(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2004 FORU LEGEA, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortzekoa.

BON N.º 73 - 18/06/2004; corr. err., BON 4/08/2004



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.26 artikuluan, xedatzen du Nafarroak eskumen osoa duela elkargo ofizialen eta lanbide tituludunen jardueren arloetan, legeria orokorrari jarraikiz betiere.

Artikulu horretan xedaturikoaren babesean, Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartu dituen eskumenak ikusirik, Nafarroako lanbide elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eman zen. Abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez garatu zen erregelamenduei dagokienez. Foru dekretu horren bidez Nafarroako lanbide elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen. Arautegi horren babesean, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargoa sortzeko eskaera aurkeztu da. Eskaera hori foru erkidegoan egoitza duten profesionalik gehienek izenpetu dute. Izan ere, haiexek dira titulu ofizial horren jabe eta horretan aritzeko eskatu dute elkargoa sor dadila. Foru lege proiektu hau haren izapidaketaren ondorioa da.

Martxoaren 20ko 433/1998 Errege Dekretuaren bidez, Giza Nutrizio eta Dietetikako diplomadunendako unibertsitate-titulu ofiziala eta titulu hori lortzeko ikasketen planetako orotariko jarraibideak ezarri ziren. Titulu hori ezartzean lortu nahi den helburua giza nutriziorako egoki diren jan-neurriak prestatzeko oinarri teorikoetan eta tekniketan prestakuntza egokia ematea da.

Osasun lanbideen antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak, 2. artikuluan, giza nutrizio eta dietetikako diplomadunendako tituluak gaitzen duena jotzen du osasun lanbidetzat. Bestaldetik, 7.2.g) artikuluak giza nutrizio eta dietetikako unibertsitate - diplomadunak jotzen ditu dietista-nutrizionistatzat, pertsonak edo pertsona-taldeak elikatzeko lanetan badihardute eta lan horiek pertsonen behar fisiologikoetarako eta, hala bada, patologikoetarako egokiak badira, aurreneurrien eta osasun publikoaren irizpideei jarraituz.

Aipatu den autonomia, arauei eta lanbideei dagokienez, kontuan hartuz, komenigarritzat eta beharrezkotzat jo da lanbide elkargo bat sortzea, Nafarroako Foru Komunitateko dietista eta nutrizionistak biltzen dituena. Elkargo horrek lanbidea eta bazkideen lanbide-interesak ordezkatu eta aldeztuko ditu, gizartearen orotariko interesekin bat. Ezarririko legeen barruan, lan horretan jarduteko manera antolatuko ere du.

Azaldutakoa ikusirik, eta Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortzeko interes publikoko arrazoiak badirela kontuan harturik, foru lege honen bidez sortu egiten da aipatu elkargoa.

1 artikulua. Izaera.

1. Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortu egiten da, zuzenbide publikoko korporazio gisa, bere nortasun juridikoa duena eta bere helburuak betetzeko eta bere eginkizunetan aritzeko gaitasun osoa duena.

2. Elkargo profesionalak foru lege honek indarra hartutakoan izanen du nortasun juridikoa, eta gobernu organoak osatutakoan jarduteko gaitasuna.

2. artikulua. Jarduteko eremua.

Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak jarduteko lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da.

3. artikulua. Kide izateko eskubideak.

Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialean sartzen ahal dira Giza Nutrizio eta Dietetikako diplomadun titulua dutenak. Titulu hori Giza Nutrizio eta Dietetikako diplomadunendako unibertsitate-titulua eta hura eskuratzeko ikasketen planetarako norabide orokor berariazkoak ezartzen dituen martxoaren 20ko 433/1998 Errege Dekretuak arautzen du.

4. artikulua. Jarduera profesionala.

Nafarroako Foru Komunitatean dietista-nutrizionista lanbidean aritu ahal izateko derrigorrezkoa izanen da Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialeko kide izatea, beste lurralde bateko dietista-nutrizionisten elkargoko kide dela frogatu izan ezik.

5. artikulua. Arau erregulatzaileak.

Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala lanbide elkargoen legeriak, bere estatutuek eta, halakorik balego, barne erregimeneko erregelamenduak arautuko dute.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Estatutuen onespena eta gobernu organoetako kideen hautapena

1. Nafarroako Dietista Diplomatuen Elkarteak, foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren behin-behineko estatutuak onetsi beharko ditu, eta honako hauek arautzeko:

a) Elkargoko kide izateko baldintzak, kideek elkargoko Eratze Batzarrean parte hartzen baitute.

b) Eratze Batzarrerako deia nola egin eta batzarra nola eraman. Deialdi hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

2. Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren eratze batzarrak egin beharko du:

a) Elkargoko behin betiko estatutuak onetsi.

b) Elkargoko gobernu organoetako kideak hautatu.

3. Behin onetsi eta gero, elkargoko behin betiko estatutuak eta eratze batzarraren aktaren ziurtagiria Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorriko dira eta haren titularrak, Departamentuko organo eskudunak legezkotasuna berretsi ondotik, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2004ko ekainaren 9an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0409561

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web