(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

15/2011 FORU LEGEA, urriaren 21ekoa, uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-Entzunezkoen Kontseilua sortzen duena, indargabetzen duena.

BON N.º 216 - 31/10/2011



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 55. artikuluaren 1. idatz-zatian ezartzen duenez, Nafarroari dagokio irratiaren eta telebistaren araubidea lege bidez garatzea, baita hura betearaztea ere, irrati eta telebistaren estatutu juridikoa arautzen duen legean ezartzen den moduan eta kasuetan. Artikulu horrek 2. idatz-zatian xedatzen duenez, berari dagokio, halaber, prentsaren araubideaz Estatuak dituen oinarrizko arauak eta, oro har, hedabide guztiei buruzkoak, lege bidez garatzea eta betearaztea.

Nafarroak, bere eskumenez baliatuz, uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea onetsi zuen, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuena.

Foru lege hori uztailaren 12ko 25/1994 Legean xedatutakoaren esparruan eman zen. Lege horren bidez, Espainiako ordenamendu juridikoari gehitu zitzaion Kontseiluaren urriaren 3ko 89/552/EEE Zuzentaraua, irrati eta telebistaren arloko jarduerak betetzeari dagokionez Batasuneko kide diren estatuek emandako lege, erregelamendu eta administrazio xedapen batzuk koordinatzeari buruzkoa.

Azken urteotan, ikus-entzunezkoen sektoreak bilakaera azkarra bizi izan du, teknologia digitalaren ezarpenari eta Interneten agerpenari esker; horrek erabiltzaileei nabarmen errazten die zerbitzuez baliatzea, baina aldi berean ikus-entzuleak sakabanatzen ditu, eta negozio ereduak aldatzen. Faktore multzo hori dela eta, Europar Batasunean nahiz Estatuan hainbat arau onetsi dira, uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea onetsi zenean zegoen arau- esparrua asko aldatu dutenak.

Europar Batasunaren esparruan, aipatzekoa da 2007/65/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2007ko abenduaren 11n emana, zeinak aldatu egiten baitu Kontseiluaren 89/552/EEE Zuzentaraua, irrati eta telebistaren arloko jarduerak betetzeari dagokionez Batasuneko kide diren estatuek emandako lege, erregelamendu eta administrazio xedapen batzuk koordinatzeari buruzkoa.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren bidez egin zen zuzentarau horren transposizioa Espainiako ordenamendu juridikoan; lege horren xedea zuzentarauaren transposizio hutsetik harago doa, esparru juridiko egonkorra ezarri nahi duelako, ordura arte indarra izandako legeria zatikatu eta zaharkitua gainditu, eta orokorragoa izan nahi zuena, alegia.

Azaldutako aldaketen muntaren ondorioz, uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duena, tresna juridiko desegokia da telebista eta irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak arautzeko, ez baitator bat Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrean jasotako xedapenekin. Arautze hori Nafarroako Foru Komunitatean aplikatu beharrekoa da, Espainiako Konstituzioan Estatuari aitortzen zaizkion eskumen esklusiboez baliatuz eman baita, zehazki, 149.1.27 artikuluan aurreikusitakoaz, prentsaren, irratiaren, telebistaren eta, orokorrean, hedabide guztien araubideari buruzko oinarrizko arauak ematekoaz, eta 149.1.21 artikuluan aurreikusitakoaz, telekomunikazioen arloan Estatuari aitortzen zaion eskumen esklusiboa esleitzen dionaz, hain zuzen. Arau-esparru berri horretan, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio irratiaren eta telebistaren araubidea lege bidez garatu eta hura betearazteko eskumenak erabiltzea, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak esleitzen dizkiona.

Horrez gain, uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen, Konstituzioaren balio eta printzipioak bermatu eta sustatzeaz eta bereziki aniztasuna, gazteria eta haurrak babesteaz arduratuko den organo independentea.

Kontseilua sortu zeneko testuinguruan, tokiko telebisten kopuruak gora eginen zuela aurreikusten zen, telekomunikazioen liberalizazio prozesuaren ondorioz eta Lurreko Uhin bidezko Tokiko Telebistari buruzko abenduaren 22ko 41/1995 Legea onetsi ondoren. Hamar urte iraganik, errealitateak erakutsi du ikus-entzunezkoen merkatuan aurrerapen handiak gertatu direla, baina ez toki esparruan, nazionalean eta nazioartekoan baizik, lurreko teknologia digitalaren (LTD) eta Interneten bidez.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, bere eginkizunak betez, lan handia egin du sortu zenez geroztik; hala, zenbait ekintza eta arau gauzatu ditu, esate baterako Ikus-entzuleen Defentsarako Bulegoa sortu (2003), Nafarroan Ikus-entzunezko edukien kalitaterako Koerregulazio Kodea izenpetu (2010), eta adingabeak telebistaren aurrean babesteko mekanismoen erabilera arautzen duen urtarrilaren 19ko 4/2009 Foru Dekretua sustatu. Horiekin guztiekin, oinarri sendoak ezarri ditu arlo honetan.

Era berean, uztailaren 5eko 18/2001 Foru legearen 29. artikuluarekin bat, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Ikus-entzunezko Hedabideen Titularitatearen Erregistroa sortu zuen, zeinaren jardun-araubidea 2003ko maiatzaren 6an onetsitako Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Estatutu Organiko eta Funtzionamendukoaren VII. kapituluan jaso zen. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 33. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Emaileen Erregistroak ordeztuko du erregistro hori. Horrenbestez, erregistro berria arautzen duen foru dekretua onetsi bitartean, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Estatutu Organiko eta Funtzionamendukoaren VII. kapituluan xedatutakoa aplikatuko da, indarreko legeriari kontra egiten ez dion orotan.

2007. urtearen amaieraz geroztik, krisi ekonomikoaren egoera orokorrak gastu publikoa mugatzeko politikak hartu beharra ekarri du, zergen bilketan gertatutako jaitsierara egokitzeko, eta egungo jokaleku ekonomikoan Nafarroako enpresei eta herritarrei laguntzeko neurriak ezarri beharra ere bai.

Hortaz, besteak beste, Foru Komunitateko Administrazioaren goi karguen eta zuzendaritza organoen murrizketa handia egitea erabaki da, eta sozietate publikoak berrantolatzeko abian den prozesua ere burutuko da, helburua betiere Administrazioan austeritatea eta efizientzia areagotzea izanik, baina ematen diren zerbitzu publikoen kalitateari eutsiz.

Horiek horrela, azaldutako arrazoiengatik, bidezkoa da indargabetzea uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuena, eta Kontseilua desegitea; haren eginkizunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak beteko ditu aurrerantzean.

1. artikulua. Nafarroako ikusentzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikusentzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea indargabetzea.

1. Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea indargabetzen da.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua desegiten da. Haren nortasun juridikoa foru lege honek indarra hartzen duen egunean iraungiko da.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ikusentzunezkoen arloko eginkizunak betetzea.

Ikus-entzunezkoen arloko eskumena duen departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu arlo honetan egun indarra duen araudia bete dadin, eta bere gain hartuko ditu Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak betetzen zituen eginkizunak, araudiarekin bat datozenak.

Lehen xedapen gehigarria .Langileen atxikipena.

Foru lege honek indarra hartzen duenean Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren zerbitzuan ari diren funtzionarioak Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak izanen dira aurrerantzean. Horretarako, funtzio publikoaren arloko eskumena duen departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu.

Bigarren xedapen gehigarria .Ondarearen gaineko araubidea.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren ondasun eta eskubideak arlo horretako eskumena duen departamentuari atxikiko zaizkio, Nafarroako Foru Komunitatean ondarearen arloan aplikatu beharreko araudiarekin bat.

Hirugarren xedapen gehigarria .Aurrekontuko aldaketak.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak beharrezkoak diren funts aldaketak egin ahal izanen ditu, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren 2011. gastuen aurrekontuan ezarritako kontu-sailen eta ikus-entzunezkoen arloko eskumena duen departamentuaren aurrekontuko kontu-sailen artekoak, eta ez dira egonen Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluan eta 44.etik 59.era bitartekoetan ezarritako mugen menpe.

Xedapen iragankor bakarra.Ikusentzunezko Hedabideen Titularitatearen Erregistroaren atxikipena eta aldi baterako araubidea.

1. Ikus-entzunezko Hedabideen Titularitatearen Erregistroa ikus-entzunezkoen arloan eskumena duen departamentuari atxiki zaio.

2. Nafarroako Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Emaileen Erregistroa arautzen duen foru dekretua onetsi bitartean, erregistro horrek ordezkatuko baitu Ikus-entzunezko Hedabideen Titularitatearen egungo Erregistroa, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Estatutu Organikoaren eta Funtzionamendukoaren VII. kapituluan xedatutakoa aplikatuko da, indarreko legeriari kontra egiten ez dion orotan, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoarekin bat. Estatutua 2003ko maiatzaren 6an onetsi zen.

Xedapen indargabetzaile bakarra.Indargabetzeak.

Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea garatzeko emandako maila beheragoko xedapen guztiak indargabetzen dira.

Azken xedapenetan lehenbizikoa .Nafarroako Ikusentzunezkoen Kontseiluaren aipuak arauetan.

Lege edo erregelamenduzko edozein arautan Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaz egiten diren aipamenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan ikus-entzunezkoen arloko eskumena duen unitate organikoaz egiten direla ulertuko da.

Azken xedapenetan bigarrena .Nafarroako Gobernuari baimena ematea.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau betearazteko behar diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena .Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2011ko urriaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1117445

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web