(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2012 FORU LEGE-DEKRETUA, abenduaren 28koa, Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an aplikatuko zaizkien moduluak ezartzen dituena.

BON N.º 253 - 31/12/2012



Texto

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio etxebizitza babestuak eta haien eranskinak saldu eta errentan emateko gehieneko prezioak ezartzea. Prezio horiek foru legean zehazten diren modulu ponderatuen eta ponderatu gabeen arabera ezartzen dira urtero, eta haien kalkulua aipatutako artikuluan azaltzen den formula erabiliz egiten da.

2012ko abenduaren 18an, Comptos Ganberak "Etxe babestuen moduluari buruzko fiskalizazio txostena (2005-2012)" eman zuen, eta horren ondorioak eta gomendioak Parlamentuko talde guztiekin aztertu beharko ditugu.

Zehazki, modulua ezarri eta eguneratzeari dagokionez, Comptos Ganberaren txostenaren ondorioa hauxe da: "Modulua erabakigarria da etxebizitzaren salmenta eta alokairuko prezioan, eta beraz, hura ezartzeko eta eguneratzeko oso kontuan hartu behar dira ondotik aipatzen diren alderdiak, are gehiago gaur egungo egoera ekonomikoan, krisiak langabe kopuru handia eta finantzabideak topatzeko zailtasunak eragin baititu:

a) Etxebizitza babestua eskatzen dutenen egoera; kontuan hartu beharra dago salmenta eta alokairuko prezioa igotzeak larriagotu eginen lukeela etxebizitza eskuratzeko arazoa, eta ahalegin handiagoa egin beharra ekarriko luke errenta apalagoak dituzten herritarren kasuan, etxebizitza librea erosi edo errentan hartzeko adinako diru baliabiderik ez dutenen kasuan alegia.

b) Eraikuntzako sektorearen egoera; izan ere, etxebizitza babestuaren prezioak bide eman beharko du etxebizitza sustatu eta eraikitzen dutenek etekin zentzuzkoa lor dezaten, jarduera ekonomikoan berebiziko garrantzia duen sektore horren jarduera motelarazi gabe."

Bestetik, fiskalizazio organoak dioenez, "komeni litzateke modulua eguneratzeko formula aztertzea, aintzat hartzeko, besteak beste, eraikuntzan erabiltzen diren material berriak, lan-eskuaren tratamendua eta KPIren zehaztapena. Egungo formulak dagoeneko indarrik ez duen formula batean du jatorria, eta gainera, modulua nabarmen igotzeko aukera ematen duenez, hau bezalako krisi garaietan ere, etxebizitza babestua eskuratzeko zailtasunak areagotu ditzake."

Moduluak ezartzeko formularen aplikazioaren emaitzak ez dira seguruak oraindik; gerta daiteke igotzea eta, Comptos Ganberak egindako txostenaren ondorioak ikusirik, ez litzateke batere komenigarria. Horrez gain, moduluak eguneratzeko formula aztertzeko gomendioa egiten du erakundeak.

Hori dela eta, beharrezkoa da 2012an indarra izan duten moduluak bere horretan uztea, berehala indarra hartuko duen lege mailako arau baten bidez, legez aurreikusitako formula aplikatuz moduluen igoerak ekarriko lituzkeen ondorioak saihesteko; egoera berriz aztertu beharko da Parlamentuan azterketa egin ondoren.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluak hauxe ezartzen du 1. idatz-zatian:

"1. Kasu berezi eta oso presakoetan, Nafarroako Gobernuak behin-behineko legezko xedapenak eman ahal izanen ditu, foru lege-dekretu forma hartuko dutenak. Ezin izanen dira foru lege-dekretuaren xede izan honakoak: Foru Komunitateko erakundeen eta nafarren eskubideen, betebeharren eta askatasunen garapen zuzena, lege organiko honetan arautuak daudenena; lege organiko honen erreforma, eta lege hau garatzeko emandako foru legeena, legean bertan espresuki aipatzen direnena, hain zuzen; hauteskunde-araubidea; eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrak."

Orain arte aipatutako egoera dela eta, justifikatuta dago foru lege-dekretu bat onestea, kasu berezi eta oso presako bat gertatu delako, lege organikoaren artikulu hartan eskatzen den bezala.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Sustapeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko abenduaren 28an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an aplikatuko zaizkien moduluak.

1. Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an aplikatuko zaien modulu ponderatua 1.246,53 eurokoa izanen da metro karratu erabilgarri bakoitzeko.

2. Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an aplikatuko zaien modulu ponderatu gabea 1.192,85 eurokoa izanen da metro karratu erabilgarri bakoitzeko.

Xedapen gehigarri bakarra.Moduluak eguneratzeko formularen hurrengo aplikazioa.

Moduluak eguneratzeko formula, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan jasotakoa, berriz aplikatzen denean, kontuan hartu beharko da ezartzeko garaian ezagunak diren azken adierazleetan urte batetik bestera izandako aldaketa.

Azken xedapenetako lehena .Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena .Indarra hartzea.

Foru lege-dekretu honek 2013ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko abenduaren 28an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo. Sustapeneko kontseilaria, Luis Zarraluqui Ortigosa.

Iragarkiaren kodea: F1218076

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web