(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

16/2011 FORU LEGEA, urriaren 21ekoa, Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea sortu eta erregulatzeari buruzko martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legea indargabetu eta Kontseilua kentzen duena

BON N.º 216 - 31/10/2011



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 55. artikuluko 1. idatz-zatian ezartzen duenez, Nafarroari dagokio irratiaren eta telebistaren araubidea lege bidez garatzea eta betearaztea, irrati eta telebistaren estatutu juridikoa arautzen duen legean ezartzen den moduan eta kasuetan. Artikulu horrek, 2. idatz-zatian, xedatzen du berari dagokiola, halaber, prentsaren araubideaz Estatuak dituen oinarrizko arauak eta, oro har, hedabide guztiei buruzkoak, lege bidez garatzea eta betearaztea.

Urtarrilaren 10eko 4/1980 Legearen bidez, Irrati eta Telebistaren Estatutua onetsi zen. 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, Espainiako Irrati-Telebistak lurraldeko ordezkari bat izanen zuen autonomia erkidego bakoitzean. Ordezkari horrek kontseilu aholku-emaile bat izanen zuen, autonomia erkidegoko gobernu organoak izendatua eta haren osaera lurralde-lege baten bidez zehaztuta.

Nafarroak, bere eskumenak erabiliz, Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea sortu eta erregulatzeari buruzko martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legea onetsi zuen. Foru legearen 1. artikuluan ezarri zenez, Kontseiluak bere gain hartzen du Nafarroako Foru Komunitateak RTVEn dituen interesen ordezkapena, eta, aldi berean, RTVEren lurraldeko ordezkariaren aholku organoa ere bada.

Estatuaren Titulartasuneko Irratiari eta Telebistari buruzko ekainaren 5eko 17/2006 Legearen bidez, Irrati eta Telebistaren Estatutuari buruzko urtarrilaren 10eko 4/1980 Legearen zenbait artikulu indargabetu ziren, horien artean, 14. artikulua, eta legearen bosgarren xedapen iragankorraren 1. idatz-zatian, RTVE ente publikoa deuseztatu zen. Horren ordezko da, hain zuzen ere, RTVE korporazioa.

RTVE korporazioaren antolaketa egitura berrian ez dago RTVEren lurraldeko ordezkaririk. Horrenbestez, bidezko da Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea sortu eta erregulatzeari buruzko martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legea indargabetzea eta aipatu kontseilua kentzea, hura sortzeko xede eta helburuak osorik bete baitira.

Bestalde, krisi ekonomikoaren testuinguru batean, beharrezkoa da Administrazioaren funtzionamendua arrazionalizatzea funtsezkoak ez diren organo horiek guztiak kenduz, austeritate eta efizientzia maila handiagoak lortze aldera.

Artikulu bakarra.-Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea sortu eta erregulatzeari buruzko martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legea indargabetzea eta aipatu kontseilua kentzea.

1. Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea sortu eta erregulatzeari buruzko martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legea indargabetzen da.

2. Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea kentzen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.Indargabetzeak.

Indarrik gabe uzten dira Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea sortu eta erregulatzeari buruzko martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legea garatzeko emandako maila apalagoko xedapenak.

Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2011ko urriaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1117444

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web