(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/1997 FORU LEGEA, otsailaren 27koa, Urbasa eta Andiako Parke Naturalari buruzkoa.

BON N.º 31 - 12/03/1997



ZIOEN ADIERAZPENA

Urbasako eta Andiako mendiek naturgune bat osatzen dute, geologia, biologia, ekologia, estetika, paisaje, arkeologia eta soziokultura aldetik balio multzo zabal batez hornitua.

Geologia aldetik, bi mendiek kararrizko mazizo zabal bat osatzen dute, morfoegitura bereziak dituena Pirinio-Kantauriko eremuan. Faktore bioklimatikoek karst zabalean menderen mende egindako lanak paisaje mineral berezi bat taxutu dute eta, barrenetik, tamaina gaitzeko akuifero bat, interesgarria oso hurbileko populazio guneetako giza hornidurarako, Iruñea eta horren ingurunea barne. Horri zoru podsolidoen berezitasun edafologikoa erantsi behar zaio, bakarra baita Galiziakoekin batera penintsularen eremuan.

Biologiaren ikuspegitik, mendi horietan biltzen dira erregio eurosiberiar-atlantiarreko eta mediterraniar-iberiarreko bioaniztasunaren elementu biogeografiko endemiko bereizgarriak. Adierazgarri aipagarrienen artean, ugatza, uhandre alpetarra eta bertako landareen zenbait taxon daude: Scrophularia crithmifolia, burundana subespeziea, Cochlearia aragonensis, navarrana subespeziea, Genista eliasennenii, Arenaria vitoriana, Lathyrus vivantii, Narcisus varduliensis eta Dryopteris carthusiana.

Ekologia aldetik, mendi hauetan Europako Elkartearen intereseko habitatak daude, hala deklaratuta baitaude habitat naturalak eta basa fauna eta flora zaintzeko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horien artean, interes berezia dute pagadi azidofiloek, baso horiei lotutako txilardiek eta soilune eta harkaitzetako larreek.

Estetika aldetik, lurralde hori Nafarroa hezeko eta trantsizioko paisaje adierazgarrienetako bat da, edertasun natural handikoa, mendez mende oihan eta larreen erabileraren bitartez areagotu dena, sistema erdinatural orekatu harmoniotsuak sortarazi baititu.

Ondare arkeologiko aberatsa gaur arte iraun duen antzinako artzain kulturaren lekukoa da, duen garrantzi historikoa oraindik aitortzekoa badu ere.

Ezin da ahantzi Urbasako eta Andiako mendiak antzina-antzinako ondare historikoa direla Nafarroa osoarentzat. Horren administrazioa eta gestioa, alde batetik, Koroaren eta, ondoren, egungo Nafarroako Gobernura arte, Foru Erakundeen lanari esker etorri zaigu, eta, bestetik, Ameskoako Limitaciones mendiko Administrazio Batzarreari esker. Mendez mende iraun duen tradiziozko entitatea da hori, Lege honek aitortu eta babesten dizkion ahalmen historikoak dituena, Nafarroako ohiturazko Zuzenbidearen muina delako.

Hain da oparoa bi mendi horietan bildutako balio natural anitza, ezen foru erakunde publikoen babes juridikoa behar baitute, naturgunearen kontserbazioa eta iraupena bermatuko badira. Horiek baliabide naturalen erabilera ordenatuarekin bateragarriak dira sektore eta eragile sozialen bitartez.

Gehiago ere bada: lurralde hori babesteko arrazoi estrategikoa dago, erreserba natural horri darion uraren kalitatea segurtatzen delako, izan ere, haren erabilerak mendien muga fisikoetatik askoz haratago egiten baitu, nafar populazioaren gehiengo zabal batengana hedatzeko, hiriburuan eta ingurunean bizi dena ere hartuz.

Urbasako eta Andiako mendiak Parke Natural deklaratzea figura juridiko egokiena da, ez bakarrik balore horiek edo uraren nahiz ekosistemen kontserbazioa identifikatzeko, baita plangintza eta gestio integral koherenteak bermatzeko, egungo eskaerak eta sor daitezkeenak bat etor daitezen.

Parke Naturalaren bitartez, gainera, gizarte nafar guztiak eredugarritzat du aurreko belaunaldiek basoan egindako probetxamendu ordenatu eta arrazionala, gaur egun hain ohikoa dugun garapen jasangarriaren teoria ospetsua gauzatu eta aplikatu baitute aspalditik.

Gainera, Parke Naturala da eskualdeko biztanleek (Limitacionesko Batzarrea, Burunda Ibarra, Arañazko Komunitatea eta beste) mendez mende garatu duten erabilera eta gestioko formula tradizionalak hobekien babesten dituen botere publikoen deklarazioa. Halaber, Parke Naturalak bultzatu eta handitzen du tradiziozko eta artisautzako sektoreek beraiek sortutako produktuen berezitasunaren ondoriozko balio ekonomikoa eta, aldi berean, erakargunea da kanpoko baliabide ekonomikoentzat mendi ingurura eta hirigune hurbilenetara gerturatzeko, eskualdeko garapen sozioekonomikorako dakarren onuraz gain.

Parke Naturalak 21.408 hektarea hartzen ditu denetara, honela banaturik: 4.700 hektarea Andiako mendian, 11.399 hektarea Urbasako mendian, Nafarroako Gobernuaren esku, 5.190 hektarea Limitaciones mendian, Erauldik eta Etxabarritik banandutako zatia barne dela, eta 119 hektarea Urederra ibaiaren iturburuko Natur Erreserban.

Parke Naturala deklaratzeko, eremuko Natur Baliabideak Antolatzeko Plana prestatu eta onetsi behar zen, eta hori 1996ko uztailaren 1ean onetsitako Foru Dekretuaren bidez egin zen.

Bai deklarazioan, bai Parke Naturalaren kudeaketan, kontutan hartu dira, errespetatu eta babestu Limitaciones mendiko Batzarrearen eskubide historikoak, tradiziozko Batasun administratiboa denez gero, baita Burunda eta Arañazko Komunitatearen eta Deierriko Udalaren eskubideak ere, Planaren arautegian propio bildutakoak, haren parte baitira aurrerantzean.

Limitaciones Mendiko Batzarreak kudeatuko du Parke Naturala bere lurraldean, eta Nafarroako Gobernuak gainerakoan, bi lurraldeok kudeatzeko mendez mende erabili diren formulei jarraipena emanez.

Urbasako eta Andiako mendiak kudeatzeko partaidetza sozialerako, Nafarroako Gobernuak Patronatu bat sortzeko asmoa du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, udal dermioa parkearen lurralde esparruaren barruan duten edo harekin mugak dituzten toki entitateen, Limitaciones mendiko Batzarrearen, Nafarroako Ingurugiro Kontseiluan ordezkariak dituzten elkarte ekologisten, Urbasa eta Andiako Larre Batzarrearen eta Parke Naturalaren lurralde esparruan zuzenean interesatuta dauden beste sektoreen ordezkariek osaturik, erregelamendu bidez ezarriko den modu eta osaketarekin. Horrekin nafar guztien ondarea den eta Nafarroako Foru Komunitateak bere-berea duen naturgune honen gestio integrala, partaide bidezkoa, sendotzen da.

1. artikulua. Parke Natural deklaratzen da Urbasako eta Andiako mendiek, Limitaciones mendiak eta Urederra ibaiaren iturburuko Natur Erreserbak (RN14) osatutako eremua, muga hauek dituena:

-Iparraldeko muga: Urbasako eta Andiako mendien muga Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri-Aranatz, Ergoiena, Uharte-Arakil, Irañeta eta Arakilgo udal mugapeekin.

-Ekialdeko muga: Andiako mendiaren muga Ollaran eta Goñibarko udal dermioekin.

-Hegoaldeko muga, ekialdetik mendebaldera: Urbasako eta Andiako mendien muga Gesalatz, Lezaun eta Abartzuzako udal dermioekin, non Urbasako mendiaren muga utzi eta Ameskoako Limitacionesen hegoaldeko mugari jarraitzen baitio, Ameskoabarren, Eulate, Aranaratxe eta Larraonako dermioekin muga eginez, Araba eta Nafarroa arteko muga administratiboraino.

-Mendebaldeko muga: Araba eta Nafarroa arteko muga.

2. artikulua. Natur Baliabideak Antolatzeko Planak, Nafarroako Gobernuak 1996ko uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, arautuko du Urbasako eta Andiako Parke Naturala, baita hark izan ditzakeen aldaketek ere.

3. artikulua. 1. Ameskoako Limitaciones mendiko Batzarreak bere esku izaten jarraituko du Urbasako Limitaciones mendia erabili eta kudeatzeko ahalmen historikoak.

2. Urbasa eta Andiako Larre Batzarreak, baita aitorturiko eskubide historikoei eusten dieten beste ente batzuek ere, kasuan kasuko jarduketa esparruaren barruan, egin izan dituzten moduan gorde eta zainduko dituzte haiek.

3. Aurreko bi ataletan aurreikusirik ez dagoen horretan, Nafarroako lurralde antolamendu eta hirigintzari eta naturguneei buruzko legeria orokorrarekin bat jardungo da.

4. artikulua. 1. Nafarroako Gobernuaren Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio Parke Naturalaren kudeaketa Urbasako eta Andiako mendietan eta Urederra ibaiaren iturburuko Natur Erreserban, Limitaciones mendiaren lurraldean izan ezik.

2. Limitaciones mendiko Batzarreari dagokio Parke Naturalaren kudeaketa Limitaciones mendiaren lurraldean eta, kasuan-kasuan, Ameskoako udalei.

Hori dela eta, Limitaciones mendiko Batzarrea izanen da Urbasako eta Andiako Parke Naturala kudeatuko duen organo administratiboa Limitaciones mendiaren lurraldean. Limitacionesko Batzarreak izanen ditu egungo antolamendu juridikoak Parke Naturaletako gestio organoei ematen dizkien ahalmen eta eskumen administratibo guztiak.

3. Limitaciones mendian egin daitezkeen jarduera eta erabilerak Limitaciones mendiko Batzarreak onetsitako Ordenantzei lotuko zaizkie, ordenantzak aurkeztu eta bi hilabeteko epean Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak haien legezkotasunari buruzko txostena eman ondoren.

Limitaciones mendiko Ordenantzek espazioak kontserbatzeko legeriak Erabilera eta Kudeaketako Plan Zuzentzaileei emandako izaera eta ondorioak izanen dituzte.

4. Nafarroako Gobernuaren eta Limitacionesko Batzarrearen arteko lankidetza eta kooperaziorako, bi erakundeek beren ordezkariek osatutako lankidetza organoa sortu ahalko dute, bien adostasunarekin.

5. artikulua. 1. Kudeaketan parte hartu eta laguntzeko organo gisa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Urbasako eta Andiako Parke Naturalaren barreneko eremuan, Patronatu bat sortuko du, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria edo bere ordezko agintaria buru dela, erregelamendu bidez ezarriko diren eginkizun eta osaketarekin.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, udal dermioa parkearen lurralde esparruaren barruan duten edo harekin mugak dituzten toki entitateen, Limitaciones mendiko Batzarrearen, Nafarroako Ingurugiro Kontseiluan ordezkariak dituzten elkarte ekologisten, Urbasa eta Andiako Larre Batzarrearen eta Foru Lege honetako 1. artikuluan zehazturiko lurralde esparruan zuzenean interesatuta dauden beste sektoreen ordezkariek osatuko dute Patronatua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-1. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak behar diren ekimenak bultzatuko ditu Urbasako eta Andiako Parke Naturaleko Patronatua eratu dadin, urtebetean gehienez ere.

2. Natur Baliabideak Antolatzeko Plana garatzeko eta parkearen esparruan, Limitaciones mendia salbu, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Erabilera eta Kudeaketako Plan Zuzentzailea prestatuko du kasuan kasuko erabilpenean zuzenean esku sartzen duten sektoreek parte harturik.

Plan hori urtebeteko epearen barruan prestatuko da eta Nafarroako Gobernuak onetsiko du, Patronatuak txostena eman ondoren.

3. Limitaciones mendiko Batzarreak bere ordenantzak berrikusiko ditu zentzuzko epean, Foru Lege honek indarra hartzen duenetik. Epe hori Ordenantzen proiektua Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebitzitza Departamentuan, aginduzko txostena eman dezan, aurkeztu gabe iraganez gero, horrek errekerimendua eginen dio Batzarreari hiru hilabeteko epean aurkez dezan, eta hori egin gabe iraganez gero, Departamentuak subrogatuko du haren prestakuntzan eta Nafarroako Gobernuari igorriko dizkio Ordenantzak, onets ditzan.

Beti ere berrikusiriko Ordenantzak Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Planari gaineratuko zaizkio.

Bigarrena.-Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari behar diren xedapenak eman ditzan Foru Lege hau garatu eta betearazteko.

Hirugarrena.-Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko otsailaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A9701889

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web