(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2013 FORU LEGEA, otsailaren 25ekoa, zeinaren bidez Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen baitzaie Nafarroan bizi diren pertsonei.

BON N.º 43 - 04/03/2013



Texto

Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeak 4. artikuluan ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren pertsonen eskubideak. 11. artikuluan ezartzen duenez, “osasun-laguntza publikoak, estaldura unibertsalekoak, Nafarroako Foru Komunitateko udaletan bizi diren pertsona guztiak hartzen ditu. Halaber, Nafarroako udaletan bizi diren etorkinak ere hartzen ditu, zein den ere haien lege nahiz administrazio egoera”. Osasun-laguntza publiko eta unibertsal hori orobat ziurtatzen zaie adingabeei eta haurdun dauden emakumeei.

Foru lege horrek indargabetu egin zituen Nafarroako Foru Komunitatean onetsitako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak; besteak beste, eta Nafarroako herrietan bizi diren pertsonei dagokienez, azaroaren 18ko 640/1996 Foru Dekretua, zeinaren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean osasun-laguntza publikoa ororenganatzeko araubideko prestazioak eskuratzeko prozedura eta baldintzak.

Geroago, Osasun Sistema Nazionalaren iraungarritasuna ziurtatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko presako neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege-dekretua onetsi da. Estatuko xedapen horrek “aseguratu” eta “onuradun” kontzeptuak ezartzen ditu, Espainian Osasun Sistema Nazionalaren bidez eta funts publikoen kargura osasun-laguntza jasotzeko irizpide subjektibo gisa; halatan, aseguratu edo onuradun izaera aitortu gabe dutenek hitzarmen berezi bat sinatzetik heldu den kuota edo kontraprestazio bat ordaindu behar dute, osasun-laguntza publikoaren prestazioa lortu ahal izateko.

Errege lege-dekretu horri men eginez, baina azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeko 4. eta 11. artikulu indardunetan xedatutakoa aintzat hartu gabe, Nafarroako Gobernuak urriaren 31ko 117/2012 Foru Dekretua onetsi du, aldatze aldera azaroaren 18ko 640/1996 Foru Dekretua, zeinaren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean osasun-laguntza publikoa ororenganatzeko araubideko prestazioak eskuratzeko prozedura eta baldintzak.

Foru dekretu berriarekin eta bertan jasotako aurreikuspenekin segurtasun gabezia juridikoa sortzen da, eta pertsona askori eragiten dio egoera horrek, bai Nafarroako administrazio-egoera dutenei, bai etorkinei. Aldi berean, foru dekretu batek ezarriko duenera atzeratu dira foru legearen aplikazioa eta aurreikuspenak –arau-hierarkia eta legezkotasun printzipioa aldatuta, hartara–, eta lehentasun osoa eman nahi izan zaio, foru lege baten gainetik, Estatuko arau bati, aintzat hartu gabe Nafarroako Parlamentuak azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen bidez eta horren aurreko foru legeen bidez erakutsitako borondatea, zeinen bidez aitortu baita Nafarroan bizi den orok eskubidea duela osasun-laguntza publikoa, unibertsal eta doakoa jasotzeko.

Bere foru araubidearekin bat, Nafarroak eskumen zabala du barne osasunaren arloan, eta Estatuak osasunaren arloan ematen dituen arauak osa ditzake, bere ekonomia- eta finantza-araubidea aplikatuz. Hori guztia jasota dago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan.

Horrekin guztiarekin batera, Konstituzio Auzitegia argia izan da horri dagokionez, eta bere doktrinan onartu du autonomia erkidegoek, bakoitzak bere eskumenen arabera, arauak eman ditzaketela osasunaren arloan, Estatuak bere oinarrizko araudiaren bidez guztientzat ezarritakoa bakoitzak bere lurralde eremuan hobetze aldera, Konstituzioaren eta beren estatutuen arabera arloan dituzten kudeaketa- nahiz finantzaketa-eskumenekin bat.

Hortaz, Nafarroako Parlamentuak behin eta berriro erakutsitako borondatea berriz ere jasoz –borondate hori jaso zen, aurrena, osasun-sistema publikoaren osasun-laguntza Foru Komunitatean bizi diren etorkin guztiengana zabaldu zuen maiatzaren 25eko 2/2000 Foru Legean; hurrena, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean, zeinaren bidez nabarmen hobetu nahi baita Estatuaren osasun-sistema publikoaren bidez guztientzat ezarritakoa, orain apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege-dekretuan jasotakoa–, eta Nafarroan aldarrikatu, onartu eta ziurtatze aldera ezen Nafarroan bizi den orok eskubidea duela, zein ere den bere lege- nahiz administrazio-egoera, Nafarroako Foru Komunitatearen osasun-sistema publikoan ematen den osasun-laguntza publikoa doan jasotzeko, haren funts publikoen kargura, foru lege hau onetsi beharra dago.

Bestalde, bermatu beharra dago Nafarroako Foru Komunitatean farmazia-prestazioak osatzeari buruzko urriaren 19ko 18/2012 Foru Legean berriki ezarritako farmazia-prestazio osagarriak jasotzeko eskubidea foru legea indarrean sartzen denetik berehala eta zuzenean aplikatzekoa eta baliagarria izanen dela, eta, hortaz, osasun-administrazioak nahitaez bete beharrekoa, direnak direla ere foru legea garatze aldera beharrezkoak diren erregelamendu-arauak.

Artikulu bakarra.

1. Nafarroan bizilekua duten pertsona guztiek dute eskubidea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura doan jasotzeko Nafarroako Foru Komunitateko osasun-sistema publikoak emandako osasun-laguntza oinarrizkoa edo espezializatua, zein ere den haien adina, nazionalitatea edo lege- nahiz administrazio-egoera.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, “bizilekua” izanen da kreditatzea, zuzenbidean onartutako edozein modutan, erroldatzea barne, pertsona horren bizilekua Nafarroako udal batean dagoela, inolako denbora-eperik kontuan hartu gabe.

3. Bizilekua kreditatzen duen dokumentazioa aurkeztuta, osasun-administrazioak doan eta luzamendutan ibili gabe emanen die identifikazio-dokumentazio bat 1. idatz-zatian aipatzen diren pertsonei, Nafarroan osasun-laguntza publikoa ororenganatzeko araubidean sartzeko, baldin eta Osasun Sistema Nazionaleko Norbanako Osasun Txartela ez badute.

4. Foru Komunitateko osasun-sistema publikoak emandako osasun-laguntza, 1. idatz-zatian aipatutako pertsonei dagokienez, Osasun Sistema Nazionaleko Norbanako Osasun Txartela dutenei emandako bera izanen da, eta Nafarroako Osasun Administrazioak ezin izanen du inolako diskriminaziorik egin.

5. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoak ez du aldatzen Estatuko Funtzionario Zibilen mutualitateek, Mutualitate Orokor Judizialak edo Indar Armatuen Gizarte Institutuak kudeatutako Gizarte Segurantzaren araubide berezietako titularren edo onuradunen osasun laguntzaren araubidea. Pertsona horiek beraien berariazko araubide juridikoa mantenduko dute, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeko 3.6 artikuluarekin bat.

Xedapen gehigarria .

Nafarroako Foru Komunitatean farmazia-prestazioak osatzeari buruzko urriaren 19ko 18/2012 Foru Legeko arauak indarrean sartzetik aitzina Osasun Departamentuak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zuzenean aplikatzekoak dira, direnak direla ere foru legea garatze aldera beharrezkoak diren erregelamendu-arauak. Horrenbestez, foru lege honetako 2. artikuluan aipatutako pertsonek eskubidea dute foru legea indarrean sartzen den egunetik bertatik farmazia-prestazio osagarriak berehala jasotzeko, foru legeko 5. artikuluan adierazten den moduan.

Xedapen indargabetzailea .

Espresuki indargabeturik gelditzen dira azaroaren 18ko 640/1996 Foru Dekretua, zeinaren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean osasun laguntza publikoa ororenganatzeko araubideko prestazioak eskuratzeko prozedura eta baldintzak, horren aldaketak eta hori garatzeko xedapenak, eta, halaber, foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, eta ondorioak izanen ditu, betiere, 2012ko apirilaren 24tik aitzina.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko otsailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1303083

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web