242/2011 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 14KOA, ZAINKETA BEREZIKO EREMU IZENDATZEN DUENA ARRIGORRIETA ETA EZKAURRE IZENEKO BATASUNAREN INTERESEKO LEKUA, ETA HAREN KUDEAKETA PLANA ONESTEN DUENA
BON N.º 20 - 30/01/2012
ERANSKINA. ARRIGORRIETA ETA EZKAURRE IZENEKO ES0000130 ZAINKETA BEREZIKO EREMUAREN (ZBE) KUDEAKETA PLANA
Arrigorrieta eta Ezkaurre izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Izabako, Urzainkiko, Erronkariko eta Gardeko udal mugapeetan. Gune horretan Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarriak diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna daude; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egin dutelako bai berez eremu murritza dutelako. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktiboko eta aurreneurrietako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.
Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak zaintzeari buruzko 79/409/EEE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarauak dira Europar Batasunak naturaren zainketaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunen intereseko habitat natural eta basa florako eta faunako espezie guztien ordezkariak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.
92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako legerian.
Natura 2000 Sarea eratzeko, zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitaten motak eta Batasunaren intereseko espezieak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Zainketa Bereziko Eremu izendatzen ahal diren Lekuen zerrenda behin behinekoz onetsi zuen, Natura 2000 Europako sare ekologikoan sartzeko. Horien artean, Arrigorrieta eta Ezkaurre izeneko ES0000130 gunea dago.
Batasunaren Intereseko Lekua onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Zainketa Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren zainketa neurriak ezarriko dira, Batasunaren Intereseko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio egoera onean mantentzeko, edo egoera hori lehengoratzeko.
2006ko uztailaren 19ko 2006/613/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko mediterranearreko Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, zainketa bereziko eremutzat joko dira.
Arrigorrieta eta Ezkaurre gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.
Horiek horrela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abenduaren 14an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Foru dekretu honen xedea hauxe da:
1. Batasunaren Intereseko ES0000130 Lekua, Arrigorrieta eta Ezkaurre izenekoa, Zainketa Bereziko Eremu izendatzea.
2. Arrigorrieta eta Ezkaurre izeneko ES0000130 Zainketa Bereziko Eremuaren kudeaketa plana (foru dekretu honi erantsi zaio) onestea.
2. artikulua . Lurralde mugaketa eta planaren aplikazio eremua.
Arrigorrieta eta Ezkaurre izeneko gunea Nafarroako Pirinioetako ibarretako iparraldeko muturrean dago, eta 6.378,16 ha-ko azalera dauka.
Hona hemen haren mugak:
Iparraldeko eta mendebaldeko muga.
Hauxe da muga: Hueskarekin dagoen muga, Belabarzeko sakanean barna, Izabaraino, eta handik, hegoaldera, NA-137 errepidearen paralelo dauden eguteren gaineko aldean barna, Urzainkiraino.
Hegoaldeko eta ekialdeko muga.
Urzainkitik, hegoaldeko mugak aurrera egiten du La Coronako, Puntatxamarreko, Puntabarrenako eta Kalbeirako hegoaldeko hegietan barna, Huescarekin dagoen mugaraino. Handik aurrera, ekialdeko mugak bat egiten du Huescarekin dagoen muga administratiboarekin.
Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.
Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi zuen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 115., 116., 128., 129., 189., 198. eta 199. OPMak ukitzen ditu, 4.206 hektareako azalera.
3. artikulua . Zuzendaritza Batzordea.
1. Zuzendaritza Batzordea sortuko da. Arrigorrieta eta Ezkaurre gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsulta eta partaidetza organoa izanen da. Mendien titularrak diren entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.
2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Bultzatuko du kudeaketa planean jasotako neurriak gauzatu daitezela, saiatuko da aurreikusitako egutegia bete dadin eta Administrazioaren eta eragile sozialen eta ekonomikoen arteko lankidetza sustatuko du.
b) Partaidetza soziala sustatuko du ingurumeneko eztabaida eta erabakietan.
c) Gune honetako balioak eta berezitasunak eraginkortasunez babesteko proposamenak eginen ditu, bidezko izan daitezkeen handitzeak sustatuko ditu eta gunearen kontserbaziorako eta garapen iraunkorrerako onuragarritzat jotzen dituen kudeaketak eginen ditu.
d) Kasu bakoitzean eskumena duten Foru Komunitateko Administrazioko organoei eskatuko die planaren helburuetarako kaltegarriak izaten ahal diren jarduerak eteteko edo behin betiko desagerrarazteko.
e) Planaren betetze-maila urtero ebaluatuko du, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatuko die bete ditzatela neurriak garatzeko behar diren konpromisoak.
f) Arrigorrieta eta Ezkaurreko natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatuko ditu, baita ezagutza eta onura publikoa ere, eta haren balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuko ditu.
g) Kudeaketa plana aldatzeko edo berrikusteko edozein plani buruzko txostena eginen du, onetsi aurretik.
Lehen Xedapen Gehigarria. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematea.
Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko kostu ekonomikoaren zenbatespenak Europar Batasunera igortzeko, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Lotutako araudia.
Onura publikoko mendia den ZBEko azaleran, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Azken Xedapenetako Lehena. Kudeaketa planaren indarraldia .
1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den kudeaketa planaren indarraldia:
a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.
b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.
2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.
3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira.
Azken Xedapenetako Bigarrena. Beste plan batzuekiko erlazioa.
1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz eman litezkeen maila goragoko planekin, alegia, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarearen jarduketa ildo orokorrak finkatzen dituzten horiekin.
2. Bestalde, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatzekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, hura egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honi aurka egiten badiote, egokitu egin beharko dira, lehenbizikoz aldatzearekin edo berrikustearekin batera.
Azken Xedapenetako Hirugarrena. Garatzeko gaikuntza.
Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Laugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2011ko abenduaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
ERANSKINA. ARRIGORRIETA ETA EZKAURRE IZENEKO ES0000130 ZAINKETA BEREZIKO EREMUAREN (ZBE) KUDEAKETA PLANA
I.-Planaren helburua.
Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta aurreneurriak ezartzea hurrengo atalean adierazitako habitat naturalen, espezieen, prozesu ekologikoen eta osagai natural eta kulturalen kontserbazio egoera ona mantentzeko edo lehengoratzeko (kasua zein den).
Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da guneko osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari batasuna ematea. Zainketa Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.
Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Gunea babesteko balioak galarazten dituzten aldaketak saihestu eginen dira.
II.-Zaindu beharreko balio naturalak.
Basoek hartzen dute eremuaren zatirik handiena, eremuaren %75 baino gehiago, salbu oihanak baino gorago dauden soiletan eta Ezkaurreko harkaitz azaleratzeetan. Horiek oso karstifikaturik daude. Pinus sylvestris-eko pinudiak dira landaredirik zabalena. Goi mendietako estaiko baso klimazikotzat jotzen da zuhaizti horren zatirik handiena -flysch gaineko lurzoru azido eta basikoetan dago- eta mendebalderen duen banaketa eremuko adibiderik zabalena eta hoberena da. Kopuruari dagokionez, pagadiak dira bigarren. Pagadi gehienetan pirinioetako pagadi onbrofiloak eta basofiloak nahasian daude.
Horietaz gain, badira ametz ilaundunak, Nafarroako "Pirinio mendebaldarra" azpisektoreko izeidi endemikoekin nahasirik. 1.700 metroetatik gora, estai subalpetarrean, Bromion-eko eta Festuca scoparia-ko larreak daude, eta oraindik ere badira Pinus uncinata-ko pinudi batzuk. Gainetako harkaiztietan ohikoa da Pirinioetako kasmofitikoak eta flora endemikoa nahasian agertzea. Urzainkiko arroilan badira oraindik ere arte batzuk, Nafarroan duten banaketa eremuko iparraldean, eta ibaian badira galeria basoak, zuhaitz hauek dituztenak: ezkiak, zumarrak, lizarrak, hurritzak eta sahastiak.
Florari dagokionez, ZBEa oso gune baliotsua da, zeren hemen dago Nafarroako estai subalpetarreko toki bakanetako bat. Badira oso banaketa mugatuko komunitateak eta espezie jatorrak. ZBEan interes handienekoak diren landare-espezieak orofiloak dira; batzuk endemikoak dira eta banaketa eta kokalekua oso mugatuak dira. Adonis pyrenaica eta Pulsatilla alpina subsp. font-queri eta Lathyrus vivantii dira nabarmenenak, gainetako eremuetan. Bestalde, intereseko flora duten eremu higrofiloak detektatu dira ZBEan: Belabarzeko hezegunea eta Ezkaurreko aintzira. Lehenbizikoan Eriophorun latifolium eta Epipactis palustris daude, eta bigarrenean Carex hordeistichos.
Fauna espezieetan, hartz arrearekin batean (Ursus arctos), hegaztiek ere garrantzi handia dute gune honetan. Batez ere eremu alpetarrari eta subalpetarrari lotutako espezieak nabarmentzen dira, eta, haien artean, eper grisa (Perdix perdix), ugatza (Gypaetus barbatus) eta okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos). Erreketan anfibio eta ugaztun erdiakuatikoen hainbat espezieren populazioak bizi dira, hala nola uhandre piriniotarra (Euproctus asper), igel piriniotarra (Rana pyrenaica), desman piriniotarra (Galemys pyrenaicus) eta igaraba arrunta (Lutra lutra).
Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk hautatu dira, eta ZBE honetan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei "funtsezko elementu" esaten zaie. Izan ere, ZBEren zainketa "aktiboa" oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, jarduketak, kudeaketako jarraibideak eta lege-neurriak proposatu dira, ZBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko bide ematen dutenak.
Hona hemen Arrigorrieta eta Ezkaurre izeneko Zainketa Bereziko Eremua kudeatzeko "funtsezko elementuak":
1. Baso autoktonoak.
2. Larreak eta sasidiak.
3. Harkaiztiak eta hartxingadiak.
4. Mendiko errekak eta sakanak.
5. Flora mehatxatua.
6. Ugatza.
7. Mendiko galliformeak.
8. Okil gibelnabarra.
9. Hartz arrea.
III.-Planaren azken helburuak.
Hauek dira azken helburuak: kudeaketak ahalik eta lasterren lortu behar dituen xede edo helmugak, aurreko atalean aipatzen diren funtsezko elementu guztietarako kontserbazio egoera ona erdiesteko.
1. Baso autoktonoak.
1.1. Azken helburua: ZBEko basoetan kontserbazio egoera ona erdiestea.
2. Larreak eta sasidiak.
2.1. Azken helburua: ZBEan kontserbazio egoera onean mantentzea larre eta sasidietako habitatak eta lotutako hezeguneak.
3. Harkaiztiak eta hartxingadiak.
3.1. Azken helburua: ZBEan, harkaizti eta hartxingadiekin lotutako habitaten eta espezieen kontserbazioa segurtatzea.
4. Mendiko errekak eta sakanak.
4.1. Azken helburua: ZBEko errekak eta sakanak egoera ekologiko onean mantentzea.
5. Flora mehatxatua.
5.1. Azken helburua: interesekoa den flora mehatxatuko espezieen kontserbazio egoera ona bermatzea ZBEan.
6. Ugatza.
6.1. Azken helburua: ugatza ZBEan izateko bidea ematen duten baldintzak bermatzea.
7. Mendiko galliformeak.
7.1. Azken helburua: eper grisak, basoilar arrunta eta lagopodo alpetarra ZBEan hartu ahal izateko behar diren habitat baldintzak mantentzea.
8. Okil gibelnabarra.
8.1. Azken helburua: okil gibelnabarra ZBEan hartu ahal izateko behar diren habitat baldintzak mantentzea.
9. Hartz arrea.
9.1. Azken helburua: Hartz arrea ZBEan hartu ahal izateko behar diren habitat baldintza egokiak segurtatzea.
IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.
Izan daiteke planaren azken helburuak edo helmugak indarraldian lortzea edo ez lortzea, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan haren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek bide eman behar dute proposatu diren azken helburuak lortzeko. Hemen azaltzen dira, funtsezko elementuen eta azken helburuen zenbakien arabera:
1. Baso autoktonoak.
1.1.1. Helburu operatiboa: balio ekologiko handieneko zuhaiztiak mantentzea.
1.1.2-Helburu operatiboa: gainerako zuhaitz eremuak ekologiaren aldetik hobetzea.
2. Larreak eta sasidiak.
2.1.1-Helburu operatiboa: Batasunaren intereseko larre eta sasidietako habitatak zaintzearekin bat datorren abeltzaintza kudeaketa egitea.
2.1.2. Helburu operatiboa: ZBEko hezeguneen kontserbazioa bermatzea.
2.1.3. Helburu operatiboa: "Larreak eta sasidiak" funtsezko elementuaren balio ekologikoak hobeki ezagutzea.
3. Harkaiztiak eta hartxingadiak.
3.1.1-Helburu operatiboa: harkaizti eta hartxingadiekin lotutako habitaten oraingo egoera ezagutzea, eta haien babesa bermatzea.
3.1.2. Helburu operatiboa: harkaiztiei lotutako harrapari errupikolen populazioaren bilakaera ezagutzea.
4. Mendiko errekak eta sakanak.
4.1.1-Helburu operatiboa: mendiko erreken egoera ekologiko ona bermatzea.
5. Flora mehatxatua.
5.1.1-Helburu operatiboa: florako espezie mehatxatuen eta intereseko florako espezieen banaketa eta kontserbazio egoera ezagutzea.
5.1.2. Helburu operatiboa: flora espezie mehatxatuen eta interesekoen kontserbaziorako neurriak aplikatzea.
6. Ugatza.
6.1.1-Helburu operatiboa: ugatzak ZBEan duen bilakaera ezagutzea.
6.1.2-Helburu operatiboa: ugatza ZBEan izateko eskaintza trofikoa mantentzea.
7. Mendiko galliformeak.
7.1.1-Helburu operatiboa: eper grisak, lagopodo alpetarrak eta basoilar arruntak ZBEan duten populazioaren egoera ezagutzea.
7.1.2-Helburu operatiboa: eper grisarentzat eta basoilarrarentzat baldintza eta habitat onak hobetzea.
8. Okil gibelnabarra.
8.1.1. Helburu operatiboa: okil gibelnabarraren ugalketarako lekuak ezagutzea.
8.1.2. Helburu operatiboa: okil gibelnabarraren habitataren kalitatea hobetzeko neurriak ezartzea.
9. Hartz arrea.
9.1.1. Helburu operatiboa: bateragarri egitea giza erabilerak eta hartz arrea ZBEan bizitzea.
9.1.2. Helburu operatiboa: habitataren baldintzak hobetzea, hartz arrea hobeki hartu ahal izateko.
V.-Araudia.
Araudi orokorra.
1. Baso-lurzoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Aipatutako foru legearen arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.
2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, sortzean, abian jartzean edo gauzatzean ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari nahiz pertsonen osasunari eta haien ondasunei kaltea eragiten ahal dietenak.
3. Ematen den edozein baimenek bermatuko du Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez dituela ukitzen Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan zerrendatutako Batasunaren intereserako animalia eta landare espezieak, eta haien habitatak edo Zainketa Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak.
4. Ematen diren baimen guztiek bermatuko dute honako arau hauek beteko direla: Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea eta Babes bereziko araubideko basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen katalogoa garatzeko otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua.
Berariazko araudia.
1. Hezeguneak.
1.1. Kontserbazio egoera ona duten hezeguneetan eta, espezie mehatxatuak edo habitat interesgarriak izateagatik, faunaren eta floraren aldetik interes handia dutenetan eta haien eragin-eremuan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak) behar diren baldintzak bildu beharko dituzte, ZBEan hezeguneak mantenduko direla bermatzeko, bereziki Ezkaurreko aintzira eta Belabarzeko lohitza.
2. Harkaiztiak eta hartxingadiak.
2.1. Kontserbazio egoera ona duten harkaiztietan eta hartxingadietan eta, espezie mehatxatuak edo habitat interesgarriak izateagatik, faunaren eta floraren aldetik interes handia dutenetan eta haien eragin-eremuan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (meatzaritzakoak, hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak eta turismokoak) kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.
3. Balio garrantzitsuko errekak eta sakanak.
3.1. Kontserbazio egoera ona duten erreketan eta, espezie mehatxatuak edo habitat interesgarriak izateagatik, faunaren eta floraren aldetik interes handia dutenetan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak) kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.
4. Intereseko flora.
4.1. Intereseko flora duten guneetan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (meatzaritzakoak, hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak eta turismokoak) kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.
4.2. Flora mehatxatuari dagokionez, Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu eta katalogatzen den basa flora kontserbatzeko neurriak ematen dituen apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.
5. Intereseko fauna.
5.1. Aintzira berriak eraikitzeko eta lehendik daudenak hobetzeko proiektu guztiek anfibioak zaintzeko neurriak bilduko dituzte, baita basa faunako espezieak ez itotzeko neurriak ere.
VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.
Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendiotzat jo behar dira. Aplikatu beharko dira, kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago.
1. Larre eta sastrakadietarako jarraibideak.
1.1. ZBEko larre eta sasidietako habitat bakoitzerako ezarritako kontserbazio helburu berariazkoen arabera eginen da larreen planifikazioa (larreak antolatzeko planak).
1.2. Larreen plana prestatzean kontuan hartu behar dira eper grisaren habitatak dituen beharrak.
2. Zuhaiztietarako jarraibideak.
2.1. Balio ekologiko handienekotzat identifikatutako baso eremuetan ez da esku hartuko, utziko da libreki bilakatzen, salbu beharrezkoa denean natur ingurunea lehengoratzea.
2.2. Haritzak izan daitezkeen guneetan oihangintza eginen da pagoaren aurrean haritza lehenesteko.
2.3. Izeiak dituzten pagadietan oihangintza eginen da pagoaren aurrean izeia lehenesteko.
2.4. Birsortzeko mozketa mota desberdinak saiatuko dira pinu gorriko pinudietan.
2.5. Ekologiaren aldetik interesekoak diren zuhaitzek irautea bermatuko da.
2.6. Pagadian lurrean nahiz zutik dagoen egur hila errespetatuko da.
2.7. Hektareako 8-10 zuhaitz heldu kontserbatuko dira gutxienez, pagadien azken mozketan, ziklo biologikoa mendian buka dezaten. Zuhaitz horiek hautatzeko kontuan hartu beharreko faktore nagusiak honako hauek izanen dira:
a. Pizidoen zuloak izatea.
b. Onddoak, zauriak, adar hilak, malformazioak, arrailak edo zulo naturalak izatea.
c. Liraintasunaren eta adaburuaren garapenaren arteko erlazioa. Isolatuta egonda, zuhaitzak bizirauteko aukera gehiago izanen ditu diametroa eta adaburuaren garapena handitzen diren neurrian.
d. Zuhaitzaren tamaina. Zuhaitz handiek txikiek baino zulo gehiago eta era gehiagokoak dituzte faunarentzat.
e. Espezieen aniztasuna. Lehentasunezkoa da pagadietan dauden beste espezie batzuetako zuhaitz heldu bakanak zaintzea.
f. Espazioko banaketa. Printzipioz zuhaitz horiek erregulartasunez banatuta egon behar dute, horrela bermatzen delako aterpeak espazioan banaturik egonen direla. Helburua baldin bada zenbait organismo (adibidez, kakalardoen populazioak edo flora geofitoko multzoak) kontserbatzea, hori errazago lortuko da zuhaitz-multzoak edo zuhaiztiak zainduta. Hobe da ahalik eta handienak izatea, ahalik eta neurri handienean kontserbatzeko baso-ezaugarriak (intsolazio-mailak, hezetasuna, tenperatura, etab.).
2.8. Bigarren mailako espezieak errespetatuko dira, eta haien zainketa bermatuko da. Birsortzeko mozketak egin behar diren guneetan baldin badaude bigarren mailako zuhaitz espezie horiek (bai pagadietan bai pinudietan), behar diren neurri guztiak hartuko dira bigarren mailako espezieek mendian iraun dezaten eta haien berezko birsorkuntza berma dadin, haien behar ekologikoekin bat datozen jarduketen bidez.
2.9. Oihan-aprobetxamenduetan erreketako bazterretako landareak errespetatuko dira.
2.10. Motzaldiak saihestuko dira 2-3tik gorako hektareako azaleretan edo higadura-arrisku nabarmena duten lurretan.
2.11. Okil gibelnabarra hazteko eremuak barne hartzen dituzten zuhaiztietan ez da eginen zuhaitzak mozteko, prestatzeko eta ateratzeko lanik otsailaren 15etik ekainaren 15era bitarteko aldi kritikoan.
2.12. Ohianak antolatzeko planetan kudeaketa irizpideak izanen dira, eta, horietan, kontuan hartuko dira hartz arreak dituen behar ekologikoak. Espeziearen zikloa oztopatuko ez duten sasoietan eta lekuetan eginen dira aprobetxamendu guztiak, horretarako behar diren prozedurak erabiliz.
2.13. Bigarren mailako espezieen zuhaiztien landaketa proiektuetan bertako espezieak erabiliko dira, eta, ahal den neurrian, jatorrizko eskualde berekoak.
3. Beste jarraibide batzuk.
3.1. Pistak hobetzeko eta eraikitzeko proiektuek paisaiara egokitzeko neurriak barne hartuko dituzte.
3.2. Pistak eta egurra ateratzeko bideak drainatzeko sistemak ez du utziko solidoak erreketara iristea.
3.3. Pistak hobetzeko eta eraikitzeko proiektuek eta oihan-aprobetxamenduetarako baldintza agiriek behar diren neurriak barne hartuko dituzte erreketako ukipena ahalik eta txikiena izateko.
3.4. Basoilar arrunta badela ikusten den eremuetan ehiza arautzeko, behar diren tresnak emanen dira ehiza antolatzeko planetan.
3.5. Hartz arrearen kontserbaziorako Pirinioetan ezartzen diren dokumentu estrategikoetako erabaki eta neurriak babestuko dira, eta horien aldeko lankidetza izanen da.
3.6. Ehizaren kudeaketaren ardura dutenei tresna arin bat emanen zaie ZBEa aldatzeko, edo ehiza-uxaldien egunen berri emanen zaie, hartz arrearen hibernazio eremuetan egitekoak direnean, edo udazkeneko elikagaiak dituen eremuetan, hartz arrearen presentzia detektatu den tokietan.
3.7. Ahal dela, giza jarduerek sortutako eragozpenak ez dira handituko eremu kritikoetan eta hartz arrearentzat kalitate handienekoak diren habitatetan.
VII.-Jarduketak.
Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:
1. Larre eta sasidiei lotutako neurriak.
1.1. Larreak antolatzeko plan bat egitea, abeltzainen sektoreak parte hartuta.
1.2. Abeltzaintzako azpiegiturak sortzea eta mantentzea, abeltzainen sektoreak parte hartuta.
1.3. "Artzaintzarako laguntzak, Natura 2000 Sareko mendiko larreetan" abiaraztea.
1.4. Abeltzaintzako Institutu Teknikoa eta Kudeaketarenaren (ITGG) eta Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpenaren Kontseiluaren laguntzaz, entitate titularren eta abeltzainen artean sustatzea larreak "produkzio ekologikoko eremutzat" jotzea, interesa duten ekoizleek horiek erabili ahal izatea bermatzeko.
1.5. ZBEko larreetan atzemandako higadura-prozesuak lehengoratzeko lanak egitea.
2. Florari lotutako neurriak.
2.1. Azterketak egitea, florako espezie mehatxatuen eta interesekoaren banaketa eremua ezagutzeko, haien populazio eta kontserbazio egoerak zehazteko, eta espezie horietarako jarraipen-protokoloa ezartzea.
3. Faunari lotutako neurriak.
3.1. ZBE honetan Ephydryas aurina eta Parnassius apollo espezieen egoerari buruzko azterlana egitea.
3.2. Sai arrearen, sai zuriaren, arrano beltzaren eta belatz handiaren monitorizazioari jarraipena ematea, Nafarroako Gobernuak ezarritako protokoloarekin eta maiztasunarekin bat.
3.3. Jarraipena ematea bost urtetik behin egiten diren ZBEko saien bazkatokien produktibitate zentsuei.
3.4. Azterlan bat egitea, ikusteko zein den desman piriniotarrak Lekuan duen banaketa eta nola aukeratzen duen bere habitata. Espeziea kudeatzeko aholku praktikoak izanen ditu.
3.5. Azterlan bat egitea, ikusteko zein den igel piriniotarrak eta uhandre piriniotarrak Lekuan duten banaketa eta nola aukeratzen duten bere habitata. Espezie horiek kudeatzeko aholku praktikoak izanen ditu.
3.6. Ingurumen zaintzak ZBEan ugatzari egiten dion urteko jarraipenari segida ematea.
3.7. Elikadura osagarriko gune bat ezartzea ZBEan edo inguruetan, eta hornidura bermatzea, ehizakien hondarrekin (basurdea, orkatza eta oreina).
3.8. Erronkariko elikadura osagarriko gunera azienda hondakinak eramaten segitzea basozaintzak.
3.9. Eper grisaren, lagopodo alpetarraren eta basoilarraren zentsu bana egitea ZBEan.
3.10. Azterlan bat egitea, eper grisarentzat egokia den eredu bat ezartzeko ZBEan, baina Pirinioetako mendiguneko proiektu komun baten barnean integraturik.
3.11. Habitata maneiatzeko ekintza pilotuak egitea, ZBEan basoilarra hobeki hartu ahal izateko.
3.12. ZBE honetan okil gibelnabarraren zentsu bat egitea.
3.13. Hartz arrea eta eskualdeko ohiko erabilerak (batez ere abeltzaintza) bateragarriak egiteko dauden neurriak ebaluatzea:
a. Hartzaren erasoak direla-eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategientzako kalte-ordainen politika berraztertzea eta eguneratzea. Analisi ekonomikoa ere izanen du.
b. Hartz arrearen presentziaren ondoriozko artzaintzarako konpentsazio araubidearen diseinua, zonifikazioa eta aplikazioa berrikustea, eta ebaluatzea ea bateragarria den Natura 2000 Sarearen mendiko larreetako artzaintzarako laguntzekin.
3.14. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak hartz arreak egindako kalteen kontrolerako eta kudeaketarako dituen protokoloei segida ematea.
3.15. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak hartz arrearekin loturik egiten dituen urteko jarraipeneko, kontroleko eta ikerketaren babeseko programei segida ematea.
3.16. Hartz arrearentzat egokiak diren tokietan, bigarren mailako espezieetako zuhaiztiak landatzea, ahal dela fruitu mamitsuak ematen dituzten espezieekin (sagarrondoak, elorriak, gurbeondoak, gereziondoak, elorri beltzak, etab.).
4. Beste neurri batzuk.
4.1. ZBEan dauden harkaizti eta hartxingadiei lotutako intereseko habitaten 1:5.000 eskalako inbentarioa egitea, eta haien kontserbazio egoera zehaztea.
4.2. ZBEan erreketako eta sakanetako kalitate ekologikoa ukitzen ari diren bidezidorrak eta pistak zuzentzea.
VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.
Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak, bere aurrekontuen bidez, honako hauek finantzatuko ditu:
-Guneko kontserbazio egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren zenbatekoak.
-Ekipamenduak eta kudeaketarako egitura mantentzeko behar diren zenbatekoak.
-Erabilera eta jardueren murrizketek behar dituzten ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.
-Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.
Nafarroako Gobernuko departamentuek ingurumena beren politika sektorialetan integratzeko egiten dituzten ekintzek ere laguntzen ahalko dute plana garatzen.
Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak finantzatzen ahalko ditu oso-osorik partikularrek edo tokiko entitateek herrilurretako ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta haien helburua plana garatzea bada, irabazi-asmorik gabe, eta ZBEko kontserbazio egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, honako hauei emanen zaie lehentasuna: kontserbazioarekin bateragarriak izanik, Zainketa Bereziko Eremuaren barnean proposatzen direnei. Gainera, gune horretatik edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste batzuen aldean, laguntza-portzentajea handitu eginen da. Halaber, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentua aurrekontuetatik kanpoko fondoak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.
IX.-Mugak.
Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/96 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak edo bestelako sustapenak.
X.-Jarraipen-programa.
Jarraipena egiteko programa ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek helburu bakoitzerako objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez.
Programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio urtero Zuzendaritza Batzordeari.
Lortutako emaitzen arabera, espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean lortu ezin direla ikusten denean, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak hartzen ahalko dira planaren barnean.
FUNTSEZKO ELEMENTUA | HELBURUA BUKAERA | HELBURU OPERATIBOA | JARRAIPENERAKO ADIERAZLEA | HASIERAKO BALIOA | ARRAKASTA IRIZPIDEA |
BASOAK | 1.1 AZKEN HELBURUA: ZBEko basoetan kontserbazio egoera ona erdiestea. | Zer azalera duten bertako basoek kontserbazio egoera onean (ikus ekintza planeko "Basoak" funtsezko elementuaren eranskina). | Ezezaguna | 4073,46 ha | |
1.1.1. Helburu operatiboa. Balio ekologiko handieneko zuhaiztiak mantentzea. | Berezko bilakaerarako utzitako baso azalera | Ezezaguna | 320 ha | ||
1.1.2. Helburu operatiboa. Gainerako zuhaitz eremuak ekologiaren aldetik hobetzea. | Harizti eta izeidi azalera | 136,54 ha harizti; 70,53 ha izeidi | Hasieran baino gehiago | ||
Bigarren mailako espezieen presentzia | Badira zuhaizti monoespezifikoak | ZBEko baso guztietan badira bigarren mailako espezie asko | |||
Egur hilaren presentzia, lurrean eta zutik | Ezezaguna | Egur hila, lurrean eta zutik, mantentzen da | |||
Balio ekologikoko zuhaitzen presentzia | Ezezaguna | Balio ekologikoko zuhaitz guztiak mantentzen dira | |||
Berezko eboluziorako utzitako zuhaitz kop. hektareako, pagadietako azkeneko mozketetan | Ezezaguna | 8-10/ha | |||
Landarediaren presentzia erreketako bazterretan | Ezezaguna | Erreka guztiek dute landaredia bazterretan | |||
Paisaiaren gaineko inpaktua duten pistak | Ezezaguna | Pista guztiek dituzte paisaian txertatzeko neurriak | |||
Motzaldia egindako azalerak | Ezezaguna | 2-3 hektarea baino azalera jarraitu txikiagoak | |||
LARREAK ETA SASIDIAK | 2.1 AZKEN HELBURUA: kontserbazio egoera onean mantentzea larre eta sasidietako habitatak eta lotutako hezeguneak. | Zer larre eta sasidi azalera dagoen kontserbazio egoera onean (ikus ekintza planeko "Larre eta sasidiak" funtsezko elementuaren 2. taula). | 1.195,15 ha | “1.195,15 ha | |
2.1.1. Helburu operatiboa. Batasunaren intereseko larre eta sasidietako habitatak zaintzearekin bat datorren abeltzaintza kudeaketa egitea. | Larreak antolatzeko plana | Egin gabe | Egina | ||
Abeltzaintzako zenbat azpiegitura gauzatu diren | 0 | Larreak antolatzeko planean aurreikusitako azpiegitura guztiak eginak | |||
Zer azaleretarako hartzen den Natura 2000 Sarearen mendiko larreetako artzaintzarako laguntza | 0 | 1.195,15 ha | |||
Produkzio ekologikoko eremu izendatutako larreen azalera | 0 | 100 ha | |||
Higadura prozesua izan duten zenbat eremu lehengoratu diren | 0 | 2 eremu | |||
2.1.2. Helburu operatiboa. ZBEko hezeguneen kontserbazioa bermatzea. | Hezeguneetan egiten diren ukipen kop. | Zehaztu gabe | 0 ukipen | ||
2.1.3. Helburu operatiboa. Larre eta sasidietako habitaten balio ekologikoak hobeki zaintzea eta ezagutzea. | E. aurina eta P. apollo espezieen egoerari buruzko azterlana egina | Egin gabe | Azterlan bat egina | ||
Anfibioen eta faunako beste espezie batzuen kontserbazioarekin bateragarriak diren aintzira berrien edo berrituen ehunekoa | 0 | Aintzira berri eta berrituen %100 dira bateragarriak | |||
HARKAIZTIEKIN LOTUTAKO KOMUNITATEAK | 3.1 AZKEN HELBURUA: ZBEan, harkaiztiekin lotutako habitaten eta espezieen kontserbazioa segurtatzea. | Zenbateko azalera duten harkaiztiei lotutako habitatek kontserbazio egoera onean. | 249,95 ha | Hasierako egoera bezalakoa edo handiagoa | |
Habia egin duten sai, ugatz, sai zuri, belatz handi eta arrano beltzen bikote kopurua. | 2004ko datuen arabera: Saiak=64 bik.; Ugatzak=0; Sai zuriak=1 bik.; Arrano beltza=1 bik.; Belatz handia=? | Hasierako kopurua bezalakoa edo handiagoa | |||
Aplikatzekoak dira "Flora mehatxatua" izeneko funtsezko elementuaren adierazleak | |||||
3.1.1. Helburu operatiboa. Harkaizti eta hartxingadiekin lotutako habitaten eta floraren oraingo egoera ezagutzea, eta haien babesa bermatzea. | Harkaiztietako habitaten inbentarioa, 1:5.000 eskalan | Egin gabe | Egina | ||
Habitat horietan atzemandako ukipen kopurua | Ezezaguna | 0 ukipen | |||
Aplikatzekoak dira "Flora mehatxatua" izeneko funtsezko elementuaren adierazleak | |||||
3.1.2. Helburu operatiboa. Harkaiztiei lotutako harrapari errupikolen populazioaren bilakaera ezagutzea. | Hegazti harraparien zentsuak | Saien zentsuak: 1, bost urtetik behin / hegazti errupikolen zentsuak: 1, 10 urtetik behin | Saiaren zentsua 2014an eta 2019an; Errupikolen zentsua 2020an | ||
MENDIKO ERREKAK | 4.1 AZKEN HELBURUA: ZBEko errekak egoera ekologiko onean mantentzea. | Espezie mehatxatuen edo interesekoen presentzia (uhandre piriniotarra) | Presentzia | Badira mehatxatutako faunako espezieen populazioak, eta joera positiboa edo egonkorra dute | |
Erabilerek eta azpiegiturek ukitutako kop. | Ezezaguna | 0 | |||
Bazterretako landaredia jarraia da luzetara | Badira etenak | Ez dago etenik | |||
Zer sahasti piriniotarren azalera dagoen kontserbazio egoera onean | 39 ha | 39 ha edo hortik gorakoa | |||
4.1.1. Helburu operatiboa. ZBEko erreken egoera ekologiko ona bermatzea. | Espezie mehatxatuen edo interesekoen presentzia (uhandre piriniotarra) | Presentzia | Badira mehatxatutako faunako espezieen populazioak, eta joera positiboa edo egonkorra dute | ||
Erabilerek eta azpiegiturek ukitutako kop. | Zehaztu gabe | 0 | |||
Bazterretako landaredia jarraia da luzetara | Badira etenak | Ez dago etenik | |||
Zer sahasti piriniotarren azalera dagoen kontserbazio egoera onean | 39 ha | 39 ha edo hortik gorakoa | |||
FLORA MEHATXATUA | 5.1 AZKEN HELBURUA: interesekoa den flora mehatxatuko espezieen kontserbazio egoera ona bermatzea ZBEan. | Ezagutzen diren flora populazioen zer ehuneko dauden kontserbazio egoera onean | ? | %100 | |
5.1.1. Helburu operatiboa. Florako espezie mehatxatuen eta intereseko florako espezieen banaketa eta kontserbazio egoera ezagutzea. | Florako espezie mehatxatuak duen banaketa eremua | Ezezaguna | Ezaguna | ||
5.1.2. Helburu operatiboa. Flora espezie mehatxatuen eta interesekoen kontserbaziorako neurriak aplikatzea. | Flora populazio mehatxatuaren gaineko ukipenen kop. | Ezezaguna | 0 ukipen | ||
UGATZA | 6.1 AZKEN HELBURUA: ugatza ZBEan izateko bidea ematen duten baldintzak bermatzea. | ZBEan eremu aktiboen kop. | 1 | 1 | |
6.1.1 Helburu operatiboa. Ugatzak ZBEan duen bilakaera ezagutzea. | Espeziearen jarraipena egiteko jarduketa kop. | Urterokoa | Urterokoa | ||
6.1.2. Helburu operatiboa. Ugatza ZBEan izateko eskaintza trofikoa mantentzea. | Elikadura osagarriko gune kop. | 1 | 2 | ||
MENDIKO GALLIFORMEAK | 7.1 AZKEN HELBURUA: eper grisak, basoilarra eta lagopodo alpetarra ZBEan hartu ahal izateko behar diren habitat baldintzak mantentzea. | Mendiko galliformeak har ditzaketen habitaten zenbateko azalerak dauden kontserbazio egoera onean | 1500 ha | 1500 ha | |
7.1.1. Helburu operatiboa. Eper grisak, lagopodo alpetarrak eta basoilar arruntak ZBEan duten populazioaren egoera ezagutzea. | Eper grisaren zentsuak | Egin gabe | Egina | ||
Basoilarraren eta lagopodo alpetarraren laginketak | Egin gabe | Egina | |||
7.1.2. Helburu operatiboa. Eper grisarentzat eta basoilarrarentzat baldintza eta habitat onak hobetzea ZBEan. | Eper grisaren habitat hobetuen azalera | 0 | 50 ha | ||
Basoilarrarentzako oihan-soilgune kop. | 0 | 50 | |||
OKIL GIBELNABARRA | 8.1 AZKEN HELBURUA: okil gibelnabarra ZBEan hartu ahal izateko behar diren habitat baldintzak mantentzea. | Okil gibelnabarra har dezaketen eta duten habitaten azalera | 12 ha | 50 ha | |
8.1.1. Helburu operatiboa. Okil gibelnabarraren ugalketarako lekuak ezagutzea. | Okil gibelnabarraren ugalketarako leku kop. | 1 | ?1 | ||
8.1.2. Helburu operatiboa. Okil gibelnabarraren habitataren kalitatea hobetzeko neurriak ezartzea. | Okil gibelnabarraren habitat hobetuen azalera | 0 | 10 ha | ||
HARTZ ARREA | 9.1 AZKEN HELBURUA: hartz arrea hartu ahal izateko behar diren habitat baldintza egokiak segurtatzea. | Zer azalera duten habitata izan daitezkeen basoek kontserbazio egoera onean (ikus ekintza planeko "Basoak" funtsezko elementuaren eranskina). | Ebaluatu gabe | 4073,46 ha | |
9.1.1. Helburu operatiboa. Bateragarri egitea giza erabilerak eta hartz arrea ZBEan bizitzea. | Oraingo neurrien ebaluazioa | Ebaluatu gabe | Ebaluatuak eta zuzenduak | ||
Kudeaketarako eta kalteak kontrolatzeko protokoloa | Urterokoa | Urterokoa | |||
Kontrolerako, jarraipenerako eta ikerkuntzari laguntzeko programa | Urterokoa | Urterokoa | |||
9.1.2. Helburu operatiboa. habitataren baldintzak hobetzea, hartz arrea hobeki hartu ahal izateko. | Hartzaren habitat hobetuen azalera | 0 | 50 ha |
XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.
Iragarkiaren kodea: F1120485