(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

13/2012 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 7KOA, KULTURAREN VIANAKO PRINTZEA SARIA SORTZEN DUENA.

BON N.º 52 - 14/03/2012



Atariko

1990ean, Nafarroako Gobernuak Kulturaren Vianako Printzea Saria sortu zuen eta, geroztik, urtero eman da kulturaren eremuan, batez ere Nafarroaren errealitateari loturik, nabarmendu diren pertsona eta erakundeen ibilbide baliotsua goraipatzeko. 1993tik aurrera eta etenik gabe, Borbondar Felipek, Asturiasko eta Vianako printzeak eman izan du saria, eta 2004tik aurrera, bere ezkonta urtetik aurrera alegia, Letizia andrea, Asturiasko eta Vianako printzesa izan du lagun.

2010ean, "Vianako Printzea" saria "Vianako Printzea" Nafarroako nazioarteko sarien barrenean gelditu zen, Elkartasunaren sariarekin eta sortu berria zen Mendekotasunaren Arretaren sariarekin batean, eta 2010eko eta 2011ko edizioetan, batera egin ziren hiru sarietarako deiak eta batera eman ziren.

Egungo egoera ekonomikoaren eta Nafarroako Gobernuak eta, oro har, erakunde publiko guztiek gastuak zorrotz eta austeritatez murrizteko hartutako irizpideen ondorioz, komenigarri da Kulturaren Vianako Printzea Saria lehen zuen formatura itzultzea, xumeagoa eta gastu txikiagokoa eta bi hamarkadatan erabilia izan baita; beraz, ongi errotutako tradizioa du. Bestalde, egoera horrek sariarentzat kopuru txikiagoa ezartzera eramaten du.

Horrenbestez, Lehendakariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko martxoaren 7ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Kulturaren Vianako Printzea Saria sortzen da, eta urtero emanen da.

2. Kulturaren esparruko pertsona edo entitate aipagarrien ibilbidea hartuko du aintzat Kulturaren Vianako Printzea Sariak; horretarako, arte plastikoen, musikaren, literaturaren eta abarren arloetan egindako sormen lanari begiratuko dio, baita zientziaren, teknikaren eta ikerketaren arloetan egindako lanari ere.

3. Kulturaren Vianako Printzea Sariaren diru-zuzkidura Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura edo entitate laguntzaileekin sina litezkeen hitzarmenen kargura finantzatuko da.

Sariaren diru zuzkidura 25.000 eurokoa izanen da 2012rako, eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak finantzatuko du bere gastuko kontu-sailen kargura, entitate laguntzaileekin sinatzen ahal diren hitzarmenak galarazi gabe.

Zenbateko hori Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez aldatzen ez den bitartean, berdina izanen da sariaren hurrengo edizioetan ere.

4. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak egin eta kudeatuko du Kulturaren Vianako Printzea Sarirako deialdia, eta Nafarroako Gobernuari igorriko dio epaimahaiak hartzen duen erabakia.

5. Zazpi kidek osatuko dute sarirako epaimahaia -burua eta sei mahaikide- sariaren arloan ospe handia duten pertsona eta profesionalen artean hautaturik. Idazkari batek, hizpidea duela baina botorik ez, epaimahaiari lagunduko dio bere zereginetan.

Nafarroako Gobernuak izendatuko du epaimahaia, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposatuta.

6. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, foru dekretu baten bidez, epaimahaiak egindako proposamenak ikusita.

7. Urtero erabakiko da zein egunetan emanen den saria.

8. Eraginik gabe gelditzen da urtarrilaren 11ko 2/2010 Foru Dekretua, Nafarroako "Printzea" nazioarteko sariak sortu zituena, baita Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariaren apirilaren 18ko 77/2008 Foru Agindua ere.

9. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Iruñean, 2012ko martxoaren 7an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1203921

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web