(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2011 FORU LEGEA, martxoaren 17koa, seme-alaben jagoletza gurasoen bizikidetza hausten den kasuetarako arautzen duena.

BON N.º 60 - 28/03/2011



  I. KAPITULUA. Arau orokorrak


  II. KAPITULUA. Familiabitartekotza


  III. KAPITULUA. Familiaharremanei buruzko hitzarmenik ezean aplikatu beharreko neurriak


ZIOEN AZALPENA

Familiaren eta haurren babesa, zeina Konstituzioaren 39. artikuluan aldarrikatzen baita, politika sozialaren eta ekonomikoaren printzipio gidarietako bat da, eta botere publikoak behartzen ditu beharrezko neurriak hartzera babes hori benetan gauza dadin.

Bizikidetza hausteak ez ditu gurasoak salbuesten bere seme-alabekiko betebeharretatik, eta, horrenbestez, zenbait neurri hartu beharra dago adingabeen eta dituzten eskubideen babeserako, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatuta.

Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioak -Nazio Batuen 1989ko azaroaren 20ko Biltzar Nagusiak aldarrikatu zuen, eta Espainiak 1990eko azaroaren 30ean berretsi- estatuak behartzen ditu errespeta dezaten haurrek bi gurasoekin modu erregularrean harreman pertsonala eta kontaktu zuzena izateko duten eskubidea, non eta hori ez den haurraren interes gorenaren aurkakoa.

Bizikidetza hausten denean, seme-alaba komunen zaintza eta jagoletza da konpondu beharreko arazo kontuzkoenetako bat. Nahiz eta Kode Zibileko gaur egungo araubideak jasotzen duen jagoletza partekatua, ez baldin badago gurasoen arteko akordiorik, praktikan salbuespena da, eta Ministerio Fiskalaren aldeko txostena du baldintza.

Foru lege honekin nahi dena da, egungo gizarte-errealitatearekin bat, horrelako kasuak zuzendu, eta bidea eman joka dadin, gurasoak ados ez eta erabaki behar denean seme-alaba adingabeen gaineko jagoletzari buruz, seme-alaben interes gorena eta gurasoen berdintasuna aintzat hartuta.

Aurrekoa gorabehera, Gobernuari agindua ematen zaio foru lege proiektu bat aurkez dezan, urtebeteko epean, Nafarroako Foru Berria familia zuzenbideari dagokionez aldatzeko, hori baitu horrelako aldaketa batek esparru naturala, gainerako instituzioekin integratuta, sistema koherente bat osatu behar baitu.

Nafarroak eskumenak ditu zuzenbide zibilaren arloan eta arlo prozesalean, berezkoa duen zuzenbide substantiboaren berezitasunen ondorioz, eta eskumen horiek oinarri hartuta onesten da foru lege hau.

I. KAPITULUA. Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburuak.

1. Foru lege honek xede du arautzea seme-alaba adingabekoen zaintza eta jagoletza, beren gurasoen bizikidetza hausten den kasuetarako.

2. Foru legearen helburua da behar diren neurriak hartzea seme-alaben jagoletzari buruz hartzen den erabakiak kontuan har dezan seme-alaben interes gorena eta gurasoen berdintasuna, eta gurasoen akordia erraztea familia-bitartekotzaren bidez.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren ondorioetarako, erraztu eginen da gurasoak ados jartzea foru lege honetan jasotzen den familia-bitartekotzaren bidez.

II. KAPITULUA. Familia-bitartekotza

2. artikulua. Familiabitartekotza.

1. Aurreko artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, gurasoek erabaki dezakete, beren borondatez, eta akordio bat lortze aldera, dituzten desadostasunak familia-bitartekotzaren bidez konpontzen saiatzea. Era berean, epaileak bitartekotza bidezko konponbide bat proposatzen ahalko du demanda judiziala aurkezten bada.

2. Familia-bitartekotzaren bidez lortutako akordioak dokumentu batean jaso beharko dira, epaileak, hala erabakiz gero, onets ditzan.

3. Foru lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Nafarroako Gobernuak familia-bitartekotzako zerbitzu publiko eta inpartzial bat jarriko du aldeen eskura.

III. KAPITULUA. Familia-harremanei buruzko hitzarmenik ezean aplikatu beharreko neurriak

3. artikulua. Semealaben zaintza eta jagoletza.

1. Bizikidetza hausten bada, gurasoetako bakoitzak bere aldetik, nahiz biek batera, ados jarrita, epaileari eskatu ahalko diote seme-alaba adingabeen edo ezgaituen zaintza eta jagoletza biek hartzea beren gain, edo batek bestela.

2. Eskaera gurasoetako batek bakarrik egiten badu, epaileak erabakiko du jagoletza eta zaintza zein eratakoa izanen den, partekatua ala banakakoa; horretarako, Ministerio Fiskalari entzun beharko dio, eta, aldez aurretik, eskatu beharrekoak iruditzen zaizkion irizpenak ikusi eta entzunaldiak gauzatu ere bai, seme-alaben interesentzat hala komeni denean.

3. Epaileak erabakiko du zein den jagoletza-mota komenigarriena seme-alaba adingabeen intereserako, kontuan hartuz gurasoetako bakoitzak zer eskaera aurkeztu duen eta aintzat hartuz, foru lege honetan xedatutakoaz gainera, hurrengo faktoreok:

a) Seme-alaben adina.

b) Gurasoen arteko harremana, eta, batez ere, gurasoetako bakoitzak zer jarrera duen bere betebeharrez arduratzeari dagokionez, bestearen eskubideak errespetatzeari dagokionez, eta, bereziki, elkarren artean lan egin eta seme-alabek guraso biekiko harremana eta beren familia zabalekiko harremana izateari ziurtatzeari dagokionez.

c) Seme-alaben gizarte- eta familia-loturak.

d) Seme-alaben iritzia, baldin eta behar besteko zentzutasuna badute, eta, betiere, hamabi urte baino gehiago badituzte, bereziki aintzat hartuta hamalau urtetik gorakoena.

e) Gurasoen gaitasuna eta borondatea seme-alaben egonkortasuna ziurtatzeko.

f) Gurasoen familia-bizitza eta lana bateragarri egiteko aukera.

g) Gurasoen artean aldez aurretik egon litezkeen akordioak eta itunak, baldin eta horiek justifikatu badizkiote.

h) Bizikidetasunari buruzko araubideari begira garrantzi berezia duen beste edozein inguruabar.

4. Nolanahi ere, erabakiaren helburua izanen da bateratzea, ahal bada, jokoan diren interes guztiak, kontuan hartuz lehentasuna dutela seme-alaba adingabeen edo ezgaituen interesek, eta ziurtatuz gurasoek berdintasuna izanen dutela seme-alabekiko beren harremanetan horien onuragarri den orotan.

5. Epaileak jagoletza partekatua erabakitzen badu, gurasoetako bakoitzaren eta seme-alaben arteko bizikidetasunari buruzko araubide bat ezarriko da, familiaren egoerari egokitua, bi gurasoei ziurtatze aldera berdintasunez baliatu ahal izatea haien eskubideak eta betebeharrak.

6. Jagoletza banakakoa erabakitzen badu, epaileak beste gurasoarekiko komunikazio-, egonaldi- edo bisita-araubide bat ezarriko du, hark ziurtatuta izan dezan Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioko 63. legearen arabera esleituta dituen guraso-ahalaren berezko ahalmen eta betebeharren erabilera.

7. Non eta berariaz justifikatutako inguruabarrak gertatzen ez diren, ez da neba-arrebak banatzea dakarren konponbiderik hartuko.

8. Ez zaio zaintza eta jagoletza gurasoetako bati emanen, ez partekatua ez banakakoa, hurrengo bi baldintza hauek batera ematen badira:

a) Beste gurasoaren edo seme-alaben bizitzaren, osotasun fisikoaren, askatasunaren, osotasun moralaren edo sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurka atentatzeagatik abiatutako prozesu penal batean sartuta badago.

b) Kriminalitate-zantzu arrazoizkoak eta funtsatuak daudela dioen ebazpen judizial arrazoitua eman bada.

Ez zaio zaintza eta jagoletza emanen, ezta ere, baldin eta epaileak ikusten badu, alderdien alegazioei eta egindako frogei erreparatuta, etxeko edo genero indarkeriaren zantzu funtsatuak eta arrazoizkoak daudela.

Bi kasu horietan hartzen diren neurriak berraztertu ahalko dira, baldin eta zigor jurisdikzioan horri buruzko ebazpen irmoa ematen bada.

Ezkontide edo bikotekide baten aurkako salaketa ez da nahikoa izanen, berez, modu automatikoan ondorioztatzeko bestearenganako edo seme-alabenganako indarkeria edo mehatxuak daudela, edo horiei kalteak eragiten zaizkiela, eta ez da nahikoa izanen seme-alaben zaintza eta jagoletza gurasoetako bati emateko.

Xedapen gehigarri bakarra.Zenbait pertsonari buruz ari denean foru lege honen gaztelaniazko bertsioak genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan ("padres", "hijos", "abuelos", eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta modu generikoan egiten zaiela erreferentzia posizio horietan daudenei, emakumezkoak zein gizonezkoak izan, erabateko berdintasunbaldintzetan ondorio juridikoen ikuspegitik.

Xedapen indargabetzailea .Indargabetuta gelditzen da Bikote Iraunkorren Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeko 10. artikulua.

Azken xedapenetan lehena .Nafarroako Gobernuak, foru lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, eta Foru Zuzenbide Zibileko Kontseilu Aholkuemaileak aldez aurretik txostena eginda, Nafarroako Parlamentuan foru lege proiektu bat aurkeztuko du Nafarroako Foru Berria aldatzeko, familia zuzenbideari dagokionez.

Azken xedapenetan bigarrena .Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak foru dekretu bat onetsiko du arautuko dituena familiabitartekotzako zerbitzuen antolamendua, funtzionamendua, eskumenak eta eskudantziak, familiagatazkak konpontzea eta foru lege hau aplikatzea helburu.

Azken xedapenetan hirugarrena .Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hiru hilabeteko epean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2011ko martxoaren 17an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1105100

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web