(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2011 FORU LEGE-DEKRETUA, urriaren 6koa, defizit helburua betetzeko hainbat neurri onesten dituena.

BON N.º 200 - 07/10/2011



ZIOEN AZALPENA

Foru Komunitateko Administrazioak eta Estatuko Administrazioak, 2010eko abenduaren 9an, 2011-2013 aldirako defizit helburua hitzartu zuten. Eskualdeko BPGd-aren %1,3 ezarri zen 2011ko eta 2012ko ekitaldietarako, eta %1,1 2013ko ekitaldirako.

Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak, 2011ko apirilaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, konpromisoa hartu zuen aurtengo aurrekontu egonkortasunaren helburua betetzeko, sarrera eta gastu publikoen bilakaerari jarraipena eginez, eta, hala behar denean, behar diren neurri zuzentzaileak hartuz.

Sarreren bilakaera azterturik, baita kontabilitate nazionalean Estatuaren Kontu-hartzailetza Nagusiak aplikatu dituen doitze batzuk ere, egiaztatu da ez direla bateragarriak batetik 2011rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako gastu maila eta bestetik aurrekontu egonkortasunaren helburua betetzea. Horregatik, Nafarroako Gobernuak, 2011ko irailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez, beste gastu muga bat ezarri zuen aurrekontu-ekitaldi honetarako: 3.809,43 milioi euro.

Erabakiak ezartzen du departamentu bakoitzak erabaki behar duela zein diren exekutatu gabe gelditu behar duten aurrekontuetako kontu-sailen saldoak, eta, hala behar denean, sustatuko dituztela aurrekontu egonkortasunaren helburua lortzeko behar diren araudi-aldaketak.

Era berean, Nafarroako Gobernuak 2011ko irailaren 7 horretantxe hartutako Erabakiaren bidez, gastu ez finantzarioaren gastuaren muga ezarri zen, 2012rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrari buruzko Foru Lege Proiektua egiteko. 2012rako defizit helburua betetzeko erabakiaren esparruaren barnean dago gastu muga hori.

Hori gauzatzeko, Nafarroako Gobernuak, 2011ko irailaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, ezarri zuen 294,27 milioi eurokoa izanen zela aurrekontu doitzea. Testuinguru horretan, aurrekontu egonkortasunaren helburua beteko dela bermatzeko lehen erabakian azaldutako arrazoiek bere horretan diraute, eta egokitu eginen dira, zenbateko orokorretik departamentu bakoitzerako eratorritako zenbateko berrietara.

2011rako aurrekontu doitzearen esparru honetan, Osasun Departamentuak bere gastu arruntaren maila murrizteari ekin dio; horren eraginez, izan daiteke paziente batzuk zentro pribatuetara bidaltzea, tratatuak izateko. Horretaz gainera aurrekontuko I. kapituluko langileria-gastuan dagoen muga kontuan harturik, horrek denak eragin dezake osasun arreta espezializatuan erantzuna emateko epeak luzatzea. Hori dela-eta, beharrezkoa da eraginik gabe uztea, 2011ko ekitalditik gelditzen denerako, 14/2008 Foru Legea, uztailaren 2koa, osasun laguntza espezializatuko itxaronaldien bermeei buruzkoa.

Halaber, Nafarroako Foru Komunitate osorako osasun eremu bakar bat eratu behar da, halako moduz non bidea emanen baita osasuneko baliabide publikoak mugarik gabe integratzeko eta optimizatzeko, eta, bereziki, ospitale publiko guztien koordinazio osoa, helburua izanik, beste alderdi garrantzitsu batzuen artean, itxaron zerrendak ez handitzeko borrokatzea.

Nafarroako Osasun Zerbitzuko arrisku bereziko osagarria batera arautzea da proposatutako beste neurrietako bat, ahalbidetuko duena gastua murriztea eta sortutako zenbatekoaz ziur egotea, irizpide bakarrak onetsiz, oraingo egoera desagerrarazteko, izan ere orain argitasun eta segurtasun juridiko gabezia baitago, eta zenbatekoari buruzko zehaztasunik eza. Indarreko arauek oraingo egoera baldintzatzen dute: etengabe ari dira sortzen gatazka judizialak eta epai kontraesankorrak, eta, hitz batez, erabateko segurtasun falta aurrekontuaren aurreikuspenean, osagarri horien ordainketak ekarria. Hori dela-eta, beharrezkoa da arautze berri bat onestea.

Zerga finkapena eta aurrekontu egonkortasuna lortzeko esku-hartzea behar duen beste eremu bat langileen arloko politika da. Arrazoi ekonomikoek eta antolamendu arlokoek justifikatzen dute Nafarroako Gobernuari agintzea indarreko lan publikoaren eskaintzak berrikustea eta egoki iruditzen zaizkion lanpostuak kentzea, inguruabar horiei erantzuteko, betiere ez bada deialdirik egin edo, deialdia eginda ere, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsi ez bada. Kasu horietan, dagokion deialdia eta plantilla organikoak aldatu beharko dira.

Bestalde, hirigintza eta etxebizitza arloan, urgentziazko neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen espektatibak aise bete direnez, beharrezkoa da neurri horietako batzuen indarraldiaren bukaera aurreratzea, ezarritako epea –kasu askotan 2011ko abenduaren 31n bukatzen ziren– agortu aurretik, dauden diru baliabideetara egokitzeko estimulu-neurriak. Aurrekoarekin bat, Hirigintza eta Etxebizitzaren Arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legean jasotako neurrietako batzuen bukaera aurreratua ezarri da, haren 9. artikuluan aurreikusitako aukeraren erabilera mugatu da, eta diru-laguntza batzuen aurrerakina eskatzeko aukera kendu.

Toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren ordainketarekin loturik, ezartzen da 2011ko urteko saritik ordaindu gabe dagoen guztiaren %70 ordainduko dela urriko lehen hamabostaldian.

Ildo horretan, beharrezkoa da Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan jasotako prestazioak arrazionalizatzea. Gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, ezinezkoa da prestazioak gutxienez kontsumoko prezioen urteko indizearen arabera eguneratuko direla ezartzen duen arauari eustea. Hortaz, automatismo hori ezartzen duen agindua bertan behera utzi behar da, baina prestazio horiek eguneratzeko atea irekita utzita, unean-unean dauden aurrekontu-baliabideen arabera.

Ezinezkoa da, orobat, zorro horretan, mendekotasunari arreta emateko arloan, dauden prestazioen bateragarritasun araubideari eustea, izan ere, beste autonomia erkidego batzuetan ez bezala, prestazio ezberdinak batera hartzeko aukera ematen baita hemen. Hortaz, bidezkoa da gizarte zerbitzuen zorro horretarako ezarritako araua aldatzea, eta onartutako prestazioen bateraezintasuna deklaratzea. Dena den, arlo horretan eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio arauan salbuespenak egiteko, egoki denean, horrelako prestazioen bateragarritasuna ezarri ahal izateko.

Bestalde, defizitari eusteko behin eta berriz aipatzen ari garen helburua lortzeko, beharrezkoa da garapenerako lankidetzaren funtsa finantzatzeko kontu-sailetako gerakinak exekutatzeari uko egitea. Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, 16.2 artikuluan, ezartzen du ezen, edozer arrazoi dela-eta, Nafarroako aurrekontu orokorretan ezarritako lankidetza-funtsaren gerakin bat baldin badago esleitu gabe, beste diru-laguntza deialdi bat onetsiko dela presaz, foru lege hartan xedatutakoaren arabera.

Beraz, beharrezkoa da artikulu horretan ezarritako betebeharra aldi baterako etetea, konprometiturik ez dauden kredituak erabili ahal izateko, izan ere, haren bidez Administrazioa behartuta dago garapenerako lankidetzara bideratutako funts guzti-guztiak exekutatzera.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluak hauxe ezartzen du 1. zenbakian:

“1. Kasu berezi eta oso presakoetan, Nafarroako Gobernuak behin-behineko legezko xedapenak eman ahal izanen ditu, foru lege-dekretu forma hartuko dutenak. Ezin izanen dira foru lege-dekretuaren xede izan honakoak: Foru Komunitateko erakundeen eta nafarren eskubideen, betebeharren eta askatasunen garapen zuzena, lege organiko honetan arautuak daudenena; lege organiko honen erreforma, eta lege hau garatzeko emandako foru legeena, legean bertan espresuki aipatzen direnena, hain zuzen; hauteskunde-araubidea; eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrak.”

Orain arte aipatutako egoera dela eta, justifikatuta dago foru lege-dekretu bat onestea, kasu berezi eta oso presako bat gertatu delako, lege organikoaren artikulu hartan eskatzen den bezala.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, eta Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, Osasuneko kontseilariak, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak eta Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko urriaren 6an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Itxaron zerrenda.

1. 2011ko abenduaren 31ra arte, indarrik gabe uzten da Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien Bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legearen II. tituluan xedatutakoa eta Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien Bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen apirilaren 26ko 21/2010 Foru Dekretuaren II. kapituluan xedatutakoa, salbu eta kirurgia hauei dagokienean:

a) Bihotzeko kirurgia: gehienez 60 eguneko epean arreta ematea bermatzen da, fakultatiboak adierazten duen egunetik hasita.

b) Kirurgia onkologikoa: gehienez 30 eguneko epean arreta ematea bermatzen da, fakultatiboak adierazten duen egunetik hasita.

2. Zerbitzua hobeki emateko, Nafarroa osoa lurralde bakartzat hartuko da, osasun zerbitzuetako prestazioen eta giza baliabideen berrantolamenduaren ondorioetarako.

2. artikulua. Nafarroako Osasun ZerbitzuaOsasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen aldaketak.

Bat. 9.bis artikulua indargabetzen da.

Bi. Xedapen gehigarri bat, zazpigarrena, eransten zaio. Hona testua:

“Zazpigarren xedapen gehigarria.

1. 2011ko azaroaren 1etik aurrera, toxikotasun, nekagarritasun edo arrisku bereziko egoerak ekar ditzaketen lanpostuetan ari diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileek arrisku bereziko osagarri bat jasotzen ahalko dute, xedapen gehigarri honetan ezarritakoaren arabera.

2. Osasun arloko langileei dagozkien eginkizunetan ager daitezkeen mota guztietako arriskuak aintzat harturik (besteak beste, eragile fisiko, kimiko eta biologikoek eragindakoak), Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetako lan arloak honela sailkatzen dira:

A) Operazio gelak.

B) Ospitaleetako Larrialdiak, Zainketa Intentsiboak, Genetikako Laborategia, Anatomia Patologikoa eta Medikuntza Nuklearra.

C) Onko-hematologia (honen barruan eguneko ospitalea eta ospitalizazio onkologikoen unitateak daude), farmazia eta hemodialisia.

D) Errehabilitazioa, Fisioterapia, Endoskopiak, Erradiologia eta Erradioterapia.

E) Ospitalizazioko gainerako unitateak, ospitalez kanpoko larrialdiak eta gainerako laborategiak.

F) Oinarrizko osasun laguntzako taldeak, emakumeari laguntzeko zentroak, ospitalez kanpoko kontsultak, osasun mentaleko zentroak, aho-hortzetako osasunaren unitateak eta etxeko ospitalizazioa.

3. Osasun arloko langileek arrisku bereziko osagarri gisa jasotzen ahalko dute, aurreko atalean ezarri diren arloetako batzuen barneko unitate organikoei atxikitako lanpostuetan osasun eginkizunak bete bitartean, bakoitzaren mailaren hasierako soldatari honako portzentaje hauek aplikatuta ateratzen den zenbatekoa:

–A), B), C) eta D) letran sartutako arloak: %2.

–E) eta F) letretan sartutako arloak: %1.

4. Aipatu arloetako batean baino gehiagotan sartutako unitate organiko desberdinetan aritu ohi diren osasun arloko langileek E) letrako arloetarako ezarri den arrisku bereziko osagarria jasoko dute. Osasun arlokoak ez diren langileek ez dute osagarririk jasoko.

5. Osasun arloko langileak xedapen honetako aurreko atalean ezarri den arrisku bereziko osagarria baino handiagoa jasotzen ari badira, konpentsaziozko osagarri bat esleituko zaie diferentziarengatik. Konpentsazio hori xurgatu eginen da beren ordainsarietan izaten den edozein gehikuntzarekin, eta horien artean sartuko dira, espresuki, bai ordainsari pertsonalei eta osagarriei dagozkienak bai oro har aplika daitezkeen ordainsari eguneratzeei dagozkienak.

6. Xedapen gehigarri honen bidez osasun arloko lanpostuei esleitutako arrisku bereziko osagarria jasotzeari utziko zaio langile horiek asistentziazkoak ez diren eginkizunak betetzera edo aurreko ataletan ezarritako lan arloei atxikita ez dauden lanpostuetara pasatzen direnean.

7. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arlokoak ez diren langileek, arrisku bereziko osagarria jasotzen ari baziren, horren ordez konpentsaziozko osagarria, zenbateko berekoa, jasoko dute, xedapen honen 5. atalean ezarritako baldintzetan.”

3. artikulua. Lan publikoaren eskaintza eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzio publikoan sartzeko deialdiak.

1. Nafarroako Gobernuak berrikusi egin beharko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan indarra duten lan publikoaren eskaintzak, eta zilegi izanen du oraindik deialdi baten bidez atera ez diren lanpostuak edo deialdia atera arren izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsia ez dutenak kentzea, arrazoi ekonomikoengatik eta antolaketa arrazoiengatik bidezkoa iruditzen zaionean, zerga finkapenari eta aurrekontu egonkortasunari begira.

2. Foru Lege-Dekretu honek indarra hartzean hasita dagoen hautapen prozedurako lanpostuak kentzen badira, deialdia egin duen organoak aldatu egin beharko du deialdia, hasierako lanpostu kopurua aurreko atalean aurreikusitako kentzearen ondoriozko lanpostu kopuruaz ordezteko.

3. Plantilla organikoetan ere beharrezkoak diren egokitzapenak egin beharko dira.

4. artikulua. Ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legea hein batean indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen II. tituluko I. kapitulua, hirugarren xedapen gehigarria eta bigarren xedapen iragankorreko 1. atala.

5. artikulua. Ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 9. artikulua aldatzea.

Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 9. artikuluak idazketa berria izanen du eta, beraz, eduki hau:

“9. artikulua. Etxebizitza libreei babestuen kalifikazioa ematea eta babestutako etxebizitza mota aldatzea.

1. Foru lege honek indarra hartu aurretik Jabetzaren Erregistroan behar bezala inskribatutako birzatiketa proiektuetan aurreikusita dauden edo amaituta dauden etxebizitzen sustapen osatuei etxebizitza babestuen kalifikazioa eman ahalko zaie edo kalifikatuta dauden araubidea aldatu, lurzoruaren eta urbanizazioaren kostuak salmentarako gehieneko prezioan duen eragina Nafarroako Etxebizitzaren Babes Publikoari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legean aurreikusitako portzentajetik gorakoa izan arren, betiere arrazoitzen bada beharrezkoa dela etxebizitza horiek babestuen kalifikazioa izatea edo kalifikazioa aldatzea, exekuzioa zuzenekoa dela ziurtatzen bada eta betetzen badira alderdi hauetaz etxebizitza babestuaren araudi berariazkoan ezartzen diren baldintzak: azalera, diseinua, bizigarritasuna, xedea, erabilera, kalitatea eta gehieneko prezioa.

2. Alokairuko araubidean ezarri gogo diren sustapenak aurreko idatz-zatitik salbuesten dira”.

6. artikulua. Transferentzia Arrunten Funtsa zatika ordaintzea.

Toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten partaidetza funtsaren laugarren ordainketa, 2011ko ekitaldiari dagokiona, azaroaren 20ko 19/2008 Foru Legean, Transferentzia arrunten funts orokorra, Iruñearen hiriburutzaren agiria eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntzak izeneko kontzeptuetan arautua, bi zatitan ordainduko da, eta ekitaldi honetan gauzatuko da.

2011ko urriaren lehen hamabostaldian, 2011ko urtekotik ordaindu gabe dagoen guztiaren %70 ordainduko da.

7. artikulua. Gizarte Zerbitzuen Zorroko prestazioak.

1. Indarrik gabe uzten da Esparru Orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarria, baita hura garatzeko eman diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

2. Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Esparru Orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroan sartutako prestazioak bateraezinak izanen dira beren artean mendekotasunari arreta emateko arloan.

Dena dela, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariaren foru agindu baten bidez, prestazio horietako batzuen arteko bateragarritasuna erabakitzen ahalko da.

8. artikulua. Lankidetza funtseko gerakin esleitu gabeak.

2011ko aurrekontuko ekitaldian, Nafarroako Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16. artikuluko 2. idatz-zatiaren aplikazioa salbuetsita, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan esleitutako lankidetza funtsean konpromisorik gabe dauden kredituak erabiltzen ahalko ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Arrisku bereziko osagarria ordaintzea.

Arrisku bereziko osagarriaren likidazioa, Foru Lege-Dekretu honen 2. artikuluan aipatua, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra .–Neurrien aplikazioa etxebizitza arloan.

1. Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen II. tituluko I. kapitulua, hirugarren xedapen gehigarria eta bigarren xedapen iragankorreko 1. idatz-zatia etxebizitzak barrenetik eraberritzeko behin-behineko kalifikazioa, aldez aurreko bizigarritasun txostena edo laguntzak aldez aurretik emateko eskaera Foru Lege-Dekretu honek indarra hartu baino lehen egina duten espedienteei aplikatuko zaizkie.

2. Errentamendu araubideko etxebizitza babestuen edo Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 6. eta 7. artikuluetan aurreikusitako laguntzen babeseko etxebizitzen sustatzaileek, Foru Lege-Dekretu honek indarra hartzen duenean, behin-behineko kalifikazioa eskuratuta izan dezaketen diru-laguntzaren %50 ordaintzeko eskatu ez badute, ezin izanen dute aurrerakin hori eskatu. Kasu horietan, espedientearen behin betiko kalifikazioa lortu ondoren hasiko da diru-laguntza emateko prozedura.

3. Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 9. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa Foru Lege-Dekretu honek indarra hartu ondoren aurkezten diren eskaerei bakarrik aplikatuko zaie.

Bigarren xedapen iragankorra .–Mendekotasunari arreta emateko arloko gizarte prestazioak aukeratzeko eskubidea.

Foru Lege-Dekretu honek indarra hartzean mendekotasunari arreta emateko arloko prestazio baten baino gehiagoren eskubidea onartua dutenek 2011ko abenduaren 31 arte eutsiko diote eskubide horri. Bitartean, bat aukeratu beharko dute, non ez den haien bateragarritasuna espresuki erabaki.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru Lege-Dekretu honek indarra hartzean, bertan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabeturik geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena .–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru Lege-Dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dadin, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis 2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru Lege-Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko urriaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo; Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilaria, Roberto Jiménez Alli.

Iragarkiaren kodea: F1116508

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web