(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

25/2013 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 17KOA, NAFARROAKO FORUZAINGOKO KIDEEK ZERBITZUAREN ARRAZOIAK DIRELA ETA ARROPA ERABILI ETA EROSTEAGATIK KALTE-ORDAINA JASOTZEKO BALDINTZAK, ETA BESTE NEURRI BATZUK, ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 77 - 24/04/2013



Atariko

Martxoaren 21eko 90/1991 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako foruzainen hainbat lan baldintzak arautu ziren. Horien artean, arauzko uniformea jantzi gabe zerbitzua ematen duten foruzain jakin batzuen kaleko arropaz hornitzeko zuzkidura ekonomikoa. Berariaz aipatu ziren orduko bi atal hauek: Agintariak Babesteko Atala eta Jokoaren eta Ikuskizunen Atala. Zehazki, 125.000 pezeta ezarri ziren foruzaineko eta urteko.

Gero, irailaren 2ko 273/1992 Foru Dekretuaren bidez, aipatu zuzkidura ekonomikoa eguneratzeko irizpidea ezarri zen, urtean urteko kontsumoko prezioen indizea aplikatuz.

Foruzaingoan, zerbitzuaren arrazoiak direla eta izandako gastuen kalte-ordainen esparruan, konnotazio berezia dute arropa berezia erosteak sortutako gastuek. Arropa berezi hori foruzain jakin batzuek erabili behar dute, ohiko jantzi arruntaz bestelako arropa izanik, agintzen zaien zerbitzu publikoa emateko, eta, oro har, foruzainek, arauzko uniformeaz bestelako arropa noizbehinka jantzita.

Bestetik, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen helburuarekin bat, Nafarroako Gobernuak, aurrekontuen egonkortasunerako helburua betetzeko, zenbait neurri hartu ditu diru-sarrera publikoak indartzeko eta gastuak murrizteko. Besteak beste, langileriaren arloan, aparteko orduak murriztu dira eta ordu horiek nahitaez atseden denbora hartuz konpentsatuko dira. Horrela, justifikatuta dago Foruzaingoaren araudi berariazkoa Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileen araudi orokorrera egokitzea.

Horrenbestez, Nafarroako Kontseiluarekin bat, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko apirilaren 17ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da foruzain jakin batzuek zerbitzuaren arrazoiak direla eta kalte-ordaina jasotzeko baldintzak, ematen duten zerbitzuaren baldintzekin bat datorren arropa berezia, ohiko jantzi arruntaz bestelakoa, erosteagatik.

Halaber, Foruzaingoan aparteko orduak konpentsatzeko araudi berariazkoa Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileen araudi orokorrera egokitzea du xede, baita proba fisikoak gainditzeagatiko konpentsazioaren gaineko xedapenak ere.

2. artikulua . Arropa erabili eta erosteagatik ematen den kalteordaina aplikatzen zaien langileak.

Kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dute normalean arauzko uniformea janzten ez duten Foruzaingoko kideek, betiere zerbitzua 1. artikuluan deskribatutako arropaz jantzita eman behar badute eta honako unitate hauetako bati, soilik, atxikita badaude: Agintariak Babesteko Unitatea, Joko eta Ikuskizunen Unitatea, Ikerkuntza Kriminaleko Arloa eta Lurralde Komisarietako Polizia Judizialaren Taldeak.

3. artikulua . Zenbatekoak.

Aipatu unitateei atxikitako foruzainek 900 euroko kalte-ordaina, gehienez, jasotzeko eskubidea izanen dute unitateari behin-behinekoz edo behin betiko atxikita dauden lehen urtean. Bigarren urtean, gehieneko kalte-ordaina 642 eurokoa izanen da, eta, hirugarren eta hurrengo urteetan, 428 eurokoa, gehienez ere.

4. artikulua . Unitateari atxikitako denbora zenbatzea.

1. Kontuan hartuko da foruzainek unitateari atxikita, behin-behinekoz edo behin betiko, emandako denbora, foru dekretu honek indarra hartzen duen egunean.

2. Foruzainek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duten unitateetako edozeini atxikita jardunean emandako zerbitzu-denborak metatuko dira. Horregatik, lanpostuak betetzeko eta mailaz igotzeko edozein sistemaren ondoriozko zerbitzu-denboren batuketa eginen da.

5. artikulua . Justifikazioa eta ordainketa.

1. Kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duten foruzainek, unitateari atxikita emandako denbora kontuan hartuta, kasuan kasuko zenbatekoei, gehienez ere, dagozkien fakturak eman beharko dituzte, urte naturala bukatu baino lehen.

2. Kalte-ordainak, horiek jasotzeko eskubidea izanik, urtero ordainduko dira, urtea bukatu eta hurrengo urte naturaleko lehengo bi hilabetetan.

6. artikulua . Fakturen ikusonespena.

Ordaindu baino lehen, foruzainburuak edo hark eskuordetzen duen pertsonak faktura bakoitzarekiko adostasuna adierazi beharko du, foru dekretu honen 1. eta 2. artikuluetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

Xedapen gehigarri bakarra.- Arropa erabiltzea.

Herritarren Segurtasunerako Arloari eta Foruzaingoko Lurralde Komisarietako Herritarren Babeserako eta Arretarako Taldeei atxikitako foruzainei urtean 142 euroko kalte-ordaina ordainduko zaie, betiere urte naturalean 30 lanaldi edo gehiagotan, unitateko buruak hala aginduta, uniformeaz bestelako arropa erabili behar badute. Kalte-ordain hori 5. artikuluan ezarritakoarekin bat ordainduko da, zerbitzuak ematen dituzten urtea bukatu eta hurrengo urte naturaleko lehengo bi hilabetetan. Ordaindu baino lehen, foruzainburuak aldeko txostena eman behar du, zerbitzuen data eta arrazoia, gutxienez, adierazita.

Xedapen indargabetzaile bakarra.- Indargabetzen diren arauak.

Arau hauek indarrik gabe gelditu dira:

-Nafarroako foruzainen hainbat lan baldintzak arautzen dituen martxoaren 21eko 90/1991 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 2. idatz-zatia.

-Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamenduaren 21. artikuluko 2. idatz-zatia (urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

-Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa onesten duen otsailaren 7ko 7/2011 Foru Dekretuaren lehengo xedapen gehigarriko 7. eta 8. idatz-zatiak.

-Foru dekretu honek ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.- Foru dekretu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari baimena eman zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritako kalte-ordainen gehieneko zenbatekoak egunera ditzan, hala behar denean.

Azken xedapenetan bigarrena.- Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko apirilaren 17an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1305758

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web