(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

48/2011 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 16KOA, NAFARROAKO GIZARTE ZERBITZUETAKO IKUSKATZAILEEN ARAUBIDEA EZARTZEN DUENA

BON N.º 108 - 06/06/2011



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. IKUSKATZAILEEN ARAUBIDEA


  III. KAPITULUA. IKUSKAPENAREN ANTOLAKETA


Atariko

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Halaber, foru lege horren beste helburu bat gizarte zerbitzuen sistema bat eratzea da, zerbitzu ezin hobeak ematea ahalbidetuko duena, pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea bermatzeko.

Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua, alde batetik, 3., 6., 7. eta 8. artikuluetan dago zehaztuta, horietan ezartzen baita nor diren gizarte zerbitzuen hartzaileak eta zein eskubide eta betebehar dituzten.

Aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende. Hirugarren atalak ezartzen du ikuskatzaileek baimentzeko, homologatzeko eta erregistratzeko prozesu guztietan izanen dutela erantzukizuna, bai eta, lege honen aplikazio esparruan, entitate publiko nahiz pribatuek ezarri beharreko aldizkako ebaluazio eta kalitate prozesu guztietan ere.

Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskumenak ematen dizkio programak, zentroak eta zerbitzuak kontrolatu eta ikuskatzeko, familiaren, adingabeen babesaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikaren arloetan. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak, gizarte gaien, familiaren, adingabeen babesaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken esparruan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu.

Bestalde, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatuz, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua eta administrazio horietan sartzekoa, hurrenez hurren, onesten dituzten ekainaren 5eko 113/1985 eta azaroaren 6ko 215/1985 foru dekretuak ere, foru dekretu honek gizarte zerbitzuen arloko ikuskapen lanpostuetan sartzeko berariazko baldintzak zehazten ditu, baita dedikazioaren araubidea ere, bai gaur egun eginkizun horietan aritzen diren langileei bai aurrerantzean sartuko direnei dagokienez.

Foru dekretu honen xedea da gizarte zerbitzuetako ikuskatzaileen araubidea eta eginkizun horietako ahalmen eta eskudantziak arautzea.

Horrenbestez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 16ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen arloko ikuskatzaile lanpostuei atxikitako langileen araubidea eta lanpostu horiek lortzeko bete beharreko baldintzak eta dedikazioaren araubidea ezartzea, hori guztia inolaz ere galarazi gabe Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileentzat oro har ezarritako araudian xedatutakoa.

II. KAPITULUA. IKUSKATZAILEEN ARAUBIDEA

2. artikulua . Printzipio orokorrak.

1. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean eta hori garatzeko araudian ezarritako ikuskapen eginkizunak betetzen dituzten langileak gizarte zerbitzuen arloan eskumenak dituen departamentuari atxikiko zaizkio, eta agintaritzaren agentetzat joko dira ikuskapen lanean.

2. Ikuskatzaileak, beren eginkizunak betetzean, Gizarte Zerbitzuetako zerbitzu eta entitateen arduradunekin loturarik izan gabe arituko dira, eta hierarkikoki gorago dituztenen jarraibideak beteko dituzte.

3. Ikuskatzaileek beren izaera frogatzeko agiri bat izanen dute, eta erakutsi egin beharko dute beren eginkizunak betetzean.

3. artikulua . Ikuskatzaileen ahalmenak eta eskudantziak.

Gizarte Zerbitzuetako ikuskatzaileek honako ahalmen eta eskudantzia hauek izanen dituzte beren eginkizunak betetzean:

a) Edozein unetan, eta aldez aurretik abisatu gabe, gizarte zerbitzuen arloko jarduketak izaten dituzten higiezinetan sartzea.

b) Higiezin horiei dagokienez, instalazio, lokal eta eranskin guztietan sartzea eta, oro har, ikuskapenari lotutako jarduerak garatzen diren toki eta eremu guztietan.

Higiezina pertsona fisiko edo juridiko baten helbidea bada, eta horrek ez badu baimenik ematen bertan sartzeko, baimen judiziala eskatu beharko da.

c) Era guztietako egiaztapen materialak egitea, hala nola neurketak, argazkiak, bideoak, krokisak eta/edo planoak, laginak hartzea, instalazioen edo ekipamenduaren edozein elementu egiaztatzea.

d) Dokumentuen, kontabilitatearen eta erregistroen arloko egiaztapenak egitea, bai paperean bai euskarri informatikoan. Ahalmen horrek berarekin dakar dokumentuen edo horien zati baten kopiak edozein euskarri eta formatutan lortzea, eta/edo dokumentu inprimatuak.

e) Zerbitzuaren edo prestazioaren funtzionamenduari buruzko edozein egiaztapen mota egitea, langileen, programen eta kalitatearen betebeharren gainekoak barne, eta, oro har, araudiak eskatzen dituen guztiak.

f) Gizarte zerbitzuen hartzaileekin elkarrizketatzea, edo beren legezko ordezkariekin, bai eta ikuskatutako zerbitzu eta entitateetako langileekin ere.

g) Gizarte zerbitzuetako zerbitzu eta entitateei txostenak, datuak, azterlanak eta estatistikak eskatzea, bai eta ikuskapen lanak ongi egiteko garrantzia izan dezakeen beste edozein informazio mota ere.

h) Ikuskapenaz kanpoko pertsonen aholkuak eta/edo balorazioa eskatzea, Gizarte Zerbitzuetako Ikuskapenaren ohiko zereginean eskatzen diren ezagutzak baino gehiago izatea eskatzen duten arloetan.

i) Ikuskapeneko bisita batean ikusitako akats txikiak zuzen daitezela eskatzea, hori aktan jasoz; ondoren ikuskatzailearen nagusi hurrenak berretsi edo deuseztatu beharko ditu.

j) Beharrezkotzat jotzen diren kautelazko neurriak har daitezela proposatzea organo eskudunari.

k) Gizarte Zerbitzuen Ikuskapenaren mende dauden jarduketak egiaztatzeko beharrezkoak diren eta arauz baimenduta dauden ekintzak egitea.

4. artikulua . Ikuskatzaileen betebeharrak.

Ikuskapen eginkizunen barneko jarduketak egitean, ikuskatzaileek berariazko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Gizarte Zerbitzuen ikuskatzaile gisa egiten dituzten jarduketa guztietan identifikatzea, horretarako luzatutako egiaztapena erabiliz.

b) Ikuskapen lana hasi aurretik, jarduketaren xedearen berri emanen zaio ikuskatuari, baita ikuskapena egitean dituen eskubide eta betebeharren berri ere.

c) Ahalik eta errespetu eta begiramen handienarekin jokatzea, ikuskapenari lotuta dauden pertsonen intimitatea eta ohorea babestuz bereziki.

d) Ikuskatzaileak bere karguagatik, eginkizunengatik eta jarduketengatik ezagutzen dituen gaiak isilpean gordetzea.

e) Pertsonen intimitatean eragina duten edo izan dezaketen datu pertsonalei buruzko konfidentzialtasuna gordetzea.

f) Jarduketak objektibotasunez, gardentasunez eta alderdikeriarik gabe egitea.

g) Zerbitzuaren ohiko jarduera ahalik eta gutxien oztopatzeko moduan egitea ikuskapen lana.

h) Gizarte zerbitzuen hartzaileei, zerbitzuei eta entitate publiko eta pribatuei eta arlo horretako profesionalei legeak onartutako eskubideen ondoriozko beste edozein betebehar edo obligazio.

5. artikulua . Abstenitzea eta errekusatzea.

1. Ikuskatzaileak uko egin beharko dio ikuskapen prozeduran esku hartzeari eta bere nagusi hurrenari jakinarazi, administrazio publikoen zerbitzuko langileen jarduketari buruz indarra duen araudian aurreikusitako abstenitze kasuetakoren bat izaten denean.

2. Era berean, ikuskapen prozeduran errekusazioa sustatu ahalko dute interesdunek, indarra duen araudian ezarritako moduan.

6. artikulua . Prestakuntza eta ebaluazioa.

1. Lanbideari buruzko prestakuntza, hobekuntza eta eguneratzea Gizarte Zerbitzuetako ikuskatzaileen eskubidea eta betebeharra dira.

2. Ikuskapen lana hobetzera bideratuko da batez ere prestakuntza, eta bai plangintzaren ondoriozko beharrak bai ikuskatzaileek beren ohiko jarduketetan atzematen dituztenak hartuko dira kontuan.

3. Urtero, Prestakuntzaren eta Hobekuntzaren Plana onetsiko du Gizarte Zerbitzuen Ikuskapenaren arloan eskumena duen organoak.

4. Ikuskatzaileei ebaluazioak eginen dizkiete aldian-aldian beren nagusi hurrenek, ikuskapen lana Prestakuntzaren eta Hobekuntzaren Planaren bitartez egiteko beharrezkoak diren ezagutzak eguneratzeko.

III. KAPITULUA. IKUSKAPENAREN ANTOLAKETA

7. artikulua . Eskumena.

1. Gizarte Zerbitzuen Ikuskapenari dagokion eskumena Nafarroako Gobernuak du, eta gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuak gauzatuko du, kasuan kasuko administrazio organoari atxikita dauden eta gizarte zerbitzuetako ikuskatzaile lanpostua duten langileen bitartez.

2. Lanpostu hori B mailakoa da, eta titularrek maila horretan sartzeko behar den tituluaren jabe izan beharko dute.

8. artikulua . Sartzea.

1. Gizarte Zerbitzuetako ikuskatzaile lanpostuak lortzeko prozedura deialdi publikoaren bidezkoa izanen da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean eta hori garatzeko araudian oro har ezarritakoaren arabera, bai lanpostuak betetzeari bai administrazio horietan sartzeari dagokionez.

2. Gizarte Zerbitzuetako ikuskatzaile lanpostua lortzeko, dela lanpostuak betetzeko prozeduraz dela sarrera prozeduraz, beharrezkoa izanen da aurreko artikuluan aipatutako tituluak eta B motako gidabaimena edo baliokidea izatea, bai eta horri buruz ezartzen diren probak gainditzea ere, hau da, gizarte zerbitzuen arloko araudia ezagutzeari buruzkoak.

9. artikulua . Dedikazioaren araubidea.

1. Gizarte Zerbitzuetako ikuskatzaile lanpostuari atxikitako langileak prestasun osoko eta erabateko dedikazioko araubidean arituko dira eta, beraz, horri dagokion osagarria jasoko dute. Osagarri hori jasotzea lotuta dago, alde batetik, lanpostuari esleituako ikuskapen eginkizunak zuzen betetzeari eta, bestetik, ikuskapen bisitak ohiko ordutegitik kanpo %15-%30eko portzentajean egiazki eginak izateari.

2. Gizarte Zerbitzuetako ikuskatzaileen lanaldiaren urteko konputua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat oro har ezarritakoa izanen da.

Xedapen Iragankor Bakarra .Gizarte Zerbitzuetako ikuskapen lanean gaur egun ari diren langileen egoera.

1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko B mailako lanpostuak, gaur egun gizarte zerbitzuen arloko ikuskapen eginkizunak betetzen ari diren titularrak dituztenak, Gizarte Zerbitzuetako ikuskatzaile lanpostu bihurtuko dira, foru dekretu honetan lanpostu horiek lortzeko ezarri diren baldintzak betetzen direla frogatu ondoren. Moldaketa hori erabakirik, foru dekretu honetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, indarra hartzen duenetik hasita.

2. Aipatu departamentuko A mailako lanpostuak, gaur egun gizarte zerbitzuen arloko ikuskapen eginkizunak betetzen ari diren titularrak dituztenak, "iraungitzekoak" izanen dira plantilla organikoan. Bitartean, eginkizun horiek betetzen jarraituko dute eta foru dekretu honetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, baldin eta B motako gidabaimena edo baliokidea izan beharraren baldintza betetzen badute.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira Gizarte Zerbitzuen arloko baimenen eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren 36., 37. eta 38. artikuluak, bai eta foru dekretu honen kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak ere.

Azken Xedapenetan Lehena .Garapenerako araudia.

Ahalmena ematen zaio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1108946

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web