(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

287/2013 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 25EKOA, GIZARTE POLITIKETAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN GAZTERIAREN DEPARTAMENTUARTEKO BATZORDEA ARAUTZEN DUENA

BON N.º 76 - 23/04/2013



Zioen azalpena

Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluak botere publikoen esku uzten du gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean parte-hartze libre eta eragilea izateko baldintzak sustatzea. Bere aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.18 artikuluak gazteentzako politikaren arloko eskumen esklusiboak ematen dizkio Nafarroako Foru Komunitateari.

Eskumen horren babesean hainbat arau onetsi dira, eta haien artean, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legea nabarmentzen da. Foru lege horren xedea da gazteriaren arloko politika berariazkoa arautzea, bai eta zeharkako politika bat ere, Nafarroako gazteria hartzaile izanen duena.

Gazteriaren arloko politikek zeharkakoak izan behar dute, zinez eraginkorrak izan daitezen; hortaz, Nafarroako Gobernuko departamentu guztien elkarlana beharrezkoa da, betiere gazteria eta gazteengan eragina duten hainbat aldagai aintzat hartuta diseinatzen eta martxan jartzen dituzten politiketan.

Horri dagokionez, Gazteriari buruzko Foru Legeak ezartzen du, 6.3 artikuluan, gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak erregelamenduz sortzen eta zehazten ahal dituela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordearen eginkizunak, osaera eta funtzionamendurako arauak, gazte jendea helburu duten zeharkako politikak koordinatu eta sustatzeko tresna gisa.

Halaber, foru lege horren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuari eta gazteriaren arloan eskuduna den departamentuko titularrari, foru lege hau aplikatu eta garatzeko eska daitezkeen erregelamendu-xedapenak eman ditzaten.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 2ko 36/2012 Foru Dekretuan (otsailaren 13ko 16/2013 Foru Dekretuak aldatuta), 32. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordea aipatzen da, gazteentzako zeharkako politikak koordinatzeko eta bultzatzeko organoa. Erakunde horretako zuzendari kudeatzaileari atxikitzen zaio zuzenean, eta haren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu araubidea arautzea Gizarte Politiketako kontseilariari dagokio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Arau honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordea arautzea.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordea kide anitzeko organoa da eta gazteentzako zeharkako politiken koordinazioa, kooperazioa eta sustapena ditu ardurak.

Gazteriari buruzko 11/2011 Foru Legearen 13. artikuluan xedatuarekin bat, zeharkako politikak dira, hain zuzen, beste departamentu batzuetako eskumenekoak izanik, gazte jendearen arlokoei buruzkoak direnak, zeharkakotasunaren printzipioaren araberakoak, eta gazteriaren arloan eskumena duen departamentuarekin elkarlanean gauzatuko direnak.

3. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari dago atxikita.

4. artikulua. Araubide Juridikoa.

Gazteriaren Departamentuarteko Batzordeak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan eta foru agindu honetan xedaturikoari jarraituko dio, eta, hala balegokio, haren barne funtzionamenduko erregelamenduari.

5. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Nafarroako Gobernuko arlo guztiak sentsibilizatzea gazteentzako politikak bultzatzeko eta horiek unean-unean talde bakoitzaren ezaugarrien arabera bideratzeko beharrari buruz.

b) Gazteriari buruzko 11/2011 Foru Legean gazteriaren arlokoak diren politikak garatzeko lineak proposatzea, baita legegintza bakoitzean gazteriak izanen dituen erronkei eta aukerei heltzeko lehentasunak ere.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen jarduerak ezagutzea, koordinatzea eta haietaz txostena egitea gazteengan eragina duten gaiei dagokienez.

d) Berariazko eta beharrezko batzordeak sortu eta sustatzea gazteriaren arloko politikak bideratzeko, bai eta berariazko batzorde horietan egiten diren txostenak onestea ere.

e) Gazteriaren Foru Estrategiari segimendua egitea, bai eta Nafarroako Gobernuak gazteriaren arloan martxan jartzen dituen jarduketa planei ere.

f) Gazteriari loturiko aferetan Nafarroako Gobernuak eskatzen dizkion gaiei buruzko iritzia ematea.

g) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.

6. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeko burua: Gizarte Politiketako Departamentuko kontseilaria.

b) Batzordeko buruordea: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

c) Idazkaria: Gazteriaren zuzendariorde nagusia.

d) Batzordekideak: gazteriari buruzko gaietan jarduketak egiten dituzten edo informazio erabilgarria eman dezaketen erakunde publikoetako zuzendaritza nagusietako eta kudeaketako zuzendaritzako titularrak. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez eginen da batzordeko kideen izendapena.

2. Batzordeko buruak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Batzordearen ordezkaria izatea.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea.

c) Batzordeko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Batzordeburu karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, batzordeburuaren ordez batzordeburuordea arituko da.

3. Batzordeko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bileretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea, organoaren lehendakariak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Kideak eta organoa elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea eta osoko bilkuretako aktak egitea.

e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Osatzen diren berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

g) Batzordearen erabakiak betearaztea.

h) Batzordeko idazkariaren karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

4. Gazteriaren Departamentuarteko Batzordeko kideei honako hauek dagozkie:

a) Bilkuretako gai-zerrenda jasotzen duen deialdia behar bezain garaiz hartzea.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere, bozketetan abstenitu gabe.

d) Galderak eta eskaerak egitea.

e) Esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne, garaiz jasotzea.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Batzordeko kideak, kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, indarreko araudiari jarraikiz dagokion pertsonak ordezkatuko ditu.

7. artikulua. Funtzionamendua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordeak ondoko funtzionamendu organo hauek ditu:

a) Osoko Bilkura.

b) Berariazko batzordeak.

8. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Batzordearen Osoko Bilkurak, gutxienez, sei hilabetean behin eginen du ohiko bilkura, eta bilkura berezia, berriz, batzordeburuak erabakita idazkariak horretarako deialdia egiten duenean.

2. Erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dira. Berdinketarik badago, batzordeburuak kalitateko botoa izanen du.

3. Batzordekideez gain, osoko bilkurara agertzen ahalko dira landu behar diren gaietan lanbide gaitasun ezaguna duten pertsonak ere, batzordeburuak gonbidatuak. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

4. Osoko Bilkuretarako deialdiak, ohikoak zein bereziak, gutxienez 5 egun lehenago eginen dira. Deialdiari, jorratu beharreko gaien zerrenda erantsiko zaio, bai eta beharrezko dokumentazioa ere.

5. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai zerrendan sartua ez dagoen ezer; bai, aldiz, Batzordeko kide guztiak bildu daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

6. Gazteriaren Departamentuarteko Batzordearen eraketa, Osoko Bilkuran edo berariazko batzordeetan, baliozkotzat jotzeko, bilkurak eta gogoetak egitearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, beharrezkoa izanen da batzordeburua eta idazkaria bertan egotea, edo haiek ordezten dituztenak, bai eta, gutxienez, kideen erdiak ere lehenengo deialdian, edo kideen herenak bigarren deialdian.

9. artikulua. Berariazko batzordeak.

1. Osoko Bilkurak erabaki dezake berariazko batzordeak eratzea, Osoko Bilkurak berak aginduko dizkien gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko.

2. Eratzeko akordioan haren eginkizunak, osaera, funtzionamendua eta iraunaldia zehaztuko dira.

3. Batzordeen lana txosten batean bukatuko da. Bertan, jarduteko proposamenak jasoko dira, eta Osoko Bilkurara igorriko da eztabaida eta bozketarako.

4. Informazioa jakinarazteko eta zabaltzeko egintzetarako, batzordeak, lehentasunez, informazio eta komunikazio teknologiak baliatuko ditu.

10. artikulua. Agintaldia.

Batzordeko kideek kidetasuna izanen dute haien kargua dela eta.

11. artikulua. Giza baliabideak eta baliabide materialak.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak emanen dizkio Gazteriaren Departamentuarteko Batzordeari haren eginkizunak betetzeko, gastu publikoa handitu gabe.

12. artikulua. Ordainsariak.

Batzordeko kideek egiten dituzten zerbitzuak doakoak izanen dira, eta, horrenbestez, ezin izanen dute dietarik edo bestelako ordainsaririk jaso Departamentuarteko Batzordearen kargura.

Azken xedapenetako lehena. Garatzeko eta aplikatzeko gaikuntza.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari gaikuntza ematen zaio foru agindu hau garatu eta aplikatzeko behar diren egintza guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web