(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

10/1999 FORU LEGEA, APIRILAREN 6KOA, NAFARROAKO ERREGE BARDEA NATUR PARKE DEKLARATZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 43 - 09/04/1999



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak lege esparru propioa definitu zuen babesteko moduko balio bereziak dituzten Nafarroako eremuak babestu, kontserbatu eta hobetzeko. Foru lege horrek hainbat aurreikuspen egiten zituen gai horren gainean, Espainiako legeetatik hartuta, eta gaiari buruzko legedi sektorial korapilatsua egituratu zuen.

Ekosistema bereziki interesgarriak dituzten naturgune batzuk aipatzeko, gizonaren eskuhartzeak gutxi aldatu dituen lurralde eremuak daude; izan ere, eremu horietako paisajeak, eskosistemak eta formazio geomorfologikoak balio arraroa dute, eta arreta berezia eman behar zaio horien kontserbazioari.

Errege Bardea Nafarroako Foru Komunitateko hegomendebaldeko lurralde zabal bat da; euri gutxi eta haiek uholde gisakoak izaten ditu; uda beroak eta negu aski hotzak; horren ondorioz, ekaitzek higadura handia sortzen dute, eta ez zoruak ez landareek ez diote ur horri etekin handirik ateratzen.

Geomorfologiaz, Errege Bardea Ebroko beheraguneak osatzen duen unitate geologikoaren iparreko ertzean dago. Beheragune horrek tertziario kontinentaleko eta kuaternarioko materialak ditu osagai. Pirinioak eta Mendikate Iberikoak, eta bai beste batzuek ere, bultza egiten diote Errege Bardeari, eta bertako deformazio tipikoak sortzen dituzte: toles monoklinalak, oso buzamentu leunekoak.

Sustratu geologikoa gatz eta kisu handikoa baita eta bertako klima ere oso lehorra, gesal lur asko egoten dira Errege Bardeako zoruan. Eta gainera, euri urak zoruan iragazi eta zoruaren higadura mekanikoa sortzen du: ordoki eta erreka ikusgarri ederrak, landaretza gutxikoak eta eragin handikoak.

Errege Bardeako landaretza, estepetako eta Mediterraneoko landaretza da. Osagai mediterranioa ezagun da, ontina eta sisalloa ausarki dagoelako, eta espartzudia ere bai. Landaretza hori, jakina, inguruneko kondizioek eta giza eskuhartzeak sortua da, baina kasurik hoberenean sastraka altu edo antzeko komunitate subserialen bat bilaka liteke. Errege Bardeako flora eta landaretzaren interes botanikoa Ebroko Beheragunearen berezitasun klimatikotik heldu da; horregatik, Habitat-Errolda Nazionalean ere -Habitatei buruzko maiatzaren 21eko 92/43 EEE zuzentarauaren arrimuan sortua- sartu da Errege Bardea.

Faunak ere ale interesgarri asko ditu: anitz arrain, anfibio eta narrazti espezie; baina hegaztiak dira agian aipagarrienak, Nafarroan soilik ez baina Europan ere garrantzi larria ematen baitiote Errege Bardeari: aipa dezagun, adibidez, saizuria. Harrapari populazioak, oro har, handiak dira, eta berriki giza eskuhartzearen mehatxua sufritzen hasi dira; horregatik, zenbait jarduera arriskugarri direla medio, ezinbestekoa da berehala arautzea. Estepako hegaztiek -basoilarra, basoiloa, eperzuria, larreoiloa- komunitate handia osatzen dute Errege Bardean eta haiek kontserbatzeko ezinbestekoa da nekazaritzako ingurumenari buruzko neurriak hartzea, labore estentsiboaren gaur egungo araubidea faboratzeko.

Aurrekoaz gain, esan beharra dago Errege Bardearen eskualde osoaren egoera egokia izan dadin komenigarria dela bertako eremu batean -tiro poligonorako gordetakoan, hain zuzen- burutzen ari den erabilera eta jarduera berraztertzea. Nahi hori hainbat aldiz onetsi izan du Nafarroako Parlamentuak. Horregatik, aipaturiko erabilera arautzen duten indarreko harreman juridikoak bukatu ondoren, eta Errege Bardearen ingurugiro-garapen osoa eta Foru Lege honen betetze osoa lortzearren, bidezkoa da Administrazio Publiko eskudunek beharrezkoak diren neurri eta ekimen guztiak har ditzatela aipaturiko gaur egungo egoera gainditzeko. Hori guztia, eskualde horrekin zerikusia duten balizko ingurugiro-kalteen azterketa egin ondoren.

Ingurumena Errege Bardean babesteko lege-araubidea bilakatuz joan da Lurraldea Babestu eta Erabiltzeko Herrialdeko Hirigintza arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak lehenbiziko natur erreserbak deklaratu zituenetik (Rincón del Bu, Caídas de la Negra) harik eta natur erreserbak mugatu ziren arte. Berrikiago, kasuko toki entitate eskudunak, hau da, Errege Bardeako Komunitateak, sustatuta Natur Baliabideak Antolatzeko Plana onetsi ondoren (irailaren 7ko 266/1998 Foru Dekretua). Elkarte tradizional horrena lehenbiziko ekimena izan da Nafarroan natur baliabideak antolatzeko plan bat itxuratzeko. Araudi horretan Errege Bardea Natur Parke deklaratzen da, delako Plana itxuratu eta onesteko tramitea behin egin ondoren, Nafarroako naturguneen gaineko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 21.1. artikuluaren arabera.

Errege Bardeako Natur Parkea deklaratzea jotzen da figura juridikorik egokiena, aurretik zeuden baloreak eta ekosistemak zaintzeko ez ezik, plangintza eta kudeaketa osoak eta koherenteak bermatzeko ere, egungo eta etorkizuneko eskakizunak bermatzearren, garapen eutsigarriaren ikuspuntutik. Natur Parkea da, halaber, udal gozamenkideek, Junta Nagusiaren eta ordenantzen bidez, azken hamarkadetan baliatu dituzten erabilera- eta kudeaketa-formulak hobekien zaintzen duen botere publikoen deklarazioa. Era berean, ohiko sektoreek eta artisauek ekoitzi bertako produktuen balio ekonomiko diferentziala bultzatu eta handitu egiten ditu natur parkeak, eta, aldi berean, kanpoko baliabide ekonomikoak erakartzen ditu Bardeara eta handik hurbilen dauden hirguneetara, eskualdeko gizarte- eta ekonomia-garapenaren mesederako.

Nafarroako ubidearen interes orokorra Estatuko lege batean eta Nafarroako Gorteen beste foru lege batean deklaratuta dago, eta horrek zilegi egiten du ubidea hemen ere aipatzea; izan ere, parkearen lurraldearen baitan eraiki daiteke, zati txikia hartuko badu ere, edota lurralde hori zeharkatu. Hortaz, parkea sortzeko helburuekin bateragarria bada ere, ubidea ezin izanen da parkeko gune jakin batzuetan sartu, natur erreserbatzat edo hegaztien babesgune berezitzat jotakoetan, alegia.

Entitate horrek berak Parke berriaren kudeaketa berari egoztea eskatu du. Kasurako den araudiak ez du aukera hori ezintzen, eta gainera hartara hurbildu egiten zaizkio antolatze eta funtzionamendu lanak lurraldez ere hurbilen bizi denari, nahiz eta beste zenbait erakundek parte har dezaketen kudeaketan.

1. artikulua

Natur parke deklaratzen da Nafarroako Errege Bardeak hartzen duen lurralde osoa. Babes figura horretatik kanpo geratzen dira honako erabilera bereziko eremuok: Hondo de Espartosa (272 ha.), Bandera (43 ha.) eta Cinco Villas (13 ha.). Natur parkearen mugak, 1998ko edizioko Nafarroako 1:5.000 mapa topografikoaren arabera, honakoak dira Nota de Vigencia:

Iparraldetik: X 632138.19; Y 4383664.41 UTM koordenatu puntutik hasten da, Tres Mugas esaten zaion parajean, zeinean bat egiten baitute Sadabako (Zaragoza), Zarrakazteluko eta Errege Bardeako mugapeek. Handik ipar-mendebalerantz segitzen du, Zarrakazteluko muga-lerroarekin bat, X 628219.34, Y 4685776.48 UTM koordenatu punturaino; bertan La Quemada deitu parajea jotzen du, Melidako udalerrian, X 626308.91; Y 4687304.79 UTM koordenatu punturaino, non berriz batzen baita Zarrakazteluko udalerriarekin. Handik ipar aldera segitzen du X 623587.67; Y 4691203.31 UTM koordenatu punturaino, non Santacarako mugapearekin batzen baita, eta muga hori bera segitzen du X 620575.59; Y 4691133.04 UTM koordenatu punturaino, non Melidako mugapearekin batzen baita. Handik hego-ekialdera segitzen du Murillo el Cuendeko mugapea jo arte, X 616204.63; Y 4682930.64 UTM koordenatu puntuan, eta handik mugape horrexekin bat segitzen du X 616204.63; Y 4682930.64 UTM koordenatu punturaino, zeinean Caparrosoko mugapea hasten baita. Mugape horrekin bat segitzen du X 608894.11; Y 4682139.14 UTM koordenatu punturaino.

Hegoaldetik: Tuterako mugan hasten da, X 618641.62; Y 4665961.77 UTM koordenatu puntuan, eta Tuterako mugarekin bat segitzen du X622437.05; Y 4659994.93 UTM koordenatu punturaino, non Cabanillasko mugapearekin batzen baita. Muga horrekin bat segitzen du hego ekialdera X 625825.38; Y 4658470.50 UTM koordenatu punturaino, non Fustiñanako mugapearekin batzen baita. Herri horren mugarekin bat segitzen du. X 626490.62; Y 4659400.15 UTM koordenatu puntuan muga hori utzi eta hegoaldera zuzen segitzen du, X 626488.91; Y 4659367.96 UTM koordenatu punturaino. Handik ekialdera segitzen du 475 metroko goiera lerroarekin bat. X 625910.22; Y 4659618.11 UTM koordenatu puntuan lerro hori utzi eta handik zuzen X 625902.75; Y 4659924.25 UTM koordenatu puntura iristen da. Bertan 495 metroko goiera lerroa hartu eta iparrera segitzen du X 626067.03; Y 46603323.74 UTM koordenatu punturaino, eta handik zuzen X 626127.31; Y 4660283.53 UTM koordenatu puntura iristen da. Han 500 metroko lerroa hartzen du ekialdera, X 626618.86; Y 4659959.38 UTM koordenatu punturaino. Handik zuzen berriz lotzen zaio Errege Bardearen mugapeari X 626622.97; Y 4659931.8 UTM koordenatu puntuan, X 603325.96; Y 4651057.90 UTM koordenatu punturaino, non Buñuelgo mugapea hasten baita. Herri horren mugarekin bat hego-ekialdera segitzen du Zaragozako probintzia jo arte, X 634359.84; Y 4646748.08 UTM koordenatu puntuan.

Ekialdetik: Aragoiko erkidegoa du mugakide, hasi X 634359.84; Y 646748.08 UTM koordenatu puntutik harik eta X 632758.65; Y 4670562.15 UTM koordenatu punturaino, bertan muga hori utzi eta Cinco Villasko kanalarekin parez pareko korridore bat osatzen du, kanalaren hegitik 25 metro ekialdera, X 632840.55; Y 4671602.28 UTM koordenatu punturaino, non berriz lotzen baitzaio Aragoiko mugari Parkeko ipar muga jo arte X632138.19; Y 4683664.41 UTM koordenatu puntuan.

Mendebaldetik: X 608894.11; Y 4682139.14 UTM koordenatu puntuan hasten da. Handik 300 metroko goiera lerroa hartzen du ekialdera X 610391.53; Y 4681294.97 UTM koordenatu punturaino, han lerro hori utzi, hego aldera jiratu eta zuzen X 610492.13; Y 4679678.87 UTM koordenatu punturaino. Han berriz hartzen du 300 metroko goiera lerroa mendebal aldera Villafrancako udalerria jo arte X 608851.17; Y 4680168.17 UTM koordenatu puntuan, eta muga horrekin bat segitzen du hego ekialdera X 610288.87; Y 4679603.13 UTM koordenatu punturaino, bertan Cadreitako udalerriarekin batzen baita eta herri horren mugarekin bat segitzen du Valtierrako udalerria jo arte X 611860.85; Y 4678727.97 UTM koordenatu puntuan. Valtierrako mugarekin bat hego ekialdera segitzen du Arguedaskoa jo arte X 615916.20; Y 4676001.19 UTM koordenatu puntuan; handik ipar ekialdera joaten da Vedado de Eguaras deitu parajera iritsi arte, Valtierrako mugapean, X 619637.32; Y 4677434.58 UTM koordenatu puntuan.

2. artikulua

1. Errege Bardeako Parkeak Natur Baliabideak Antolatzeko Plana izanen du araubide, Nafarroako Gobernuak behin betikoz irailaren 7ko 266/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsi zuena, hain zuzen, eta ondorengo aldaketak, hala bada.

2. Nafarroako Ubidea, Errege Bardeako Natur Parkearen deklarazioa justifikatzen duten helburuekin bateragarri denez, aipatu Natur Parkearen lurralde-eremuan jar daiteke, edo eremu hori zeharka dezake, parkeko hurrengo aldeak salbu: natur erreserba, hezegune edo hegaztien babesgune berezitzat jotakoak. Halaber, garapen eutsigarria sustatuko da, lurraldeko balio naturalen kontserbazioa eta ureztatutako nekazaritzaren aprobetxamendua uztartzeko.

3. artikulua

Natur Parkea kudeatzea Errege Bardeako Komunitateari dagokio, eta berak izanen ditu indarra duen legediak natur parkeetako kudeaketa organoei esleitzen dizkien eskumen eta ahalmen guztiak.

4. artikulua

1. Errege Bardeako Batzorde Aholkuemailea sortzen da, kudeaketaren titularra den Komunitateari aholku emateko organoa, Nafarroako Gobernuaren eta Errege Bardeako Komunitatearen arteko elkarlana bideratzeko, eta beste alde batetik Natur Parkearen kudeaketan interesa duten agenteek parte hartu eta laguntza emateko organoa izan dadin.

2. Batzorde Aholkuemaileari dagokio kudeaketaren titularrarentzat gutxienez ere honako gai eta puntu hauei buruzko txostenak prestatzea: Natur Parkearen Erabilera eta Kudeaketarako Plan Gidaria eta berorren aldaketak, gainontzeko plan, azterlan eta proiektu berariazkoak, eta Parkearekin zerikusia daukaten urteroko jarduera-, sustapen- eta bultzada-programak.

3. Batzorde Aholkuemaileak hamabost kide izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuaren bost ordezkari: bat Toki Administrazioko Departamentuak izendatua, bat Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izendatua, bat Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak izendatua, bat Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak izendatua eta bat Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatua.

b) Errege Bardeako Komunitateak lau ordezkari izanen ditu, bi Batzorde Iraunkorrak izendatuak eta bi teknikari, Komunitatearentzat beren lan profesionala eginen dutenak.

c) Errege Bardeako Nekazarien Sindikatuko ordezkari bat.

d) Abeltzain Gremioen Batzordeko ordezkari bat.

e) Errege Bardeako Arrantzale eta Ehiztari Elkartearen ordezkari bat.

f) "Merindad de Tudela" ikerketa zentroaren ordezkari bat.

g) "Eder" partzuergo turistikoaren ordezkari bat.

h) Eta azkenik, ingurumena defendatzeko elkarte edo erakundeen ordezkari bat. Nafarroako Ingurugiro Kontseiluan ordezkatuta dauden ingurumen elkarte edo erakundeek izendutuko dute ordezkari hori.

4. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ordezkaria arituko da Kontseilu Aholku-emailearen buru.

5. Kontseiluaren buruorde, Errege Bardeako Komunitatearen ordezkarietako bat arituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Natur Parke izendatua izateko deklarazio honetatik eratorritako edukiak Errege Bardeako Komunitatearen Ordenantzetan ez badira sartzen Natur Baliabideak Antolatzeko Planean adierazitako epean, Nafarroako Gobernuak egokiak diren neurriak hartuko ditu horiek aipaturiko Ordenantzetan sartuak izan daitezen.

Bigarrena

Foru Lege honek indarra hartu eta gehienez ere urtebeteko epean eratuko da Kontseilu Aholku-emailea, eta lehen bilera eginen du.

Hirugarrena

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Vedado de Eguaras, Rincón del Bu eta Caídas de la Negra Natur Erreserbetan dagokion kudeaketa burutuko du, eta horretarako erabiliko dituen irizpideak aurreikuspenen arabera Errege Bardea Natur Parkean aplikatuko direnekin bateragarriak izanen dira. Berdin jokatuko da Errege Bardea Natur Parkearekin mugakide diren eta aurrerantzean deklara daitezkeen beste naturguneen kudeaketari dagokionean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio Foru Lege hau garatu eta betetzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bigarrena

Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web