(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/2012 FORU LEGEA, martxoaren 29koa, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioak gaurkotzen dituena.

BON N.º 69 - 12/04/2012



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen duenez, pentsioen zenbatekoa urtero gaurkotuko da Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeak ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezartzen duen portzentajean. Nolanahi ere, kontuan hartuta Gizarte Segurantzaren sistemako pentsioei buruzko lege aurreikuspen falta, Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legean ez zen arautu aipatutako pentsioak gaurkotzea.

Ondoren, Defizit publikoa murrizteko aurrekontu, zerga eta finantza arloko premiazko neurrien gaineko abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuak 100eko 1eko igoera ezarri zuen 2012rako, sektore publikoko pentsio guztiei aplikatu beharrekoa, bai Gizarte Segurantzakoei bai Estatuko klase pasiboetakoei.

Hori dela eta, bidezkoa da foru lege bat onestea, gaurkotze hori Nafarroako Administrazio Publikoetako montepioetako klase pasiboen pentsioei nola aplikatu jasoko duena. Igoera horietatik kanpo geldituko dira alargun eta zurztasun pentsioen gutxieneko zenbatekoak, indarreko araudiak lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera ezartzen baititu. Era berean ezarri da, pentsio publikoen arloko indarreko araudia aplikatuz, pentsioak ez direla gaurkotuko Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazioko pentsioetarako ezartzen den urteko gehieneko zenbatekoa gainditzen badute, bakarrik edo onuradun berberak jasotako beste pentsio publikoekin batera.

Artikulu bakarra.-Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioak gaurkotzea.

1. 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioei, indarreko araudiaren arabera gaurkotzeko eskubidea dutenei, 100eko 1eko igoera ezarriko zaie, 2011erako ezarritako zenbatekoen aldean.

2. Aurrekoa ezarriagatik ere, alargun eta zurztasun pentsioen gutxieneko zenbatekoak honako hauetan ezarritakoaren menpe egonen dira: Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 25. artikuluaren 5. idatz-zatian, eta Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legearen 9. artikuluaren 6. eta 7. idatz-zatietan.

3. Pentsio publikoen arloko indarreko araudiak aplikatuta, gaurkotzea ez zaie aplikatuko pentsioei, egun onartuta daudenei nahiz, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitakoaren aurretik indarra zuen eskubide pasiboen sistemarekin bat, gero batean onartuko direnei, baldin eta Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazioko pentsioetarako ezartzen den urteko gehieneko zenbatekoa gainditzen badute, bakarrik edo onuradun berberak jasotako beste pentsio publikoekin batera.

Azken xedapenetan lehena .Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena .Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta ondorio ekonomikoak, berriz, atzeratu eta 2012ko urtarrilaren 1ean hasiko dira.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2012ko martxoaren 29an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1205351

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web