(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

14/2013 FORU LEGEA, APIRILAREN 17KOA, IRUZUR FISKALAREN AURKAKO NEURRIEI BURUZKOA Nota de Vigencia

BON N.º 80 - 29/04/2013



ZIOEN AZALPENA

Iruzur fiskalaren aurkako borrokan gogor ekiteko, legegintzako hainbat neurri onestea du xede foru lege honek. Ez dago zalantzarik: edozein ekonomia ezkuturen aurkako borrokak, orokorrean, eta iruzur fiskalaren aurkakoak, zehazki, izan behar du zerga administrazioen jarduketa gidatuko duen argi nagusietako bat. Areago krisi ekonomikoaren une hauetan, non bereziki nabaria den diru-sarrera publikoen gutxitzea.

Iruzur fiskalak oinarrizko hiru zerga printzipioren aurka egiten du, orokortasunaren, berdintasunaren eta justiziaren aurka. Gastu publikoen sostenguan guztiek hartu behar dutela parte adierazten du orokortasunaren printzipioak. Bakoitzak bere gaitasun ekonomikoaren arabera ordaindu beharrari lotzen zaio berdintasunaren printzipioa. Azkenik, zerga sistema baten justizia aurreko bi printzipio horien konbinazioan oinarritzen da, ekitatearekin eta progresibotasunarekin batean. Begi bistakoa da herritar eta entitate juridiko batzuek ez badituzte beren zerga betebeharrak betetzen, sistema fiskalak zuzena izateari uzten diola eta zama fiskala ez dela modu ekitatiboan banatzen.

Iruzur fiskalak kalte handia eragiten dio gizarteari; izan ere, iruzurgileek Ogasun Publikoan egiten ez dituzten ekarpenen ondorioz, gainerako herritarrek zerga gehiago ordaindu behar dituzte edo zerbitzu publiko gutxiago jaso, baliabideak gutxitzen direlako. Gainera, ezkutuko ekonomiak eta iruzur fiskalak kalte egiten diete beren betebeharrak betetzen dituzten enpresei, bidegabeko lehia handia eragiten dietelako maiz.

Iruzur fiskalaren aurkako borrokak orokorra izan behar du, ahal diren tresna guztiak erabili behar dira eta iruzur mota guztiak jarri behar dira begira-puntuan: ohikoenak eta berriak; norberak egiten duen iruzurra eta sareen bitartez egiten dena, askotan beste delitu batzuei lotua, hala nola diru zuritzeari edo kapital-ihesari.

Foru Komunitateko Zerga Administrazioa borroka horretan buru-belarri ari bada ere, arlo horretan jaso den esperientziagatik eta iruzurgileen jokabideetan ikusi diren aldaketengatik, komenigarria da Administrazioa tresna berritzailez hornitzea, esparru guztietan izan dezaten eragina: kudeaketan, ikuskapenean, diru-bilketan eta zigor arloko jurisdikzioan Ogasun Publikoaren aurkako delituak jazartzen direnean.

Egungo krisi egoeran, baliabide publikoen gutxitzeak inoiz baino beharrezkoago egiten du iruzur fiskalaren aurkako borroka. Helburu horrekin, foru legeak hainbat neurri diseinatzen ditu, hiru asmo harturik helburu:

a) Diru-sarrera publikoak asko gutxitu dituzten iruzur mota batzuk detektatu direnez, horiei eraso egitea. Horrela, besteak beste, zerga erantzukizunarekin, hartzekodunen konkurtsoekin eta enpresen oinordetzarekin zerikusia dutenak.

b) Zerga-kreditua bermatzen duten arauak hobetzea, horiek eguneratzeko edo behar bezala interpretatzen argitzeko, segurtasun juridikoa handitzearren. Esate baterako, aldaketak preskripzio epean eta etenduran, eta enbargoetan.

c) Kautelazko neurriak hartzea Ogasunaren aurkako ustezko delituetan, bai eta erabiltzeko debekuak ere.

Foru lege honek zazpi artikulu ditu, zazpi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat.

Lehen artikuluak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra aldatzen du. Aldaketak era askotako gaiei buruzkoak dira. Zerga erantzukizunaren figurari dagokionez, aipagarria da erantzukizun subsidiarioaren kasu berri bat sortu dela, egitatezko edo zuzenbidezko administratzaileak ukituko dituena atxikipenen autolikidazioak edo zerga ondorioenak aurkezten dituztenean diru-sarrerarik egin gabe, behin eta berriz eta zerga betebeharra betetzeko benetako asmorik gabe. Erantzukizun kasu hori behar bezala mugatzearren definitu dira autolikidazioak behin eta berriz aurkeztearen kontzeptua, autolikidazioak diru-sarrerarik egin gabe aurkeztearena eta betebeharra betetzeko benetako asmorik ez izatearena.

Enpresa oinordetzari dagokionez, desegin eta likidatutako sozietateek bete gabe dituzten betebeharrengatik erantzunen duen likidazio kuotaren balioa handitu egiten da: likidazio kuotaren zenbatekoarekin erantzuteaz gain, bazkideek desegite dataren aurreko lau urteetan jasotakoaren mugaraino erantzunen dute, baldin eta jasotakoak betebehar horiengatik erantzuteko beharko lukeen sozietatearen ondarea gutxitu badu. Hau da, enpresa desegin aurreko lau urteetan bazkideek jasotakoek ere, baldin sozietatearen ondarea gutxitu badute, erantzunen dute. Neurri horren bidez, galarazi nahi da bazkideek likidazio aurreko eragiketen bidez sozietatearen ondarea banatzea eta, hartara, likidazioaren kuota oso urria izatea edo ez izatea. Gainera, zerga betebeharren eskualdaketa modu berritzaile batean arautu da Nafarroan sozietateak eta nortasun juridikoa duten entitateak azkendu edo desegiten direnean. Likidaziorik gabeko desegitea, eskuarki, enpresa berregituratzeko kasuei buruzkoa da, hala nola bat-egiteak, zatiketak eta aktiboaren eta pasiboaren lagapen orokorrak. Kasu horietan, azkentzen diren entitateen betebeharrak beren oinordeko diren pertsona edo entitateei, edo eragiketaren onuradun direnei eskualdatuko zaizkie: sozietate bereganatzaileei edo zatiketaren onuradunei. Aipatu behar da bete gabeko betebeharren eskualdaketak nortasun juridikoa duten entitateengan ere baduela eragina, nahiz sozietateak ez izan. Zehazten da, gainera, sozietateen eta nortasun juridikoa duten entitateen oinordekoek, bai horiek desegin eta likidatu badira, bai likidaziorik gabe desegin badira, entitate deseginaren zehapenen erantzule izanen direla, eta, kasua bada, likidazio kuotaren eta bazkideek desegite dataren aurreko lau urteetan jasotakoaren mugaraino erantzunen dutela, baldin eta jasotakoak gutxitu egin badu sozietateak betebehar horiei erantzuteko zuen ondarea.

Preskripzioaren arloan, bi berrikuntza garrantzitsu daude. Alde batetik, preskripzioa kontatzeko arauak erantzukizun kasuetara egokitu dira. Zehazki, preskripzio epearen hasiera zehazten da erantzule solidario eta subsidiarioen kasuan. Erantzule solidarioen kasuan: zordun nagusiaren borondatezko ordainketa epea bukatzen denetik hasiko da kontatzen. Erantzule subsidiarioen kasuan: zordun nagusiari edo edozein erantzule solidariori egindako azken diru-bilketa jakinarazten zaionetik. Bestetik, berrikuntza hauek egin dira preskripzioaren etenduraren esparruan:

–Administrazioak zerga-betebeharraren elementu guztietara edo batzuetara zuzendutako akzioak eteten du preskripzioa. Hau da, zerga betebeharraren elementu baten preskripzioa etenik, betebehar guztiaren preskripzioa eteten da.

–Eta hori, nahiz eta hasieran Administrazioaren jarduna beste zerga-betebehar batera zuzendu subjektu pasiboaren aitorpen okerraren ondorioz. Hauxe da arrazoia: tributudunak okerreko zerga aitorpena egin izanaren ondorioz, Administrazioak betebehar horren preskripzioa eten eta, gero, zerga betebeharra beste bat zela frogatuz gero, azken horren preskripzioa ere eten eginen da.

– Preskripzioa beste bi kasutan etenen da: zordunaren konkurtsoa deklaratzen denean eta zerga zorra kobratzeko akzio zibilak edo penalak erabiltzen direnean.

– Preskripzio epea tributudun batentzat etendakoan, etenduraren eragina gainerako tributudunentzat ere bada, erantzuleak barne.

– Auzi, konkurtso edo legezko beste arrazoi batzuengatik zordun nagusiarentzat edo erantzuleetako batentzat preskripzio epea etenez gero, gainerako tributudun solidarioentzat ere etenen da, erantzuleak beste batzuk izan edo zordun nagusia bera izan. Preskripzioa eten izanak ez du galarazten bidezko kobrantza akzioek aurrera jarraitzea.

Kautelazko neurrien birmoldatze garrantzitsua ere egin da.

Hauek dira berrikuntza nagusiak:

a) Kautelazko neurri berriak hartu dira, hala nola, ondasun edo eskubideak besterendu, kargatu edo erabiltzeko debekua, eta portzentaje baten atxikipena, enpresek kontratistei eta azpikontratistei ordainduz gero.

b) Zilegi da kautelazko neurriak hartzea prozeduraren edozein unetan: Administrazioak, arrazoietan oinarrituta, behar adina frogatzen duenean aginduan adierazitako kasuak eta mugak gertatu direla (zerga kreditua ez ordaintzeko arrazoizko zantzuak, proportzionaltasuna, hertsiki beharrezkoa den zenbatekoa, edo konpontzeko zailak edo konponezinak diren kalteak sortzerik gabe).

c) Ogasun Publikoaren aurkako delituagatik prozesu judiziala abiatuta ere, Zerga Administrazioko organo eskudunak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu. Kasu horretan, neurria jakinaraziko zaie interesdunari, Fiskaltzari eta organo judizial eskudunari.

Enbargoen esparruan, bi aldaketa garrantzitsu egin dira. Lehenik, kreditu entitateetako ondasun eta eskubideen enbargo-eginbidean identifikatu gabeko beste ondasun eta eskubide batzuetara zabaltzen ahalko da, kreditu entitatean gordailututa badaude eta ez, orain arte gertatzen zen moduan, enbargo agindua igorri zeneko bulegoan edo sukurtsalean bakarrik.

Bigarrenik, neurri egiatan berritzailea ezarri da. Akzioak edo partaidetzak enbargatuta dituzten sozietateen ondasun higiezinez baliatzeko debekua ezartzen ahalko du Zerga Administrazioak. Horrela egin ahal izateko, akzio edo partaidetzen titularra den tributudunak sozietatearen kontrol efektiboa izan behar du.

Bestalde, Zerga Administrazioaren eskumenak areagotu egiten dira delitu fiskalagatiko prozesuetan. Delituaren instrukzioa jurisdikzio penalera iraganik ere, Nafarroako Zerga Ogasuneko diru-bilketaren organoek, agintari judizialak gainbegiratuta, eskumena izanen dute delituari atxikitako diru-kopuruak ordaintzeko izan litekeen ondarea ikertzeko. Organo horiek delituarekin zerikusia duten pertsonen ondare egoerari buruzko txostenak egin ahalko dituzte, eta kautelazko neurriak hartu.

Atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gainean informatzeko betebeharrak barnean hartuko ditu higiezinak nahiz horien gaineko eskubideak.

Bigarren artikuluak 4. idatz-zatia erantsi dio Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 48. artikuluari, eta zehazten du tributuduna konkurtsoan izanez gero, masaren aurkako kreditutzat jotzen diren zerga zorrak ezin izanen direla geroratu. Neurri horren bidez, tributuaren ordainketa atzeratzeko jokabideak moztu nahi dira hartzekodunen konkurtsoetan.

Hirugarren artikuluak beste idazketa bat ematen dio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko 44. artikuluari. Artikulu horrek justifikatu gabeko ondare gehikuntzaren figura arautzen du. Aldaketak hirugarren lerrokada izanen dena eransten du, zeinarekin xedatzen dena baita atzerrian diren ondasun eta eskubideak ez badira epe barrenean aitortu Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hemezortzigarren xedapen gehigarriak aipatzen duen aitorpen informatiboan, justifikatu gabeko ondare gehikuntzatzat hartuko direla betiere. “Betiere” horrek zorrotz xedatu nahi du subjektu pasiboari ez zaiola onartuko aitortu gabeko ondasun horiek preskribatuta dauden zergaldietan bereak zituela frogatzea. Horrela, zeharka, aginduak iuris et de iure presuntzioa ezartzen du aitortu gabeko ondasun horien gainean, halako moduan non justifikatu gabeko ondare gehikuntza gisa konputatuko baitira beti, eta subjektu pasiboak aurkez dezakeen frogak ezin izanen du presuntzio hori ahuldu. Gainera, agindua ezartzen du, erregularizatu daitekeen preskribatu gabeko zergaldi zaharreneko likidazio oinarri orokorrean sartzeko.

Laugarren artikuluak 5. idatz-zatia erantsi dio Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 9. artikuluari. Aginduaren ratioa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kasukoa bera da. Betiere, pertsona juridikoen ondasun eta eskubideak, atzerrian izan eta ez badira epe barrenean aitortu aipaturiko aitorpen informatiboan, aitortu gabeko errenten kargura eskuratu direla ulertuko da. Iuris et de iure presuntzioa ezartzen da aitortu gabeko ondasun horien gainean, halako moduan non aitortu gabeko errenten kargura eskuratu direla ulertuko baita beti, eta subjektu pasiboak aurkez dezakeen frogak ezin izanen du presuntzio hori desegin.

Bosgarren artikuluak puntualki aldatzen du Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea. Eta hori, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari gaikuntza emateko asmoz, prozedura informatiko egokiak arautu ditzan, fundazioek behar bezala bete ditzaten aurrekontu eta finantza arloko informazioa emateko duten betebeharra, legez behartuta baitaude, eta Zerga Administrazioak jarraipen eta kontrol hobea egin ahal dakizkien.

Azkenik, foru lege honek jasotzen du iruzurraren aurka borrokatzeko lan batzorde iraunkor bat eratuko dela, Nafarroako Gobernuak, parlamentu-taldeek, sindikatuek, bazterketarik gabe, eta beste entitate sozioekonomiko batzuek osatua, eta haren xedea izanen da arlo horretako jarduketak aztertzea, proposamenak egitea eta iruzur fiskalaren aurka borroka egiteko diseinatzen diren jarduketa planak eta neurriak aztertu eta horien jarraipena egitea.

Halaber, zenbait xedapen gehigarritan jarduketa-konpromiso desberdinak zehazten dira, iruzurra pertsegitzeko eta ezkutuko ekonomiaren adierazlea murrizteko helburuak lortzeko tresnak abian jartze aldera.

Lehenengo artikulua. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrerako ondorioekin, jarraian ematen diren Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko aginduek honelako testua izanen dute:

Bat. 9.1.b) artikulua.

“b) Eskubidea du itzul dakizkion zuzenez kontra egindako diru sarrerak eta ofizioz tokatzen direnak, eta orduan foru lege honetako 50.2.c) artikuluak aurreikusten duen berandutza interesa paga dakion, hartarako errekerimendurik egin gabe ere.

59. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordainketa atzeratu eginen du, baldin eta subjektu pasiboak ez baditu bere tributu-betebeharrak egunean; hain zuzen ere, betebehar horiek bete arte atzeratuko du ordainketa.

Itzulketa horiei dagokienez, subjektu pasiboak Nafarroako Foru Ogasunarekiko bere tributu-betebeharrak egunean ez dituen epeetan, ez da berandutza-interesik sortuko. Era berean, prozeduran subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen gainerako atzerapen guztiak ez dira kontuan hartuko sortutako berandutza-interesen epea kontatzeko orduan.”

Bi. 29.3. artikulua.

“3. Foru lege honen 30.artikuluko 4.idatz-zatian xedatutakoa izan ezik, zordunak borondatezko ordainketa egiteko aldian daukan zerga-zor osoraino iritsiko da erantzukizuna.

Borondatezko ordainketa egiteko epea iragan, eta erantzuleak diru-sarrerarik egin ez badu, ordainarazpen aldia hasiko da, eta zorra premiamendu bidez eskatuko da, bidezkoak diren errekargu eta interesekin batera.

Erantzukizunak ez ditu zehapenak hartuko, foru lege honetan edo beste batean ezartzen diren salbuespenekin.

Erantzukizunak zehapenak ere hartzen dituen kasuetan, zordun nagusiak eskubidea izan badu 71.3 artikuluan aurreikusitako murrizketarako, zor deribatua izanen da zordun nagusiari zegokiona baina balizko murrizketa aplikatu gabe, eta adostasuna emanen zaio erantzuleari erantzukizun-deklarazioaren proposamenean.

Adostasunagatiko murrizketa aipatu 71.3 artikuluan aurreikusitakoa izanen da. Erantzuleak lortutako murrizketa besterik gabe eskatuko zaio edozein erreklamazio edo errekurtso aurkeztuz gero erantzukizun-deklarazioaren akordioaren aurka, deribazioaren bidezkotasunean edo likidazio deribatuetan oinarrituta.

Idatz-zati honetan aurreikusitako murrizketa ez zaie aplikatuko 30.4 artikuluan zorrak ordaintzeko aipatu erantzukizun kasuei.”

Hiru. 29.4 artikuluko azken lerrokada.

“Dena dela, 30.4 artikuluan ezarritako kasuetan, ezin izanen dira aurrekontu horrek hartzen dituen likidazioak aurkatu, erantzukizunaren zenbateko osoa baizik. Orobat, aipatu artikuluan aurreikusitako kasuetan, ez da 70.6 artikuluan xedatutakoa aplikatuko, ateratzen den zenbateko deribatua zorretatik edo tributu zehapenetatik etorri.”

Lau. 30.4. artikuluari e) letra gehitzea.

“e) Balio erantsiaren gaineko zergaren subjektu pasiboak ordaindu beharreko tributu-zorraren erantzule solidarioak izanen dira zerga-jasanarazpen egokia saihesten duten operazioen hartzaileak, baldin eta saiheste horretan egite edo ez-egite erruzko nahiz dolozkoa izan badute.”

Bost. 32. artikuluari 5. idatz-zatia gehitzea.

“5. Langile, profesional edo beste enpresaburu batzuei atxiki beharreko kopuruen edo jasanarazi beharreko tributuen ondoriozko tributu-zorren erantzule subsidiarioak izanen dira zor horiek aitortzera eta diru-sarrera egitera behartutako pertsona juridikoen egitatezko edo zuzenbidezko administratzaileak, jardueraren jarraipena izanik, tributu kontzeptu horiengatik diru-sarrera gabeko autolikidazioak behin eta berriz aurkezten direnean eta egiaztatzen ahal denean aurkezpen horrek ez duela benetako asmorik autolikidazioaren xedeko zerga betebeharra betetzeko.

Autolikidazioak behin eta berriz aurkeztu direla ulertuko da baldin eta, urte natural berean, elkarren segidan edo ez, aurkeztu behar direnen erdiak edo gehiago diru-sarrerarik gabe aurkezten badira, geroratzeko edo zatikatzeko eskaera egin edo ez, eta aurkezpena epe barrenean edo epetik kanpo egina izan.

Ondorio horietarako, luzatzeko edo zatikatzeko eskaera eginik, baimen hori emateko ebazpena duten autolikidazioak ez dira konputatuko, non ez diren gero bete gabe uzten, ez-betetzea noiznahi gertatzen dela ere, eta behar bezala formalizatutako bermearekin eman direnak ez dira inoiz konputatuko.

Erantzukizun honen ondorioetarako, autolikidazioak diru-sarrerarik egin gabe aurkeztutzat joko dira bigarren idatz-zatian aipatu urte naturaleko diru-sarreretatik guztira ateratzen den zenbatekoa ez denean sartu beharreko kuota autolikidatuen guztirakoaren ehuneko 50 baino handiagoa, nahiz diru-sarrera partzialak izan aurkeztu diren autolikidazio guztietan edo batzuetan.

Lehen lerrokadan aipaturiko betebeharrak betetzeko benetako asmorik ez dagoelako presuntzioa egonen da kasu honetan: hirugarrenen titulartasuneko kredituak ordaindu badira, zeinen mugaeguna geroagokoa baita xedapen honetan ezarritako erantzukizunak bere barrenean hartzen dituen zerga betebeharrak sorrarazi edo exijitzeko modukoak gertatu ziren eguna baino, eta zeinek lehentasunik ez baitute azken zerga-betebehar horien ondoriozko zerga-kredituen aldean.”

Sei. 33.2. artikulua.

“2. Desegin eta likidatutako sozietateen edo entitateen kasuan, bete gabe dituzten zerga betebeharrak bazkideei edo kapitaleko partaideei eskualdatuko zaizkie, zeinak haien erantzule solidario izanen baitira, esleitu zaien likidazio kuotaren eta desegin aurreko lau urteetan ondareagatik jaso duten eta horrenbestez betebehar horien erantzule izan beharko lukeen sozietate-ondarea gutxitu duen balioaren mugaraino, 30.4.a) artikuluan aurreikusitakoa galarazi gabe.”

Zazpi. 33. artikuluari 3. idatz-zatia gehitzea.

“3. Sozietateak eta nortasun juridikoa duten entitateak likidaziorik gabe desegin edo azkentzen diren kasuetan, bete gabeko zerga betebeharrak beren oinordeko pertsona edo entitateei eskualdatuko zaizkie edo eragiketaren onuradun direnei. Nortasun juridikoa duen entitate eta sozietate baten aktiboaren eta pasiboaren lagapen orokorreko edozein kasutan ere aplikatuko da arau hori.”

Zortzi. 33. artikuluari 4. idatz-zatia gehitzea.

“4. Artikulu honetako 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu sozietate eta entitateek egindako arau-hausteengatik izan daitezkeen zehapenak beren oinordekoei eskatzen ahalko zaizkie, idatz-zati horietan ezarritako moduan eta, zein den kasua, 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera zehaztutako balioaren mugaraino.”

Bederatzi. 56. artikuluari 2. idatz-zatia gehitzea.

56. artikuluaren gaur egungo edukia 1. idatz-zatia izanen da.

“2. Zordun nagusiak borondatezko aldian ordaintzeko epea bukatu eta biharamunean hasiko da kontatzen erantzule solidarioei ordaintzeko betebeharra eskatzeko preskripzio epea.

Dena dela, erantzukizuna osatzen duten egintzak aurreko lerrokadan finkatutako epe ondotik gertatuz gero, egintza horiek gertatzen direnean hasiko da preskripzio epea.

Erantzule subsidiarioen kasuan, zordun nagusiari edo edozein erantzule solidariori egindako azken diru-bilketa jakinarazten zaionetik hasiko da preskripzio epea kontatzen.”

Hamar. 57.1. artikulua.

“1. 55. artikuluko a), b) eta c) letretan aipatu preskripio epeak kasu hauetan etenen dira:

a) Tributudunak ezagutza formala duela, Zerga Administrazioaren edozein egintza dela medio, zerga betebeharraren elementu guztiak edo batzuk ezagutu, erregularizatu, ikuskatu, aseguratu, egiaztatu, likidatu eta diru-bilketa egiteko bada, nahiz egintza, hasieran, beste zerga betebehar baterako izan, tributudunaren okerreko aitorpenaren ondorioz.

Orobat, lehen aipatu jarduketek ez ezik, zehapen prozedura hasteak ere etenen ditu zehapenak ezartzeko preskripzio epeak.

b) Edozein eratako erreklamazio edo errekurtsoak aurkeztuta; erreklamazio edo errekurtso horietan, tributudunak ezagutza formala duela, jarduketak eginda; zordunaren konkurtsoa deklaratuta; zerga zorra kobratzera bideratutako egintza zibil edo penalak erabilita; erruduntasun-testigantza jurisdikzio penalera igorrita edo salaketa Fiskaltzan aurkeztuta; baita administrazio prozedura geldiarazteko agintzen duen organo jurisdikzional baten komunikazioa jasota ere.

c) Tributudunak zorra ordaindu, likidatu edo autolikidatzera bideratutako edozein jarduketa dela medio.”

Hamaika. 57. artikuluari 3. idatz-zatia gehitzea.

“3. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoa aurkeztuta, egintza zibil edo penalak erabilita, erruduntasun-testigantza jurisdikzio eskudunera igorrita edo salaketa Fiskaltzan aurkeztuta edo prozedura geldiarazten duen komunikazio judiziala jasota eteten denean preskripzio epea, Administrazioak prozesu judiziala bukatzen duen edo geldialdia kentzen duen ebazpen irmoaren jakinarazpena jasotzen duenean hasiko da berriro preskripzio epearen kontaketa, edo espedientea itzultzen duen Fiskaltzaren jakinarazpena jasotzen denean.

Preskripzio epea zordunaren konkurtso deklarazioagatik etenez gero, konkurtsoa amaitzeko ebazpen judiziala irmo bihurtzen denean hasiko da berriro kontaketa. Hitzarmen bat onetsi bada, onesten den unean hasiko da berriro preskripzio epea, haren menpe ez dauden tributu-zorrentzat. Konkurtso hitzarmenaren menpeko zerga zorrei dagokienez, zordunari eskatzen ahal zaizkionean hasiko da berriro preskripzio epearen kontaketa.

Idatz-zati honetan xedatutakoa ez zaio aplikatuko Zerga Administrazioak ordainketa eskatzeko duen eskubidearen preskripzio epeari, etendura administrazioarekiko auzibidean erabaki ez bada.”

Hamabi. 57. artikuluari 4. idatz-zatia gehitzea.

“4. Tributudunaren preskripzio epea etendakoan, etenduraren eragina gainerako tributudunentzat ere izanen da, erantzuleak barne. Dena dela, betebeharra mankomunatua bada eta tributudunetako bati baino ez bazaio dagokion zatia erreklamatzen, epea ez zaie gainerakoei etenen.

Ordaintzera behartutako baten kargurako zor likidatu bat baino gehiago izatera, zeri buruzko zorra den, haren preskripzioa bakarrik etenen da.

Zordun nagusiari edo erantzuleetako bati buruz auzia, konkurtsoa edo legezko beste edozein arrazoi dela-eta, 55.b) artikuluko preskripzio epea etenez gero, eragin bera izanen du solidarioki ordaintzera behartutako gainerako subjektuentzat, erantzuleak beste batzuk edo zordun nagusia izan, bidezko kobrantza egintzek jarrai dezaten galarazi gabe.”

Hamahiru. 70.6. artikulua.

“6. Zerga zehapenen betearazpena besterik gabe etengo da, bermea aurkeztu beharrik gabe, zehapenen aurka bidezkoa den errekurtsoa edo administrazio erreklamazioa garaiz eta behar bezala aurkeztuta, eta ez dira betearaziko administrazio bidean irmo bihurtu arte.

Idatz-zati honetan xedatutakoa erantzukizun deribatua duten zerga zehapenak eteteko aplikatuko da, bai subjektu arau-hausleak zehapena errekurritzen duenean, bai, 29.4 artikuluan xedatutakoa erabilita, erantzuleak errekurritzen duenean zehapena. Agindu hau dela eta, ez da inoiz besterik gabe etenen deribatutako zerga zorra.

30. 4 artikuluan aurreikusitako zorrak ordaintzeko erantzukizunak ere ez dira etenen agindu honen arabera.”

Hamalau. 71.1.b) artikulua.

“b) Zerga Administrazioaren jarduketei gogor edo uko egitea nahiz aitzakiak bilatzea, edo haren ikerlanari oztopoak jartzea.

Inguruabar hori gertatzen bada arau-hauste larri bat egin denean, zehapenaren portzentajea ehuneko 20tik ehuneko 60ra bitartean handituko da.

Inguruabar hori gertatzen bada arau-hauste soil bat egin denean, zehapenaren zenbatekoa handituko da gehieneko zenbatekoaren ehuneko 20tik ehuneko 40ra bitartean.”

Hamabost. 72. artikuluari 8. idatz-zatia gehitzea.

“8. Artikulu honetan aurreikusitako zehapen bakoitzaren zenbatekoa, behin irizpide graduatzaileak hala behar baldin bada aplikatuta, ez da inoiz 200 euro baino gutxiagokoa izanen, nahiz eta egon daitezkeen kasuak zeinetarako kopuru hori baino handiagoak diren gutxieneko zenbatekoak ezartzen direneko kasuak ezertan galarazi gabe.”

Hamasei. 88. artikulua.

“88. artikulua. Ofiziozko itzulketak.

Zerga Administrazioak ofizioz itzuliko ditu bidezko diren zenbatekoak, kontuan hartuta zer aurreikusten duten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudi berariazkoak, sozietateen gaineko zergarenak eta balio erantsiaren gaineko zergarenak. Iragan baldin bada tributu bakoitzaren araudian ezarritako epea, eta, edozein kasutan, sei hilabeteko epea, eta, Zerga Administrazioari egoztekoa den motibo bat tarteko, ez bada agindu itzuli beharrekoa pagatzea, zergadunak eskubidea izanen du 50.2.c) artikuluan araututako berandutza interesa kobratzeko, horretarako errekerimendurik egin beharrik gabe. Horri dagokionez, interes hori sortuko da Zerga Administrazioak behin-behineko likidazioa egiteko duen epea bukatzen denetik dagokion itzulketa pagatzea agintzen den egunera arte.

59. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordainketa atzeratu eginen du, baldin eta subjektu pasiboak ez baditu bere tributu-betebeharrak egunean; hain zuzen ere, betebehar horiek bete arte atzeratuko du ordainketa.

Ez da berandutza-interesik sortuko subjektu pasiboak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko betebeharrak egunean eduki ez dituen epeetan. Era berean, ordainketa-prozeduran subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen gainerako atzerapen guztiak ez dira kontuan hartuko berandutza-interesen sortzapen-epea kontatzeko orduan.”

Hamazazpi. 118. artikulua.

“118. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Diru-bilketarako eskuduna izanik, zorren kobrantza segurtatzeko, Administrazioak behin-behineko kautelazko neurriak hartu beharko ditu honako honen arrazoizko zantzuak daudenean: hala egin ezean kobrantza ezinezkoa izan litekeela edo kobratzeko zailtasun larriak leudekeela.

Kautelazko neurria behar bezala jakinarazi beharko zaio ukituari, haren aplikazioa justifikatzen duten arrazoiak espres aipatuta.

2. Neurriek galarazi nahi den kaltearen proportziokoak izan beharko dute, eta zorraren kobrantza segurtatzeko doi behar den zenbatekoa izanen dute. Konpontzea zaila edo ezinezkoa den kaltea eraginen luketenak ez dira inoiz hartuko.

3. Kautelazko neurri hauek hartzen ahalko dira:

a) Zerga itzulketen ordainketa edo Foru Komunitateak egin beharreko beste ordainketa batzuk atxikitzea. Zerga itzulketa osorik edo zati bat kautelaz atxikitzeko, interesdunari jakinarazi beharko zaio itzulketaren erabakiarekin batera.

b) Ondasun eta eskubideen prebentziozko enbargoa; halakorik bada, aurreneurrizko idatzoharra eginen da.

c) Ondasun edo eskubideak besterendu, kargatu edo erabiltzeko debekua.

d) Beren jarduera nagusiari dagozkion obren exekuzioa edo zerbitzuak ematea kontratatu edo azpikontratatzen duten enpresek kontratistei edo azpikontratistei egindako ordainketen portzentaje bat atxikitzea, langileei, profesionalei edo beste enpresaburu batzuei atxiki beharreko zenbatekoei edo jasanarazi beharreko tributuei dagozkien zerga betebeharrak bermatzeko, kontratazioaren edo azpikontratazioaren xedeko obrei edo zerbitzuei dagokien zatian.

e) Legez aurreikusita den beste edozein.

4. Kudeaketa, ikuskapen eta diru-bilketaren prozedurak tramitatzen direnean hartzen ahalko dira artikulu honetan araututako kautelazko neurriak, Zerga Administrazioak arrazoibidez eta behar adina egiaztatzen ahal duenetik 1. idatz-zatian ezarritako kasuak direla eta 2. idatz-zatian adierazitako mugak betetzen direla.

5. Kautelazko neurriek, hartu eta sei hilabetera, ez dute ondoriorik izanen, salbu eta kasu hauetan:

a) Enbargo bihurtzen direnean premiamendu prozeduran edo kautelazko neurri judizial, kautelazko neurria hartzen den egunetik izanen baitute eragina.

b) Neurriak hartzera eraman zuten inguruabarrak desagertzen direnean.

c) Interesdunak eskatuta, nahikotzat jotzen den beste berme batek ordezten duenean.

Betiere, kautelazko neurriak kendu egin beharko dira tributudunak kreditu entitate baten edo elkarrenganako bermedun sozietate baten abal solidarioa edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria aurkeztuta, kautelazko neurriaren zenbatekoa kobratuko dela bermatzeko. Tributudunak borondatezko epean ordaintzen badu zerga betebeharra (hori betetzeko zen kautelazko neurria) diru-sarreraren etendurarik gabe, aurkeztutako abalaren gastuak ordaindu beharko ditu Zerga Administrazioak.

d) Arrazoitutako erabaki baten bidez epe hori luzatzen denean, baina ez sei hilabete baino gehiago.

6. Diruaren eta salgaien prebentziozko enbargoa erabakitzen ahalko da, eta establezimendurik gabe egindako irabazizko jarduera aitortu gabeengatik eskatu beharreko zerga zorra ordainduko dela segurtatzeko adinakoa izanen da. Orobat, Zerga Administrazioari aurretik aitortu gabeko ikuskizun publikoetako diru-sarreren prebentziozko enbargoa erabakitzen ahalko da.

7. Egiaztatzeko edo ikertzeko ikuskatze prozedura bat dela eta, salaketa edo kereila jarri denean Ogasun Publikoaren aurkako delituagatik edo, delitu horrengatik, prozesu judiziala bideratu denean, Zerga Administrazioko organo eskudunak artikulu honetan araututako kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, hamazazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa galarazi gabe.

Ustezko delituaren ikerketa ez bada egiaztatzeko eta ikertzeko ikuskatze prozedura batetik sortu, Fiskaltzak gauzatutako ikerketa eginbideak hasi ondoren hartzen ahalko ditu Zerga Administrazioko organo eskudunak kautelazko neurriak edo, zigor arloko eginbideak hasi ondoren, halakorik bada.

Aurreko lerrokadetan aipatu kasuetan, salaketan edo kereilan Zigor Kodearen 126. artikuluan aipatzen diren zenbatekoen ordainketaren balizko erantzule zuzeneko edo subsidiario gisa identifikatutako edozein subjekturen aurka bideratzen ahalko dira kautelazko neurriak.

Zerga Administrazioko organo eskudunak kautelazko neurria harturik, interesdunari, Fiskaltzari eta organo judizial eskudunari jakinaraziko zaie, eta hari eutsiko zaio azken horrek bidezko erabakia hartu arte, hura neurri jurisdikzional bihurtu edo kendu.”

Hemezortzi. 122.1. artikulua.

“1. Zerga Administrazioak dakienean kreditu entitate baten bulego jakin baten edo beste pertsona edo entitate gordailuzain baten esku utzitako funtsak, baloreak edo bestelako ondasunak egon badaudela, horien enbargoa xedatzen ahalko du, bidezko den zenbatekoan, pertsona edo entitate horren identifikazio datuak eta kontu, gordailu edo eragiketa bakoitzaren egoera zehaztu beharrik gabe. Baloreak direnean, pertsona edo entitate gordailuzainak enbargoaren unean emandako informazioaren arabera balore horiek homogeneoak ez badira edo beren balioa aurreko artikuluaren 1. idatz-zatian adierazitako zenbatekoa baino handiagoa bada, oztopatuta gelditu behar direnak zehaztuko ditu diru-bilketaren organoak.”

Hemeretzi. 124. artikuluari 5. idatz-zatia gehitzea.

“5. Zerga Administrazioak sozietate baten ondasun higigarriak eta higiezinak erabiltzeko debekua erabakitzen ahalko du, diru-bilketaren prozedurak haren aurka egin beharrik gabe, tributudunari haren akzioak edo partaidetzak enbargatu zaizkionean eta hark duenean ondasun higigarri eta higiezin horien sozietate titularraren gaineko kontrol efektiboa, erabatekoa edo partziala, zuzena edo zeharkakoa, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aurreikusitako moduan eta nahiz beharturik ez egon kontu bateratuak egitera. Erabiltzeko debekuaren aurreneurrizko idatzoharra egiten ahalko da jabetza erregistro eskudunean finkentzat irekitako orrian, dagokion aginduaren ondorioz, non erregistroko titularra ez den beste baten aurkako kautelazko neurriaren balioa justifikatuko baita kontrol zerrenda izateagatik; aginduan berean zehaztuko da horren arrazoia.

Erabiltzeko debekuaren aurkako errekurtsoaren oinarria neurri hori hartzeko egitatezko arrazoietako baten falta bakarrik izaten ahal da.

Neurria kenduko da tributudunaren partaidetzen edo akzioen enbargoa azkentzen denean, edozein arrazoi dela eta. Orobat, Zerga Administrazioak erabiltzeko debekua kentzea erabakitzen ahalko du, hari eusteak konpontzeko zailak edo konponezinak diren kalteak, sozietateak behar bezala frogatuak, eragin ditzakeenean edo, interesdunak eskatuta, nahikotzat jotzen den beste berme batekin neurria ordezten denean.”

Hogei. 142.1. artikulua.

“1. Tributudunek eta beren oinordekoek edo kausadunek eskubidea izanen dute Foru Komunitatearen Diruzaintzan egindako diru-sarrera ez bidezkoak (zerga-zorrak ordaintzean) itzultzeko, eta 50.2.c) artikuluan araututako berandutza interesa aplikatuko da. Inoiz ere ez da itzuliko 66.7 artikuluan aurreikusitako kasuetan erantzukizunetik libratzeko ordaindutako kantitaterik.”

59. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordainketa atzeratu eginen du, baldin eta subjektu pasiboak ez baditu bere tributu-betebeharrak egunean; hain zuzen ere, betebehar horiek bete arte atzeratuko du ordainketa.

Ez da berandutza-interesik sortuko subjektu pasiboak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko betebeharrak egunean eduki ez dituen epeetan. Era berean, ordainketa-prozeduran subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen gainerako atzerapen guztiak ez dira kontuan hartuko berandutza-interesen sortzapen-epea kontatzeko orduan.”

Hogeita bat. 158.3. artikulua.

“3. Jarritako erreklamazioa onartzearen ondorioz lehen sartutako dirua itzuli behar baldin bada, interesatuak eskubidea izanen du diru-sarrera egin zuen egunetik sorturiko berandutza interesak eskuratzeko.

59. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordainketa atzeratu eginen du, baldin eta subjektu pasiboak ez baditu bere tributu-betebeharrak egunean; hain zuzen ere, betebehar horiek bete arte atzeratuko du ordainketa.

Ez da berandutza-interesik sortuko subjektu pasiboak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko betebeharrak egunean eduki ez dituen epeetan. Era berean, ordainketa-prozeduran subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen gainerako atzerapen guztiak ez dira kontuan hartuko berandutza-interesen sortzapen-epea kontatzeko orduan.”

Hogeita bi. Hemezortzigarren xedapen gehigarriko 1.c) eta 2.c) idatz-zatiak:

“1.c) Atzerrian diren ondasun higigarriei eta higiezinei eta ondasun higigarrien eta higiezinen gaineko eskubideei buruzko informazioa, haien titularrak direlako.”

“2.c) Atzerrian diren ondasun higiezinei eta ondasun higigarrien eta higiezinen gaineko eskubideei buruz informatu beharra betetzen ez den kasuan, 5.000 euroko isun finkoa izanen da zehapena, aitorpenean agertu beharreko ondasun higigarri edo higiezin bati berari edo ondasun higigarri edo higiezin baten gaineko eskubide bati berari buruzko datu edo datu-multzo bakoitzeko, baita modu ez osoan, zehaztu gabe edo faltsututa agertuta ere; gutxienez, 10.000 euro izanen dira.

Zehapena 100 eurokoa izanen da ondasun higigarri edo higiezin bati berari edo ondasun higigarri edo higiezin baten gaineko eskubide bati berari buruzko datu edo datu-multzo bakoitzeko, eta gutxienez ere 1.500 eurokoa, aitorpena epetik kanpo aurkeztu bada Zerga Administrazioak errekerimendurik egin gabe. Modu berean, aitorpena baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoez bestelako moduz aurkeztea zehatuko da, baliabide horien bitartez egiteko betebeharra dagoenean.”

Hogeita hiru. Hemeretzigarren xedapen gehigarria eranstea.

“Hemeretzigarren xedapen gehigarria.–Ondarea ikertzeko eskumenak, Ogasun Publikoaren aurkako delitu auzietan.

Ogasun Publikoaren aurkako delitu auzietan, eta Polizia Judizialaren unitateei dagozkien ahalmenak galarazi gabe, Nafarroako Zerga Ogasuneko diru-bilketaren organoek izanen dute eskumena, agintari judizialak gainbegiratuta, delituari atxikitako diru-kopuruak ordaintzeko izan litekeen ondarea ikertzeko.

Ondorio horietarako, 103., 104. eta 123. artikuluetan aurreikusitako ahalmenak erabiltzen ahalko dituzte, baita delituari lotutako pertsonen ondare egoerari buruzko txostenak egin eta 118. artikuluko 7. idatz-zatian aurreikusitako kautelazko neurriak hartu ere.

Jarduketa horien eta horietan izandako gorabehera eta emaitzen berri emanen zaio berehala zigor arloko epaileari, eta horrek ebatziko du hartutako neurriak berretsi, aldatu edo kendu behar diren.

Egiten diren jarduketak lege honetan eta bere garapeneko araudian aurreikusitakoaren menpe jarriko dira, epaileak beste jarduketa batzuk egitea erabakitzea galarazi gabe, Prozedura Kriminalaren Legearen 989. artikuluan aurreikusitakoaren babesean.”

Bigarren artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamendua.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 4. idatz-zatia eransten zaio Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren (uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuak onetsia) 48. artikuluari:

“4. Aurreko 2. idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, tributudunaren konkurtsoaren kasuan, ezin izanen dira geroratu, ezta zatikatu ere, konkurtsoei buruzko legeriaren arabera masaren aurkako kreditutzat jotako zerga zorrak.”

Hirugarren artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 44. artikuluak ondotik ematen den testua izanen du. Testu Bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

“44. artikulua. Justifikatu gabeko gehikuntzak.

“Zergadunak aitortutako errenta edo ondarearekin bat ez datozen ondasun edo eskubideak izatea, aitortzea edo eskuratzea justifikatu gabeko ondare gehikuntzatzat joko da, baita ez dagoen zorrik zerga honen nahiz ondarearen gaineko zergaren edozein aitorpenetan sartzea ere, edo horrelakoak erregistro ofizialetako liburuetan erregistratzea.

Zer zergalditan deskubritu, haren likidazio oinarri orokorrean sartuko dira justifikatu gabeko ondare gehikuntzak, salbu eta subjektu pasiboak behar adina frogatzen badu ondasun eta eskubideen titularra zela preskripzio epea baino lehenagotik.

Betiere, justifikatu gabeko ondare gehikuntzatzat joko dira, eta erregulariza daitekeen preskribatu gabeko zergaldi zaharreneko likidazio oinarri orokorrean sartuko dira, ondasun edo eskubideak izatea, aitortzea edo eskuratzea, baldin eta titularrak horiei buruz informatzeko duen betebeharra, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hemezortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen dena, ez badu bete horretarako duen epean.

Hala ere, aurreko lerrokadan aurreikusitakoa ez da aplikatuko, baldin eta subjektu pasiboak egiaztatzen badu ondasunen edo eskubideen titulartasuna bat datorrela deklaratutako errentekin, edota beste zergaldi batzuetan lortutako errentekin, beste zergaldi horietan ez baldin bazeukan zerga horren edo sozietateen gaineko zergaren subjektu pasibo izaerarik Espainiako lurraldean.”

Laugarren artikulua. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan, Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen arau hauek honako testua izanen dute:

Bat. 9. artikuluari 5. idatz-zatia gehitzea.

“5. Ondare-elementu horiek, betiere, aitortu gabeko errenten kargura eskuratutzat joko dira, eta erregulariza daitekeen preskribatu gabeko zergaldi zaharrenari egotziko zaizkio, baldin eta subjektu pasiboak horiei buruz informatzeko duen betebeharra, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hemezortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen dena, ez badu bete horretarako duen epean.

Hala ere, idatz-zati honetan aurreikusitakoa ez da aplikatuko, baldin eta subjektu pasiboak egiaztatzen badu bera titular den ondasunak edo eskubideak eskuratuak izan direla deklaratutako errenten kargura, edota beste zergaldi batzuetan lortutako errenten kargura, beste zergaldi horietan ez baldin bazeukan zerga horren edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasibo izaerarik Espainiako lurraldean.”

Bi. 24.1. artikuluari letra bat gehitzen zaio; h) letra, hain zuzen ere:

“h) Hartzaile bakoitzeko milioi bat eurotik gorako gastuak, zergaldi bat baino gehiagotan ordainduta ere, lan harremanaren –arrunta edo berezia– iraungitzetik edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeko 14.2 c) artikuluan aipatzen den merkataritzako harremanetik edo horietatik bietatik eratorriak badira. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira sozietate talde bereko kide diren beste entitate batzuek ordaindutako zenbatekoak, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.”

Hiru. 78.1. artikulua.

“1. Zerga honen subjektu pasiboek beren kontabilitateaz Merkataritza Kodean aurreikusirikoaren edo beren arauetan ezarririkoaren arabera arduratu beharko dute.

X. tituluko XII. kapituluak aipagai dituen subjektu pasiboek, edonola ere, kontabilitatea eramanen dute halako moduz non identifikatzeko modua egonen den zein diru-sarrera eta gastu dagozkien salbuetsi gabeko errenta eta ustiapen ekonomikoei.”

Lau. 80.3. artikulua.

“3. X. tituluko XII. kapituluak aipatzen dituen subjektu pasiboak beren errenta guztiak deklaratzera behartuta egonen dira, errenta salbuetsiak nahiz salbuetsigabeak.

Edozein modutan, subjektu pasibo horiek ez dute deklaraziorik aurkeztu beharko ondoko bi baldintzak betetzen direnean:

a) Beren diru-sarrerak, urtean, ez badira 100.000 euro baino gehiagokoak.

b) Errenta salbuetsigabeei dagozkienak izan eta atxikipenik behar ez duten diru-sarrerak ez izatea, urtean, 25.000 euro baino gehiagokoak.”

Bost. Berrogeita bosgarren xedapen iragankorra gehitzea.

“Berrogeita bosgarren xedapen iragankorra.–Berrinbertsioagatiko salbuespenari dagokionez, inbertsioa gauzatzeko epea luzatzea.

36. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berrinbertsioa egiteko epea 2013an zehar amaitzen den kasuetan, subjektu pasiboek berrinbertsio hori 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen gauzatu ahalko dute.”

Sei. Berrogeita seigarren xedapen iragankorra gehitzea.

“Berrogeita seigarren xedapen iragankorra. Lan- edo merkataritza-harremanak amaitu izanaren ondoriozko gastu ez-kengarriak.

24. 1.h) artikuluan ezarritakoa ez zaie aplikatuko 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen amaitutako lan- edo merkataritza-harremanen ondoriozko gastuak direnei.”

Bosgarren artikulua. Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hurrengo artikuluak aldatzen dira:

Bat. 9.3. artikulua.

“3. Fundazioak lau urteko epea du, 1. idatz-zatiak aipatzen duen proportzioan, lortutako errenten helburua gauzatzeko.”

Bi. 9.5. artikulua. Bigarren lerrokada.

“Beste alde batetik, 3. idatz-zatian aurreikusten den lau urteko epea luzatzen ahal da errenten helburua egokitzen zaionean fundazioak prestaturiko eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onarturiko plan bati.”

Hiru. 11.1. artikulua.

“1. Foru lege honetako tributu araubideari atxikitzen zaizkion fundazioei derrigorrez aplikatuko zaizkie Kontabilitate Plan Orokorra irabazi asmorik gabeko entitateei egokitzeko arauak, Nafarroako Foru Komunitateak ezar ditzakeen espezialitateak gorabehera.

Sozietateen gaineko zergan salbuetsi gabe dauden ustiategietatik errentak lortzen dituzten fundazioek Merkataritza Kodean eta zerga horren arau erregulatzaileetan aurreikusitako kontabilitate-betebeharrak izanen dituzte. Entitate horien kontabilitatea eramanen da halako moduz non modua egonen den identifikatzeko zein diru-sarrera eta gastu dagozkien salbuetsi gabeko ustiategiei.”

Lau. 11.4. artikulua.

“4. Aurreko 2. eta 3. idatz-zatiek aipatzen dituzten agiriak Nafarroako Zerga Ogasunean aurkeztuko dira hurrengo ekitaldiko lehen sei hilabeteetan, salbu eta egoera-balantzea eta emaitza-kontua, horiek sozietateen gaineko zergari dagokion aitorpenean aurkeztuko baitira.”

Bost. 11. artikuluari 7. idatz-zatia gehitzea.

“7. Aurreko 2., 3. eta 6. zenbakietan aipatzen diren dokumentuak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ezartzen duen moduan eta tokian aurkeztuko dira, eta hark erabakiko du zer prozedura erabili eta zer baldintzatan aurkeztu, baita baliabide informatiko edo telematiko bitartez aurkeztu behar diren edo ez.”

Seigarren artikulua. Iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borrokaren jarraipen eta ebaluazioa egiteko Lan Batzorde Iraunkorra.

Foru lege hau onetsi eta hiru hilabeteko epean, iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borrokaren jarraipen eta ebaluazioa egiteko Lan Batzorde Iraunkorra eratuko da. Batzorde hori osatuko dute Nafarroako Gobernuko ordezkaritza batek, parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari batek, Nafarroan ordezkaritza handiena duten gutxienez lau sindikatuetako ordezkariek eta beste entitate sozioekonomiko batzuetako ordezkariek, eta haren xedea izanen da arlo horretako jarduketak aztertzea, proposamenak egitea eta iruzur fiskalaren aurka borroka egiteko diseinatzen diren jarduketa planen eta neurrien jarraipena egitea.

Aipatu Batzorde Iraunkorra hiru hilabetean behin bilduko da, gutxienez.

Zazpigarren artikulua. Beharrezkoa den gehiengoa amnistia fiskala dakarten neurriak onesteko.

Aitortu gabeko errentak edo ondareak azaleratzeko xedearekin, denbora labur batez horiei loturiko kostu fiskala ezabatu edo murrizten duen edozein neurri onesteko, beharrezkoa izanen da Nafarroako Parlamentuan emandako bozen gehiengo absolutua izatea.

Lehen xedapen gehigarria. Zenbait zerga aldatu eta beste tributuneurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 21/2012 Foru Legearen lehenengo xedapen gehigarriko 3. idatzzatiko lehen lerrokada aldatzea.

“3. 2012ko abenduaren 28tik ixten den lehen balantzean jasotzen diren elementu eguneratzeko modukoen gainean eguneratuko dira balioak, edo 2012ko abenduaren 31n erregistro liburuetan jasotzen direnen gainean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboen kasuan, zerga horrek behartzen baditu erregistro liburu horiek eramatera, betiere zerga aldetik guztiz amortizaturik ez badaude. Horretarako, izaera horrekin egin behar izan ziren amortizazioak hartuko dira gutxienez.”

Bigarren xedapen gehigarria. Zenbait zerga aldatu eta beste tributuneurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 21/2012 Foru Legearen 3. artikuluko Lau atalak eragina zein egunetatik aurrera izanen duen aldatzea.

“Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 21/2012 Foru Legearen 3. artikuluko Lau atalak 2012ko azaroaren 15etik aurrera gertatzen diren zergapeko egitateetan izanen du eragina.”

Hirugarren xedapen gehigarria. Zenbait zerga aldatu eta beste tributuneurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 21/2012 Foru Legearen lehenengo xedapen gehigarriko 5. idatzzatiko eguneratzekoefizienteen taula aldatzea.

Ondoko taula hau izanen da Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 21/2012 Foru Legearen lehenengo xedapen gehigarriko 5. idatz-zatiko eguneratze-koefizienteen taularen ordezkoa:

“1983 eta aurrekoak

2,422

1984

2,194

1985

2,047

1986

1,947

1987

1,886

1988

1,809

1989

1,720

1990

1,651

1991

1,593

1992

1,540

1993

1,478

1994

1,421

1995

1,351

1996

1,287

1997

1,255

1998

1,241

1999

1,233

2000

1,228

2001

1,202

2002

1,189

2003

1,170

2004

1,158

2005

1,144

2006

1,122

2007

1,097

2008

1,063

2009

1,040

2010

1,028

2011

1,028

2012

1,000”

Laugarren xedapen gehigarria. Enplegu publikoaren eskaintza.

Nafarroako Gobernuak, 2013. urtean, enplegu publikoaren eskaintzarako deialdi bat eginen du, ehuneko 20 handitzeko Ogasuneko teknikarien kopurua, behar diren neurriak hartuko ditu hutsik dauden lanpostuak Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen lanpostu bihurtzeko eta lanpostu horiek betetzeko, eta, halaber, behar diren xedapenak emanen ditu Nafarroako Zerga Ogasuneko langileen ordezkapenari begira, halako moduz non ziurtatuta egonen den iruzur fiskalaren aurkako borroka eraginkorra izatea.

Bosgarren xedapen gehigarria. Tributubetebeharren betetzean kontzientziatu eta hezi.

Nafarroako Gobernuak, foru lege hau onetsi eta sei hilabeteko epean, hezkuntza-, informazio- eta komunikazio-estrategia bat garatuko du, herritarrak kontzientziatu eta erantzukizunean eta tributu-betebeharren betetzean hezteko.

Estrategia horretan zehazturiko helburuen betetze-maila urtero baloratu eta berrikusiko da, eta, horretarako, dagokion jarraipen txostena aurkeztuko da Nafarroako Parlamentuan.

Seigarren xedapen gehigarria. Iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko plana.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 21/2012 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarrian aurreikusten den azterlana aurkezten denetik hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko lau urteko plan edo estrategia bat prestatu eta Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko dio. Plan hori urtero eguneratuko da, une bakoitzean dagoen informazioaren arabera, eta ondoko alderdi hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Helburu zehatz eta neurgarriak, taxututako estrategiaren ebaluazio eraginkor bati ekin ahal izateko.

b) Helburu horiek betetzeko, iruzur fiskala detektatzea eta egiazki pertsegitzea sustatzeko eta jarduketak benetan gauzatzen direla ziurtatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide ekonomiko eta materialak.

c) Ezkutuko ekonomiaren gaineko berariazko neurriak.

d) Kenkarien, salbuespenen, diru-laguntzen eta bestelako hobari fiskalen aplikazioaren jarraipena egiteko eta egiazkoa eta zuzena dela kontrolatzeko programa bat.

e) Etengabeko jarraipena eta lortutako emaitzen urteko ebaluazioa, lortu nahi diren helburuekin alderatuta, estrategiaren eraginkortasuna eta errentagarritasun ekonomiko-soziala ezartze aldera. Ebaluazio hori ere Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko da.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Egiaztatzeprograma orokorra.

Foru Legea indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak egiaztatze-programa orokor bat ezarriko du erregelamenduz, beren jarduerak azken kontsumitzaileei zuzenduak dituzten enpresaburu, profesional eta merkataritzako sozietateei buruzkoa, hain zuzen ere deklaratzen dituzten diru-sarreren eta deklaratzen dituzten erosketen arteko aldea marjina jakin baten azpitik daukatenei buruzkoa.

Xedapen iragankor bakarra. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren estimazio objektiboko araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi sinplifikatua, 2014. urteari dagozkion zergaldietarako Nota de Vigencia.

“1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren estimazio objektiboko araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi sinplifikatua ez zaizkie aplikatuko 2013ko zergaldian araubide horien menpe egoterik izan ez duten jarduera ekonomikoei (ekonomia-jardueren gaineko zergako jarduera-multzoei).

2. Gainera, araubide horiek ez dira aplikatuko zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Otsailaren 7ko 41/2013 Foru Aginduaren 3.1.1.a) artikuluan jasotako jardueretan, diru-sarreren bolumena –aipatu foru aginduan ezarritakoari jarraikiz zehaztua– 200.000 eurotik gorakoa izatea jardueren multzorako.

b) Aipatutako 41/2013 Foru Aginduaren 3.1.1.b) artikuluan jasotako gainerako jardueretan, diru-sarreren bolumena –aipatu foru aginduan ezarritakoari jarraikiz zehaztua– 100.000 eurotik gorakoa izatea jardueren multzorako.

c) Aipatu foru aginduaren 3.1.2. artikuluak aipatzen dituen enplegatuen kopurua –foru agindu horretan ezarritakoari jarraikiz kalkulatuta– bi baino handiagoa izatea.”

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web