(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

14/2002 FORU LEGEA, maiatzaren 31koa, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala sortzekoa.

BON N.º 69 - 07/06/2002



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Foru Legeko 44. artikuluko 26. idatz-zatiak adierazten duenez, Nafarroak eskumen osoa du lanbide elkargoen eta lanbide tituludunetako jardunaren arloetan, legeria orokorrarekin bat.

Artikulu horretan xedaturikoaren arabera, eta Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartu dituen eskumenak ikusirik, Nafarroako lanbide elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eman zen. Foru lege horri erregelamenduzko garapena abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez eman zitzaion, foru dekretu horrek Nafarroako lanbide elkargoei buruzko Foru Legea garatzen duen erregelamendua onetsi baitzuen. Hori horrela, eskaera bat aurkeztu da Nafarroako Fisioterapeuten Elkargoa sortzeko. Eskaera hori Foru Komunitatean aritzen diren eta titulu ofiziala duten profesionalik gehienek izenpetu dute. Izan ere, lanbide horretantxe jarduteko aurkeztu dute eskaera hori eta foru lege hau izapidaketa horren ondoriozkoa da.

Abenduaren 12ko 2965/1980 Errege Dekretuaren bidez, fisioterapiaren irakaskuntza ofizial bihurtu eta unibertsitatean sartu zen. Arau hark diploma sortu zuen ikasketa horietarako.

Lehenago, 1957ko uztailaren 26ko Dekretuaren bidez, fisioterapia espezialitatea sortu zen osasun langile teknikoendako.

Halaber, urriaren 26ko 1414/1990 Errege Dekretuaren bidez, fisioterapiako diploma izeneko unibertsitate-titulu ofiziala sortu eta titulu hori lortzeko ikasketa planetako jarraibide orokorrak eman ziren.

Lehenago aipatu den arau eta lanbide autonomia kontuan hartuz, komenigarritzat eta beharrezkotzat jo da lanbide elkargo bat sortzea Nafarroako Foru Komunitateko fisioterapeutak bildu, lanbide hori eta bazkideen lanbide-interesak ordezkatu eta defendatzen dituena, gizartearen orotariko interesekin bat, eta legeen arabera lanbide horretan jarduteko era antolatzen duena.

Horrenbestez, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala sortzeko interes publikoko arrazoiak daudenez, foru lege honen bidez elkargo hori sortzen da.

1. artikulua. Izaera eta araubide juridikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala sortzen da. Zuzenbide Publikoko korporazio bat izanen da, berezko nortasun juridikoa eta bere helburuak bete eta bere eginkizunetan aritzeko erabateko gaitasuna izanen duena.

2. Lanbide elkargoak foru lege honek indarra hartzen duenez geroztik izanen du nortasun juridikoa. Gobernu-organoak osatzen direnez geroztik izanen du aritzeko gaitasuna.

2. artikulua. Jarduteko eremua.

Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala Nafarroako Foru Komunitatean arituko da.

3. artikulua. Elkargoko kide egiteko eskubidea.

Ondokoak egin daitezke Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko kide:

1. Fisioterapiako diploma izeneko unibertsitate-titulua daukatenak, urriaren 26ko 1414/1990 Errege Dekretuarekin bat, edo harekin homologatutako bestelako titulazioa dutenak, edo, azkenik, agintari eskudunak lanbidean aritzeko aitortutako titulazioren bat daukatenak.

2. Fisioterapiako diploma izeneko unibertsitate-titulua daukatenak, abenduaren 12ko 2965/1980 Errege Dekretuarekin eta hori garatzen duten arauekin bat.

3. 1957ko uztailaren 26ko Dekretuaren arabera, fisioterapia espezialitatea aitorturik daukaten profesionalak eta dekretu hori eman baino lehen fisioterapian aritzeko gaituriko profesionalak.

4. artikulua. Lanbidea.

Nafarroako Foru Komunitatean fisioterapian aritzeko ezinbesteko betebeharra da Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko kidea izatea, salbu eta beste lurralde bateko Fisioterapeuten Elkargoko kidea dela frogatzen bada.

5. artikulua. Arautegia.

Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala lanbide elkargoei buruzko legeen, haien estatutuen eta, hala bada, barne araubideko erregelamenduaren arabera antolatuko da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

1. Espainiako Fisioteraupeten Elkarteak Nafarroan duen ordezkaritzak, foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren behin-behineko estatutuak onetsi beharko ditu, ondokoak arautzeko:

a) Elkargokide bihurtzeko betebeharrak, elkargoa osatzeko biltzarrean parte hartzea ahalbidetuko dutenak.

b) Elkargoa osatzeko biltzarrerako deialdiko prozedura eta haren funtzionamendua. Deialdi hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

2. Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala osatzeko biltzarrak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onestea.

b) Elkargoko gobernu-organoetako kideak hautatzea.

3. Elkargoaren behin betiko estatutuak, onetsi ondoren, Elkargoa osatzeko biltzarraren aktaren ziurtagiriarekin batera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorriko dira. Kontseilariak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du, Departamentuko organo eskudunak haiek legeekin bat datozela adierazi ondoren.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau Erregeren izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hogeita hamaikan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0206127

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web