(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2006 FORU LEGEA, martxoaren 17koa, 2006-2008 eperako toki azpiegituren plan bereziari buruzkoa.

BON N.º 36 - 24/03/2006



ZIOEN AZALPENA

2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko urriaren 29ko 12/2004 Foru Legeko 5. artikuluak ezarri zuen plan berezi bat eginen zela planean sartzen ziren obren finantzaketa osatzeko edo foru legean bertan ezarritako hautaketa eta leheneste parametroen ondorioz planean sartzen ez ziren obrak finantzatzeko. Artikulu horretan, bi jarduketa mota aurreikusi ziren: alde batetik, planean sartu ziren obra batzuen finantzaketa osatuko du planak berak, eta, bestetik, hautaketa eta leheneste parametroen ondorioz planean sartu ez ziren jarduketa batzuk finantzatuko ditu. Honakoak adierazi ziren plan berezi bat lantzeko irizpide orokor gisa: batetik, toki programaziokotzat sailkaturiko azpiegituren defizit indibidual eta orokorra, eta, bestetik, toki entitateak kokatuta dauden eskualdearen defizita, Nafarroako toki entitateen osotasunarekin alderatuta; hiru urteko planak deitu izan direnek indarra hartu zutenetik ebaluatutakoak izanen dira defizit horiek. Azkenik, plan hori foru lege baten bidez arautu beharko zela ezarri zen.

Foru lege honek helburu du, hain zuzen ere, indarra duen eta urriaren 29ko 12/2004 Foru Legean xedatuaren arabera eginikoa den azpiegituren planaren osagarria izanen den plan berezia egiteko arauak ezartzea.

Lehenbizi, presio handiko ur horniduraren plan zuzendariko obretarako ekarpenak osatu beharko ditu planak. Obrak plan zuzendari horretan sartzeari buruzko amaierako erabakia ez denez hartzen plan horretan parte hartzen duten toki entitateen berehalako eta zuzeneko erabakien bitartez, beharrezkoa da entitate horien finantza-kostuak arintzea, eta, horretarako, 100eko 10 osatuko da 2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko Foru Legean inbertsio horietarako ezarritako ekarpena. Hala eta guztiz ere, ekarpen hori ez da orokorra izanen eta eragina izanen du soilik aipaturiko plan zuzendarian sartuta dauden eta azpiegitura orokorraren aldetik 2004rako kalkulaturiko batez bestekoa (1,1590 dela ezarri da) baino defizit handiagoa duten toki entitateetan. Batez besteko hori, hiru urteko planei buruz egin den ebaluazioaren ondorioa da, eta Nafarroako Parlamentuak haren berri izan du Toki Administrazioko Batzordean.

Plan honek, gainera, bere baitan hartu beharko ditu defizit handieneko inbertsioei dagozkien obrak, Nafarroako eskualde guztietan egindakoak. Horri dagokionez, komenigarritzat jo da finantzaketaren guztizkotik 100eko 25 erreserbatzea: 100eko 10 argiteria publikoko obretarako eta udal eraikinetarako banatuko da, hurrenez hurren, eta 100eko 5 hilerrietan eta toki-bideetan, oro har, inbertsioak egiteko. Gainerakoa, 100eko 75 hain zuzen ere, Nafarroa osoan defizit handiena duten obretarako emanen da, eta presio handiko ur horniduraren plan zuzendariko azpiegituretara bideratuko da, aipaturiko 100eko 10a emanez, bai eta hornidura eta saneamenduko toki-sareak, zoladura emateko lanak eta elektrifikazioak hartzen dituzten azpiegituretara ere.

Lurralde oreka lortzera bideratutako neurriak sustatzeko, urriaren 29ko 12/2004 Foru Legeko 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, azpiegituren defizitekin loturiko hautaketa irizpideen irizpide gehigarriak ezartzen dira. Esate baterako, kanpo utziko dira 1984tik 2004ra bitarteko toki azpiegituren inbertsio planen kargura aitorturiko kapital transferentzien bolumenaren adierazlea 0koa duten toki entitateak, Inbertsio planari buruzko Foru Lege indardunari jarraikiz, halako moduan non ez zaien laguntzarik emanen azpiegitura planetan zehar ekarpen gehien jaso dituzten toki entitateei. Ez dira hautatuko, ezta ere, aurreko planetan behin betiko sartu diren inbertsio zehatzak, baldin eta, gero, toki entitateek haiek egiteari uko egin badiote. Edonola ere, planaren muga foru lege honetan ezartzen den kopuru ekonomikoa izanen da.

Foru lege honek, bada, urriaren 29ko 12/2004 Foru Legeko 5. artikuluan adierazitako alderdi bat betetzen du, plan bereziak eskatzen dituen alderdi zehatz batzuk arautzen baititu; alderdi adjektiboetarako, berriz, hartan aurreikusitako prozeduretara jotzea eskatzen du.

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da 2006., 2007. eta 2008. urteetako aurrekontu-ekitaldietarako plan berezi bat ezartzea toki azpiegituren gaietarako; betiere, 2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko urriaren 29ko 12/2004 Foru Legeak aurreikusitakoa osatzen du eta foru lege hori betetzeko onetsitako plana hartzen du abiapuntu. Plana zuzenduta dago foru lege honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten inbertsioak eginen dituzten toki entitateei.

2. artikulua. Toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura eginiko ekarpenak.

Plan berezi honetarako ekarpenak Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kapital transferentzien kargura ordainduko dira, eta 14.176.900 euro eginen dute. Urte anitzekoak izanen dira, eta 2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko urriaren 29ko 12/2004 Foru legeko 8. artikuluan ezarritakoak izanen dira. Hori, halere, ez da oztopoa izanen jarduketa honetarako aurreikusitako 2005eko ekitaldiko baliabideak hurrengo 2006ko ekitaldiko plan bereziko obretan gehitzeko.

3. artikulua. Plan berezian sar daitezkeen inbertsioak.

Finantzatu ahalko diren inbertsioak presio handiko ur horniduraren plan zuzendarikoak eta toki programazioaren obrak dira (sarerik gabeko zolatzerakoak izan ezik), hain zuzen eskatuta ere 2005-2008 eperako toki azpiegituren planean sartu ez zirenak.

4. artikulua. Presio handiko ur hornidurarako inbertsioen araubide ekonomikofinantzarioa.

Presio handiko ur horniduraren plan zuzendariko obretarako ekarpenen araubidea ehuneko 10ekoa izanen da, eta 2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko Foru Legean inbertsio horietarako aurreikusitako ekarpena osatuko dute.

5. artikulua. Presio handiko ur hornidurarako inbertsioen hautaketa.

Aurreko artikuluan ezarritako ekarpen osagarria honakoei egokituko zaie: 2004rako kalkulatutako batez bestekoa, 1,1590 hain zuzen, gainditzen duen azpiegitura orokorreko defizita duten toki entitateek egin beharreko presio handiko ur hornidurarako inbertsio guztiei.

Dagokion zerbitzua kudeatzeko beren beregi sortu den Mankomunitatekoak ez diren toki entitate batzuk hornitzeko obrak egin behar direnean, nahikoa izanen da obren proiektuaren arabera parte hartzen duen edozein toki entitatek aipatu batez bestekoa gainditzea.

6. artikulua. Toki programazioaren inbertsioen araubide ekonomikofinantzarioa.

1. Toki programazioaren obretarako ekarpenen araubidea 2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko foru legeko 11. artikuluan eta harekin lotutakoetan ezarritakoa izanen da.

2. Argiteria publikoko eta udal eraikinetako inbertsioetarako ekarpenen bolumen orokorrak ez du gaindituko, mota bakoitzerako, foru lege honetako 2. artikuluan ezarritako guztizko ekarpenaren 100eko 10, erreserbak deskontatuta. Hilerrietan eta toki-bideetan inbertsioak egiteko, berriz, aipatu bolumen orokorrak ez du gaindituko aipatu kopuruaren 100eko 5; lehenbizi hautatuko dira sartzeko modukoak diren hilerri-obrak. Gelditzen diren ekarpenak gainerako inbertsio motetara bideratuko dira, eta sar daitezkeen presio handiko ur hornidurarako obra guztiak hautatu ostean, ezin izanen dira hautatu sareetako zolatze-obra hautatuen 100eko 3,5 baino gehiagoko ehunekoan gainditzen duten beste sareetako obra batzuk.

7. artikulua. Toki programazioaren obren hautaketa.

Toki programazioaren obren hautaketa 2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko urriaren 29ko 12/2004 Foru Legeari jarraikiz onetsitako planaren II. eranskinean sarturiko inbertsioetatik abiatuta eginen da, betiere lortutako hautaketa eta leheneste koefizienteari eta ondoko baldintzei erreparatuta:

Lehena. Azpiegituretarako inbertsioetan soilik hautatu ahalko dira azpiegitura indibidualaren defizitean epe laburrerako beharrezkotzat sailkatu direnak, 2005-2008 eperako toki azpiegituren planeko hautaketa eta leheneste arauei jarraituz.

Bigarrena. Ezin izanen dira toki entitateen inbertsioak hautatu, entitate horien kapital transferentzien -Toki Administrazioko Departamentuak 1984tik 2004ra bitartean exekutaturiko toki azpiegituretarako inbertsio planen kargura aitortutako transferentzien- bolumenaren adierazlea, 2005-2008 eperako toki azpiegituren plana garatzeko arauetan ezarritako terminoetan, aipatutako arauen arabera 0 denean.

Hirugarrena. Ezin izanen dira hautatu sareak jarri eta zoladura emateko inbertsioak, kasuko sareak plan berezian sarturik ez badaude.

Laugarrena. Ezin izanen dira hautatu aurreko toki azpiegituren planetan behin betiko sartu diren inbertsioak, baldin eta, gero, toki entitateek haiek egiteari uko egin badiote.

8. artikulua. Prozedura.

Nafarroako Gobernuak foru lege honetan ezarritako baldintzei begiratuz onetsiko du plan berezia; une horretatik aurrera, plan hori garatu, kudeatu eta betearazteko prozedura izanen da 2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko urriaren 29ko 12/2004 Foru Legean eta hura garatzeko onesten den erregelamenduan ezarritakoa.

9. artikulua. Arau finantzarioak eta arau ekonomiko nahiz aurrekontuetakoak.

Plan bereziaren kudeaketako alderdi finantzarioetan eta ekonomiko nahiz aurrekontuetakoetan, 2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko urriaren 29ko 12/2004 Foru Legeko 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

Lehen xedapen gehigarria . Obretako aurrekontuen gehikuntza.

Plan berezia osatzen duten obren zenbatekoa 100eko 10era bitarte gehitu ahal izanen da toki ogasunen funtsaren kargurako konpromiso ekonomikoa finkatzeko unean; horretarako, foru lege honetako 2. artikuluan ezarritako ekarpenen 100eko 7,5 bitarte erreserbatuko da.

Bigarren xedapen gehigarria . Dokumentazioa aurkezteko epea.

2006ko eta 2007ko obretarako dokumentazioa aurkezteko epea lau eta zortzi hilabetekoa izanen da, hurrenez hurren, 2006-2008 eperako toki azpiegituren plan berezia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestalde, 2008ko obretarako dokumentazioa 2007ko maiatzaren 1a baino lehen aurkeztuko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra . Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2006ko martxoaren 17an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0604787

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web