(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

18/2012 FORU LEGEA, URRIAREN 19KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN FARMAZIA-PRESTAZIOAK OSATZEARI BURUZKOA Nota de Vigencia

BON N.º 213 - 30/10/2012



ZIOEN AZALPENA

Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazio anbulatorioa maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoak arautzen du, modu anbulatorioan ematen den eta erabiltzaileek neurri batean ordaindu behar duen prestazio publiko gisa hartuta. Prestazio hori ekainaren 26ko 29/2006 Legean, medikamentuen eta osasun-produktuen bermeei eta arrazoizko erabilerari buruzkoan xedatutako berariazko araudiaren mende dago.

Lege hori aldatu egin du apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko presako neurrienak. Horrenbestez, medikamentuaren zikloa esaten zaionaren zenbait esparrutako programa- eta kudeaketa-arauak ezarri dira; bereziki, prestazio publikoa kudeatzeko eta finantzatzeko ardura duten administrazio publiko sanitarioen jarduera-eremuan. Hortaz, barne hartzen da medikamentu horiek banatzen dituzten farmazia guztiekiko bitartekotza, bai eta finantzaketa publikoaren funtsezko ekarpena ere, sistemaren funtzionamendua bermatzeko.

Lege honek testuinguru horretan eragiten du, lehen helburu izanik Estatuko oinarrizko araudi berriaren aplikagarritasuna bideratzea. Horretarako, beharrezko neurriak egituratu behar dira, sendagaiak agintzeko funtzioa osa dadin sistemak sortuko duen informazioarekin, erabiltzaileen ekarpenerako mekanismoari dagokionez, eta, aldi berean, farmazia-prestaziorako baldintza onenak bermatuko dituen kudeaketa-elementu berriak transmititzeko gai izan dadin.

Bestalde, foru lege honen helburu da, halaber, oinarrizko antolamenduaren garapenean sakontzea, Nafarroako Foru Komunitatean osasun-politikaren berariazko gidalerroak finkatzeko. Helburu horretarako, betiere legedia errespetatuz, eta Estatuko oinarrizko araudi berriak gastu publikoa arrazionalizatzeari buruz xedatutako helburu eta printzipioak kontuan hartuta, herritarrekin dugun konpromisoa hedatzeari ekinen diogu, eta, hala, Estatuak ematen duen oinarrizko prestazio-estatusa osatuko dugu, Nafarroan lortu ditugun babes-mailei eusteko.

Foru lege honen bidez, osagarri bat erantsi ahalko zaie Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazio anbulatorioa emateko Foru Komunitatearen eremuan dauden oinarrizko finantza-baldintzei, halako moduz non baldintza beretan jaso dezaten prestazio hori horretarako eskubidea dutenek, hau da, Osasun arloko eskubideei eta betebeharrei buruzko 17/2010 Foru Legeko 11. artikuluan adierazitakoek.

Estatuak, zenbait eskumen erabilita -horien oinarriak zehaztu gabe-, eremu bat finkatu du, eta horren gainean proiektatzen da marko estatala garatzeko ahalmena. Konstituzio Auzitegiaren doktrinari erreparatuta, eta hori maiatzaren 25eko 98/2004 epaitik aurrera argi eta garbi ageri da, Estatuak farmazia-prestazioa ezartzeari eta publikoki finantzatzeari dagokionez duen eskumenaren oinarria da, zehazki, Konstituzioaren 149.1.16 artikulua, Estatuak "osasunaren oinarrien" arloan duen eskumena ezartzen duena. Hori argi gelditu da, besteak beste, gizarte-segurantzaren sistemako osasun-laguntzak galdu egin duelako lehen zuen izaera, eta orain ez delako bakarrik kotizaziopekoentzat; horrek behin betikoz lagundu du Sistema Nazionalean jasotzen den prestazio publikoen sistema birdefinitzen eta finkatzen, zeina, gaur egun, erabat finantzatzen baita zerga orokorren kargura.

Foru lege honek bilatzen duena da Nafarroako Foru Komunitateari dagokion eskumen-eremuaren oinarrizko antolamendua hedatzea edo hobetzea, kasuan kasuko politika publikoak garatzeko eta gauzatzeko ahalmena baitu.

Ekimen honek ez du inolako ondorio negatiborik eragin behar Osasun Sistema Nazionalari dagokion araudiaren aplikazioaren egunerokoan, eta, jakina, Osasun Sistema Nazional guztian prestazioak ekitatez eta benetako berdintasunean jasoko direla bermatuta egonen behar duenez osoki, ez du horretan ere eraginik izan behar. Gainera, kontuan izan behar da hau ez dela sendagaien edo osasun-produktuen berariazko erreserba bat; izan ere, erreserba horiek mugatzaileak dira, ekainaren 26ko 29/2006 Legeak, medikamentuen eta osasun-produktuen bermeei eta arrazoizko erabilerari buruzkoak xedatutako araubide juridikoari jarraikiz.

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honek xede du farmazia-prestazioaren oinarrizko finantza-baldintzak osatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

2. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Arau honetan deskribatzen diren farmazia-prestazioen osaketarako eskubidea izanen dute hurrengoek:

1. Osasun Sistema Nazionalaren bidez funts publikoekin finantzatutako osasun-laguntzaren eremuan sartutako pertsonek, haren asegurudun edo onuradun direlako.

2. Prestazio berberak jasoko dituzte, halaber, Nafarroako Foru Komunitatean pertsonek osasunaren arloan dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko 17/2010 Foru Legeko 11. artikuluan jasotakoaren arabera osasun-laguntza publikorako eskubidearen titularrak diren eta artikulu honetako 1. idatz-zatian sartzen ez diren pertsonek Nota de Vigencia.

3. artikulua. Osasun Sistema Nazionalaren farmaziaprestazio anbulatorioa aplikatzeko arauak.

1. Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazio publiko anbulatorioa osatzen duten medikamentuak eta osasun-produktuak Nafarroako Foru Komunitatean banatzeko, Estatuko oinarrizko araudiari, foru lege honi eta foru lege hau garatzeko edo aplikatzeko ematen diren gainerako arauei jarraituko zaie.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun-zerbitzuetan botikak agintzen laguntzeko dauden informazio-sistemetan, zeinetan zenbait informazio- eta interakzio-azpisistema baitaude, bai eta Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestakuntzan barne hartutako medikamentu-izendegia ere, gehituko da araudiak ezarritakoa, eta bereziki foru lege honek xedatutakoa farmazia-prestazioetan erabiltzaileek egin beharreko ekarpenen sistemari buruz.

3. Medikamentuak eta osasun-produktuak agintzeko, Osasun Sistema Nazionalean baliagarriak diren errezetak eta erizaintza-aginduak egiteko eredu ofizialak bete behar dira.

4. artikulua. Osasun Sistema Nazionalaren Nafarroako Foru Komunitateko farmaziaprestazio anbulatorioaren finantzaestaldura publikoaren hedapenerako arauak Nota de Vigencia.

1. Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazio anbulatorioa Osasun Sistema Nazionalean oro har aitortutako eskubidearen ildotik eskuratzen dutenei, eta foru lege honetako 2. artikuluko 2. idatz-zatiak araututako estalduraren hedapenari dagozkion kolektiboetakoak ez direnei, 29/2006 Legeak erabiltzaileen ekarpenei buruz xedatutakoa aplikatuko zaie (ekainaren 26ko 29/2006 Legea, medikamentuen eta osasun-produktuen bermeei eta arrazoizko erabilerei buruzkoa). Bermatuta geratuko da, betiere, pertsona guztien benetako berdintasuna prestazioak eskuratzeari dagokionez.

2. Foru lege honetako 2. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren pertsona guztiek izanen dute 5. artikuluan araututako estaldurarako eskubidea.

3. Finantza-estaldurarako eskubidea duten pertsonek medikamentuak eta osasun-produktuak hartzen badituzte Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo dauden farmazietan, eskatu ahal izanen dute, betiere, farmazia horietan gehiegi ordaindutakoa itzultzea, Nafarroako Foru Komunitateko farmazietan ordainduko zutena erreferentziatzat hartuta.

5. artikulua. Finantzaestaldura zabaltzearen norainokoa.

1. Aurreko artikuluan xedatutako estaldurak honako baldintza ekonomiko hauek ditu, erabiltzaileak Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazio anbulatoriorako egin beharreko ekarpenei dagokienez:

a) Orokorrean, publikoarentzako salmenta-prezioaren ehuneko 40ko ekarpena egin beharko dute erabiltzaileek. Baldintza horietatik kanpo geratzen dira ekarpen murriztuaren sistemaren mendeko medikamentuak Nota de Vigencia.

b) Salbuespen gisa, ez dute ekarpenik egin beharko honako kategoria hauetako erabiltzaile eta onuradunek:

i) Pentsiodunek, barne hartuta kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituzten pertsonak Nota de Vigencia.

ii) Sindrome toxikoen kalteak pairatu dituztenek eta ahalmen urriko pertsonek, berariazko araudietan xedatutako kasuetan.

iii) Gizarteratze errenta jasotzen duten pertsonak.

iv) Langabezia-saria jasotzeko eskubidea galdu duten langabeek, egoera horretan dauden bitartean.

v) Lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen ondoriozko tratamenduak dituzten pertsonek.

vi) Ekarpenetik salbuetsita daude ondotik zerrendatzen diren pertsonak ere:

- 65 urtetik goitikoak.

- Alargunak.

- 18 urtetik beheitiko umezurtzak.

- % 33ko minusbaliotasuna edo handiagoa duten pertsonak Nota de Vigencia.

2. Ekarpen hori eginen da medikamentua eskuratzeko unean. Medikamentua Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko farmazia batean eskuratzen bada, gehiegi ordaindutakoa 4.3 artikuluan xedatutakora egokituko da.

Xedapen gehigarria

Nafarroako Foru Komunitatean legez ezarritako farmaziak zein diren kontuan hartuta, hain zuzen ere Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazio anbulatorioari dagozkion medikamentuak banatzeko laguntza profesionala ematen duten farmaziak, Osasun Departamentuak beharrezko neurriak hartuko ditu haiei foru lege honetako arauak helarazteko eta integrarazteko.

Azken xedapenetan lehena

Osasuneko kontseilariari ahalmena ematen zaio, errezeten eta erizaintza-aginduen eredu ofiziala egokitzeari ekin diezaion, hau da, hura eguneratzeko, araudira egokitzeko, edota Nafarroako Foru Komunitateko farmazia-prestaziorako beharrezko eskakizun operatiboetara egokitzeko, eta, horrez gain, xedapen zehatzak emateko 5.2 artikuluan aurreikusitako gastu-itzulerarako prozedura ezartzeko.

Azken xedapenetan bigarrena

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web