(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2013 FORU LEGEA, OTSAILAREN 25EKOA, BERMATUTAKO PRESTAZIO SOZIALAK ETA IKASKETETARAKO BEKAK ENBARGAEZINAK DEKLARATZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 43 - 04/03/2013



ZIOEN AZALPENA

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen du gizarte zerbitzuak eskuratzea unibertsala dela. Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ere unibertsaltasun bera aitortzen die mendetasun egoeran dauden pertsona guztiei, diskriminaziorik gabe eta egiazko berdintasun baldintzetan. Bi lege horiek egungo gizartearen beharrizanei erantzuten diete, eta Ongizatearen Estatuaren laugarren zutabea sendotzen dute hartara. Halatan, Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Legeko 19. eta 20. artikuluetan aurreikusten den gizarte zerbitzuen zorroak ezartzen ditu herritarrek zer prestaziotarako eskubidea duten, halako moduan non eskubide subjektibo hori administrazioei exijitu ahal izanen baitzaie.

Prozedura Zibilaren Legeko 605. artikuluak ezartzen du ezin direla inola ere enbargatu legezko xedapenen batek esanbidez enbargaezintzat jo dituen ondasunak. 607. artikuluak ezartzen du enbargaezina dela zenbateko jakin bat gainditzen ez duen soldata, pentsioa, ordainsaria edo parekoa. Are arrazoi handiagoarekin, pentsatu beharko da kontzeptu horien baliokidea dela bermatutako prestazio publiko bat, ezaugarri dituena oinarrizko beharrizanak betetzea, gizarte-bazterketan dauden pertsonen edo familien gizarteratzea sustatzea izaera osagarriarekin eta indarreko legedian ezarritako bestelako baliabide eta prestazioen osagarri, edo laguntzea pertsonak gutxieneko batzuk izan ditzan bere autonomia pertsonala edo oinarrizko herritar-eskubideak garatzeko.

Administrazio publikoen egitekoa da herritarren oinarrizko beharrizanak –arestian azaldutakoak, esaterako– betetzea, funts publikoen ekarpen zuzen eta finalista eginez, eta horien xedea eta helburua ziurtatuz. Gizarteratze errentaren zenbatekoak “enbargagarriak” dira gaur egun, eta horrek zeharo desitxuratzen du izaera finalista, eta gerta daiteke aurrekontu eta finantza arloko ahalegin publikoak, izaera sozial hutsekoak, hirugarrenen asmoak betetzea azkenean, nahiz eta hirugarren horiek ez izan aipatu laguntzen xede.

Beste horrenbeste esan daiteke Gizarte Zerbitzuen Zorroan aurreikusitako prestazio bermatuei edo ikasteko beka eta laguntzei buruz. Kasu horietan guztietan izanen litzateke aplikatzekoa foru lege hau.

Artikulu bakarra

1. Errenta bermatua ez da bahituraren xede izanen, salbu eta aplikatzekoa den Estatuko legeria orokorrean ezarritako kasuetan eta aurreikusitako mugekin Nota de Vigencia.

2. Enbargaezinak izanen dira, halaber, gizarte zerbitzu orokorren zorroan sartutako prestazio ekonomiko bermatuak, baldin eta pertsona fisikoen edo familien bizi-beharrak asetzeko badira.

3. Ikaskuntza ez-unibertsitarioak egiteko bekak eta laguntzak, bai eta Nafarroako Foru Komunitateak bere eskumenak erabiliz ezarriko dituen graduko nahiz graduondoko ikaskuntza unibertsitarioetarako bekak ere, enbargaezinak izanen dira.

Azken xedapena

Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean, eta enbargo-prozedurei aplikatzekoa izanen da, baldin eta, legea indarrean sartzen denean, oraindik ez bada erabaki edo eman ebazpenik oinarrizko errenta edo gizarteratze errenta enbargatzeko, edo gizarte zerbitzuen zorroan sartutako gizarte prestazio bermatu bat enbargatzeko bere onuradunei, edo mendekotasuna duten pertsonen zaintzaile ez profesionalentzako laguntzak eta ikasteko laguntzak edo bekak enbargatzeko.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web