(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

243/1999 FORU DEKRETUA, LANDA-ETXEETAN OSTATATZEA ARAUTZEN DUENANota de Vigencia

BON N.º 105 - 23/08/1999



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. BALDINTZA TEKNIKOAK


  III. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA

  LEHEN ATALA. BIZITZA ALOKATZEKO LANDAETXEAK

  BIGARREN ATALA. GELAK ALOKATZEKO LANDAETXEAK

  HIRUGARREN ATALA. ARAU KOMUNAK


  IV. KAPITULUA. Prozedura


  I. ERANSKINANota de Vigencia. GELAKA ALOKATZEN DIREN LANDETXEAK SAILKATZEKO IRIZPIDEAK


  II. ERANSKINANota de Vigencia. ETXEBIZITZALANDETXEAK SAILKATZEKO IRIZPIDEAK


  III. ERANSKINANota de Vigencia. EZAUPIDEZKO PLAKA


Atariko

Landa-etxeen araudia onesten zuen martxoaren 22ko 105/1993 Foru Dekretua onetsi zenetik ez da aldaketarik izan ostatatze mota hori erregulatzeko araudietan, salbu eta otsailaren 20ko 53/1995 Foru Dekretuko aldaketa txiki batzuk. Hala ere, ostatatze mota hau nabarmen hazi delarik, lehengoa halako hiru ia, eta bizitzaren erabilera eta gozamena laga egiten duten Landa-etxeak hainbeste ugaldu direlarik, beharrezkoa da berritik arautzea, urteotan bildu den esperientzia oinarri.

Gauzak horrela, ostatetxe hauetarako baldintza teknikoetan ez da aldaketa handirik sartzen, merkatuko eskarietara moldatzeko behar direnak eta aurreko arauaren indarraldiak beharrezko egin dituen alderdi batzuk besterik.

Berrikuntzarik handiena Landa-etxeen kategorien arautzea da, beharrezkoa baitzen ostatetxeak honez gero hainbeste eta hainbestetarikoak direlako, ostatu eskaintza eta hartzaileen premiak hobeki ezkontarazi beharrez.

Beste berrikuntza aipagarri bat da Landa-etxeak ezarri ahal izateko gorengo jende-muga 3.000 biztanletara igotzea, ikusi baita kopuru horretarainoko populazioak ez duela galarazten etxearen landa giroa.

Halaber, hartzaileen sektore baten eskariari ere asebidea eman nahi izan zaio, agroturismoko jarduerak dituzten Landa-etxeak ere aintzat hartuaz.

Gauzak horrela, Turismo gaietako eskumenei buruzko uztailaren 8ko 48/1963 Legearen 1. artikuluak agintzen duenaren ildotik, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak hala proposatuta eta Nafarroako Gobernuak ekainaren 28ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . HelburuaNota de Vigencia.

Foru Dekretu honen helburua da Landa-etxeetako turista-ostatatzea arautzea.

Foru Dekretu honen ondorioetarako, hauxe aditzen da Landa-etxeetako turista-ostatatzeaz: bertako herri arkitektura tradizionalaren ezaugarri estetikoak dituen eta Foru Dekretu honetan definitzen diren instalazio eta zerbitzu gutxienekoak betetzen dituen eraikin batean prezio baten aldera gela edo bizitza zerbitzua ematea, otordu zerbitzua barne nahiz halakorik gabe.

2. artikulua . Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren ahalmenakNota de Vigencia.

1. Landa-etxeetan Ostatu ematen aritzeko, Industri,Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren baimena erdietsi behar da aurrez.

2. Industri,Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, gainera, honako eskumenak izanen ditu Landa-etxeei dagokionez:

a) Landa-etxeak ireki eta ixteko baimena ematea.

b) Foru Dekretu honen pean diren ostatetxeak ikuskatu eta begiratzea, instalazioen egoerari kontu eginez, zerbitzuen baldintzei, deklaratu diren prezioen aplikazioari eta bezeroei egiten zaien harrerari.

c) Behar diren neurriak hartzea jarduera bultzatu eta babesteko.

d) Foru Dekretu honen pean diren titularren eta ostatetxeen kontra egiten diren erreklamazio administratiboak tramitatu eta, hala tokatzen bada, indarra duten legeek aurreikusten dituzten zehapenak eta beste neurriak ezartzea.

e) Antolamendu Juridikoaren beste arauetan aurreikusten diren beste eskumenak.

3. artikulua . Landaetxeetako eraikinek zer baldintza bete behar dituzten.

Landa-etxeetako eraikinek honako baldintzak bete behar dituzte:

a) Bertako herri arkitektura tradizionalaren ezaugarri estetikoen araberakoak izatea.

b) Eraikinak gehienez bi bizileku izatea, eraikin jabearen ohiko bizilekuaz gainera.

c) Eraikin osoa erabiltzea Landa-etxean ostatu emateko, salbu eta ostatetxearen titularraren ohiko bizilekua ere eraikinean dagoen kasuetan.

d) 3.000 biztanle baino gutxiagoko herri batean egotea, edo hori baino gehiagoko batean badago, gutxienez hiri-lurraren poligonotik 200 metrora egotea eta eraikin sakabanatuko eremu batean.

e) Gutxienez birentzako gela bat eta gehienez 16 toki finko eta 2 gehigarrizko izatea.

f) Foru Dekretu honetan aurreikusten diren gutxieneko instalazio eta zerbitzuak izatea.

4. artikulua . Ostatatze motak.

Landa-etxeetan turistei ostatu ematea honako modalitateetako batean eginen da:

a) Gela alokatzeko Landa-etxeak: ostatetxe horietan, titularrak bere bizilekua daukan etxebizitza berean ematen du gela-zerbitzua, ostarientzako eremu edo eranskin batean.

b) Bizitza alokatzeko Landa-etxeak. Ostatetxe horietan etxebizitzaren erabilera eta gozamena uzten da, berehala erabiltzeko moduko baldintza, ekipo, instalazio eta zerbitzuekin.

5. artikulua . Sailkapena eta plaka bereizgarriaNota de Vigencia.

1. Turismoko araudiaren ondorioetarako, landetxeak kategoria hauetan sailkatuko dira zerbitzu eta instalazioen kalitatearen arabera: 1, 2, 3, 4 eta 5 izar, foru dekretu honen I. eta II. eranskinetan ezarritako arauei jarraituz.

2. Landetxearen sailkapena duten turismoko establezimendu guztietan nahitaez erakutsi beharko da plaka bereizgarria sarrera nagusiaren ondoan.

Turismoko eskumena duen kontseilariak finkatuko ditu plaka bereizgarriaren ezaugarriak.

6. artikulua . Publizitatea.

1. Landa-etxeen publizitatean eta bezeroentzako zerbitzuen frogagiri edo fakturetan, ostatatze mota eta kategoria azalduko dira.

2. "Agroturismo" eta antzeko hitzak erabili ahal izateko, kasuko Landa-etxearen titularrak, aurretik Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren baimena duela, bezeroek parte hartzeko moduko nekazari-abeltzain lanetan aritu behar du, ostatetxearen hurbileko lurretanNota de Vigencia.

3. Debekatu egiten da "Nekazal Etxea", "Nekazal Turismoa" eta halako izenak erabiltzea, nahasgarri baitira ostatatze mota eta kategoriari antz emateko.

7. artikulua . Erantzukizun zibileko aseguruaNota de Vigencia.

Landa-etxeek etengabeko indarrean eduki behar dute erantzukizun zibilaren gaineko aseguru bat, ostatetxeari edo haren menpeko pertsonei egozteko moduko egitateengatik bezeroei heldu zaien kalte eta hondamenak berdintzeko modukoa (ezinbesteak salbu). Aseguruaren gutxieneko kopurua 25.000.000 milioikoa izanen da eta 10.000 baino gutxiagoko frankiziak onartuko dira.

Ostatetxeek zilegi izanen dute bezeroentzako prestazio handiagoak bermatzen dituzten aseguruak hartzea.

8. artikulua . Instalazioak eta tresnak.

Instalazioak, haltzariak, apaingarriak eta tresnak, Landa-etxe bakoitzaren ostatatze gaitasunaren, kalitate mailaren eta kategoriaren araberakoak izanen dira beti, eta behar bezalako mantentze, funtzionatze eta garbitasun kondizioetan egonen dira.

II. KAPITULUA. BALDINTZA TEKNIKOAK

9. artikulua . Instalazio eta zerbitzu gutxienekoak.

Landa-etxeek gutxienekoan honako instalazioak eta zerbitzuak izanen dituzte:

a) Edateko ur lasterra, hotza eta beroa, ur beroaren emari bermatu gutxienekoa 40 litro/plaza dela.

b) Dauden elektrogailuak erabiltzeko adinako elektrizitate hornidura.

c) Berotze sistema finkoa logeletan, bainugeletan eta bezeroentzako jantokian.

d) Zerbitzu higienikoak.

e) Lehen laguntzarako botikina, bezeroek erraz ikusi eta noiznahi eskuratzeko moduan jarria.

f) 6 Kg.ko su-itzaltzekoa solairu bakoitzean erraz ikusi eta eskuratzeko moduan jarria

g)Larrialdietako eta suteetan etxea jendehusteko argiak.

h) Telefonoa. Bizitza alokatzeko Landa-etxeen kasuan, aski izanen da ostatu-arduradunak ostatetxea dagoen herrian telefonoa edukitzea.

j) Ostatetxeko solairuen arteko eskaileretan pretila edo baranda izanen da.

10. artikulua . Bezeroentzako zerbitzu higienikoak.

1. Foru Dekretu honek agintzen dituenetarako, bainu-gela esaten denean honako zerbitzu higieniko minimoak dituen gela ulertuko da:

-Ixtura hidraulikoarekiko komuna.

-Lababoa.

-Dutxa edo bainontzi erdia, ur bero eta hotzarekin.

-Lababoaren gaineko ispilua.

-Argindar-hartunea lababoaren ondoan.

-Apala, armarioa edo antzekoa, osorik bezeroek erabiltzekoa.

2. Zortzi pertsonarentzako edo gutxiagorentzako bizitzako Landa-etxeek, gehigarrizko tokiak ere barne kontatuta, gutxienez bainugela bat izanen dute eta hori baino gehiagorentzakoek gutxienez bi bainugela.

3. Gelak alokatzeko Landa-etxeetan, soilik bezeroek erabiltzeko bainu gelen proportzioa honakoa izanen da, kalkulu horretan gehigarrizko ostatu tokiak ere kontatuta:

-6 pertsona edo gutxiagorentzako ostatetxeetan bainugela bat.

-Bi bainugela 7 pertsona edo gehiagorentzako eta 13 baino gutxiagorentzako ostatetxeetan.

-Hiru bainugela ostatetxea 12 pertsona baino gehiagorentzakoa denean.

Dituen plazen arabera zenbat bainugela behar diren kalkulatzeko, kanpo utziko dira bezeroen logelei datxizkien bainugelak eta logela horiei dagozkien ostatu plazak.

11. artikulua . Bezeroen logelak.

1. Logeletako azalera gutxienekoa 10 m2koa izanen da birentzako gelen kasuan eta 7 m2koa bakar batentzakoetan. Logelak egongela ere baldin badu, gutxienezko azalera 14 m2 izanen da.

2. Kanpoko argitze azalera gutxienekoa gelaren oineko azalera erabilgarriaren %8 izanen da, eta argitze azalera horren gutxienez heren bat kanpotik zuzenean egurasteko moduko hutsunea izanen da.

3. Logelek honako ekipamendua izanen dute gutxienez:

-Birentzako edo bakar batentzako oheak, koltxoiak eta azal babesgarridun burkoak.

-Mesanotxea.

-Aulkia

-Arropa armarioa

-Ohetik piztu-itzaltzeko moduko argi ontzia.

-Izarak eta ohe-oihalak, bainu-toalla bat eta esku toalla bat gelako plaza bakoitzeko.

4. Debeku da logeletan literak jartzea.

5. Logela guztiek suteetan jendehutseko plano bat izanen dute, gelako atearen barrenaldean jarria.

6. Gelak alokatzeko Landa-etxeetan, bezeroentzako logelak behar bezala numeratuta egonen dira eta sarraila bana izanen dute. Giltza, edo bezeroak gela itxi eta sarbidea kontrolatzeko moduko beste sistema bat bezeroari emanen zaio.

12. artikulua . Egongelajangela.

Egongela-jangelak gutxienez 2 m2 izanen ditu plaza bakoitzeko, gehigarrizko plazak barne. Ez da inoiz izanen 10 m2 baino gutxiagokoa.

Gutxienez jateko mahai bat izanen du eta jangelan eta egongelan ostatetxeak dituen plazak adina jarleku, gehigarrizko plazak barne kontatuta.

Gelak alokatzeko Landa-etxe batean ostatetxearen titularrak eta haren etxekoek ere erabiltzen badute egongela-jangela, etxean bizitzen diren etxekoak ere kontatuko dira arestian esandako proportzioak kalkulatzeko.

13. artikulua . Gehigarrizko plazak.

Gelak alokatzeko Landa-etxeetan zilegi izango da birentzako geletan gehienez bi ohe sartzea, baldin eta gelaren azalera 11.2 artikuluan esandako azalera gutxienekoari goiti egiten badio gutxienez gehigarrizko ohe bakoitzeko %25 batean.

14. artikulua . Sukaldea.

Bizitza alokatzeko Landa-etxeek eta sukaldea erabiltzeko eskubidea edo otorduak ematen dituzten gelak alokatzeko Landa-etxeek eguraste naturala duen sukaldea izanen dute, gutxienez honakoez hornitua:

-Sukalde elektrikoa edo gasezkoa, sutune bat baino gehiago eta labea dituena.

-Hozkailua.

-Garbitzeko makina.

-Baxera, basoak, sail bereko jan-tresnak (1,5 ale ostatu plazako, gehigarriak barne).

-Behar adinako ostilamendua ostatu kapazitatearen arabera.

-Lisa burdina

-Kafe makina.

15. artikulua . Beste baldintza tekniko batzuk.

Foru Dekretu honetan arautu ez diren baldintza teknikoak finkatzeko, etxebizitzetarako aurreikusten diren bizigarritasun baldintza gutxienekoak ezarriko dira.

III. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA

LEHEN ATALA. BIZITZA ALOKATZEKO LANDA-ETXEAK

16. artikulua . Ostatuan sartzen diren zerbitzuak.

1. Bizitza alokatzeko Landa-etxeetan jakintzat ematen da ostatu prezioan etxeko edo etxeari erantsitako zerbitzu eta instalazioen erabilera normala kontatuta dagoela, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaak baimendu duen plaza kopuruaren arabera.

2. Beti ere honakoak kontatuko dira ostatu prezioaren barrenean:

a) Ur hornidura.

b) Argindarra

c) Sukaldea, berotze sistema eta ur beroa ibiltzeko behar den sugaia.

d) Toallak, izarak eta behar diren beste elementuak erabiltzea. Hartarako, ostatu plaza bakoitzeko aldagarrizko izara eta toalla sorta bat izan behar da.

3. Berogailua bezeroak dioenaren arabera programatuko da, bai tenperaturari dagokionez eta bai piztuta edukitzeko ordu kopuruari dagokionez, baina ez da zilegi izanen lo orduetan ere piztuta edukitzeko eskatzea.

17. artikulua . Etxe osoko landaetxeen zerbitzu osagarriakNota de Vigencia.

Establezimenduek zerbitzu osagarriak eskaintzen ahalko dizkiete bezeroei, eta establezimenduko titularren erantzukizuna izanen da haiek behar bezala ematea.

18. artikulua . Ostatetxearen arduraduna.

Titularrak berak ez badu zuzenean ebaltzen ostatua, arduradun bat izendatu behar du, ostatua eman eta bezeroekin sortzen diren gora behera guztiak garbitzeko kargutua.

Arduradun horrek bezeroek harengana jotzeko moduan egon beharko du ostatetxea dagoen herrian eta haren kontu egonen da Landa-etxearentzako telefonoa.

19. artikulua . Etxea edo gelak bezeroaren esku uztea.

Sartzeko finkatu zen egunetik bezeroen esku utziko da etxea edo gela, berehala erabiltzeko moduko kontserbazio, funtzionamendu eta garbitasun kondizioetan, eta aurrez itundu diren zerbitzu guztiak ere egonen dira ordutixek bezeroaren esku.

Hartarako ostatetxe bakoitzean zerrenda batean zehaztuta egongo da, erraz ikusteko tokian, sukaldeak ze tresna eta ze altzari eta osagarri dituen, eta bakoitzetik zenbat diren. Iristen den uneantxe zerrendaren kopia bat emanen zaio bezeroari. Bezeroek alde egin baino lehen zerrenda konprobatu egin beharko da.

20. artikulua . Berme gordairua.

Landa-etxeek zilegi izango dute diru kopuru bat eskatzea bezeroari gordairu gisa. Diru hori ostatetxea eta bertako tresnak egoki erabiltzekotan itzuliko da eta kalte-hondamenik izaten bada, haien berme izanen.

21. artikulua . Bezeroen sartuatererak.

Parteek espreski besterik itundu ez badute, jakintzat ematen da finkatu egunaren 17etan ostatua bezeroek erabiltzeko prest egonen dela. Jakintzat ematen da, halaber, finkatu egunaren 12etarako bezeroak aldeginda beharko duela.

Bezeroek hartu bezalako garbitasun, funtzionamendu eta erabilera kondizio beretan itzuli beharko dute etxea.

22. artikulua . Egonaldia pagatzea.

Parteek espreski besterik itundu ez badute, bezeroak Landa-etxea hartzen momentuan pagatu beharko du egonaldiaren prezioa.

Aurrezko erreserba egin bada eta parteek espreski besterik itundu ez badute, jakintzat ematen da aurrerakintzat edo seinaletzat eman den dirua bermezko gordairua dela.

23. artikulua . Gonbidatuak onartzea.

Zilegi izango da Landa-etxeak gobernatzeko arauetan etxean gonbidatuak hartzeko aukera eta aukera horren noiz-nolakoak erregulatzea. Xedapen horiek hautsiz gero, zilegi izango da egonaldia muga baino lehen etenaraztea.

Gonbidatu batek ostatetxean ematen badu gaua, beste plaza bat erabili dela kontatuko da.

BIGARREN ATALA. GELAK ALOKATZEKO LANDA-ETXEAK

24. artikulua . Ostatatzean sartzen diren zerbitzuak.

1. Gelak alokatzeko Landa-etxeetan jakintzat ematen da ostatatzean honako zerbitzuak sartzen direla:

a) Gela zerbitzua, eta haren barrenean izara eta toallen erabilera.

b) Gosaria.

2. Birentzako gela bat bezero bakarrak erabiltzearen prezioa ez da izanen bik erabiltzeko prezioaren %80 baino gehiago.

3. Beti ere ostatatzearen prezioan ur, argindar, kalefakzio eta gelak garbitzearen gastuak sartuko dira.

4. Toallak bezeroak eskatzen duenean aldatuko dira eta luzenez hiru egunetik. Gau bat baino gehiagotako egonaldietan, izarak gutxienez hiru gauetik aldatuko dira.

25. artikulua . Osagarrizko zerbitzuak.

1. Establezimenduek zerbitzu osagarriak eskaintzen ahalko dizkiete bezeroei, sukaldea erabiltzeko eskubidea edo jateko zerbitzua besteak beste, eta establezimenduko titularren erantzukizuna izanen da haiek behar bezala emateaNota de Vigencia.

2. Zerbitzu osagarri horiek Landa-etxean ostatuz dauden bezeroak beste hartzailerik ez dute izanen eta legez kanpokotzat joko da zerbitzuok publiko orokorrari ematea.

26. artikulua . Gehigarrizko oheak ezartzea.

Gehigarrizko oheak gela batean ezarri ahal izateko, aurrez Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren baimena beharko da.

Baimendutako geletan dauden sofa-oheak ere gehigarrizko ohetzat joko dira.

Gehigarrizko oheak bezeroak hala eskatuta ezarriko dira. Eskaera hori egoki dokumentaturik eta bezeroak sinaturik egonen da eta harengatik ez da zilegi izanen ohea jartzen zaion gelaren prezioaren %35 baino gehiago kobratzea.

Ez dira gehigarrizko ohetzat hartuko bezeroak eskatuta ezartzen diren sehaskak, eta ostatu prezioan kontatutakotzat joko dira.

27. artikulua . Bezeroen sartuatererak.

1. Gelak, eta bezeroentzako eremuak, itundu zen egunean utzi beharko dira bezeroaren kontu, berehala erabiltzeko moduko kontserbazio, funtzionamendu eta garbitasun kondizioetan.

2. Parteek espreski besterik itundu ez badute, jakintzat ematen da finkatu den egunaren 17etan utzi behar dela etxea bezeroen esku. Bezeroak, halaber, finkatu den egunaren 12etarako aldeginda beharko du etxetik.

28. artikulua . Ostatetxean egoteko erregimena.

Landa-etxeek zilegi izango dute "pentsio osoa" erregimen bat ezartzea, haren barrenean ostatua, gosaria, bazkaria eta afaria direla; prezioa Turismo Zerbitzuari eman beharko zaio aditzera.

Bezeroek erabakiko dute zer erregimenetan egin nahi duten beren egonaldia eta ez da zilegi izanen ostatetxeak erregimen jakin bat nahitaezkotzat jartzea.

HIRUGARREN ATALA. ARAU KOMUNAK

29. artikulua . Ostatetxearen publikotasuna.

Landa-etxeak publikoarentzako ostatetxeak dira, eta beraz libre da haietara jotzea.

Ez da zilegi izanen ostatu zerbitzua ukatzea non eta arrazoi objetibo eta bereizkeria gabeak ez dauden, aditzera ematen ez diren eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aurrez baimena ematen ez duen.

30. artikulua . Egonaldia nola finkatu.

Parteek adostu bezalako denboran okupatu eta erabiliko dute bezeroek ostatua. Hala ere, zilegi izango da bezeroaren egonaldia muga baino lehen etenda uztea ohiko gizalege, higiene edo konbibentzia arauak betetzen ez baditu edo, titularrak espreski debekatu bazuen ere, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendutako plazak gainditzen badira.

31. artikulua . Ostatetxeak ematen dituen zerbitzuen edukia.

Landa-etxeen titularrek kontratatu bezala eman beharko dituzte zerbitzuak, Foru Dekretu honek agintzen duen moduan eta, haren ordezkagarri, ohiko usario eta azturen arabera.

Hartarako, kontratatutako zerbitzuen edukia eskaini, bultzatu edo publizitatu diren produktu, jarduera edo zerbitzuak direla ulertuko da, egindako kontratuetan edo jasotako frogagirietan ageri ez badira ere.

32. artikulua . Prezioen publizitateaNota de Vigencia.

1. Zerbitzu guztien prezioek ahalik eta publizitate handiena izanen dute, eta haietan ostatuari eta eskaintzen diren gainontzeko zerbitzu osagarriei buruzkoak adieraziko dira.

2. Prezioak agerian egonen dira, aise ikusi eta irakurtzeko moduan.

33. artikulua . Ostatetxearen funtzionamendu arauak.

Landa-etxeek bezeroen esku izanen dituzte ostatetxearen funtzionamendu arauak. Hor, bezeroek egonaldian kunplitu beharreko arauak ageriko dira, zerbitzuak ze ordutan ematen diren eta eskura dituzten tresna eta aparatuak erabiltzeko jarraibideak.

34. artikulua . Ostatu plazak hartzearen frogagiria.

Landa-etxeek, bezeroa sartzen denean, dokumentu bat emanen diote, zeinean zehaztuko den ostatetxeak zer izen eta kategoria duen, bezeroak zenbatgarren gela hartuko duen edo zenbat plaza kontratatu dituen, eta bai ere ostatuak zer prezio duen eta sartu-ateratzearen datak zein diren. Ostatetxeak dokumentu horren aldaki bat, bezeroak sinatua, beretzat atxikiko du.

Ostatuaren erreserba behar bezain lehenagotik egina bada, dokumentu hori bezeroari entregatu beharko zaio eta osatatu plazen erreserbaren frogagiri izanen da.

35. artikulua . Bezeroei emandako zerbitzuen frogagiriak.

1. Landa-etxeek bezeroak hartutako zerbitzuen frogagiri bat eman beharko dute. Bertan, gutxienez, bezeroaren izenaz gain, zein ostatu unitate erabili den, zenbat lagunek erabili dituzten eta noiz sartu eta atera diren zehaztuko da.

Orobat, banaka eta egun eta kontzeptuen arabera behar bezala zehaztuta jasoko da zer zerbitzu eman diren.

2. Zerga legeriak faktura eman behar dela agintzen duen kasuetan, aurreko zenbaki berean aipatzen den betebeharra kunplitutzat emanen da faktura entregatzen denean baldin eta aurreko zenbakian esan den gutxieneko informazioa badauka.

3. Landa-etxeek ikuskatzaileen esku edukiko dituzte aurreko zenbakietan esan diren faktura edo ordainagirien aldakiak, eman zirenetik hiru urtera arteko epean.

36. artikulua . Ostatu plazak erreserbatzeko erregimena.

1. Ostatu plaza baten erreserba kontratatu baino lehen, Landa-etxearen titularrak aditzera emanen dio bezeroari ostatetxearen eta ingurunearen baldintzetan aldaketa esangurazkorik izan den, egonaldiari ezertan eragiteko modukorik.

Parteek espreski besterik itundu ez badute, jakintzat emanen da bi parteek honako arauak adostu dituztela ostatu plazak erreserbatzeko erregimenari dagokionez:

a) Aurrerakina edo seinalea gehienez erreserbatu diren plazen eta egun kopuruaren araberako dirutzaren % 40 izanen da.

b) Landa-etxearen erreserba okupazio eguna baino 7 egun baino gehiago eta 15 egun baino gutxiago lehenago deusezten bada, jabeak zilegi izango du gordairuaren %50 lakatzea.

c) Okupazio eguna baino lehenagoko zazpi egunetan ostatetxeari erreserba deuseztu nahi dela aditzera ematen bazaio, jabeak zilegi izango du gordairu edo seinaletzat jarri zen dirua beretzat atxikitzea.

d) Bezeroak, aurrez abisurik eman gabe, egonaldia hasteko egunaren arratsaldeko zortziak baino lehen iristen ez badira, erreserba deuseztutzat emanen da, non eta lehenago bezeroak eta jabeak beranduagoko beste iriste ordu bat hitzartu ez duten.

e) Ostatetxeak ezin izaten badu, erreserba egin ondoren, finkatu den egunean gauzatu, kalte-ordaina eman beharko dio bezeroari, behar bezala frogatzen ahal diren kalte guztiengatik, tokatzen diren administrazio zehapenak ezertan galarazi gabe.

3. Ostatu plazen erreserba eten, deuseztu eta kantzelatu egiten bada, eta parteek espreski besterik itundu ez badute, ordezkagarri Bidaia Konbinatuei buruzko uztailaren 6ko 21/1995 Legeak agintzen dituenak hartuko dira aintzat, legeak kasu horiek arautzen baititu bidaia konbinatuen kontratuetarako.

37. artikulua . Bezeroen sartuaterera kontrolatzea.

Barne Ministerioaren otsailaren 14ko Aginduarekin bat, Landa-etxe guztiek kasu eginen diote bezeroen sartu- atererari erregistro liburu baten eta bidaiarien sartze parteen bidez. Bidaiariak sartzen direnean, inprimakiak behar bezala beteko eta sinatuko dituzte, eta ezinbestekoa izanen da erregistro orriak polizi postuan edo Goardia Zibilaren komandantzian aurkeztea.

38. artikulua . Bezeroekiko harremanei aplikatzeko araudia.

Turismo gaietako eskumenei buruzko uztailaren 8ko 48/1963 Legearen 6. artikuluak aurreikusten duenaren arabera, Landa-etxeen titularrek eta haien bezeroek abiatzen dituzten harremanek kasurako diren Zuzenbide Komunaren arauak izanen dituzte gobernabide.

39. artikulua . Ostatetxearen erabiltzailearen eskubideak eta arauhauste eta zehapenak.

Landa-etxearen erabiltzaileak uste izaten badu bere eskubideei kalte egin zaiela edo ez zaiola behar bezala kaso egin, zilegi izango du bere defentsarako prozedura eragingarriak abiaraztea, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak defendatzeko uztailaren 19ko 26/1984 Legeak eta hura garatzen duten beste arauek aurreikusi bezalakoak.

Foru Dekretu honetan agintzen denaren kontrako hausteak Turismo Diziplinari buruzko azaroaren 17ko 14/1997 Foru Legeak xedatzen duenaren arabera tramitatu eta zehatuko dira.

IV. KAPITULUA . Prozedura

40. artikulua . Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeaNota de Vigencia.

1. Jarduera hasi aurretik, eta establezimendua Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Titularraren erantzukizuneko aitorpena, haren datuak biltzen dituena, honako hauen jabe dela adierazita:

- Legezko dokumentazioa, higiezinaren jabe edo errentari dela dioena, edo beste edozein titulu, turismoko ostatu izateko prest dagoela frogatzen duena, baita establezimenduaren gaineko datuak ere, kokalekuari, edukierari eta modalitateari dagokienez.

- Lehen okupazioko udal lizentzia, edo bizigarritasun zedula, edo horien ordezko dokumentua.

- Erantzukizun zibileko aseguruaren kontratua, 150.000 euroko estaldura duena gutxienez. 60 eurotik beherako frankiziak onartuko dira.

b) Obra bukaerako planoak edo, horiek gabe, 1:100 eskalako planoak, gela bakoitzeko azalera adierazita.

c) Nekazaritza-turismoko jardueren txostena, halakorik bada.

2. Establezimenduetako aldaketak, titulartasun aldaketak, jarduera uztea eta, oro har, inskribatu edo jasotako datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira.

41. artikulua . Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari aditzera eman behar zaizkionakNota de Vigencia.

1. Landa-etxeek ostatatzearen eta eskaintzen diren beste zerbitzu-jardueren prezioak aditzera eman beharko dituzte indarra hartu baino lehen. Lehenbizikoz hasten diren Landa-etxeek, Departamentuak baimena jakinarazi eta hurrengo hamar egunetan eman beharko dituzte aditzera preziook.

2. Ezeren aldaketarik izaten bada Landa-etxea urtero zabaldu eta ixteko datetan, behin betiko ixtean, Landa-etxearen arduradunetan eta beste edozein alderditan, hala emanen zaio aditzera Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, benetako indarra hartu baino lehen.

3. Ezeren aldaketarik izaten bada etxearen kategorian, gela kopuruan, gelen jarkeran edo haien nolakotasun teknikoan edo ematen diren zerbitzuetan, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimena eman beharko die aurretik, hartarako eskaera aurkeztuta, honako dokumentazioarekin batera:

a) Geletan eta elementu eta eremu komunetan zer aldaketa eginen diren edo zer zerbitzu berri eskaintzen diren zehazten duen txostena.

b) Titulartasun aldaketa zineztatzen duen dokumentua.

c) Instalazioen jarkera berriaren planoa.

d) Gelen numerazioa.

e) Udalaren txostena, aldaketek 40. artikuluko f) letran aipatzen diren baimen-eskakizunei eragiten dietenean.

4. Ostatetxearen titulartasun aldaketak hamabost egunetan eman beharko dira aditzera titulartasuna benetan eskualdatzen denetik, eta honako dokumentazioa ere aurkeztuko da:

a) Titulartasun aldaketa zineztatzen duen dokumentua.

b) Foru Dekretu honetako 7. artikuluan aurreikusten den aseguru kontratuaren aldakia.

5. Erantzukizun zibilaren aseguruko edozein aldaketa, dela asegurupeko kapitalean, kanpo utzitakoetan, baldintza orokorretan, klausuletan, frankiziaren zenbatekoan, eta abarretan, aditzera eman egin beharko dira indarra hartu baino lehen.

Erantzukizun zibilaren asegurua luzatu egiten bada, aseguru prima pagatu izanaren frogagiriaren aldakia aurkeztu beharko da pagatu eta hurrengo hamabost egunetan.

42. artikulua . Sailkatzeko irizpideakNota de Vigencia.

Sailkapen bat emateko, I. eta II. eranskinetan puntuazio multzo bakoitzean ezarritako inguruabarrak baloratuko dira. Zenbaki osoko puntuazioak izanen dira, zenbaki hamartarrik gabe.

Edozein puntuazio multzotan lortutako puntuazio txikienari dagokiona izanen da emanen den sailkapena.

Zein den ere lortzen den puntuazioa, izar bateko sailkapena dakarten inguruabarretakoren bat izateak kategoria hori esleitzea ekarriko du.

Orobat, 4 edo 5 izarreko kategoria lortzea galarazten duen inguruabarren bat izateak haren azpiko kategorian sailkatzea ekarriko du, lortutako puntuazioaren arabera.

43. artikulua . Eskakizunek elkar ordaintzea.

Ostatetxe batek goragoko kategoria bat izateko behar diren betekizunen bat eskas baldin badu, baina eskasia horrek pisu gutxi baldin badu eskatzen diren zerbitzu eta baldintza guztien alderako, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak zilegi izango du, interesatuak hala eskatuta eta Turismo Zerbitzuak aurrez txostena emanik, arrazoien gaineko ebazpen baten bidez eskatu den kategoria ematea.

Hartara, emandako kategoriak ordaintze irizpideetan hartuko du oinarri, dauden zerbitzu eta baldintzen osotasuna aintzat harturik.

44. artikulua . Kategoriari eustea.

Ematen den kategoria atxikitzeko, kasuko araudiak unean unean ezartzen dituen baldintza eta betekizunei eutsi beharko zaie, eta zilegi izango da ofizioz errebisatzea, aurrez interesatuari entzunik.

Zilegi izango da, halaber, Landa-etxeen kategoria interesatuek hala eskatuta errebisatzea, eskaera oinarritzen duten arrazoiak behar bezala azaldurik.

Xedapen Iragankorrak Lehenbizikoa

Orain indargabetzen den araudiak baimena eman zien Landa-etxeek hiru urteko epea izanen dute Foru Dekretu honek indarra hartzen duenetik, beren instalazioak hemen agintzen direnetara egokitzeko.

Xedapen Iragankorrak Bigarrena

Landa-etxeei baimena emateko eskaerak Foru Dekretu honek indarra hartu baino lehen aurkeztu badira, orain arte indarra zuen araudiaren arabera ebatziko dira. Zilegi izango da, hala ere, interesatuak hala eskatzen badu baimen-eskaera hori Foru Dekretu honek agintzen duenaren arabera ebaztea.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Indargabetu egiten dira Foru Dekretu honetan agintzen denari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, bereziki Landa-etxeen arautzea onesten duen martxoaren 22ko 105/1993 Foru Dekretua eta bera aldatzen duen otsailaren 20ko 53/1995 Foru Dekretua.

Azken Xedapenak Bigarrena

Esku ematen zaio Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken Xedapenak Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren 28an.-Nafarroako Gobernuaren lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.

I. ERANSKINANota de Vigencia. GELAKA ALOKATZEN DIREN LANDETXEAK SAILKATZEKO IRIZPIDEAK

I. ERANSKINANota de Vigencia

1. Izar bateko kategoria esleitzeko inguruabarrak.

–Landetxera sartzeko zailtasuna.

–Establezimenduaren titularrarekin partekatutako jan-egongela.

–Kontserbazio txarreko aztarnak zoru, pareta eta sabaietan, bezeroen geletarako aldean.

–Oheetan metalezko somierra izatea.

–Aparrezko edo artilezko koltxoia izatea.

–Bainugela beste bezeroekin partekatzea eta gelatik urrun.

–Kontserbazio txarreko aztarnak bainugelan.

2. 4 eta 5 izarreko kategoria esleitzea galarazten duten inguruabarrak.

A) 4 izar.

–Barrenetik hormigoiz eta forjatuz erreformatutako eraikina.

–Kanpoko inpaktua izatea, hala nola lantegiak, trenbideak, ibilgailuen joan-etorri handiko errepideak eta antzekoak hurbil izatea.

–Bezeroentzako jarduera gogaikarriak, hala nola usaina, zarata eta antzekoak landetxetik 100 metro baino hurbilago.

–Banagunerik ez izatea logelen eta jan-egongelaren artean.

–Apaingarririk ez izatea logeletan.

–Bainugela beste bezeroekin partekatzea logelaren ondoan.

B) 5 izar.

Aurreko atalean ezarritakoez gain:

–1920tik geroztikako eraikina.

–Ingurune egokitua ez izatea.

–Bainugela logela guztietan ez izatea.

3. Landetxearen ingurunea eta azpiegiturak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Seinaleak.

Landetxera iristeko nahikoa: 2 puntu.

Landetxera iristeko nahikoa ez dena: puntu bat.

–Ostatu-hartzaileen ibilgailuentzako aparkalekua, zoru erregularrekoa eta logelako ibilgailu bateko proportzioan:

Landetxe ondoan: 2 puntu.

50 metro baino hurbilago: puntu bat. (Orobat, puntu bat emanen da landetxetik 50 metrora edo urrunago aparkatzen bada, aparkalekuak arautzen dituzten udal ordenantzak aplikatuta).

–Landetxeko bidea:

Zoladura duena: 2 puntu.

Zoru erregularra duena: puntu bat.

–Antzinatasuna:

1920koa baino lehenagokoa, tradiziozko egitura eta elementuak kontserbatzen dituena: 2 puntu.

1920tik geroztikakoa, tradiziozko egitura eta elementuak kontserbatzen dituena: puntu bat.

–Kanpoko fatxadaren estetika:

Oso zaindua: 2 puntu.

Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Terraza edo ataripe estalia:

Altzariz hornitua: puntu bat.

–Landetxearen beraren kanpoko ingurunea:

Bezeroek erabiltzeko egokitua: 2 puntu.

Egokitu gabe: puntu bat.

4. Landetxearen barrena eta zerbitzuak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Tronadura:

Bezeroek erabiltzeko aldean, salbu sukaldean eta bainugeletan: 2 puntu.

Logeletan: puntu bat.

–Ostatu-hartzaileen aldea eta titularraren etxebizitza aparte egotea:

Erabat aparte: 2 puntu.

Guneren bat komuna izatea: puntu bat.

–Soilik ostatu-hartzaileentzat den egongelaren azalera:

4 m²-tik gorakoa, ostatu plaza bakoitzeko: 2 puntu.

3 m²-tik gorakoa, ostatu plaza bakoitzeko: puntu bat.

–Egongelaren dekorazioa (zoruak, paretak, sabaiak, ateak, altzariak, gauzak eta antzekoak):

Nekazari girokoak: 2 puntu.

Estetika harmoniatsua: puntu bat.

–Berokuntza zentrala:

Ostatu-hartzaileen aldeko toki guztietan: 2 puntu.

Toki guztietan ez: puntu bat.

–Ur biltontzi gehigarria:

150 l-ko edukiera, gutxienez ere, pertsona eta egun bakoitzeko, eta bi egunetarako autonomia nahikoa duena: puntu bat.

–Multzo elektrogenoa.

Baldin bada: puntu bat.

–Tximinia egongelan:

Baldin bada: puntu bat.

–Bezeroek erabiltzeko telefonoa:

Telefono publikoa: 2 puntu.

Hari gabeko telefonoa: puntu bat.

–Aisiako elementuak bezeroen eskura (telebista, bideoa, kate musikala, mahai jokoak, aisiakoak eta antzekoak):

2 elementu: puntu bat.

4 elementu: bi puntu.

6 elementu edo gehiago: 3 puntu.

–Kanpoko jarduerak, ostatuaren osagarriak:

Baldin bada: puntu bat.

5. Landetxeko logelak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Birentzako logelen luze-zabalera:

3,5 × 3,5 m-ko lauki batean sartzen da: 2 puntu.

3 × 3 m-ko lauki batean sartzen da: puntu bat.

–Batentzako logelen luze-zabalera:

2,5 × 2,5 m-ko lauki batean sartzen da: 2 puntu.

2 × 2 m-ko lauki batean sartzen da: puntu bat.

–Isolamendu akustikoa:

Baldin bada: puntu bat.

–Argiaz babesteko elementuak:

Guztira: 2 puntu.

Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Dekorazioko elementuak:

Nekazari girokoak: 2 puntu.

Bestelakoak, baina atseginak: puntu bat.

–Altzarien egoera:

Oso zaindua: 2 puntu.

Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Altzarien estiloa:

Tradiziozkoa: 2 puntu.

Modernoa eta egokia: puntu bat.

–Logelen hornidura:

Idazmahai osoa, egunez eta gauez erabiltzeko: puntu bat.

Gauez irakurtzeko gunea: puntu bat.

Egoteko tokia (sofaz edo besaulkiz eta mahaitxoz hornitua): puntu bat.

–Armairuak:

60 × 1,10 baino handiagoak: 2 puntu.

60 × 1,10 baino txikiagoak edo horma-armairuak: puntu bat.

6. Landetxeko bainugelak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Esklusiboak eta logelari lotuak:

Bezeroentzat diren guztiak bakarrik daudenean: puntu bat.

–Bainugelen eta ostatu plazen arteko proportzioa:

Bainugela bat 2 ostatu plazatarako: 3 puntu.

Bainugela bat 3 ostatu plazatarako: 2 puntu.

Bainugela bat 4 ostatu plazatarako: puntu bat.

–Bainugelako arropa zuria:

Bainuko eskuoihal bat, konketako bat eta alfonbratxoa ostatu plaza bakoitzeko: puntu bat.

–Bainugelaren hornidura:

Bainuontzia, ispilua, argiak, entxufea, paperontzi estalkiduna, eskuila eta armairu apalategia: puntu bat.

Eskuoihalen lehorgailua: puntu bat.

Ile lehorgailua: puntu bat.

–Azalera:

3 m²-tik gorakoa: puntu bat.

7. Puntuazio tartea, puntuazio multzoen arabera.

II. ERANSKINANota de Vigencia. ETXEBIZITZA-LANDETXEAK SAILKATZEKO IRIZPIDEAK

II. ERANSKINANota de Vigencia

1. Izar bateko kategoria esleitzeko inguruabarrak:

–Landetxera sartzeko zailtasuna.

–Berokuntza ez independentea.

–Kontserbazio txarraren aztarnak zoruetan, paretetan, sabaietan, ekipamenduan eta gauzetan.

–Oheetan metalezko somierra izatea.

–Aparrezko edo artilezko koltxoia izatea.

–Bainugela bat 8 ostatu plazatarako.

2. 4 eta 5 izarreko kategoria esleitzea galarazten duten inguruabarrak:

A) 4 izar:

–Barrenetik hormigoiz eta forjatuz erreformatutako eraikina.

–Kanpoko inpaktua izatea, hala nola lantegiak, trenbideak, ibilgailuen joan-etorri handiko errepideak eta antzekoak hurbil izatea.

–Sarbide baliaezinak, hala nola argi-puntuetara ezin iristea korridoreetan, korridore estuak, erabili ezin diren barandak eta antzekoak.

–Sukaldea eta jan-egongela aparte ez egotea.

–Banagunerik ez izatea logelen eta jan-egongelaren artean.

–Apaingarririk ez izatea logeletan.

B) 5 izar:

Aurreko atalean ezarritakoez gain:

–1920tik geroztikako eraikina.

–Ingurune egokitua ez izatea.

–Bainugela bat logela bakoitzeko ez izatea solairu berean.

3. Landetxearen ingurunea eta azpiegiturak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Seinaleak.

Landetxera iristeko nahikoa: 2 puntu.

Landetxera iristeko nahikoa ez dena: puntu bat.

–Ostatu-hartzaileen ibilgailuentzako aparkalekua, zoru erregularrekoa eta logelako ibilgailu bateko proportzioan:

Landetxe ondoan: 2 puntu.

50 metro baino hurbilago: puntu bat. (Orobat, puntu bat emanen da landetxetik 50 metrora edo urrunago aparkatzen bada, aparkalekuak arautzen dituzten udal ordenantzak aplikatuta).

–Landetxeko bidea:

Zoladura duena: 2 puntu.

Zoru erregularra duena: puntu bat.

–Antzinatasuna:

1920koa baino lehenagokoa, tradiziozko egitura eta elementuak kontserbatzen dituena: 2 puntu.

1920tik geroztikakoa, tradiziozko egitura eta elementuak kontserbatzen dituena: puntu bat.

–Kanpoko fatxadaren estetika:

Oso zaindua: 2 puntu.

Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Terraza edo ataripe estalia:

Altzariz hornitua: puntu bat.

–Landetxearen beraren kanpoko ingurunea:

Bezeroek erabiltzeko egokitua: 2 puntu.

Egokitu gabe: puntu bat.

–Ostatuaren kokapena.

Etxebizitzak eraikin osoa hartzen du: 2 puntu.

Eraikinak zenbait ostatu plaza ditu aparteko sarrera dutenak: puntu bat.

4. Landetxearen barrena. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Ostatuaren banaketa eraikin osoa hartzen duenean:

Ostatua duplexean banatua: puntu bat.

–Ostatuaren gelak:

Sukaldea, jan-egongela, logelak eta bainugelak bereizita daude: 2 puntu.

–Tronadura:

Bezeroek erabiltzeko aldean, salbu sukaldean eta bainugeletan: 2 puntu.

Logeletan: puntu bat.

–Soilik ostatu-hartzaileentzat den egongelaren azalera:

4 m²-tik gorakoa, ostatu plaza bakoitzeko: 2 puntu.

3 m²-tik gorakoa, ostatu plaza bakoitzeko: puntu bat.

–Egongelaren dekorazioa (zoruak, paretak, sabaiak, ateak, altzariak, gauzak eta antzekoak):

Nekazari girokoak: 2 puntu.

Estetika harmoniatsua: puntu bat.

–Berokuntza zentrala:

Ostatu-hartzaileen aldeko toki guztietan: 2 puntu.

Toki guztietan ez: puntu bat.

–Tximinia egongelan:

Baldin bada: puntu bat.

–Ur biltontzi gehigarria:

150 l-ko edukiera, gutxienez ere, pertsona eta egun bakoitzeko, eta bi egunetarako autonomia nahikoa duena: puntu bat.

–Multzo elektrogenoa.

Baldin bada: puntu bat.

–Bezeroek erabiltzeko telefonoa:

Baldin bada: puntu bat.

–Aisiako elementuak bezeroen eskura (telebista, bideoa, kate musikala, mahai jokoak, aisiakoak eta antzekoak):

2 elementu: puntu bat.

4 elementu: bi puntu.

6 elementu edo gehiago: 3 puntu.

Sukaldeko etxe-tresnak:

Ontzi-garbigailua: puntu bat.

Mikrouhin-labea: puntu bat.

–Sukaldeko altzariak, goiko eta beheko armairuekin:

Zurezkoak: 2 puntu.

Beste material batzuetakoak: puntu bat.

–Aireztatze behartua sukaldean:

Baldin bada: puntu bat.

5. Landetxeko logelak. Puntuatzen diren ezaugarriak:

–Birentzako logelen luze-zabalera:

3,5 × 3,5 m-ko lauki batean sartzen da: 2 puntu.

3 × 3 m-ko lauki batean sartzen da: puntu bat.

–Batentzako logelen luze-zabalera:

2,5 × 2,5 m-ko lauki batean sartzen da: 2 puntu.

2 × 2 m-ko lauki batean sartzen da: puntu bat.

–Isolamendu akustikoa:

Baldin bada: puntu bat.

–Argiaz babesteko elementuak:

Guztira: 2 puntu.

Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Altzarien egoera:

Oso zaindua: 2 puntu.

Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Altzarien estiloa:

Tradiziozkoa: 2 puntu.

Modernoa eta egokia: puntu bat.

–Dekorazioko elementuak:

Nekazari girokoak: 2 puntu.

Bestelakoak, baina atseginak: puntu bat.

–Armairuak:

60 × 1,10 baino handiagoak: 2 puntu.

60 × 1,10 baino txikiagoak edo horma-armairuak: puntu bat.

6. Landetxeko bainugelak. Puntuatzen diren ezaugarriak:

–Bainugelen eta ostatu plazen arteko proportzioa:

Bainugela bat 2 ostatu plazatarako: 3 puntu.

Bainugela bat 3 ostatu plazatarako: 2 puntu.

Bainugela bat 6 ostatu plazatarako: puntu bat.

–Bainugelen proportzioa solairu bateko baino gehiagoko ostatuetan:

Bainugela bat solairuko: puntu bat.

–Bainugelako arropa zuria:

Bainuko eskuoihal bat, konketako bat eta alfonbratxoa ostatu plaza bakoitzeko: puntu bat.

–Bainugelaren hornidura:

Bainuontzia, ispilua, argiak, entxufea, paperontzia estalkiduna, eskuila eta armairu apalategia: puntu bat.

Eskuoihalen lehorgailua: puntu bat.

Ile lehorgailua: puntu bat.

–Azalera:

3 m²-tik gorakoa: puntu bat.

7. Puntuazioen tartea puntuazio multzoen arabera:

III. ERANSKINANota de Vigencia. EZAUPIDEZKO PLAKA

III. ERANSKINANota de Vigencia

Landa-etxetzat sailkatu diren turistentzako ostatetxe guztietan ezaupidezko plaka bat ezarri beharko da bistan, etxeko sarrera nagusiaren ondoan.

Plaka hori metalezko lauki bat izanen da, luze-zabalez 200 mm eta 200 mmkoa, zeinean figurak kolore txurian azalduko diren berde pantone 553zko fondo baten gainean.

Plakaren itxura eta luze-zabala krokisaren arabera

Iragarkiaren kodea: A9907046

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web