13/2002 FORU LEGEA, Nafarroako Podologoen Elkargo Ofiziala sortzekoa.
BON N.º 69 - 07/06/2002
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Foru Legeko 44. artikuluko 26. idatz-zatiak adierazten duenez, Nafarroak eskumen osoa du lanbide elkargoen eta lanbide tituludunetako jardunaren arloetan, legeria orokorrarekin bat.
Artikulu horretan xedaturikoaren arabera, eta Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartu dituen eskumenak ikusirik, Nafarroako lanbide elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eman zen. Foru lege horri erregelamenduzko garapena abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez eman zitzaion, foru dekretu horrek Nafarroako lanbide elkargoei buruzko Foru Legea garatzen duen erregelamendua onetsi baitzuen. Hori horrela, eskaera bat aurkeztu da Nafarroako Podologoen Elkargoa sortzeko. Eskaera hori Foru Komunitatean aritzen diren eta titulu ofiziala duten profesionalik gehienek izenpetu dute. Izan ere, lanbide horretantxe jarduteko aurkeztu dute eskaera hori eta foru lege hau izapidaketa horren ondoriozkoa da.
Podologiako Diplomatura ekainaren 24ko 649/1988 Errege Dekretuaren bidez sortu zen. Aipatu errege dekretuak podologiako ikasketa planen jarraibide orokorrak finkatu zituen eta horietara egokitu beharra dute Unibertsitate Eskolek.
Aurretik, martxoaren 29ko 727/1962 Dekretuak podologiako espezializazioa ezarri zuen osasun laguntzaile teknikoentzat. Dekretuan podologoaren lanbide-esparruaren mugak finkatu ziren, baita praktikanteek eta osasun laguntzaile teknikoek zer baldintza bete behar dituzten podologo diploma hori lortzeko, betiere dekretua promulgatu zen egunean kirurgilari-pedikuro lanetan ari zirela ziurtatuta.
Azkenik, 1992ko azaroaren 25eko Aginduak baliokidetzat hartu zituen osasun laguntzaile teknikoeen podologia espezialiatea eta unibertsitateko Podologiako Diplomatura.
Lehenago aipatu den arau eta lanbide autonomia kontuan hartuz, komenigarritzat eta beharrezkotzat jo da lanbide elkargo bat sortzea Nafarroako Foru Komunitateko podologoak bildu, lanbide hori eta bazkideen lanbide-interesak ordezkatu eta defendatzen dituena, gizartearen orotariko interesekin bat, eta legeen arabera lanbide horretan jarduteko era antolatzen duena.
Horrenbestez, Nafarroako Podologoen Elkargo Ofiziala sortzeko interes publikoko arrazoiak daudenez, foru lege honen bidez elkargo hori sortzen da.
1. artikulua. Izaera eta araubide juridikoa.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Podologoen Elkargo Ofiziala sortzen da, zuzenbide publikoko korporazio gisa. Nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen osoa bere helburuak eta eginkizunak betetzeko.
2. Lanbide elkargoak nortasun juridikoa izanen du Foru Lege honek indarra hartzen duenetik eta jarduteko gaitasuna gobernu-organoak eratzen direnetik.
2. artikulua. Jarduteko eremua.
Nafarroako Podologoen Elkargo Ofizialaren jarduteko eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.
3. artikulua. Elkargoko kide egiteko eskubidea.
Ondokoak egin daitezke Nafarroako Podologoen Elkargo Ofizialeko kide:
1. Ekainaren 24ko 649/1988 Dekretuari eta hura garatzeko arauei jarraikiz, Podologiako Diplomaturako tituluaren jabe direnak, eta dekretu horretan egiten den lanbide eskubideen errekonozimenduaren ondorioz, podologo diploma dutenak, martxoaren 29ko 727/1962 Dekretuan ezarritakoaren arabera emana.
Nafarroako Foru Komunitatean podologo lanetan aritzeko ezinbesteko betebeharra da Nafarroako Podologoen Elkargo Ofizialeko kidea izatea, salbu eta beste lurralde bateko Podologoen Elkargoko kidea dela frogatzen bada.
Nafarroako Podologoen Elkargo Ofiziala lanbide elkargoei buruzko legeen, haien estatutuen eta, hala bada, barne araubideko erregelamenduaren arabera antolatuko da.
1. Nafarroako Podologoen Elkargo Ofiziala sortzeko batzorde sustatzaileak, foru legeak indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Podologoen Elkargoko behin-behineko estatutuak onetsi beharko ditu, honakoak arautzen dituztenak:
a) Elkargokide bihurtzeko betebeharrak, elkargoa osatzeko biltzarrean parte hartzea ahalbidetuko dutenak.
b) Elkargoa osatzeko biltzarrerako deialdiko prozedura eta haren funtzionamendua. Deialdi hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
2. Podologoen Elkargo Ofiziala osatzeko biltzarrak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onestea.
b) Elkargoko gobernu-organoetako kideak hautatzea.
3. Elkargoaren behin betiko estatutuak, onetsi ondoren, Elkargoa osatzeko biltzarraren aktaren ziurtagiriarekin batera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorriko dira. Kontseilariak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du, Departamentuko organo eskudunak haiek legeekin bat datozela adierazi ondoren.
Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau Erregeren izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hogeita hamaikan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: A0206126