121/2012 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 14KOA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO OSASUN MENTALEKO EGUNEKO OSPITALE PSIKOGERIATRIKOA SORTZEN DUENA.
BON N.º 230 - 23/11/2012; corr. err., BON 11/01/2013
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2005. urtean hainbat gomendio eman zituen adinekoei, arriskuan dagoen populazio kaltebera baita, eman behar zaien lehentasunezko arretari buruz. Bizitzaren muturreko adinek bereziki arriskuan dauden populazioak definitzen dituzte, faktore sozial, psikologiko, biologiko eta ingurumenekoengatik. Haien kalteberatasuna eta beharrak direla-eta, lehentasun handia izan behar dute osasun mentalaren arloko sustapen, prebentzio eta arretarako jardueretan. Horregatik, OMEak adinekoen beharrei erantzun eta adin horretarako berariazko esku-hartzeak egiten dituzten osasun mentaleko zerbitzuak garatzea gomendatzen du.
Nafarroan 65 urtetik gorako biztanleriak nabarmenki egin du gora azken urteetan, eta uste da gorago eginen duela. Biztanleriaren zahartzeak nahasmendu neuropsikiatrikoen gorakada ekarri du berarekin. Horren ondorioz, beharrezkoa da baliabide asistenzialak egokitzea nahasmendu horiei behar bezala erantzuteko.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zeregina da behar horri erantzuna ematea berariazko zerbitzuen bitartez, nahasmendu mentalak dituzten adineko pertsonei tratamendu intentsibo eta oso espezializatua emanen dietena, osasun mentaleko orotariko zerbitzuak osatuz eta erabateko ospitalizazioaren ordezko aukera izanik. Horrela, Nafarroako Osasun Mentalari buruzko abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legeak (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura organikoa ezartzen duena), osasun esparru horren funtsezko eginkizunari dagokionez, aldaketa bat ezartzen du eta bere zerbitzuen egokitzapena aurreikusten du, biztanleriaren beharretara egokitzen diren unitate eta programa asistentzial berrien bidez. Programa horietako bat da nahasmendu mentala duten biztanle geriatrikoarentzako arreta komunitarioa.
Osasun Mentalari buruzko Foru Lege horrek abuztuaren 17ko 246/1998 Foru Dekretua indargabetu zuen. Horren bidez, San Frantzisko Xabierkoa ospitale psikiatrikoa San Frantzisko Xabierkoa zentro psikogeriatriko bihurtzeko araubidea ezarri zen, Eguneko Zentroa barne.
Gaur egun, Osasun Mentaleko Zuzendaritzak, besteak beste, honako hau eskaintzen du: eguneko arreta emateko bi programa (Gizarte Politiketako Departamentuaren bidez esleitzen dira); osasun eta gizarte arloko lanbide anitzeko programa bat, iraupen luzekoa, kausa ezberdinetako narriadura kognitiboa duten pazientei arreta emateko; ebaluazio neuropsikologiko espezializaturako jarduera bat, narriadura kognitiboa duten pazientei arreta emateko; eta ezagutzaren estimulaziorako talde programak. Programa hauek euren eskaintza hobetzen ahal dute, kualitatiboki zein kuantitatiboki, osasun mentalaren arloan nafar biztanleen osasun beharretara egokituz gero. Horretarako, beharrezkoa da haien zerbitzuen eskaintza zedarritzea eta zuzendaritza propioa duen egitura asistentzial bakar batean antolatzea.
Horiek horrela, Osasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua . Osasun Mentaleko Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoa sortzea.
Osasun Mentaleko Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoa sortzen da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Zuzendaritzako Tarteko Baliabideen Arloari atxikia.
2. artikulua . Eginkizunak.
Osasun Mentaleko Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoa erreferentziako zentroa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentalaren Sarean, 65 urtetik gorako pertsonei ematen die arreta eta eginkizun hauek ditu:
a) Osasun mentaleko zentroei laguntza ematea haien jarduera asistentzialean, pazienteei behar duten arreta anbulatorioa ezin zaienean eman zentro horietan, ospitalizazio partzialeko tratamendua behar dutelako edo esku-hartze klinikoen maiztasun edo izaeragatik.
b) Ebaluazio eta tratamendurako diziplinarteko programak garatzea, aldi mugatu baterako, bereziki nahasmendu mental primario zaharkitua edo hirugarren adinean hasitako nahasmendu mentala duten pertsonei arreta emateko.
c) Ospitalizazio partziala, paziente akutu edo subakutuekin aritzeko, erabateko ospitalizazioaren ordezko aukera gisa, erabateko ospitalizazio hori prebenitu edo laburtzeko.
d) Esku-hartze mediko-psikiatrikoak, psikosozialak eta psikoterapeutikoak (banaka eta taldeka).
e) Programa psikoedukatiboak eta/edo senitartekoei eta zaintzaileei laguntza ematekoak.
f) Psikogeriatriaren arloko zeharkako programa asistentzialaren lidergoa, koordinazioa eta kudeaketa bere gain hartzea, Osasun Mentalaren Sare osoan.
g) Psikogeriatriaren arloko ikerketa eta irakaskuntzan erreferentea izatea, Nafarroako Osasun Mentalaren Sarerako.
h) Nafarroako Foru Komunitateko psikogeriatriaren arloko baliabide soziosanitarioen koordinazioa.
3. artikulua . Osasun Mentaleko Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoaren zuzendaritza.
1. Osasun Mentaleko Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoaren zuzendaritza sortzen da. Zuzendaritzak zentroaren erantzukizun teknikoa eta zentroari atxikitako langileen burutza hartzen ditu bere gain.
2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko du Osasun Mentaleko Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoko zuzendaria, azaroaren 2ko 217/1994 Foru Dekretuak arautzen duen prozeduraren arabera. Zuzendariak Osasun Mentaleko Sareari atxikia egon beharko du, eta A edo B mailakoa izan, Nafarroako Osasun Mentalari buruzko abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
3. Osasun Mentaleko Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoko zuzendariaren ordainsari araubidea izanen da oinarrizko osasun laguntzako talderen bateko eta/edo osasun mentaleko sektoreko bigarren taldeko zuzendariari aplikatzen zaiona.
Lehenengo xedapen gehigarria .Osasun Mentaleko Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoko lanpostuen atxikipena.
Lanpostu hauek atxikitzen zaizkio Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoari:
a) BFE/psikiatra aritzeko lanpostu bat: 70132 zenbakiduna.
b) Psikologo kliniko aritzeko hiru lanpostu: 70050, 61270, 67438.
c) Erizaintzako unibertsitate-diplomadun aritzeko bi lanpostu: 61193 eta 66302 zenbakidunak.
d) Lan terapeuta aritzeko hiru lanpostu: 67441, 67442 eta 69361 zenbakidunak.
e) Erizaintzako laguntzaile aritzeko bost lanpostu: 61832, 62242, 61306, 61734 eta 61843 zenbakidunak.
f) Administrari laguntzaile aritzeko lanpostu bat: 62429 zenbakiduna.
g) Zeladore aritzeko lanpostu bat: 61862 zenbakiduna.
Bigarren xedapen gehigarria .Genero berdintasuna.
Zenbait lanpostu edo karguri buruz ari denean foru dekretu honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek emakumezkoek ala gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.
Xedapen indargabetzaile bakarra.- Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena .Garapena.
Osasuneko kontseilariari foru dekretu hau garatzeko beharrezko xedapenak emateko ahalmena ematen zaio.
Azken xedapenetan bigarrena.- Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2012ko azaroaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1215987