(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

20/2012 FORU LEGEA, ABENDUAREN 26KOA, TOKI OGASUNEK TRANSFERENTZIA ARRUNTEN BIDEZ NAFARROAKO TRIBUTUETAN PARTE HARTZEKO DUTEN FUNTSAREN ZENBATEKOA ETA BANATZEKO FORMULA EZARTZEN DITUENA 2013KO ETA 2014KO AURREKONTU-EKITALDIETARAKO Nota de Vigencia

BON N.º 253 - 31/12/2012; corr. err., BON 31/01/2013



  I. KAPITULUA. Zuzkidura orokorra eta eguneratzea


  II. KAPITULUA. Transferentzia arrunten esleipena


  III. KAPITULUA. Bestelako laguntzen esleipena

  ERANSKINA. Banaketa formulako aldagaiak eta aplikazio iturriak


ZIOEN AZALPENA

Konstituzioaren 142. artikuluak ezartzen du toki ogasunek behar adinako baliabideak izanen dituztela legeak korporazioei esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko eta, funtsean, beren tributuez eta Estatukoetan eta autonomia erkidegoetakoetan duten partaidetzaz hornituko dira.

Nafarroak eskumena du toki ogasunen arloan, Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 46. artikuluaren arabera.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, toki ogasunei buruzko VIII. tituluan xedatzen duenez, 259. artikuluan zehazki, Nafarroako toki entitateek beren eskumenak erabili eta haien esku utzitako helburuak bete ditzaten, toki ogasunei behar adina baliabide emanen zaizkie; baliabide horiek toki ogasunei buruzko foru lege baten bidez arautuko dira, Nafarroaren toki araubide berekiko gaia den aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18.2 artikuluan aurreikusia. Horren bidez zehaztu besterik ez da egiten askitasun finantzarioaren printzipioa, Konstituzioaren 142. artikuluan biltzen dena, bertan jartzen baitu udalek behar adina baliabide izan beharko dutela legeak beren gain uzten dituen eginkizunak betetzeko, eta horretarako beren tributuez eta Estatukoetan nahiz autonomia erkidegoetakoetan parte hartuz hornituko direla.

Aurrekoa betetzeko xedez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 260. eta 261. artikuluetan ezartzen da ezen toki ogasunen baliabide-iturriak izanen direla, besteak beste, beren tributuak eta Foru Komunitatekoetan eta Estatukoetan duten partaidetza.

Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak, I. tituluan, toki ogasunen baliabideen gainekoa baita, 123. artikuluan hain zuzen, zehatzago arautzen du zenbaterainoko partaidetza izanen duten toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan. Ezartzen da, horrela, udal agintaldi bakoitzeko bigarren urteko lehen seihilabetekoan Nafarroako Gobernuak, Toki Araubideko Foru Batzordeak txostena egin ondoren, Nafarroako Parlamentura arau-proiektu bat bidaliko duela non bilduko baita, batetik, zer zenbateko izanen duen toki ogasunek Nafarroako zergetan parte hartzeko funtsak hurrengo lau aurrekontu-ekitaldietan, eta, bestetik, zein izanen den funts hori banatzeko formula, justizia- eta proportzionaltasun-irizpideak kontuan hartuta.

Bestetik, martxoaren 14ko 3/2012 Foru Legeak, 2009-2012 Eperako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea aldatu eta haren indarraldia luzatzen duenak, 2009-2012 Eperako Toki Inbertsioen Planaren indarraldia luzatzen du plan berria onetsi arte, plan haren funtsen kargura gastu konpromisoak hartu eta baimentzeko aukera emanez, eta horrexegatik, Toki Ogasunek Nafarroako tributuetan duten partaidetza funtsa arautzen duen foru lege honetan ez da jaso kapital transferentzien kontzeptua.

Mendebaldeko ekonomietan ez eze Foru Komunitatean eta bertako toki entitateetan ere eragina duen egungo krisi egoera dela eta, komeni da Partaidetza Funtsaren erregulazioaren iraupena murriztea, bi urtekoa izan dadin, betiere pentsatuz egungo egoera hobetu eginen dela, eta horrek hurrengo ekitaldietan zuzkidura oparoagoa izateko bide emanen duela.

Horrekin batera, Nafarroako toki entitateen mapa modu moderno eta eraginkorrean antolatuko duen arau bat egitekotan gaudenez, beste arrazoi bat da funtsaren erregulazioaren iraupena motzagoa izateko, arau horrek ezarriko duen toki entitateen maparen erregulazio berriak hari egokitutako finantzabideak izan ditzan.

Hortaz, foru lege honek, salbuespen gisa eta aipatutako arrazoiak direla eta, bi ekitalditarako arautzen du parte hartzeko funtsaren zuzkidura, 2013 eta 2014rako alegia.

Foru lege honek ezartzen du, lehenengo eta behin, toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbateko orokorra, eta, ondoren, zenbateko hori handitzeko sistema, transferentzia arruntak eta bestelako laguntzak deritzen kontzeptuetan; gehikuntza hori honakoa izanen da: kontsumorako prezioen indizea Nafarroako Foru Komunitatean igo den ehunekoaren parekoa, ekainetik ekainera neurtua.

Transferentzia arruntak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, formula jakin baten bidez banatuko zaizkie udal eta kontzejuei. Banatzeko formulak zuzentasunaren eta proportzionaltasunaren irizpideak kontuan hartu beharko ditu, aipatu printzipio nagusiak zehazten dituzten parametroetan oinarriturik.

Ildo horretan, foru lege honek proposatzen du transferentzia arrunten funtsaren banaketa bat, zeinak, ekitate horizontalaren printzipioa aplikatuz, funts hori partitzen baitu zuzenean toki entitate bakoitzaren gastu beharren arabera eta alderantzizko proportzioan haren ahalmen fiskalarekin, eta horrela bermatzen du gehiago jasoko duela gastu behar handiagoa eta/edo bere baliabideak eskuratzeko ahalmen txikiagoa duenak.

Banaketa-sistema hiru mailatan egituratzen da. Lehenik, Iruñeko udalerriari esleitzen zaio kopuru bat. Bigarrenik, funtsaren gainerakoa beste udalerrien artean banatzen da; eta azkenik, kontzejuen partaidetza finkatzen da, bakoitzari dagokion udalerriari esleitutako kopuruaren gainean, kontzejuak dituen biztanleen kopuruaren arabera.

Iruñeko hiriak duen berezitasuna biztanleen kopuruak ematen dio; izan ere, kopuru horrek eragiten du trataera berezia, finantzaketari dagokionez, beste toki entitateen aldean.

Bigarren mailako banaketa sistemarako, udalerri bakoitzarentzat bi indize lortu behar dira, bata, gastu beharrena, eta bestea, ahalmen fiskalarena, eta horiek zehazteko bideak taxutu dira estatistikako prozeduretan oinarritu eta Nafarroako toki entitateen sektoreko kontabilitateari buruz dagoen informazioari aplikatuta.

Sei aldagai linealki konbinatuz lortzen da gastu beharren indizea, estatistikoki frogatu baita horiek direla eraginik handiena dutenak tokiko gastu arruntean, haietako bakoitzaren gastua esplikatzeko ahalmenaren bidez ponderaturik. Honakoak dira aldagai horiek: hiri lurzoru garbiaren azalera, 65 urte edo gehiagoko biztanleen kopurua, etorkinak, azalera guztira eta barreatze-indizea (kontzentrazio indizearen alderantzizkoa).

Ahalmen fiskalaren ponderazioa 0,3491 da, hori baita, finantzatu beharreko gastu arrunten guztirakoaren gainean, indize horretan ordezkatzen diren toki baliabide ekonomikoen baturaren portzentajea. Baliabide horiek honakoak dira: hirilurreko eta landalurreko ondasunen gaineko kontribuzioak, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta herrilurren aprobetxamenduagatiko diru-sarrerak.

Kontzejuen partaidetza, berriz, banaketako hirugarren mailak ezartzen du, udalerriari esleitutako zuzkiduran oinarrituta. Partaidetza hori kalkulatzeko, udalerriari esleitutakoa 100eko 30ez eta kontzejuak udalerriko biztanleriaren guztirakoarekin alderaturik duen biztanleen proportzioaz biderkatzen da. Parametro hori da kontzejuei dagokien gastuaren batez bestekoa, gaur egungo eskumenen banaketa kontuan izanik.

Banaketa formula berri honek ez du erabateko hausturarik eragin nahi egun arte indarra zuen sistemarekin, eta horregatik berme sistema bat ezarri da.

Funtsaren banaketaren azken kapitulua "Beste laguntza batzuk" izenekoa da, honako kontzeptu hauek biltzen dituena: abenduaren 2ko 16/1997 Foru Legearen arabera, "Iruñearen Hiriburutza Agiria" kontzeptuagatik Iruñeko Udalari dagokion zuzkidura; beste zuzkidura bat, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 72.2 artikuluan, interes komunak babestu eta sustatzeko osaturiko toki entitateen federazio edo elkarteentzako laguntza ekonomikoei buruz, ezarritakoa betetzeko. Eta, azkenik, beren eginkizun instituzionaletan aritzeagatik euren korporazioko kideei ordainsariak, bilkura-sariak edo egindako gastuen ondoriozko bestelako gastuak ordaintzen dizkieten Nafarroako udalentzako konpentsazioa" izeneko atalari dagokiona foru lege honetan zehazten den bezala banatuko dena.

I. KAPITULUA. Zuzkidura orokorra eta eguneratzea

1. artikulua. Iraupena.

Foru lege honek transferentzia arrunten bidez parte hartzeko funtsak 2013an eta 2014an izanen duen zuzkidura eta banaketa arautzen ditu.

2. artikulua. Funtsaren zuzkidura.

"2013ko ekitaldi ekonomikorako Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan toki entitateek duten parte hartzeko funtsaren zuzkidura 196.580.332 eurokoa izanen da hasieran, eta kopuru hori Nafarroako Aurrekontu Orokorretan agertuko da."

3. artikulua. Funtsaren banaketa.

Toki ogasunen Nafarroako tributuetako partaidetzen funtsa, 2013ko ekitaldirako, honela banatuko da hasiera batean:

1. Transferentzia arruntak: 167.939.611 euro.

2. Bestelako laguntzak:

a) Iruñeko Udalari, "Hiriburutza Agiria" delakoagatik: 22.942.425 euro.

b) Nafarroako udalei, korporazioko kideei ordainketak egiteko: 5.315.239 euro.

c) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari: 383.057 euro.

4. artikulua. Aurrekontuan esleitutako diru kopurua.

1. Nafarroako 2013 eta 2014ko ekitaldiei dagozkien aurrekontu orokorretako bakoitzean, agertuko da zenbatekoa den toki entitateen Nafarroako Ogasun Publikoko tributuetan parte hartzeko funtsa, zeina banatuko baita aurreko artikuluan aipatzen diren epigrafeetan.

2. Transferentzia arruntak eta bestelako laguntzak xede izanik, funtsak 2014rako esleitutako diru kopurua zehazteko, 2013. urterako ezarritakoari gehituko zaio kontsumorako prezioen indizeak Nafarroako Foru Komunitatean izandako igoera, ekainetik ekainera neurtua.

II. KAPITULUA. Transferentzia arrunten esleipena

5. artikulua. Iruñeko udalerriarentzako esleipena.

Iruñeko udalerriari 2013rako aurreko urtean jaso zuen zenbatekoa esleituko zaio, betiere 2012. urtearen aldean 2013rako gehitutako portzentajea gehituta, eta hurrengo ekitaldian, 2014koan alegia, aurreko urtean jasotako zenbatekoa esleituko zaio, gehi 4. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako irizpidearen arabera legokiokeena.

6. artikulua. Gainerako udalerrien artean banatu beharreko zenbatekoa.

Gainerako udalerriek 2013. eta 2014. urteetako ekitaldietan banatuko duten kopurua 3. artikuluko 1. idatz-zatian aurreikusitako kopurua izanen da, Iruñeko udalerriari dagokion esleipena kendu eta gero.

7. artikulua. Gainerako udalerrientzako banaketarako formula.

Gainerako udalerrientzako banaketarako formula prozedura honi jarraikiz lortuko da:

a) Lehen fase batean, gastu premien indizea lortuko da gastu premiaren sei aldagai adierazleen konbinazio linealaren bidez, haietako bakoitzak gastu horren azalpenak emateko duen ahalmenaren arabera ponderaturik. Honakoak dira aldagai horiek: hiri lurzoru garbiaren azalera, 65 urte edo gehiagoko biztanleen kopurua, etorkinak, azalera guztira eta barreatze-indizea (kontzentrazio indizearen alderantzizkoa).

b) Bigarren fase batean, udalerrien ahalmen fiskal eta ondarekoaren aldagai adierazleen konbinazio linealaren bidez lortuko da ahalmen fiskalaren indizea, bost sarrera moten arabera likidatutako eskubideen guztizkoan haietako bakoitzak duen pisuaren arabera ponderaturik. Honako aldagai hauek erabiliko dira: lurreko ondasunen gaineko oinarri fiskalak, jarduera ekonomikoen gaineko zergarena, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergarena eta herrilurren katastro-balioa.

c) Azkenik, gastu beharren indizeari kenduta 0,3491 faktoreak ponderatutako ahalmen fiskala, formula hau aterako da:

FTC = 0,9231 x PPOB + 0,1278 x PMA65 + 0,3355 x PURB + 0,1341 x PPINM + 0,0083 PINVDISP + 0,0074 PSUP-0,2490 x PCTU-0,0222 x PCTR-0,0760 x PIAE-0,0995 x PIVTM-0,0895 x PVCC.

Azalpena:

FTC da udalerri bakoitzaren banaketa indizea.

PPOB da udalerri bakoitzaren biztanleria adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoaren biztanleriarekin alderaturik, Iruña kenduta.

PURB da udalerri bakoitzaren hiri azalera garbia adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoaren hiri azalera osoarekin alderaturik, Iruña kenduta. Hiri azalera garbia da planoaren araberako azaleraren (azalera grafikoa) eta lurzati batuketaren modura hartutako azaleraren (azalera alfanumerikoa) arteko aldea.

PMA65 da udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituzten biztanleen portzentajea, Nafarroa osoan 65 urte edo gehiago dituzten biztanle guztien baturarekin alderaturik, Iruña kenduta.

PPOB da udalerri bakoitzaren biztanleria adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoaren biztanleriarekin alderaturik, Iruña kenduta.

PINVDISP da populazioaren kontzentrazio indizearen alderantzizkoa adierazten duen portzentajea, honela kalkulatua: udalerri bateko bizigune bakoitzeko populazioak populazio osoarekin alderaturik osatzen dituen portzentajeen koadratuen batura, Nafarroa (Iruña kenduta) osoko populazioaren kontzentrazioaren indizeen alderantzizkoen baturarekin alderaturik.

PSUP da udalerri bakoitzaren azalera osoak adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoaren azalerarekin alderaturik, Iruña kenduta.

PCTU da udalerri bakoitzaren hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarri doitua adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoari dagozkion tributu horren likidazio-oinarri doituen baturarekin alderaturik, Iruña kenduta. Oinarriak merkatu balioen arabera doitzen dira, koefiziente zuzentzaile baten bitartez, zeinak merkatu balioekin alderaturik agertzen duten urruntasunaren arabera handitzen baititu balioak. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak finkatuko du koefiziente zuzentzaile hori etxebizitzentzat.

PCTR da udalerri bakoitzaren landalurreko ondasunen gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoari dagozkion tributu horren likidazio-oinarri guztien baturarekin alderaturik, Iruña kenduta.

PIAE da udalerri bakoitzaren jarduera ekonomikoen gaineko zergaren oinarri-kuota adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoari dagokion jarduera ekonomikoen gaineko zergaren baturarekin alderaturik, Iruña kenduta; betiere, oinarri-kuotatzat hartzen da nazio, lurralde nahiz udal esparruko kuoten batura, udal errekargua kenduta.

PIVTM da udalerri bakoitzean trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eskubide likidatuak adierazten dituen portzentajea, Nafarroa osoari dagokion zerga honen eskubide likidatuen guztirakoarekin alderaturik, Iruña kenduta.

PVCC da udalerri bakoitzean herrilurren katastroko balioa adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoko udalerrietako balioen guztirakoarekin alderaturik, Iruña kenduta. Beren mugapean kontzejuak dituzten udalerrien kasuan, kontzejuetan kokaturik ez dauden herrilurren balioa baizik ez da hartzen kontuan.

8. artikulua. Gainerako udalerrientzako hasierako esleipena.

1. Aurreko artikuluan aipatzen den formula udalerri bakoitzeko aldagaien balioei aplikatuz aterako da udal mailako banaketa indizea.

2. Udalerriren batentzat ateratzen den banaketa-indizea negatiboa baldin bada, zero balioa emanen zaio, eta berriz kalkulatuko dira gainerako udalerrientzako banaketa-indizeak, haien guztien batuketaren emaitza 1 izan dadin.

3. Banaketa-indizea banatu beharreko kopuruaren gainean aplikatuko da, hori 5. artikuluaren arabera kalkulatzen baita, udalerri bakoitzari hasieran dagokion esleipena lortzeko.

9. artikulua. Berme klausularen aplikazioa eta behin betiko esleipenaren kalkulua udal mailan, gainerako udalerrientzat.

1. Aurreko artikuluan ezarritakoa aplikatzeari dagokionez, udalerriek transferentzia arruntetan jaso beharreko zenbatekoa ez da izango, inola ere, aurreko urteko funtsaren banaketan jasotakoa baino txikiagoa.

2. Baldin eta funtseko partaidetzatik, transferentzia arrunten kontzeptuan, udalerri bati hasieran esleitutako kopurua aurreko idatz-zatietan ezarritako bermea adinakoa ez bada, behar diren kopuruak kenduko zaizkie, hasieran esleituak zituztenetatik, bermatutakotik goitiko kopuruak lortzen dituzten udalerriei, bakoitzari dagokion bermearekin alderaturik lortutako igoeraren araberako proportzioan.

10. artikulua. Kontzejuentzako hasierako esleipena.

Kontzejuak dituzten udalerrietan, udal horiei esleitutako partaidetzatik parte bat kenduko zaie, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, kontzejuen artean banatzeko. Entitate horien hasierako partaidetza kalkulatzeko, kasuan kasuko udalaren partaidetza bider %30 eginen da, eta hori berriz ere bider kontzejuko biztanleen proportzioa, udalerriaren biztanleria osoarekin alderaturik ateratakoa. Udalerriaren hasierako esleipena gelditzen den kopurua izanen da.

11. artikulua. Bermearen aplikazioa eta behin betiko esleipenaren kalkulua beren mugapean kontzejuak dituzten udalerrietan.

1. Aurreko artikuluan ezarritakoa aplikatzeari dagokionez, Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko funtsetik kontzejuek eta beren udalerriek transferentzia arrunten kontzeptuan jaso beharreko zenbatekoa ez da izango, inola ere, aurreko ekitaldian funtsa banatzean transferentzia arruntetan jasotakoa baino txikiagoa.

2. Berme hori kontzejuentzat eta dauden udalerrientzat gauzatzeko, baldin eta banaketa formularen aplikazioarekin hartara iristen ez badira, behar diren kopuruak kenduko zaizkie udalerri berekoak izanik bermetik goitiko kopuruak lortzen dituzten entitateei, 8. artikuluaren arabera haiei esleitutako kopuruetatik, bakoitzak dagokion bermetik izandako igoeraren proportzioan.

12. artikulua. Erabilitako aldagaiak.

1. Nafarroako udalerrien arteko banaketa kalkulatzeko behar diren aldagaien balioak foru lege honen eranskinean aipatzen diren iturrietatik lortuko dira. Aldagaien erreferentzia-urtea, banaketa egiten den urteko maiatzaren 1ean eskura dauden Estatistikako Institutu Nazionalaren udalerrietako biztanleriaren azkeneko datu estatistiko ofizialena izanen da. Erreferentzia-urte horretako daturik ez bada, hurbileneko urtekoak hartuko dira.

2. Aurreko idatz-zati horretan xedatutakoa ukatu gabe, trakzio mekanikoko ibilgailuen zergako datuak azken ekitaldiko kontuen espedientetik aterako dira, zeina Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera aurkeztua beharko baitu Toki Administrazioko Departamentuan, edo, bestela, ekitaldi horretako bereko aurrekontuaren likidazio espedientetik, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 227.2 artikuluan eta hura garatzeko xedapenetan xedatutakoaren arabera. Aurreko hori hala ez bada, eskura dagoen azkeneko daturik berriena eguneratuko da, urteko ehuneko 10eko igoera aplikatuz. Aurreko hiru ekitaldietako daturik ez bada, Nafarroako per capita daturik handienaren arabera kalkulatuko da, biztanleria aldagaia oinarritzat hartuz.

3. Kontzejuentzako banaketa kalkulatzeko, erreferentzia-urtetzat hartuko da, banaketa zein urtetan egiten den, urte horretako maiatzaren 1ean datu ofizialak eskura dauden urtea; datuak, betiere, hala Estatistikako Institutu Nazionalaren udalerrien biztanleria-estatistikakoak nola Nafarroako Estatistika Institutuaren kontzejuen biztanleria-estatistikakoak, bietan urte berari buruzkoak izanen dira.

4. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa ukatu gabe, kontzejuen edo udalen mugapeetan aldaketak gertatzen badira eta, aldagaien balioek haien eragina jasaten dutelako, banaketan kontuan hartu behar badira, aldagaien zenbatekoa berriro kalkulatuko da, banaketa gertatzen den uneko egoera administratiboari egokitzeko, betiere egoera administratibo horri buruzko datu ofizialik ez badago.

13. artikulua. Ordainketa.

1. Toki entitateen Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko funtseko diru kopuruen ordainketa, transferentzia arruntetan esleitutakoari dagokiona, lau alditan eginen da ekitaldi bakoitzean, eta hiruhileko natural bakoitzaren lehen hamabostaldian ordainduko dira.

2. Lehenbiziko bi aldietako bakoitzean ordainduko da aurreko ekitaldian behin betikoz jasotako kopuruaren ehuneko 25.

3. Hirugarren ordainketa egin aurretik, toki entitate bakoitzarentzako urteko behin betiko esleipena kalkulatuko da, eta une horretan aurreko biak osatuko dituen kopuru bat ordainduko da, esleipenaren ehuneko 75era iritsi bitarte, eta laugarren hiruhilekorako utziko da falta den zatiaren ordainketa.

4. Udalen eta haien mugapeko kontzejuen artean sinatutako hitzarmenik badago, eta hartan hori aipatzen bada, hitzarmenean ezarritako moduan ordainduko zaie entitate horiei, deusetan ukatu gabe hasiera batean entitate bakoitzari dagokion ekarpenaren zenbatekoa banaketa formula aplikatuz kalkulatzea.

III. KAPITULUA. Bestelako laguntzen esleipena

14. artikulua. Bestelako laguntzen esleipena.

Funtseko diru kopuruetan, "Bestelako laguntzak" sailaren barrenean daudenetatik "Hiriburutza Agiria" delakoagatik Iruñeko Udalari dagozkionak, araubide berezi hori ematen duen abenduaren 2ko 16/1997 Foru Legean xedatutakoaren arabera banatuko dira, eta foru lege honen 13. artikuluan transferentzi arruntetarako aurreikusitako modu berean ordainduko.

15. artikulua. Nafarroako udalentzako konpentsazioa, hautetsiei karguan aritzeagatik ordaindutakoaren aldera.

Kargu publiko hautatuan aritzeagatik beren korporazioko kideei ordainsariak, bilkura-sariak, kalte-ordainak edo eginkizun publikoetan parte hartzeko eskubide konstituzionalean aritzearen ondorioz sortutako gastuengatik heldu diren bestelako pagamenduak ordaintzen dizkieten Nafarroako udalentzako konpentsazioa, honela eginen da:

a) Baldin eta udalek alkate eta zinegotziei ordaintzen badiete, legeria orokorrari jarraikiz, beren karguan denbora osoan edo partzialean aritzeagatik, edo ematen badizkiete bilkura-sariak, kalte-ordainak edo bestelako pagamenduak, kargu publikoan aritzearen ondorio zuzenak direnak, udal horiek ekarpen bat jasoko dute toki ogasunek Nafarroako zergetan parte hartzeko duten funtsetik, ordain horien kostua kitatzeko.

b) Kontzeptu horregatik, udalek urtean jasotzen ahal duten gehienezko ekarpena, 2013. urterako, udala osatzen duten hautetsien kopuruaren arabera, hauteskundeetako legeria orokorrari jarraikiz, honako hau izanen da:

b.1) 3 zinegotzi dituzten udalak: 4.114,15 euro.

b.2) 5 zinegotzi hautetsi dituzten udalak: 10.595,95 euro.

b.3) 7 zinegotzi hautetsi dituzten udalak: 15.582,34 euro.

b.4) 9 zinegotzi hautetsi dituzten udalak: 18.699,21 euro.

b.5) 11 zinegotzi hautetsi dituzten udalak: 29.918,32 euro.

b.6) 13 zinegotzi hautetsi dituzten udalak: 51.733,70 euro.

b.7) 17 zinegotzi hautetsi dituzten udalak: 79.159,04 euro.

b.8) 21 zinegotzi hautetsi dituzten udalak: 113.440,58 euro.

b.9) 27 zinegotzi hautetsi dituzten udalak: 190.105,92 euro.

c) Ekarpen horiek beren xedeari lotuak egonen dira, bakar-bakarrik erabiliko baitira alkate nahiz zinegotziei aipatu diren kontzeptuengatik ordaintzeko, eta urtero eguneratuko dira, 4. artikuluko 2. idatz-zatian ezartzen den moduan.

d) Ordainketa behin eginen da transferentzia arrunten funts orokorraren bigarren aldiarekin, urte bakoitzaren urtarrilean, jaso nahi duten udalek aldez aurretik eskatuta, eta eskabideari ekarpen honek aurreko ekitaldiko zenbatekoa eta xedearen ziurtagiria gehitu beharko diote, halakorik egin bazuten. Baldin eta hautetsiei ekitaldian ordaindutako kopuruak guztira iristen ez badira artikulu honetan udal bakoitzarentzat ezarritako gehienezko kopurura, kontzeptu honengatik egiten den hurrengo ordainketan kenduko da kopuruen arteko alde hori.

Eskabidea, ekarpen horrek 2013ko ekitaldian izandako zenbatekoari eta xedeari buruzko ziurtagiriarekin, 2014a bukatu aitzin aurkezten ahalko da Nota de Vigencia.

e) Baldin eta soberakinik gertatzen bada xede hauetarako kontsignazioan, guztira likidatutako kopuruari dagokionez, soberakinak transferentzia arrunten funts orokorrari gehituko zaizkio, zeinari erantsiko baitzaizkio foru lege honetako 12. artikuluan aipatzen den urteko behin betiko esleipena kalkulatu aurretik.

f) Baldin eta defizita gertatzen bada korporazioko kideen gastua konpentsatzeko esleipenean likidazioa egiteko behar den diru kopuruari dagokionez, transferentzia arrunten funts orokorretik hartuko da, foru lege honen 12. artikuluan aurreikusitako urteko esleipen behin betikoa kalkulatu aurretik, edo bestela Toki Administrazioko Departamentuaren Aurrekontuko 4. kapituluko beste edozein kontu-sailetik.

g) Aurreko idatz-zatietan jasotako konpentsazioak deuseztatu edo eten eginen dira, honako kasu hauetan:

1. Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legearen ez-betetzea.

Urte bakoitzerako ematen diren konpentsazioen deuseztapena aplikatuko zaie aipatutako araua ez betetzea ekarri duten jarduketa edo jarduketak, zuzenean edo zeharka, babesten dituzten udal eta kontzejuetako alkateari, alkatetzako taldeari eta udaletako talde eta zinegotziei.

Nafarroako Gobernuak, urtero eta ekitaldi ekonomikoa itxi aitzin, egiaztatuko du toki entitateek 24/2003 Foru Legea bete dutela.

Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hurrengoak hartuko dira Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legearen ez-betetzetzat:

– Udaletxeetako kanpoaldean paratu gabe izatea legez aurreikusitako banderak.

– Beste herrialde edo autonomia erkidego batzuetako banderak paratzea udalaren ezein eraikin edo instalaziotan, salbu eta Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legeko 8.3 artikuluan ezarritako kasuetan.

– Sinbologia frankistak erakusteari edo mantentzeari buruz araututakoa ez betetzea; sinbologia horiek abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 15. artikuluan daude jasota, hau da, gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen dituen, eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen Legean.

– Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen 11. artikulua ez betetzea (33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa) Nota de Vigencia.

Legea betetzen ez bada, Nafarroako Gobernuak dagokion toki entitateri igorriko dio eskaera bat kargu publiko hautatuan aritzeagatik kobraturiko ordainsariak itzultzeko. Itzulketa horren kopurua izanen da 24/2003 Foru Legea ez-betetzearekin, zuzenean edo zeharka, lotutako alkate eta zinegotziei dagokiena.

Toki entitateak eskatzen zaion kopurua itzultzen ez badu, Nafarroako Gobernuak ordaindu gabeko zorra konpentsatuko du datozen ekitaldi ekonomikoetan kontzeptu beragatik toki entitateak kobratu beharrekoaren kontura.

24/2003 Foru Legea ez betetzeagatik prozesu judizial edo administratiboak ondorioztatzen diren egoeratan, alde batera utzita zein den jatorria, Nafarroako Gobernuak atxikiko ditu 24/2003 Foru Legea ez-betetzearekin, zuzenean edo zeharka, lotutako alkate eta zinegotziei ordaindu beharreko kantitateak. Atxikitze horrek iraunen du epai judizial edo administratibo irmo bat izan bitarte. Epai hori dagoenean, berriz, arestian jasotako deuseztapen- edo itzulpen-baldintzak aplikatuko dira, baldin eta epaian erabakitzen bada aipatu foru legearen ez-betetze erabatekoa nahiz partziala egon dela.

Konpentsazioak atxikitzean, urtez urteko ekitaldiak metatuko dira, prozesu judizial edo administratiboa bukatzen ez den bitartean.

2. Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko 9/2010 Foru Legearen ez-betetzea.

Urte bakoitzerako ematen diren konpentsazioen deuseztapena aplikatuko zaie 9/2012 Foru Legea ez betetzea ekarri duten jarduketa edo jarduketak, zuzenean edo zeharka, babestu dituzten udal eta kontzejuetako alkateari, alkatetzako taldeari eta udaletako talde eta zinegotziei.

Nafarroako Gobernuak, urtero eta ekitaldi ekonomikoa itxi aitzin, egiaztatuko du toki entitateek 9/2010 Foru Legea bete dutela.

Legea betetzen ez bada, Nafarroako Gobernuak dagokion toki entitateri igorriko dio eskaera bat kargu publiko hautatuan aritzeagatik kobraturiko ordainsariak itzultzeko. Itzulketa horren kopurua izanen da 9/2010 Foru Legea ez-betetzearekin, zuzenean edo zeharka, lotutako alkate eta zinegotziei dagokiena.

Toki entitateak eskatzen zaion kopurua itzultzen ez badu, Nafarroako Gobernuak ordaindu gabeko zorra konpentsatuko du datozen ekitaldi ekonomikoetan kontzeptu beragatik toki entitateak kobratu beharrekoaren kontura.

9/2010 Foru Legea ez betetzeagatik prozesu judizial edo administratiboak ondorioztatzen diren kasuetan, alde batera utzita zein den jatorria, Nafarroako Gobernuak atxikiko ditu 9/2010 Foru Legea ez-betetzearekin, zuzenean edo zeharka, lotutako alkate eta zinegotziei ordaindu beharreko kantitateak. Atxikitze horrek iraunen du epai judizial edo administratibo irmo bat izan bitarte. Epai hori dagoenean, berriz, arestian jasotako deuseztapen- edo itzulpen-baldintzak aplikatuko dira, baldin eta epaian erabakitzen bada aipatu foru legearen ez-betetze erabatekoa nahiz partziala egon dela.

Konpentsazioak atxikitzean, urtez urteko ekitaldiak metatuko dira, prozesu judizial edo administratiboa bukatzen ez den bitartean.

Konpentsazioen deuseztatzea aplikatuko da, halaber, lokal edo eraikin publikoak entitate edo kolektiboei lagatzeko kasuetan, baldin eta indarkeria laguntzeko edo terrorismoaren, talde terroristen edo legez kanpoko erakundeen apologia egiteko edo haiei gorazarre egiteko egoerak gertatzen badira.

Deuseztatzea aplikatuko da, halaber, arestiko puntuarekin lotuta dauden pintaketak, afixak edo sinboloak nahiz elementuak lokal edo eraikin publikoetan jartzearen kasuetan.

Deuseztapena aplikatuko zaie, halaber, lokal edo eraikin publikoetan burututako ekintzei, baldin eta haietan terrorismoaren biktimen oroimenari irain egiten bazaie, biktimen edo haien familien ospe txarra, gutxiespena edo umiliatzea dakarten ekintzen bitartez.

16. artikulua. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntza.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzat funtsaren barrenean esleituriko kopurua ordainduko da transferentzia arruntentzat foru lege honen 13. artikuluan aipatzen den modu berean.

Xedapen gehigarri bakarra. Korporazioko kideentzako ordainketetarako esleipena egokitzea.

Korporazioko kideentzako ordainketetarako esleipena, banaketari, ordaintzeko prozedurari eta ordainketen justifikazioari dagokienez, aplikatzekoak diren arauetan jasotako irizpideekin bat etorriko da, kontuan hartuta betiere Nafarroako Gobernuaren ordezkariek eta Nafarroako toki entitateetako ordezkariek gai horretan lortzen dituzten akordioak.

Azken xedapen bakarra . Indarra hartzea.

Foru lege honek 2013ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

ERANSKINA. Banaketa formulako aldagaiak eta aplikazio iturriak

ERANSKINA

1. Udalerri bakoitzaren biztanleria. Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratzen duen datu ofiziala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

2. Kontzeju bakoitzaren biztanleria. Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen duen datu ofiziala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

3. Udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituzten biztanleak. Estatistikako Institutu Nazionalak ematen duen datua, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

4. Hiri azalera garbia. Planoan ageri den azalera (azalera grafikoa) ken lurzatiek batuta duten azalera (azalera alfazenbakizkoa). Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen du datu hori, eta erreferentzia-urtea udalerrietako populazioari buruzko datuaren berbera izaten da.

5. Etorkinak. Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen duen datu ofiziala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

6. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako azalera osoa.

7. Populazioaren kontzentrazio indizearen alderantzizkoa, Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuekin urte bakoitzerako kalkulatua.

8. Hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzio doituaren likidazio-oinarria. Hori da udalerri bakoitzeko hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioko likidazio-oinarria, merkatuko balioei doitzeko koefizientearekin biderkatua. Bi horiek Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen ditu, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaletik datuak harturik, udalerrien biztanleriari dagokion erreferentzia-urte bererako.

9. Udalerri bakoitzeko landalurreko ondasunen gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria. Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen du, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaletik datuak harturik, udalerrien biztanleriari dagokion erreferentzia-urte bererako.

10. Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren oinarri kuota. Nazio kuoten, lurralde kuoten, lokal finkorik gabekoen udal kuoten eta lokal finkoa dutenen udal kuoten batura da, azken horretan udal errekargua kenduta. Datu hauek Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Jarduera Ekonomikoen Erregistroak emandakoak izanen dira.

11. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eskubide likidatuak. Udalek Toki Administrazioko Departamentuari igorritako kontuen likidazioetatik aterea. Igortzen ez baditu, aplikatuko da zenbatespen bat, kalkulatuko dena foru lege honetako 12. artikuluko 2. puntuan ezarritako irizpidearekin.

12. Herrilurren katastroko balioa. Hori da, Nafarroako udalerri bakoitzarentzat, herri-ondasunen eta haietatik datozenen katastro-balioa, udalerrien biztanleriari dagokion erreferentzia-urte bererako. Beren baitan kontzejuak dituzten udalerrien kasuan, ez da sartzen kontzejuen titulartasunarekin dauden herri-ondasunak. Balio hori Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen du, eta horretarako datuak hartzen ditu Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaletik.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web