._Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren arauzko xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena._Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko abenduaren hamarrean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0300947

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web