(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

16/2004 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 26KOA, OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGAREN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 24 - 25/02/2004



  ERANSKINA. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamendua


  I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak


  II. KAPITULUA. ZERGAPEKO EGINTZA


  III. KAPITULUA. SUBJEKTU PASIBOAK ETA ERANTZULEAK


  IV. KAPITULUA. ZERGAOINARRIA


  V. KAPITULUA. PRESKRIPZIOA


  VI. KAPITULUA. ARAU BEREZIAK


  VII. KAPITULUA. ZERGAREN KUDEAKETA


  VIII. KAPITULUA. ZERGAREN ITZULKETA


  IX. KAPITULUA. FORMAZKO BETEBEHARRAK


Atariko

Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Testu Bateginaren Azken Xedapenak, abenduaren 16ko Legegintzako 250/2002 Foru Dekretuak onetsi baitzuen, ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari Testu Bategin hura garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Gainera, arau haren 6., 28., 53., 58., 59., 60. eta 61. artikuluek zenbait igorpen egiten dituzte erregelamenduetara, xehetasun handiagoko xedapenen bidez arau daitezen zergaren zenbait gorabehera.

Bestalde, aipatu foru dekretuak onetsi zuen Testu Bateginaren Xedapen Iragankorrak ezartzen du zergaren erregelamendua onetsi bitartean indarrean jarraituko dutela 1970eko apirilaren 10eko Foru Diputazioaren Erabakiz onetsitako arauek eta hari buruzko gainerakoek, Testu Bateginaren aurkakoak ez direnean betiere.

Hala, erregelamendu honek bi xede ditu. Alde batetik, testu bateginean zehaztapen edo puntualizazio berariazkoren bat behar duten funtsezko kontuak eta kudeaketakoak garatzea. Eta, bestetik, 1970eko apirilaren 10eko Foru Diputazioaren Erabakiz onetsitako arauek hein batean sortu duten nolabaiteko segurtasun juridikorik ezari bukaera ematea.

Foru Dekretua honela dago osatua: artikulu bakar bat, Erregelamendua onesten duena, xedapen gehigarri bat, indargabetzaile bat eta azken bat.

Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamenduak bederatzi kapitulu ditu, eta 58 artikulu guztira.

I. kapitulua, Zergaren Testu Bateginean bezala, xedapen orokorrak arautzeko da, eta hiru artikulu ditu.

Lehenbizi zerga honetarako ondare-gehikuntzaren kontzeptuaren definizioa ematen du, eta haren eremua eta Pertsona Fisikoen Errrentaren gaineko Zergarena bereizten ditu. Zergaren ordainketari atxiki beharreko ondasunez dihardu gero, eta ondasun edo eskubide horien balioa atzerriko dirutan finkatua denean egin behar dena arautzen du.

II. Kapituluak, "Zergapeko egintza" izenekoak, 8.etik 9.era bitarteko artikuluak biltzen ditu.

II. kapituluan Zergaren Testu Bateginaren 8. artikuluko a) eta b) letretako "beste oinordetza-titulu batzuk" eta "gainerako "inter vivos" negozio juridiko doakoak" kontzeptuen edukia zehazten da.

Istripu-aseguru batetik jasotako diru-kopuruak Testu Bateginaren 8. artikuluko c), d) eta e) letretan sartu ahal izanen dira, kasuen arabera.

Kapitulu berean arautzen dira aldizkako prestazioak, bai biziartekoak bai aldi baterakoak, eta Zergaren Testu Bateginaren 10. artikuluak aipatzen dituen presuntzioak aplikatzeko prozedura.

III. kapituluak, "Subjektu pasiboak eta erantzuleak", artikulu bakarra du, 10.a, eta Testu Bateginaren 16. artikuluak aipatzen duen erantzukizuna noraino hedatzen den adierazten du; eta, halaber, likidazioaren edo norberaren likidazio partzialaren zenbatekoa ordaindu eta gero erantzukizunaren iraungipena nola gertatzen den.

IV. Kapitulua, "Zerga-oinarria" izenekoa, hiru ataletan banatzen da. Lehenbizikoak "mortis causa" eskurapenetarako arau berezi batzuk ematen ditu, 11.etik 22.era bitarteko artikuluetan.

Oinordetzan utzitako ondasunak eta bakoitzari dagokionaren balio garbia nola zehaztu arautzen du lehenik.

Bigarren, ondasun batzuk oinordetzan utzitako ondasunen partetzat hartzeko presuntzioei buruzko arauak ematen ditu, eta baita presuntzio hori baztertzeari buruzkoak ere.

Azkenik, bi prozedura sail arautzen ditu: ondasun horiek herentzia-masari nola gehitu eta kausatzailearen zorrak nola kendu handik, baldin eta zerga-zorra ordaindu ondoren halakorik agerian gelditu bada.

2. atalak doako eta "inter vivos" eskurapenetarako zenbait arau berezi ematen ditu, 23.etik 25.era bitarteko artikuluetan. Kostugabeko "inter vivos" eskurapenetako zorretako kenketez dihardu, eta halaber dohaintza-emailearen zergengatik dohaintza-hartzaileak ordaindutako zorren zergaren itzulketaz eta ezkontza-sozietatearen ondasun komunen dohaintzaz.

3. atalak, "Balio-egiaztapenak", peritu-tasazio kontraesanezkoa arautzen du, 26. artikuluan zehazki.

V. kapitulua, "Preskripzioa", artikulu bakarrak osatzen du, 27.ak, eta jaraunspenez, legatuz edo bestelako edozein oinordetza-tituluz eskuratutakoen preskripzioaren etenaz dihardu.

VI. kapitulua, "Arau bereziak", lau artikuluz osatua da, 28.etik 31.era bitartekoez, eta bi ataletan banatua. 1.ak usufruktu edo erabilera eskubidearen pareko instituzioez dihardu, eta halaber konkista edo ganantzialen sozietatearen ondorioetarako bizirik gelditutako ezkontideak egindako ukoaz, eta 2.ak, berriz, dohaintzen metaketaz eta dohaintzak jaraunspenari metatzeaz, Testu Bategineko 51. eta 52. artikuluetan jasotzen baitira.

VII. kapituluak, "Zergaren kudeaketa", 32.etik 53.era bitarteko artikuluak ditu, hiru ataletan banaturik.

1. atalak zerga kudeatzeko arau orokorrez dihardu, hala nola Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskumena emateaz, subjektu pasiboek Zerga Administrazioari likidazioa egin dezan aitorpen bat edo autolikidazio bat aurkeztu beharraz, agiria aurkezten duenari buruzko berezitasun batzuez, eta zenbait erakunde eta gizarte-sektorerekin dauden akordioen bidez autolikidazioak aurkezteko kanpoko laguntzaz.

Subjektu pasiboek beren esku dute aitorpenaren edo autolikidazioaren sistema hautatzea.

2. atalak aitorpenaren sistema arautzen du; subjektu pasiboak, kasu horretan, hautatu du behar diren agiriak aurkeztea, eta, halakorik ez bada, paper arruntean egindako aitorpen bat, Administrazioak likidazio bidez zerga-zorra erabaki dezan. Atal horretan zehazten da zein diren aurkeztu beharreko agiriak eta aurkezteko epeak eta luzapenak, epe horiek nola eteten diren, agiriak non aurkeztu behar diren, eta zein den tramitatzeko prozedura.

Atal horrexetan jasotzen da jaraunsleak ezezagunak diren kasuetan zer egin behar den, likidazioa nola geroratzen den, zein kasutan gertatzen den testamentu-xedapena betearaztea eteten duen baldintza, zein kasutan egin daitezkeen likidazio osagarriak eta nola egin likidazio partzialak.

Azkenik, arautzen ditu finantza-entitateetan jasotako baloreak Zerga Administrazioak besterendu eta bere izenean banku-txekeak luzatzeko baimena, aseguratua hiltzen denerako bizitza-aseguruko kontratuengatik errenta moduan jasotako dirukopuruen kuotaren zatitzea, hala nola egiaztapen eta ikerketarako ahalmen berariazkoak.

VII. kapitulu horren 3. atalak autolikidazioaren sistema arautzen du, alegia, subjektu pasiboak zerga-zorra berak zehaztea erabaki duen sistema, zeinean berak eginen baititu eragiketak eta erantsiko zergapeko egintza jasotzen duten agiriak, horrela lastertasun eta sotiltasun oinarrietara egokituz zergaren kudeaketa. Halaber arautzen dira autolikidazio partzialak eta autilikidazioen zatikako ordainketak.

VIII. kapitulua, "Zergaren itzulketa", 54. artikuluak osatzen du, eta Testu Bateginean eta Erregelamenduan arautzen diren kasuetan zerga itzultzeko prozeduraz dihardu, eta igorpen bat egiten du diru-sarrera bidegabeen itzulketaren prozeduraz.

IX. kapituluak, "Formazko betebeharrak", lau artikulu ditu, 55.etik 58.era bitartekoak, azkena barne. Agintari, funtzionario eta partikularren betebeharrren alderdi batzuk arautzen ditu, Zergaren Testu Bategineko 55. eta 56. artikuluetan arautuak lehen ere; eta horrez gain arautzen du nola erabili behar diren teknika telematikoak notarioen formazko betebeharrak betetzerakoan, eta autolikidazioak eta bestelako agiriak aurkeztean.

Nafarroako Gobernuak 2003ko urriaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, Foru Dekretu honen edukia Nafarroako Kontseiluari igorri zitzaion, irizpena eman zezan.

Irizpena 2003ko abenduaren 15ean eman zuen, eta arauaren edukia antolamendu juridikoarekin guztiz bat datorrela adierazi.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko urtarrilaren hogeita seiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra

Foru Dekretu honen eranskin gisa ageri den Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten da.

Xedapen Gehigarria

Honako eduki hau izanen du hemendik aurrera maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretuaz onetsi zen Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 94. artikuluaren 2. idatz zatiak:

"2. Zergari, oro har, autolikidazioa eginen zaio, salbu eta zergapeko egintzak Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren likidazioa egiteko Administrazioari aurkeztutako dokumentu bakar batean jaso badira."

Xedapen Indargabetzailea

Indargabetu egin dira 1970eko apirilaren 10eko Foru Diputazioaren Erabakiz oinordetzei eta dohaintzei onetsitako arauetan jasotako aginduak, eta baita Zergaren Testu Bateginaren Xedapen Iragankorraren 1. idatz-zatian xedatutakoaren arabera indarrean jarraitu dutenak ere.

Azken Xedapena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa arren, VII. kapituluko 3. Ataleko 33. artikuluan jasotzen den autolikidazio-sistemak eta hari buruzko gainerako aginduek ez dute ondoriorik izanen harik eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak foru aginduz zergaren aitorpen-likidazioaren inprimakiaren ereduak onesten dituen arte.

I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak

1. artikulua. Ondaregehikuntzaren kontzeptua.

Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren peko ondare-gehikuntzatzat ulertzen da pertsona fisiko baten ondarean egiten den edozein ondasun eta eskubideren gehitzea, baldin eta, Testu Bateginean eta Erregelamendu honetan adierazitakoaren arabera, zerga-ordainketa sorrarazten duen zergapeko egintzetakoren baten ondoriozkoa bada.

Ordea, ondare-gehikuntza bat berak ez du aldi berean jasanen Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren karga eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.

2. artikulua . Eskuratutako ondasunen menpekotasuna.

1. Eskuratutako ondasun eta eskubideak, nor ere den haien jabea, eskurapen horiek kargatzen dituzten zergak ordaindu beharraren pean geratuko dira, non eta jabea ez den Erregistroko fede publikoak babestutako hirugarren bat edo, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan, ondasunak establezimendu industrial edo komertzialetan on beharrez eta titulu justuz erosi direla justifikatzen ez den. Menpekotasun hori notarioek jasoko dute, egiaztatzen dituzten agirietan hari buruzko oharra eginez. Erregistroan menpekotasuna espresuki jasota dagoenean, hirugarrena ez da hartuko Erregistroko fede publikoak babestutzat.

2. Onura fiskal baten behin betiko eraginkortasuna zergadunak edozein beharkizun betetzearen menpe baldin badago eta jabariaren zatitzeak ondorengo likidazio bat ekartzen badu bateratzeko, Zerga Administrazioak gorabehera horren berri jasoko du aurkezleari itzulketa egin baino lehen, eta Jabetza eta Merkataritza Erregistratzaileek, albo-ohar bidez, jasoko dute eskualdatutako ondasunen eskurapena bidezko diren likidazioak ordaintzearen mende dagoela, onura fiskala baldintzatzen zuen beharkizuna ez betetzearen kasurako edo jabaria Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera jabaria benetan bateratzearen kasurako.

3. artikulua . Atzerriko diruzko balioa.

Ondasun edo eskubideen balioa atzerriko dirutan edo dibisatan emana bada, likidazio oinarria finkatzeko, sorrarazpena gertatzen den unean diru edo dibisa horrentzat finkatutako truke-tasa ofiziala erabiliko da.

Balioa nola diru nazionalean nola atzerrikoan finkaturik badago, oinarria kalkulatzeko bataren eta bestearen arteko baliorik handiena hartuko da aintzat, lehenbiziko horrentzat aurreko lerroaldeko araua aplikatuz.

II. KAPITULUA. ZERGAPEKO EGINTZA

4. artikulua . Oinordetzatituluak.

Testu Bateginaren 8. a) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, besteak beste, oinordetza-titulu dira jaraunspenaz eta legatuaz gain, oinordetza-kontratu edo itunak eta "mortis causa" dohaintza eta hari parekatutakoa, Testu Bateginaren 43. artikuluko lehen lerroaldean ezartzen den moduan, hala nola albazea eta konfiantzako jaraunsleei beren lan hori egiteagatik dirukopuruak jasotzeko eskubidea ematen dietenak, dirukopuru horiek usadio eta ohiturek ezarritakoa gainditzen duten heinean edo oinordetzan utzitako ondasunen balio egiaztatuaren 100eko 10 baino gehiago egiten dutenean.

5. artikulua . "Inter vivos" eta doako negozio juridikoak.

Testu Bateginaren 8.b) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, "inter vivos" eta doako negozio juridiko dira, besteak beste, aipatu 8. artikuluko b), d) eta e) letretakoez gain, honako hauek:

a) Testu Bategin horren 43. a) artikuluaren bigarren lerroaldeak aipatzen duen "mortis causa" dohaintza.

b) Konpilazioaren 177. Legean jasotako ondasunen uneko eskualdatzea dakarten oinordetzako itun edo kontratuak.

c) Zorraren barkamena, osoa edo partziala, eskuzabaltasunez egina.

d) Eskubideei uko egitea, pertsona jakin baten alde.

e) Auzian edo arbitrajean auzi-uztea edo beste alderdiaren eskaria onartzea, eskuzabaltasunez egina, hala nola halako asmoz egindako edozein transakzio, baldin eta ukoa, auzi-uztea edo onarpena badakar.

f) Besteren zorra ordainik gabe eskuzabaltasunez bere gain hartzea, Testu Bateginaren 27. artikuluan ezarritako kasuan izan ezik.

6. artikulua . Istripuasegurua.

Istripu-aseguru batetik diru-kopuruak jasotzea Testu Bateginaren 8. artikuluko c), d) eta e) letretako zergapeko egintzan sartu ahal izanen da, kasuen arabera.

7. artikulua Aldizkako prestazioak.

1. Zergaren Testu Bateginaren 8. artikuluko c), d) eta e) letretan aipatzen diren dirukopuruak eskuratzea zergapekoa izanen da, bai dena batera jasotzen bada, bai dirukopuruok aldizkako, bizi arteko edo denboraldi bateko prestazio moduan jasotzen badira.

2. Aldizkako, bizi arteko edo denboraldi bateko prestazioak jasotzea Zergaren Testu Bateginaren 39. artikuluan xedatutakoaren araupean dago.

3. Aurreko idatz-zatiko kasuetan, Administrazioak zilegi du jotzea, zerga-oinarria finkatzeko, pentsioaren balioaren kalkulu aktuarialera, horretarako peritu-irizpena baliatuz.

8. artikulua . Zergaeskatzea jaraunspenetan eta "mortis causa" dohaintzetan.

Testu Bateginaren 8. artikuluko a) letran aipatzen diren eskurapenak kausatzailearen heriotza-egunean gertatu direla urlertuko da, eta, beraz, zerga eskatzeko aski izanen da frogatua izatea eskualdatzearen sorburu-egintza, baita agiriak, inbentarioak edo banaketak formalizatu gabe badaude eta likidaziorako aurkeztu ez badira ere.

9. artikulua . Zergapeko egintzei buruzko presuntzioen prozedura.

Administrazioak jakiten duenean gertatu dela Testu Bateginaren 10. artikuluan aipatzen diren egintzetakoren bat, eta hartan oinarritzen direla zergaren peko ondare-gehikuntzei buruzko presuntzioak, eta agiriak aurkezteko ezarritako epeetan haiei buruzko aitorpenik egin ez dela, horren berri emanen die interesatuei, zergapeko egintza tartean izateari buruz beren adostasun edo desadostasuna adieraz dezaten; hamabost eguneko epea izanen dute, beraz, froga edo agiri baliagarriak aurkezteko. Epe hori beteta, bidezko den ebazpena emanen du Administrazioak, eta, hala badagokio, gertatutako zergapeko egintzatzat hartzen dituenei dagozkien likidazioak igorriko ditu.

III. KAPITULUA. SUBJEKTU PASIBOAK ETA ERANTZULEAK

10. artikulua . Erantzukizunaren irismena eta iraungipena.

1. Zergaren Testu Bateginaren 17. artikuluak aipatzen duen erantzukizunak badu bere muga; hain zuzen ere, hura sortu duten ondasunen eskurapenari dagokion zerga-zatia, halakotzat ulertu behar delarik ondasunen balio egiaztatuari benetako batez besteko karga-tasa aplikatzetik sortutako emaitza.

Horretarako, benetako batez besteko karga-tasa finkatzeko, honako eragiketa egin behar da: zerga-kuota zati likidazio-oinarria bider 100. Batez besteko karga-tasa bi hamartarrekin adieraziko da.

2. Erregelamendu honetako arauen arabera likidazio edo autolikidazio partziala egitea zilegi denean, haren zenbatekoa izanen da balizko erantzukizunaren muga, baldin eta aurreko lerroaldean ezarritakoa aplikatzearen emaitza baino txikiagoa bada betiere.

3. Erregelamendu honen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera egindako likidazio edo autolikidazio partzialaren arabera sortzen den dirukopurua ordaintzeak iraungipena ekarriko dio ondasunak herentziaz jasotzeari dagokion zerga ez ordaintzeagatik 16. artikuluak aipatzen dituen entitate eta pertsonek duketen erantzukizunari.

IV. KAPITULUA. ZERGA-OINARRIA

IV. KAPITULUA

1. ATALA

"MORTIS CAUSA" ESKURAPENETARAKO ARAU BEREZIAK

11. artikulua . Printzipio orokorra.

"Mortis causa" eskurapenetan, kausadun bakoitzari jaraunspeneko ondasuntzatik dagokion partearen balio garbia izanen da zergaren oinarria, Testu Bateginaren 18. artikuluaren arabera; balio garbia, berriz, honako hau da: ondasun eta eskubide eskuratuen benetako balioa ken kargak, zorrak eta gastu kengarriak.

12. artikulua . Oinordetzan utzitako ondasunak nola zehaztu.

1. Kausadun bakoitzaren zatia zein den zehazteko, kausatzaileak oinordetzan utzitako ondasunen artean sartuko dira Zergaren Testu Bateginaren 22. artikuluan ezarritako presuntzioen ondorioz gehitzen diren ondasunak, salbu eta artikulu horren arabera pertsona jakinen zerga-oinarriari egotzi beharrekoak badira.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera kausadunei dagokien zatia zehazterakoan, aplikazio-esparrutik kanpo geldituko dira testamentu-egileak oinordetzako ondasuntzatik ondasun jakin batzuk utzi dizkien eta beste batzuk jasotzetik erabat kanpo utzi dituen kausadunak. Ondasun jakin batzuk utzi eta jaraunspen-masaren gainerakotik zati bat utzi badie, jaraunspen-masaren gainerakoan duten zatitik proportzionalki dagokien ondasun gehituen zatia kontatuko zaie.

3. Testu Bateginaren 20.3 artikuluak aipatzen dituen legatuen kasuan, zerga-kuotak ez du handituko legatudunaren kargura igorriko den likidazioaren zerga-oinarria.

13. artikulua . Bakoitzari dagokionaren balio garbia nola zehaztu.

1. Kausadun bakoitzari dagokionaren balio garbia zehazteko, ondasun edo eskubideen balioari honako hauek kendu behar zaizkio:

a) Jasaten dituzten karga edo zamak, baldin eta kengarriak badira Zergaren Testu Bateginaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Kenketarako ezarritako baldintzak betetzen dituzten zorrak.

c) Eskuratzerakoan onura fiskalen batez gozatzen dutenak, onurarentzat ezartzen den heinean.

d) Gastu kengarrien zenbatekoa, Zergaren Testu Bateginaren 25. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Karga jasaten duten ondasunak edo eskuratzean onura fiskalaz gozatzen dutenak pertsona jakin bati utzi badizkio testamentu-egileak, edo, haren erabakiz, zorra ordaintzea kausadun baten kargu gelditzen bada, kenkaria pertsona edo kausadun horrentzat bakarrik izanen da.

14. artikulua . Hil aurreko urtean kausatzailearenak zirelako gehigarri diren ondasunak.

1. Testu Bateginaren 22.1.a) artikuluan ezarritako presuntzioaren babesean egindako gehitzeak jaraunsle diren hein berean izanen du eragina kausadun guztientzat, salbu eta agiri egokiz frogatzen bada agindu horretan adierazten diren pertsonetakoren bati eskualdaketa egin zaiola; izan ere, kasu horretan, harentzat baizik ez baitu eragina izanen, jaraunsle edo legatudun bihurtuko baita ondorio fiskaletarako, lehendik hala ez bada.

2. Desagertutakoen lekuan dirurik edo ondasun subrogaturik egotea ez justifikatzeak ez du galaraziko interesatuek eskualdaketa frogatzeko duten eskubidea.

15. artikulua . Hil aurreko hiru urteetan kausatzaileak usufruktuan eskuratu zituelako gehigarri diren ondasunak.

1. Testu Bateginaren 22.1.b) artikuluan ezarritako presuntzioaren babesean egindako gehitzea indarrik gabe geldituko da baldin eta agiri egokiz frogatzen bada jabetza soila eskuratu zuenak eskualdatzaileari eman ziola hura eskuratzeko adina diru edo ondasun edo eskubide.

Dirurik edo ondasun subrogaturik badela ez justifikatzeak ez du galaraziko interesatuek kostubidezko eskualdaketa gauzatu dela frogatzeko duten eskubidea.

2. Presuntzio honen babesean egindako gehitzeak jabetza soila eskuratu duenarentzat bakarrik izanen du eragina, eta ondasunaren edo eskubidearen jabari osoa "mortis causa" eskuratzeagatik dagokion likidazioa eginen zaio. Likidazio hori egiteak jabari osoa bateratzeagatik legokiokeena egitetik salbu utziko du.

16. artikulua . Hil aurreko lau urteen barnean kausatzaileak jabetza soila eskualdatu zielako gehigarri diren ondasunak.

1. Testu Bateginaren 22.1.c) artikuluan ezarritako presuntzioaren babesean egindako gehitzea indarrik gabe geldituko da, baldin eta agiri egokiz frogatzen bada oinordetzan utzitako ondasunen artean badela jabetza soilaren eskualdatzearen ordainetan haren balioaren adinako dirua edo bestelako ondasunak jaso izanaren adierazgarririk.

Dirurik edo ondasun subrogaturik badela ez justiikatzeak ez du galaraziko interesatuek eskualdaketa gauzatu dela frogatzeko duten eskubidea.

2. Presuntzio honen babesean egindako gehitzeak jabetza soila eskuratu duenarentzat bakarrik izanen du eragina; eskuratzailea, beraz, legatuduntzat hartuko da, baldin eta jaraunsle ez bada, eta ondasunaren edo eskubidearen jabari osoa "mortis causa" eskuratzeagatik dagokion likidazioa eginen zaio. Likidazio hori egiteak jabari osoa bateratzeagatik legokiokeena egitetik salbu utziko du.

17. artikulua . Balore edo efektuen endosu kasuetako ondasun gehigarriak.

Testu Bateginaren 22.1.d) artikuluan ezarritako presuntzioaren babesean egindako gehitzeak baloreen endosu-hartzailearentzat bakarrik izanen du eragina, legatudun bihurtuko baita jaraunsle ez bada.

18. artikulua . Gehitzetik kanpo.

Ez da eginen aurreko 14. artikulutik 17.era bitarteko gehitzerik, baldin eta, ondasunen eskualdatze kostubidezkoarengatik, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen Zergan, presuntzioaren peko jaraunsle edo legatudunak ordaindu badu dirukopuru bat eta kopuru hori eskurapenaren garaian balio egiaztatuari Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergan legokiokeen batez besteko tasa efektiboa aplikatzetik sortuko litzatekeena baino handiagoa bada, betiere likidazioa egitean balio hori sartu baldin bazen. Batez besteko karga-tasa efektiboa Erregelamendu honen 10. artikuluan ezarritako moduan kalkulatuko da.

19. artikulua . Zatiezintasun egoerako ondasunetan kausatzaileari egotz dakiokeen proportzioaren presuntzioa.

Jaraunspen banatugabeen, ondasun-erkidegoen eta, nortasun juridikorik izan gabe, unitate ekonomiko edo ondare bereizi diren gainerako entitateen ondasunetan kausatzaileari egotz dakiokeen zatia jaraunspeneko ondasuntzari gehituko zaio, aplikatzekoak diren arauek edo interesatuen arteko itunek agintzen duten proportzioan, eta, Administrazioak agiri egokiz hala frogatutzat ez badauka, interesatuen kopuruaren arabera.

20. artikulua . Jaraunspenmasari ondasunak gehitzeko prozedura.

Administrazioak, heriotzaren ondoriozko eskurapen bati buruzko agiri bat edo aitorpen edo aitorpen-likidazio bat aurkeztu eta gero egiaztatzen badu kausatzailearen ondasunen inbentarioan Erregelamendu honen 14. artikulutik 17.era bitarteko edo 19.eko ondasunen bat aipatu gabe utzi dela, interesatuei horren berri emanen die, eta hamabost eguneko epea izanen dute komenigarri jotzen dituzten alegazioak egiteko eta beren eskubiderako egoki juzgatzen dituzten frogak aurkezteko.

Interesatuek gehitzea onartzen badute edo epea bete eta ez badute erantzun, egiten diren likidazioen zerga-oinarrian ondasun gehigarrien balioa ere sartuko da, edo, bidezko diratekeen likidazio osagarriak eginen dira interesatuek lehenago egindakoak zuzentzeko, aitorpen-prozedura hori hautatu bada.

Interesatuek, emandako epean, gehitze-proposamena gaitzesten badute, Administrazioak haren jatorriari buruzko erabakia hartuko du, nahiz eta horrek ez duen eragotziko Erregelamendu honetan zerga likidatzeko edo autolikidazioak egiaztatzeko ezarritako jarduketekin aurrera jarraitzea, betiere zerga-oinarritik kanpo utzirik proposatzen den ondasun eta eskubideen balioa.

Gehitzearen aldeko erabakiaren aurka berraztertzeko helegitea paratzen ahal da edo bide ekonomiko-administratibora jo, eta, kasu horretan, Administrazioak likidazioak egiteko egintzaren preskripzio-epea etenda geldituko da, harik eta ebazpenak bide administratiboari bukaera eman arte.

Bide administratiboari gehitzearen aldeko erabakiz bukaera emanik, Administrazioak behin-behineko likidazioak zuzendu edo bidezko diren osagarriak egiteko aukera izanen du.

21. artikulua . Zama eta karga kenketa.

1. Zergaren Testu Bateginaren 23.4 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, pentsioaren zenbatekoa ez bada diru-unitatetan zenbatzen, urteko lanbidearteko gutxieneko soldataren zenbatekoa kapitalizatuz lortuko da haren zenbatekoa.

2. Pentsiodunaren heriotzaz iraungitzen ez diren aldi baterako pentsioen balorazioan ez da aintzat hartuko usufruktuen kasuetan finkatutako muga.

3. Zergaren Testu Bateginaren 23.4 artikuluan ezarritakoaren arabera pentsio batentzat finkatutako balioa zuzentzeko, interesatuak zilegi du peritu-tasazio kontraesanezkoa eskatzea.

22. artikulua . Zerga ordaindu eta gero agerian gelditutako kausatzailearen zorren kenketarako prozedura.

1. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga ordaindu eta gero agerian gelditutako kausatzailearen zorren kenketarako, artikulu honetan ezarritako prozedura jarraituko da:

2. Kenketa gauzatzeko, kenketa egin ez zaion zorrari dagokion zerga-zatiaren itzulketa eginen da, halakotzat hartuko delarik sartutako diruaren eta likidazioa edo autolikidazioa egitean zorraren zenbatekoa kendu balitz sartuko zen zenbatekoaren arteko diferentzia.

Interesatuek Zerga Administrazioari idazki bat aurkeztuko diote zuzenketa eskatzeko, eta, hari atxikirik, zorra badela edo dirusarrera egin ondoren ordaindu dela frogatzen duten agiriak.

Zerga Administrazioak zorra edo ordainketa agiri egokiz frogatutzat ematen badu, idatz-zati honetako lehen lerroaldeak aipatzen duen zerga-zatiaren itzulketarako eskubidea onartzen duen erabakia hartuko du. Bestela, eskubide hori ukatzen duen erabakia hartuko du, eta interesatuei jakinaraziko die, uko horren aurka bidezko helegiteak adieraziz.

Artikulu honetan xedatutakoa ez da baliagarri izanen lau urte igaro badira agiria, likidazioa edo aitorpen-likidazioa aurkezteko epemugaren datatik edo behin betiko likidazio administratibo irmoak badira.

2. ATALA

DOAKO "INTER VIVOS" ESKURAPENETARAKO ARAU BEREZIAK

23. artikulua . Zorren kenketa

Dohaintzetan eta gainerako kostugabeko "inter vivos" eskurapenetan Zergaren Testu Bateginaren 24.5 artikulua izanen da aplikagarri.

24. artikulua . Dohaintzaemailearen zergengatik dohaintzahartzaileak ordaindutako zorren zergaren itzulketarako prozedura.

Testu Bateginaren 27. artikuluak aipatzen duen zerga itzultzeko prozedura arau hauetara makurtuko da:

1. Zor ordaindu eta dohaintzaren zerga-oinarrian kenketarik egin gabeari dagokion zerga-zatitzat honako diferentzia hau ulertuko da: sartutako diruaren eta likidazioa edo autolikidazioa egitean zorraren zenbatekoa kendu balitz sartuko zen zenbatekoaren artekoa.

2. Interesatuak zuzenketa eskatu behar du, idatziz, betiere agiria, likidazioa edo aitorpen-likidazioa aurkezteko epemugaren datatik hasita lau urteko epean, likidazioa egin duen edo autolikidazioa tramitatu duen bulegoan, idazkiari atxikiz zorra bere kontura ordaindua dela frogatzen duten agiriak.

3. Administrazioak agiri egokiz frogatutzat ematen badu dohaintza-hartzaileak zorra ordaindu duela, itzulketarako eskubidea onartzen duen erabakia hartuko du. Bestela, eskubide hori ukatzen duen erabakia hartuko du, eta interesatuari jakinaraziko dizkio bai erabakia, bai uko horren aurka bidezko diren helegiteak.

25. artikulua . Ezkontzasozietateko ondasun komunen dohaintza.

Bi ezkontideen ezkontza-sozietateak ondasun edo eskubide komunak dohaintzan ematen dituenean, bi dohaintza izan direla ulertuko da.

3. ATALA

BALIO-EGIAZTAPENA

26. artikulua . Peritutasazio kontraesanezkoa.

1. Balio-egiaztapenaren emaitza zuzentzeko, interesatuek peritu-tasazio kontraesanezkoa eragin dezakete, egiaztapenaren jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita hamabost eguneko epean aurkeztutako eskaeraren bidez. Aurkezte horrek etenda utziko ditu egindako likidazioen dirusarrerak eta haien aurkako erreklamazioetarako epeak.

2. Baldin eta peritu-tasazio kontraesanezkoa eskualdatzaileek edo dohaintza-emaileek eragina bada, eskabide-orria egiaztapenaren balioen jakinarazpen bereizia egin eta ondorengo 15 eguneko epean aurkeztu beharko da.

3. Peritu-tasazio kontraesanezkoa tramitatzeko honako arauak beteko dira:

1. Balioa agiaztatzeko, Tributuei buruzko Foru Lege Orokrraren 44.1.d) artikuluko "Administrazioaren perituen irizpena" erabili ez izanaren ondorioz, espedientean lehendik ez bazegoen jasota Administrazioaren peritu batek egindako balorazioa, bulego kudeatzaileak, baloratu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda bidaliko die kasuko zerbitzu teknikoei, haiek, behar bezalako titulua duten langileak erabiliz hamabost eguneko epean prezio-jartze orria eman dezaten, bi aletan, zeinean egindako balorazioaren emaitza ez ezik, baloratze hartan erabilitako irizpideak ere jasoko baitira.

2. Administrazioaren perituaren balorazioa jasotzen denean, edo balioaren egiaztapenerako "Administrazioaren perituen irizpena" erabili izanaren ondorioz, espedientean lehendik zegoena baliatuz, interesatuei helaraziko zaie, eta hilabeteko epea emanen peritu bat izendatzeko aukera izan dezaten. Baloratu beharreko ondasun eta eskubideentzat egoki den tituluaz hornitua izan behar du, eta behartua da epe horretan ematera prezio-jartze orri behar bezala arrazoitua.

3. Hilabete igarotzen bada peritua izendatu edo prezio-jartze orria eman gabe, ulertuko da interesatua ados dela balio egiaztatuarekin, eta, beraz, espedientea bukatutzat emanik, likidazioa igorriko da berandutza-interesak gehituta.

4. Administrazioaren perituaren tasazioak ez badu 100eko 10 baino gehiagoan gainditzen eta ez bada interesatuak egin duena baino 120.202,43 euro handiagoa interesatuak egindakoa baino, interesatuarena hartuko da oinarritzat, deklaratutako balioa baino handiagoa bada, edo balio hori bestela, eta bidezko likidazioa eginen da, berandutza-interesak gehituta.

5. Administrazioko perituaren tasazioak muga horiek gainditzen baditu, hirugarren peritu bat izendatuko da. Hartarako, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak urteroko urtarrilean eskatuko die lanbide-elkargoei eta legez aitortutako lanbide-elkarte edo lanbide-korporazioei zerrenda bat bidal dezatela hirugarren peritu aritzeko prest dauden kideekin. Jendaurreko zozketa eginda zerrenda bakoitzetik bat hautatuta, harengandik hasita eginen dira izendapenak, hurrenkera korrelatiboan, baloratu beharreko ondasun eta eskubideak nolakoak diren aintzat harturik eta betiere izendapenari uko egiten ez bazaio behar adinako arrazoi batengatik.

Baloratu beharreko ondasun eta eskubideen izaera dela eta, ez badago lanbide elkargo eskudunik edo hirugarren peritu aritzeko prest dagoen profesionalik, Espainiako Bankuari eskatuko zaio kasuko erregistro ofizialean inskribaturiko tasazio-sozietate bat izenda dezala.

Behin hala izendaturik, izendatu den pertsona edo entitateari bidaliko zaio baloratu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda eta bai aurreko perituen prezio-jartze orrien kopia, hamabost eguneko epean tasazio horietako bat berretsi edo beste balorazio bat egin dezan, behin betikoa.

6. Inoiz ez da hartuko perituaren tasazioa likidazioaren oinarritzat interesatuek deklaratutako balioa baino gutxiagokoa denean.

7. Peritu-tasazio kontraesanezkoaren emaitza ikusirik, Administrazioak bidezko likidazioa igorriko du, berandutza-interesak gehiturik, nahiz eta hori ez den eragozpen izanen berrazterketan edo bide ekonomiko-administratiboan hari aurka egiteko.

8. Administrazioko perituak lege indardunek agindu bezalako lansaria jasoko du. Subjektu pasiboaren peritua subjektu pasiboak ordainduko du. Hirugarren perituak egindako tasazioa ordainduko du hirugarren perituak egindako tasaziotik kuantitatiboki gehien urruntzen den tasazioa egin duen perituaren alderdiak; kuantitatiboki neurri berean urruntzen badira, erdi bana ordainduko dute. Hirugarren perituaren tasazioa deklaratutako balioa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak eskubidea izanen du hurrengo lerroaldeak aipatzen duen gordailuak sortu dizkion gastuak itzul dakizkion.

Hirugarren perituak zilegi izanen du eskatzea ezen, bere lana hasi baino lehen, bere lansarien zenbatekoaren adinako hornidura egin dadila. Hartarako 10 eguneko epean gordailu bat eginen da Foru Komunitateko Diruzaintzan. Alderdietako edozeinek ez badu gordailu hori egiten, ulertuko da onartzen duela beste alderdiaren perituak egindako balorazioa, zein ere den bi balorazioen arteko aldea.

Hirugarren perituak bere balorazioa eman duelarik Zerga Administrazioan, hala emanen zaio aditzera interesatuari eta aldi berean 15 eguneko epea emanen, bidezkoa bada, bere karguko lansariak ordaindu dituela frogatzeko. Bidezkoa bada, baimena emanen da Foru Komunitateko Diruzaintzan gordailatutako lansari-hornidura erabiltzeko.

V. KAPITULUA. PRESKRIPZIOA

27. artikulua . Preskripzioepearen etena "mortis causa" eskurapenetan.

Erregelamendu honen 33. artikuluak aipatzen dituen agiri eta aitorpenak aurkezten badituzte subjektu pasiboek, eten eginen da jaraunspenez, legatuz edo bestelako edozein oinordetza-tituluz eskuratutakoei dagokien zerga-zorra zehazteko Administrazioak duen eskubidearen preskripzioa, kausatzaileak heriotza gertatu zitzaionean bere zituen ondasun eta eskubide guztietatik edo, Erregelamenduko 14. artikulutik 17.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa aplikatzeak oinordetzako ondasuntzari gehitu beharrekoetatik sortutako zorra zehaztekoa alegia.

VI. KAPITULUA. ARAU BEREZIAK

VI. KAPITULUA

1. ATALA

"MORTIS CAUSA" ESKURAPENAK

28. artikulua . Usufruktu edo erabilera eskubidearen pareko instituzioak.

1. Kausatzailearen xedapenen edo oinordetzaren arau zibilak aplikatzearen ondorioz, jaraunspen bateko ondasunez, osorik edo partez, gozatzeko eskubidea ematen zaionean pertsona bati, dela aldi baterako dela bizi artean, tartean usufruktu edo erabilera-eskubidea dela ulertuko da ondorio fiskaletarako, eta kasuko eskubidea, izena edozein dela ere, aldi baterako edo bizi arteko usufruktu edo erabilera-eskubideetarako ezarritako arauen arabera baloratuko da.

Hala ere, eskuratzaileak ondasunak baliatzeko ahalmena izanez gero, jabari osoagatik likidatuko da zerga, jabetza soilari dagokion zerga-zatiaren aldera bidezkoa izan litekeen itzulketaren kalterik gabe, baldin eta frogatzen bada ondasun horiek testamentugileak edo legeria aplikagarriak adierazten duen pertsonari eskualdatu zaizkiola.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa ezin aplikatuko zaie araubide berezia ezartzen zaien instituzioei.

29. artikulua . Konkista edo ganantzialen sozietatearen ondorioetarako ukoa.

Konkista edo ganantzialen sozietatearen ondorioetarako, bizirik gelditutako ezkontidearen ukoak ondoriotzat ekar dezan uko egin zaien ondasunak, zergaren likidaziorako, hildakoaren oinordetzako ondasuntzaren osagai bihurtzea, beharrezkoa da uko hori, huts, soil eta doakoa izateaz gain, eskritura publikoz egina izatea kausatzailearen heriotza baino lehen. Baldintza horiek betetzen ez badira, uko-egileak ukoaren onuradunen alde egindako dohaintzatzat hartuko da, eta horren arabera egindako likidazioa igorriko.

2. ATALA

"INTER VIVOS" ESKURAPEN DOAKOAK

30. artikulua . Dohaintzen metaketa.

1. Zergaren Testu Bateginaren 51. artikuluan ezarritako kasuan, metaketa egiteko, dohaintzen eta metatu beharreko gainerako aurreko "inter vivos" eskualdaketa parekagarrien likidazio-oinarriak eta uneko eskurapenarena batuko dira.

Dohaintza-hartzaile onuradunek jasotako dirukopuruak ere batuko dira.

2. Likidazio-oinarri metatu osoari dagokion batez besteko karga-tasa aplikatzetik sortzen den zerga-zorrari kendu behar zaizkio dohaintzengatik, gainerako kostugabeko eskualdaketa parekagarriengatik eta aseguru metatuengatik lehen ordaindutako kuotak, eta ez da bidezko izanen inolako itzulketarik.

3. Aurreko dohaintza edo kostugabeko eskualdaketak bi ezkontideek ezkontza-sozietateko ondasun komunetatik egin badituzte eta berria, berriz, bietako batek bere ondasun pribatiboetatik, metaketak ez du eraginik izanen azken horrek egindako dohaintzaren edo aurreko eskualdaketaren balioaren zati proportzionalean besterik, eta dohaintza horri edo kostugabeko eskualdaketa parekagarri horri dagokion kuotaren zatiaren kenketa eginen zaio.

4. Dohaintza edo kostugabeko eskualdaketa metatuak kontatzeko kasuko egunean dagokien benetako balioa hartuko da aintzat, nahiz eta metatzean aldatua izan.

31. artikulua . Dohaintzen eta jaraunspenaren metaketa.

1. Zergaren Testu Bateginaren 52. artikuluan ezarritako kasuan, metaketa egiteko batu behar dira dohaintzen eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako zergapeko egintzen likidazio-oinarriak eta oinordekotzarena.

2. Likidazio-oinarri metatu osoari dagokion batez besteko karga-tasa aplikatzetik sortzen den zerga-zorrari kendu behar zaizkio dohaintzengatik, gainerako kostugabeko eskualdaketa parekagarrienatik eta aseguru metatuengatik lehen ordaindutako kuotak, eta ez da bidezko izanen inolako itzulketarik.

3. Aurreko dohaintza edo kostugabeko eskualdaketak bi ezkontideek ezkontza-sozietateko ondasun komunetatik egin badituzte, kausatzaileari dagokion balioaren zati proportzionalean bakarrik izanen du eragina metaketak, eta dohaintza horri edo kostugabeko eskualdaketa parekagarri horri dagokion kuotaren zatiaren kenketa eginen zaio.

4. Dohaintza edo kostugabeko eskualdaketa metatuak kontatzeko kasuko egunean dagokien benetako balioa hartuko da aintzat, nahiz eta metatzean aldatua izan.

VII. KAPITULUA. ZERGAREN KUDEAKETA

VII. KAPITULUA

1. ATALA

ARAU OROKORRAK

32. artikulua . Eskumena:

1. Zerga kudeatu, ikuskatu, likidatu eta dirua biltzeko eskumena Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren gain geldituko da.

2. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Nafarroako Foru Komunitateko jabetzaren erregistratzaileei eginkizunak ezarri ahal izanen dizkie Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren kudeaketa eta likidazioaren arloan, eta haiekin akordioak sinatu ahal izanen ditu eginkizun horiei buruz.

33. artikulua . Agirien eta aitorpenen aurkezpena.

1. Subjektu pasiboek Zerga Administrazioaren organo eskudunetan aurkeztu behar dituzte dokumentuak, betiere atxikirik loturapeko egintza edo kontratuak, edo, atxiki ezean, likidaziorako argibide garrantzizkoak ematen dituen ordezko adierazpen idatzia, organo haiek aztertu, kalifikatu, egiaztatu eta bidezko diratekeen likidazioak egin ditzaten, hurrengo artikuluetan adierazten den moduan eta epeetan.

2. Subjektu pasiboek autolikidazio bat aurkezten ahalko dute Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ezartzen dituen egintza eta negozio juridikoei buruz.

Era berean, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak autolikidazio araubidea aplikatzea nahitaezkoa deneko kasu eta eragiketak zehaztuko dituNota de Vigencia.

3. Aurreko idatz-zatian aurreikusita dauden kasuetan, subjektu pasiboek, kontseilari hark onesten dituen ereduetan tributu zorra zehazteko beharrezkoak diren eragiketak egin beharko dituzte, eta zergapeko egintza agerrarazten duen agiri edo aitorpena erantsi beharko duteNota de Vigencia.

34. artikulua . Agiriaren aurkezlea.

1. Zergaren Testu Bateginaren 54. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, aurkezleak ez badu jaso dokumentu edo aitorpeneko interesatu guztien mandatua, espresuki adierazi behar du nor diren agindua eman diotenak.

Kasu horietan, aurkezleari egiten zaizkion jakinarazpenek edo sinatzen dituen eginbideek ez dute eraginik izanen aurkezleak espresuki ordezkatzen dituela adierazi duen pertsonentzat baizik.

2. Aurreko idatz-zatiko kasuetan, aurkezleak ordezkatzen dituenek ordaindu beharreko eskubideak baizik ez dira likidatuko. Aurkezpen-epeak beterik, hurrengo hamabost eguneko epean bakoitzak bere agiria edo aitorpena aurkezteko eskatuko die Administrazioak gainerako interesatuei. Agiri hori aurkeztutakoan edo, bestela, ofizioz, Administrazioak bidezko diren likidazioak igorriko dizkie gainerako interesatuei, eta ezar dakizkiekeen zehapenak ezarriko dizkie.

35. artikulua . Autolikidazioak aurkeztu eta kudeatzeko kanpoko lankidetza.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hitzarmenak sinatze ahal ditu Administrazio Publikoekin, entitateekin eta sektore edo interes sozialak, laboralak, enpresakoak edo profesionalak ordezkatzen dituzten erakundeekin, Zerga honen aitorpenak aurkezteko gizartearen lankidetza gauzatzeko.

Aurreko zenbakian aipatutako hitzarmenak, besteak beste, ondoko alderdiei buruzkoak izanen dira:

a) Informazio eta zabalkunde kanpainak.

b) Aitorpen-likidazioak eta komunikazioak egiteko eta modu egokian eta egiazkoan betetzeko laguntza.

c) Aitorpen-likidazioak Zerga Administrazioari igortzea.

d) Akatsak zuzentzea, subjektu pasiboek baimena eman ondoren.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak jarduera horiek burutzeko behar den laguntza teknikoa emanen du, baina horrek ez du kenduko zerbitzu horiek subjektu pasibo guztiei emateko ahalbidea.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, foru agindu baten bidez, baldintza batzuk ezarriko ditu hitzarmenak sinatu dituzten entitateek hirugarren pertsonen izenean, aitorpen-likidazioak edo zerga arloko arauek eskatutako beste edozein agiri bide telematikoz aurkezteko.

Halaber, foru agindu horretan aurreikus daiteke bestelako pertsona edo entitateek bide telematikoz aurkezpen sistema hori hirugarren pertsonen izenean erabiltzeko aukera.

2. ATALA

AITORPENAREN ARAUBIDEA

36. artikulua . Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Subjektu pasiboek kopia soila atxikirik aurkeztuko dizkiote agiriak Zerga Administrazioari, Erregelamendu honen arauek ezarritako moduan bidezko likidazioak egin ditzan.

2. Agiriak, zerga-aitorpentzat hartuko baita, eskualdatzailearen eta eskuratzailearen identifikazio-datuak eman eta bidezko diratekeen jakinarazpenak egiteko helbide bat izendatzeaz gain, kargapeko ondare-gehikuntza osatzen duten ondasun eta eskubide eskuratuen zerrenda zehatza eduki behar du, bakoitzari ematen dioten benetako balioa eta orobat kentzeko eskatzen diren karga, zor eta gastuak adierazirik. Ondasunen zerrenda horretan sartu behar dira ondasun ganantzial edo konkistakoak, halakorik bada.

Dokumentuak ez baditu jasotzen aipatu datu guztiak, eman gabeak jasotzen dituen zerrenda bat gehiturik aurkeztu behar da.

Baliagarritzat jotzen diren salbuespen, murrizketa edo hobarien dokumentazio froga-emailea ere gehituko da.

3. Dokumenturik ez bada, aitorpen bat aurkeztuko da, paper arruntean egina, eta bertan jasoko dira aurreko idatz-zatian aipatzen diren datu guztiak.

4. "Mortis causa" eskurapenak direnean, honako hauek aurkeztuko dira dokumentu nahiz aitorpenarekin batera:

a) Kausatzailearen heriotza-ziurtagiria, Erregistro zibilak luzatua, Azken Borondateko Egintzen Erregistroaren Ziurtagiria eta kausatzailearen eta jaraunsleen Nortasun Agiri Nazionalaren kopiak, eta legatudunena ere bai, halakorik bada.

b) Testamentuko xedapenen kopia eskuetsia, halakorik bada, eta, bestela, jaraunsle-deklaratzearen lekukotza. Testamentu gabeko oinordetzan, jaraunsleen epaile-deklaraziorik edo notarioarenik ez bada, ustezkoen zerrenda bat aurkeztuko da, kausatzailearekin duten ahaidetasuna adierazirik.

c) Oinordetzako ondasun higiezinak kausatzaileak eskuratzean erabilitako tituluaren agirizko froga; ondasun eta eskubideen eskritura publikoen kopia aurkeztu behar da, dokumentu publikoak likidatzeko aurkeztu diren kasuetan salbu.

d) Eskualdatzen diren ondasun edo eskubideen artean kontu-saldoak, epe jakinerako ezarpenak, aurrezki-liburuxkak edo titulu kotizatuak daudenean, banku, aurrezki kutxa edo finantza-erakundeek luzatutako ziurtagiriak gehitu behar dira, hala nola bigarren mailako balore-merkatu ofizialetako batean negoziatzeko onartutako errenta finko edo aldakorraren tituluen gordailuenak.

e) Eskualdatutako ondasun eta eskubideen artean bigarren mailako balore-merkatu ofizialetan negoziatzeko onartzen ez diren errenta finko edo aldakorreko tituluak badira, berriz, honakoak aurkeztu behar dira: Sozietateen gaineko Zergarako heriotza-dataren aurretik onartutako azken balantzea eta sozietatearen kapitalaren akzio edo partaidetzak zenbat diren eta nola banatuta dauden adierazten duen ziurtagiria.

f) Eskualdatu diren gainerako ondasun eta eskubideen frogagiriak.

g) Kenkaria aplikatu nahi zaien kargen, zorren, azken eritasuneko gastuen, lur-emate eta hileta gastuen frogagiriak.

5. Likidaziora aurkeztu nahi badira heriotza kasurako bizitza-aseguruen polizak, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte subjektu pasiboek:

a) Kausatzailearen heriotza-ziurtagiria, Erregistro Zibilak luzatua.

b) Aseguru-konpainiaren ziurtagiria, onuradunen identifikazioa eta jasotzekoa duten dirukopurua zehazturik duena.

c) Kausatzailearen eta onuradunen Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

Onuradunak espresuki eta zehazki aipatu beharrean legezko jaraunsleetara igortzen badu aseguru-polizak, beharrezkoa da kausatzailearen testamentu-xedapenen kopia eskuetsia aurkeztea, halakorik bada, Azken Borondatezko Egintzen Erregistro Orokorreko ziurtagiriarekin batera.

Testamenturik ez bada, jaraunsle-deklarazioari buruzko epaile-autoaren edo notario-aktaren lekukotza balia daiteke haren ordez.

6. Dohaintzen eta gainerako "inter vivos" eskurapen kostugabeen kasuan, nortasun agiriarekin edo deklarazioarekin, honakoak aurkeztu behar dituzte subjektu pasiboek:

a) Dohaintza-emailearen eta hartzaileen Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

b) Eskualdatzen diren ondasun eta eskubideen artean titulu kotizatuak daudenean, haien gordailu-ziurtagiriak gehitu behar dira.

c) Eskualdatutako ondasun eta eskubideen artean bigarren mailako balore-merkatu ofizialetakoren batean negoziatzeko onartzen ez diren tituluak badira, berriz, honakoak aurkeztu behar dira: dohaintza egin aurretik onartutako azken balantzea eta sozietatearen kapitalaren akzio edo partaidetzak zenbat diren eta nola banatuta dauden adierazten duen ziurtagiria.

d) Itzultzeko eskatu diren kargen eta zorren frogagiriak.

e) Bizitza-aseguruen polizak aurkeztu nahi badira, subjektu pasiboek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte: aseguru-konpainiaren ziurtagiria, jaso beharreko zenbatekoa zehazten duena, eta aseguratuaren eta onuradunen identifikazioa.

37. artikulua . Aurkezteko epeak.

Zerga-agiriak edo aitorpenak honako epe hauetan aurkeztu behar dira:

a) Heriotzaren ondoriozko eskurapenak badira, bizitzaren gaineko aseguru-kontratuen onuradunenak barne, sei hilabete, sorrarazpen-datatik aurrera.

Epe horixe bera erabiliko da usufruktu-eskurapenen kasuan eta usufruktudunaren edo pentsiodunaren heriotzaren menpeko pentsioenean, baldin eta jabariaren zatiketa dohaintzazkoa izan bada.

Heriotza Espainiatik kanpo gertatu bada, hamar hilabetekoa izanen da letra honek adierazten duen epea.

b) Gainerako kasuetan, bi hilabetekoa, sorrarazpen-datatik kontatzen hasita.

c) Hitzarmen Ekonomikoaren 31. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren kasuetan, subjektu pasiboek artikulu honetan aipatutako epeetan aurkeztuko dizkiote agiriak Foru Komunitateari.

38. artikulua . Heriotzak eragindako eskurapenetan agiriak aurkezteko epeen luzapena.

1. Heriotzak eragindako eskurapenetan agiriak edo aitorpenak aurkezteko epeak luza ditzake Zerga Administrazioak, aurkezpenerako epeen parekoz, artikulu honetan xedatutakoaren arabera.

2. Jaraunsleei, albazeei edo oinordetzan utzitako ondasunen administrazaileei dagokie luzapen-eskaera egitea aurkezpen-epearen lehenbiziko bost hilabeteetan, edo bederatzietan, baldin eta heriotza Espainiatik kanpo gertatu bada, honako hauek erantsirik: kausatzailearen heriotza-ziurtagiria, Erregistro Zibilak luzatua eta bertan jasoko dituena deklaratutako edo ustezko jaraunsleen izena eta helbidea eta kausatzailearekin duten ahaidetasun-maila, ezagunak badira; ondasun eta eskubideen egoera eta gutxi gorabeherako balioa eta eskaeraren motiboak.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritako epeetan eskaera aurkeztu eta hilabete igarotzen bada erabakirik jakinarazi gabe, luzapena eman dela ulertuko da.

4. Inola ere ez da bidezko izanen luzapena, artikulu honen 2. idatz-zatiak aipatzen dituen epeak bete eta gero aurkezten bada eskaera.

5. 2. idatz zatian ezarritako epeetan eskatutako luzapena ukatzen bada, ulertuko da aurkezteko epeei gehitzen zaizkiela eskaera aurkeztu zen egunaren biharamunetik ukoa ematen duen erabakiaren jakinarazpenera bitarte iragan diren adina egun.

6. Luzapena onartu bada, Erregelamendu honen 37. artikuluan ezarritako aurkezpen-epeak betetzen direnetik hasiko da kontatzen, eta berekin ekarriko du, soil-soilik, hasieratik ezarritako epearen amaieratik agiria edo aitorpena aurkezten den egunera bitarte igarotako berandutza-interesa ordaindu beharra.

7. Baldin eta luzapen-epea betetakoan ez badira aurkeztu agiriak, Administrazioak bere esku dituen datuen arabera igor dezake behin-behineko likidazioa, baina horrek ez du eragotziko bidezko diratekeen errekargu eta zehapenak ezartzea. Kasu horretan, errekarguak hasierako aurkezpen-epetik aurrera kontatuko dira.

39. artikulua . Aurkezpen epeen etetea.

1. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko zerga-egintzen peko egintza edo kontratuei buruz testamentu-auzia edo borondatezko testamentu-epaiketa abiarazten bada, agiri eta aitorpenak aurkezteko ezarritako epeak etenda geldituko dira, eta epai-prozedurari bukaera ematen dion behin betiko ebazpena irmo den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen berriro.

2. Agiria edo aitorpena garaiz aurkeztu ondoren abiarazten badira, Administrazioak etenda utziko du likidazioa harik eta behin betiko ebazpena irmo bihurtzen den arte.

3. Agiriak edo aitorpenak aurkezteko epea edo emandako luzapenaren epea bete ondoren eta haiek aurkeztu gabe abiarazten badira, Administrazioak eskatu eginen ditu, baina zilegi du likidazioa etenda uztea ebazpen irmoa eman arte; horrek, ordea, ez du eragotziko bidezko diratekeen zehapenak ezartzea.

4. Likidazioa egin ondoren abiarazten badira, zilegi da ordainketa geroratzea, Zergaren Testu Bateginaren 61.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. Ez dira auzi-gaitzat hartuko, aurreko idatz-zatiek aipatzen dituzten epe-etenaldien konturako, honako xede hauek dituzten epai-eginbideak: testamentuak irekitzea edo haiek eskritura publiko bihurtzea; jaraunspena onartzeko inbentarioa egitea, onura hori eskuratzeko edo deliberatzeko edo Konpilazioaren 319. Legean ezarritako banaketaren onura aplikatzeko; tutorea, babeslea edo epai-defendatzailea izendatzea; abintestatoaren edo testamentu-epaiketaren ohartarazpena; jaraunsle-deklarazioa, aurkakorik formulatzen ez denean eta, oro har, borondatezko jurisdikzioko jarduketek auzi izaerarik hartzen ez dutenean. Halaber, ez dute etenaldirik ekarriko legezko atzera-eskuratzeko edo doako justiziaren onura-demandak, ez eta testamentuaren edo abintestatoaren aurkako zorrak likidatzera zuzendutako erreklamazioek, harik eta hartzekodunak bultzaturik epaiketa orokorra ohartarazi arte.

6. Testamentu-epaiketa borondatezkoa abiarazteak epeen etenaldia ekarriko du, eta, ondorioz, zatiketa-eragiketak onartzen dituen Autoa edo, aurka egin bazaie, jarritako auziari bukaera ematen dion epaia irmo bihurtzen den egunaren biharamunetik hasiko dira kontatzen epeak, edo, bestela, abiarazitako auzia interesatu guztiek uzten dutenetik.

7. Artikulu honen ondorioetarako, ulertuko da demanda aurkezten den egunean hasten dela auzi-gaia.

8. Ondorio horiexetarako, balio berekotzat jotzen dira auziak eta testamentuaren edo eskualdaketa sortzen duen dokumentuaren faltsutasunari buruzko prozedura penalak.

9. Auzi-parteek sei hilabetez auziari aurrera eragin gabe egoten badira, Administrazioak zilegi du auzipeko egintzari edo kontratuari buruzko agiria aurkezteko eskatzea eta likidazioak egitea, gero batean auzia bukatu eta ondoriorik izaten ez badu egokitzen den dirutza itzultzekotan. Auzitegiek deklaratzen badute auzia sortu duen instantzia iraungi dela, epeak ez dira hortaz etengo, eta Administrazioak egokitzen diren zehapenak eta atzerapen-interesak ezarriko ditu, dokumentuak aurkezteko erregelamenduak jartzen dituen epeak bete eta biharamunetik kontatuta. Autoen tramitazioa parteek hala adostuta eteten bada, etendura eskatzen den egunetik berriz hasiko da etendako aurkezpen epea.

10. Aurreko zenbakietan aurreikusten diren kasuetan eten eginen da Administrazioak zerga likidatzeko egintzaren preskripzio-epea.

40. artikulua . Agiriak eta aitorpenak aurkezteko lekua.

Atal honetan aipatzen diren aitorpen eta likidazioak Ekonomia eta Ogasun kontseilariak erabakitzen duen lekuan aurkeztu behar dituzte subjektu pasiboek.

41. artikulua . Aurkeztutako dokumentuen tramitazioa.

1. Dokumentua edo aitorpena kasuko bulegoan aurkezturik, jasotze-agiri bat luzatuko du bulegoak, eta bertan adieraziko zein egunetan aurkeztu den eta dokumentu aurkeztuen erregistroan zein zenbaki duen, berariaz eramanen baita erregistro hori.

2. "Inter vivos" eskurapenei buruzko dokumentuak direnean, honako arau hauei lotuko zaie tramitazioa:

1. Zergapeko egintzak kalifikatzeko datu eta aurrekari guztiak aurkeztuak direnean, balio-egiaztapenik egin beharrik ez bada, bulegoak bidezko den likidazioa edo likidazioak igorriko ditu edo, bestela, salbuespen nahiz loturarik ezaren aitorpena emanen du.

2. Interesatuek datu edo aurrekari berriak aurkeztea beharrezkoa bada, hamabost eguneko epea emanen zaie aurkeztuei gehitzeko. Hala egiten dutenean, eta balioak egiaztatu beharrik ez badago, aurreko 1. arauan aditzera ematen den moduan eginen da. Hala egiten ez badute, ordea, eta bidezko diratekeen zehapenak ezertan galarazi gabe, zilegi izanen da behin-behineko likidazio osagarriak egitea aurkeztutako datuen eta Administrazioak bere esku dituenen gainean.

3. Behin behar diren datu eta aurrekari guztiak bere esku edukita, balioak egiaztatu behar diren kasuetan, egokitzen diren likidazioak eginen dira lortutako datuen gainean, eta behar bezala emanen zaizkio aditzera aurkezleari edo subjektu pasiboari, balio-egiaztapenarekin batera.

4. Administrazioaren perituen irizpena eskatzen bada balioak egiaztatzeko, bulegoak kasuko zerbitzu teknikoei bidaliko die baloratu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda, hartarako titulu egokia duten langileek eman dezaten eskatutako irizpena, behar adina arrazoitua.

3. Heriotzaren ondoriozko eskurapenei buruzko dokumentuak edo aitorpenak direnean, aurreko idatz-zatian xedatutakoaren arabera jokatuko da, baina, likidazioak egiteko, kausatzaileak oinordetzan utzitako ondasun guztien egiaztapena egin beharko du ondorio fiskalen ikuspegitik, eta Erregelamendu honen 14. artikulutik 17.era bitarteko presuntzioen ondoriozko gehitzeak erabiliko dira aitortutakoa osatzeko.

4. Eskurapena edonolakoa dela ere, zergapeko egintzaren eta haren balorazioaren behin betiko egiaztapena egin gabe igortzen diren likidazioak behin-behinekotzat hartuko dira.

42. artikulua . Jaraunsleak ezezagunak diren kasua.

Zergaren Testu Bateginaren 33.1.2 idatz-zatiaren ondorioetarako, kausadunak ezezagunak direnean, jaraunspeneko ondasunen administratzaile edo edukitzaileek, ezarritako epeak bete baino lehen, likidazioa egiteko eskatzen diren dokumentuak aurkeztu behar dituzte, jaraunsleen zerrenda izan ezik, eta aurkezle horiek ez badute justifikatzen likidazioa etenda uzteko arrazoi zuzena, kausatzailearen ordezkariaren kargura igorriko da behin-behineko likidazioa, eta arrotzen arteko oinordetzari dagokion tarifa aplikatuko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko ordaindu beharrekoaren gainetik ordaindutakoa itzultzea, haiek ezagutzen direnean eta kausatzailearekiko ahaidetasuna frogatzen denean.

43. artikulua . Likidazioa geroratzea.

1. Zerga honen Testu Bateginaren 59. artikuluaren a) letran, 6.1. artikuluari dagokionean, baldintza etentzailearen kasurako ezarritakoaren ondorioetarako, dokumentuan bertan egindako ohar bidez jasoko da likidazioaren geroratzea, ondasunak Jabetzaren Erregistroan inskribatzerakoan gorabehera hori jaso dadin.

2. Zergaren Testu Bateginaren 59. artikuluko b), c) eta d) letretan xedatutakoaren ondorioetarako, aurkeztutako dokumentuan jasoko da likidazioaren geroratzea.

3. Aurreko idatz-zatietan jasotako kasuetan, Erregelamendu honen 37. artikuluan adierazten direnak izanen dira zerga likidatzeko dokumentua aurkeztu izana egiaztatzeko epeak, eta honela kontatuko dira, hurrenez hurren: baldintza etentzailea betetzen denetik, kreditua likido denetik, zenbatekoa zehazten denetik edo eskuratzaileak jakiten duenetik.

44. artikulua . Testamentuxedapena betearaztea eteten duen baldintza.

Zergaren Testu Bateginaren 6.2. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, muga-eguna iristen denean, berriro aurkeztuko zaio dokumentua bulego kudeatzaileari hilabeteko epean, bertan egin daitezen Administrazioaren edo zergadunaren alde bidezkoak diratekeen zuzenketak, mugaegunari kasu eginez, bai ondasunen balioa zehazteko, bai karga-tasak aplikatzeko.

45. artikulua . Likidazio osagarriak.

Likidazio osagarriak bidezko izanen dira, hain zuzen, lehenago behin-behineko likidazioa igorri eta egiaztapenak adierazten duenean hartarako kontuan hartutako zerga-oinarriaren balioak gora egin duela, edo sartutako kuota txikiago bihurtu zuten errore materialak izan direnean. Horrelako likidazioak igorriko ditu Zerga Administrazioak bere ikerketei esker eskuratutako datuen ondorioz behin-behineko likidazioaren oinarrian gehikuntza bat egin behar duenean.

46. artikulua . Likidazio partzialak.

1. Zergaren Testu Bateginaren 58. artikuluan ezarritako likidazio partzialak egiteko, interesatuek idazki bat aurkeztu beharko diote Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, eta honakoak jaso beharko dituzte bertan: likidazio partziala zein ondasunentzat eskatzen den, bakoitzaren aldamenean zenbat balio duen eta zer egoeratan dagoen ageri dela; ordainketa egin edo ondasunak eman behar dituen pertsona edo entitatearen izena, halakorik bada, eta eskubidea eskatzen duenaren edo dutenen titulu froga-emailea.

2. Aurkeztutako likidazioa ikusirik, Administrazioak likidazio partziala igorriko du,Testu Bateginean ageri diren salbuespen eta murrizketak kontuan harturik, bertan ezarritako betebehar eta mugekin.

3. Likidazio partzialaren zenbatekoa sarturik, sarrera-oharrarekin itzuliko zaio interesatuari agiria, eta horrek frogatuko dio, ordainketa edo ondasun-ematea egitea dagokion pertsonari, baimendurik dagoela dirua edo gordailuan diren ondasunak eman, ordaindu edo erretiratzeko.

47. artikulua . Administrazioaren baimena zerga ordaintzeko.

Zergaren Testu Bateginaren 16. artikuluaren 1. idatz zatiko a) eta c) letren bigarren lerroaldeetan xedatutakoaren ondorioetarako, eta "mortis causa" eskurapenengatik igorritako likidazioen ordainketarako soil-soilik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, haien jakinarazpena jaso eta interesatuek hamar eguneko epean aurkeztutako eskaera eginik, baimena eman diezaieke finantza-bitartekariei eta 16. artikulu berak aipatutako gainerako pertsona eta entitateei, haietan kausatzailearen izenean gordailatutako baloreak besterentzeko eta likidazio horiek haien balioaren edo hark edozein motatako kontutan duen aldeko saldoaren kargura ordaintzeko.

48. artikulua . Aseguratua hiltzen den kasurako bizitzaaseguruko kontratuengatik errenta gisa jasotako dirukopuruei dagokien kuotaren zatitzea.

1. Zergaren Testu Bateginaren 8.c) artikuluak aipatzen dituen bizitza-aseguruetan, baldin eta onuradunek horien zenbatekoa biziarteko edo aldi baterako errenta gisa eskuratzen badute, zerga-oinarrian sartu beharko dute errentaren uneko balioa.

2. Errenta horren uneko balioa onuradunaren jaraunspen-zatia osatzen duten gainerako ondasun eta eskubideei gehituko zaie.

3. Onuradunak zilegi du eskatzea, Erregelamendu honek 37.a) artikuluan ezartzen duen epean, biziarteko edo aldi baterako errentak, Zergaren Testu Bateginaren 32. artikuluko kasuko murrizketak egin ondoren, duen uneko balioari karga-tasa aplikatzetik sortzen den kuotaren partea zatitzeko.

4. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak erabakiko du errenta nola zatitu: aldi baterakoa bada, jasotzen den urte adina zati eginen da, eta biziartekoa bada, berriz, hamabost zati; ez da eskatuko inolako kauziorik eta berandutza-interesik ere ez da sorraraziko.

Administrazioak zergadunari jakinaraziko dio hiru hilabeteko epean eskaeraren ebazpena. Epe hori beteta ez baldin bada eskaeraren ebazpen espresurik eman, baietsi egin dela ulertuko da. Zerbait falta izatea edo arauak ezartzen dituen beharkizunak ez betetzea beste arrazoirik ez daiteke izan eskaerari ezetza emateko.

5. Ordainketa zatituari dagokion urteko sarreraren dirukopurua zenbat den jakiteko, honako eragiketa egin behar da: zatitu beharreko kuota zati errenta jasotzen den urteak, aldi baterakoa bada, edo zati hamabost, biziartekoa bada.

Zatiketa onesten duen ebazpenak ezartzen dituen epeetan sartu behar da urteko ordainketa-zatia, errentaren urteko kopurua osorik jaso eta hurrengo urtarrilean.

6. Erreskaterako eskubideaz baliatuz gero, baliatu ondoko hurrengo hilabetean sartuko da egiteko dauden ordainketa-zati guztiei dagokien dirukopuru osoa.

7. Errenta iraungitzen bada, benetan jaso eta ordaindu zain dagoen urteko errentari dagokion ordainketa-zatia soil-soilik eskatuko da.

8. Aseguru-entitateen erantzukizun subsidiarioa lehenbiziko ordainketa-zatiarekin batera iraungitzen da baldin eta onuradunak frogatzen badu, espresuki edo isilbidez, agindu honetan araututako zatiketa lortu duela.

Erantzukizunaren iraungipena mantentzeak eskatzen du zergadunak aseguru-entitateari frogatzea errentaren urteko kopuruari dagokion ordainketa-zatiaren sarrera egin duela.

Erreskaterako eskubideaz baliatuz gero, aseguru-entitateek zilegi dute ordaintzeko dagoen zergaren zenbatekoari buruz Zerga Administrazioak luzatutako ziurtapena eskatzea, haren erantzukizun subsidiarioa zenbatekoa den jakiteko, eta, hala badagokie, onuradunei eman ahal izateko zergaren hartzekodun den Administrazioaren izenean luzatutako banku-txekea, Zergaren Testu Bateginaren 16.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

49. artikulua . Egiaztapenak eta ikerketak.

1. Zerga Administrazioak jakiten badu zergaren peko agiriren bat ez dela aurkeztu zegokion epean edo zegokion autolikidazioa ez dela egin, interesatuari erreklamatuko dio, eta hamabost eguneko epea emanen dio aurkezteko, ohartaraziz, bestela, baimendutako kopia eskatuko zaiola agiria egiletsi zuen Notarioari edo aurkeztu zitzaion funtzionarioari. Kopia horren gainean eginen da kasuko likidazioa, eta horrek ez du galaraziko, zerga arloko arau-hausteagatiko erantzukizuna bereganatua izanez gero, bidezko liratekeen zehapenak ezartzea.

2. "Mortis causa" eskurapenetan zatiketa-eragiketak formalizatu ez badira, Zerga Administrazioak, Erregelamendu honen 8. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, zilegi du jaraunsleak, albazeak, ondasun administratzaile edo edukitzaileak behartzea behin-behineko likidazioa egiteko beharrezko dokumentuak aurkeztera; horrek ez du galaraziko, hala ere, hamabost eguneko epean errekerimenduari erantzuten ez bazaio, Zerga Administrazioak, jaraunsle edo edukitzaileei aldez aurretik jakinarazirik, kasuko likidazioa egitea bere esku dituen elementuekin, eta, bidezko diratekeen zehapenak ezartzeaz gain, kausatzailearen beste ondasun edo eskubiderik baden jakiteko ikerketekin aurrera jarraitzea.

3. Artikulu honetan xedatutakoak ez ditu galarazten Zerga Administrazioari oro har dagozkion egiaztapen eta ikerketarako ahalmenak, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta hura garatzen duten xedapenetan ezarriak baitira.

3. ATALA

AUTOLIKIDAZIO-ARAUBIDEA

50. artikulua . Autolikidazioen aurkezpenak eta dirusarrerak.

1. Zerga-zorren zenbatekoa autolikidazio bidez zehaztea hautatzen duten subjektu pasiboek, Erregelamendu honen 33.2 artikuluaren arabera, hura egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak bereziki onetsitako inprimakian aurkeztu beharko dute beren aitorpen-likidazioa, eta gero Erregelamendu honen 47. artikuluan eta hurrengoetan dokumentuak edo aitorpenak aurkezteko ezarritako epeetan egin dirusarrera. Autolikidazioarekin batera, Erregelamendu honen 36. artikuluak aipatzen dituen agiriak aurkeztu beharko ditu.

2. Autolikidazioei dagozkien dirusarrerak eginik, subjektu pasiboek Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharko dituzte notario, epaitegi edo administrazio agiriaren jatorrizkoa eta kopia soila, non jasoko baita edo zerrendan emanen zerga sortu duen egintza edo kontratua, egindako autolikidazio bakoitzaren ale batekin batera.

Dokumentu pribatuak direnean, bi ale aurkeztuko dira, jatorrizkoa eta kopia, deklarazio-likidazio inprimakiarekin batera.

3. Haiek jasotzen dituen bulegoak jatorrizko dokumentua itzuliko dio aurkezleari, bertan egindako sarrera eta kopiaren aurkezpena frogatzeko ohar bat idatzita. Sarrera ohar hori bera kopian ere jasoko da, eta kopia atxiki eginen da zergapeko egintza aztertu, kalifikatu eta, hala egokitzen bada, autolikidazio osagarria edo osagarriak egiteko.

4. Autolikidazioan sartu beharreko zerga-kuotarik ateratzen ez bada, dokumentuekin batera esandako bulegoetan zuzenean aurkeztuko da eta haiek autolikidazioa zigilatu eta jatorrizko dokumentuan ohar bat eginen dute interesatuek diotenez zein kalifikazio egokitzen den jasotzeko; aurkezleari itzuli eta kopia soila berentzat atxikiko dute aurreko lerroaldean esan direnetarako.

5. Erregelamendu honen 33.2 artikulu honetan ezarritako beharkizunak betetzen ez dituen autolikidazio batengatik egindako dirusarrerak konturako sarrera soiltzat hartuko dira, baina ez du berekin ekarriko Zerga Administrazioak aurreko 3. eta 4. idatz-zatietan ezarritakoa bete dezan.

51. artikulua . Autolikidazioen tramitatzea.

1. Subjektu pasiboek Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztutako agiri eta aitorpen-likidazioen tramitazioa Erregelamendu honen 41. artikuluan agiriak aurkezteko araubideari egokituko zaio, inolako berezitasunik gabe, salbu eta interesatuek egindako autolikidazioen eta, hala bada, egindako dirusarreren ondoriozkoak. Hortaz, likidazioa edo autolikidazioa aurkezturik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak agirietan jasotako zergapeko egintzak aztertu eta kalifikatuko ditu, besteak beste, errore material edo kalifikaziokoaren ondorioz edo interesatuek autolikidatu gabeko zergapeko egintzen ondorioz bidezko diratekeen likidazioak igortzeko; halaber igorriko dira balio-egiaztapenetik, ondasun-gehitzetik, kausatzailearen ondasun berriak aurkitzetik edo eskatutako salbuespena, murrizketa edo lotura-eza ezestetik sortu direnak.

2. Inoiz sortzen bada, likidazio osagarriak egiteko, interesatuek datu edo aurrekari berriak aurkeztu beharra, hamabost eguneko epea emanen zaie hala egin ahal izateko.

3. Balio-egiaztapena egiten bada, Erregelamendu honen 41.2 artikuluko 3. eta 4. arauek agintzen dutenari jarraituko zaio.

4. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egin dituen ekintzen ondorioz subjektu pasiboak sartu duena baino handiagoko dirutza ateratzen bada ordaindu beharra, berandutza-interesak sorraraziko dira bien arteko aldeagatik, kasuko deklarazioa aurkezteko zegoen epea bukatu zenetik, egokitzen diren errekargu eta zehapenak ezertan galarazi gabe.

5. Bulego eskudunak, artikulu honetan ezarritakoaren ondorioz, subjektu pasiboei edo agiria aurkeztu duenari jakinaraziko dizkie igorritako likidazioak, eta adieraziko zer motakoak diren eta zergatik igorri zaizkien, dirusarrera non, noiz eta nola egin dezaketen, hala nola zer helegite jar daitezkeen eta zein organori zuzendu behar zaizkion eta zein epetan.

52. artikulua . Autolikidazio partzialak.

1. Heriotzaren ondoriozko eskurapenenen kasuan, subjektu pasiboek, guztien adostasunez bat baino gehiago badira, zilegi dute zergaren autolikidazio partzialera jotzea, bizitza-aseguruak, kausatzailearen kredituak, edo kreditu sorrarazi eta jasogabeak kobratzeko edo gordailuan diren ondasunak, baloreak, efektuak edo dirua eskuratzeko ondorioetarako soilik, edo, beste egoera batean diren ondasunei dagokienez, autolikidazio partziala egiteko aski arrazoi badirela erakusten duten antzeko kasuetan ere onartuko da autolikidazio partziala egitea.

Autolikidazio partziala aurkezten duten subjektu pasiboak behartuak dira eskuratutako ondasun eta eskubide guztien autolikidazioa gero aurkeztera, Erregelamendu honetako 33.2 eta 50. artikuluetan ezarri bezala.

2. Autolikidazioa egiteko, dagokien ondasunen balioari zergaren tarifa aplikatuko zaio, Zergaren Testu Bateginean jasotako salbuespenak kontuan harturik.

3. Autolikidazioaren zenbatekoaren sarrera Erregelamendu honen 50. artikuluan ezarritako moduan eginik, bulego eskudunean aurkeztuko da autolikidazio-inprimakiaren ale bat, zeinean jasoko baita dirusarrera, eta hari atxikirik, bi kopiatan, autolikidazioa zein ondasuni dagokion, haren balioa eta egoera, hala nola ordainketa egitea edo ondasunak ematea dagokion pertsona eta eskatzailearen edo eskatzaileen eskubidea frogatzen duen titulua; bulegoak zerrendaren aleetako bat itzuliko dio aurkezleari, sarreraren oharrarekin.

4. Likidazio partzialak dena-delako jaraunspenezko oinordetzari dagokion behin betiko likidazioaren konturako sarreratzat joko dira.

53. artikulua . Autolikidazioen ordainketa geroratzea eta zatikatzea.

Baliagarri dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren aldera interesatuek egin beharreko atolikidazioen gerorapen eta zatikatzeak ontzat emateko Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamenduan jasotako arauak, bai eta Erregelamendu honen 48. artikuluan xedatutakoa ere.

VIII. KAPITULUA. ZERGAREN ITZULKETA

54. artikulua . Kasuak. Prozedura.

Zergaren Testu Bateginaren 6.3, 7., 33.1, 38.2, 45.3.c) eta d), 46.2 eta 48.2 artikuluetan eta Erregelamendu honen 22. eta 24. artikuluetan jasotako itzulketa Erregelamendu honetan araututakoaren aurkakoa ez den heinean eginen da, zerga gaietako dirusarrera bidegabeak nola itzuli eta tributupekoen tributu jardunen gaineko zuzenketa-eskaerak, inpugnazioak eta eztabaidak arautu zituen abuztuaren 19ko 188/2002 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

IX. KAPITULUA. FORMAZKO BETEBEHARRAK

55. artikulua . Agiriak onartzeari buruzko printzipio orokorra.

1. Dohaintzaz eskuratutako ondare-gehikuntzaren bat ekarri duen egintza edo kontraturen bat jasotzen duten dokumentuek ez dute ondoriorik izanen ezein bulego nahiz erregistro publikotan, baldin eta ez badago ohar batean bertan jasota likidazioa egiteko eskumena duen bulegoan aurkeztu dela edo autolikidazioari dagokion dirusarrera egin dela edo adierazpen bat, non likidazio-bulegoak esanen duen hura salbuetsirik dagoela edo egintza ez dela zergapekoa, legeria hipotekarioak ezarritakoa salbu edo Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen espresurik ez bada.

2. Aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen agiriak bertan adierazten diren oharrak egin gabe onetsi dituzten epaitegi eta auzitegiek, onartu eta hamabost eguneko epean, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari igorriko diote haien kopia eskuetsia.

56. artikulua . Ixte erregistrala.

1. Jabetza Erregistroek, Merkataritzakoek eta Industria Jabetzakoek ez dute onartuko inskripzio edo anotaziorako kostugabeko ondasun-gehikuntza baten eskuratzea dakarren egintza edo kontraturen bat jasotzen duen dokumenturik, ez bada frogatzen Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren likidazioa egin dela edo bestela, salbuespena edo lotura-eza deklaratu, edo dokumentua likidazio-bulegoetan aurkeztu dela.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren ondorioetarako, zerga ordaindu dela frogatutzat emanen da baldin eta dokumentuak horren oharra badarama eta aurkezten bada ordain-gutunarekin edo autolikidazioaren alearekin batera, bulego eskudunak behar bezala zigilaturik eta bertan jasota zerga ordaindu dela edo lotura-ezaren edo onura fiskal aplikagarrien alegazioa.

3. Bulego eskudunean aurkeztutako dokumentu edo aitorpena likidazio behin-behinekoaren edo behin-betikoaren zain dagoenean, edo autolikidazioa egin denean, Erregistratzaileak, inskripzioaren albo-ohar baten bidez, jasota utziko du eskualdatutako ondasun edo eskubidea bidezko den likidazioaren edo likidazioen ordainketaren pean gelditzen dela. Behin-behineko likidazioa dagoenean edo autolikidaziorako dirusarreraren bat egin denean, zenbatekoa adieraziko da.

Oharra ofizioz luzatuko da, eta baliorik gabe eta ezeztaturik geldituko da bermatzen zituen likidazioen ordain-gutuna aurkezten denean edo modu egokian frogatzen bada beste edozein moduz dirusarrera egin dela, eta, edozein kasutan, datatik lau urte igaro direnean.

57. artikulua . Informazioa bidaltzeko formazko betebeharrak.

Notarioen formazko betebeharrak, Zergaren Testu Bateginaren 55.3 artikuluan ezarriak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak zehazten dituen modu, baldintza eta epeetan beteko dira. Zilegi da informazio hori ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduan edo bide telematikoz bidaltzera behartzea.

58. artikulua . Autolikidazioak eta bestelako dokumentuak bide telematikoz aurkeztea.

Zerga-betebeharrak betetzeko zergadunei erraztasunak ematearren, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zilegi du autolikidazioak, eskriturak eta bestelako dokumentuak bide telematikoz aurkezteko baimena ematea, eta bere eskumenen esparrruan beharrezkoak diratekeen baliabide juridiko eta teknologikoak garatzea.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web