(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

7/2013 FORU LEGEA, otsailaren 25ekoa, elikagaien hondakinen erabilerari buruzkoa.

BON N.º 43 - 04/03/2013



ZIOEN AZALPENA

Europar Batzordeak argitara emandako azterlan baten arabera, Europar Batasuneko kide diren 27 estatuetako elikagaien hondakinen produkzioa urtero ia 89 milioi tonara iristen da. Horrek esan nahi du herritar bakoitzeko 179 kilo sortzen direla, kontuan izan gabe nekazaritza jatorriko elikagaien hondakinak –produkzio prozesuan sortzen direnak– edo itsasora botatzen diren arrain-bazterkinak. Neurririk hartzen ez bada, kantitatea 126 milioi tonara irits liteke 2020an. Hondakinen zati handi bat zor zaio elikagaien iraungipen-daten edo gomendatutako kontsumo-daten kudeaketa okerrari; izan ere, jotzen da botatzen diren elikagaien ehuneko 20 baztertzen dela iraungipen data dela-eta dauden zalantzengatik. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren txosten baten arabera, elikagaien banaketarako kate gehien-gehienek (ehuneko 78) iraungitzeko zorian dauden elikagaiak botatzen dituzte, eta kate horien ehuneko 20k baizik ez diote ematen elikagai banku bati edo GKE bati, aprobetxa ditzaten.

Europako Parlamentuak 2012ko urtarrilaren 19an erabakia hartu zuen, elikagaien alferrik galtzea saihesteko moduari buruz: Europar Batasunean elikadura-katearen efizientzia hobetzeko estrategiak. Erabaki horretan, besteak beste, proposatu du 2014a “elikagaiak alferrik galtzearen aurkako europar urtea” izenda dadila.

Errealitate horrek kontraste dramatikoa egiten du Europar Batasunean 79 milioi pertsona pobreziaren atalasetik behera bizitzearekin. Hau da, herritarren ehuneko 15 baino gehiagok bizitokia duten herrialdeko batez besteko errentaren ehuneko 60tik beherako errenta jasotzen dute; eta horietatik, 16 milioik ongintza-erakundeen elikadura-laguntza jasotzen dute. Halaber, Nafarroan milaka pertsonak pobrezia eta gizarte-bazterketa pairatzen dituzte, egungo krisialdi sozial eta ekonomikoak areagotuak. Pobretzeak jada ez du soilik eragiten tradizionalki estatistika hori oinarritzen zuten sektoreetan; izan ere, egunero mauka-mauka harrapatzen ditu milaka pertsona, krisialdiak eta politika publiko egokien ezak gizarte bazterketara bultzatutakoak, zeinei botere publikoek biziraupenerako gutxieneko maila bat ez baitiete bermatzen. Cáritasek berriki ohartarazi du 120.000 pertsona, Nafarroako biztanleen ehuneko 18, pobrezia arriskuan daudela.

Elikagaien bankuek eta beste gizarte ekimen batzuek funtsezko lana egiten dute, baina ez dira iristen arazo osoari aurre egitera. Beharrezkoa da botere publikoek neurriak har ditzatela herritarrengan kontsumo-ohitura arrazoizkoak sustatzeko, baita elikagaien banaketa-kateetan jokabide egokiak bultzatzeko ere, saiheste aldera elikagaiek zaborretan buka dezatela, hondakin bihurturik. Horri dagokionez, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak, 15. artikuluan, ezartzen du administrazio publikoek, dagozkien eskumenen esparruetan, 2013ko abenduaren 12a baino lehen hondakinen prebentziorako programak onetsi beharko dituztela, haien bidez 2020rako sortutako hondakinen pisua ehuneko 10 gutxitzeko, 2010ean sortutakoen pisuarekin alderatuta. Programa horietan, besteak beste, berariaz aurreikusiko da elikagaien hondakinen sorrerari aurre egin dakiola, hain zuzen ere elikagaiak alferrik gal daitezen saihestera eta kontsumo arduratsua sustatzera bideratutako neurrien bitartez; esate baterako: saltokiekiko akordioak, iraungitako elikagaiak ahal den guztian gutxitzeko; kontsumitzaileentzako jarraibideak ezartzea; jatetxeak eta jantokia duten jarduerak egitea soberako elikagaiak aprobetxatzeko; egoera onean dauden soberakinak aprobetxatzeko bideak sortzea gizarte ekimenen bitartez, herri jantokien bitartez, elikagaien bankuen bitartez, eta abar. Bidezkoa da, halaber, Nafarroako antolamendu juridikoan helburu horiek berak sustatzera bideratutako xedapenak sartzea.

1. artikulua.

1. Nafarroako Merkataritzari buruzko uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea aldatzen da, ondoko idatz-zatietan adierazitakoei dagokienez:

2. 16. artikuluari j) letra berria gehitzea. Honako testua izanen du:

“j) Jarduerak sortutako hondakinen kudeaketa egokia, hondakin horiek gutxitzera eta, bereziki, elikagaien hondakinak aprobetxatzera bideratutako neurriekin”.

3. 21. artikuluko 3. idatz-zatiari e) bis letra berria gehituko zaio, ondoko edukiarekin:

“e bis) Jarduerak sortutako hondakinak kudeatzeko plana, haiek gutxitzera eta zuzen tratatzera bideratua. Elikagai-hondakinik sortuz gero, haiek aprobetxatzeko plana, Nafarroako elikagaien bankuarekiko nahiz antzeko bestelako erakundeekiko akordioen bitartez”.

4. 39.bis artikulua gehituko da. Honako testua izanen du:

“39.bis. artikulua. Hondakinen kudeaketa.

Hondakinen arloan aplikatzekoa den araudiaren arabera, txikizkako saltzaileek behar diren neurriak hartu beharko dituzte beren jarduerak sortutako hondakinak ahal den guztian gutxitzeko eta haiei tratamendu egokia emateko. Bereziki, elikagaien hondakinen kasuan, gomendatzen da aprobetxagarriak direnak bereiztea eta Nafarroako elikagaien bankuari eta antzeko beste erakunde batzuei ematea”.

2. artikulua.

1. Nafarroako Gobernuak, 2013ko abenduaren 12a baino lehen, elikagaien soberakinak banatzeari buruzko jokabide egokien kode bat landuko du, ukitutako eragile guztien parte-hartzearekin, honako helburu hauekin:

a) Kontsumorako gai diren baina merkaturatzeko gai ez diren elikagaien soberakinak gutxitzeko prozesuen efizientzia hobetzea.

b) Neurriak ezartzea produktu horien soberakinak gizarte erakundeei eskuratzeko eta premia handienak dituzten pertsonen artean banatzeko.

c) Elikadura-kate osoa kontzientziatzen laguntzea, ekoizleengandik hasi eta kontsumitzaileenganaino, kontsumo arduratsua egiteko beharrari buruz eta elikagaien eralgiketa gutxitzeari buruz.

2. Nafarroako Gobernuak, tokiko gizarte zerbitzuen bitartez, koordinatuko du, Nafarroako elikagaien bankuarekin lan egiten duten laguntzako entitateen sarearekin eta antzeko beste erakunde batzuekin, behar diren neurriak hartzea baliabiderik ez duten pertsona eta familia guztiei beren garapen normalerako behar adinako oinarrizko elikadura bermatzeko.

Azken xedapena.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko otsailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1303082

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web