(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2013 FORU LEGEA, otsailaren 14koa, Osasun-arreta jarraitu eta larrialdikoari buruzkoa.

BON N.º 38 - 25/02/2013



Texto

Ospitaleen eta osasun-etxeen modernizazioak, iragan mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan hasitakoak, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioen araberako oinarrizko osasun-laguntzaren erreformarekin batera -zeina Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean gauzatu baitzen, eta Nafarroan, berriz, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean-, osasun-sistema publiko unibertsal, doako eta kalitate egiaztatuko baten oinarriak ezarri zituen, harrezkero mundu guztian onartzen denez. Laurogeita hamarreko urteen erdialderako, osasun-etxe berrietan, Nafarroako populazioaren ehuneko 95 artatzen zen, eta, hortaz, etekina ateratzen zien osasunaren sustapen, gaixotasunen prebentzio, laguntza eta errehabilitazio jarduerei.

Halere, bizi-larrialdiek ospitaleei atxikirik jarraitu zuten, harik eta Nafarroako Larrialdien Plana, zeina 1997an onetsi baitzen, abian jarri zen arte. Harrezkero, anbulantzia medikalizatuen sareak ezbeharra -gaixotasuna nahiz istripua- gertatu den lekuan ematen du laguntza espezializatua, eta landaguneetako osasun-langileek laguntza hori osatzen dute hirigune handietatik urrunduen dauden eremuetan.

2008an, Landa Eremuko Larrialdi Zerbitzua sortu zen, zeinak, antolakuntzaren aldetik aurrerabide handia izan ez bazen ere, hobetu egin baitzituen landa eremuko larrialdi medikoetako langileen lan-baldintzak, eta laguntza hobea ematea ahalbidetu baitzuen, profesional horiek laguntza jarraituko guneetan egon ahal izatea erraztu zuen eta.

Oinarrizko osasun laguntzako osasun zentroen, arreta jarraituko eta larrialdiko arretako guneen eta arreta jarraituko eta larrialdiko arretako modalitateen ordutegia eta funtzionamendua arautzen dituen abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretuak lehenengo aldiz dakar Nafarroako herritarrei emandako osasun-arretan atzera egitea; izan ere, landa eremuko populazioarentzako eta erkidegoaren bide-sarerako egungo larrialdi-sistema eraistea dakar. Arau horrek nahasi egiten ditu osasun-arreta jarraitua eta larrialdikoa, nahasi egiten baititu zeharo ezberdinak diren arazoak eta beharrizanak, eta okertu egiten du Nafarroako herritarrentzat ezarriz joan den prestazio-maila, ondokoen bidez ezarria: aipatu 10/1990 Foru Legea, Nafarroako errepideko osasun garraioa arautzen duten otsailaren 10eko 29/1997 eta otsailaren 7ko 8/2011 Foru Dekretuak, Ospitalez kanpoko larrialdietako osasun laguntza Nafarroako Foru Komunitatean arautzen duen azaroaren 24ko 343/1997 Foru Dekretua eta Landa eremuan larrialdi medikoen zerbitzuak antolatzeko ereduari buruzko Akordioa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta sindikatuek 2008ko martxoan lortutakoa.

Foru dekretu horren aplikazioak arriskuan jartzen du landa eremuetan bizi diren pertsonen eta Nafarroako bide-sareko erabiltzaileen segurtasuna, ustez kostuak aurrezteko justifikazio bakarrarekin, zeina, bestalde, ez baita erreala. Ez da baliatu eredu eraginkorragoak eta, aldi berean, efizienteagoak aztertzeko aukera, landa eremuan bizi-larrialdien arreta hobetzen jarraitu ahal izatekoa. Argi dago landa eremuko oinarrizko laguntzaren eta larrialdikoaren egungo ereduak baduela zer hobetu, baina 131/2012 Foru Dekretuak ez du horretan laguntzen; aitzitik, ekitate printzipioen aurka doa herritar guztiek osasun-sisteman sarbidea berdintasunez izateko baldintzei dagokienez, kudeaketaren deszentralizazioari eta parte-hartzeari dagokienez, osasun-arretaren kalitateari eta humanizazioari dagokienez eta erkidegoaren parte-hartzeari dagokionez, zeinak Osasunari buruzko Foru Legeko 4. artikuluan jasotzen baitira.

Foru lege honek alternatiba bat eskaini nahi du, foru dekretu horrek dakarren aldaketaren aldean, parte-hartze eta adostasun sozialik handiena ekarriko lukeen prozedura baten bitartez eredu berri bat taxutzeko.

Artikulu bakarra.

1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Nafarroako landa eremuetako populazioaren beharrizanei buruzko ebaluazio bat eginen du, osasun-arretari eta osasun-arreta jarraitu eta larrialdikoaren ereduaren inefizientziei dagokienez, eta oinarrizko osasun-laguntzako osasun-etxeen eta osasun-laguntza jarraitu eta larrialdikoaren modalitateen funtzionamenduari buruzko plan bat taxutuko du osasun arloko profesionalen, toki entitateen eta arlo horrekin zerikusia duten eragile sozialen parte-hartzearekin, eta ahal den adostasunik handiena bilatuko du.

2. Nafarroako Gobernuak gehienez ere urtebeteko epean igorriko du aipatu plan hori Nafarroako Parlamentura, eztabaidatu eta onesteko.

Xedapen iragankor bakarra.

1. Foru lege honetako artikulu bakarrak aipatzen duen plana onesten ez den bitartean, abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretua indarrean sartu zenean indarduna zen erregelamendu mailako araudia jarraituko da aplikatzen, aldatzen edo indargabetzen ez den bitartean.

2. Administrazio prozeduraren bat baldin badago abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretuaren arabera abian jarria eta ez duena behin betiko ebazpenik jaso, prozedura hori foru dekretua indarrean sartu aurreko araudiaren arabera ebatziko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabeturik gelditzen da abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko osasun laguntzako osasun zentroen, arreta jarraituko eta larrialdiko arretako guneen eta arreta jarraituko eta larrialdiko arretako modalitateen ordutegia eta funtzionamendua.

Azken xedapen bakarra .

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko otsailaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1302691

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web