(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

53/2006 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 31KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAKO LANPOSTUETAN EZINTASUNAK DITUZTEN PERTSONEN SARRERA SUSTATZEKO BATZORDE MISTOA SORTZEN DUENA.

BON N.º 99 - 18/08/2006



Atariko

Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluaren arabera, agintariek ezgaitasun fisiko, zentzumenezko eta psikikoak dituzten pertsonak tratatu, gaiberritu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute. Halaber, behar duten laguntza espezializatua eskaini eta I. Tituluak herritar guztiei aitortzen dizkien eskubideak erabili ahal izateko babesa emanen diete bereziki.

Dudarik gabe, ezintasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko bide nagusietako bat lan munduan sartzea da. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan enplegu publikoa eskuratzeari dagokionez, maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitatean ezintasunak dituzten pertsonek lanpostuak eskuratzeari buruzko alderdi batzuk arautzen baititu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarria aldatu zuen, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, hain zuzen ere. Aldaketa horrek %5 bitarte handitu du lan eskaitza publikoetan ezinduentzat gordetzen diren lanpostu hutsen portzentajea. Era berean, beste neurri batzuk sartu ditu lanpostu hutsen hautapenari eta ezintasunak dituzten langileen kontratazioko hurrenkerari dagokienez.

Talde horri lanpostu publikoak eskuratzen benetan laguntzeko eta, hortaz, ezintasunak dituztenentzat erreserbatutako ahalik eta lanpostu gehien betetzeko helburuak gomendagarri egiten du batzorde mistoa sortzea. Bertan, parte hartuko dute Administrazioko ordezkariek eta sindikatuetako zein Nafarroan ezintasunak dituzten pertsonen erakunde edo entitateetako ordezkariek. Haien eginkizuna izanen da erreserbako lanpostu hutsen gaineko informazio zehatza ematea, bai eta ezintasunak dituzten pertsonek funtzio publikoan sartzeko probetan eskatzen dituzten egokitzapenak egiteko irizpideen gainekoak ere, eta, oro har, hautaprobetako prozeduren segimendua egitea ezintasunak dituzten pertsonentzat erreserbatutako lanpostuei eta betetzeari buruz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan ezintasunak dituzten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoa organo kolegiatua da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. Tituluko III. Kapituluan arautua. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarentzako txostenak egitea, aholkua ematea eta haren segimendua egitea izanen dira haren betekizunak, lan eskaintza publikoetan ezintasunak dituztenentzako txandari dagokionez. Beraz, foru dekretu honen bidez, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 29. artikuluko alderdi guztiak finkatu beharko dira.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko uztailaren 31ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan ezintasunak dituzten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoaren sorrera da foru dekretu honen xedea, bai eta haren osaera eta eginkizunak arautzea ere, ezintasunak dituztenentzat erreserbatutako ahalik eta lanpostu huts gehien egiazki betetze aldera.

2. artikulua . Izaera, osaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan ezintasunak dituzten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoa organo kolegiatua da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. Tituluko III. Kapituluan arautua. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarentzako txostenak egitea, aholkua ematea eta haren segimendua egitea izanen dira haren betekizunak, lan eskaintza publikoetan ezintasunak dituztenentzako txandari dagokionez.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan ezintasunak dituzten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoa ondoko kideek osatuko dute. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru agindu bidez izendatuko dira, ondotik zehazten diren unitate organikoetako edo entitateetako arduradunek proposaturik:

a) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko hiru ordezkari; haietako bat lehendakari arituko da eta bestea idazkari.

b) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko hiru ordezkari.

c) Hezkuntza Departamentuko ordezkari bat.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordezkari bat.

e) Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordezkari bat.

f) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak hautatutako hiru ordezkari, ezintasunak dituzten pertsonen Nafarroako erakundeek edo entitateek proposaturik.

g) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen negoziazio mahai orokorrean parte hartzen duten sindikatuek proposatutako bi ordezkari.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan ezintasunak dituzten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari atxikiko zaio.

3. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan ezintasunak dituzten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoak betekizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi zuenak, bere zazpigarren xedapen gehigarrian, ezartzen du lan eskaintza publikoetan lanpostu batzuk gorde behar direla %33koa edo handik goitiko minusbaliotasun maila duten pertsonentzat. Horri jarraikiz, aurretik, batzordeak zehaztuko ditu lanpostu huts horiek zeintzuk diren.

b) Lan enplegu publikoan sartzeko hautaprobetako egokitzapenek bete beharreko irizpide orokorrak ezartzea, ezintasunak dituzten izangaiek eskatzen dituzten kasuetarako.

c) Urtero, informazioa jasotzea ezintasunak dituzten pertsonek aldi horretan egiazki betetako lanpostuei buruz.

d) Lanpostu publikoetan ezintasunak dituzten pertsonen sarrerari eta mailaz igotzeari buruz sortzen diren auzi guztien gaineko txostenak egitea.

4. artikulua . Funtzionamendu araubidea, kideen estatusa eta eginkizunak.

Ondokoek gobernatuko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan ezintasunak dituztenen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoaren funtzionamendu araubidea, kideen estatus-a eta eginkizunak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. Tituluko III. Kapitulua, eta Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapitulua.

Azken Xedapenetan Lehena. Foru dekretu hau garatu eta betearazteko gaikuntza.

Ahalmena emanen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web