(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

68/2012 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 25EKOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOA IRAUNGITZEN DUENA.

BON N.º 150 - 31/07/2012



Atariko

Sektore publiko osoaren jardueran eragina izan du bizitzen ari garen krisi ekonomiko larriak. Krisi honek gastuari eusteko neurri zorrotzak hartarazten ditu, bereziki administrazio publikoen esparruan, aurrekontu egonkortasunaren ezarritako helburua betetzeko. Foru sektore publikoa ez dago errealitate horretatik aparte, begi bistan dagoenez. Testuinguru horretan Nafarroako Gobernuak dagoeneko neurri batzuk hartu ditu, baliabideak optimizatzeko eta eraginkorragoak izateko. Halako neurriak hartzen jarraitu behar da jarduera nabarmenki jaitsi den kasuetan, hala nola Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakundea autonomoan. Jaitsiera hori handia izan da arlo batzuetan, besteak beste langileen hautapenaren arloan eta, neurri txikiagoan, langile publikoen prestakuntzaren arloan. Jarduera mantendu nahi da aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera eta, hain zuzen ere, diru hori optimizatzea da NAPIk zerbitzu horiek emateko tradizionalki erabili duen antolakuntza-eredua berraztertu izanaren arrazoia.

Egungo egoera ikusirik eta azaldutako irizpideei jarraikiz, egokiena da erakunde autonomo honen xedeak eta helburuak beste unitate batean sartzea. Beraz, erakundea iraungi ondoren, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak bere gain hartuko ditu xede eta helburu horiek.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 107. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez iraungiko direla organismo publikoak, zer departamenturi atxikirik egon eta haren titularra den kontseilariak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren eta antolaketa administratiboaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko uztailaren 25eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa (NAPI) iraungitzea.

Iraungi egiten da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa (NAPI). Irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuak arautzen zuen erakundea, haren estatutuak onetsiz.

2. artikulua . Langileen atxikipena.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoko langile finko eta aldi baterakoak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mende egotera pasatuko dira.

3. artikulua . Ondasunak eta eskubideak.

Iraungitzearen ondoriozko ondasun eta eskubideek xede eta eginkizun berberei loturik segitzen dute, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikirik.

Xedapen iragankor bakarra .Unitateen jarraipena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen foru dekretua garatzeko neurriak hartu bitartean, atalak baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, departamentu horren egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

Xedapen indargabetzaile bakarra .Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu dira irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretua (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten zituena) eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako xedapenak.

Azken xedapen bakarra.- Indarra hartzea.

Foru dekretu honek indarra hartuko du eta bertan ezarritako ondorioak izanen ditu Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa onesten duen foru dekretuak indarra hartzen duenean.

Iruñean, 2012ko uztailaren 25ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1210988

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web