(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2012 FORU LEGEA, maiatzaren 4koa, Foru Legea, baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko tributu-neurriei buruzkoa.

BON N.º 90 - 14/05/2012



Texto

Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretuak neurriak ezartzen ditu hipoteken betearazpenerako prozedurak malgutzeko, gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan dauden pertsonen kasuan etxebizitzaren utzarazpenak dakartzan arazoak arindu nahian. Errege lege-dekretu horretan, neurri horiek aplikatuko zaizkien zordunen gizarte-bazterketaren muga non den zehazten da, berandutza-korrituak mugatzen dira eta epaitegitik kanpoko betearazpenerako prozedurak aldatzen dira. Neurri horiekin batera, tributu arloko beste batzuk ere ezartzen dira, etxebizitzaren eskualdatzaileari kalterik ez eragiteko xedeaz.

Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko tributu-neurriei buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu ditu estatuko zerga arloko aipatutako neurriak. Lege proiektu hau hiru artikuluk eta azken xedapen batek osatzen dute.

Lehendabiziko artikuluak xedapen gehigarri bat eransten dio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginari, berrogeita hirugarrena. Bertan xedatzen denez, Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluaren aplikazio esparruan sartzen diren zordunek etxebizitza ordainean ematen dutenean, aukera hori aurreikusita baitago errege lege-dekretu horretan, emate horretatik sortzen den ondare-gehikuntza zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da.

Errege lege-dekretu horretan arautzen den ordainean emateak berarekin dakar etxebizitza finantza-entitateari eskualdatzea. Eskualdaketa hori eskualdatzailearen ondarearen osaketaren aldaketa da, eta ondare-gehikuntza edo murrizketa ekar dezake pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez. Tributu arauak salbuetsi egiten du gerta daitekeen ondare gehikuntza, ez ordea murrizketa.

Bigarren artikuluak beste zenbaki bat eransten dio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Testu Bateginaren 35.I.B) artikuluari, hogeita seigarrena hain zuzen, eta bertan ezartzen du Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretuaren babesean mailegu eta kreditu hipotekarioen kontratuetan egindako nobazioak formalizatzeko eskritura publikoak salbuetsirik egonen direla egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agirien mailakako kuotatik. Martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretu horrek hartutako neurrien ondorioz, nobazioak gertatuko dira mailegu eta kreditu hipotekarioen kontratuetan, zeinak egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agirien mailakako kuotaren menpe egonen baitira. Horren aurrean, horiek salbuestea ezartzen du aginduak.

Hirugarren artikuluak ahalmena ematen dio Nafarroako Zerga Ogasunari errentarik gabeko bere konturako langileari dagokion ziurtagiria egiteko, bai eta azken zerga-ekitaldiko errenta ziurtagiria ere. Zordunak finantza-entitate hartzekodunaren aurrean frogatu ahal izan dezan bazterketaren mugan dagoela, hau da, Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-Dekretuaren 3.1 artikuluan aipatzen diren zirkunstantzietan dagoela, tributu arloko Administrazioak kasu batzuetan agiriak egin beharko ditu. Bada, Nafarroako Foru Komunitateari Estatuarekin izenpeturik duen Hitzarmen Ekonomikoaren esparruan dagozkion eskumenak errespetatuz, Nafarroako Zerga Ogasuna izanen da ziurtagiri horiek eginen dituena.

Foru lege honekin batera, eta beronen osagarri, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 174. artikulua aldatzeko Foru Legea tramitatu da, zeinak, artikulu horri 2. idatz-zati bat gehituta, aldaketa bat egin baitu hiri-lurren balio igoeraren gaineko zergan; aldaketa horrekin, zordunek etxebizitza ordainean ematean egiten dituzten eskualdaketetan, ondasun higiezina eskuratzen duen finantza-entitateak ezin izanen du, zergadunaren ordezko gisa, kargaren zenbatekoa zergadunari jasanarazi.

Azken xedapen bakarra legeak indarra hartzeko egunari buruzkoa da; legeak, hain zuzen ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra . Argi uzten da, hala ere, legean aurreikusitako ondorioak, arestian aipatu baitira, kontuan hartu beharko direla.

1. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginari xedapen gehigarri bat eranstea, berrogeita hirugarrena. Testu Bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginari xedapen gehigarri bat erantsi zaio, berrogeita hirugarrena hain zuzen, zeinak 2012ko martxoaren 11tik aurrera gertatzen diren ondare-gehikuntzetan izanen baititu ondorioak. Hona testua:

"Berrogeita hirugarren xedapen gehigarria.-Etxebizitza ordainean ematea. Ondare-gehikuntza salbuestea.

Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluaren aplikazio esparruan sartzen diren zordunek etxebizitza ordainean ematen dutenean, aukera hori aurreikusita baitago errege lege-dekretu horretako eranskineko 3. idatz-zatian, emate horretatik sortzen den ondare-gehikuntza zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da".

2. artikulua. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Testu Bateginaren 35.I.B) artikuluari beste zenbaki bat eranstea, hogeita seigarrena. Testu bategina apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Testu Bateginaren 35.I.B artikuluari -testu bategin hori apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen- beste zenbaki bat erantsi zaio, zeinak 2012ko martxoaren 11tik aurrera gertatzen diren zergapeko egintzetan izanen baititu ondorioak. Hona testua:

"26. Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretuaren babesean mailegu eta kreditu hipotekarioen kontratuetan egindako nobazioak formalizatzeko eskritura publikoak salbuetsirik egonen dira egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agirien mailakako kuotatik".

3. artikulua. Ziurtagiriak egitea.

Nafarroako Foru Komunitateari Estatuarekin izenpeturik duen Hitzarmen Ekonomikoaren esparruan dagozkion eskumenak erabilita, Nafarroako Zerga Ogasunak eginen ditu errentarik gabeko bere konturako langileari dagokion ziurtagiria eta azken zerga-ekitaldiko errenta ziurtagiria ere, zordunak entitate hartzekodunaren aurrean frogatu ahal izan dezan bazterketaren mugan dagoela; hau da, Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-Dekretuaren 3.1 artikuluan aipatzen diren zirkunstantzietan dagoela.

Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 4an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1206995

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web