(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

12/2004 FORU LEGEA, URRIAREN 29KOA, 2005-2008 EPERAKO TOKI AZPIEGITUREN PLANARI BURUZKOA Nota de Vigencia

BON N.º 133 - 05/11/2004



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legeak ezarri zuen, eta, lege izanik, agindu ere bai, toki entitateei ekonomikoki laguntzeko modua inbertsio planak egitea izanen zela, betiere xedetzat hartuz berma zedin Foru Komunitate osoan nahitaezko udal zerbitzuak izatea. Foru lege horrexek Nafarroako Gobernuaren esku uzten du planaren gidalerroak eta haiei dagozkien programazio nahiz plangintza-ildoak zehazteko eginkizuna, era horretan gauzatuz administrazio publikoen arteko jarduna koordinatzeko printzipioa, noiz eta toki zerbitzuek edo jarduerek gainditzen dutenean kasuan kasuko entitatearen interesaren muga, edo nabarmen baldintzatzen dituztenean beste administrazio batzuen zerbitzuak, edo haienekin bat datozenean edo haienen osagarri direnean. Oinarrizko legeriarekin bat, toki administrazioari eta toki ogasunei buruzko foru legeek baldintza gisa jartzen dute zehaztu dadila zein den koordinatu beharreko gaia edo zerbitzua, finka daitezela lortu gogo diren helburuak eta haien arteko lehentasunak, entzun dakiela toki entitateei eta lege bidez egin dadila habilitatzea. Aurreikusten diren plangintza tresna horiei dagokienez, toki entitateek beren ahalmenak erabiliko dituzte, zerbitzuak eta jarduerak programatu, planifikatu edo antolatzeko.

Jardunak koordinatzeko helburua dela eta, Toki administrazioari buruzko Foru Legeak xedetzat hartzen du berma dadin Foru Komunitate osoan nahitaezko udal zerbitzuak izatea. Helburu hori lortzeko tresna gisa, plangintza aspaldi ezarri baitzen, eta egindako ebaluazioen ondotik, ulertu behar da helburu horretan areagotzea eta kalitatea hobetzea direla xede. Gainera, tokiko zerbitzuen plangintzarako oinarrizko betebeharrekin batera, koordinatu behar dira bestelako interes lausoago batzuk, hala nola lurraldearen antolamendua eta oreka, helburu hauek erdiesteko entitateek erakusten dituzten jarrera eta dinamismo desberdinekin jokatuz. Horretarako, foru lege honek aldaketa batzuk sartzen ditu lehenagoko koordinazio tresnetan, saihestu nahirik udal edo kontzeju batzuek jasan behar duten zailtasun erantsia, kaltetuak gertatzen baitira, esate baterako, inbertsioaren errentagarritasuna (bizilagun bakoitzeko) bezalako kontzeptuengatik, horren ondorioz gutxitzen baitira toki azpiegituren arloan jasaten duten gabezia apaltzeko aukerak.

Beste aldetik, foru lege honek toki kudeaketarako baliabide eraginkorragoak eman nahi ditu, toki inbertsioak jarduketa hauetan sartzeko prozeduretako betebeharrak arinduz. Horretarako, erraztu egiten dira planak, eta plan bakarrera eta plan berezi batera biltzen dira, zeina ezarriko baita, beren azpiegituretan edo beren eskualdekoetan Nafarroako osotasunarekin alderatuta defizit orokor edo indibidualak izateagatik, beharra duten entitateetan. Inbertsio mota bakoitzean, kendu egin da jaso beharreko ekarpenen gutxieneko eta gehieneko tartea, hura finkatzeko zehatz landutako txostenak egin behar baitziren, eta ondorio gisa, hala epe luzean nola laburrean, ematen baitzuen bete behar zela tartearen batez bestekoa. Deialdietan parte hartzeko eskatzen diren agiriak murriztu dira nabarmen, eta ez da zuzentzen aurreikusi gabeko legezkotasun kontrolak jartzera. Beren inbertsioak planean sartzen direnean, toki entitateek dagozkien bideragarritasun planak aurkeztu beharko dituzte bakarrik funtsaren konturako gastu konpromisoa finkatzen den unean, eta gehitzen dira bestelako neurri batzuk, betiere xede izanik plangintzaren kudeaketa arinagoa izatea.

Foru lege hau da, beraz, behar den mailako tresna habilitatzailea, eskatzen dena Nafarroako Toki administrazioari buruzko Foru Legeko 61. artikuluan, Toki ogasunei buruzko Foru Legeko 123. artikuluan, eta, biekin bat baitator, Estatuko oinarrizko legeriako 59. artikuluan.

1. artikulua. 20052008 eperako toki azpiegituren plana.

1. 2005-2008 eperako toki azpiegituren planaren barrenean sartzen da obra sail bat egin gogo dena Nafarroako udal eta kontzejuen eskumeneko zerbitzuei lotutako azpiegitura batzuk instalatzeko, hobetzeko eta berritzeko aipatutako denbora tarte horretan, betiere foru lege honetan zehazten diren baldintzak, programazioa, araubide ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketa arauak betez.

2. Toki azpiegituren planak osagarri ditu, alde batetik, ondoko hauetan aurreikusten diren inbertsioak: a) Plan zuzentzaileetan, b) Toki programazioan, c) Toki garapenean; eta, beste aldetik, Plan berezia.

2. artikulua. Plan zuzentzaileak.

1. Nafarroako toki entitateen jardunean behar den koordinazioa segurtatzeko, komunitatearen intereseko eta, beraz, tokiz gaindiko intereseko deklaratzen dira entitate horien eginkizun eta jarduera hauek:

a) Goiko ur hornidurak, plan zuzentzailean sarturik daudenak.

b) Ibaien saneamendua eta arazketa.

c) Hiri hondakinak eta hondakin espezifikoak bildu eta tratatzea.

2. Nafarroako Gobernuak koordinatzen du toki entitateen jarduna gai horietan, dagozkien plan zuzentzaileen bidez. Plan horiek aginduzkoak izanen dira eta foru lege honetan aipatzen diren baldintzen azpian eta mugen barrenean garatuko dira.

3. Goiko ur hornidurarako plan zuzendariaren barrenean sartzen dira erabili beharreko baliabideak eta haien banaketa, ura hartzeko eta erregulatzeko lanak, ur hodiak, ura tratatzeko edo edateko bihurtzeko instalazioak eta ur biltegiak. Plana garatzeko planek finkatuko dute, hala behar duenean, zein jarduketa eremutan bilduko diren udalak eta zein konponbide tekniko hartu behar den kasu bakoitzean.

4. Ibaien arazketa eta saneamendu plan zuzentzaileak bere baitan hartzen ditu gaur egun ur-ibilguetara isurtzen diren hiri hondakin-uren hustubideak, haiek bildu eta araztegietara eramanen dituztenak, araztegiak berak eta, azkenik, ondoren ur-ibilguetara isurtzeko hodiak. Planak, bestalde, egin beharreko obrak zehaztu eta programatzen ditu.

5. Hiri hondakinentzako plan zuzentzailean eta Hondakinak kudeatzeko plan integratuan sartzen dira materia organikoaren eta material inerteen tratamendua ebazteko behar diren baliabideak, materia organikoa eta paper/kartoia biltzea, puntu garbiak instalatzea, obra-hondakinak entregatzeko tokiak, hondakindegiak ixtea eta behar diren baliabide osagarriak. Bi planek finkatzen dute zein jarduketa eremutan bilduko diren udalak eta zein konponbide tekniko hartu behar den kasu bakoitzean

3. artikulua. Toki programazioa.

1. 2005-2008 eperako toki azpiegituren planaren toki programazioko inbertsioetan obra hauek guztiak sartzen dira: foru lege honetan ezartzen diren hautapen irizpideak aplikaturik, aurreikusitako finantza ekarpenez hornitu diren eta ezarririko kudeaketa araubideari lotzen zaizkion obrak.

2. Toki programazioko inbertsioak dira plan zuzentzailean sartu gabeko goi presioko ur hornidurari buruzkoak, ura banatzeko eta saneamendurako hiri sareak, elektrifikazioak, argiteria publikoa, zoladura ematea, udal eraikinak, hilerriak eta tokiko bideak.

3. Ura banatzeko hiri-sareetan sartzen dira erregulazio biltegiak etxeetako hartuneekin eta hango kontrol eta neurketa aparatuekin lotzen dituztenak; saneamenduko toki-sareetan sartzen dira etxeko isurkinak beren hartuneetatik araztegiaren aurreko hustubideraino eramaten dituzten hodiak, eta hiri lurzoruan eroritako euri urak bideratzen dituztenak, bai eta ukitutako instalazio eta zoladuren konponketa ere, deusetan ukatu gabe 14.3 artikuluan xedatutakoa.

4. Elektrifikazioak kontzeptuan sartzen dira energia elektrikoa garraiatu, eraldatu eta banatzeko instalazioak, behar bezalako zerbitzurik edo batere zerbitzurik ez duten jendegune edo eremuetan daudenak, eta kasuan kasuko erregelamendu eta jarraibideetako xedapen eta arauak betetzeko behar diren instalazio osagarriak.

5. Argiteria publikoan sartzen dira hiribide publikoak argitzeko instalazioak.

6. Zoladura emateko obretan sartzen da trazadura berriko hiri bideak zolatzea, oraingo hiribideetako zoladura hobetzea, euri urak biltzea, hala behar bada, eta kaltea jasan duten instalazioak lehengoratzea, hori dena hiri lurzoru sendotuaren barrenean.

7. Udal eraikinen kontzeptuan sartzen dira oin berriko eraikinak altxatzeko nahiz lehendik daudenak eraberritzeko obrak, eraikin horiek direnean udal eta kontzejuen administrazio egoitzak kokatzekoak, edo mankomunitateen nahiz zerbitzu administratiboen batasunen egoitzak.

8. Hilerrietako obretan sartzen dira hala kanposantu berriak egiteko obrak nola handitu edo berritzekoak, itxiturei, kanpo nahiz barneko urbanizazioei, azpiegiturei eta eraikin osagarriari eragiten dietenak. Ez da finantzaketarik izanen nitxo, panteoi, mausoleo eta errauste nahiz erretze instalazioetako obretarako.

9. Tokiko bideetako obratzat hartuko da bide berriak egitea jendea bizi den lekuetara heltzeko eta nahitaezkoak diren udal zerbitzuekin lotutako toki-ekipamenduetara heltzeko, bai eta lehendik dauden bideei zoladura ematea, egokitzea, hobetzea eta zabaltzea.

10. Ondoko obrak salbuetsita geldituko dira: ukitutako jabeek edo toki entitateek, toki planeamendua gauzatzeko sistemen edo hirigintza legeriaren aurreikuspenen esparruan, ordaindu beharreko urbanizazio gastuei lotetsitakoak.

4. artikulua. Toki garapena.

1. Toki garapenean sartzen dira toki entitateek, beren ekimenez, turismo eta produkzio sektoreen sustapenari bultzatzeko ekipamendu eta azpiegituretan egin behar dituzten inbertsioak.

2. Inbertsioaren zati batentzat bakarrik eman ahal izanen da laguntza, ekimena gauzatzeko behar den azpiegitura publikoari lotutakoa hain zuzen ere. Beraz, baztertuko da egin gogo den jardueraren barneko urbanizazio, azpiegitura eta ekipamenduen obra eta kostuei dagokiena.

3. Inbertsioak azpiegitura hauek egiteko obretarako dira: edateko uraren hornidura, saneamendua, elektrifikazioa, argiteria eta irispidea.

5. artikulua. Plan berezia.

Plan berezi bat eginen da foru lege honetan arautzen den planean sartzen diren obren finantzaketa osatzeko; edo esku-hartze berezi bat behar duten toki entitateei dagozkien obrak finantzatzeko, hautespen eta leheneste parametroen ondorioz planean sartu ez badira, betiere urratsez urrats lurraldearen oreka lortzea xede izanik; halako kasuan daude, toki programazioan zehazten diren azpiegituretan defizit indibidual eta orokorra dutenak eta defizita duen eskualdean kokatuta daudenak, Nafarroako toki entitateen osotasunarekin alderatuta, halako ebaluazioa egin baitzen toki azpiegituren hiru urteko lehenbiziko planean berean. Plan berezia foru lege baten bidez arautuko da. Plan berezia Foru Legearen bidez arautuko da.

6. artikulua. Toki azpiegituren planaren finantzaketa.

Toki azpiegituren plana honako baliabide hauen bitartez finantzatuko da:

a) Toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsa, Nafarroako aurrekontu orokorretan kapital transferentzien modura jasoa.

b) Bestelako erakunde publiko nahiz pribatuen ekarpenak.

c) Toki entitateen baliabideak.

d) Kreditu eragiketak.

e) Nafarroako aurrekontu orokorretatik datozenak, 'Fundación Itoiz-Canal de Navarra' izeneko fundazioaren bitartez bideratuak Nota de Vigencia.

7. artikulua. Ekarpenen bateragarritasuna.

1. Bestelako erakunde publiko nahiz pribatuek egindako ekarpenak bateragarriak izanen dira aurreko artikuluan aipatzen diren gainerako ekarpenekin.

2. Hala ere, aurreko artikuluko a) eta b) letretako ekarpenekin inbertsioaren kostuaren 100eko 100 gainditzen bada, 100eko 100 horretatik goitiko gaindikina kenduko da toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura aurreikusitako eta oro har kontsignatutako ekarpenetik.

8. artikulua. Toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura eginiko ekarpenak.

1. Toki azpiegituren planerako eta plan berezirako ekarpenak, Nafarroako aurrekontu orokorretan kapital transferentzia gisa kontsignatuta daudenak, urte bat baino gehiagokoak izanen dira; hona hemen zein diren:

2. Nafarroako Gobernuak erreserbatzen ahalko ditu planean kon- tsignatutako ekarpen horietatik 100eko 10 bitarte, gertatzen ahal diren ezinbesteko eginbeharretarako, ustekabeko gorabeheretarako edo presakoak direla aitortzen den obretarako, betiere arrazoi horiek espedientean egiaztaturik, edo, justifikaturiko bestelako kontu batzuen kariaz, salbuespenezko finantzaketa behar duten haietarako.

3. Plan zuzentzaileetako eta toki programazioko obretarako, xedea izanik Europar Batasunaren funtsen ekarpena osatzea foru lege honetako irizpideen arabera ateratzen den finantzaketa portzentajeraino, hasteko erreserbatu egiten da planaren zuzkiduretako 100eko 1. Portzentaje hori egokitzen ahal da, behin benetako premiak ezagutuz gero, aurreko idatz-zatian aipatzen den erreserbaren kargura, edo itzultzen ahalko da, bestela, planaren ekarpen orokorretara.

Europar Batasunaren finantzaketa-gehigarririk izanez gero, diru hori erabiliko da foru lege honek aipatzen dituen azpiegituretarako inbertsioetan, zehazki Batasuneko funtsetatik hartzen ahal dutenetan, kontuan hartuz finantzaketa hartzen ahal duten eremuei buruz Batasunak duen araudia. Toki programazioko obrei dagokienez, foru lege honetako 10. artikuluan ezartzen denaren arabera izandako kalifikazioetatik ateratzen den ordenari jarraikiz lehenetsiko dira.

4. Plana exekutatzen ari den bitartean, Toki Administrazioko Departamentuak zabalduko du, Toki Araubideko Foru Batzordearen txostenaren ondotik, bertan sartu ez diren baina 14.4 artikuluan aipatzen den argitalpenean erreserban ageri diren obrak ere hartuz, kontuan izanik hautatze eta leheneste koefizientea, zeinaren arabera ordenaturik baitaude, honako kreditu hauen kargura:

a) Lehendik dauden soberakin ekonomikoak, edo 16. artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritako bazterketen ondorioz sortzen direnak.

b) Aurreko bi idatz-zatietan eta bigarren xedapen gehigarrian ezarritako erreserben parte baten edo kopuru osoaren liberazioa, beharrezkoak ez direla egiaztatu ondotik.

c) Gerakinen kontuetako aurrezkiak, artikulu honetako 8. idatz- zatian ezarritako moduan.

Plana zabaltzearen ondorioz, aurreko letretan aipatzen diren kredituak berriz ere esleituko dira artikulu honetako 1. idatz-zatiko A), B) eta C) lerroaldeetan zehazten diren kontzeptuen artean, erreserban utzitako inbertsio eskaerei aurre egin ahal izateko.

Planaren zabalkundeei aplikatuko zaie bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa eta, betiere, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

5. Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren planerako ekarpenen banaketa, ekitaldi bakoitzeko Nafarroako aurrekontu orokorren programan agertuko da.

Europar Batasuneko funtsetatik finantzaketa gehigarria hartzen duten planeko kontusailak handitzen ahalko dira.

6. Nafarroako Gobernuak handitu edo txikitzen ahalko ditu, 100eko 10 bitarte, ekitaldi bakoitzerako ezartzen diren kopuruak, planean hautatu eta lehenesten diren obrak gauzatzeko toki entitateek ezartzen duten ordenaren arabera. Halakoetan, egokitu beharko ditu ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetan kontsignatzen diren kopuruak, Nafarroako aurrekontu orokorretan planerako bereizitako kopurua guztira, alda ez dadin.

7. Funts horretako kontusailen artean, eta aurrekontuaren ekitaldiaren barrenean, zilegi izanen da aurrekontuetan behar diren egokitzapenak egitea programako helburuak erdiesteko, Nafarroako ogasun publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1989 Foru Legearen 39. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz.

8. Erabilita baina aurrekontu ekitaldia ixten denean oraindik ere betebeharraren egiaztapena egiteko daukaten kopuruen kasuan, betebeharra egiaztatutzat hartuko da, ondorio guztietarako.

Gerakinen kontuetako aurrezkien bidez finantzatuko dira aurreko planetako obretan izandako kostu igoerak. Dena dela, aurrezki horien osotarako kopurua milioi bat eurotik goitikoa bada, soberakinarekin plan zuzentzaileetako edo toki programazioko azpiegitura berriak finantzatzen ahalko dira.

9. Ekitaldi ekonomikoan erabili ez diren kapital transferentzien funtseko baliabideak hari berari gehituko zaizkio hurrengo ekitaldian.

Kreditu bat erantsi eta eranste horri baimena eman zaion ekitaldi ekonomikoan aplikatzen ez bada, hurrengo ekitaldiko aurrekontuetako gastu egoerari erantsiko zaio, ekitaldi horretan aplikatzeko.

Planaren beharren arabera, 4. idatz-zatian zehazten den moduan, aurrekontuetan behar diren egokitzapenak eginen dira erantsitako kredituen artean.

10. Nafarroako Gobernuak gastua baimentzen ahalko du 2005-2008 epeko ekitaldietako bakoitzean, geroko ekitaldien kargura, artikulu honetako 1. lerroaldean finkatutako urteko gehieneko mugetaraino eta 4. idatz-zatian aurreikusitako erantsietatik ondorioztatzen diren kopuruetaraino.

Nafarroako Gobernuak geroko ekitaldien karguko gastuak baimendu ondotik, Toki Administrazioko Departamentuak eskuratzen ahalko ditu baimen horiei dagozkien gastu konpromisoak.

Nafarroako Gobernuak, Europar Batasuna finantzakide izan eta Lege honetan ezarritakoa baino goragoko plangintza behar duten plan, programa eta ekimenen kasuan, baimena ematen ahalko du geroko ekitaldietara zabalduko diren gastu konpromisoetarako, foru lege honek hartzen dituenetatik haratago.

9. artikulua. Obrak sartzeko baldintzak.

Azpiegiturako obrak planaren barrenean sartzeko, beharrezkoa izanen da honako baldintza hauek betetzea:

a) Izan beharko dute exekutatu eta hasi gabeko obrak, salbu Toki Administrazioko Departamentuak hasteko espresuki baimendutakoak.

b) Izan beharko dute azpiegituretako obrak, herriaren hirigintza planeamenduari egokituak.

c) Izan beharko dute toki entitateen eskumen eremuan sartzen diren obrak edo entitate eskudunak emandako eskuordetzaren bidez haiek beren gain hartzen dituztenak. Kontzejuen kasuan, gainera, sartzen ahalko dira Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 39. artikuluaren 2. idatz-zatian xedatzen denaren ondorioz kontzejuek beren gain hartutako obrak.

10. artikulua. Obrak hautatu eta lehenesteko prozedura.

1. Toki entitateek programatu beharreko azpiegitura obren Azpiegituren planean sartzeko, hautatze eta leheneste formula hau ezarriko da:

CSP = 0,75 DII + 0,10 DIG + 0,10 RI + 0,05 VAF

Bertan:

CSP: hautatze eta leheneste koefizientea da.

DII: azpiegitura defizit indibidualaren adierazlea da, toki entitate interesdunak daukana planean sartu beharreko obrari dagokionez, mota bereko azpiegiturekin alderatuta.

DIG: azpiegitura defizit orokorraren adierazlea da, toki entitateak duena planean sartzen diren azpiegiturei dagokienez, tokiko bideak eta hilerriak izan ezik.

RI: toki entitate bakoitzarentzat inbertsioaren errentagarritasuna biztanle bakoitzeko adierazten duen koefizientea da, eta honela kalkulatuko da:

Biztanle bakoitzeko inbertsioko batez besteko kostu hauek (Cm) hartuko dira, azpiegitura motaren eta biztanleria tarteen arabera kalkulaturik, taula

Batez besteko kostu hori (Cm) kalkulatuko da linealki txertatuz dagokion biztanleria-tartearen bi muturren artean.

RI zenbat den zehazteko, kasuan kasuko toki entitateak azpiegitura berari buruz egiten dituen eskaera guztien aurrekontuen batuketa eginen da, eta kalkulatuko da unitateko kostua bizilagun bakoitzeko, haietako bakoitzari dagokiona, ondoko formula honi jarraikiz:

Cu: unitateko kostua, bizilagun bakoitzeko.

P: toki entitateak azpiegitura berari dagokionez eginiko eskaera guztien inbertsioen batura da.

N: toki entitateko biztanleen kopurua, biztanleriari buruz argitaratutako azkeneko datuen arabera.

Mankomunitateek aurkezturiko eskabideen koefizientea kalkulatzeko, haiek osatzen dituzten toki entitateetako biztanleen batura hartuko da kontuan.

Koefiziente hori bera kalkulatzeko udal konposatuek aurkezturiko eskabideetan, kasuan kasuko udalaren guztirako biztanleria hartuko da kontuan.

Azkenik, unitateko kostua bizilagun bakoitzeko alderatuko da, azpiegitura bakoitzean, bizilagun bakoitzeko inbertsioaren batez besteko kostuekin, ondoko taulari jarraikiz:

VAF: adierazten du zenbatekoa den kapital transferentzien kopurua, Toki Administrazioko Departamentuak aitortu dituenena 1984tik 2004ra bitarte exekutaturiko toki azpiegituren inbertsioko planen kargura, oinarritzat hartuz behin betiko sarrera 2004ko abenduaren 1ean, edo, data horretan izan ez bada, behin-behinekoa, eurotan emana bizilagun bakoitzeko, eta biztanleriari buruz argitaratutako azkeneko datu ofizialen arabera.

2. Aurreko zenbakian definitutako koefiziente guztiek 0tik 10era bitarteko balioak hartuko dituzte. DII koefizientea aldagai diskretua da eta, defizitaren intentsitatearen arabera, izan ditzakeen balioak 1, 4, 7 eta 10 dira.

3. Toki garapeneko ekipamendu eta azpiegituretako obrak hautatu eta lehenesteko, honako formula hau erabiliko da:

CSP = TSP + PT

Bertan:

CSP hautatu eta lehenesteko koefizientea da.

TSP ekoizpen sektorearen titulartasuna da.

PT mantendu edo sortu beharreko lanpostuak dira.

4. Aurreko idatz-zatietan definitu diren koefizienteak kalkulatzeko prozedura erregelamendu bidez finkatuko da.

11. artikulua. Inbertsioen araubide ekonomiko finantzarioa.

1. Toki azpiegituren planeko obrak finantzatzeko ekarpenen erregimena honako hau izanen da:

a) Plan zuzentzaileak.

_Goi presioko ur hornidura: 100eko 80.

_Ibaien arazketa eta saneamendua: 100eko 80.

_Hiri hondakinak:

Bilketa: 100eko 70.

Tratamendua: 100eko 80.

_Hondakin espezifikoak:

Bilketa: 100eko 70.

Tratamendua: 100eko 80.

b) Toki entitateek programaturiko azpiegiturako obrak:

_Plan zuzentzaileetan sartu gabeko goi presioko ur hornidura: 100eko 80.

_Hornidurako tokiko sareak: 100eko 70.

_Argiteria publikoa: 100eko 70.

_Zoladura ematea: 100eko 70.

_Elektrifikazioak: 100eko 50.

_Udal eraikinak: 100eko 70.

_Hilerriak: 100eko 70.

_Tokiko bideak: 100eko 70.

c) Toki garapena:

_Toki garapena: 100eko 50.

2. Kasu bakoitzean behar duen portzentajea aplikatuko da planean sartutako obren zenbateko lagungarrien gainean. Obra mota bakoitzari dagozkion zenbateko lagungarriak zehazteko irizpideak erregelamendu bidez finkatuko dira.

3. Salbuespen gisa, ekarpenaren portzentajea handitzen ahalko da, plan zuzentzaileei eta toki programazioari dagozkien obren oinarri lagungarriaren 100eko 100 iristeraino, baldin eta kasuko toki entitatearen ahalmen ekonomikoa aztertu ondotik, ezinezkoa izan bada eta entitate horrek salbuespenezko araubidean sartzea eskatu badu.

Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez ezarriko du zein irizpidetan oinarrituko den salbuespenezko araubide hori eta bertan sartzen diren toki entitateen zerrenda jendaurrera aterako du.

12. artikulua. Prozedura.

A) Plan zuzentzaileak.

1. Plan zuzentzaileetan sartutako obrak kasuko zerbitzua ematen den eremuko toki entitateek egin beharko dituzte, non eta elkarlanean edo subrogatuta egiten ez diren, deusetan ukatu gabe kasu horietan toki entitateei dagozkien finantzaketako betebeharrak.

2. Plan zuzentzaileetako ezarpenek inbertsioak egiteko edo zerbitzuak ustiatzeko betebeharrak sortzen badizkiete toki entitateei, entitate horiek Nafarroako Gobernuaren lankidetza eskatzen ahalko dute obligazio horiei aurre egiteko.

3. Plan zuzentzaileetako ezarpenen ondorioz behartutako toki entitateek betebehar haiek burutzeko gaitasun teknikorik aski ez badute, edo beren borondatez betetzen ez badituzte, Nafarroako Gobernuak berak egiten ahalko ditu subrogazio bidez. Subrogazioz esku hartzeko, aldez aurretik Toki Araubideko Foru Batzordearen txostena beharko da.

B) Toki programazioa eta toki garapena.

1. 2005-2008 eperako toki azpiegituren planean toki programazioko edo toki garapeneko obrak sartzeko toki entitateek egiten dituzten eskabideak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, foru lege honek indar hartzen duenetik hasita, administrazio prozedura erkidea arautzen duen araudian ezartzen den eran.

2. Eskabide bat aurkeztuko da toki programazioko edo toki garapeneko obra bakoitzarentzat, foru lege honetako 3. eta 4. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.

3. Eskabideekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Toki entitate eskatzaileko korporazioaren erabakia, zeinean konpromisoa hartuko baita baliabide propioekin edo zorpetuz finantzatuko dela Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren edo bestelako erakunde publiko nahiz pribatuen ekarpenen karguko finantzaketarekin estaltzen ez den inbertsio zatia.

b) Aurreikusitako inbertsioa baloratzeko erabiltzen den oinarrizko informazioa, gutxienez ere oroit-idazki tekniko baloratu bat izan beharko duena.

c) Egin gogo den jarduketaren oroit-idazkia, gutxienez ere alderdi hauek hartuko dituena: aurreikusitako obraren deskribapena; obren justifikazioa; berritu gogo den azpiegitura noizkoa den; aurreikusitako obren kokapen planoak; guztira aurreikusitako aurrekontua, BEZa eta lansariak barne; obraren exekuziorako epekako programazioa.

d) Toki garapeneko obretan, aurreko dokumentazio horretaz gainera, aurkeztuko da ekimenaren oroit-idazki bat, zeinean deskribatuko baita haren titulartasun juridikoa, bertan adierazita, titulartasun mistoa den kasuan, aurreikusitako finantzaketa publikoaren eta pribatuaren zenbatekoak; gaur egungo lanpostuak eta sortu gogo direnak.

e) Eskuordetza emanik exekutatzen diren obren kasuan, hori hala dela egiaztatu beharko du entitate eskuordetza-emaileak edo eskuordetza-hartzaileak, parte hartzeko funtsak edo bestelako erakunde publiko nahiz pribatuen ekarpenek estaltzen ez duten finantzaketan entitateetako bakoitzak bere gain zenbat hartu behar duen adierazita. Bakar-bakarrik kontzejuko bizilagunentzat interesa izanik, udalak egin edo ematen ez dituen obra edo zerbitzuak badira, Toki Administrazioko Departamentuak udalari eskatuko dio espresuki azal dezala bere jarrera halako kasuan, eta ulertuko da udalerriak ez duela obra egiten edo zerbitzua ematen, galdetzen zaionetik hasi eta 10 eguneko epean erantzuten ez badu.

13. artikulua. Larrialdiko prozedura.

Larrialditzat jotzen diren egoeretan, ustekabekoak edo, aurreikusiak izanagatik, saihestezinak diren hondamendiak gertatzen direnean, foru lege honetan aipatzen diren toki azpiegiturak konpondu edo lehengoratzeko obrak finantzatzen ahalko dira toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren kargura. Obrak sartzeko prozeduran ez dira aplikatu beharko foru lege honetan ezartzen diren epeak, eta ez da beharrezkoa izanen gainerako jarduketetarako nahitaezkoa den bideragarritasuna egiaztatzea, non ez den salbuespenezko araubidea eskatzen.

14. artikulua. 20052008 eperako azpiegituren planaren taxuketa.

1. 12. artikuluan ezarritako eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, eta 2005-2008 eperako toki azpiegituren plana onetsi baino lehen, Toki Administrazioko Departamentuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko du, informazio gisa eragina izan dezan inbertsioak planean sartzeko eskatu duten toki entitate interesdunentzat. Informazioko eta alegazioak aurkezteko epea ez da hamabost egun baliodunetik beheitikoa ez hilabetetik goitikoa izanen.

2. Horrela taxututako azpiegituren planean azpiegiturak sartzen ahalko dira, 8.1. artikuluko a), b) eta c) lerroaldeetan aipatzen diren kontzeptuetako bakoitzaren kostuaren 100eko 90 bitarte hain zuzen, artikulu hartako 2. eta 3. idatz-zatietan eta bigarren xedapen gehigarrian ezarritako erreserbak egin ondotik. Gelditzen den gainerako 100eko 10 erreserban utziko da, plana onetsi arte, aurkezten diren alegazioak ebatzi eta gero.

3. Zein obra sartu erabakitzeko, 10. artikuluan zehazten den hautatze eta leheneste koefizientea zenbatekoa den hartuko da kontuan. Egin beharreko obrak ur banaketa eta saneamenduko hiri sareak eta sareekin batera zoladura ematea direnean, bi eskabideak batera tramitatuko dira; halakoetan, beharrezkoa izanen da lehena sartzea bigarrena sartzeko, eta azken hori, nolanahi ere, "Sareekin batera zoladura ematea" kontsignazioari aplikatuko zaio.

4. 2005-2008 eperako toki azpiegituren plana, foru lege honetako 1. artikuluan ezartzen diren jarduketak hartzen dituena, plan berezia kenduta, Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Argitalpen horretan paratu beharko dira planean sartu ez diren obrak eta lortu dituzten hautatze eta leheneste koefizienteak, koefizienterik handienetik txikienera ordenaturik, geroago sartzen joateko foru lege honetan aurreikusten den bezala.

15. artikulua. Gastu konpromisoak.

1. Azpiegiturako obraren bat planean sarturik duten toki entitateek dagokien exekuzio proiektua aurkeztu beharko dute, toki entitateari urte horretan sartu dizkioten inbertsioen plan ekonomiko finantzarioarekin batera.

2005 urterako sartutako inbertsioei dagokien dokumentazioa hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da, plana argitaratzen denetik hasita.

Baldin eta dokumentazioa bada 2006ko, 2007ko eta 2008ko ekitaldietarako obrei buruzkoa, agiriak aurkeztuko dira 2005eko, 2006ko eta 2007ko maiatzaren 1a baino lehen, hurrenez hurren.

2. Proiektuaren egokitasun teknikoa nahiz ekonomikoa eta bideragarritasun ekonomiko finantzarioa egiaztatu ondotik, Toki Administrazioko Departamentuaren ebazpenaren bidez zehaztuko da azpiegituren planaren karguko ekarpen ekonomikoaren gehienezkoa, foru lege honetako 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Baldin eta kontsideratu bada toki entitateek ezin dituztela planean sartutako azpiegiturak finantzatu edo bideragarritasuna frogatu ahal izateko behar den dokumentazioa aurkeztu ez badute, 15 egun balioduneko epea izanen dute, gorabehera hori jakinarazten zaienetik, inbertsioa beren finantza ahalmenari egokitzeko, edo inbertsio horretarako bideragarritasun ekonomikoa emanen dien bestelako finantzaketa-bideren bat aurkezteko, bai baliabide gehigarrietarako konpromisoa hartuz, bai salbuespenezko prozedura nahi dutela eskatuz.

4. Modu horretan ezartzen diren ekarpenak behin-behinekoak izanen dira, kasuan kasuko kontratua adjudikatzen den arte, orduan Toki Administrazioko Departamentuak zehaztuko baitu ekarpena, adjudikazioan lortzen den beherapenaren arabera, halakorik gertatuz gero.

16. artikulua. Azpiegituren planetik baztertzeko arrazoiak.

1. Azpiegituren planetik baztertzeko arrazoi izanen dira toki entitateek dagozkien obretan honela jardutea:

a) Foru lege honetan ezarritako moduak eta epeak ez betetzea.

b) Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa, ez finantzaketa arruntean ezta salbuespenezkoan ere, ezin zehaztu ahal izatea ezarritako epeetan.

c) Egin beharreko obrak urtebeteko epean ez hastea, Toki Administrazioko Departamentuak 15. artikuluan aurreikusitako gastuaren konpromisoa finkatzen duen ebazpena ematen duenetik kontatzen hasita.

2. Baztertzeko erabakia hartuko du ekarpen ekonomikoa finkatu zuen organo berak, dagokion espedientea tramitatu ondotik toki entitate interesdunari entzunaldia emanda.

3. Artikulu honetan aipatzen diren arrazoiengatik planetik bazterturik gertatzen diren azpiegiturak, foru lege honetako 14.4 artikuluan ezartzen diren erreserbako zerrendetan azkeneko lekuan daudenen atzean sartuko dira.

17. artikulua. Planaren kudeaketa.

1. Toki entitateen esku geldituko dira plan zuzentzaileetan aurreikusten diren obren kudeaketa eta zerbitzuen ustiapena, baita toki programazioari eta toki garapenari dagozkienetan ere; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen Nafarroako Gobernuak behar den jarraipena eta kontrola egin dezan plana egoki aplikatzeko.

2. Lankidetza edo subrogazio kasuetan, Nafarroako Gobernuaren esku geldituko dira obren kudeaketa eta zerbitzuen ustiapena.

18. artikulua. Toki entitateen parte hartzea.

1. Nafarroako toki entitateek parte hartuko dute Toki azpiegituren planaren kudeaketaren jarraipenean, Toki Araubideko Foru Batzordearen bitartez.

2. Batzorde horri dagokio aurretiaz txostena egitea, nahitaezkoa, plan zuzentzaileei egiten zaizkien aldaketa eta eguneratzeen gainean, bai eta haien aplikazioari buruz organo eskudunek aurkezten dioten bestelako edozein gairi buruz ere.

19. artikulua. Urteko balantzea.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuari txostena igorri beharko dio, urtero, aurreko ekitaldian Toki azpiegituren planaren garapenari eta exekuzioaren egoerari buruz.

Lehenengo xedapen gehigarria. Obrak zatika sartzea.

Toki azpiegituren planaren funts ekonomikoen banaketa hobetzeko, Nafarroako Gobernuak obrak zatika sartzen ahal ditu planean, betiere teknikoki egin badaitezke elkarren segidako fase desberdinetan.

Bigarren xedapen gehigarria. Obren aurrekontuak handitzea.

Planean sartzen diren toki programazioko eta toki garapeneko obren zenbatekoa 100eko 10 bitarte handitzen ahalko da, toki ogasunen fun- tsaren karguko konpromiso ekonomikoa finkatzen den unean; hori dela eta, 8.1 artikuluan ezartzen diren ekarpenen 100eko 5 erreserban uzten da.

Hirugarren xedapen gehigarria. BEZaren eragina.

1. Azpiegituren 2005-2008 planaren karguko finantzaketa finkatzeko, foru lege honetan ezarritako ekarpen portzentajea inbertsioaren osotasunari aplikatuko zaio, BEZa barne, toki entitateak obren azken kontsumitzaile gisa jokatzen badu, hots, BEZ jasana kengarria ez bada.

2. Jasandako BEZa kengarri izateko eskubidea sortzen duten inbertsio eta obretan, ekarpen portzentaje hori zerga oinarriaren gainean eginen da (BEZa kanpo).

Bigarren kasu horretan, konponbide partzialen ordainketan, obra bururatuaren ziurtagiriei dagozkienetan, aurrerakin gisa sartzen ahalko da haietako bakoitzaren BEZa bider finkatu den ekarpen portzentajea.

Toki Administrazioko Departamentuak kontuan hartu beharko ditu BEZaren aipaturiko aurrerakin horiek eta erregularizatu eginen ditu guztirako ekarpena ordaintzen den konponbideetan.

3. Toki entitate batek, ekitaldiko BEZaren aitorpenengatik, ekitaldi horren bukaeran bere aldeko saldoa egiaztatzen badu, kopuru hori jasoko du Nafarroako Tributu Ogasunetik, zeinak behar den likidazioa eginen baitu hurrengo ekitaldiko lehen hiruhilekoari dagokion aitorpena aurkezteko epea amaitu baino lehen, nahiz eta ekitaldi horretako hiruhileko aitorpenetakoren batean saldoa Nafarroako Tributu Ogasunaren aldekoa izan.

Laugarren xedapen gehigarria. Lehenagoko planetako inbertsioen bazterketa

Foru lege honen bidez arautzen denaren aurreko azpiegitura planetako inbertsioak, hasiera batean 2004ko abenduaren 31 baino lehen sartutakoak, behin betikoz sartu ez badira 2005eko uztailaren 1a baino lehen edo hasi ez badira 2005eko azaroaren 1a baino lehen, plan horietatik bazterturik gertatuko dira, non ez duten arrazoi justifikaturen bat espedientean egiaztatzen, Toki Araubideko Foru Batzordeak txostena egin eta gero.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web