(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

25/2012 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 23KOA, UDAL EREMUAN EUSKARA ERABILTZEKO ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 103 - 31/05/2012



Zioen azalpena

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 1.2) artikuluan, ezartzen du haren ezinbesteko helburuak direla herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan.

Urriaren 13ko 297/1998 Foru Dekretuak Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako toki entitateek euskararen erabilera udal eskumeneko esparruan babestu eta sustatzeko lankidetza markoa arautu zen.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautu zen; hortaz, komenigarria da indarra duen legezko esparrura egokitzea Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako toki entitateen arteko erlazio mota horiek. Interesa duten toki entitate guztiei publizitatea eta lehia bermatzen dizkien deialdi publikoaren bidez kudeatuko dira laguntzak.

Arau hau, gainera, bereziki egokia da, prozeduraren sinplifikazioa baitakar, gardentasunaren helburuetan aurrera eginez.

Horiek horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko maiatzaren 23an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da laguntza tekniko, antolaketazko eta ekonomikoak arautzea, udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko programak garatzen dituzten Nafarroako toki entitateei emateko eta euskarari buruzko arauditik hizkuntzaren arloan eratortzen diren betebeharrei erantzuteko.

2. Honako hauek dira laguntza hauen barrenean sartzen diren jarduerak:

a) Euskararen erabilera sustatzea udal eremuan.

b) Toki entitatearen zerbitzuko langileen eta udalkideen prestakuntza.

c) Toki entitateei aholku ematea, haiek hala eskatzen dutenean, administrazioaren jarduna egokitzeko hizkuntzaren arloan indarra duen araudira.

d) Udal eremuan euskara erabili eta sustatzearekin ikustekoa duen beste edozein, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen artean hitzartzen ahal direnak, indarreko araudiaren babesean.

2. artikulua . Programen aplikazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren laguntzak toki entitateek euskara erabili eta sustatzeko egin ditzaten programak garatze aldera honelakoak izan daitezke:

a) Ekonomikoak, programa horiek sortutako gastuak finantzatzeko laguntzen bitartez.

b) Teknikoak eta antolaketazkoak, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren eta toki entitateen artean hitzartzen diren gisa horretako laguntzak elkarri emanez.

3. artikulua . Finantzabidea.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak aurrekontuko ekitaldi bakoitzean sartuko ditu beharrezko kontu-sailak Nafarroako toki entitateek euskara erabiltzeko eta sustatzeko egiten dituzten programak finantzatze aldera.

4. artikulua . Urteko deialdia.

Urteko deialdi baten bidez emanen dira diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuarekin bat.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatuari kontra egiten dioten edo ezeztatzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta batik bat urriaren 13ko 297/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako toki entitateek euskararen erabilera udal eskumeneko esparruan babestu eta sustatzeko izanen duten lankidetza markoa arautzen duena.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 23an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1207979

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web