(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/1998 FORU LEGEA, martxoaren 27koa, Bolondres lanari buruzkoa Nota de Vigencia.

BON N.º 43 - 10/04/1998; corr. err., BON 28/08/2006, BON 19/09/2006



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak. Xedea eta definizioak

  II. KAPITULUA. Bolondresak

  III. KAPITULUA. Bolondres entitateak. Erregistroa

  IV. KAPITULUA. Bolondres lanaren sustapena

  V. KAPITULUA. Nafarroako Administrazio Publikoak

  IV. KAPITULUA. Gizartearen parteharzea


ZIOEN AZALPENA

I

Espainiako Konstituzioak 9.2 artikuluan jasotzen duenez, botere publikoen betebeharra da beharrezkoak diren baldintzak sustatzea banakakoaren eta berau sartzen den taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen; horien betetasuna galarazten edo zailtzen duten eragozpenak kentzea eta politika, ekonomia, kultura eta gizartearen arloan hiritar guztiek parte har dezaten erraztea.

Era berean, Europako Agiri Sozialak, pertsona guztiei gizarte-ongizateko zerbitzuez baliatzeko eskubidea aitortuz, zerbitzu horiek sortzeko eta mantentzeko banakakoek eta erakundeek parte har dezaten bultzatzen du.

Aurreko guztiaren ildotik, Europako Kontseiluak eta Europako Parlamentuak, erabaki eta gomendioetan, neurri orokorrak taxutu dituzte hiritarrak jabetu daitezen gizartearen arazoez eta horiek konpontzeko bolondres-lanak, aisialdia modu konstruktiboan erabiliz eta gizarte-ekintzan parte hartuz, egin dezakeen ekarpenaz.

Aipaturiko gomendio eta erabakiek adierazten dute beharrezkoa dela Estatuek zehaztea, ongizate-politikak taxutzean, bolondres-erakundeek eta administrazio publikoen menpeko zerbitzuek bete behar dituzten berariazko eginkizunak, eta bermatu beharra dagoela profesionalen eta bolondresen beraien arteko lankidetza, azpiegitura publikoak guztiek erabiltzea eta prestakuntza-programak garatzea; hori guztia, eskura dauden baliabideak osagarriak izan daitezen.

II

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari Buruzko Lege Organikoak berritu egin ditu Nafarroaren eskumen historikoak, Nafarroako gizartea kezkatzen duten alderdi guztiei buruzkoak direnak. Horien artean dago legegintzako eta antolamenduko eskumena, hiritarrek Foru Komunitateko ongizatea lortzeko parte hartzeari dagokiona.

Egun, pertsonekiko eta kausa sozialekiko elkartasunak zabalpen handia lortu du eta gizarteko arlo guztiak ukitzen ditu. Nafarroan nabarmen dira gobernuz kanpoko erakundeetan diharduten bolondresen kopurua eta partikularren zein Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen diru- ekarpenak, garatzen ari diren herriak xede dituztenak, gehienbat.

Kontzientziazio sozial horrek bolondres entitateak eta bolondresak berak asko gehitzea eragin du. Horrek komenigarri egiten du haien eskubide eta eginbeharrak legez ezartzea, Volonteurope erakundeak izenpeturiko Europako Bolondresen Gutunarekin bat.

Halaber, elkartasunaren froga horrek behartzen du agintaritza publikoa sustengu tekniko eta ekonomikoa ematera, bolondres lana bultzatzeko, gizartea informatuz, bolondres lanetan diharduten pertsonak prestatuz eta entitateak sustatuz, haien jarduerak ezagutaraziz eta diruz lagunduz.

Erantzun gisa, Foru Erakundeek, borondatezko lanak agerian uzten duen elkartasunaren inguruan Nafarroako gizarteak duen jarrerari erantzun behar diotenez gero, talde-ahalegin altruista hori honako honetara zuzendua egon dadin beharrezko diren bitartekoak eskaini behar dituzte: guztion onurara eta demokrazia sakontzera, horiek hiritarren partehartze tinkoaren eta elkartasunezko jarreren sustapenaren ondorio izanik.

Hori dela-eta, 1997-2000 eperako Nafarroako Gerontologia Planak, lehenengo erabaki- proposamenean, Bolondres-lanari buruzko Foru Lege Proiektu bat aurkeztera premiatzen du Nafarroako Gobernua.

III

Bolondres-lanaren fenomenoa etengabeko hazkuntza jasaten ari da, Elkartasun printzipioan oinarrituriko ongizate-gizartea garatzearen ondorioz. Administrazioaren eta partikularren arteko harremanak taxutzeko sortu zen printzipio hori, gaur egun, partikularren arteko harremanetara ere hedatu da. Horiek parte hartu nahi dute gizartearen aurrerapenean eta Ongizatearen Estatuaren sendotzean, eta beharrezkoa da legezko oinarri batzuk egotea, horietatik abiatuz hiritarrek modu solidarioan jardun ahal izan dezaten. Bolondresen eskuzabaltasunak eta beren burua besteren eskura jartzeak berariazko arautze juridikoa eduki behar dute, jarrera hori mugatu edo murriztu gabe antolamendu bat ezarriko duena bolondresek erkidegoari ematen dizkioten zerbitzuei dagokienean, aldi berean horien jarduera sustatuz.

Bestalde, bolondres-erakundeek erkidegoari ematen dioten zerbitzu itzela kontuan izanik (bolondresen ekimen, ardura eta elkartasunerako izpiritua garatuz, guztion interesaren alde modu eraginkorrean osagarri gisa jardunez -are ekimena izanik, batzuetan-, gizartearen baitan bitartekaritza, elkartruke eta orekarako eginkizun ordezkatezina burutuz), beharrezko gertatzen da erkidegoaren jardunean erakunde horiek partehartze handiagoa izan dezaten bultzatzea, eta horretarako legegintzako prozedura argiak eta eraginkorrak ezarri behar dira.

Foru Lege honen bitartez, Nafarroako Administrazio Publikoen sustenguarekin, herritarrak bolondres jarduketetan parte hartzera bultzatzeko behar diren bideak ezartzen dira. Bolondresek partaide direneko erakundeekiko dituzten eskubide eta eginbeharrak funtsean arautzen dira eta egitarauen kalitatearen hobekuntza sustatzen, agintaritza publikoen laguntza tekniko eta ekonomikoaren bidez, bolondresek zerbitzua ematen dieten pertsona eta kausen onerako.

Foru Legean aurreikusten diren jarduketak bat datoz Europako Kontseiluko Ministroen Komiteak estatu kontseilukideei bolondres lanari buruz eman zien Gomendioarekin eta Estatuko eta Autonomia Erkidegoetako administrazioek berriki onetsiriko 1997-2000 lau urteko Estatuko Bolondres Lanerako Planean sentikortu, sustatu, lagundu eta koordinatzeko ezarririko programarik modernoenekin.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak. Xedea eta definizioak

1. artikulua

Foru Lege honen xedea herritarrak bolondres lanetan parte hartzera bultzatzea da, kemenez, askatasunez, elkartasunez, altruismoz eta erantzukizunez, edozein titulartasunetako irabazteko asmorik gabeko erakundeen bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan izaera horretako egitarau edo jarduera etengabeak burutzen badituzte, eta bolondresen, bolondres entitateen eta Nafarroako Administrazio Publikoen artean harremanak ezartzea.

2. artikulua

1. Foru Lege honen ondorioetarako, bolondres lantzat jotzen da askatasunez eta altruismoz, gizakien arteko elkartasuna xede izanik, pertsonei edo komunitateari zerbitzuak emateko, irabazteko asmorik gabeko entitateetan antolatzen diren pertsonen gizarte portaera.

2. Espreski salbuetsita daude edozein lan harremanen eta eginbehar pertsonal edo juridikoren ondorioz, famili zioengatik edo adiskidetasunagatik ematen diren jarduerak oro, baita ordainduriko lanaren ordezkoak direnak eta noizbehinkakoak, segidarik eta egitaraurik gabeak ere.

3. artikulua. Ondokoak dira bolondres lanaren oinarrizko printzipioak:

a) Askatasuna, gizartearekin konpromisoa hartzeko aukera pertsonal gisa, beti ere uste sendoak eta sinesmenak errespetatzen direlarik, bai bolondresarenak, bai ekintzaren onura jasotzen duenarenak;

b) Beste pertsona edo taldeekin elkartasuna, hori besteen aldeko ekintza bihurtzen denean, edota gizarte-interes kolektibo bihurtzen denean;

c) Partehartzea, hain zuzen, komunitateak dituen arduretan eskuhartze aktibo eta zuzena izateko printzipio demokratiko gisa;

d) Ematen den zerbitzuaren doakotasuna, inongo etekin materialik bilatu gabe;

e) Autonomia botere publikoekiko;

f) Ardura, laguntza denboran zehar eutsia izan dadin, etorkizun egonkor eta zehatz batekin, eta betiere, emaitzak modu iraunkorrean ebaluatuz;

g) Bolondres lanetan diharduten entitateek gizartearen beharrizanei denboran zehar era iraunkorrean arreta eskaintzeko konpromisoa, ahal den eta kalitaterik handienarekin eta emaitzak etengabe ebaluatuz; hori guztia botere publikoetatik aparte jarduteko erabateko autonomia dutela.

h) Eta orokorrean, gizarte demokratiko, ireki, moderno eta partehartzaile batean elkarbizitza inspiratzen duten guztiak.

4. artikulua

Bolondrestzat hartzen da herritarrendako eta gizartearendako jarduerak egiteko irabazteko asmorik gabeko erakunde batean sartzen den pertsona fisiko oro. Jarduera horiek bigarren artikuluan zehazten den bolondres lanaren kontzeptuaren barruan egon behar dute.

5. artikulua

1. Bolondres entitateak legez osaturik dauden pertsona juridikoak dira, irabazteko asmorik gabeko gizarte egitarau edo jarduerak, pertsonen edo gizarte taldeen onerako, egiten dituztenak, horretarako gehienbat bolondresak badarabiltzate langiletako.

2. Bolondres entitateei lan eragiten dieten egitarauen alorrak hauexek dira: gizarte zerbitzuak, hezkuntza, kultura, zientzia, aisia, kirola, osasuna, ingurugiroaren defentsa, garapenerako lankidetza, babes zibila, ekonomiaren sustapena, laneratzea eta lan integrazioa, elkartegintza, udal interesak, bolondres lanaren sustapena eta, oro har, bolondresen lanaren bidez burutzen diren eta Foru Lege honetan xedaturikoarekin bat datozen egitarauak burutzen direneko alorrak.

3. Bereziki sustatu eta lagunduko dira bolondresengan berrikuntzarako ahalmena eta berez jarduteko ahalmena, gizarte partehartzaileago, gizalegezkoago eta abegitsuagoa eraikitzeko.

II. KAPITULUA. Bolondresak

6. artikulua. Bolondres entitateetan sartzen diren bolondresek eskubide hauek dituzte:

1. Pertsonari berari dagozkionak:

a) Bolondres lanetan onartuak izatea eta jardueretan inolako bereizkeriarik gabe tratatuak izatea, askatasuna, intimitatea eta sinesmenak errespetaturik.

b) Entitatearen antolamenduan kemenez parte hartzea, egitarauen prestakuntza, diseinu, exekuzio eta ebaluazioan lagunduz, bere lehentasun eta gaitasunen arabera, aplikatzekoak diren estatutu edo arauak errespetatuz.

c) Entitatearen helburu eta izaerarekin zerikusirik ez duten eginkizunik manatuak ez izatea.

d) Justifikatzen duten zioak daudenean, entitatearen ahalbideen arabera, manaturiko egitarauaren aldaketa lortzea.

e) Lankidetzaren gizarte balioagatik errespetua eta eskerrona lortzea eta egitarauetan parte hartu duela frogatzen duen ziurtagiria jasotzea.

f) Bolondres izateari askatasun osoz uztea.

2. Informazioari eta prestakuntzari dagozkienak:

a) Parte hartzen duteneko entitatearen helburu, antolamendu, funtzionamendu eta egoera ekonomikoaz informatuak izatea.

b) Manatzen zaizkien eginkizunetan aritzeko prestatuak, orientatuak eta lagunduak izatea, garatzen duten bolondres lana eten gabe hobetzea lortzeko.

3. Gauzakiei dagozkienak:

a) Beren lanean behar bezalako segurtasun eta higiene egoeran aritzea, haren izaera eta ezaugarrien arabera.

b) Boluntarioen lanaren zuzeneko ondorioak diren istripu eta kalte-galera arriskuen kontra aseguratuak izatea, erregelamenduz ezartzen diren ezaugarri eta diru kopuruen arabera Nota de Vigencia.

c) Manaturiko eginkizunean aritzeko behar dituzten gauzazko baliabideez hornituak izatea.

d) Beren lanean aritzeko behar duten nortasun agiria lortzea eta agintariek eta, oro har, gizarteak hala aitortuak izatea.

e) Bolondres gisa beren lankidetza eskaintzen duten ekitaldietan askatasunez sartzea.

f) Beren lanetan izaniko gastuak ordainduak izatea.

7. artikulua. Bolondresek, bolondres entitateetako kideak diren aldetik, eginbehar hauek dituzte:

a) Beren zerbitzuak beren jardueraren xede diren pertsonekiko inolako bereizkeriarik edo aurreiritzirik gabe egitea, haien duintasuna, askatasuna, intimitatea eta sinesmenak errespetatuz

b) Beren lana ahalik eta hobekien egitea, erakundean sartzeko harturiko konpromisoari atxikiz, haren helburu, xede eta arauteria eta hartzen dituzten jarraibideak onartuz, erakundearen ikurrak eta agiriak behar bezala erabiltzea, eta erakundeak haien eskura jartzen dituen gauzazko baliabideak errespetatzea.

c) Behar denean, bolondres lanean hartu eta ezaguturiko informazioaren isilpekotasuna gordetzea.

d) Beren lanagatik edozein gauzazko sariri uko egitea.

e) Proposatzen zaien prestakuntzan kemenez parte hartzea, bolondres lanaren kalitatea hobetuko badu.

III. KAPITULUA. Bolondres entitateak. Erregistroa

8. artikulua

1. Bolondresak erakundeetan sartzea idatziz formalizatuko da, behar den erabaki edo konpromisoa harturik, harremana altruista dela ezartzeaz gain, bederen eduki hau ere izanen duena:

a) Sartzen deneko erakunde eta egitarauaren deskripzio, helburu eta xedeak.

b) Bi aldeei dagozkien eskubide eta eginbeharrak, Foru Lege honetan xedaturikoari dagokionez.

c) Bolondresak konpromisoa hartzen dueneko eginkizun, jarduera, iraupen eta lanaldiaren edukia, baita konpromiso hori hausteko zio eta erak ere.

d) Eginkizunetan aritzeko behar den prestakuntza prozesua.

2. Kidetze agiria erakundean artxibatuko da eta kopia bat luzatuko da bolondresarendako.

9. artikulua

1. Bolondres entitateek, onartuak izan eta instituzio publikoen laguntza jaso ahal izateko, indarrean dagoen araudiari jarraituko diote, bereziki, funtzionatzeko modu erabat demokratikoari dagokionean, Foru Lege honetan eta aplikagarri den beste edozein arautan ezarritakoa betez, eta erabat errespetatuko dituzte bolondres lana zuzentzen dituzten printzipioak eta bolondresen eskubideak.

2. Bolondres entitateek estatutu bat onetsiko dute, bolondresekiko harremanak arautuko dituena.

10. artikulua

1. Bolondres entitate orok Bolondres Entitateen Erregistroan eman beharko du izena. Izen emate hori ofizioz izapidatuko da bolondres entitateak Nafarroako Gobernuko Departamentu baten menpeko erregistroan agindu bezala inskribatua izatea eskatu eta bertan bolondres entitate gisa erregistratzeko nahia adierazten duenean.

2. Inskribatuak izateko, bolondres entitateek Foru Lege honetan xedaturikoa bete beharko dute eta, zehazki, hurrengo artikuluan xedaturikoa.

3. Erregistroko baja entitateak eskaturik eginen da edo, ofizioz, nortasun juridikoa iraungitzen denean edo Foru Lege honetan eta hori garatzen duen arauterian xedaturikoa larriki bete ez dela egiaztatzen denean.

4. Erregelamendu bidez, erregistroaren antolamendua garatuko da eta xedatuko zer departamenturi atxikiko zaion eta zer prozedura administratibo erabiliko den horretan sartzeko.

11. artikulua

1. Bolondres entitateek legeari jarraituz eraturik egon beharko dute eta nortasun juridikoz horniturik, entitateak garatzen dituen egitarauetan parte hartzen duten bolondresen eskubideak errespetatu eta horiei erantzun positiboa eman behar diete, eta haien elkartasuna eta laguntza behar dituzten pertsona eta taldeen aurrean inongo bereizkeriarik gabe aritu.

2. Aipatu entitateek aseguru-poliza bat izenpetu beharko dute, boluntarioek boluntario lanetan aritzen diren bitartean izaten ahal dituzten istripu arriskuei aurre egiteko, eta beren jardueraren ondorioz eragin ditzaketen kalte-galerengatik hirugarrenen aurrean erantzukizuna hartzeko Nota de Vigencia.

3. Bolondresen alta eta bajen liburua eduki beharko dute, non horiek sarturik daudeneko programa eta hitzarturiko lanaldia agertuko baitira.

4. Bolondres entitateek beren jardueretan arlo publikotik zein pribatutik jasoriko laguntzak aitortuko dituzte, gutxienez urteko oroit-idazkian.

5. Bolondres lana egiten duten entitateek oroit-idazki orokor bat egin beharko dute, gutxienez urtean behin. Oroit-idazki horretan ondokoak adieraziko dira: buruturiko jarduerak, horien aurrekontu justifikatua, bolondresen zerrenda eta horien atxikipena.

Oroit-idazki hori dagokion departamentura igorriko da.

IV. KAPITULUA. Bolondres lanaren sustapena

12. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoek bolondres lana eta elkartasuna sustatuko dituzte gizarte zibilaren baitan, informazio ekintzen, bolondres lana zabaltzeko eta aitortzeko ekinaldien, pertsonen partaidetzaren eta hiritarren laguntza ekonomiko eta sozialaren sustapenaren, jarduketen kalitatea hobetzeko bolondresen prestakuntzaren eta, kasuan kasuko programetan, bolondres entitateendako laguntza teknikoaren bidez. Azkeneko hori, bai gauzazko baliabideak, bai Administrazio Publikoetako langileak lanaldi osoan edo ez osoan aldi baterako utziz, horien beharra aski den moduan frogatzen bada.

Bereziki sustatuko da jendearen ezagutza bolondresek eginiko lanari buruz eta beren jarduera esparruari buruz, horrela, dagokien gisan, gizartearen onespena lor dezaten.

13. artikulua

Bolondresak askatasunez sartzen ahalko dira parte hartzen duteneko entitateak ofizialki bolondres jarduera bat programaturik daukan ekitaldi eta tokietan, eta erregelamendu bidez ezartzen diren hobari edo diru-murrizketak gozatzen ahalko dituzte.

14. artikulua

1. Nafarroako Foru Komunitateak bolondresendako egitarau eta jarduerei eutsiko die diruz. Horretarako behar diren kontusailak kontsignatuko dira aurrekontuetan.

Kasuan kasuko deialdi publikoen bidez emanen dira dirulaguntzak eta bolondres entitateekin hitzarmenak edo itunak izenpetuko dira izaniko gastuak ordaintzeko. Hori dena indarra duen legeriarekin bat.

2. Laguntza teknikorako eta bestelako sustengu berezietarako fondo horiek eskuratzeko, bolondres entitateek Bolondres Entitateen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute eta adierazi, zer egitarautarako eskatzen duten laguntza, espreski hau aipatuz: izena, deskripzioa, xedeak, parte hartzen duten bolondresei eska dakiekeen prestakuntza, iraupena, onuradunak, bolondres kopurua, lanaldia eta manaturiko eginkizunak, parte hartzen duten soldatapeko langileak, hala bada, egitarauaren arduraduna, aurrekontua eta finantzabidearen iturriak eta barne ebaluazioaren sistema.

3. Erregelamendu bidez, laguntza horiek eskuratzeko administrazio betebeharrak zehaztuko dira eta erregistroan izena emaniko entitate bakoitzaren urteroko oroit-idazkiaren aurkezpena arautuko da, aitorturiko egitarauak eta ebaluazioa zehaztuz.

15. artikulua

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Bolondres Lanerako Kontseiluaren iritzian oinarriturik, urtero Nafarroako bolondresaren aipamena eginen du bolondres lanean jarduteagatik, bolondres jarduerako gizarte ereduagatik edo bolondres jarduketek oihartzun berezia lortzeagatik nabarmendua den pertsona fisiko edo juridikoaren alde.

Erregelamendu bidez ezarriko dira horretarako betebehar zehatzak.

V. KAPITULUA. Nafarroako Administrazio Publikoak

16. artikulua

1. Bolondres Lanerako Departamentuarteko Batzordea sortzen da, bolondres laneko egitarauekin loturiko departamentuetako zuzendari nagusiek osatuko dutena.

Haren lehendakaritza eta haren idazkaritza Bolondres Entitateen Erregistroa kudeatzen duen departamentuari egokituko zaizkio.

2. Hona hemen Batzordearen eginkizunak:

a) Bolondres lana bultzatzeko politika amankomuna ezartzea.

b) Departamentu guztien plangintza koordinatu eta bultzatzea, jarduketak gizartearen atalik premiatsuenen alde bideratu eta entitate berrien sorrera sustatzeko.

c) Departamentu guztiek burutuko dituzten ebaluazio eta kontrol jarduketen berri izatea.

Urtero, bolondres entitateekiko dirulaguntza eta itunak koordinatuko ditu, jarduketa osagarriak lortu eta errepikapenak saihesteko.

Halaber, Nafarroako bolondresen gidaliburua argitaratuko du urtero. Bertan erregistraturiko entitate guztiak, haiek eginiko programak eta gainerako datu esanguratsuak agertuko dira. Ahalik eta gehien zabalduko da.

3. Batzordea abian jartzeko eta informazio eta prestakuntza jarduketa amankomunak burutzeko erregistroaz arduratzen den departamentuko aurrekontuan kontusail bat kontsignatuko da.

17. artikulua

Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuek, bolondres lanarekin zerikusirik duten jardueretan, dagozkien eginkizunak burutuko dituzte, bereziki plangintza eta ikuskaritza.

18. artikulua

Nafarroako Toki Entitateek, soil-soilik beren esparruan garatzen den plangintza, antolamendu eta ikuskaritza eskumenen barruan, Foru Lege honetan eta hori garatzeko arauetan xedaturikoa betetzera premiatu beharko dituzte bolondres entitateak eta urtero Nafarroako Bolondres Lanerako Kontseiluko idazkaritzara diruz lagundu edo hitzarturiko ekitaldi eta egitarauak igorriko dituzte, Foru Lege honetan ezartzen den zabalpenarekin.

IV. KAPITULUA. Gizartearen parteharzea

19. artikulua

1. Nafarroako Bolondresen Kontseilua sortuko da, parte hartzeko organo gisa, kontsulta-izaera izango duena; bolondres lanetan inplikatuta dauden gizarte-eragileak elkar topatzeko eta bertan aholku eskatzeko eta kontsulta egiteko gunea izango da.

2. Kontseilu hori bolondres entitateen erregistroa kudeatzeko eta Bolondresen Departamentuarteko Batzordearen idazkaritza izateko ardura hartuko duen Nafarroako Gobernuko Departamentuari atxikiko zaio.

20. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Bolondres Lanerako Kontseiluak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Txostena ematea, derrigorrez, bolondres-lanean eragin zuzena duten Nafarroako Administrazio Publikoen izaera orokorreko arauzko xedapenen aurreproiektu eta proiektuei buruz. Eskatzen denetik hamabost eguneko epean eman beharko da txosten hori.

b) Bolondres-lanaren oinarrizko beharrizanak detektatzea eta aztertzea.

c) Nafarroako Administrazio Publikoei aholkuak ematea eta horiei bolondres-lanaren esparru ezberdinei buruzko proposamen eta ekimenak bidaltzea. Baita ere, bolondres-lanaren egitarauak diruz laguntzeko garaian lehentasunezkoak jo litezkeen irizpideak proposatzea.

d) Bolondres-lana sustatzeko neurriei buruzko azterketak egin eta Administrazioei proposamenak igortzea.

e) Bolondres-laneko egitarauei dagokienez Nafarroako Administrazio Publikoek eginiko jarraipen eta ebaluazioari buruzko informazioa jasotzea, baita emandako dirulaguntzei buruzkoa ere.

f) Urtero txosten bat igortzea Foru Komunitateko bolondres-lanaren egoerari buruz.

g) Elkartasunarekin zerikusia duten partehartze-organoetan gizarte-agenteak egon daitezela sustatzea.

h) Kontseiluaren Funtzionamendurako Erregelamendua Gobernuari proposatzea.

i) Bere jardueren urteroko oroit-idazkia onestea.

21. artikulua

1. Ondoko hauek osatuko dute Bolondresen Nafarroako Kontseilua:

a) Lehendakaritza. Kontseilua atxikia dagoen Departamentuko titularrak beteko du.

b) Lehendakariordea. Bolondresen erakundeei, bolondresei eta sindikatuei dagozkien mahaikideek hautatuko dute, hain zuzen ere mahaikideen artean.

Lehendakaria kanpoan, gaixorik edo legezko beste edozein egoeratan dagoen bitartean, haren ordez arituko da.

c) Zazpi mahaikide, bolondres lanarekin zerikusia duten Nafarroako Gobernuko zuzendari nagusiei dagozkienak.

d) Bolondres lanetan adituak diren Nafarroako Foru Administrazioko hiru teknikari.

e) Toki entitateetako hiru ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuak.

f) Bolondres entitateen erregistroan izena emandako bolondresen entitateetako zazpi ordezkari.

g) Hiru bolondres, taldea ongi ordezka dezaketenak.

h) Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten sindikatuetako hiru ordezkari.

2. Idazkaritza Kontseilua atxikia dagoen Departamentuko Idazkari Teknikoak beteko du.

3. Kontseiluko kideen izendapena Kontseiluko Lehendakariak berak egingo du.

4. Bolondresen entitateetako, bolondresen edo erakunde sindikalen ordezkari diren mahaikideen agintealdia lau urtekoa izango da.

Administrazio Publikoei dagozkien mahakidetzak betetzen dituzten pertsonek beren kargua utzi beharko dute Lehendakariak edo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hala eskatzen duenean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Gobernuak, gehienez ere Foru Lege honek indarra hartu eta urtebeteko epearen barrenean, ondokoei buruzko erregelamenduak onetsiko ditu: Bolondres Entitateen Erregistroa, laguntza ekonomikoak eta entitateendako laguntza teknikoa, Nafarroako Bolondresaren urteroko aipamena eskuratzeko bidea, Bolondres Laneko Departamentuarteko Batzordea eta Nafarroako Bolondres Lanerako Kontseilua.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Nafarroako Gobernuak Bolondres Entitateen Erregistroa arautu arte, horiek segituko dute arloan eskudun diren Departamentuen menpeko erregistroan inskribatzen.

AZKEN XEDAPENA

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A9802891

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web