(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

142/2004 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 22KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ETXEBIZITZETAN BIZI AHAL IZATEKO GUTXIENEKO BALDINTZAK ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 49 - 23/04/2004



  I. KAPITULUA. OROTARIKO ARAUAK


  II. KAPITULUA. ETXEBIZITZA BATEAN BIZI AHAL IZATEKO GUTXIENEKO BALDINTZAK


  III. KAPITULUA. BIZIGARRITASUN ZEDULAREN IZAERA ETA EDUKIA ETA HURA ESKATU BEHARRA


  IV. KAPITULUA. BIZIGARRITASUN ZEDULAREN IZAPIDAKETA


  1. ERANSKINA Nota de Vigencia. Lehendik egindako etxebizitzetarako baldintzak


  I. KAPITULUA. Aplikazio eremua


  II. KAPITULUA. Eraikinaren baldintzak


  III. KAPITULUA. Etxebizitzen baldintzak


  2. ERANSKINA. Etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak Nota de Vigencia


  I. KAPITULUA. Aplikazio eremua


  II. KAPITULUA. Eraikinaren baldintzak


  III. KAPITULUA. Etxebizitzen baldintzak


Atariko

Nafarroako Foru Komunitatea eskuduna da etxebizitzaren arloan, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 44. artikuluko 1. idatz-zatiaren arabera. Hori dela-eta etxebizitza duin eta egoki bat gozatzeko Konstituzioko 47. artikuluan aitorturiko eskubidea erabili ahal izateko baldintzak ezarri behar ditu.

Abuztuaren 1eko 1484/1985 Errege Dekretuaren bidez eraikuntzaren eta etxebizitzen kalitatea kontrolatzeko zerbitzuak eskualdatu ziren Nafarroako Foru Komunitatera.

Etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak eskatu beharra herritarrek etxebizitza duin bat gozatzeko duten eskubidearen ondorioa da. Eskubide hori ez dago loturik edukitza moduari eta etxebizitza eskuratzeko moduari.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2003 Foru Legeko 191.2 d) artikuluaren arabera, etxebizitza-eraikin berrietarako udalek eman beharreko lizentzia eman aitzin txosten bat luzatu behar dute haietan bizi ahal izateko baldintzei eta eraikuntzaren oinarrizko arauei buruz, legeetan eta erregelamenduetan xedatu bezala. Legezko artikulu horrek etxebizitza arautzen duen ohiko erregelamenduzko praktika bat nabarmentzen du, gaurkotu behar dena. Bestetik, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko sistema eta motak arautzen dituen abenduaren 21eko 14/1992 Foru Legeko 6. artikuluko 2. idatz-zatiak adierazten duenez, prezio tasatuko etxebizitzen arautegi teknikoa erregelamenduen bidez ezarri behar dela, prezio libreko etxebizitzen eta etxebizitza babestuen arautegi teknikoaren arloko ohiko erregelamenduak osatu beharrez.

Foru dekretu honen xedea da arloko arauak batzea, sakabanatuak baitira, eta, kalitatea irizpide, etxebizitzen sustapenean eta etxeak zaharberritzeko jarduketetan eskatzen ahal diren gutxieneko baldintzak ezartzea.

Foru dekretuak etxebizitza batean bizi ahal izateko baldintzak gutxieneko izendatzaile komun baten inguruan antolatzen ditu (I. eranskinean), etxebizitza eraiki berrietarako eta erabateko zaharberritzeetarako (II. eranskinean) eta babes publikoko araubideko etxebizitzetarako (III. eranskinean) berariazko moduluak emanez, onartzen ahal diren salbuespenak arautuz.

Bizigarritasun zedula da etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak betetzen direla frogatzen duen agiria. Foru dekretuak haren izaera eta hura izapidatzeko modua arautzen ditu. Hori horrela, zedulak "iuris tantum" ustea adierazten du, alegia, bertan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak betetzen direlakoa. Horrenbestez, etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzetariko bat gerora bete ezik, berehala zedulak indarra galduko du. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak noiznahi ere egiaztatu eta adierazten ahalko du hori, foru dekretuan kontu horri dagozkion artikuluetan xedaturikoarekin bat. Horietan ukituak babestu ahal izateko behar diren berme guztiak biltzen dira.

Nafarroako Kontseiluak 2004ko otsailaren 2an emaniko txostenak dioenez, foru dekretuaren edukia legeei lotzen zaie.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko martxoaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. OROTARIKO ARAUAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako edozein etxebizitzatan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak zehaztea, pertsonek ohiko bizitokitako okupatzeko, baita etxebizitzak eraiki eta erabilitzeko modua ikuskatu eta kontrolatzeko prozedurak ere.

2. artikulua . Etxebizitza batean bizi ahal izateko baldintzak nahitaezkoak dira.

1. Foru dekretu honetan arautzen diren baldintzak nahitaezko eta gutxienekoak dira, etxebizitza berrietarako eta indarra duenean eraikiak daudenetarako. Beterik ere ez du esan nahi hirigintzari buruzko arautegia ere betetzen denik.

2. Nafarroako edozein etxebizitzak, horrelakotzat jo ahal dadin, bizigarritasun zedula eduki beharko du, indarrean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak luzatua. Eraikin bat ere ezin erabiliko da bertan bizitzeko, gizakien ohiko bizileku gisa, indarreko zedularik ez badu, etxebizitza babestuak eta etxebizitzak zaharberritzeko babes publikoari buruzko arautegiaren arabera zaharberrituak izan ezik, betiere behin betiko kalifikazioko zedula badute, agiri hori ondorio hauetarako A motako bizigarritasun zedularen baliokidea baita.

Horrenbestez:

a) Administrazio Publikoek, zeinek bere eskumenen arabera, neurriak hartzen ahalko dituzte indarreko bizigarritasun zedularik ez daukaten eraikinak gizakien ohiko bizilekutako erabiltzea eragozteko,

b) Ur, gas, argindar edo antzeko kontratuak, etxebizitzak hornitzekoak, ezin izenpetu edo mantenduko dira, indarreko bizigarritasun zedularik ez badute.

c) Notario, erregistratzaile eta ondasun higiezinen jabetzako agenteek indarreko bizigarritasun zedula eskatuko dute, jatorrizkoaren edo kopia kautotuaren bidez, eskubide errealak pagatzerakoan eta sal-erosketako edo errentamenduko kontratuetan balioz haien xede den etxebizitzaren kalifikazioa adieraz dadin.

d) Toki entitateek, etxebizitza berrietarako edo etxeetan bizitzeko baldintzak aldatzen dituzten erreformetarako proiektuetan obretarako lizentziak eman aitzin, bizigarritasun txostena edukiko dute. Haien edukiak bakar-bakarrik bertan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak eta eraikuntzaren kode teknikoa betetzen direla egiaztatu beharko du.

II. KAPITULUA. ETXEBIZITZA BATEAN BIZI AHAL IZATEKO GUTXIENEKO BALDINTZAK

3. artikulua . Etxebizitzaren araberako baldintzak.

1. Edozein etxebizitzak, edozein direlarik haren titularra, adina eta araubidea (salmenta librea edo babes publikoa) foru dekretu honetako I. eranskinean bertan bizi ahal izateko ezarririko oinarrizko baldintzak bete beharko ditu.

2. Edozein etxebizitza berrik, delarik eraikin berria, delarik aurretik zegoen eraikinaren zaharberritzearen ondorioa, I. eranskinekoez gain, II. eranskinean aipatzen diren baldintzak ere bete beharko ditu.

3. Zaharberritzen den eraikin bateko etxebizitzek II. eranskinean aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte zaharberritzearen nolakoa dela-eta komeni baldin bada obra eraiki berriekin parekatzea, II. eranskinean berean xedatzen denarekin bat.

4. Salbuespen gisa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendariak ebazpena emanda, II. eranskinean etxe batean bizitzeko ezartzen diren baldintzetatik salbuesten ahalko da, gorabehera hauek gertatzen direnean:

a) Frogatzen denean baldintzak betetzea ezinezkoa edo zail-zaila dela eta, gainera, duda izpirik ez dagoenean betetzen ez den baldintza II. eranskinekoa dela, eta ez oinarrizkoa.

b) Obra herri baten parte zaharrean eraikin berri bat egitekoa denean, haren lurzati-sarea dela-eta ezinezkoa dela baldintza betetzea.

c) Etxebizitzaren antolamendu berriaren arrazoiak kontu bioklimatikoak direnean eta aukerako konponbideak betetzen ez den baldintzaren ondoriozkoen antzezko prestazioak ematen dituenean.

5. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendariak ebazpena emanda, I. eranskinean etxe batean bizitzeko ezartzen diren baldintzetatik salbuesten ahalko da, batera gorabehera hauek gertatzen direnean:

a) Eraikina 1944ko martxoaren 1a baino lehenagokoa denean.

b) Bertan bizi direnek eraikinerako eskubidea dutela frogatzen dutenean, baita hura ohiko bizileku gisa erabiltzekoa ere, bi gorabehera horiek 1985eko uztailaren 1a baino lehenagotik. Kasu horretan, ulertuko da bizigarritasun zedularen ondorioz erabiltzeko dagoen baimena bakar-bakarrik bertan bizi direnei ematen zaiela, haiek ez bestek izanen baitute eskumena ur, gas eta argindar hornidurak kontratatzeko.

6. Babes ofizialeko eraikin eta etxebizitzak eta Nafarroako Gobernuaren edozein jarduketa babesgarriri dagozkion etxebizitzak, gainera, I. eta II. eranskinez gain, III. eranskinean xedatura egokituko dira.

4. artikulua . Tokian tokiko planeamendua eta udalen ordenantzak.

Aurreko artikuluan aipatzen diren baldintzak lotesleak dira tokian tokiko planeamendurako eta udalen ordenantzetarako.

III. KAPITULUA. BIZIGARRITASUN ZEDULAREN IZAERA ETA EDUKIA ETA HURA ESKATU BEHARRA

5. artikulua . Bizigarritasun zedularen izaera.

1. Bizigarritasun zedula Ingurumen, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak luzaturiko agiri administratibo bat da, eraikin batean bizitzeko arauak betetzen direla frogatzen duena, alegia, etxebizitzatzat jotzen ahal dela adierazten duena eta, beraz, gizakien ohiko bizilekutako balio duela.

2. Etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzetariko bat gerora bete ezik, berehala zedulak indarra galduko du. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak noiznahi ere egiaztatu eta adierazten ahalko du hori, foru dekretu honetako 12. eta 13. artikuluetan xedaturikoarekin bat.

6. artikulua . Bizigarritasun zedularen edukia.

Bizigarritasun zedulak datu hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Bizigarritasun zedula mota eta haren zenbakia.

b) Etxebizitzaren kokagunea: kalea, ataria, oina, aldea, eta katastroko datuak.

c) Etxebizitzaren atal nagusiak eta haien eremu erabilgarriak, egongelak, sukaldea, logelak, komunak eta bestelako gelak bereizizNota de Vigencia.

d) Etxebizitzaren azalera erabilgarria, guztiraNota de Vigencia.

e) Etxebizitzaren eta hau dagoeneko eraikinaren adina.

f) Bizigarritasun zedula eman zeneko eguna.

g) Bizigarritasun zedularen mugaeguna.

7. artikulua . Bizigarritasun zedulen kategoria edo motak.

Bizigarritasun zedulen hiru kategoria edo mota ezartzen dira:

1. A mota: etxebizitza berriak edo eraikineko egitura osorik egokitzeko eta bertan arazorik gabe bizitzeko bide ematen duten zaharberritze obretan daudenak. Mota edo kategoria honek lehenbiziko berritzean iraunen du, artikulu honetako 2. idatz-zatian xedaturikoa izan ezik. 30 urterako balioko du, foru dekretu honetako 5. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

2. B mota: A motako zedulen bigarren eta hurrengo berritzeetan eta kasu hauetan emanen da:

Lehenagoko bizigarritasun zedularik gabeko etxebizitzetan.

A motako lehenbiziko berritzean, lehenbiziko zedularen indarraldia agortu eta bost urteko epean egin ez denean.

10 urterako balioko du, foru dekretu honetako 5. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

3. Behin-behineko zedula: salbuespenez emanen da, betiere etxebizitza edo eraikina bertan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzetara egokitzen duten obretarako, haren indarraldiaren barruan. 9 hilabeterako balioko du. Epe hori iragatean, ur, gas eta argindar kontratuak, eta etxebizitzak hornitzeko izenpeturiko besteak, indargabetuko dira, haien xedea ez baita egokia izanen, eta haien prestazioak bertan behera utzi beharko dira.

8. artikulua . Ikuskaritza eta kontrola.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko zerbitzu teknikoek, ofizioz edo alde batek eskaturik, noiznahi ere begiratzen ahalko du etxean bizitzeko gutxieneko baldintzak betetzen direla, egokitzat jotzen duten bakoitzean, zedula eman, berritu, ukatu, ezabatu eta haren indarraldia galdu aitzin edo ondoren. Halaber, departamentu horrek etxean bizitzeko baldintzen edozein froga eskatzen ahalko du.

Etxebizitzan bizitzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko bertan sartzea beharrezkoa bada, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 96. artikuluko hirugarren idatz-zatian eta xedapen osagarrietan xedatu bezala eginen da.

IV. KAPITULUA. BIZIGARRITASUN ZEDULAREN IZAPIDAKETA

9. artikulua . Eskabidea.

1. Bizigarritasun zedula egin edo berritzeko eskabidea zuzenbidezko eskubide baten edozein titularrek edo haren ordezkariak egiten ahalko du.

2. A motako zedulak lortzeko, etxebizitza bezainbat eskabide ez ezik, honakoak aurkeztu beharko dira:

a) Obraren azkeneko ziurtagiria, martxoaren 11ko 462/1971 Dekretuko 6. artikuluan edo geroan ordeztuko duen arauan xedaturikoarekin bat izenpetu eta bisatua, eredu normalduan. Bertan espresuki bukaturiko etxebizitzak zenbat diren adieraziko da. Halakorik bada, azkeneko ziurtagiriari obraren bukaerako planoak gaineratuko zaizkio, bisatuak, hasiera batean txostena harturiko proiektuaren aldean dauden aldaketak biltzen dituztenak. Eskatzaileak, arrazoiak emanda, obraren azkeneko ziurtagiria ezin aurkeztu duenean, obra bukatu ondoren, Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dei eginen die obra zuzentzen duten teknikariei aurkeztu dezaten, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken epea ziurtagiria aurkeztu gabe bukatzen bada, departamentuak zedula egiteko espedientearekin segitzen ahalko du, beren zerbitzu teknikoen ikuskaritzari buruzko txosten baten bidez, bizigarritasun zedula emateko espedienteari lotzeko bakar-bakarrik, behin ere obraren bukaerako ziurtagiriak berezko ondoriorik sortu gabe, eta obra zuzendu duten teknikariei legokiekeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

b) Udalaren lizentzia, eraikina lehenbizikoz erabiltzekoa, bertan bizitzeko adostasun txostena hartu duen eraikinerako proiektuarena. Lehenbizikoz erabiltzeko lizentziarik egiten ez duten udaletan, obretarako lizentzia aurkeztuko da.

c) Udalaren ziurtagiria, etxebizitzetako helbide osoa eta haien katastroko datuak biltzen dituena, udalaren lizentzian agertzen ez direnean.

d) Familia bakarreko etxebizitza bakar baten autopromozioa ez den kasuetan, etxebizitzen bizigarritasun zedulen eskabidearen kopia aurkeztu beharko da, ezarriko diren euskarri digitalaren eta ereduaren arabera. Etxebizitzaren arloko webgune informatiboan lortuko da eskabidearen eredu ofiziala edo etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuaren bulegoetan eskuratzen ahalko daNota de Vigencia.

e) Eraikineko liburuko orotariko datuen fitxa izenpetuak.

3. B motako edo behin-behineko zedulak lortzeko, eskabideekin batera, honakoak aurkeztu beharko dira:

a) Etxebizitzaren jabetza frogatzen duen agiria edo bertan bizitzeko zuzenbidezko beste titulu bat.

b) Udalaren ziurtagiria, txosten tekinikoa edo katastroko agiria, etxebizitzaren adinari buruz, kontu hori atal honetako a) letran aipatzen den agirian agertzen ez bada.

c) Eskatzailearen zinpeko adierazpena, dioena 1985eko uztailaren 1az geroztik etxebizitzan bizitzeko baldintzak edo eremua aldatzen dituen obrarik ez duela egin.

d) Halakorik bada, 1985eko uztailaren 1aren ondoren eginiko obretako proiektuak, proiektu teknikoaren beharra badaukate.

e) Eskatzailearen nortasuna frogatzea, Nortasun Agiri Nazional edo pasaportearen bidez pertsona fisikoa izanez gero eta Identifikazio Fiskalerako Zenbakiaren bidez, eskritura publikoa edo sozietatea osatzeko aktarekin batera, pertsona juridikoa izanez gero. Hala bada, ordezkaritzaren kreditazioa ere bai.

10. artikulua . Obretarako lizentzia eman baino lehenagoko espedienteen izapidaketa.

1. Etxebizitzan bizi aitzin toki entitateek ematen duten txostenarekin batera, proiektu bakoitzaren ale bisatu bat aurkeztu beharko da.

2. Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak jakinaraziko du aurkezturiko eskabidea bat ote datorren foru dekretu honetan eta Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoan xedaturikoarekin. Txostena emateko epea bi hilabetekoa izanen da. Epe horretan departamentuak jakinarazten ez badio bere txostena toki entitateari, ulertuko da adostasunezkoa dela eta izapidatzeari lotzen ahalko zaio.

3. Babes publikoko edo zaharberritze babestuko araubide bati loturiko etxebizitzatzat behin-behinekoz jotzen duen zedula artikulu honetan aipatzen den adostasun txostenaren baliokidea da.

11. artikulua . Bizigarritasun zedula luzatu eta berritzea.

1. Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak etxe batean bizitzeko espedientea bukatzean luzatu eta berrituko ditu zedulak, obrako azkeneko agiriak ikuskatu ondoren eta, hala bada, Etxebizitza Zerbitzuak ezartzen duen ikuskaritza egin ondoren.

Aurreko artikuluan ezarririkoa bete gabe eginiko obrak legeztatzeko espedienteetan bizigarritasun zedularen eskaera bat etorriko da foru dekretu honetako 9. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan xedaturikoarekin eta haiekin batera proiektua edo legeztatze espedientea aurkeztuko da, behar bezala bisatua.

2. Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak udalen esku uzten ahalko du B motako bizigarritasun zedulak luzatzeko eskumenak, ikuskatu eta kontrolatzeko foru dekretu honetako 9. artikuluan aurreikusiriko eskumenak deusetan galarazi gabe.

12. artikulua . Bizigarritasun zedulak indarraldia garaia baino lehen galtzea.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak noiznahi ere izapidatzen ahalko du espediente bat bizigarritasun zedula batek garaia baino lehen bere indarraldia galdu duen begiratzeko, etxe batean bizi ahal izateko eskatzen diren gutxieneko baldintzetariko baten bat betetzetik gelditzeagatik.

13. artikulua . Indarraldia garaia baino lehen galdu dela adierazteko prozedura.

1. Etxe batean bizitzeko gutxieneko baldintzak ustez betetzen ez direla dioen jakinarazpen, salaketa edo txostena harturik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabakitzen ahalko du isilpeko informazio bat edo zedulak garaia baino lehen indarraldia galtzeko espedientea irekitzea.

2. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak ebazpena emanda irekiko da espedientea. Zuzendari horrexek izendatuko ditu instruktorea eta idazkaria.

3. Akatsak egozteko plegua aurkeztuko da, interesatuei jakinaraziko zaiena, komenigarritzat jotzen dutena alegatu dezaten, hamar egun balioduneko epean.

4. Ebazpen proposamena interesatuei ere jakinaraziko zaie, bost egun balioduneko epean komenigarritzat jotzen dutena alegatu dezaten.

5. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak ebazpena emanda bukatuko da espedientea.

6. Emaniko ebazpenean xedaturikoa betetzen dela bermatzeko, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean arauak nahitaez betearazteko aipatzen diren baliabideak erabiltzen ahalko dira.

Xedapen Gehigarria

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio Hirietako Errentamenduei buruzko 29/1994 Legeko 21. artikuluan edo geroan ordeztuko duen arauan xedaturikoaren arabera Administrazioari dagozkiokeen eginkizunak erabiltzea.

Xedapen Iragankorra

Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoak indarra hartu arte, ulertuko da haren aipamenak Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legeko azken xedapenetariko bigarrenean aipatzen den Eraikuntzari buruzko Oinarrizko Arautegiari dagozkiola.

Xedapen Indargabetzailea

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira etxe batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzei buruzko ekainaren 17ko 184/1988 Foru Dekretua, irailaren 25eko 550/1992 Foru Agindua eta maiatzaren 19ko 282/1993 Foru Agindua. Horiek Gizarte Ongizate, Kirol eta Etxebizitza kontseilariak eman zituen eta babes ofizialeko eta prezio tasatuko etxebizitzetako ordenantzak arautzen dituzte.

Azken Xedapenak Lehena

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari esku ematen zaio behar diren xedapen guztiak emateko, foru dekretu honetan xedaturikoa garatu eta betearaztearren, eranskinetako baldintzak osatu, ulertu edo azaltzeko marrazkiak prestatzekoa barne.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru agindu honek 2005eko martxoaren 1az geroztik izanen du indarra. Egun hori baino lehen, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren, etxebizitza-eraikinen sustatzaileek aukera izanen dute edo foru dekretu hau baino lehenagoko arautegian xedaturikoa betetzeko edo bestela foru dekretu honetan etxe batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak gogoz onartzeko. Halaber, III. eranskineko 9. artikuluan aipatzen diren familia ugariendako etxebizitza babestuak erreserbatu eta eraikitzen ahalko dituzte.

I. KAPITULUA. Aplikazio eremua

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Eranskin honetan ezarritako bizigarritasun baldintzak etxebizitza orori eta eraikin osoari eskatzen ahal zaizkion oinarrizko edo gutxienekoak dira. Baldintza hauek bete ezik, bizigarritasun zedula ukatuko da edo haren indarraldia garaia baino lehen galduko da, etxebizitzak halakorik badu.

Eranskin honek indarra hartu baino lehen luzaturiko bizigarritasun zedula daukaten etxebizitzek, zedula indarrean egonez gero, berritzen ahalko dute, zedula luzatu ondoren etxe berriak egiteko obren antzekoak diren berritze edo zaharberritze obrak egin ez badituzte, II. eranskinean xedatu bezala.

II. KAPITULUA. Eraikinaren baldintzak

2. artikulua. Zerbitzuak eta instalazioak.

Etxebizitzak dauzkan eraikin orok gutxienez ere zerbitzu hauek eduki beharko ditu:

a) Lurzatiaren mugaraino autoz joateko bidea, salbu eta sendoturiko bide sareak eragozten badu.

b) Hornidura publikoaren saretik edo hornituko dituzten hartune pribatuetatik edateko uraren hornidura, gutxienez ere 500 litro egunean etxebizitza bakoitzeko.

c) Argindarraren hornidura, Behe Tentsioari buruzko Erregelamendu Elektroteknikoan eta Etxebizitzetarako Jarraibide Osagarrietan ezarririko baldintzak betetzeko bide ematen duena.

d) Saneamendu sarea, eraikineko ur beltzak hartu eta orotariko sarera isurtzeko bide ematen duena. Onartuko da putzu septiko batera isurtzea horrek udalaren lizentzia duenean eta teknikoki putzu horiek arautzen dituen berariazko arautegia betetzen duenean.

3. artikulua. Segurtasun baldintzak.

Eraikin orok izan beharreko segurtasun baldintzak:

a) Egonkortasuna. Eraikinaren egiturak zama eta gainkargei eutsiko die, kasuan kasuko erabilerarako, eraikuntzako jarduketei buruzko arautegiak xedatzen duenaren arabera, pertsonei arriskurik sortu gabe eta sortzen diren akatsek eraikuntzako elementuak edo instalazioak urratu gabe, horrek haien egitekoa behar bezala egitea eragotziko bailitzaieke.

b) Suteen aurkako babesa. Suteen aurkako babesari eta eraikinak husteko baldintzak beteko ditu eraikinak, indarra duen arautegiak eskatzen dizkionak.

c) Instalazioak: Era berean, eraikinaren instalazioek, hala nola argindarrak, igogailuek eta tximistorratzek berariazko arautegiak erabilerari eta segurtasunari buruz ezarririko baldintzak bete beharko dituzte.

d) 60 cm-tik goitiko aldeak daudenean, babesteko elementu bat, karela edo eskudela, paratu beharko da, gutxieneko altuera 90 cm izanen duena.

4. artikulua. Sarbideak.

1._Etxebizitza-eraikin guztiek sarbidea izanen dute kaletik eta tarte ireki bat kalearen edo finkaren ondoan, finka horrek bide-zortasunerako eskubideak dituenean.

Etxebizitzek zuzeneko sarbidea izanen dute kanpotik, aurreko atalean adierazitako baldintzetan, edo etxebizitzaren berezko tartean edo eraikinean horretarako bakarrik erabiltzen den tarte komunean barrena. Ezin da sartu beste etxebizitza batzuetan edo bestelako erabilerak dituzten lokaletan barrena, salbu eta merkataritzan edo eskulangintzan diharduten lokalen egoera sendotuetan, lokal horietatik barrena sartu beharreko etxebizitzan bizi direnek egiten badituzte.

3._Eraikinerako eta etxebizitzetarako sarbideek suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arauetan eskatzen ahal diren baldintzak bete beharko dituzte.

5. artikulua. Barneko korridoreak.

Etxebizitza-eraikinetako korridoreen gutxieneko neurriak, bai joan-etortzekoak, bai eskailerenak, bai arrapalenak, suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arautegian ezartzen direnak, kasu bakoitzean aplikatzekoak, eta edozein tokitan gutxienez ere 1,90 m-ko altuera librea izanen da.

6. artikulua. Guztiendako eskailerak.

1. Eskailerek betiere beteko dituzte suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arautegian eskatzen diren baldintzak.

2. Gutxieneko altuera librea eskailerako eta eskailera-buruetako edozein tokitan, eskaileraren zabaleraren alderaino, 1,90 m-koa izanen da.

7. artikulua. Patioak.

Patioek, logelak edo egongelak horietara jotzen badute, gutxienez ere 6 m²-ko azalera izanen dute eta haietan 2 m-ko diametroa duen biribil bat sartzen ahalko da. Gutxieneko argi zuzenak 2 m-koak izanen dira.

2. Patioak, sukaldeak bakarrik jotzen badute hartara, gutxienez ere 4 m²-ko azalera izanen du eta 1,50 m-ko argi zuzenak.

3. Lehenagoko patio estaliak onartuko dira, gutxieneko neurriez gain, airea eten gabe berritzeko azalerak gutxienez ere 2 m² hartzen dituenean.

8. artikulua. Garajeak.

Garajeak jarduera sailkatua den aldetik eskatzen ahal zaizkion baldintza guztiak bete beharko ditu, suteen aurka babesteko Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoan ezarririko baldintzez eta sarbideen baldintzez gain, aplikatzekoak badira.

9. artikulua. Trastelekuak.

Etxebizitzei loturiko trastelekuek suteen aurkako babesari buruzko arautegiko baldintzak bete beharko dituzte, aplikatzekoak badira.

10. artikulua. Bestelako baldintzak.

1. Sotoan dauden etxebizitzak ez dira bizitzeko egokiak.

2. Bestelako baldintzak:

a) Iragazkaiztasuna. Eraikinaren eraikuntzak eragotziko dio urari edo hezetasunari kanpoaldetik edo lokal heze batetik etxebizitzetan, zirkulazioko elementu komunetan edo trastelekuetan sartzea.

b) Zoladurak. Etxebizitzako, zirkulazioko elementu komunetako, garajeko eta trastelekuetako zorua hautsik ez sortzeko eta eraikuntzako osagairik ez erortzeko moduan egonen da zolaturik. Zoruaren gehieneko malda etxebizitzaren barnealdean % 2koa izanen da.

c) Paretak. Etxebizitzetan, zirkulazioko elementu komunetan, garaje eta trastelekuetan, paretak hautsik ez sortzeko eta eraikuntzako osagairik ez erortzeko moduan estaliko dira. Lokal hezeetako paretek estaltze iragazkaitz bat izanen dute, erraz garbitzen ahal dena.

d) Argi artifizialak. Kanpoaldea, etxebizitzak, garajeak, trastelekuak eta abar lotzen dituzten zirkulazioko elementu komun guztiek argi artifizialak izanen dituzte, arintasunez joan-etorri ahal izateko, eraikinaren osaera ez ezaguturik ere.

III. KAPITULUA. Etxebizitzen baldintzak

11. artikulua. Egitaraua eta eremuak.

1. Posible izanen da etxebizitzako gela guztien artean joan-etortzea, hartatik kanpora edo zirkulazioko elementu komunera atera beharrik gabe. Etxebizitza ezin erabiliko da beste etxebizitza batera joateko ez eta hari loturik ez dagoen zerbaitetan ere.

2. Etxebizitza orok gutxienez ere gela hauek izanen ditu:

a) Sukaldea. Bereizia badago, gutxienez ere 5 m²-ko azalera erabilgarria izanen du. Bertan 1,80 x 1,20 m-ko laukizuzen bat sartzen ahalko da.

b) Egongela, gutxienez 9 m²-ko azalera izanen duena. Eremu berean sukaldea sartzen bada, gutxienez 12 m²-ko azalera izanen du. Kasu bietan 2 m-ko diametroa duen biribil bat sartzen ahalko da.

c) Logela, gutxienez 8 m²-ko azalera izanen duena. Bertan 2 m-ko aldeko lauki bat sartzen ahalko da. Etxebizitzak logela gehiago baditu, horiek 6 m²-ko azalera erabilgarria izanen dute. Logela bat ezin erabiliko da beste gela batera joateko, non ez den logela berari atxikitako bainugela edo aldagela bat.

d) Garbigela, 1,5 m²-ko azalera izanen duena, gutxienez. komunontzi hidraulikoa, konketa eta dutxa edo bainuontzia edukiko ditu. Komungelatik ezin da zuzenean sukaldera joan eta ezin erabiliko da beste gela batera joateko, arropa zabaltzeko tokira izan ezik. Garbigelak bi gune izan ditzake, batean komunontzia eta konketa jartzen ahalko dira eta bestean dutxa edo bainuontzia.

12. artikulua. Gutxieneko altuera.

1. Aurreko artikuluan aipatzen diren azalerak neurtzeko, azalera erabilgarriaren zati bat hartuko da kontuan bakarrik, 1,90 m edo hortik goitiko altuera librea duena, alegia, lokalaren batez besteko altuera 2,10 m baino gehiago baldin bada.

2. Etxebizitzako zirkulazioko elementuak 2 m altu izanen dira gutxienez. Marko, ateburu, habe eta abarren azpitik pasatzeko gutxieneko altuera 1,90 m-koa izanen da.

18. artikulua. Zirkulatzeko guneak.

Etxebizitzaren barneko zirkulazioko elementuak 70 cm zabal izanen dira gutxienez.

19. artikulua. Argiztapena eta aireberritzea.

1. Sukaldea, egongela eta logelak zuzenean argiztatu eta aireberrituko dira, kanpoaldetik edo patio batetik. Argizuloetako argi zuzenak, 2 m luze izanez gero eta ondoko finka bat joz gero, haren gaineko argi eta ikusmenerako eskubidea frogatu beharko da, salbu eta hirigintzako planeamenduak ondoko finkan atzera ematera behartzen badu, 2 m-ko argi luzeak bermatzeko moduan.

2. Egongela edo logela bat nahitaez kaletik edo etxe-multzoko patiotik argiztatu eta aireberrituko dira.

3. Logela itsuak onartzen ahalko dira, egongelarekin lotzen dituen baoa gutxienez ere 1,90 m altu eta 1,30 m zabal denean eta etxebizitzako logela bakarra ez denean.

4. Kanpoko argizuloek gutxienez ere 0,8 m²-ko azalera hartuko du, alegia, gelako lehenbiziko 20 m²-en azalera erabilgarriaren % 8. Aireberritze azalerak argiztatze azaleraren heren bat hartuko du gutxienez.

5. Zuzenean aireberritzen ez diren garbigelek tiro bortxatuaren bidezko aireberritze hodi bat eduki beharko dute.

6. Solairu guztiak, behekoa izan ezik, ukitzen ez dituzten zaharberritzeetan, ez da eskatuko tiro bortxatuaren bidezko aireberritzea estalkiraino sukaldeetan.

I. KAPITULUA. Aplikazio eremua

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Etxe berriek, lehendik zegoen eraikin batean egitekoek eta zaharberrituek, zaharberritze obrak etxe berriak egiteko obren antzekoak badira, I. eta II. eranskinetan aipatzen diren arauak bete beharko dituzte.

2. Ulertuko da eraikin baten zaharberritzea etxe berri bat egiteko obraren antzekoa dela, eranskin honi dagokionez, lan horiek eraikin horrek dauzkan etxebizitza guztiak ukitzen dituztenean eta exekuzio materialaren aurrekontuak, ukituriko m² eraikiekin zatiturik, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietarako urtero ezartzen den modulu ponderatuaren % 70 gainditzen duenean.

3. Zaharberritze obrak hasteko eta obra berri batekin baliokidetzeko lizentzia eskatzen denean, eraikinean egin eta eskabidea aurkeztu baino bost urte lehenago bukaturiko obretako aurrekontuak metatuko dira.

4. Halaber, zaharberritzea etxe berri bat egiteko obrarekin baliokidetuko da eraikina erabat husten denean edo forjatuen azaleraren % 60 baino gehiago eraitsi edo konpontzen denean, estalkia kontatu gabe, aurrekontua edonolakoa izanik ere.

5. Eraikinen edo etxebizitzen zaharberritze partzialetan eranskin honetan adierazitako baldintzak, obren izaerarekin bateragarriak direnak, betetzea eskatu ahalko da.

6. Helburua handitzea denean eranskin honetan adierazi baldintzak eskatu ahalko dira handitzen den eremuan. Handipenak ez ditu kaltetuko lehendik dauden etxebizitzen bizigarritasun baldintzak edo horien elementu komunak.

II. KAPITULUA. Eraikinaren baldintzak

2. artikulua. Zerbitzuak eta instalazioak.

1. Erakinak eta horrek dauzkan etxebizitzek telekomunikazioen instalazioak izanen dituzte, aplikatzekoa den arautegia betetzen dutenak.

2. Atarietan posta-kutxatilak paratuko dira, arautzen dituzten xedapenen arabera.

3. Saneamendurako zorrotenak aireztatuak izanen dira.

4. Orotariko kolektoreak eta banakako hartuneek osatzen dituzten aireberritze hodiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kolektore batek gehienez ere zortzi solairutarako balioko du. Azken biek hodi bereizi bat edukiko dute. Gainera, gutxienez 400 cm²-ko sekzioa izanen du eta goiko aldean aspiragailu estatiko edo dinamiko bat edukiko du.

b) Hartuneetako hodiek lokal bakar baterako balioko dute, gutxienez ere bi metro luze izanen dira eta haien gutxieneko sekzioa 150 cm²-koa izanen da. Lokala ukitzean, sareto batek babestuko ditu. Ez zaizkio aire-bultzagailurik edo ke-kanpairik itsatsiko.

c) Kolektore bati ezin lotuko zaizkio aireberritze hodiak eta ke edo gasen irteerak.

3. artikulua. Segurtasun baldintzak.

1. Eraikineko edo etxebizitzei loturiko lokalen elementu komunetan 40 cm-tik goitiko desnibelak daudenean, edo haien barrenean 60-tik goitikoak, babesa, karela edo eskudela paratu beharko da, baldintza hauek bete beharko dituena:

a) Goitik beherako eta ezkerretik eskuinerako bultzadei eutsi beharko die, karelaren edozein tokitan, eraikuntzako jarduketei buruz indarra duen arautegiak ezartzen baititu.

b) Edozein tokitan gutxienez ere 95 cm-ko altuera izanen du, bukaturiko zoladuratik goraino neurtua, eta altuera horren azpitik ezin pasako da 12 cm-ko diametroa duen esfera bat.

c) 95 cm-tik beheitik esfera horri pasatzen uzten dioten baoak badaude eta gai hauskorrak ixten badituzte (beirak, zeramikako osagaiek, eta abarrek), bermatuko da, barnetik armatuz edo proiektugileak arrazoituriko bestelako sistemen bidez, kolpe bat hartzean hautsiz gero, ez dela desagertuko eta aldatzen den arte segitzen ahalko duela bere egitekoa egiten.

2. Trenkadarik ez daukaten eskailerak izanez gero, mailen arteko hutsuneak bide ematen badu 60 cm baino gehiagotik erortzeko, kasu horretan ere eragotziko zaio 12 cm-ko diametroa duen esfera bati mailen artetik iragatea.

3. Etxebizitza bat baino gehiago dituzten eraikinetan, kaletik atarian sartzeko bidea ate batek mugatuko du, kanpotik eta etxebizitza bakoitzetik irekitzeko tresna bat edukiko duenak. Posible izanen da etxebizitzen eta atariaren artean hitz egitea.

4. Etxebizitzetarako sarbideko ateak sarraila bat edukiko du, giltzaz irekiko dena, eta behatxulo bat ere bai, kanpokoa ikusi ahal izateko.

4. artikulua. Sarbideak.

1. Eraikineko eta etxebizitzetako sarbideek 5. artikuluan zirkulazioko elementuei buruz ezartzen diren zehaztapenak beteko dituzte.

2. Nahitaezkoa izanen da goitik beherako lotune bakoitzean igogailua paratzea, etxebizitza kolektiboen eraikinetan, etxebizitzaren batean sarbidea eraikineko hirugarren solairuan badago (behekoa kontuan hartu gabe).

3. Etxebizitza kolektiboen eraikin berrietan, igogailua paratzea beharrezkoa ez bada, baoak utziko dira gero paratu ahal izateko eta sarbide, makina eta abarretarako tarteak ere bai, egiazki abian balego izanen lituzkeen neurrietan.

4. Zaharberritze obrak etxe berriak egiteko obren antzekoak izanik, igogailua edo horretarako baoa jartzea galdatzen ahal denean, eraikin horrek beheko solairua eta sei gehiago ez baditu, eskakizun hori ez da betebeharrik izanen igogailua paratzea ezinezkoa bada.

5. Lehendik dagoen etxebizitza bat zatitu eta azalera txikiagoko beste etxebizitza batzuk egiteko obretan, posible da igogailua jartzea edo etorkizunean jartzeko baoa uztea derrigorrezkoa ez izatea, ondorengo bi kasu hauek batera gertatzen badira:

a) Etxebizitza izateko azalera ez handitzea.

b) Igogailua paratzea ezinezkoa izatea, eraikin bereko beste finken jabeei euren partetik behar den azalera lagatzen ez badute, zatitu nahi diren etxebizitzen jabeez aparte.

6. Igogailua nahitaez paratu behar deneko eraikinetan, kabinak neurri hauek izanen ditu barrutik:

a) 6 etxebizitza edo gutxiagorako bada, 1,20 m sakon eta 1 m zabal izanen da.

b) 16 etxebizitza baino gehiagorako bada, gutxienez ere 1,40 m sakon eta 1,10 m zabal izanen da, 1 x 1,20 m-ko igogailu bat baino gehiago daudenean izan ezik.

Gutxieneko sakonera kabinako ate guztiekiko perpendikularrean neurtuko da.

7. Igogailu kopurua 24 etxebizitza igogailuko ez gainditzeko moduan zehaztuko da.

8. Garaje edo etxebizitzen trastelekuetarako solairuak daudenean, igogailuak beste solairuetara bezal-bezala joanen dira haietara.

5. artikulua. Barneko zirkulazioko elementuak.

1. Atariak ate bat edukiko du. Hauexek izanen dira haren gutxieneko neurriak: 0,90 x 2,00 m.

2. Zirkulazioko elementu horizontalak edo etxebizitzetaranzko eta haiei loturiko geletaranzko arrapalak gutxienez ere 1 m zabal izanen dira eta 2,40 m-ko altuera librea izanen dute. 2,50 m baino zabalago ez diren eremuetan gutxieneko altuera duen forjatu gogorretik sabaizun bat esekitzen ahalko da, 2,20 m-ko altuera librea uzten badu. Habeak, hodiak eta sabaitik esekitzen diren elementuen azpitik gutxieneko altuera 2,10 m-koa izanen da, baldin eta altuera gutxitzen duen elementua 0,80 m baino sakonago ez bada.

6. artikulua. Guztiendako eskailerak.

1. Ibilbidea: Eraikineko eskailerek etxebizitzetarako sarbideak dituzten solairuak eta eraikinean sartzekoa lotuko dituzte. Eskailerak garaje-sotoetara ez badoaz, haietatik larrialdietan ateratzeko eskailerek zuzenean kanpoaldera joko dute.

2. Neurriak.

a) Gutxieneko zabalera mailetako edo tarteko eskailera-buruetako edozein tokitan: metro bat. Gutxieneko altuera librea eskailerako eta eskailera-buruetako edozein tokitan, eskaileraren zabaleraren alderaino, 2,10 m-koa izanen da.

b) Eskailera-buruak, ateak haietarantz irekitzen ez badira, eskailera bezain zabalak izanen dira gutxienez. Eskailera-buruak, haietara begira etxebizitzak, lokalak edo igogailua badaude, gutxienez 1,20 m. zabal izanen dira. Ateen baoak gutxienez mailarik hurbilenetik 25 cm-ra egon beharko du.

3. Argiak eta aireberritzea.

3.1. Eskailerek zuzeneko argi eta aireberritzea izanen dute, aurreko aldeko patioko baldintzak gutxienez betetzen dituen kanpoaldera edo barneko aldeko patiora irekirik. Zirrikitu horrek 1 m²-ko azalera hartuko du gutxienez solairu bakoitzean, bai eta eskaileraren uztai osoa ere, eta 0,3 m²-ko azalera izanen du aireberritzeko. Eskailerak ez du argirik hartuko terraza pribatuetatik edo arropa hedatzeko tokietatik.

3.2. Baoa irekitzeko modua eta haren altuera gutxienez ere bi metroko altueran eskailera husteko bidean ez sartzeko modukoak izanen dira, horrela talkak saihestuko baitira, kasu horietan gaizki ikusi ohi da eta.

3.3. Baoak, beheko solairuan izan ezik, eskailera husteko bidea argiztatuko du zuzenean, ibilbide horren ardatzetik gehienez ere 3 m-ra. Kasu guztietan, hori eskailera bezain zabala izanen da.

3.4. Eskaileran goitikako argiak onartuko dira, eraikinak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Eskailerako erdiko baoak gutxienez 1 m²-ko azalera hartuko du eta oinarrian 0,5 m-ko diametroa duen zilindro zuzena sartzen ahalko da bertan. Baoa erdian ez badago, haren gutxieneko azalera 1,3 m²-koa izanen da, zilindroaren oinarriko diametroa 0,8 m-koa eta hutsuneak eskailera ukitzen dueneko gutxieneko aldea, 1,3 m-koa. Betiere, baoa ataria dagoeneko solairuraino ailegatuko da.

b) Estalkiko sabai-leihoak gutxienez ere 2 m²-ko azalera izanen du ezkerretik eskuinerako planoarekin 45 gradutik beheitiko angelu bat osatzen badu eta 3 m² handiagoa bada. Bi kasuetan sabai-leihoko punturik altuena atariko kotatik 17 m baino gutxiagora egonen da. Sabai-leihoak 0.80 m²-ko azalera izanen du (edo eskaileratik beretik) airea eten gabe berritzeko, eta argitzen duen eskailerako baoaren gainean egonen da.

3.5. Etxebizitzetara sartzeko solairuko banagunean argirik ez aireberritzerik izan ez eta eskaileratik aparte badago, aireberritzeko hodi bat izan beharko du estalkiraino, sukaldeentzat eta bainugelentzat galdatzen diren baldintza beretan.

7. artikulua. Patioak.

Egongelak, sukaldeak, logelak edo eskailerak patioetara jotzen badute, patio horiek estaligabeak izanen dira, betiere, eta, bizigarritasun baldintzei dagokienez, honelaxe sailkatuko dira:

a) Etxe multzoko patioa.

Hirigintzako planeamenduak neurri, lerrokadura eta abarrei dagokienez arautzen duena, zenbat lurzati edo finkak osatzen duten kontuan hartu gabe. Oinarrian 12 m-ko diametroa duen zilindro zuzen bat sartzen ahal bada bertan, kanpoaldeko patiotzat joko da bizigarritasun baldintzei dagokienez. Bestela barnealdeko patiotzat joko da.

b) Barnealdeko edo lurzatiko patioa.

Lurzati bakar batean sartzen dena edo batzuetan, patio komuna bada. Patio komunen tamaina handitzea beharrezkoa bada ondoren ematen den taularen arabera gutxieneko neurriak izateko, patio komuna dela Jabetza Erregistroan beharko da agerrarazi.

Gutxieneko neurriak:

Sarturiko zilindroa, ø 3 m eta 0,25 H.

Azalera, 12 m² eta H²/10.

Argi zuzenak, 3 m.

Argizulo bateko argi zuzenak baoko azalerako edozein puntutara joan daitekeen oztoporik gabeko gutxieneko perpendikularrak zehaztuko ditu.

Patioaren H. garaiera haren bidez argiztatzen den lehen solairuko zoladuraren kotatik hasita kontatuko da, eraikinaren gailurreraino. Gailurra itxitura, karel edo estalkiko elementuaren punturik altuenetik kontatuko da, patioaren perimetroan eta patioa dagoeneko lurzati berean dagoeneko eraikinean. Altuera uniformea ez bada, alturen batez besteko ponderatua aterako da finka propioan, tximiniak edo bestelako elementuak kenduta, horien ukimen aldea 60 cm-tik goitikoa ez denean. Patioaren gailurraren gainetik patioko fatxaden elementuak edo solairu atzeraemanak izan ahalko dira, patioko fatxada bakoitzaren gailurreko elementutik igarotzen diren 45º-ko malda duten planoak gainditzen ez badituzte, betiere.

Bakarreko etxebizitzetako solairu bakarreko patioek 1. eranskineko 7.1 artikuluan aurreikusitako oinarrizko baldintzak beteko dituzte, zuzeneko argienak izan ezik, horiek, gutxienez, hiru metrokoak izanen baitira.

Lurzatiko edo etxe-multzoko patioak sartunerik badauka, bakarrik argiztatzeko eta aireberritzeko baoak irekitzen ahalko dira haietan, sartuneek gutxienez fatxadako patioetarako ezarririko neurriak badituzte.

a) Kanpoaldeko edo fatxadako patioa.

Kanpoko fatxadan edo etxe-multzoko patioan 1,5 m baino gehiagoko sakonera duten sartuneak fatxadako edo kanpoaldeko patiotzat joko dira , betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

c.1) Irekiriko frontearen gutxieneko zabalera 3 m-koa izanen da eta haren gehieneko sakonera, fatxadarekiko perpendikularrean neurtua, haren zabalera halako bat eta erdi.

c.2) Fatxadako patioko alboko paretetan egongela izateko baoak irekitzen badira, argitzeko gutxieneko baldintzak betetzeko beharrezkoak baitira, haien baoetako gutxieneko argi zuzenak 6 m-koak izanen dira.

8. artikulua. Etxebizitzaeraikinetako garaje egin berriak.

1. Baldintza orokorrak.

1.1. Ibilgailuak arauz aparkatzeko tokiari deritzo garaje.

Artikulu hau ez zaie erabilera publikoko garajeei aplikatuko, beren arautegi berezia baitute. Garaje batek erabilera publikoa eta pribatua batera badu, aparkatokiak etxebizitzei loturik, artikulu honetako baldintzak beteko dira, etxebizitzei loturiko aparkatokien eremuan eta haien sarbideetan gutxienez.

1.3. Garajea komuna bada, finka edo atari pribatuak zeharkatzen dituztenak ez dira larrialdietarako irteeratzat joko, non ez den bide-zortasun egokia egiten.

1.4. Edozein oztoporen gutxieneko altuera librea, aparkatokiko, arrapalako edo ibilgailuen edo pertsonen zirkulazioko elementuko edozein puntutan neurtua, 2, 10 m-koa izanen da, sartzeko atea barne.

2. Sarbideak.

2.1. Garaje orok, bertan sartzeko metro bat baino gehiagoko aldea gainditzen duen goitik beherako arrapala bat badu, ezkaratz bat edukiko du. Haren gehieneko malda % 6koa izanen da. Gainera, arrapala baino lehen, gutxienez ere 5 m-ko sakonera izanen da, erabilera publikoko espaloi eta galtzada kontuan hartu gabe. Ezkaratza gutxienez ere 3,5 m zabal izanen da eta atea, 3 m. Familia bakarreko etxebizitzetan ezkaratzaren hondoa 2,5 m-ra murriztu ahalko da, zabalera 3 m-ra eta atearen zabalera 2,5 m-ra, garajea etxebizitza batena baino gehiagorena ez bada.

2.2. Ehun aparkatoki edo gehiago dauzkaten garajeek sarrera eta irteera bana izanen dute ibilgailuendako, edo arrapala eta sarbide bikoitzak. Arrapala bikoitzen zabalera 5,40 m izanen da, gutxienez.

2.3. Garajean sartzeko arrapalak beren tarte zuzenetan gutxienez ere 3 m zabal izanen dira eta haien gehieneko malda % 20koa izanen da. Tarte bihurrietan, haien bihurtze erradioa 20 m baino gutxiagokoa bada, gutxieneko zabalera 3,5 m-koa izanen da eta gehieneko malda % 15ekoa, biak noranzko bakoitzaren ardatzean neurtuak. Ardatzean gutxieneko bihurtze erradioa 6 m-koa izanen da.

2.4. Arrapala bi norabidetakoa bada eta haien bi muturren artean ikusterik ez badago edo 30 m baino luzeagoa bada, uneoro zer norabidek duen lehentasuna adierazten duen gailu bat paratuko da.

2.5. Garajeek ibilgailuendako igogailua edo autoak jasotzeko aparatua edukitzen ahalko dute sarbide gisa, teknika eta segurtasun arloan eskatzen ahal diren baldintzak betetzen badituzte. Ibilgailuen sarbide bakarra izanez gero, aparatu bat izanen da 20 aparkatoki edo zatikiko. Garajeak sei aparkatoki edo gehiago badauzka, bertan sartzeko ezkaratza gutxienez ere 5 m zabal izanen da eta 10 m sakon.

3. Zirkulazioa.

3.1. Ibilgailuak zirkulatzeko pasabideetan oztoporik gabeko gutxieneko zabalera librea 3,5 m-koa izanen da. Pasabidera aparkatokiak jotzen badute, 45º-tik goitiko angeluarekin, gutxieneko zabalera 4,5 m-koa izanen da. Pasabideak behar duen zabalera ez du gutxituko inolako eraikuntzako elementurik, hala nola zutaberik edo bestelakorik.

Aparkatoki horien aurrean, pasabideak 4,50 m-ko zabalera izan beharko du aparkatokiaren aurrealde osoan, pasabidearen ardatzarekiko perpendikularrean neurtua.

3.2. Norabide aldaketa eta biraketa guztietan 3 m-ko zabalera duen errei bat sartzen ahalko da. Horrek bere erdiko ardatzean gutxienez ere 5 m-ko erradioa izanen du biratzeko.

3.3. Pertsonak joan-etortzeko korridoreek gutxienez ere metro bateko zabalera izanen dute eta aparkatokien eremuan ez dira sartuko. Aparkatoki batetik bakarrik joaten ahalko da aparkatokiari berari loturiko trastelekura. Oinezkoendako ibilbideek oztopo fisikoei buruzko arautegian xedaturikoa bete beharko dute.

4. Aparkatokien eta sarbidearen luze-zabalak.

4.1. Aparkatoki bakoitzak azalera lau bat hartuko du, gehienez ere % 6ko malda izanen duena. Haren gutxieneko neurri libreak 2,3 x 4,7 m izanen dira aurretik sartuz gero eta 2,2 x 5 m aparkatoki lerrokatuetan.

4.2. Paretak mugatzen badu aparkatokia alde batetik, aparkatoki lerrokatuetan izan ezik, haren gutxieneko neurriak 2,8 x 4,7 m izanen dira. Aparkatokiaren zabalera eraginkorra 2,5 m arte gutxitzen duten elementuak gehienez ere 2,5 metrotan izaten ahalko dira, aparkatokiaren atzealdetik neurturik.

4.3. Aparkatokia alde batetik mugatzen duten elementuak badaude, 1,2 m baino luzeagoak aparkatokiaren ardatz nagusiaren paretik neurturik, alboko paretarekin parekatuko dira.

4.4. Aparkatoki lerrokatuetan izan ezik, aparkatokiaren alboko mugen luzapen zuzenak mugaturiko eremuan zirkulazioko korridoreraino oztoporik ez egotea izanen da korridoreetatik aparkatokietara joateko bermea (gehienez ere 5 m). 5 m baino luzeagoa izanez gero, zirkulazioko korridoreko baldintzak bete beharko ditu.

4.5. Proiektuko planoetan aparkatoki guztiek agertu beharko dute, marrazturik, mugaturik eta zenbakiturik, baita arrapalek eta korridoreek, eta frogatu beharko da, hala bada, biratzeko gutxieneko erradioak betetzen direla.

4.6. Ezinduendako etxebizitzak egin asmo direneko eraikinetan, garajea edukiz gero, aparkatokiak lotuko zaizkie etxebizitza horiei. Haien gutxieneko neurriak 3,20 m zabal eta 4,70 m sakon izanen dira. Aparkatokiaren alde batean oztopo bat ere ez badago, zirkulazio korridorearen mugan, aparkatokia 2,30 m zabal izaten ahalko da.

9. artikulua. Trastelekuak.

1. Eranskin honetan aurreikusitako ondorioetarako, trastelekutzat jotzen dira erregistroaren arabera etxebizitzari loturik dauden lokalak, bakarrik etxebizitzako tresnak biltzeko erabiltzen badira.

2. Trastelekuetarako sarbideek 4. eta 5. artikuluetan zirkulazioko elementuetarako ezartzen diren baldintzak beteko dituzte. Trastelekura joateko ateak pasabide bat utzi beharko du, 80 cm-ko zabalerakoa eta 200 cm-ko altuerakoa, gutxienez.

3. Trastelekuek aireberritze sistema bat edukiko du 0,5 bolumen orduko aireberritzea bermatzen duena, gutxienez.

10. artikulua. Bestelako baldintzak.

Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoa, behe tentsioari eta telekomunikazioei buruzko erregelamenduak, etab. betetzeko eskatzen diren baldintzetatik aparte, materialen kalitateak eta etxebizitza-eraikinen eraikuntzak bermatuko dituzte, I. eranskinean aipatzen diren oinarrizko baldintzez gain, gutxieneko baldintza hauek:

a) Beheko solairuko etxebizitzak. Logela, sukalde, jantoki edo egongela bat beheko solairuan egonez gero, bertan forjatu bat izanen da, lurretik bereizia, 0.5 m-koa, aireztaturiko ganbara bat osatuko duena. Proiektuan frogatzen denean harturiko neurriek lurreko hezetasuna isolatzea lortzen dutela, beste neurri batzuk onartzen ahalko dira.

b) Zoruaren gehieneko malda etxebizitzaren barnealdean % 0,5ekoa izanen da.

10.8. Posible izanen da lurzatiko patioetara joatea garbitu ahal izateko, salbu eta, etxebizitza baten batek bakarrik erabiltzekoa izanik, horretatik joatea badute. Nolanahi ere, euriko urerako hustubide sifonikoa edukiko dute.

III. KAPITULUA. Etxebizitzen baldintzak

11. artikulua. Programa eta azalerak.

1. Etxebizitza orok guztira 30 m²-ko azalera erabilgarria izanen du, gutxienez, egongela, logela, bainugela eta sukaldea dituela, eta guztiek ondoren ematen diren gutxieneko baldintzak beteko dituzte.

2. Etxebizitzatik ezin joanen da beste toki edo lokal batera. Hori horrela, edozein gela, horretara zuzenean bakarrik etxebizitzaren barnealdetik joaten ahal bada, haren osagaia izanen da ondorio guztietarako.

12. artikulua. Gutxieneko altuera.

1. Sabai horizontalen gutxieneko altuera librea, bertikalean, edo % 30etik behetiko malda duenarena 2,40 m-koa izanen da. Banatze elementuetan, garbigela, sukalde eta arropa zabaltzeko toki estalietan, sabaizun esekiak onartuko dira, 2,20 m-ko altuera librea uzten badute.

2. Lehenagoko etxebizitzen zaharberritzean, forjatuak aldatzen ez badira, 2,20 m-ko gutxieneko altuera librea onartuko da.

3. Sabaia % 30etik goitiko maldan duten geletan, 2,20 m-ko garaiera librea gainditzen ez duen azalera erabilgarriaren zatia ez da kontuan hartuko gela mota bakoitzerako edo etxebizitzarako eskatzen diren gutxieneko azaleretarako ez eta geletan eskatzen diren irudiak sartzeko ere.

4. Pasatzeko baoetan edo elementu berezietan, hala nola, ate, arku, habe eta abarretan, gutxieneko altuera librea 2 m-koa izanen da.

5. Barneko eskaileretan gutxieneko altuera librea 6. artikuluan eskailera komunetarako ezartzen dena izanen da.

13. artikulua. Egongela.

1. Laukian adierazten den gutxieneko azalera izanen du, zenbat logela dituen eta horrela, eta lauki berean adierazten den laukizuzena sartzen ahalko da bertan.

Zenbat logela Azalera, m²-tan Laukizuzena, m

1 edo 2 logela 12 2.7 x 3.5

1 edo 2 logela 12 3 x 4

2. Logela eta sukaldea toki berean badaude, laukian adierazten diren azalerei 4 m² erantsiko zaizkie eta egongelari dagokionez gutxieneko laukizuzen bera izanen da.

3. Egongela eta sukaldea toki berean daudela ulertzeko, ezin bereiziko dira eta bien arteko loturak gutxienez ere 3,50 m²-ko azalera izan beharko du, bien artean obra, altzari finko edo aterik ez dagoela.

14. artikulua. Sukaldea.

1. Sukaldearen gutxieneko azalera 5 m²-koa izanen da logela bakarreko etxebizitzetan eta 7 m²-koa besteetan. Bertan 3 x 1,60 m-ko laukizuzen bat sartzen ahalko da edo 2,20 m-ko aldeak dituen karratu bat.

2. Egongelan sarturiko sukaldeek bide emanen dute adierazten diren irudiak sartzeko sukalde bereizietan, zeinak egongelan sartu behar denarekin bat eginen ez baitu.

3. Sukalde bereizia ezin erabiliko da geletara joateko, jakitegi, sukalondo edo arropa zabaltzeko tokira izan ezik, eta ez du zuzeneko sarbiderik izanen logela edo garbigelarako.

15. artikulua. Logelak.

1. Etxebizitza orok gutxienez ere 10 m² edo gehiagoko logela bat edukiko du. 2,50 m-ko aldeak dauzkan lauki bat sartzen ahalko da bertan. Beste logelek 8 m²-ko azalera izanen dute gutxienez. 2,40 m-ko aldeak dauzkan lauki bat edo 4 x 2 m-ko laukizuzen bat sartzen ahalko da bertan.

2. Logela batetik ere ezin joanen da beste gela bereizi batera, logelari berari loturiko bainugela edo jantzigeletara izan ezik.

3. Etxebizitzako gela bereizi orok, 4 m²-ko azalera edo handiagoa badu eta argizuloa badu, bigarren mailako logeletarako ezarririko baldintzak bete beharko ditu eta horietarikotzat joko da ondorio guztietarako. Garbigelak eta sukaldea ez ezik, sukalondoak edo jakitegiak baztertzen dira, sukaldea badute sarbide bakarra. Zaharberritze kasuetan, geletan akaberako kontuak besterik egiten ez badira, 1. eranskinean xedatutakoa bakarrik bete beharko dute.

16. artikulua. Bainugela, garbigela eta komuna.

1. Bainugelak gutxienez ere 2,50 m²-ko azalera izanen du eta dutxa, komuna eta konketa behintzat edukiko ditu. Dutxaren ordez 1,40 x 0,70 m-ko bainuontzi bat paratzeko adinako tokia utzi beharko da.

2. Garbigelak gutxienez ere 1,70 m²-ko azalera izanen du eta dutxa edo bainuontzia, komunontzia eta konketa behintzat edukiko ditu.

3. Gutxieneko hornidura, etxebizitzako logelen kopuruaren arabera, hauxe izanen da:

3 logela bitarte: bainugela bat

4 logela edo gehiago: bainugela bat + garbigela bat.

4. Gutxienez etxebizitzako bainugela batean 120 cm-ko diametroko zilindro bat, gainera 70 cm luze dena, sartzen ahalko da, bideta kentzea izanik erreforma bakarra.

5. Bainugelara edo garbigelara etxebizitzako zirkulazioko eremutik joaten ahalko da. Logela guztietan baldin bada bertakoek bakarrik erabili beharreko bainugela bat, aski izanen da komun bat izatea zirkulazio elementu batetik sarbidea duena. Komunontzia duen gelatik zuzenean garbigelara, zirkulazioko eremura edo logela batera bakarrik joaten ahal da.

6. Aparatuak alde batean bakarrik dauzkaten bainugela edo garbigeletan, paramentuen arteko gutxieneko aldea 1,20 m-koa izanen da. Aparatuak aurrez aurre badaude, gutxienez 1,60 cm-koa izanen da aldea. Betiere aparatuok kokatzen direneko tokiaren zabalera 0,90 m-koa izanen da, gutxienez.

7. Konketa, komunontzia eta bideta nahi bezain zabalak izanen dira. Aparatu horien zabalerak ez du bat eginen 60 cm-ko beste batenarekin.

8. Komunontzia dagoen gelak gutxienez komunontzia eta konketa edukiko ditu eta haren gutxieneko azalera 1,50 m²-koa izanen da eta zabalera 0,9 m-koa gutxienez.

9. Sabai okertuko bainugela, garbigela eta komungeletan, aparatuen arteko aldeek eta haien eta atearen artekoak gutxienez ere 2 m-ko altuera librea izanen dute.

10. Higiene aparatuak dauzkaten gelak lauzen edo antzeko material iragazgaitzen bidez estaliko dira, zoru eta pareetan, gutxienez ere 2 m-ko altuera arte.

17. artikulua. Arropa hedatzeko tokiak.

Etxebizitza orotan arropa kanpoaldean hedatzen ahalko da, kaletik ez ikusteko moduan babesturik. 1 m-tik beheitiko tarteetan soka gutxienez ere 6 m. luze izanen da. Tarte batetik bestera edo tarte batetik edozein elementutara gutxienez ere 20 cm-ko aldea izanen da. Soken azpitik 150 cm-ko altuera utzi beharko da, oztoporik gabea eta ate batek ezin ukitzeko moduan. Arropa barneko patio batean zabaltzen bada, ez da beharrezkoa izanen ikuspegia babestea.

2. Sokak kokatzen diren tokiak eta ikuspegia babesten duten elementu eta saretak ez dira traba izanen etxebizitzaren gutxieneko argiztatzerako behar den argizuloko argi zuzenetarako.

3. Arropa hedaltzeko tokia itxia bada, kanpoaldeak ixteko hozbero, hots eta abarrei buruzko arautegian behartzen diren itxitura eta baoen bidez bereiziko da etxebizitza.

4. Arropa hedatzeko toki itxiaren gutxieneko azalera 2,4 m²-koa izanen da. Sokak lehen aipatu diren baldintzak betez paratzen ahalko dira bertan eta bao bat izanen du, kanpotik sartzeko modukoa eta 1,20 m²-koa. Ur hustubidea ere izanen du.

5. Etxebizitza argiztatu edo aireberritzeko behar den baorik ezin egonen da arropa zabaltzeko tokietara begira.

6. Patioan arropa hedatzeko tokiak. Eranskin honetan xedatutakoa aplikatzekoa den zaharberritze obretan arropa hedatzeko propio diren patioak onartzen dira, gutxienez 2 x 2 m-koak solairuko, gehienez ere solairu bakoitzak bi etxebizitza baditu.

7. Arropa hedatzeko patioak estaliak izanen dira, eta nolanahi ere 2 m² _ko gailurra izanen du gutxienez eta hartan etengabeko aireberritzea eta kanpoko aire hartune bat, 0,10 m²-koa, solairu behekoenean kokatua.

18. artikulua. Zirkulatzeko guneak.

1. Atalondoa. Etxebizitzan sartzeko atearen ondoren 1,10 m-ko aldeak dituen lauki bat sartzen ahalko da.

2. Pasabideak. 90 cm zabal izanen dira gutxienez. 80 cm arte estutzen ahalko dira, baldin eta pasabidea estutzera behartzen duen elementuak libre uzten duen zabalera baino sakonera handiagoa ez badu.

3. Ateak. Barnealdeko pasabideetako ateen gutxieneko zabalera 80 cm-koa izanen da.

4. Etxebizitzako barneko eskailerak gutxienez ere 90 cm zabal izanen dira eta 27 cm-ko mailagaina eta gehienez ere 19 cm-ko mailarteak izanen dituzte. Baldintza hauek ez dira aplikatzekoak izanen inor bizi ez den tokietarako, ganbaretarako, eta abarretarako sarbideetan.

5. Maila berdinduek gutxienez ere 27 cm-ko mailagaina izanen dute, mailaren barneko ertzetik 45 cm-ra neurturik.

19. artikulua. Argiak eta aireberritzea.

1. Egongela kanpoaldetik edo etxe-multzo patiotik argiztatu eta aireberrituko da, familia bakarreko etxebizitzetan izan ezik. Sukaldea, egongela eta logelak lurzatiko patiora begira egoten ahalko dira. Betiere, 7. artikuluan aipatzen diren gutxieneko argi zuzenak 3 m-koak izanen dira.

2. Argizuloen gutxieneko eremua 1 m² izanen da, solairuko gela bakoitzeko azalera erabilgarriaren % 10 alegia. Argizuloak toki ireki edo begiratoki batera begira badaude, argiztatze eremurik txikiena % 50 handituko da. Toki irekian edo begiratokian kanpora begira dagoen argizuloak haren eta hartara begira dauden gelen azalera erabilgarriaren % 10 hartuko du, gutxienez. Era berean, argizuloentzat orokorrean ezarritako gainerako baldintzak beteko ditu, hala nola argi zuzenei eta bertan sartu beharreko irudiei buruzkoak, besteak beste.

3. Argiztatzeko gutxieneko azalera kalkulatzeko gela bakoitzaren lehenbiziko 20 m²-ak bakarrik hartuko dira kontuan.

4. Argizulo osoa argiztatzekoa dela ulertzeko beira gardenezko azalera, baoaren % 70koa gutxienez beharko du. Aurrekoa baino txikiagoa baldin bada, beira gardenezko azalera besterik ez da kontuan hartuko.

5. Gela bakoitza argiztatu eta aireberritzeko baoak gelan sartu beharreko gutxieneko laukizuzenetik 2 m-ra egonen dira gehienez.

6. Egongelak eta logelak ezin argiztatuko dira denek erabili beharreko korridoreen bidez.

7. Administrazioak agindurik, aurrealdeari eusten dioten zaharberritze lanetan, aski izanen da I. eranskineko 19,4 puntuan eskatzen diren gutxieneko baldintzak betetzea.

8. Egongela, sukaldea eta logela nagusia argiztatzeko azaleran, zoladuraren gaineko 95 cm-tik 180 cm-ra bitarteko zerrendan bao bat utziko da. Bao horrek, ireki ondoren, gutxienez ere 70 x 70 cm-ko neurria izanen du.

9. Zuzenean aireberritzeko gutxieneko baoek gutxienez argiztatzeko eremurik txikienaren heren bat hartuko dute. Baoak irekitzeko gailua zoladuraren gainean egonen da, gehienez ere 1,50 m-ko altueran.

10. Sukaldeak, bainugelek, garbigelek eta komungelek tiro bortxatuaren bidez etengabe aireberritzeko hodi iraunkor bat izanen dute estalkiraino, ke-kanpai, galdara eta abarretako erabiltzen direnetatik bereizia. Hodien gainaldeek pieza aspiratzaile estatiko edo dinamiko bat izanen dute estalkian. Zuzeneko aireberritzerik ez daukaten jakitegiek ere izanen dute hodi hori. Sukaldeek, gainera, ke-kanpaia lotzeko hodi bereizi bat edukiko dute estalkiraino, gutxienez ere 10 cm-ko diametroa izanen duena.

11. Garbigeletako ateen beheko aldean gutxienez ere 70 cm²-ko sareta edo bao bat izanen da.

12. Sukaldeak eta egongelak toki bakar bat osatzen dutenean, beharrezkoa izanen da, aireberritze etengabeaz gain, estalkiraino aireberritze mekaniko bat ere izatea, orduan 300 metro kubiko aspiratzeko gaitasuna duena, gutxienez.

20. artikulua. Etxebizitzetako gutxieneko instalazioak.

1. Etxebizitza-eraikinetarako 2. artikuluan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak edukiko ditu etxebizitza orok. Haren barnealdean zehar instalazio bakoitzean aplikatzekoak diren erregelamendu teknikoak betez bideratuko dira.

2. Sukaldeko eta garbigeletako ur hotz eta beroko sareek 1 kg/cm²-etik 4,5 kg/cm² _ra bitarteko presioa edukiko dute. Uraren lastertasuna 1,5 m/s-koa izanen da, gehienez ere. Ura berotzen duen tresnak 13 litroko bat-bateko kontsumoa bermatuko du minutuko, 40 °.C-tan, edo 75 litroko kontsumo metatua.

3. Iturgintzako instalazioa daukan gela bakoitzak ura eteteko giltza edukiko du.

4. Sukaldeek ura hartu eta husteko hartuneak izanen dituzte, harraska, garbigailu eta plater-ikuzgailurako. Garbigailuko eta plater-ikuzgailuko hartuneek ura eteteko giltza bana edukiko dute. Argindar sare landatua eta lurreko hartunea, behe tentsioko argindar erregelamenduaren arabera.

5. Telebista, irrati, telefono, kable bidezko hedabide eta abarretako hartuneen kopurua eta tokia bat etorriko dira telekomunikazioei buruz indarra duen arautegiarekin.

6. Beira bidez ixten diren kanpoko bao guztiek kanpoaldean sareta edo kontraleihoa edukiko dute, gela iluntzeko eta eguzkiaren zuzeneko izpietatik babesteko moduan. Barnealdea iluntzeko sistemak onartzen ahalko dira eguzki-izpien aurkako babesa bermatzen duten kanpoko bestelako elementuak daudenean.

7. Etxebizitza orok berokuntza sistema bat edukiko du, etxebizitzaren barnealde osoa 20 °.C-tan edukitzeko modukoa, eraikinen baldintza termikoei buruz indarra duen arautegian ezarri bezala.

21. artikulua. Etxebizitzen eta eranskinen azalerak.

1. Etxebizitzen edo haren gelen azalera erabilgarriak eta eraikiak ondoren ematen diren irizpideen arabera neurtuko dira. Hortik ateratzen diren zifrak agertuko dira haiei buruzko agiri guztietan, baita saldu edo alokatzeko iragarkietan ere.

2. Eraikitako azalera ondorengo hauek batuz lortuko da:

a) Fatxadak ixteko kanpoko aldeak eta mehelinek edo beste etxebizitza, lokal edo elementu komunetatik bereizteko elementuek mugatzen dutena.

b) Erabilera pribatuko kanpoaldeko azalerak (terrazak, balkoiak eta abar). % 50 kontatuko da: , estalia egonik, bi aldeetan paretak muga dituen zatian eta % 50 gainerako azaleran. Begiratoki eta arropa hedatzeko toki itxietan azaleraren % 100 kontatuko da.

Ez dira kontatuko etxebizitzaren azalera eraiki gisa beste elementu baten estalki lauak osatzen dituen terrazak, etxebizitzak bakarrik erabiltzekoak izanik ere, baldin eta eraikina jabetza horizontalki banatzeko araubidearen arabera osatua bada eta estalki hori eraikineko elementu komunen artean sartua bada.

Kanpoaldeko toki estaligabeak, nahiz eta zolaberrituak izan, ez dira beheko solairuko etxebizitzen azalera eraiki gisa kontatuko.

Arropa hedatzeko azalera terrazetako irizpidearen arabera neurtuko dira, joanerraz eta irekiak badira, eta % 100 itxiak badira.

c) Elementu komunetako azalera eraikiaren zati proportzionala, aurreko irizpideen arabera neurturik.

3. Etxebizitzaren azalera erabilgarria aurreko a) eta b) atalen batura izanen da, hauek guztiak kenduta: murruak, trenkadak, terrazetako karelak, egiturazko elementu bertikalak eta hodi exentuak eta 100 cm²-tik goitiko sekzio horizontala duten itxitura edo trenkadak gainditzen dituztenak, eta 1,50 m-tik beheitiko altuera librea duen azalera.

4. Etxebizitzako gela bakoitzaren edo trastelekuaren azalera erabilgarria horiek mugatzen duten itxituren barneko aldearen perimetroak hartzen duena izanen da, etxebizitzen azalera erabilgarria neurtzeko kentzen dena kendurik.

5. Garaje baten azalera eraiki osoa izanen da azalera estalia kanpotik mugatzen duten itxituren kanpoko aldeko perimetroaren eta beste erabilera edo mehelin batzuetatik bereizten duen ardatzaren barruan sartzen dena.

6. Garaje baten azalera erabilgarria izanen da hura mugatzen duen laukizuzenarena, oztoporik gabe eta elementu komunak edo garajeko zirkulaziokoak kontatu gabe, adibidez, arrakalak, korridoreak edo hondarreko espazioak.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web