(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

13/2012 FORU LEGEA, EKAINAREN 21EKOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN ARLOAN PRESAKO ZENBAIT NEURRI HARTZEARI BURUZKOA Nota de Vigencia

BON N.º 125 - 28/06/2012



ZIOEN AZALPENA

1

Nafarroako Gobernuak 2012. urterako defizitaren helburua betetzeko duen konpromisoaren ondorioz, eta ekonomiaren gaur egungo bilakaera eta horrek Nafarroako Gobernuaren diru-bilketarako ahalmenean izan duen eragina direla kausa, neurri batzuk hartu behar dira diru-sarrera publikoak handitzeko eta gastuak, hasierako aurreikuspenekin alderatuta, murrizteko. Horiek horrela, beharrezkoa da, antolaketa neurri batzuk ezartzea, eta horiek konbinatzea langileen lan baldintzak zuzenean ukitzen dituzten beste neurri batzuekin.

Nafarroako Gobernuak abian jarri dituen antolaketa neurrien helburua da gastua murriztea, langileriaren arloko jarduketa batzuetarako irizpideak finkatuz, arlo hauetan besteak beste: erretiroen ondorioz gelditzen diren lanpostu hutsak betetzea, langileak hainbat arrazoirengatik ordezteko egiten diren kontratazioak, eta lanaldi arruntaren gainetik egiten diren jarduketak murriztea, aparteko orduen bidez edo produktibitatearen osagarriaren bidez legezko konpentsazioa dutenak.

Langileen lan baldintzetan zuzeneko eragina duten neurriak dira, hain zuzen, foru lege honen xede. Kontuan harturik neurri hauen zergatia aurrekontuen eta ekonomiaren egungo egoera dela, neurri gehienen indarraldia 2012. urtera mugatzen da. Aurrerago aztertuko da haien indarraldia hurrengo urteetara hedatu behar den edo ez.

2

Neurri horietako baten ondorioz, eten egiten da langileek, hirurogeita bost urte bete eta erretiroa nahitaez hartzeko adinera iritsita, jardunean segitzeko duten aukera. Neurri honetarako zenbait salbuespen ezartzen dira, konparazio batera, erretiro-saria jasotzeko eskubiderik sortu ez duten langileen kasuan. Jardunean segitzea baimentzen ahalko da, orobat, zerbitzu publikoak egoki emateko erretiroko adina atzeratzea ezinbestekoa den kasuetan. Azkenik, hiru hilabeteko epea ematen da, nahitaezko erretiroa hartzeko adina beterik, gaur egun jardunean dauden langileek erretiroa eskatzeko.

Horren ondotik, bi neurri jasotzen dira, langileen bi soldata kontzeptu eteten dituztenak: batetik, elementu aldakor batzuengatik (jaiegunetako eta gaueko lana, eta bertan egon beharreko guardiak eta guardia lokalizatuak) jasotzen den konpentsazioa, opor egunei dagokienez; eta bestetik, ezkontidearentzat edo bikotekide egonkorrarentzat ezarritako familia laguntza, bestelako diru-sarrerarik ez duten kasuetan.

Hurrengo neurria Nafarroako administrazio publikoetako langileen lanaldiari dagokio. Sektore publiko osoarentzat oro har hartutako neurrien ondorioz, asteko hogeita hamazazpi ordu eta erdiko lanaldia ezartzen da batez beste. Erabaki horrek urteko orduen kopurua 1.628 orduan finkatzea dakar. Urteko kopuru hori, era berean, egokitu behar da ezarrita dauden lanaldi mota guztietan. Administrazio Publiko bakoitzak bere burua antolatzeko duen ahalmena errespetatzeko, administrazio bakoitzak banatuko du beren langileen urteko lanorduen kopurua zerbitzu bakoitzaren beharren arabera.

Foru lege honetan jasotako beste neurri baten ondorioz, lana dela-eta egiten diren bidaien kalte-ordain gisa ezarrita zeuden dietak kentzen dira. Hemendik aurrera, behar bezala justifikatutako gastuak baino ez dira itzuliko. Era berean, mugatzen dira osasun publikoak jasotzen ez dituen prestazio batzuk, Erabilera Bereziko Osasun Laguntzako Zerbitzua erabiltzen duten funtzionarioek aitortuak dituztenak; zehazki, optikakoak eta odontologiakoak.

Neurrien azkeneko bi atalak sindikatuen ordu kredituari buruzkoak eta Nafarroako Gobernuko kideei eta gainerako goi-karguei buruzkoak dira. Ordezkari sindikalek beren eginkizunak egiteko duten ordu kredituari dagokionez, 100eko 10 murrizten da. Murrizketa hori indarreko araudian, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan ezarritakoaren gainetik dagoen kredituari egotzi beharko zaio. Goi-karguei dagokienez, horiek guztiek edo batzuek orain arte zituzten prestazio batzuk kentzen dira, hala nola nominako deskontuak Gizarte Segurantzan kotizatzeagatik, bizi-asegurua eta istripu-asegurua, eta Erabilera Bereziko Osasun Laguntzako Zerbitzuko afiliazioa. Orobat, murriztu egiten da Gobernuko goi-kargu izandakoentzat ezarritako osagarri pertsonala, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario direnentzat.

Xedapen gehigarrietan zehazten da nola aplikatuko zaizkien foru lege honetan jasotako neurriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako estatutupeko eta lan-kontratuko langileei; izan ere, haien lan baldintzak funtzionarioek dituztenekin parekatuta daude. Nafarroako toki entitateetako lan-kontratuko langileei dagokienez, toki entitate bakoitzaren esku uzten da neurrien aplikazioa, bakoitzaren egoera zehatzaren arabera. Bestalde, foru lege hau Nafarroako Gobernuaren menpeko enpresa publikoen zerbitzuko lan-kontratuko langileei aplikatzeko baldintzak finkatzen dira.

Azken xedapenetan zenbait aldaketa egiten zaizkie Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginari eta urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeari, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa. Aldaketa horiek, alabaina, ez dute zerikusirik foru lege honen artikuluetan jasotzen diren neurri ekonomikoekin. Aldaketa horietako batzuk egin behar dira ordezkari sindikalekin lortutako zenbait akordio legeztatzeko; konparazio batera, seme-alaba bat edo familiako bat zaintzeko eszedentzia bereziaren arauketa, administrazio langileen mugikortasuna edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen aldez aurreko egokitzapenak beren eremu bakoitzean. Bestalde, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren araudia Osasun Departamentuko gainerako erakunde autonomoetako langileei aplikatzea aurreikusten da. Neurri hori beharrezkoa da departamentu horren barrenean egiten diren antolaketa-aldaketek ukitutako langileen lan baldintzak aldatu behar ez izateko.

Azkenik, foru lege honek 2012ko uztailaren 1etik aurrera hartuko duela indarra aurreikusten da. Zehazten da, orobat, 2012. urteari dagozkion neurriek egun horretatik aurrera izanen dituztela ondorioak, urtea bukatu arte, deusetan galarazi gabe hurrengo ekitaldietan ere osorik edo partez aplikatzea ekonomiaren eta aurrekontuen egoeraren bilakaeraren arabera. Hori legez dagokion mailako arauen bitartez arautuko da.

1. artikulua. Langileen jarduneko zerbitzua luzatzea Nota de Vigencia.

1. 2013. urtean ez da aplikatuko harako aurreikuspena, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek jarduneko zerbitzua luzatzeari buruzkoa, Gizarte Segurantzak unean-unean nahitaezko erretiroa hartzeko ezarria duen adinera iritsita, langilearen aurreikuspen sozialeko sistema zein den gorabehera. Nota de Vigencia.

2. Aurreko idatz-zatian adierazitakotik aparte uzten dira nahitaezko erretiroa hartzeko egunean beren aurreikuspen sozialeko sisteman erretiro-saria jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia osatu ez duten langileak, bai eta pentsioa osorik kobratzeko beharrezkoak diren kotizazio-urteak osatu ez dituzten langileak. Horrelako kasuetan, jarduneko zerbitzuan segitzen ahalko dute gabealdi hori osatu arte, eta betiere, hirurogeita hamar urteko adinera iritsi arte Nota de Vigencia.

3. Irakasleek nahitaezko erretiroa hartzeko adina betetzen duten ikasturtea bukatu arte luzatzen ahalko dute zerbitzualdia.

4. Foru lege honek indarra hartzen duen egunean nahitaezko erretiroa hartzeko adina beteta izan arren jardunean segitzen duten Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek hiru hilabeteko epea izanen dute egoera hori bukatzeko eta erretiroa eskatzeko. Epe hori erretiroa eskatu gabe bukatuta, ofizioz deklaratuko da, epea bukatzearekin batera.

5. Salbuespen gisa, Nafarroako administrazio publikoek ahalmena izanen dute egoera batzuk luzatzeko baimena emateko, zerbitzu publikoak behar bezala emateko ezinbestekoa bada langile jakin batzuek jarduneko zerbitzuan segitzea aldi jakin batean, eta betiere, hirurogeita hamar urte bete arte. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei dagokienez, baimen berezi hori Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez emanen da.

6. Artikulu honetan aipatutako aurreikuspenak berarekin dakar etetea Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 32. artikuluaren aplikazioa.

2. artikulua. Elementu aldakorren konpentsazioa langileen oporraldietan.

1. 2012. urtean, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioei ez zaie ordainduko oporraldiei dagozkien elementu aldakorren konpentsazioa, hots, gaueko lanaren konpentsazioa, jaieguneko lanaren konpentsazioa eta bertan egon beharreko guardiak eta guardia lokalizatuak egitearen konpentsazioa.

2. Artikulu honetako aurreikuspenak berarekin dakar honako arau hauen aplikazioa etetea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 17. artikuluaren 2. idatz-zatia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek txandaka, gauez eta jaiegunetan lan egiten dutenean hartu beharreko diru konpentsazioak arautzen dituen azaroaren 4ko 225/2002 Foru Dekretuaren 7. artikulua eta, orobat, horri guztiari dagokionez, toki entitateetan dagoen araudia, halakorik baldin badago.

3. artikulua. Familia laguntza.

1. 2012. urtean zehar Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioei ez zaie ordainduko ezkontideak edo bikotekide egonkorrak bestelako diru-sarrerarik ez izateagatik ematen den familia laguntza izeneko soldata kontzeptua.

2. Artikulu honetan jasotako aurreikuspenak berarekin dakar Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 50. artikuluaren 1.a) idatz-zatiaren aplikazioa etetea.

4. artikulua. Lanaldia Nota de Vigencia.

1. Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen urte osoko lanaldia 1.592 ordukoa izanen da.

2. Aurreko idatz-zatian finkatutako urteko lanorduen kopuruaren gainean dagokion konpentsazioa aplikatu ondoren, txandaka aritzen diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nahiz haren menpeko erakunde autonomoetako langileek lanpostuan benetan egon beharreko lanaldi hau izanen dute:

a) Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txanda: 1.457 ordu urtean.

b) Gauetako txanda finkoa: 1.535 ordu urtean.

c) Goiz eta arratsaldeetako txanda, igande eta jaiegunetan lan eginda: 1.554 ordu urtean.

d) Lanaldi zatitua, igande eta jaiegunetan lan eginda: 1.569 ordu urtean.

e) Lanaldi malgua, basozaintza eta urteko lanaldi guztia hiltegietan ematen duten Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko albaitariak: 1512.

Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko albaitariek urteko lanaldiaren parte bat ematen baldin badute hiltegietan, urteko lanaldiaren murrizketak proportzioa izan beharko du zerbitzu horretan emandakoarekin, eta gaueko txanda finkoa daukatenei txanda horri dagokion presentzia errealeko lanaldia aplikatuko zaie.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritako ordu konpentsazioetan, baita txandaka, gauetan edo jaiegunetan lan egiteagatik ezarritako konpentsazio ekonomikoetan ere, jasota daude lanpostu guztietan gerta daitezkeen gorabeherak eta berezitasunak oro; besteak beste, txandakako lanaldiak eta txanden artean informazioa eman beharra, esate baterako.

4. Urteko lanordu kopuruaren banaketa Administrazio Publiko bakoitzak eginen du zerbitzu bakoitzaren beharren arabera. Dagokion Mahaian beharrezko negoziazioa eginda, eta, betiere, ezarritako urteko ordu kopurua errespetatuz, eremu edo langile-talde jakin batzuetan oro har ezartzen denaz bestelako banaketa egin daiteke, baldin eta justifikatzen bada beharrezkoa dela zerbitzu horiek egoki emateko Nota de Vigencia.

5. artikulua. Zerbitzuko dietak Nota de Vigencia.

Zerbitzua dela-eta egin beharreko bidaien kalte-ordain gisa ezarritako dietak kendu egiten zaizkie Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioei. Foru lege honek indarra hartzen duenetik, behar bezala justifikatutako gastuen zenbatekoa baizik ez da itzuliko.

6. artikulua. Osasun Laguntzako Zerbitzuaren "Erabilera Berezia" izeneko modalitateko tarifak Nota de Vigencia.

1. 2012. urtean, Erabilera Bereziko Osasun Laguntzako Zerbitzuaz baliatzen diren Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioentzako optikako eta odontologiako prestazioek tarifa hauek izanen dituzte (prestazioak abuztuaren 19ko 186/2002 Foru Dekretuaren eranskinaren 9. eta 10. ataletan ezarrita daude):

- Optika: betaurreko graduatuen eta ukipen-lente graduatuen kasuan, kostuaren 100eko 75 itzuliko da. Kontzeptu horiek direla eta, gehienez 200 euro itzuliko zaizkio onuradun bakoitzari urte natural bakoitzean.

- Odontologia: Odontologiako gastu guztietan, kontsultak eta kirurgiak barne, guztirako kostuaren 100eko 60 itzuliko da. Atal honetan, gehienez 200 euro itzuliko zaizkio onuradun bakoitzari urte natural bakoitzean.

2. Prestazio farmazeutikoari, prestazio ortoprotesikoari eta osasun garraioari dagokienez, Erabilera Bereziko Osasun Laguntzako Zerbitzuaz baliatzen diren funtzionarioei Osasun Sistema Nazionaleko onuradunek Nafarroan dituzten baldintza berberak aplikatuko zaizkie.

3. Aurreko idatz-zatietan jasotako aldaketak aplikatuko zaizkie foru lege honek indarra hartu eta hurrengo hilabetetik aurrera itzultzeko aurkezten diren gastuei, kontuan hartu gabe gastuak noiz gertatu diren.

7. artikulua. Sindikatuen ordu kreditua.

1. 2012. urterako, 100eko 10 murrizten da, oro har, sindikatuek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan gaur egun duten ordu kreditua. Murrizketa hori eginda ere, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean ordezkaritza organoetako kideentzat finkatutako ordu kreditua errespetatu beharko da, eta, orobat, ordezkari sindikalentzat Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan finkatutakoa.

2. Aurreko idatz-zatian jasotako neurriaren aplikazioa errazteko, sindikatuek aukera izanen dute ordu kredituen transferentziak egiteko hauteskunde unitate batetik bestera, mugarik gabe.

3. Murrizketa honen ondorioz eten egiten da, partez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako eskubide sindikalei buruz Administrazioaren ordezkariek eta sindikatuek 1994ko urriaren 18an sinatutako Akordioaren aplikazioa, baita Administrazioaren esparru sektorialetan dauden gainerako akordioen aplikazioa ere.

4. Artikulu honetan jasotako sindikatuen ordu kredituaren murrizketa Nafarroako gainerako administrazio publikoetan ere aplikatuko da, betiere 1. idatz-zatian jasotako araudian finkatutako ordu kreditua errespetatuz.

5. Eskubide sindikalen aplikazioaren ondorioz, lanpostura joan beharraz salbuetsita dauden langileek beren lanpostuari dagozkion oinarrizko ordainsariak eta lan osagarriak jasoko dituzte, eta, horiez gainera, beren lanpostuen ohiko lanaldiaren ondoriozko elementu aldakorrak, hots, txandakako lanari, gaueko lanari eta jaiegunetako lanari dagozkienak. Horrenbestez, beren lanaldi arruntekoak ez diren beste zerbitzu erantsi batzuk egiteagatik aurreikusita dauden konpentsazioak ez dituzte jasoko.

8. artikulua. Nafarroako Gobernuko kideei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen goikarguei buruzko neurriak Nota de Vigencia.

1. Gizarte Segurantzako kotizazioa dela-eta nominetan egiten den deskontua kalkulatzean, Nafarroako Gobernuko kideei arau orokorrak aplikatuko zaizkie.

2. Nafarroako Foru Komunitateko goi-karguentzat berariaz sinatutako bizi-aseguruak eta istripu-aseguruak indarrik gabe uzten dira.

3. Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen Erabilera Bereziko Osasun Laguntzako Zerbitzutik ateratzen dira Nafarroako Gobernuko kideak eta gaur egun Gobernuan dauden gainerako goi-karguak eta goi-kargu izandako guztiak, salbu eta hartarako eskubidea dutenak sistema horri atxikitako funtzionario izateagatik.

4. 2012. urterako, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi-karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean ezarritako osagarri pertsonala, 3.bis artikuluaren 5. idatz-zatian hain zuzen, funtzionarioaren mailaren hasierako soldataren 100eko 10era murrizten da.

Lehen xedapen gehigarria. Foru lege honen aplikazioa Nafarroako administrazio publikoetako estatutupeko eta lankontratuko langileentzat.

1. Foru lege honetan jasotako aurreikuspenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko estatutupeko eta lan-kontratuko langileei aplikatuko zaizkie, funtzionarioentzat ezarritako baldintza berberetan.

2. Nafarroako gainerako administrazio publikoen zerbitzuko lan-kontratuko langileen kasuan, administrazio bakoitzak erabakiko du nola aplikatu neurriak, foru lege honetan ezarritako irizpide orokorrei jarraikiz.

Bigarren xedapen gehigarria. Foru lege hau nola aplikatu Nafarroako Gobernuaren menpeko enpresa publikoetako goikarguei eta lankontratuko langileei Nota de Vigencia.

Nafarroako Gobernuaren menpeko enpresa publikoetako goi-karguei eta lan-kontratuko langileei honako hauek aplikatuko zaizkie: 1. artikuluko 1., 4. eta 5. idatz-zatiak, jardunean segitzeari buruzkoak, eta 5. artikulua, zerbitzuagatiko dietei buruzkoa.

Hirugarren xedapen gehigarria

Nolanahi ere, foru lege honetako neurrien ondorioz egiten diren lanaldi aldaketengatik ez da inolako lansari-igoerarik izanen.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzen diren arauak.

Arau hauek indargabetzen dira:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura organikoa ezarri zuen Nafarroako Osasun Mentalari buruzko abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarria.

b) Lehendakaritzako eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 18ko 5/1999 Foru Aginduaren 1. eta 2. artikuluak eta, orobat, horri dagokionez, toki entitateetan dauden arauak. Aipatutako foru agindu horren bidez Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen dieta eta kilometrajeagatiko ordainak finkatu ziren.

c) Foru dekretu honek ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina aldatzea.

1. Testu bategin horren 27. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"1. Funtzionarioak eskatuta, eszedentzia berezia onar daiteke, hiru urterako gehienez subjektu eragile bakoitzeko, honelako kausa hauek justifikatuz gero:

a) Seme-alaba bakoitza zaintzeko, naturalak zein adoptatuak, eta adoptatu aurreko harrera-fasean edo harrera iraunkorrean daudenak. Epea haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko da.

b) Langilearen kargura dagoen odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat zaintzeko, bigarren gradu artekoa -hori barne-, baldin eta adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta lan ordaindurik egiten ez badu.

2. Kasu guztietan, eszedentzia berezia emateko, funtzionarioak deklaratu beharko du bitartean ez duela beste jarduera profesionalik edo lanik egin behar.

3. Eszedentzia berezian dauden langileek jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute, baina ez dute eskubide ekonomikorik sorraraziko. Antzinatasunaren ondorioetarako, egoera horretan dirauen denbora guztia kontatuko zaio, eta eskubide pasiboen ondorioetarako, langilea atxikita dagoen aurreikuspen sozialeko araubidearen araudian xedatutakoari lotuko zaio.

4. Eszedentzia berezia haren subjektu eragileari dagokion gehieneko eperako emanen da. Gehieneko epea bukatuta, interesdunek jarduneko zerbitzura itzuli beharko dute eszedentzia bukatu eta biharamunean, nork bere jatorrizko lanpostura.

5. Emandako eszedentzia berezia bukatu ez bada ere, interesdunek noiznahi eskatzen ahalko dute jarduneko zerbitzura itzultzeko. Itzultzea erabaki ondoren, hilabeteko epean gauzatu behar da. Hala egin ezean, langileak galdu eginen du funtzionario izaera.

6. Aurreko idatz-zatian aurreikusita dagoen aldez aurreko itzultzea gertatzen bada, funtzionarioek beste eszedentzia berezi bat eskatzen ahalko dute subjektu eragile bera dela kausa, baina behin bakarrik, gehieneko epea bukatu arte gelditzen zaien denbora bete arte. Horrelakoetan, sei hilabete utzi beharko dira jarduneko zerbitzura itzultzen denetik hurrengo eszedentzialdia hasi arte."

2. Aipatutako testu bateginaren 83. artikuluaren 3.b) idatz-zatia aldatu da. Hona testu berria:

"b) Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileak."

3. Aipatutako testu bateginari hogeita batgarren xedapen gehigarria eransten zaio. Hona testu berria:

"Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan administrari lanpostuak (C maila) eta administrari laguntzaileen lanpostuak (D maila) betetzeko egiten diren lekualdatze lehiaketak batera eginen dira, eta deialdi bakar batean."

Azken xedapenetako bigarrena. OsasunbideaNafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen aldaketak.

1. Foru lege horri 36. artikulua erantsi zaio, honako hau dioena:

"Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eremu jakin bati atxikitako langileentzat mugatutako merezimendu lehiaketa murriztuaren bidez lanpostuak betetzeko aldez aurreko barne egokitzapenetan, bermatuko da eremu horretako plantillako langile guztiek baldintza berberetan parte har dezaketela, betiere eskatutako baldintza guztiak betetzen badituzte, zeinahi delarik parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa, hots, funtzionarioena, lan-kontratuko langileena edo estatutupeko langileena, eta horrek ez du ekarriko araubide hori aldatzea. Dena dela, lanaldi partzialeko lan-kontratuko langileek lanaldi osoko lanpostu bat eskuratuz gero, funtzionario izaera berenganatuko dute.

Aldez aurreko barne egokitzapenetan, funtzionario araubidea edo estatutupeko langileen araubidea dutenek aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan-kontratatuen lanpostu bat eskuratzeko. Horrelako kasuetan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren 26.1.a) artikuluan araututako baldintzetan."

2. Zortzigarren xedapen gehigarria eransten zaio aipatutako foru legeari, honako hau dioena:

"Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen foru lege hau, eta orobat, legea garatzeko ematen den legezko eta erregelamenduzko araudia Osasun Departamentuaren menpeko gainerako erakunde autonomoei atxikitako langileei ere aplikatuko zaizkie."

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarra hartzea.

1. Foru lege honek 2012ko uztailaren 1ean hartuko du indarra, salbu eta horretarako beste egun bat zehaztua duten idatz-zatiak.

2. 2012. urteari dagozkion neurriek ondorioak izanen dituzte foru legeak indarra hartzen duenetik urte hori bukatu arte.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web