(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

31/2002 FORU LEGEA, azaroaren 19koa, lanbide karrerako sistemaren aplikazio esparrua Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako beste osasun langileei zabaltzen diena.

BON N.º 142 - 25/11/2002



ZIOEN AZALPENA

Osasun laguntza kopuruz nahiz kalitatez hobetzeko xede orokorraren barnean ulertu behar da osasun langile fakultatiboendako lanbide karreraren eredu errealaren ezarpena osasun sistema publikoaren esparruan. Horretarako, oinarrizko alderdi batzuk erabili behar dira neurgarri, baita horiek garatu ere. Horietariko bat, prestakuntza jarraitua da, kalitate tekniko-asistentziala hobetzeko norberak egiten duen ahaleginaren adierazlea baita. Bertze bat, berriz, bideak irekitzea da, profesionalek parte hartze handiagoa eta hobea izan dezaten osasun zerbitzuen zuzendaritza eta kudeaketan. Hirugarrenik, pizgarriak eta bultzagarriak jarri behar dira, ahaleginak modu egokian bideratzeko eta osasun laguntzan lortutako emaitzak saritzeko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura atxikitako langileen araubide juridikoaren gaineko berariazko arauteriaren barnean, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, 34. artikuluan, langileen sustapena bultzatzeko bide ezberdinak ezarri ditu. Zehatz-mehatz, haren d) letrak foru lege batera geroratzen du, lanbide karreran oinarrituriko soldata-pizgarrien ezarpena. Ahalmen hori erabiliz, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen bitartez arautu da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboen lanbide karrerako sistema, gero abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretuaren bidez garatu dena.

Foru lege horretan eta hura garatzen duen araudian, lanbide karrerako sistema Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileei aplikatzen zaie, baldin eta haien sarbide eta izendapenerako nahitaezkoa izan bada Medikuntzako eta Kirurgiako lizentziatuaren eta Farmaziako lizentziatuaren titulua edukitzea (1. artikulua), baita, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikirik egonik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua ukitzen duten osasun plangintza, ebaluazio eta ikuskatzailetzan ari diren langileei ere, titulazio horiek eskatu bazaizkie (hirugarren xedapen gehigarria).

Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen lehenbiziko xedapen gehigarriak ezartzen du zilegi izanen dela foru lege baten bidez finkatzea lanbide karrerako sistema Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko bertze langileei ere aplikatzea, Osasun Sistema Nazionalean edo Nafarroako funtzio publikoan antzeko irizpideak ezartzen badira. Aplikatzeko, betiere negoziazio kolektiboa egin beharko da.

Hartara, foru lege honen bitartez heltzen zaio osasun sistema publikoko bertze profesional batzuk parekatzeari, Medikuntzako eta Kirurgiako lizentziatuen eta Farmaziako lizentziatuen gisa berean, eriei laguntza kliniko diagnostiko eta terapeutikoak ematen dizkietenak edo beren ekarpen profesionalarekin guztien osasunaren babesari sostengu nabarmena ematen diotenak, hala nola osasun publikoko albaitariak edo Osasun Zientzietako titulazio ofizialak, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak nahiz Osasun eta Kontsumokoak onartuak, dauzkaten profesionalak. Eta hori horrela da, zeren eta espezialista horien egitekoak, batetik, sendagile eta botikarienen parekotzat hartzen baitira _eta horrek aipatu Foru Legearen lehendabiziko xedapen gehigarriak aipatzen dituenen barnean sartzen ditu_ eta, bertzetik, garrantzizkotzat hartzen baitira osasun sistema publikoaren jarduketa multzoaren barnean.

Jakitun izanik zenbait lizentziatu ezin zitezkeela lanbide karrerako pizgarritik kanpo gelditu, hau da, osasun sisteman, alor klinikoan barik, bertzeak bezain egiteko garrantzizkoak (osasun plangintza, ebaluazio eta ikuskatzailetza) dituzten Medikuntzako eta Kirurgiako lizentziatuak eta Farmaziako lizentziatuak, 11/1999 Foru Legeak langile hauek bere aplikazio esparruan hartu zituen, nahiz eta, antolaketa arrazoiengatik eta langile gehienek ez bezalako atxikipen organikoa izateagatik, hirugarren xedapen gehigarriaren bitartez egin zuen. Alde horretatik, foru lege horri osasun jarduketaren bertze zutabe funtsezko bat ahantzi zitzaion, lan osasuna alegia, Osasunari buruzko Foru Legearen 14. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz; berriz ere, antolaketa eta langile gehienek ez bezalako atxikipen organikoa edukitzea izan ziren horretarako arrazoiak, nahiz eta, oraingoan, Nafarroako osasun sistemaren barnean izan.

Horregatik eta foru lege honen bitartez, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari atxikirik egonik osasun plangintzan, ebaluazioan eta ikuskatzailetzan ari diren langileen integrazioari heltzen zaio, titulazioaren aldetik legeak ukitutako gainerako profesionalendako ezarritako baldintza berak betetzen badituzte. Gisa hartara, beharrik gabeko diskriminazioak eragozteko urratsak ematen dira.

1. artikulua. Helburua.

Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeak ezarritako lanbide karrerako sistemaren aplikazio esparrua zabalduko zaie Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langile fakultatibo guztiei, baldin eta lanpostua jabetzan badute eta haien sarbide eta izendapenerako nahitaezkoa bada edo izan bada urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean aurreikusitako "Fakultatibo espezialistak" edo "Bertze osasun fakultatiboak" izeneko estamentuetan lanpostuaren koadramenduan sartu ahal izateko osasun titulazioetako edozein edukitzea.

Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen 1. artikuluaren 2. idatz-zatiko langileak lanbide karrerako sistematik at egonen dira, betiere.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari atxikitako osasun langile fakultatiboei, aitzineko artikuluan sarturik badaude, lanbide karrekako sistema aplikatuko zaie, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eta hura garatzen duten arauetan Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikitako langileendako ezarritako erregelei jarraikiz.

3. artikulua. Ondorio ekonomikoak.

Foru lege honek 2002ko urtarrilaren 1etik aitzina sortuko ditu ondorio ekonomikoak, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritako erregelei eta prozedurari jarraikiz bakoitzari dagokion maila esleitutakoan.

4. artikulua. Ebaluazio batzordeak.

Ebaluazio batzorde hauen eskumena izanen da, lanbide karrerako sistemaren aplikazioa zer profesionali zabaltzen zaien, haiexen ebaluazioa:

a) Osasunbideari atxikitako langileen ebaluaziorako, atxikipen zentro edo zerbitzuaren arabera dagokion ebaluazio batzordeak izanen du eskumena.

b) Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari atxikitako langileen ebaluaziorako, Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Ebaluazio Batzordeak izanen du eskumena.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Erregelamenduzko garapena eta legearen betetzea

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari, foru lege hau zuzen bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko azaroaren hemeretzian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma. __ __ a0212497 __

Iragarkiaren kodea:

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web