(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

16/1997 FORU LEGEA, ABENDUAREN 2KOA, "IRUÑEKO HIRIAREN HIRIBURUTZA AGIRIA" EZARRI ETA, HORREN ONDORIOZ, UDALARI FINANTZAZIO ARAUBIDE ARRUNTEAN OSAGARRI BEREZI BAT EMATEN DIONA Nota de Vigencia

BON N.º 149 - 12/12/1997



ZIOEN ADIERAZPENA

1978ko Konstituzioak 140. artikuluan udalerrien autonomia aitortzen du eta 142. artikuluan ezartzen legeek toki korporazioei esleitzen dizkieten eginkizunak aurrera eramateko behar diren baliabideak toki ogasunen esku jarri behar direla.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen bidez toki entitateen finantzaziorako araubide orokorra ezarri da, Foru Komunitateko Administraziotik egiten diren baliabideen esleipenetan zuzentasun eta proportzionaltasunaren printzipio nagusiak zehazteko parametroen ezberdintasun kuantitatiboen arabera finkatua dagoena.

Iruñeko hiria, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko hiriburua denez, bertako Udalak berezitasun kualitatibo bat bereganatu du gainerako toki entitateen aldean, hiriko zerbitzu asko eta asko bertako biztanleek ezezik, egitatezko beste biztanle askok ere eskatu eta erabiltzen dituztelako: Iruñerria deitu eremu zabal horretako eta are Nafarroako beste tokietako biztanle mugikorrek eta bertako erroldan inskribaturik ez dauden egoiliarrek, Foru Komunitateko Administrazioak eta Estatuko Administrazioak Iruñean, Foru Komunitateko hiriburua izateagatik hain zuzen, dituzten zerbitzu publiko handi horiek erabiltzera hiriburura noizbehinka edo aldiro etortzen baitira.

Udalaren zerbitzu publikoek eskari gehigarri horri erantzuna eman beharraren ondorioz, Hiriko zenbait zerbitzu eta azpiegitura nabarmen handitu behar izan dira eta, horrenbestez, udal aurrekontuen konturako gastuak ere igo dira. Alabaina, toki entitate honek ezin du bere erabiltzaile errealen gaineko per capita gastu gehigarri hori Toki Ogasunei buruzko Foru Legean bildutako finantzazio sistema arruntaren bidez erasan, ez dirusarrera berekien bidez, ez eta Toki Ogasunek Parte Hartzeko Fondoaren transferentzia arrunten bidez ere, erabiltzaile horiek ez baitaude Iruñeko biztanleen erroldan.

Finantzazioan gertatu diren desoreka horiei dagokienez, Iruñeko Udalari tratamendu berezia eman zaio, Toki Ogasunen saneamendurako Nafarroako Gobernuaren kooperazio ekonomikoa arautzen duen azaroaren 13ko 15/1989 Foru Legean ezarri bezala. Neurri horiek aplikatzearen ondorioz Udalaren zorra nabarmen jaitsi bada ere, ez da gainditu hasiera batean koiunturaltzat hartu zen egoera; izan ere, denborak erakutsi du afera egiturazkoa zela.

Bestalde, aipatu 15/1989 Foru Legeak udal autonomiaren inguruko hainbat muga ezartzen dizkie neurri horietara bildu ziren udalei, Iruñekoari kasu esate baterako; halako mugak, non beharrezkoa baita neurri horien iraupena ahalik eta laburrena izatea, Konstituzioaren manuak eta Nafarroako Foru Administrazioaren tradizio munizipalista luzea errespetatuko badira. Nafarroako Hiruburuko Udalaren erabateko autonomia errekuperatuko bada, Foru Komunitatean biztanle gehien duena baita, ezinbestekoa da aurretik aurrekontuen oreka lortzea.

Iruñeko Udalaren egungo egoera ekonomiko-finantzarioa ekarri duten azpiko arrazoi horiei irtenbide eman nahian, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 34. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, zeinak udalerri batzuen ezaugarri bereziak direla kausa, bertan araubide bereziak eta, are gehiago, finantzazio sistema berezituak ezartzeko aukera aurreikusten baitu, Foru Lege honek Iruñeko Udalari osagarri berezi eta berariazko bat eman nahi dio finantzazio araubide arruntean baliatzeko, Nafarroako hiriburua izatearen ondorioz etorri zaizkion ezaugarri bereziengatik.

Iruñeko Udalarendako finantzazio-eredu gehigarri hori 15/1989 Foru Legearen bidez ezarritakoaren ordezkoa izanen da, 1997ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin haren tokia hartuko duena. Iruñeko hiriari tratamendu berezia emateko lehen urratsa da, funtsean "Hiriburutza Agiria" onartzearekin batera berezitasun ekonomiko-finantzarioa ematearen beharrean oinarritzen dena. Etorkizunean, Agiri horrek Foru Komunitateko Administrazioaren eta Iruñeko Udalaren arteko harremanen esparruko bestelako arloetan ere eragina izan lezake, Nafarroako gainerako toki entitateetan izaera orokorrez erabiltzen den prozeduraz bestelakoren bat aplikatu beharra juzkatzen bada.

Iruñeko Udal Ogasunaren egoera bideratzeko behar diren zenbateko osagarriak kalkulatzeko biztanleria erantsia deitu multzoaren kopurua ikusi da lehenbizi, Iruñeko Udalaren zerbitzua harendako kontraprestaziorik gabe hartzen ari direnena alegia, eta, ondoren, Iruñeko Udal aurrekontua hainbat arlotan (garraio publikoa, udaltzaingoa, babes zibila, osasun publikoa, suteei aurrea hartzeko zerbitzua, gizarte zerbitzuak eta azpiegituren mantenimendua, besteak beste) igotzen duten zerbitzu-handiagotze horien kostua kalkulatu da.

Halaber, Iruñeko Udalarendako ekarpen ekonomiko osagarria zenbatekoa izan beharko litzatekeen aztertu da, aurrekontu-likidazioaren ondoriozko aurrezki gordinekin inbertsioak egin ahal ditzan, zor-maila jasangarri baten bidez finantzatu ditzakeenak, hau da, Nafarroako gainerako toki entitateek duten zor-maila beretsuan.

Hortik atera diren datuetatik ikusi da ekarpen osagarri hori Foru Komunitateko Administrazioak 1995. urtera arte Iruñeko Udalari egindako ekarpenen batezbestekoaren adinakoa dela, 15/1989 Foru Legearen bidez ezarritako saneamendu ekonomiko-finantzariorako neurrietara biltzearen ondorioz hartu zituenak alegia, gehi urte horietako Iruñeko Udalaren urteko Kontuen Likidazioetan sortutako diruzaintzako gerakin negatiboen urteko batezbestekoa.

Eragiketa horien ondorioz ikusi da mila eta zortziehun milioi pezeta dela aurrekontu-egoera orekatua birrezartzeko urtero behar den kopurua.

Foru Lege honek dotazio ekonomiko hori du abiapuntuan, eta etorkizunean hori egokitzeko mekanismosak ere aurreikusten ditu. Halaber, aurrekontuen kontrol sistema bat ezartzeko asmoa finkatzen du, defizit gehiagorik ez edukitzeko eta azkeneko aurrekontu-likidazioaren gerakin negatiboaren adinako ekarpena finalista dela xedatzen.

1. artikulua

Iruñeko udalerriari "Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiria" ematen zaio, hiriak dituen ezaugarriak direla kausa, 1997ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, toki entitate horrendako araubide berezi bat eratuz, Foru Lege honetan finkatzen diren ezaugarri eta mugak dituena.

2. artikulua

"Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiriak" ezartzen duen araubide bereziak tratamendu berezitua ematen dio Iruñeko Udalari araubide ekonomiko-finantzarioan, izan ere, Nafarroako toki entitateendako araubide arruntaren osagarria den finantzazio sistema berekia onartzen baitio, toki ogasunen saneamenduari buruzko lege xedapenek ezartzen dutenarekin soilik bateraezina izanen dena, ez besterekin.

3. artikulua

Ekarpen osagarriaren hasiera bateko urteko kopurua mila eta zortziehun milioi pezetakoa izanen da, 1997ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik ordaindu beharrekoa, "Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiria" kontzeptu gisa, Iruñeko Udaleko aurrekontuaren oreka birrezartzeko nahikoa delakoan.

4. artikulua

"Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiriak" eskaintzen dion araubide ekonomiko-finantzario berezi hau bereganatzearekin batera, Iruñeko Udala Toki Ogasunen saneamendurako Nafarroako Gobernuaren kooperazio ekonomikoa arautzen duen azaroaren 13ko 15/1989 Foru Legearen eragin esparrutik aterako da automatikoki, 1996ko abenduaren 31tik aurrerako ondorioekin, eta egun horretako Udal Kontuen likidazioari dagozkion legezko eskubideak kitatzeari ekinen zaio.

5. artikulua

"Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiria" bereganatzearen ondorioz Iruñeko Udalari egin beharreko urteroko ekarpena 1998. urteko eta ondorengoetako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusiko da, "Toki Ogasunek Nafarroako tributuetan Parte hartzeko Fondo Orokorreko bestelako laguntzak" izeneko kapituluan eta ekarpenaren urteroko igoera izanen da Parte hartzeko Fondo horretako Transferentzia Arrunten dotazioa aldatzeko urte horrexetarako finkatzen den ehuneko berbera.

6. artikulua Nota de Vigencia

1. "Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiria" jasotzearen ondoriozko ekarpenak finalistak izanen dira eta horien zenbatekoa izanen da likidaturiko azken aurrekontu-ekitaldi itxian lorturiko diru-gerakin negatiboaren adinakoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 230. artikuluko 1 eta 2. idazatietan aurreikusitako neurrietatik kanpo gelditu dena, alegia. Horrenbestez, aurrekontu hori superabit birtuala duela onartu beharko da, eta superabit horren zenbatekoa ezin izango da diruzaintzako gerakin negatiboa baino txikiagoa izan, salbu eta aurrekontua luzatzea erabakitzen denean, kasu horretan diru-gerakin negatiboa finantzatzeko behar diren aurrekontu-aldaketak onetsi beharko baitira.

2. Aurreko lerroaldean adierazi beharkizuna betetzen ez bada, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak "Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiriari" dagokion dotazioaren zenbatekoaren ordainketa eten ahalko du, harik eta gastuen aurrekontuko deuseztapenagatik bajak onetsi arte, kapital dirusarreren bidez finantzatzen ez diren gastuak alegia, diru-gerakin negatibo horien adinakoa, edo harik eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 230. artikuluaren 2. idazatian adierazitakoaren araberako kreditu-eragiketa burutu arte.

7. artikulua Nota de Vigencia

Iruñearen Hiriburutza Agiria" kontzeptuagatik Iruñeko Udalari dagozkion zenbatekoen ordainketa lau soluziotan eginen da ekitaldi bakoitzean, eta urteko hiruhileko bakoitzaren lehen hamabostaldian gauzatuko.

Azken xedapena. Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen den egun berean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadin agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web