(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/1999 FORU LEGEA, APIRILAREN 6KOA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAREN FAKULTATIBOENTZAKO LANBIDE KARRERAKO SISTEMA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 43 - 09/04/1999



ZIOEN AZALPENA

Urriaren 20ko 11/1992 Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko Foru Lege arau-emaileak, bere 34. artikuluan finkatzen du zer formula erabiliko dituen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere langileen gorabidea bultzatzeko, eta artikulu horrexen d) idazatian adierazten du "lanbide karreran edo bestelako elementuetan oinarrituriko lansari izaerako eragingarriak ezartzeko, Nafarroako Gobernuak, halakorik bada, Foru lege proiektu bat igorriko dio Parlamentuari."

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren langile fakultatiboentzako lanbide karrera arautzea 1992-1995 aldian eginiko moldatze-prozesu iragankorraren ondo-ondotik heldu da.

Aldi hartan, jabetzapeko lanpostuan emandako zerbitzu-urteak irizpide bakartzat hartuta, banaka moldatu da lanbide karreraren subjektu zen fakultatibo bakoitza maila jakin eta aitortu batean, eta ondorioz bai soldata egokitu ere.

Moldatze sistema horrekin zera nahi zen: lanbide karrera benetan aplikatzea hasteko unean, fakultatibo bakoitzaren egoera zehaztu.

Moldatze prozesua 1995eko abenduaren 31n bukatu zen, eta ondotik ez denez lanbide karrerako eredurik etorri, oraingo egoerak kontra egiten die hasieran iritsi nahi ziren helburuak: osasun arloko fakultatiboak motibatu eta bultzatzea, alegia.

Halatan, bada, foru lege honek aurkezten duen lanbide karrera arautzeak bi zirkunstantziari erantzun nahi die: alde batetik, lehenagoko sistema (antzinatasun hutsaren arabera egiten baitziren moldaketak eta soldatak) utzi eta sistema berri batera pasatu beharra, zeina merezimenduen eta emaitzen balorazioan ere oinarrituko baita; eta bestetik, 1996 urtetik foru lege hau aldarrikatu arte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren fakultatiboei lanbide karrera ez aplikatuak sortu duen problema konpondu beharra, horrek kalte egin baitie langile horien asmo-esperantzei. Foru lege honek, halaber, 1992-1995 aldian aintzat hartu ez ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren fakultatiboei ere erantzuten die, moldatze iragankorragatiko soldata-osagarria aplikatzen baitie.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren arloan fakultatiboentzako lanbide karrera eredu bat sartzea, gainera, osasun laguntzaren hobekuntza kualitatiboa eta kuantitatiboa erdiesteko helburu orokorraren barnean egiten da, honakoak bezalako alderdi oinarrizkoak ezarriz eta garatuz: etengabeko prestakuntza hartzea laguntzaren kalitatea hobetzeko ahalegin indibidualaren adierazgarritzat; bideak zabaltzea profesionalek gehiago eta eraginkorrago parte har dezaten osasun zerbitzuen kudeaketan eta zuzendaritzan; eta pizgarri eta motibazio mekanismoak sartzea, ahaleginak egoki bideratu eta lortzen diren emaitzak aitormena izan dezaten.

Alderdiok garatzeko honako ekintza lerroak ezarri dira: 1. Kasuko profesionalak berak izatea protagonista foru lege hau abiaburu duen lanbide karrera eredua aplikatu eta gero batean garatzerakoan; 2. Ebaluazio sistema araupekoak definitzea, lanbide jarduera ebaluatu, aitormena eman eta saritzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ingurune guztietan aplikatu ahal izateko adinako malgutasunarekin; 3. Langilearen lan kalitatea, kantitatea eta erantzukizuna aintzat hartzen ez dituen soldata sistema bati akabera ematea; batez ere, kontuan harturik arrisku eta berme orekatuak eta arrazoizkoak badirela, bakoitzarengan eta osasun sistemaren ekonomia orokorrean eragin ekonomiko arrazoizkoa izan dezaketenak.

Aipatu printzipioak, hala tokatzen bada, beste lanbide estamentu batzuei ere aplikatuko zaizkie, adibidez gainerako osasun fakultatiboei, erizaintzako osasun langile diplomadunei eta beste estamentuei. Hori gogoan hartuta moldatu da foru lege hau. Hala ere, hori egiteko, aintzat hartuko da negoziazio kolektiboaren eta lan baldintzen negoziazioaren prozesua; horrela, ondoren, berariazko foru lege proiektuak garatuko dira.

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru Lege honek arautzen duen lanbide karrera sistema Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua Erakunde autonomoaren langileei aplikatuko zaie, betiere lanpostua jabetzan badute, baldin eta lanpostua eskuratzeko eta lanposturako izendatua izateko Medikuntza eta Zirujiako lizentziaduna edo Farmaziako lizentziaduna izatea eskatu bazitzaien edo eskatzen bazaie.

2. Foru lege hau ez zaie aplikatuko kupoko eta eskualdeko fakultatiboei, eta ez udalen osasun langileei, non eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administraziora eskualdaturik ez dauden, Toki Osasunean aritzen diren funtzionario gisa.

2. artikulua. Lanbide karreraren definizioa eta mailak.

Lanbide karrera aitormen indibiduala eta ekonomiko administratiboa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren fakultatiboentzat, beren jarduerako jarraitasunagatik eta iraupenagatik, eta, aldi berean, bai lanbide hobekuntzan eta eguneratzean eta lortutako laguntza emaitzetan izandako merezimenduengatik ere.

Lanbide karreraren sistema bost mailatan ezartzen da, zeinetan gora egiteko baldintzak foru lege honen 5. eta hurrengo artikuluetan finkatzen baitiren. Lanbide karreraren maila horiek kontuan hartuko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanpostuak betetzeko eta sartzeko prozedura guztietan.

3. artikulua. Lanbide karreraren soldata.

1. Lanbide karrera diruz saritzeko lanbide karreragatiko osagarri bat esleituko da, zeina osagarrizko soldatatzat hartuko baita urriaren 20ko 11/1992 Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko Foru Lege arau-emailearen 6. artikuluak agintzen duenerako, eta zeinak iritsi den lanbide karreraren maila bakoitza saritzen baitu.

2. Lanbide karreragatiko osagarria hamalau hilekotan pagatuko da: horietako hamabi arruntak izanen dira eta bi apartekoak.

4. artikulua. Prestakuntza eta ikerketa jardueretarako orduak hartzea.

Profesionalen prestakuntza, ikerketa eta garapen teknikorako jarduerak bultzatzeko, erregelamendu bidez finkatuko da zein baldintzatan izango duten zilegi egitezko lanaldiaren zati bat hartzea, lanbide karreraren maila bakoitzean, prestakuntza, programa, beka, ikerketa klinikorako edo kudeaketarako proiektu eta antzeko jardueretarako.

5. artikulua. Mailaz igotzeko baldintzak.

1. Mailaz igotzeko, foru lege honen 6.1. artikuluan aipatzen den puntuazioa izan behar da, eta, aldi berean, aintzat hartuko da bai zenbat urte eman diren jarduera profesionalean eta bai laguntzazko, hobekuntzazko eta lanbide eguneratzezko jardueretan; hartu ere, honela:

a) Eskatutako puntuazio osoaren 100eko 50, maila horretan eman diren urte kopuruaren arabera: zerbitzuan emandako urte oso bakoitzarengatik puntu bat kontatuko da, eta, gehienez ere, foru lege honen 6.1 artikuluan ezarritako puntuazioa lortu ahal izanen da.

b) Eskatutako puntuazio osoaren 100eko 50 laguntza jarduerak ebaluatzeko baldintzak eta lanbide hobekuntzakoak gainditurik izateagatik, foru lege honen 7. artikuluak agintzen duenaren arabera.

2. Mailaz igotze horrek artikulu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen den egunaren hurrengo urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

6. artikulua. Maila bakoitzeko egonaldiak eta mailaz igotzeko eskatzen den puntuazioa.

1. Lanbide karrerako maileara igotzeko, ondoren aipatzen diren puntuazioak eta egonaldiak frogatu beharko dira:

Egondako urte bakoitzeko Baremoaren Osotara behar den

behar den puntuazioa puntuazioa puntuazioa

I. mailan 5 5 10

II. mailan 7 7 14

III. mailan 8 8 16

IV. mailan 5 5 10

V. mailan - - -

2. Egonaldia kalkulatzeko, aintzat hartuko dira lanpostua jabetzan edukita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan foru lege honen 1.1. artikuluan aipatzen diren izendapenetako batekin emandako zerbitzu-urteak. Europako Batasuneko kide diren estatuetako osasun sistema publikoetan lanpostua jabetzan edukita emandako zerbitzuak kontatzeko, foru lege honen bigarren xedapen gehigarriko bigarren apartatuan eta bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretan ezarritakoari jarraituko zaio. Orobat, ondorio guztietarako kontatuko da edozein administrazio publikotan izendapen libreko postuetan zerbitzuak ematen aritzearen edo prestakuntza-, trebakuntza- eta ikerketa-egoeran egotearen ondoriozko zerbitzu berezietako egoeran emandako denbora Nota de Vigencia.

7. artikulua. Baremoa eta helburuen zehaztapena.

1. Ebaluaziopeko aldian egindako lan jarduera erregelamendu bidez onesten den baremoaren arabera kontatuko da.

2. Baremoak banaka baloratuko ditu, batetik, laguntza jarduera, eta, bestetik, zuzendaritza-kudeaketa, ikerketa eta garapen teknikoko jarduerak.

3. Laguntza jarduerarako finkatu den puntuazioa gutxienez baremoak mailaz igotzeko eskatzen duen puntuazio osoaren erdia izanen da, eta ebaluatzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan helburuak zehaztu eta emaitzak baloratzeko sistema erabiliko da, erantzukizun partekatuaren eta karrerako subjektu diren profesionalen partehartze benetakoaren printzipioak aintzat hartuz.

4. Zuzendaritza-kudeaketa, prestakuntza, ikerketa eta garapen teknikoari dagokionean honakoak baloratuko dira: borondatez egiten diren etengabeko prestakuntzako jarduerak, hala irakastekoak nola ikastekoak, Osasun Sistema nazionalaren kreditazio prozedurak kontuan hartuz, besteak beste. Baremoan, bestetik, ikerketa jarduerak ere hartuko dira kontuan, adibidez zentro eta zerbitzuetako antolamendu eta lan sistemetan eragin zuzena duten hobekuntza proiektuak itxuratu eta gauzatzea, eta bai zuzendaritza eta kudeaketa jarduerak ere.

8. artikulua. Ebaluazio sistema.

1. Profesional bakoitzaren helburu eta emaitzak aintzat hartuta laguntza jardueraren ebaluazioa urtero eginen da, ekitaldia bukatuta.

Kudeaketa-zuzendaritza, prestakuntza eta ikerketa eta garapen teknikorako jardueren gaineko ebaluazioa interesatuak hala eskatuta eginen da, interesatu hori maila aldaketa bat egiteko moduan dagoenean.

2. Ebaluazio prozedura erregelamendu bidez ezarriko da, eta betiere honako elementuak izanen ditu:

a) Autoebaluazioa prozedura elementu oinarrizko gisa, profesionalen beren iritzia erabat aintzat hartuta.

b) Ebaluaziopeko langileak parte diren osasun eskualde oinarrizkoaren zerbitzu edo lantaldearen helburuak definitzen eta iristen norberak izan duen partehartzearen ebaluazioa, kasuko unitatearen arduradunak egina.

c) Zentroko zuzendaritzaren txostena. Zuzendaritza horrek autoebaluazioa jaso eta bere txostena emanen du, harekin ados dagoen ala ez azaltzeko.

d) Ebaluazio Batzordeak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari egiten dion proposamena, hurrengo idazatian finkatzen diren baldintzetan.

3. Profesional bakoitzak, zerbitzuaren edo osasun eskualde oinarrizkoaren arduradunak eta kasuko zuzendaritzak egiten dituzten balorazioen artean desadostasunik ez baldin badago, ebaluazio batzordeak baremoaren aplikazioari dagozkion alderdi formalak bete daitezen begiratzea beste lanik ez du izanen.

Bestela, ebaluazio batzordeak arrazoien gainean erabakiko du zer balorazio eman behar zaion profesional bakoitzari, eta erabaki hori loteslea izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak maila aldaketaren gainean hartu behar duen ebazpenari begira. Ebazpen hori bai zentroaren zuzendaritzari eta bai interesatuari emanen zaie aditzera.

9. artikulua. Maila jakin bateko egonaldia betetzearen ondorioak.

1. Maila jakin batean hainbat urte egon izanagatik lorturiko puntuazioak honako ondorioetako bat izanen du kasuko langilearentzat:

a) Mailaz igotzea, baldin eta gainera 5. artikuluan maila bakoitzera igotzeko behar den puntuazioa osatzeko ezartzen diren baldintzak betetzen baditu.

b) Maila berean geratzea, ez baldin bada iristen 6.1 artikuluan mailaz igotzeko finkatzen den puntuaziorik. Horretara, gero batean mailaz igotzeko baldintza bakarra izanen da osasun-laguntza, lanbide hobekuntza eta eguneratze jardueren gaineko ebaluazio irizpideak betetzea, foru lege honetako 7. artikuluaren arabera eskatuak.

10. artikulua. Ebaluazio batzordea.

Berariazko ebaluazio batzordeak eratuko dira honako eginkizun eremuetarako:

- Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuna

- Laguntza Espezializatua.

Ebaluazio batzordeak parekideak izanen dira, eta zortzi kide izanen dituzte. Horietako lau Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatuko ditu; beste lauak, berriz, eremu bakoitzeko fakultatiboen artetik izendatuko dira: bat sindikatuen ordezkaritzak proposatua eta beste hirurak batzorde tekniko laguntzakoek proposatuak, erregelamendu bidez ezarriko den prozeduraren arabera.

11. artikulua. Kreditazioa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kasuko ebaluazio batzordeak hala eskatuta, kreditazio formal bat emanen du fakultatibo bakoitzak iritsi duen lanbide karrerako maila frogatzeko.

Xedapen gehigarriak

Lehenbizikoa. Lanbide karrerako osagarriaren zenbatekoak.

1. Lanbide karrerako osagarriaren urteroko zenbatekoak, 1996 urteari dagozkionak honakoak dira:

-II. maila: 350.420 pezeta.

-III. maila: 700.840 pezeta.

-IV. maila: 1.051.260 pezeta.

-V. maila: 1.401.680 pezeta.

2. Aurreko idazatian aipatu diren zenbatekoak urtero eguneratuko dira, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeak Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko langileen soldatarako unean-unean finkatzen duen gehikuntza-ehunekoaren arabera.

Bigarrena. Egoera bereziak.

1. Foru lege honetan arautzen den lanbide karrerako sistema 1.1. artikuluan aipatzen diren langileei aplikatuko zaie, Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako zuzendaritza, zuzendariordetza, burutza edo zuzendaritza-erantzukizuna duen beste edozein kargutan aritzen diren bitartean.

2. Osasun sistema nazionalaren beste eskualde zerbitzuetan lanbide karrerako sistemak garatzen ez diren artean, 1996tik aurrera Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanpostu bat jabetzan erdietsi duten edo erdietsiko duten langileak, Foru Lege honen aplikazio eremuko izendapena dutelarik, Europako Batasuneko estatuetako osasun sistema publikoetan emandako zerbitzuak frogatzen badituzte (lanpostua jabetzan zeukatela), lanbide karrerako I. mailan sartuko dira.

Behin sartu direlarik, ebaluazio batzordeak ebaluatu eginen du zenbat urtetako jabetza-egonaldia duten eta zenbateko merezimenduak hartu behar zaizkien aintzat alegatu dituzten eguneratze eta hobekuntza jarduerengatik. Prosposamen hori oinarri, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ebatziko du lanbide karrerako zein mailatan sartu behar den fakultatiboa.

IV.a izanen da goreneko maila eta betiere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan egon beharreko denbora gutxienekoa bete beharko da eta bai V. mailara pasatzeko lanbide hobekuntzako baldintzak ere.

3. Kupo eta eskualdeko langileak oinarrizko osasun laguntzako ekipoetako edo laguntza espezializatuko zerbitzu hierarkizatuetako lanpostuetan sartzen badira, eta beren lanaldia oro har haietan ematen badute, dagokien lanbide karrerako mailan sartuko dira, kontuan harturik zenbat urtetako jabetza-egonaldia duten eta betiere hirugarren xedapen iragankorreko eskalari jarraituz.

4. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, 1992ko urtarrilaren 1etik, aldi baterako kontratua duten langileak, sartzeko eta izendatzeko Medikuntza eta Zirujiako edo Farmaziako lizentziadunak izatea eskatu bazitzaien, erabat sartuko dira lanbide karrera sisteman, lanpostua jabetzan eskuratzen edo eskuratu izan duten momentuan.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik, aurreko lerroaldean aipatzen diren langileak ebaluaziopean sartuko dira lanpostua jabetzan duten beren lankideen baldintza beretan, baldin eta langile horiek urteko lanaldiaren gutxienez 100eko 50 ebaluatu behar zaien lanpostu horretantxe eman badute.

1992ko urtarrilaren 1etik lege honek indarra hartu arte aldi baterako emandako zerbitzuei, erregelamendu bidez ezarriko den prozeduraren arabera eginen zaie ebaluazioa.

Ebaluatu beharreko zerbitzu urteak aintzat hartuko dira aldi baterako kontratua duten langileak lanpostua jabetzan eskuratzen edo eskuratu badute.

5. 1995eko abenduaren 31ra arte aldi bateko kontratuarekin emandako zerbitzuak ez zaizkie aintzat hartuko lanbide karrerako kontuetarako, ez gaur egun lanpostua jabetzan dutenei, ez gero batean jabetza eskuratzen dutenei ere.

6. Langileen ordezkaritza organoetako kideek legeak lanaldi osorako ezartzen duen ordu kreditua baldin badute eta egoera horretan irauten duten bitartean, mailaz igotzeko eskatu eta ebaluatuko den gauza bakarra, egonaldiak betetzeaz gainera, hauxe izanen da: prestakuntza, ikerketa eta garapen teknikoko jarduerei buruzko baremoari dagokiona betetzea.

Hirugarrena. Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikitako osasun langileak.

Lanbide-karreraren sistema aplikatuko zaie, foru lege honetako bigarren xedapen gehigarriko 2. idazatiaren arabera aplikatu ere, Administrazioan sartzeko lege honen aplikazio eremuan esandako tituluen jabe izatea eskatu zaien osasun langileei, baldin eta Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikita badaude eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eragiten dioten plangintza-, ebaluazio- edo ikuskaritza-zereginetan badihardute.

Xedapen iragankorrak

Lehenbizikoa. Moldatze iragankorreko mailen sendotzea.

1. Foru lege honen aplikazio eremuan sartzen diren langileak, 1996ko urtarrilaren 1ean 1992tik 1995era bitarte indarrean zen moldatze iragankorraren eremuan bazeuden, 1995eko abenduaren 31n moldatze iragankorreko maila gisa aitortua zuen lanbide karrerako maila ber hartan sartuko da. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera ondorioak izanen dituzten igoerak foru lege honen 5 eta 6. artikuluetako baldintza orokorren menpe geratuko dira, hurrengo idazatian xedatzen denaren arabera.

2. Aurreko araudiaren arabera aitortu zitzaien azken moldatze iragankorreko mailan sartu zirenetik emandako zerbitzu urteak, lanpostua jabetzan zeukatela, kontuan hartuko dira hurrengo maila igoerarako.

Foru lege honen 6.1. artikuluaren arabera mailaz igotzeko eskatzen diren egonaldi-urteengatiko puntuazioak eskatuko dira, nola eta soilik foru lege honek indarra hartzen duenetik mailaz aldatzeko eskatzen den egonaldia betetzeko falta diren urteen parte proportzionalean.

Baremoagatiko puntuak ere, mailaz igotzeko eskatu diren urteak baloratu diren proportzio berean eskatuko dira. Osasun arloko eguneratze eta hobekuntza jarduerak ebaluatzeko, zilegi izanen da 1996tik aurrera egindako jarduerak ere kontatzea, interesatuak frogatzen baditu.

Bigarrena. 1996, 1997, 1998 eta 1999 urteetako maila aldaketa.

Foru lege honen lehen xedapen iragankorreko lehen idazatiak aipatzen dituen langileei dagokienez, zilegi izanen da aldatzea hasieran esleitu baino goragoko maila batera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura; aldaketa horrek eragina izanen du 1996ko urtarrilaren 1ean, 1997ko urtarrilaren batean, 1998ko urtarrilaren 1ean edo 1999ko urtarrilaren 1ean, fakultatiboak hala eskatzen badu, betiere Europako Batasunaren estatuetako osasun zerbitzu publikoetan, 1.1 artikuluan aipatu direnetako izendapen batekin jabetzan emandako zerbitzu urteen arabera. Honako urteak kreditatu behar dira langileak daukan kategoriaren arabera.

KATEGORIAK

ZERBITZUBURUAK ETA ATALBURUAK,

BFE ETA OOLT-KO MEDIKUAK KLINIKOAK

II. mailara igotzeko, 5 urte II. mailara igotzeko, 6 urte

III. mailara igotzeko, 14 urte III. mailara igotzeko, 12 urte

IV. mailara igotzeko, 22 urte IV. mailara igotzeko, 18 urte

V. mailara igotzeko, 29 urte V. mailara igotzeko, 24 urte

Moldatzea fakultatibo bakoitza dagoen kategoriari dagokion urte eskalaren arabera eginen da, kontuan harturik zenbat diren lanbide karrerako helburu diren lanpostuetako edozeinetan, bereizketarik egin gabe, pilatu diren jabetzako zerbitzu urteak.

Igoera berriak foru lege honetan arautzen den prozeduraren arabera eginen dira. Merezimenduak baloratzeko ere zilegi izanen da 1996tik aurrera irabazitakoak kontatzea, interestauak alegatu nahi baditu.

Hirugarrena.-Lanbide karrerako sistemara sartu berriak diren langileak.

Foru Lege honen aplikazio eremuan dauden langileak, baldin eta 1992-1995 aldian Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aritzen baziren baina aldi hartan indarra zuen fakultatiboen moldatze iragankorrean ez baziren sartu, lanbide karrerako sisteman sartuko dira sistema horrek indarra hartzen duenetik lehenbiziko hilaren lehen egunetik aurrera.

Langile bakoitzaren moldatzea behin besterik ez da eginen, eta fakultatibo bakoitzari lanbide karrerako maila bat esleituko zaio: hain zuzen ere, Europako Batasuneko estatuetako osasun sistema publikoetan, lanpostuaren jabe izanda, ondotik adierazten diren zerbitzu urteen arabera; betiere, zerbitzu urte horiek foru lege honen 1.1 artikuluan aipatzen diren izendapenetako batekin eman badira:

-5 urte baino gutxiago, I. maila.

-5 urtetik gora, II. maila.

-14 urtetik gora, III. maila.

-22 urtetik gora, IV. maila.

-29 urtetik gora, V. maila.

Lanpostuan jabetzan emandako zerbitzu urteen soberakina kontuan hartuko da hurrengo maila igoeretarako hartuko da kontuan. Mailaz igotzeko Foru Lege honen 6.1. artikuluak eskatzen dituen egonaldi urteetarako behar diren puntuazioak eskatuko dira, nola eta soilik foru lege honek indarra hartzen duenetik mailaz aldatzeko eskatzen den egonaldia betetzeko falta diren urteen parte proportzionalean.

Baremoagatiko puntuak ere, mailaz igotzeko eskatu diren urteak baloratu diren proportzio berean eskatuko dira. Osasun arloko eguneratze eta hobekuntza jarduerak ebaluatzeko zilegi izanen da 1996tik aurrera egindako jarduerak ere kontatzea, interesatuak frogatzen baditu.

Igoera berriak foru lege honetan arautzen den prozeduraren arabera eginen dira. Merezimenduei dagokienez, 1996tik aurrera irabazitakoak kontatuko dira.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa

Zilegi izango da foru lege baten bidez finkatzea lanbide karrerako sistema Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko beste langileei ere aplikatzea, Osasun Sistema Nazionalean edo Nafarroako funtzio publikoan antzeko irizpideak ezartzen badira. Aplikatzeko, betiere negoziazio kolektiboa egin beharko da.

Bigarrena

Nafarroako Gobernuak foru lege hau argitaratu eta hurrengo hiru hilabetetan onetsi beharko ditu 7 eta 8. artikuluetan aurreikusten diren baremoak, zeinak osasun arloko fakultatiboei lanbide karrera aplikatzeko behar baitira.

Hirugarrena

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena

Esku ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau egoki garatu eta betetzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Xedapen indargabetzailea

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web